Seigarren ekitaldia
Dekoratu bera. Leihoak itxirik jarraitzen dute, egunsentiaren lehen argi izpiak pertsianaren zirrikituetatik iragazten dira. Martak gosaria prestatzen du. Katiluak mahaitxoaren gainean jartzen dituen bitartean, gozo-gozo lo dagoen Teori amoroski begiratzen dio. Albornoz edo tankerako baten bila doa armairura eta berea ez den soineko bat aurkitzen du. Begiratu, gainetik probatu eta berriz zintzilikatzen du. Teo esnatzen ari da.
marta: Egunon.
teo: Hola (Jaikitzen da)
marta: Kaferik nahi duzu?
teo: Bai, eskerrik asko. (Leihorantz joan eta pertsiana apur bat zabaltzen du) Esne pixkatekin.
marta: Zer moduz zaude?
teo: Primeran. Ze primeran? Askoz hobeto.
Alderik ere ez. Egia esan arraro xamarra egiten zait.
marta: Baita neri ere. (Gorputza luzatuz) Oso ondo egin dut lo. Aizu, beti ematen al dituzu ostikoak gauez?
teo: Ia beti.
marta: Eta zerekin egiten duzu amets?
teo: Ligako goleatzailerik onena naizela.
marta: (Kafea zerbitzatuz) Lola du izena, ezta?
teo: Zer?
marta: Hitz ere egiten baituzu.
teo: Asko?
marta: Ez zara isiltzen.
teo: Eta zein zen gaurko gaia?
marta: Kirol erretransmisio baten itxura zuen. Baina seinalea kolpeka heltzen zen. Izen horrekin geratu naiz soilik. (Adarra joaz) Zure arreba, ezta?
teo: Beste ekipoko atezaina dela esanez gero ez didazu sinistuko, ala?
marta: Utzidazu asmatzen... zure nobia?
teo: Nobia izandakoa.
marta: Utzi egin duzue.
teo: Gutxi gorabehera. Bera belga batekin irteten da eta neri granoak irteten zaizkit. (Granoak omen dituen gorputzaren parte desberdinak seinalatzen ditu: beso, bizkar, ipurdi. Hazkatu egiten ditu. martak parre) Nitaz aspertu samar zegoela uste dut. Azkenaldian ez zuen nik egindako ezertxo ere gustoko eta eguna ematen zuen ni beste pertsona bat egin nahian. Ni hasieran saiatzen nintzen baina azkenerako kontra egiten nion. Etzeukan ez hanka eta ez buru.
marta: Zertan aritzen da?
teo: Informatikako klaseak ematen zituen. Eta ametsak ere programatu nahi zizkidan. Gainera, nobioz aldatzea tokatzen zitzaion. Horoskopoak esana zion. Ez dakit, ordea, nobioaren nazionalitatea zehazten ote zuen.
marta: Soineko horiek, bereak al dira?
teo: Ah! Armairuan? Bai.
marta: Polit askoak. Ondo jazten da, ezta?
teo: Hainbeste erosi eta asmatu egiten du azkenean. Eta beti garestienak ditu gustokoen. Eta restauranterik hoberenak. Eta kopa bat hartu eta ronda osoa ordaintzen duzun horietako lekuak, nahiz eta hutsik egon. Erreginaren gisa bizitzea gustatzen zitzaion. Eta ez zen gutxiagorekin konformatzen. Orain, agian, Balduinorekin tamaina hartuko du. Ni ez naiz razista baina ez nintzateke sekula fiatuko, zera... belga den tipo batekin.
marta: Faltan botatzen duzu?
teo: Batere ez. Gezurra dirudi. Hemen eseri eta nere mugimendu guztiak kontrolatzen zituen. “Erre behar baduzu hartzazu hautsontzia...”, “Zergatik ez dituzu etxeko zapatak jartzen?”, “Hortzak garbitzeko pasta irekita utzi duzu berriz ere!...” Eta gainetik kojinak josteko denbora ateratzen zuen. Hirureun bat egiten ikusita nago. Kolore guztitakoak. Diskretoak oso. Eta halako batean, hanka egin zuen. Nik badakit gure artekoa ez zebilela erabat ondo, baina horrela alde egitea, esplikaziorik gabe, izurrite batetik bezala... Bere zapatilak ere ahaztuta utzi zituen.
