Au revoir, triunfadoreak!
Antzerkiola Imaginarioa
Au revoir, triunfadoreak!
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
Au revoir, triunfadoreak!
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
[aurkibidea]

 

V. EKINTZA
Labirintoa

 

 

1. ESZENA
Itsumandoka

 

madame sartzen da arrapaladan eta baniju bere atzetik, geldoago. madamek eta banijuk itsumandokan jolasten dute. banijuk begiak estalita dauzka.

 

MADAME: Bani! Bani! Ezetz harrapatu! Hemen nago, ezetz harrapatu, ezetz harrapatu, bakarrik joango naiz zubira e? harrapatzen ez banauzu bakar-bakarrik joango naiz Bluesborough Southampon Bridgera, kaio arteko ubarroia lez, e? Ezetz harrapatu! Ezetz harrapatu! Harrapatu nauzu! Ai, tunante, benga, orain nire txanda da, agudo, eztali nire bi itsas-argiak.

 

madamek begiak estaltzen ditu.

baniju badoa.

 

OFF AHOTSA (MADAME): Maitasuna itsuzapia bat da, eta batzutan, askatzen zaigunean ez dago ezer, ez dago inor.

MADAME: Bani, Baniju, non zaude? Benga, emaidazu pistaren bat, ogi anpur batzuk, zetazko hari bat, arrain bat lurrean, ez dakit, zerbait, pistatxoren bat, faborez, Bani! Baniju!

 

madame badoa atzealdetik.

 

 

2. ESZENA
Kapitainaren erretratua

 

Aurrealdetik agertzen da nihilista 1 eta zentrura igotzen da. nihilista 2 zentruaren atzealdean dago pulpitoan. kapitainaren koadro erraldoi batek eszenatokia zeharkatzen du titiriteroak mugituta. Azkenik koadroa pulpitoen parean geratzen da.

 

NIHILISTA 1: Desilusioa. Dena bukatzen da desilusioa agertzean, fedea, historia, bazkalosteko zigarroaren zentzua, den-dena. Eta, hala ere, garai batean giza-sormenaren su artifizialek erakarri ninduten: malevich, suprematismoa, fauvismoa, avantgarde! etabar. Laburbilduz, edo bizitzaren destilazio, edo bizitzaren ordezko baliogabe eta gogaikarria den hori guztia.

NIHILISTA 2: Azkena ez dut ulertu.

NIHILISTA 1: Berdin du, goazen zehaztasunetara. Begira, horko hori zu zara.

NIHILISTA 2: Ez, ez naiz ni.

NIHILISTA 1: Bai, zu zara eta ni naiz.

NIHILISTA 2: Zu ere bai?

NIHILISTA 1: Bai, ni ere bai. Artistaren hitzetan, imajina honen pixel bakoitzak mundu bat dauka bere baitan. Leibnizen monadak bezala.

NIHILISTA 2: Nortzuk?

NIHILISTA 1: Berdin du, ez zenuke ulertuko. Gurpilak jirarazten edota edalontzia betearazten duen hutsa bezalakoxea da.

NIHILISTA 2: Ze gurpil, ze edalontzi, nik bakarrik ikusten dut, hor atzekaldean, untzitxo bat.

NIHILISTA 1: Hori ez da untzitxo bat soilik, hori metafora bat da, abstinentzia emozional eta axolagabetasun krisi bat jasaten ari den gizakiaren hauskortasuna adierazten du.

NIHILISTA 2: Ba nik untzitxo bat ikusten dut.

NIHILISTA 1: Hori da latzena, ez dela apenas nabaritzen, are gutxiago zu bezalako babu batek. Baina begiratu arretaz subjektuaren keinu makurtua. Zer deritzozu?

NIHILISTA 2: Okertuta dago, Quasimodo ematen du.

NIHILISTA 1: Oso ondo. Eta zergatik?

NIHILISTA 2: Ba... ez dakit. Zergatik?

NIHILISTA 1: Ba, bere paperezko metaforak porlanezko hilobi baten pisua daukalako. Horra hor paradoxa.

NIHILISTA 2: Non?

NIHILISTA 1: Tira, figurazio abstraktua da. Teknika: argazkia eta mihisea. Tif formatoan dago. Koadroa badoa. Erabiltzen duzu photoshopa?

NIHILISTA 2: Nik titiak jarri nahi ditut.

NIHILISTA 1: Titiak? Zenbat?

NIHILISTA 2: Hiru edo bost.

NIHILISTA 1: Oso ondo, hori photoshoparekin egin dezakezu.

NIHILISTA 2: Negar egiteko gogoa daukat.

 

Badoaz.

 

 

3. ESZENA
Ontzi pirata

 

bala-gizona eta bala-neska sartzen dira. bala-gizonak poste handi bat jartzen du zentroan.

 

BALA-NESKA: Banoa! Suizidatuko naiz! Banoa!

