Au revoir, triunfadoreak!
Antzerkiola Imaginarioa
Au revoir, triunfadoreak!
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
Au revoir, triunfadoreak!
Antzerkiola Imaginarioa
Artezblai, 2007
[aurkibidea]

 

II. EKINTZA
Hiru poeta eta patu bakarra

 

 

1. ESZENA
Erreguen balkoia

 

nihilista 1 eta 2 sartzen dira zentroan taula beltz batzuk eskuetan hartuta eta taula horien atzetik hitz egiten dute pulpitu batzuetatik hitz egingo balute bezala.

 

OFF AHOTSA (NIHILISTA): Nihilista porrokatua naizenez gero, eta halaber, eta are gehiago, hipopotamo epel eta ustela naizen heinean, eta era berean, orobat, ez dudanez errosario, kredo, sinesbide, edo eter-jainkoenganako inolako federik, ez naizenez, laburbilduz, bizitza zentzudun ikusten duen sinesdun horietakoa, gogoeta ugari egin ostean, zera erabaki dut, alegia, nire buruaz beste egitea, hau da, nire bizitzari amaiera ematea, ez baitut bizitza honetan sinesten, nihilista porrokatu bati dagokionez. Baina hau guztia lasaitasun osoz, ez dugu honekin dramarik egingo. Hausnarketa, ondorio, zeharkako ideia eta sentimendu tangentzial hauetaz luze mintza gintezke, baina inportanteena zera da, alegia, gaur nire urtebetetzea dela.

NIHILISTA 2: Amatxu birjina mulatatxua... libratu gaitz eta ergonomia guztietatik...

NIHILISTA 1: Hartu al dituzu kreditu-txartelak?

NIHILISTA 2: Santa done done done... baina hau zertarako... nora eramango gaitu honek... eske nik ez dakit nola egin... salba nazazu ni eta besteak ez... ez dut joan nahi...ez dakit zer dagoen han... teilatua dago?

NIHILISTA 1: Hartu al dituzu dokumentuak, softwarea, hardwarea, firewarea, biblia?

NIHILISTA 2: Santa done done done mulatatxua... ez didate ezer esan... niri ez didate inoiz ezer esaten... erregu egiten dizut...diru guztia bankuan daukagu... nire herrian asko maite zaitugu amatxu birjina mulatatxua... ni...

NIHILISTA 1: Hartu al duzu gpsa, Global Position System?

NIHILISTA 2: Ez dakit joan nahi dudan... santa donetxu maitea... ez dakit zer den tae indizea... baina teilatua dago ala ez dago teilaturik...eske ni trumoien beldur naiz... baina desgrabatzen al du? nola jakin nezake?

NIHILISTA X: Prest al zaude?

NIHILISTA 2: Prest al zaudete? (Abesten hasten da) Zorionak zuri, zorionak zuri...

 

Urka bat jeisten da nihilisten aurpegien aurrean.

 

NIHILISTA 1: Eskerrik asko gogoratzeagatik. Baina ez zaitez zizare izan, ni ez naiz amuarraina. Joango gara eta kitto pastel.

NIHILISTA 2: ... Baina nora?... zer dago han?... ez dakit zer dagoen... Amatxu birjina... eta zer dago gero?... janaria egongo da ezta?... hotz egingo du... min egiten du?...han ere komunera joan naiteke, ezta?

NIHILISTA 1: Ba al zenekien ostruka batek 70 kilometro orduko abiadura har dezakela, bere adina edozein izanda ere?

NIHILISTA 2: Baina zertarako joango naiz... santa donetxu, egongo dira fruitutxu lehor horiek?... baina nik ez dakit nola egiten den...

NIHILISTA 1: Nahigabe edo nahigabe gabe, joango gara. Hartu al duzu atxurra? Eta igitaia? Eta aizkora?

NIHILISTA 2: Eurokonektorrarena adibidez, asko entzuten da eta ez dakit zer den... santa mulatatxua... horregatik maite zaitut eta zuk ere maite nauzu... bedeinkatu nire bihotza eta besteena ez... itxaropena daukat igual urteak pasa eta guztia ulertuko dudala.

