Au revoir, triunfadoreak!
Antzerkiola Imaginarioa
Au revoir, triunfadoreak!
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
Au revoir, triunfadoreak!
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
[aurkibidea]

 

VI. EKINTZA
Urratua

 

madamek lurrean etzanda abesten du. banijuk pistola batekin apuntatzen dio. nihilista 2, pulpitoaren atzean, bere buruaz beste egiteko imintzioa egiten du trabuko batekin.

 

MADAME: No rian de rian, no je ne regret de rian... ai erre frantseza, zelan berotzen nauen eta ze ondo egiten dudan, gerregerregrret, niri Frantzia, niri Frantzia, le glamour francaise, grerregret, Edi Piaf, Alain Delon, artistak izan behar zuten, zer bestela, Michelle Platini, Eric Caritoux, Bemard Hinault, Laurent Fignon, pantera larrosa, gerregrrret, ezertaz ez naiz ezertaz damutzen, Baniju, voleubu cuse avec mua sesua? Ai, ze tuntuna, ni bakarrik berotzen naiz, benga, tiro egin (banijuk pistola kargatzen du) benga hementxe bertan, otaloreen gerizpean, pintazazu nire azala magnolien koloreakin, ai! ze tuntuna! Zuriak dira magnoliak, beno, berdin dio, pinta ezazu nire azala magnolia gorrien koloreakin, benga neska, tiro egin ezazu...

MADAME: Tiro egin!! Tiro egiteko!!

MADAME: Jode Baniju, hanka txingurritzen hasi zait...

 

banijuk tiro egiten du.

 

NIHILISTA 1: Baina zer zabiltza?

NIHILISTA 2: Amesgaizto bat izan dut.

MADAME: Joder, zelako mina! Abisatu joño, puta zantarra, infragantis harrapatu nauzu...

 

banijuk kamara prestatzen du.

 

            Printzesa, are eta txarrago portatu, are eta gehiago maite zaitut, ikus daitezela almenaiak eta oharkabean igotzen den huntza eta mendafina...

 

banijuk argazkia ateratzen du eta badoa. madame arrastaka ateratzen doa eszenatokitik.

 

            Arg! Odolhustutzen ari naiz poliki-poliki, non dago nire odol urdina? Ez dut sekulan gehiago Kanpo Eliseotan baltsea dantzatuko urteberrian, ez dut sekulan gehiago Don Perignon edango nire orratz-takoidun zapata gorrietan...

 

nihilista 1 champagne botila batekin sartzen da.

 

NIHILISTA 1: Momentua heldu da. Ozpa dezagun champagne gozo batekin.

 

nihilista 2 zorionak zuri abesten hasten da.

 

MADAME: ... arrastaka, arrakasta, arrastaka biziko naiz sugeak bezela... ez naiz sekulan gehiago julepean jolastuko art-nouveau mahaien gainean Anbereseko auzo garaietan, ez naiz sekulan gehiago zapitxoan arituko Boi de Bolognen uztaileko arrasti luzeetan...

NIHILISTA 1: Ez dugu hori ospatzen, txepetx. Bukaera ospatzen dugu.

MADAME: ... no rian de rian, no, je ne regret de rian...

NIHILISTA 2: Ama birjina mulatatxua... esaiozu hori ezin dela egin... iks baken duken tiken, iks baken, iks baken; duken tikon lukan, iks baken iks baken...gutxienez jakingo banu fruitutxu lehor horiena...

 

nihilista 1-ek botila zabaltzen du.

 

NIHILISTA 1: Benga, azken pausua baino ez zaigu geratzen. Erabakigarriena.

NIHILISTA 2: Baina amatxu birjina mulatatxua, nora? Nik ez dut inora joan nahi, ondo nago hemen, niri... niri gustatzen zait ereitea, ongarria botatzea, ureztatzea... zu ere etorriko zara, ezta?

NIHILISTA 1: Bai, zurekin noa, lagunduko dizut apur baten. Zuk egizu otoi nahi duzun beste, baina bitartean ez utzi itsasertzerantz igeri egiteari.

NIHILISTA 2: Zer? Zer esan duzu? Amatxu birjina, orduan bera ere badator, ezta? Ez utzi ni bakarrik e? Beldurra ematen dit...

NIHILISTA 1: Benga, biluztu zaitez, ni oraintxe nator.

NIHILISTA 2: Bazoaz? Ez zaitez joan, ez dadila joan santa done done done... Salba gaitzazu horrenbeste espekulaziotik eta banku eta aurrezki kutxen gehiegizko etekinetatik... baina, biluztu behar naiz? Nik ez nekien ezer...

NIHILISTA 1: Bai, noski, hau abangoardia da, avant-garde, abangoardia horrelakoa da. Benga, biluztu.

NIHILISTA 2: Bai, baina hotz egingo du ezta?... Eta niri lotsa ematen dit... eta uste dut pekatua dela... amatxu birjina... baietz hau pekatua dela, esaiozu, mesedez. Baina, nora zoaz? Amatxu birjina, nora doa? Baina itzuliko zara, ezta?

NIHILISTA 1: Hasieratik esan dizut, Hildakoen Zubira noa, eta ez dut uste handik itzuliko naizenik.

 

nihilista 1 badoa publikotik eta nihilista 2 eszenan geratzen da.