BALA-GIZONA: Zirkoa, poxpolin, oso gauza bitxia da. Antza, kasualitate hutsez sartzen da jendea zirkoan. Ba al dakizu nola sartu nintzen ni zirkoan, neska?

BALA-NESKA: U e a, u e a...

BALA-GIZONA: Ni zirkoan sartu nintzen ontzi pirata batean bezala, bi hezur eta kalabera bat daramatzan ontzi pirata, portuz portu doana, neska, haizearen arabera portu batera edo bestera doan ontzi pirata.

 

bala-gizonak kartel batzuk jartzen dituen bitartean.

 

BALA-GIZONA: Begira, Kairo, han sudurra apurtu nion esfingeari tiro batez. Livomo, nire begiek ez dute zeru gorriagorik ezagutu, handik Errosario, misterioz betea, eta hemendik, joņo! Brusela, erreinuen kapitala... leku txarra bufoientzat. Kaguen Munchhausen! Eta azkenik... Nire herria! Bai, neskato, azkenean untzi pirata nire herrira iritsi zen. Tripulazioa untzira! Bagoaz! Piotr, ezpatajalea!

BALA-NESKA: Bai, hemen!

BALA-GIZONA: Maffesoli, domadore gorra!

BALA-NESKA: Bai, hemen!

BALA-GIZONA: Onfalia, andra bizarduna!

BALA-NESKA: Bai, hemen!

BALA-GIZONA: Bala-gizona!... Bala-gizona!...

 

Badoaz.

 

 

4. ESZENA
Txerriak labirintoan

 

triunfadoreak sartu eta eszenatokitik dabiltza noraezean, labirinto batean galduta baleude bezala. Hainbat kartelek norabide ezberdinak seinalatzen dituzte.

 

OFF AHOTSA (KONTALARIA): Labirintotik ateratzeko Arianaren hariaren bila dabiltza gure hiru triunfadoreak, baina minotauroak, txerriak eta hipopotamoak baino ez dituzte aurkitzen. Eta, hala ere, ez du axola zein norabide hartzen duten, labirinto honetan, bide guztiak doaz Hildakoen Zubira.

BALA-GIZONA: Ontzi pirata batek, ontzi pirata izateko, beharrezkoa du kainoi bat, eta kainoi batek, kainoi izateko, beharrezkoa du bala bat. Eta horrela sartu nintzen ni ontzi piratan, bala-gizon moduan. Polbora gehiago! Kainoia prest!

MADAME: Begira, Bani, golgota penintsula, ai ez, hiria da, Egipto El Kairo, Kolonbia Golgota, ai ze tuntuna naizen, Guida! Atera argazkia, ikusi dadila sufrimendua eta ilunabarraren dirdirak golgotako basamortuan...

 

banijuk argazki bat ateratzen dio.

 

BALA-GIZONA: ... A pirataren bizitza ederrena da!...

 

madamek kartelak kentzen ditu Bruselasekoa izan ezik. Azken hau postearen goikaldean geratzen da gurutze garaikidea bailitzan.

 

MADAME: Noli, Magdalena, noli, noli, noli. Noli me tangere, Bani, ez nazazu ikutu, orain aitaren erreinuan nago...

 

madame publikoari zuzentzen zaio, gurutzera igo ostean.

 

            Fariseook, Erromatarrok, nik maitasunezko mezua dakart, baina ez didate esaten uzten. Aita, aita, aitatxo! Jode! Ez dago inor ere, ez du erantzuten, hau kalbarioa!

BALA-GIZONA: (Abesten) ...portuz-portu beti, hiltzen denean sirena batekin badoa itsas-hondora, a! Itsas-hondora!...

MADAME: Aita, aita, zergatik nauzu abandonatu. Marikoia bai, baina zure alaba naiz.

 

banijuk belarria mozten dio madameri.

 

BALA-GIZONA: Baina zer geratzen zaigu orain!?

 

Argazki-makinaren flasha botatzen du banik. Iluna.

nihilistak baniju argazkilariari eta madame gurutzatuari begira geratzen dira.

 

NIHILISTA 1: Begira, turistak, hutsalkeria postmodemoaren sintoma. Eta begira hor, arte sakratua, kruzifixioa, desagerturiko tradizioa, tamalez.

NIHILISTA 2: A, oso polita da.

NIHILISTA 1: Beno, ez dakit polita hitz egokia den, nik esanguratsua dela esango nuke. Artistak ez du hemen nolanahiko baieztapena egin, baizik eta gizarte eta politika printzipioen deklarazioa.

NIHILISTA 2: Ba niri polita iruditzen zait.

NIHILISTA 1: Tira, bai, estetika hutsaren alorra ez dago gaizki, baina niri estetika hutsaren alorra horixe bera iruditzen zait besterik ez: Hutsa. Hutsala.

NIHILISTA 2: Hurbil naiteke?

NIHILISTA 1: Bai, noski, hurbil zaitez, hori da hain justu artistaren helburua, artelanaren aura sakratua ekiditea. Hurbildu, hurbildu.