NIHILISTA 1: Ulertzearena, zure kasuan, kimerikoa da.

NIHILISTA 2: Baina... eske... igual... nik fruitutxu lehor horiek gabe ez dakit arratsalde bat pasatzen... niri gustatzen zait ereitea, ongarria botatzea, ureztatzea...

NIHILISTA 1: Hori da ulertu ahal dudan zure gauza bakarra.

NIHILISTA 2: Urtarrilean kilkerrak kanta, abuztuan garia faltan.

NIHILISTA 1: Otsaila motza, hotza eta zaila.

NIHILISTA 2: Marzo marzolo trombolo e rayolo.

NIHILISTA 1: Hor galdu naiz.

NIHILISTA 2: Gutxienez jakingo banuke...fruitutxu lehor horiek egongo direla...

NIHILISTA 1: Jakingo banu.

NIHILISTA 2: Bai, hori, zuk jakingo bazenuke...

NIHILISTA 1: Nire ama zure aita izango balitz...

NIHILISTA 2: Bai, izango balitzake... (Buruarekin kolpea ematen dio) ilusioa daukadanetik kristo eginda nago.

NIHILISTA 1: Amuak harrapatu zaitu. Ilusioak ilusio baino ez dira. Bagoaz!

NIHILISTA 2: Eske... jakingo banuke gutxienez... amatxu birjina jeitsiko balitzake... esango balidake... nikei indizearena... edo dow-jones... baina nik ez dakit nora goazen...

NIHILISTA 1: Bluesborough...

NIHILISTA 2: a...

NIHILISTA 1: Southampton...

NIHILISTA 2: a...

NIHILISTA 1: Mc Intyre...

NIHILISTA 2: a...

NIHILISTA X: Madison...

NIHILISTA 2: a...

NIHILISTA 1: Bridge-era.

NIHILISTA 2: A!

NIHILISTA 1: Ezaguna egiten zaizu? Eufemismorik gabe gazte nihilista: Hildakoen zubira.

NIHILISTA 2: Ai!

NIHILISTA 1: Hemendik!

 

Norabide ezberdinetara seinalatzen dute eta badoaz ausentziara off ahotsa entzuten den bitartean.

 

OFF AHOTSA (NIHILISTA): (Zorionak zuri abesten du frantsesez).

 

 

2. ESZENA
Txotxongiloaren koroatzea

 

off ahotsa entzuten den bitartean, titiriteroak zapi gorri bat zabaltzen du zentroan. Gero, bala-neska eta bala-gizona mugitu eta iratzartzen ditu. bala-neska kanoi itxurako egurrezko txotxongiloa da.

 

OFF AHOTSA (BALA-GIZONA): Batzuk ez gara jaio gaur lurretik ibiltzeko, baizik eta atzo eta bihar. Nire leinukook, jaio baino, lurreratu egiten gara, baina nahitanahiezko lurreratzea da gurea, aire-istripua. Gu, lurrean baino, airean ibiltzen gara ongi. Izaki baldar eta nostalgiko hau, neu naiz, bala-gizona. Egindako gauza askotaz gogoratzen naiz, eta beste hainbatekin egiten dut amets. Oso ona naiz teilatuak eraikitzen etxea eraikita euki baino lehen, eta ona naiz, baita ere, behin izandako etxe hura gogoratzen... horrenbeste gauza botatzen ditut faltan ... hura bai sasoia hura!... gogoratzen zara? Gogoratzen zara, ala ez zara gogoratzen?... George ipotxa, Sao Pi txinako ekilibrista, Krugen Mc Arthy gizon erraldoia, Maffesoli domadore gorra, Onfalia andre bizarduna... hura bai ospea hura!... zirko duina zen hura, zirko duina... gogoratzen zara? Gogoratzen zara ala ez zara goratzen?

 

kapitainak, eszenatokia atzetik, ausentzia zeharkatu eta zarata egiten du mahai-tresnekin.

 

BALA-GIZONA: Iritsi gara, neskato, iritsi gara. Entzuten duzu isiltasuna? Iritsi gara, bai, hau da, dudarik gabe, Hildakoen Zubia.

