Au revoir, triunfadoreak!
Antzerkiola Imaginarioa
Au revoir, triunfadoreak!
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
Au revoir, triunfadoreak!
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
[aurkibidea]

 

III. EKINTZA
Errekak eta itsaokak

 

 

1. ESZENA
Eskua eta bihotza

 

bala-gizona eta bala-neska sartzen dira eta bala-gizona eszenografia atontzen doa obstakulu bat eraikiz.

 

BALA-NESKA: Banoa! Banoa! Pun pan pin, zu gizona eta ni panpin! Suizidatuko naiz! Suizidatuko naiz berriro! Hau da nire bukaera! Zubitik behera banoa! Hegaz banoa! Hil naiz, hilda nago... Nik ez dudanez jaten, ez dut behar ez koilara ez platerrik!...

BALA-GIZONA: Etorri ona, poxpolin! Krugen Mc Arthyk esaten zuen bezela: eskua jartzen duzun lekuan, jartzazu bihotza ere bai.

BALA-NESKA: ... Nik ez dudanez jaten, ez dut behar ez koilara ez platerrik!...

BALA-GIZONA: Ixo, demonio! Zurekin arreta galtzen dut eta gauza hauek arreta handiz egin behar dira.

BALA-NESKA: Trankil bizarto, eztanda egingo dizula patatak! Pum patatin!

BALA-GIZONA: Ilusioz egiten dira gauzak, osterantzean ez dira egiten.

BALA-NESKA: Ai! Ba ez dira egiten.

BALA-GIZONA: Ba ez dira egiten.

BALA-NESKA: Ez dira egiten?

BALA-GIZONA: Ba bai, egiten dira.

BALA-NESKA: Egiten dira, ala ez dira egiten?

BALA-GIZONA: Egin egiten dira, baina ilusioz.

BALA-NESKA: Egiten dira, baina ilusioz eta kontu handiz.

 

Badoaz eztabaidaka.

 

 

2. ESZENA
Oztopoa

 

bala-neskaren azken esaldiarekin gazte nihilistak agertzen dira, bakoitza bere pulpitoaren atzean. nihilista 2-k oztopo bat aurkitzen du bere ibilbidean.

 

OFF AHOTSA (NIHILISTA): Jakin badakit bidea ez dela beti erreza izaten, eta ez dagoela beti oztopoz salbu, betiko kontua da, helburu bat euki bezain pronto dena zailago bihurtzen da. Helbururik ez badago, ez dago oztoporik.

NIHILISTA 1: Ikusten duzu hori? Ba hori oztopo bat da. Oztopo deitzen da oztopatzen duelako, hori baita oztopoen ezaugarria: oztopatzea. Zuzenean bazoaz bere kontra, ezin zara pasatu. Zoaz.

NIHILISTA 2: Ai, santa done birjina mulatatxua, zergatik aukeratu behar nauzu beti.

NIHILISTA 1: Ikusten? Ezin duzu. Hala ere, oztopoa trebetasunez albo batetik sahiesten baduzu...

 

nihilista 2-k oztopoa sahiesten du.

 

            Oso ondo. Ikusten? Lortu duzu.

NIHILISTA 2: Eskerrik asko amatxu birjina.

NIHILISTA 1: Oztopo gainditua. Orain atzera itzuli.

NIHILISTA 2: Bagoaz?

NIHILISTA 1: Bai.

 

nihilista 2-k aurrera egiten du joateko asmoz eta nihilista 1-ek gelditzen du.

 

NIHILISTA 1: Geldi hor. Gogoeta egin dut eta uste dut errepikatu behar dugula, oso ondo atera zaigulako.

 

Ekintza errepikatzen dute.

 

NIHILISTA 2: Berriro? Ez dakit akordatuko naizen...

NIHILISTA 1: Erditik, erditik, erditik... ez! Ezin du! Ezinezkoa da! Eta zergatik? Oztopoak oz-to-pa-tzen duelako. Ordea, ikus ezazue orain trebetasunez eta abileziaz oztopoa sahiesten. Hotz, hotz, hotz... bero, bero, bero... sutan!... lortu du! Miresgarria! Nihilista hau maisua da!

