Errenta
Ramon Agirre
Errenta
Ramon Agirre
Kutxa, 1994

 

Epilogoa

 

(teo makinaz idazten ari da. Whisky bat du mahaian eta noizean behin tragoxka bat edaten du. Atean giltza-hotsa. teok whiskya makinaren tapapean izkutatzen du. lola sartzen da. Boltsa batzuk dakartza).

 

lola: Uf! leher eginda nago. Jende guztia txoratuta dabil errebajekin (Musu ematen dio) Etxeko zapatilak erosi dizkizut. Baietz gustatu!

teo: Badauzkat eta.

lola: Zergatik ez dituzu jazten ba? Begira. Oso potxoloak dira. Eta bero-beroak.

teo: Oso aproposak abuzturako.

lola: Hotzak hasten direnean nereak eskatuko dizkidazu. Eta ez dut uzteko asmorik. Tori.

teo: Zer da?

lola: Zerrailaren faktura. Eta beste gauza bat ekarri dizut. (teok bafatu egiten du) Ilearentzako lozio bat.

teo: Ze ile?

lola: Egunean behin igurtzi bat eman eta ez zaizu ilerik eroriko.

teo: Baina ze ile? A! Ilearentzat! Puta madre!

            Horrela flekiloa ibiliko dut. Lola, ez didazu zerbait ekarri behar derrigorrez, erosketak egitera irteten zaren bakoitzean. Zuretzat erosiko zenuen zerbait, noski...

lola: Ba! huskeri pare bat.

teo: Imajinatzen dut. Hutsaren truke, ezta?

lola: Erdi-prezioan.

teo: Ba ez dut ezer ekartzerik nahi, aitu? Gainera ilerako saltsa horiek ez dute ezertarako balio eta ez dut zerrikeririk bota nahi buruan.

lola: Egunean behin besterik ez da-ta. Eta gehixeago arduratu behar zenuke zure itxuraz. Nahi bazenu, askoz guapoagoa egon zintezke.

teo: Bai. Flekilo eta zapatilekin zoragarri egongo naiz.

lola: Ez zaitez babua izan. (maitekiro hurbiltzen zaio) Muskuluekin ez da nahikoa. (Besoa ukitzen dio) Ui! Txoratu egiten naute! Baina egun osoan idatzi eta idatzi, trapu zahar bat eginda geratuko zara, gainera nere amaren etxera joan behar dugu.

teo: Kaka!

lola: Zer da?

teo: Ezer ez. Zera... ahaztuta nengoen. Eta gauza bat bukatu beharra daukat.

lola: Egingo duzu gero. Badakizu amari garaiz ez iristeak ez diola batere grazirik egiten. Tira, jantzi! (bainura doa apaintzera. teok idazten jarraitzen du).

lola: A ze tuntuna! Amari zerbait erostea ahaztu zait.

teo: Ez dakit zer dela eta joan behar dugun.

 

(Beste txagoxka bat ematen dio izkutuko whiskyari).

 

lola: Gonbidatu egin gaituelako. Eta argi ibili edariarekin, gogoratu azken aldikoa. (teok whiskya izkutatzen du. lola bainutik irteten da) Oraindik horrela al zaude?

teo: Berehala jantziko naiz.

lola: Bueno, aurreratu egingo naiz. Postre bat erosiko dut gozodendan.

teo: Bale. Gogoratu afarirako dela, ez ilabete osorako. (lolak, estudioari begiratu bat bota, ohea txukundu eta telefonoa lurretik jasotzen du, mahaitxoan utziz. Usaika hasten da) Etzazu esan koliflora usaia dagoenik!

lola: (Poltsatik spray bat atera eta estudioan zehar zabaltzen du. Aterantz doa) Bizkor ibili, e?

teo: Baietz! Eszena hau bukatu eta banoa.