 

NIHILISTA 2: Amatxu birjina, ziur hau ondo dagoela?... Egin daiteke?... Zuri ez zaizu inporta, ezta?

            Kuleroak ere bai?... Niri lotsa apur bat ematen dit, Santa mulatatxua, zuk eskatzen didazulako e? Bestela...

 

baniju ausentziatik sartzen da. Argi txiki bat darama eskuan eta intxaur batzuk. Isilean jaten ditu intxaurrak publikoari begira.

 

OFF AHOTSA (MADAME): Bani... Laztana! Laztana! Maitia! Maitia!

BANIJU: Ma... da..mmm... e! jMa... da... mme!

 

madame banijuren bila sartzen da.

 

MADAME: Non zeunden, malapartatua? Ez al duzu ikusten odolhustutzen ari naizela? Emaidazu tirita bat gutxienez ezta? Begiratu hitzegiten nagoenean, lotsagabe hori, egidazu putz, benga, ez al duzu ikusten azkurea daukadala zaurietan? Behar zaitudanean ez zaitut inoiz aurkitzen, trapu zahar bat eginda nago, jo, Bani! Esan ezetz gutxienez, esan oso eder nagoela, liraina naizela, edo zerbait, asko nabaritzen zaizkit begipeak? Azala zimeltzen hasi zait eta zuk ez duzu ezer egiten, zeozer egin zenezakeen ezta? Baniju, erantzun! Baniju!

 

banijuk zaplaztako bat ematen dio. Gero ostikada batzuk. Zentrotik ateratzen da.

 

MADAME: Baina, Bani, aurpegian ez! Desitxuratu behar nauzula, Bani! Hau mina! Jainkoaren izenean, Bani, zatoz nirekin, guztia barkatzen dizut... Bani!

 

madame badoa, publikotik.

 

OFF AHOTSA (MADAME): Eta goreneko bizitzara ohitzen gara, Venusen mendietara, Afroditaren haragira, eta bideak hondamendira eramaten gaituenean, hasieran inork ez du amore eman nahi. Behin eztia probatuz gero, inor ez da ozpinarekin konformatzen. Baina Venus lausotzen da, eta Afrodita zimeldu, eta orduan amore ematen dugu eta behin betiko itzaltzen da gure sugarra. Bizitzan zehar maite izan ditudan eta maite izan nauten guztiak behelainoan geratuko dira noraezean, eta ni hildakoaren zubira noa, bukaeraz haraindi bizitzaren sugarrik behar izango ez banu bezala.

 

bala-gizona bere azken hegaldia prestatzen doa, bala-neska aldamenean daukala.

 

BALA-GIZONA: Poxpoliñ, ez gara sekulan zeru eta izarretatik aldenduko. Gogoratu beti zirkoa, Poxpo, gogoratu zirkoa bihotzak eztanda egin arte.

OFF AHOTSA (BALA-GIZONA): Guztiok nahiko genuke gauza onek gehiago irautea, baina zoritxarrez, beti dago hurrengo memento bat. Gure ospe guztia txaloak lausotzean bukatzen da, eta gero ez da hondamendian katurik ere geratzen. Batzuk ez gara jaio gaur lurretik ibiltzeko, baizik eta atzo eta bihar. Nire leinukook, jaio baino, lurreratu egiten gara, baina nahitanahiezko lurreratzea da gurea, aire-istripua. Gu, lurrean baino, airean ibiltzen gara ongi.

 

bala-gizonak lehergailu bat eztandarazten du, baina ia ez du zaratarik egiten.

 

BALA-GIZONA: Ikusten, neska? Ikusten? Ez daukagu ezta polbora erosteko ere, bufoientzako anpurrak eta txotxongiloentzako zerrautsa baino ez daukagu, zer ostia garela uste dute? Begira zu, begidun enbor bat baino ez zara, pipiek jandako kainoi zaharra baino ez, eta begira ni, hezurrak seiehun aldiz baino gehiagotan hautsi ditut mundua zoriontsu egiteko eta zer lortu dut? Hautsez beteriko barraka zantarra eta errauts plater bakar bat bazkaltzeko. Honekin konformatu behar al dut? Mundua salbatzeko zerua eta izarrak seiehun aldiz baino gehiagotan ikutu ditut, eta infernuko sugarretan zazpiehun aldiz jausi naiz zerraldo, eta orain intxaur apurrekin konformatu behar al dut? Feriako tximino aurpegia daukat ala? Gizon duina naiz! Gizon duina naiz! Gizon duina naiz...

 

bala-gizona publikotik ateratzen da.

manipuladoreak txotxongiloa bizigabe usten du eszenatokian.

nihilista 2 sartu eta kainoiari begira geratzen da.

off ahotsa entzuten den bitartean nihilista 2-k txotxongiloa jasotzen du.

 

OFF AHOTSA (NIHILISTA): Ai, aia aia/ ia ia ia aia ui/ Tralali/ Lali lala/ Aruaru/ Urulario/ Lalila/ Rimbibolam lam lam/ uiaya zollonario/ lalila/ Monlutrella monluztrella/ lalolu/ Montresol mandotrina/ ai ai/ Montesur en lasurido/ Montesol/ Lusponsedo solinario/Aururaro ulisamento lalila/ Ylarca murllonia/ Hormajauma marijauda/ Mitradente/ Mitrapausa/ Mitralonga/ Matrisola/ Matriola/ Olamina olasica lalila.