NIHILISTA 2: Listo?

NIHILISTA 1: Bertuteak ahultzen dira etsairik ez badaukate, esaerak esaten duenez, nire esaerak. Baina tira, bertuteak hemendik nahiko ahul daude honezkero. Orain itzuli.

 

nihilista 2 erditik itzultzen saiatzen da.

 

            Zer gertatzen da? Ezin duzula. Eta zergatik? Bizitza honetan oztopoak gainditu behar direlako, eta ez sahiestu. Compre pa?

NIHILISTA 2: Compre.

NIHILISTA 1: Benga, bagoaz Bluesborough etabar etabar Bridgera. Hemendik.

 

Norabide ezberdinak seinalatu ostean, biak ateratzen dira leku desberdinetatik.

 

 

3. ESZENA
Autostop

 

Ausentziaren ezkerraldetik madame eta baniju agertzen dira. Automobil eta kamioien zarata entzuten da. madamek autostop egiten du.

 

MADAME: Begira, Bani, hor dator forfi bat tunning eta aleroiekin! Hemen bukanero!.. ezebez... popatik hartu, Sandokan!

OFF AHOTSA (MADAME): Eta pasioak ihes egiten du arrapaladan, frenorik gabeko kamioiak bezala. Behin entzun nuen, ezer ere maite ez baduzu guztia eukiko duzula, maitasunik gabe tontor biluzien askatasun hotza lortuko duzula. Baina nik ez dut sinistu nahi, tontor biluzietan hotz izugarria egiten du, hobe da maitatzea, guztiz maitatzea, nahiz eta gero ezer ere ez eduki. Hondamendira doan errepide bat bakarrik.

 

titiriteroak ur puxika bat botatzen die madame eta banijuri. baniju, izututa, oilo busti baten keinuak egiten ditu.

 

MADAME: Madarikatua jaio zinen eguna, marikoia!

 

banijurengana hurbilduz.

 

            Lasai, Baniju, hori hartza zen, lehen lodikoteak baino ez ziren, orain munduko erreginak direla uste dute. Baina gu berdin-berdin helduko gara Hildakoen Zubira.

 

Badoaz madame eta baniju ausentziatik.

 

 

4. ESZENA
Bala lehengusinaren ilusioa I

 

bala-gizonak kutxa dramatikoa prestatzen du, autogrill bateko komunak eraikiz.

 

BALA-GIZONA: (Pirataren Kantaren doinuarekin abesten) Iritsi gara Hildakoen Zubira Lehertuko dugu daukagun guztia

OFF AHOTSA (BALA-GIZONA): Bizitzeko ilusioa galtzen dutenean, elefanteak erromes doaz euren hilerrietara inork irakatsi ez dien bidea jarraituz. Gure sena eurena bezain jakintsua balitz, nik ere, feriako barraka galdu duen gaixo honek, berdina egin beharko nuke.

BALA-GIZONA: Oraingoan ez gara sekulan itzuliko, neska, ez gara sekulan itzuliko. Ilusiorik ez badago, ez dago itzultzerik. Ai! Sei urte nituenean, ipurdia gorrituta neukan ja horrenbeste hegaldi eta lurreratzez. Sei urtetan, seiehun bizitza bizi izan nituen.

BALA-NESKA: ... seiehun bizitza bizi izan nituen...

BALA-GIZONA: Eta nik, nire ipurdi gorritu eta nire seiehun bizitzekin, guzti-guztia nekiela esan nion bala-lehengusinari, oraindik balatxua besterik ez zenean. Guzti-guztia.

BALA-NESKA: ... guzti-guztia...

BALA-GIZONA: Eta guzti-guztia nekienez, errege magoak nire gurasoak zirela ere esan nion.

BALA-NESKA: ... gurasoak zirela esan nion...

BALA-GIZONA: Ba, badakizu zer egin zuen berak? Ba lehengusina-balak bere eskutitza eman zidan nik nire gurasoei emateko.

