Mundopolski, erreboltaren ziaboga
Antzerkiola Imaginarioa
Mundopolski, erreboltaren ziaboga
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
Mundopolski, erreboltaren ziaboga
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
[aurkibidea]

 

I. EKINTZA

 

Oroimenaren bazter batean gauzatzen dira ekintzak. Eszenatokian, egurrezko komun bat, pulpitoa, armairua, lubakia eta beste hainbat tramankulu. Atzeko partean, hildakoen koroa. korifeak, eszenatokia garbitzeko eta zaintzeko ardura duenak, bere lekuan jartzen ditu komuna eta armairua. Komunean mundo dago, publikoari bizkarra ematen. Armairuan, panpin bat bezala, mika.

 

KORIFEA: (korifeak buelta ematen dio komunari eta mundo publikoari begira geratzen da) Varsovia. Varsovia. Zuzenean, Varsoviatik live. Pailazoek kanpaia jotzen dutenean eta neskatilek loreak kakazten dituztenean. Konkista garaia, garaipenaren ordua, orduaren ospakizuna, tristezia hormara. Ene!, zein zikina den guztia, inork bere onean ezingo luke horrenbeste zaborrekin. Baina, popatik hartzera bere onean daudenak... nor da beldur? Goizeko zazpiak dira, dio ez dudan irratiak. Dena da gezurra, nirekin nor bizi da? Bikote ederra osatzen dute ezbairik gabe, lastima horrenbeste sekretu, lastima beti txilidin-patxalan ibiltzea, atsoak bezala. Tira, askatasunaren gatibu gara, egin dezagun barre beraz. Maisu eta ikasle, munduko zirkoak ez du itxaroterik, esker mila Varsovia, bera erditu izanagatik!

MUNDO: (Komunean eserita) Nire haurtzaroa Poloniako komun baten oroitzapenak dira. Han Rauschenberg hazi zen, eta Grotowski, eta Polanski, baita Lato ere... nirekin, Polonian bertan. Baten batek debekatu zuen, alu nazkante horrek, komunetan pintatzea. Komunetako poesia eder eta erbesteratua, azkenengo espazio seguruaren literatura, komuna, danok elkartzen gaituen gune sakratua. Inkisizioa komunetan!, ene ama birjina, porkulo hartzera paradisua!

MIKA: (Lurrean eserita. Panpin izatetik, gizatiarra izatera pasatuz joango da ekintzan zehar) Mundo, Mundo!

MUNDO: Mika? Mika! Sssh! Ixo! Berak ez daki ezer hondamendi honetaz, ixo!

MIKA: Mundo, Mundo, zertan ari zinen?

MUNDO: Strabasloski!, barraskilo eta barraskilotxoekin jolasean nenbilen, ene begietako Mika, barraskilotxo txikitxoekin. Dragoi iraultzailearen eskuak zein handiak diren kontatzen nien.

MIKA: Dragoi iraultzailea? Zein da, ezagutzen al dut? Konta iezadazu bere istorioa.

 

mika mundoren altzoan esertzen da.

 

MUNDO: Hona hemen dragoi iraultzailearen istorioa: Kezka hura arraro samarra zen dragoi batentzako. Etxerako bidean, gogoeta egin zuen gure dragoiak, ez baitzekien etxean nola hartuko zuten. Baina bazkarian, kañukros erregosia eta buitrelago kremaren artean, behingoz esatea erabaki zuen: “Familia ... bonbero izan nahi dut”.

MIKA: Bonbero?, baina dragoiek sua botatzen dute, nola izan liteke dragoi bat bonbero? Ez da posible, ezin liteke.

MUNDO: Dragoi normal bat, dragoi standar bat, draconis vulgaris bat ezin da inoiz bonbero izan, iskanbila litzateke, absurdua, kimerikoa, utopikoa, sikotropikoa... baina gurea ez da dragoi normala, ez da dragoi estandarra, are gutxiago draconis vulgarisa, gurea dragoi iraultzailea da.

MIKA: Eta dragoi iraultzaile bat, bonbero izan daiteke?