lola: Eszena galanta, nere amak egingo diguna berandu iristen bagara. (teok whiskyari tragu luze bat ematen dio, lola begira ez dagoela aprobetxatuz) Eta jantzi amerikana berria, oso guapo zaude ta. (teori musu ematera doa, honek azken tragoa irenstear zuelarik) Eta etzazu aurpegi hori jarri, primeran pasako dugu-ta. Gero arte! (Irteten da. teok idazten jarraitzen du. Orrialde bat bukatu, irakurri, ordulariari begiratu eta jaiki egiten da. Amerikana hartu eta irtetera doa. Telefonoak jotzen du. Haserre antza hartzen du).

teo: Bai?... Marta! Zer moduz... ni?... tira, hainbestean... Irakurri duzu?... benetan gustatzen zaizula? ... ba azken ekitaldia idazten ari naiz. Sekulako abiada hartu dut. Mundiala izango da! Amaiera partean, hiru foliotako monologoa duzu, oseake, ederra datorkizu... “To be or not to be” antzeko zerbait, baina komedia moduan... bai, farrez lehertzekoa, ikusiko duzu. Aizu! Presaka al zabiltza?... Ba ez mugitu irakurri egingo dizut eta, hiru folio besterik ez dira. Egon pixka bat... (Amerikana kendu, makinarantz hurbildu eta testua hartzen du. Whisky pittin bat jarri, telefonoa hartu eta ohe gainean esertzen da). Marta.. begira... neska bakarrik geratzen denean, oroimenetan hasten da eta bere ordurarteko bizitzaren errepaso bat egiten hasten da. Eta bere oker itzelaz jabetzen da. Eta erabaki bat hartzen du: aurrerantzean bakarrik bizitzea, bai... bai, ez bata eta ez bestearekin, bakarrik... (teok zerbait inportantea deskubritu duela sentitzen hasi da. Jaiki eta telefonoa eskuan duela estudioan gora eta behera ibiliko da amaiera arte)... Hori da! Horixe! konturatzen al zara? Argi baino argiago dago! Bere bizitza bizi nahi du!Ez dezatela manejatu! Inork ez diezaiola esan zer egin behar duen! Bere kasa mugitzeko txoko baten jabe izan! Bere kasa, hori da! Baina nolatan ez naiz lehenago konturatu? Ze tuntuna izan naizen! (teo pertsonaiarekin bat eginda erabat eszitatuta dago bere bizitza aldatu duen deskubrimenduaren ondorioz. Posible balu, ormetan gora ibiltzen hasiko litzateke) Bakarrik bizi, horixe besterik ez! Gehiegi eskatzea al da?, e? Txoko bat, nahiz txikia edo kutrea izan!

            Nahi duena egiteko! Arnas hartu ahal izateko! Amas hartu, ulertzen?! (teo lehertu eta hustuta gelditu da. Bapatean jabetzen da martak telefonoaren bestaldean jarraitzen duela), Marta...! A, Marta!, hor al zaude? Barkatu. Ez dakit zer dela eta jarri naizen horrela, barkatu... Bai, azken monologoarekin ari nintzen. Bai, ba bueno, momentu horretan bere aulkian eseri, bai bere aulkia, titulukoa, bai... (Whiskyari tragu bat ematen dio, lasaituago dago)... tragu bat hartzen du eta horrela dio: “Ez du merezi aurrera egiteak...” Hemen musika sartuko litzateke. (Amaierako musika sartzen da teoren hizketaren gainetik. Mantso irakurtzen du. Ondo ahoskatuz). “... Ez du merezi aurrera egiteak, izarrei begiratzeko arrazoi bat aurkitu denean...” (Musika eszena betetzen doa) “... Bidegurutze honetan, ene oroimenak bere zilarrezko hegalak zabaldu nahi ditu...” (Musikak teoren hizketa entzungaitz egiten du eta poliki-poliki iluntasuna nagusitzen da).

 

Amaiera.