BALA-NESKA: ... gurasoei emateko...

BALA-GIZONA: Oraindik gogoratzen dut eskutitz hura:

BALA-GIZONA ETA BALA-NESKA: Osaba eta izeko mago maiteak, bala jantzi bat eskatuko dizuet aurten, lehengusu balarena bezalakoa, edo hobea. Bihotzez eskatzen dizuet.

BALA-GIZONA: Hori da hori ilusioa mantentzea. Denontzako eredua, lehengusina, zure lehengusina...

BALA-NESKA: ... nire lehengusina...

BALA-GIZONA: ... nire lehengusina...

BALA-NESKA: ... zure lehengusina...

BALA-GIZONA: ... gure lehengusina...

BALA-NESKA: Gure lehengusina. Nire lehengusina, zure lehengusina, haien lehengusina, denon lehengusina... ai, berriro korapiloa malguki-gukian!

BALA-GIZONA: Denontzako eredua, lehengusina...

 

bala-gizona badoa. bala-neska pixka bat gehiago geratzen da, batzutan publikoari edozein hitz-joko esaten dion bitartean. Gero bera ere badoa.

 

 

5. ESZENA
Autogrilleko komuna

 

madame eta baniju errepideko autogrill batean daude. madame komunean sartuta dago eta bertatik hitz egiten du. baniju kanpoan geratzen da bere zain. Eszenatokian, ezker-eskubian, andra eta gizonentzako komunen kartelak ageri dira.

 

MADAME: ... baina ni ez nintzen atzo habitik erori, oso bidaiaria izan naiz ni beti, eskarmentu handikoa, ui, begira, a ze gresite panpoxa, eta zelako zenefa, zenefa, gresitea, eta horma-ispilua, liluragarriak, hau ez da egiten jadanik, eta oso flexiblea ere bai, berdin dit marmorezko palazio batean edota autogrill nazkante honetan egoteak. Baniju, egingo didazu turuloa, mon amour? Ai, eta iturriak, xarmangarriak, lehen guztiak ziren Roca, orain Pierre Lafon jartzen dute, Pierre Lafon, xarmangarria, ai! Ai! Armiarma bat! Baniju armiarma bat dago hor! Hiltzazu! Hiltzazu!

 

madame komunetik ateratzen da une batez eta berriro sartzen da.

 

            Ai ez, margoztuta dago, ze tuntuna, ai gresiteak eta zenefak zoratuta naukate, liluragarriak, a ze nolako gresitea, a ze nolako zenefa!...

 

madame berriz ateratzen da turuloa hartzeko.

 

            Maitetxo, utziko baninduzu zu apaintzen Marlene Dietrich izango zinateke, milesker bihotza, hilotz xarmangarria zara, faborez, ai, Pierre Lafon, le glamour française, niri Frantzia, niri Frantzia faborez...

 

Koka marra sartzen du.

 

            Alajainkoa! Deus benedicat civum et potum! Ze ona! Ze gozoa! Zelako dirdira duen Pierre Lafonek! Armiarma mugitzen ari da! Polita! Liraina! Mugitzen ari da! A! Kendu gainetik! Guida! Hiltzazu! Hiltzazu! Aaa! Ui, ze tuntuna, lehengoa da, ai horma-ispilua, ze nolako bitxikeria panpoxa, faborez, ezin ditut ispiluen markoak jasan, hilkutxetako moldurak ematen dute...

 

banijuk titiriteroak emandako katana ateratzen du.

 

            Baniju, atera katana, polita, ai katana, ai Txina, zein laket ditudan Txinako gauzak, niri Txina, Txina eta Frantzia, le glamur Française, Pierre Lafon, banbua, katana, tanaka, ai zenbat txorakeria, niri Txina eta Frantzia, le glamour francaise, heriotzan eta hondamendian ere, le glamour française, kontatu al dizut inoiz behin txinora kimonoaz jantzita joan nintzela? Erregina izan nintzen, geisha bat ematen nuen, chop sueya jan nuen makiltxoekin. Prest? Neska, arnasa hartzen duzulako, bestela hilik zaudela pentsatuko nuke, pinotxok baino odol gutxiago daukazu...