MUNDO: Esan eta izan, esanak eta izainak, eta beharbada, lasaitasuna eta elikagai aproposekin, bonbero ona izatea lor dezake. Baina, hala ere, ez da inoiz benetako dragoia izango, beste dragoiek traidorea dela esango dutelako, eta autentikoa ez dela, eta ez diote utziko beraien etxeetan bizitzen, ezta beraien janaria jaten, ezta bere liburuak irakurtzen, ezta bere komunetan kaka egiten ere.

 

mika altxatu egiten da. Panpin eta neskatilaren keinuak tartekatuz.

 

MIKA: Hori duk sufrimendua hori!, gixajoa, dragoi koittadua!

MUNDO: Ez du inork esan dragoi iraultzailea izatea erreza denik, eta inork esango balu, gezurti zikin, zakur eta maltzurra izango litzateke. Dragoi iraultzailea izateko 3 P-ak behar dira: palorea, palentria eta batez ere potroak.

MIKA: Eta pailazo izateko... gauza asko behar al da pailazo izateko?, zeren nik pailazo izan nahi dut, zu bezala. Beharrezkoak ote dira balore, balentria eta potroak pailazo izateko?

MUNDO: Pailazo izateko peluka galant bat besterik ez duzu behar, beste guztia, Manolo lagunak dioen bezala, coser y cantar baino ez da.

MIKA: Nik ez dakit josten.

 

mika eta mundo eszenatoki guztitik mugitzen dira, korifeak garbitzen eta ordenatzen jarraitzen duen bitartean.

 

MUNDO: Baina badakizu kantatzen, eta horrekin nahiko duzu. Jostea bigarren mailakoa izateaz gain, xatokromikoa eta bokotartikoa da. Edonork jos dezake, zailena abestea da, une oro gogor eta ozen abestea:

                                    loski loski strabasloski

                                    Trostki-ren laguna naiz noski

                                    patriketan ditut milaka gauza

                                    azenario, ezpata, larrosa eta pinpilinpausa,

                                    ni naiz pailazo poloniar artista

                                    boltxebike ausarta eta komunista

                                    asperduraren kontrako barrikadak

                                    behar ditu lagun lodi zein argalak.

MIKA: Ni ere hori egiteko gauza naiz, gogor eta ozen kantatzeko: (hirurak elkarrekin jartzen dira publikoari begira eta mika kantatzen hasten da) eusko pailazoak gara

                                    euskadi alaitzeko

                                    gerturik daukagu txantxa

                                    barrea eragiteko.

 

korifea berriro doa atzekaldera, hildakoen koruarekin eta bere tramankuluekin.

 

MUNDO: Horrexegatik naiz zure laguna,

                                    bazarelako abeslari txukuna.

                                    Horrexegatik eta zure perretxiko aurpegiagatik.

MIKA: Perretxiko aurpegia nik?

MUNDO: Amanita muscaria aurpegi erraldoia duzu, boletus granulatus, mongi, txampiñon eta nibelungo aurpegia, alegia.

MIKA: O! ez didate inoiz horren gauza ederrik esan, mundu guztiari kontatuko diot.

MUNDO: Konta iezaiozu mundu guztiari,

                                    Mundo gogor eta ozen dabilela kantari,

                                    atsedenik hartu gabe beti dantzari,

                                    trotskista alaien bertsolari.

                        Esaiezu beti pozik nabilela,

                                    izan ekaina, maiatza edo apirila.

MIKA: Kontatuko ez dut ba, egia denez jakin behar da!, denek jakin behar dute Mundo pailazoa nire laguna dela, eta ni ere pailazo izango naizela, edonon ozen abesteko eta gorputz biluziak txokolatez janzteko. Atsegin dut zure sudurra, sudur berbera izango nuke gustura, baina sudur handiagoa lortzea da nire kezka; zeren zu mutila zara ni ordea neska, ikusten duzu lagun? errimatzen ere badakit txukun.

 

Komunaren inguruan bueltak ematen, bata bestearen atzetik.

 

MUNDO: Estilo bikaina duzu, neska euskaldun hori

                                    tristeziaren kontra borrokatuko zara ederki,

                                    erritmoa eta errima baduzu soberan,

                                    baina utz ezazu presa etxean,

                                    “prisa mata amiga vasca”.

 

                                    Lasai ibili ene begietako neskatoa,

                                    bidea luzea da, eta pausua hobe geldoa,

                                    barraskiloa poliki, baina urruti doa.