            Badakizu zer esaten zuen Piotrek? Badakizu zer esaten zuen Piotrek isiltasun honetaz? Piotr, ezpata-jaleak, zera esaten zuen, beldurgarriena koilara eta platerren zarata dela. Afari batean, feria-sasoi erdian, karabanan entzuten den gauza bakarra koilara eta platerren zarata bada, ahaztu zirkoaz. Ez dago gauza tristeagorik, poxpolin, ez dago koilara eta platerren zarata baino gauza tristeagorik. Hori bakarrik entzuten bada, ahaztu zirkoaz.

BALA-NESKA: (Publikoari) Guau! Korapiloa egin zait eztarriko malguki-gukian!

BALA-GIZONA: Ahaztu zirkoa!

 

bala-gizona eta bala-neska badoaz ausentziara. madame sartzen da banijukin, publikotik.

 

 

3. ESZENA
Lehenengo argazkia

 

banijuk foko mugikor batekin argiztatzen du madame. Eszenatokian, kartel batek Bluesborough Southampton Mc Intyre Madison Bridge esaten du.

 

MADAME: ... baina buztana daukazu, printzesa, ez zara oiloa, oilarra zara... ezetz kuttuna, ez dela buztana, klitoris extralargea baizik, beno, ongi da, merezi duzuna emango dizut oraingoan, oilotxo, oilotxo deitzen zidalako berak, nirekin maitemindu zelako arrautz egosiaren showean ikusi ninduenean, pelikulan bezala, nola zuen izena? Gary Cooperrena, edo Cary Grant zen?, beno ez du axola, halako basa-pizti batek Hepburni esaten dio, ai Hepburn, nola atsegin dudan abizen hori, Hepburn, nik konponduko dut, laztana, ez zietelako arrautza ekartzen, eta Hepburn andrea titietaraino basa-pizti hartaz, neska, dena zimeltzen delako, famili onenetan ere gertatzen da, eta arrautza?, galdetzen dio Hepburnek, bide batez Katharine Hepburnen alaba dena, Afrikako erregina...

 

banijuk fokoa itzaltzen du.

 

            Bani, zer zabiltza? Piztu argia, ondo ikus nazaten. Goazen harira, gogoratzen duzu Bogart, erretzerakoan begiekin bakarrik “ostia bat emango dizut” esaten zuena? Beno, ba tira, azkenean beste basa-piztiak esaten dio, laztana, konpondu dut arrautzarena, bagoaz hoteletik, two for the road deitzen zen pelikula, ai! Two for the road, ze tuntuna, gu bezala, you and me, two, for the road, to the bridge, Thelma and Louis, zu zara Louis eta ni pelma, beti berbetan, oiloak bezala...

OFF AHOTSA (MADAME): Zer esan dezaket nire buruaz oraindik esan gabe dagoena. Munduan bi pertsona mota daude: maitatzeko jaio direnak eta maitatuak izateko jaio direnak. Ni talde bietan nago. Eta esan gabe doa eztia eta lorea soberan izan ditudala orain arte. Baina ez nago prest bizitzatik neskazahar eta oharkabean pasatzeko, eta are gutxiago itzala utzi gabe hiltzeko.

 

madamek prestakuntza guztiak egiten ditu banijuk lehenbiziko argazkiak egin diezazkion.

 

MADAME: Benga goazen, Baniju, goazen Hildakoen Zubira. Nire bukaeraren storyboard zoragarria utzi nahi diet nire ondorengoei. Ikus dezatela nire hondamendiari ere larrosa-lurrina zeriola.

 

Publikoari.

 

            Laburbilduz, arrautzarekin geratu nintzen eta oilotxoarekin, baina oilar hura ez nuen berriro ikusi.

 

banijuri, ateratzen diren bitartean.

 

            Harrezkeroztik dena maldan behera, Louis, dena maldan behera. Goazen Baniju, patuak mingaina jan dizula ematen du, ez duzu esaten ezta cuak cuak...

 

Badoaz.

 

 

4. ESZENA
Kapitaina eta bere ontzia

 

kapitainak eszenatokia atzetik zeharkatzen du bere ontziarekin.