Mundopolski, erreboltaren ziaboga
Antzerkiola Imaginarioa
Mundopolski, erreboltaren ziaboga
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
Mundopolski, erreboltaren ziaboga
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
[aurkibidea]

 

V. EKINTZA

 

KORIFEA: Izurritea eta sukarra. Zeurea defendatu, bakar-bakarrik zaude, zu zara gure azkenengo zutabea.

 

Barrikadan hondarren artean kantuka eta dantzan pozaren pozez.

 

MIKA: Ikusi mendizaleak

                        baso eta zelaiak

                        mendi tontor gainera igo behar dugu

                        ez nekea, ezta bide txarra

                        gora, gora, pailazoen guda-a-a-a-a.

                        Gu pailazoak gara, irrifarre bila.

            Mundo komandantea, zure kamarada borrokarako prest dago, armarik bortitzena eskuan duela. Mundo, levántate y anda! Haika mutil, jeiki hadi!

MUNDO: (Guztiz etsita) Ez.

MIKA: Nola ezetz?

MUNDO: Ezin dut.

MIKA: Ezin duzula zer?

MUNDO: Ezin dut ezerrekin ere, zuk uste duzun gorenaren herena naiz, pailazo zantar baten itzala ere ez naiz, zizare bat baino patetikoagoa.

MIKA: Tristetzen zabiltza? Tristetzen zabiltza!, nola da posible! Txantxetan ari zara ezta? Benga, pailazoen artean pailazoena, heldu da garaia, ez dago ahulezitarako astirik, ekin lanari, pailazo!

MUNDO: Ezin dut, ez dakit, ez naiz, ez dut nahi, ez, ez eta ez.

MIKA: Nola ezetz! Bai, bai eta bai, baietz ba, bizipozaren izenean: bai!

MUNDO: Sentitzen dut txikitxo, makalegia naiz, ahulegia, nirekin ez dago zer egiterik, utz nazazu bakarrik!

MIKA: Bai zera!, zuk irakatsi didazu gogor eta ozen abesten une oro, atsedenik gabe barre egiten...

                        Loski loski strabasloski

                        Trostkiren laguna zara noski!,

                        zu zara azkenengo itxaropena,

                        Beleen borreroa, gudaririk trebeena.

                        Gora bihotzak maestro!, zer esango dute bestela?

MUNDO: Berdin du horrek orain, bost axola xurrumurruak. Gezurti hutsa naiz, Mika, nik ez dakit une oro abesten, zuk bai ostera, eduki beharreko kemena duzu, dragoi iraultzailea esperoan daukazu, zoaz! Segi zure bidea, ez dut zure grazia merezi.

MIKA: Zer merezi eta ze demonio! Zertan zabiltza? Ez dizut kasurik egingo, ezta okurritu ere! Aizu Mundo! Hemen naukazula, Mundo faborez! Erantzun iezadazu ostia!

 

mundo eta mika geldirik geratzen dira.

 

KORIFEA: No sabe no contesta. Bakarrik zaude amildegi ertzean. Ez dago Mundorik, ez dago erreboltarik. Kakazahar miserablea eszenatokian. Garbiagoak dira txerriak, haiek ez daukate metafisikarik, ezta mundua aldatzeko joerarik, hauxe da ordea gizakion miseria: indartsuenen patua ere ziaboga dela. Hau ez da bizimodua.

MUNDO: Grotowski, Polanski, Kransnapolski, Lato... betiko kamaradak, beraiekin elkartzeko ordua iritsi da. Barka nazazu, ene begietako Mika, joan beharra daukat.

MIKA: Joan? Alde egin? Ihes egin? Eta noizko kantatu, borrokatu, lehiatu, zertan geratuko da gure borroka? Ezin duzu dena bertan behera utzi, besterik gabe. Koldarra eta krudela zara, galtzaile hutsa ematen duzu.

MUNDO: Zuzen zabiltza, neskato, xarmarik gabeko mendebalde okerraren azken aurreko biktima naiz. Hemen naukazue, beste tipo obedient eta sumisoa, pozik?, pozik gaude?

MIKA: Mundo, Mundo, pailazotxo, ez etsi!

MUNDO: Etsi dut.

MIKA: Zatoz! Avanti popolo a la riscorsa!

 

Ontzi zena berriz komun bihurtu eta bertan jesartzen da mundo.

 

MUNDO: Ez dago ez bueltarik, ez garaipenik. Mundopolski etxera doa.

MIKA: Eta gure erreboltarekin zer!? Bakarrik utzi behar al nauzu?

MUNDO: Ez zara sekulan bakarrik egongo. Zugan santu guztiengan baino fede gehiago daukat, baina erabakita dago. Alde egiteko ordua da, eternitaterarte pailazotxo.

MIKA: Alde egiteko ordua dela, eta nora?

MUNDO: Urrun, etxera.

MIKA: Ba zurekin noa.

MUNDO: Ez da posible, zure lekua hemen dago, Baskenland da zure lubakia, barre egizu zure ingurukoekin, ederki egingo duzu eta.

MIKA: Ba kaka zuretzako eta zure arbaso guztientzako! Miserableena zara!, koldar puta, traidorea, bakarrik utziko nauzu, kabroia! Hala! Zoaz eta ez zaitez bueltatu ez baduzu garaipenean sinisten, ez zaitut maite, ez zaitut behar!

MUNDO: Sentitzen dut, sentitzen...

MIKA: Ixo!, isil zaitez behingoz, ez dut zure hitzik entzun nahi, alde hemendik!