                                    Inoiz izango zara pailazo,

                                    datorren urtean, akaso.

MIKA: Ona!, hori duk eta!, hori duk errimatzea!, pailazoen iraultza, bihotz zintzo baten kultura, tristezia beldurrez ari da dardarka... denok dantza egitera!

MUNDO: O yeah, yeah, Dostoievski, Grotowski, Trostki, uda izan dadila beti, noski!

 

mundo eta mika elkarri besarkatuta dantzan hasten dira.

 

MUNDO eta MIKA: Mañana sol y buen tiempo.

MIKA: Eta nor arraio da demoniozko Trostki hori?

MUNDO: Ah, Trostki kamarada, egundoko iraultzailea.

MIKA: Beste bonbero bat?

MUNDO: Trostki kamarada bonbero piromanoa zen, ene begietako Mika, erromatar kristaua, eskurik gabeko artista, horren iraultzaile, horren utopiko, horren psikotropiko, horren bitxi, horren ausarta zen nire anaia Trostki.

KORIFEA: (Publikoari. mundo eta mika besarkaturik jarraitzen dute) Bat bi hiru lau sardina makailau. Dantza iraultzailearen mehatxua abian da, niri garbitzea dagokit. Así fregaba así así, así fregaba así así, así fregaba que yo la vi. A! Sasoi makalak aingeruentzako, begira gure aingerua esaterako, neskaren besarkada iraultzailean ezkutatuta. Galdera bakarra erantzun beharko dugu hil ostean: Zergatik ez zarete zoriotsuago izan?

MIKA: Iraultza ez da txantxa, arriskutsua dirudi iraultzaile izateak.

 

Dantza bukatu egiten da.

 

MUNDO: Arriskutsua oso,

                                    burua lehoi baten ahoan sartzea bezain deseroso,

                                    Are eta arriskutsuago,

                                    lehoia gose baldin badago,

                                    baina atsegina ere bada,

                                    soinekodun tximinoa bezala,

                                    merezi du iraultzailea izateak sarri,

                                    edo agian ez, batek daki!

MIKA: Nik nahiago dut pailazo izan, zu bezala. Dantza ostixe!, aizu, barrearen gudari hori, eguzkiak jantzi gaitzala, egin dezagun bidea Tarifako haizearen laguntzaz, Etiopiako haurrek abes dezatela gure rap-a...

                                    ei zu aditu,

                                    tristezia txikitu,

                                    nirekin barre egizu,

                                    urrun zein gertu,

                                    Deban edo Adiss Abeban,

                                    pailazoak greban,

                                    hauxe da gure ahotsa, gerratearen hotsa.

                                    aurrera gure kantue!,

                                    Euskal herria alaitu, aurrera bromie!!

MUNDO: Pailazo handia izango zara, baita iraultzaile trebea ere, ene begietako Mika. Handienetariko bat.

MIKA: Benetan? Nigan fedea duzu?

MUNDO: Santu eta aingeru guztiengan baino gehiago.

MIKA: Eskerrik asko Mundo, mersi boku, pailazo guztien artean

                                    zu zara politena,

                                    Mundok irakatsi didana da,

                                    munduari abestu nahi diodana.

                                    Goibeltasunari esaten diot: guda!

                                    Negurik ez dadila egon munduan, bakarrik uda,

                                    barrea, algara eta jaia,

                                    tristura da gure etsaia,

                                    iparralde, hegoalde, mendebalde edo ekialde,

                                    txantxak banatzen ditut debalde,

                                    loski loski strabasloski

                                    Mundoren ikaslea naiz, noski.

MUNDO: Bravo, bravisimo, ene Mika maitea,

                                    harribitxia zara, zabor guztien artean,

                                    inoiz izango zara pailazoen erregina

                                    borrokarako grinak eraginda,

                                    tristeak harrapatzea, hori da zure jomuga,

                                    alaien iraultza, pailazoen guda.

MIKA: Zer diozu Mundo, estilo ona dut?

MUNDO: Zure estiloak zoratzen nau, atsegin ditut zure errimak, ia prest zaude pailazo izateko, pittin bat haztea baino ez duzu behar.

 

mundo armairuan sartzen da korifearen laguntzarekin.