 

madamek posizio egokia hartzen du banijuk besoa moztu diezaion.

 

            Hemen, prest?, ebaki!

 

banijuk eskua mozten dio.

 

            Joder! Alajainkoa! Hau mina! Ez didazu esan horrenbeste min egingo zidanik! Orain! Orain! Atera! Atera! Itxaron! Itxaron!

 

baniju argazki bat ateratzeko prest dago.

 

            Horrela, ikus dadila sufrimentua, storyboard xarmangarria egingo dugu. Aingerutxo bat zara, aurrerantzean zuk prestatuko dizkidazu marrak, ni elbarritu nago. Asko falta da, Bani?

 

Badoaz.

 

 

6. ESZENA
Bala-lehengusinaren ilusioa 2

 

bala-gizona eta bala-neska sartzen dira zentroan. bala-gizonak eszenogrofia mugitzen du.

 

BALA-GIZONA: Hori da hori ilusioa kosta ahala kosta mantentzea, sasi guztien gainetik ilusioa mantentzea. Ez dezala mundu honetan inork esan zure zirkoari ilusioa falta zaionik. Arduratu zaitez horretaz, poxpo, bestela zureak egin du. Zer esan duzu? Zer esan duzu? Ez, ez zioten bala-jantzia ekarri, ez zeukaten horretarako dirurik. Baina berak ilusioa zeukan!

BALA-NESKA: Ze kaka! Lehengusinak ez zuen jantzia jantzi! Ez zuen jantzia jantzi! Suizidatuko naiz! Orain eta hemen! Ze mina! Ez zuen jantzia jantzi! Pam pum pim, Suizidatuko naiz berriro! Pum pam pim!...

 

bala-gizona badoa eta bala-neska geratzen da hitzekin eta munduarekin jolasten. Bien bitartean, nihilista 2 sartzen da zentruaren atzekaldetik.

 

 

7. ESZENA
Neskatilen laguna

 

nihilista 2-k, bere taularen atzetik, bala-neska nola jokatzen duen begiratzen du.

 

NIHILISTA 2: Kaixo neskatxa, jolasten zaude? Ze ondo, gustatzen zaizu jolastea? Niri ere bai gustatzen zait, zurekin jolastu ahal dut? Oso neskatila polita zara, nire laguna izan nahi duzu?

BALA-NESKA: (Publikoari) Ze tipo arraroa!

NIHILISTA 2: Begira, etorri, oparitxo bat daukat zuretzat, gozoki bat nahi duzu? Nire lagun asko neskatilak dira, begira, txupatxups bat daukat, etorri, zuretzako da...

 

bala-neska poliki-poliki gerturatzen da.

 

BALA-NESKA: Droga dauka?

NIHILISTA 2: Ez neskatxa, droga oso garestia da. Tori, hartu, marrubizkoa da, ze polita zaren neskato, hartu ahoarekin...

 

bala-neskak hainka egiten dio eskuan eta gozokia kentzen dio.

 

            Ai aia aia/ ia ia ia aia ui/ tralalf/lali lala/aruaru! E! Neska! Oso neska gaiztoa zara, ez didazu eskerrik emango? Ez didazu emango musutxu bat? Neska, oso triste jarriko naiz, neska! Neskato!

 

nihilista 1 sartzen da egunkari batekin.

 

 

8. ESZENA
Hipopotamoen dialektika

 

NIHILISTA 1: Baina zertan zabiltza?

NIHILISTA 2: Ezer, jolasten...

NIHILISTA 1: Ja, jolasten, zure adinean eta jolasten?

NIHILISTA 2: Hobe da jolastea antzarrak perratzea baino.

NIHILISTA 1: Hobe da antzarrak perratzea hipopotamo izatea baino.

 

Pulpitoen atzean sartzen dira.

 

 

9. ESZENA
Kapitaina eta bere untzia

 

kapitainak, beste pertsonaien atzetik, eszenatokia zeharkatzen du ausentziatik bere untziarekin eta arraun batekin.