 

nihilista 2 poliki-poliki hurbiltzen da.

 

NIHILISTA 2: Ikutu ahal dut?

NIHILISTA 1: Bai noski, estetika berezia erabiltzen du obra honek, harremanak sortzea du helburu: “relational aesthetics”

NIHILISTA 2: Ze biguna, oso ondo eginda dago, bero dago.

MADAME: Txortan egingo dugu, nihilista?

NIHILISTA 2: A! Hitz egin du! Gauza polit bat esan dit!

NIHILISTA 1: Benga, ez esan txorradarik.

 

madame gurutzetik ateratzen da oinez.

Musika hasten da.

 

BALA-GIZONA: Baina piratek ere, neskato, arraun egin behar dute gogor eta etengabe, esklabuek galeretan arraun egiten duten bezala arraun egiten dute piratek ere.

NIHILISTA 2: Mugitzen ari da! Miraria! Eskerrik asko, amatxu birjina.

NIHILISTA 1: Zu aguantatzea, hori bai miraria.

 

madame gurutzetik jeisten doa.

 

BALA-GIZONA: Eta begira orain, konturatu gabe haizeak Hildakoen Zubira ekarri du gure untzi pirata.

MADAME: Estal nazazu izara santuarekin, Bani, sugarra lausotzen hasi zait eta hotz naiz, oso hotz naiz.

 

banijuk beroki gorri batekin janzten du madame. madame eta baniju badoaz.

 

NIHILISTA 2: Badoa, badoa, joaten ari da!

 

nihilistak badoaz. Zentrura igotzen dira bala-gizona eta bala-neska.

 

BALA-GIZONA: Hori da zirkoa hain zuzen, neskato: haizea beti kontran duen untzi pirata.

BALA-NESKA: “Zentzuen zirko komiko tragikoa”

BALA-GIZONA: “Zentzuen zirko komiko tragikoa”! Eta atzoko barrea, gaurko ajea, poxpo, atzoko barrea, gaurko ajea.

BALA-NESKA: ... atzoko barkua, gaurko airea...

BALA-GIZONA: Eta atzoko barrea, gaurko ajea...

BALA-NESKA: ... atzoko barkua, gaurko airea...

BALA-GIZONA: Eta atzoko barrea, gaurko ajea...

BALA-NESKA: ... atzoko barkua, gaurko airea...

 

Badoaz zentrutik bala-gizona eta bala-neska, eurekin zentroan zeuden objektuak eramanez.

 

 

5. ESZENA
Burgesiaren erretratua

 

nihilistak sartzen dira euren pulpituekin. Andre dotore baten koadro bat aurkitzen dute buruz-behera.

 

NIHILISTA 1: Begiratu mihise hau arretaz, ezinbestekoa zen burgesiaren goraipamen eta ezeztatze bat. Begiratu emakumea, zer deritzozu?

NIHILISTA 2: Guapa da.

NIHILISTA 1: Hori da goraipamena. Orain begiratu beste guztia, hau da, testuinguru paradigmatikoa eta mihisiearen egoera pinakotekan. Zer deritzozu orain?

NIHILISTA 2: Aldrebes dago.

NIHILISTA 1: Hori da, oso ondo, hori da lehenbiziko ezeztatzea. Baina haratago joan gaitezke.

            Enkargatu jauna, emaiozu buelta koadroari!

 

titiriteroak buelta ematen dio koadroari.

 

NIHILISTA 1: Beno, gauzak aldatzen dira ezta? Orain zer?

NIHILISTA 2: Oso geldi dago.

NIHILISTA 1: Bai horixe, irudia guztiz hieratikoa da eta erabat estutua dago hilarri bat dirudien marko nazkagarri baten eraginez.

NIHILISTA 2: Aspergarria da.

NIHILISTA 1: Hori da bigarren ezeztatzea. Baina gauzak ez dira hain sinpleak oraindik. Hurbil zaitez.

NIHILISTA 2: A baina, hurbil naiteke?

NIHILISTA 1: Bai, noski, emakumea irrikitan dago.

 

nihilista 2 hurbiltzean titiriteroak ordezko esku bat luzatzen dio koadro azpitik.

 

NIHILISTA 2: A! Bostekoa eman dit!

NIHILISTA 1: Azken goraipamena da, the sweet charm of burgesy. Jarri bere lekuan. Goazen!

 

Koadroa nihilisten atzetik doa korrika. Alarmak, sirenak.

 

NIHILISTA 2: Ai amatxu birjina, nire atzetik dator!

NIHILISTA 1: Izorratu duzu! Azkar, goazen!

 

 

6. ESZENA
Kapitaina

 

Alarma eta sirenak entzuten dira. bala-gizonak polbora botatzen du zentrotik. Beste pertsonaiak eszenatokiaren leku ezberdinetan kokatzen dira banan-banan.