marta: Hipopotamo antza duten horiek?
teo: Bai (Triste samar geratu da).
marta: Ba, horrela, lehen begiratuan tipo majoa dirudizu.
teo: Ez fiatu sekula itxurekin!
marta: Ez, benetan. Ez naiz inorekin hain gustora sentitu gau oso batez aspaldi honetan.
teo: Ilunpetan aparta naiz.
marta: Paregabea. Granoak ere ez zaizkizu antzematen. (biek parre egiten dute). Ondo begiratuta, estudioa gustatzen hasia zait. (Gosaria jasotzen hasten da). Zergatik ez duzu musika pixkat jartzen?
teo: Zer nahi duzu jartzea? (Tokataruntz doa)
marta: Bitxiren bat. Mordoxka bat duzu. Estilo bereko bi ez izaten ahalegindu zarela ematen du.
teo: (James Taylor-en antzeko zerbait jartzen du). Era guztietako musika gustatu izan zait beti: klasikoa, rock, jazz... Heavya izugarri gustatzen zait.
marta: Bai zera?
teo: Nik musikoa izan beharko nukeen.
marta: Nik, blues kantaria.
teo: Gure amak ni orkesta bat zuzentzen ikustearekin egiten zuen amets. Imajinatzen?
marta: Tope!
teo: Urtebetetze egunetan solista izatera heldu nintzen.
marta: Zer jotzen zenuen?
teo: “El Condor Pasa”. Flauta.
marta: Besterik ez?
teo: Behin eta berriz jotzen nuen ikuslegoak eskatuta. Primeran ateratzen zitzaidan. Amak negar batean aitzen zuen. Emozioagatik.
marta: Ba nik gitarra jotzen nuen etxean.
teo: Blues? Rock and Roll?
marta: “Clavelitos”.
teo: Kristona!
marta: A ze errepertorioa! Disketxeren batek deskubritu izanez gero jo-ta aberasteko modukoa. (Parre egiten dute)
teo: Kolekzio osoa konpaktoan.
marta: Eta orain mega-mix bat egingo genukeen.
teo: Rap bertsioarekin. Imajinatzen?
(“Clavelitos”en rap bat inprobisatzen dute, neka-neka eginda geratu arte. Handik puska batera, marta jaiki eta gosaria jasotzen hasten da).
teo: Uztazu, nik jasoko dut.
marta: Bale. Dutxatzera noa, ea espabilatzen naizen. (Nagiak astintzen ditu. Bainuan sartu baino lehen “Clavelitos”en rap-ari ekiten dio eta teok lagundu. Elkarri helduta egiten dute dantzan)
teo: Sentitzen al dituzu oraindik oheko ostikoak?
marta: Ikaragarri. Oso xelebrea zara.
teo: Aukeran guapoa nahiago nukeen, baina... (martak musu luze bat ematen dio ezpainetan eta bainura doa rapeatuz. teo flaxeatua geratu da. Gosaria jasotzen jarraitzen du. Dutxa hotsa. Tinbreak jotzen du. Aterantz doa. Ireki eta lola azaltzen da).
Lola! (Elkarri begira egoten dira une batez eta bapatean lolak teoren gainera salto egin eta arestian martak emandakoaren antzeko musu bat ematen dio teori. Sartu eta ohe gainean esertzen da) Lola, zer egiten duzu hemen?
lola: Errentan jarri behar zenuela, eh?
teo: Ba, bai.
lola: (Maitekiro) Ez duzu erremediorik! Beti komeriak asmatzen.
teo: Ez da inolako komeria .Estudioa errentan jarri dut...
lola: Eta kaltzontzilotan etorri zara errenta kobratzera. Zaude, zaude... (bainura begiratzen du. Dutxa martxan dago) Ya! zu ikusita, ikaratu eta dutxan sartu dira.
teo: Lola...
lola: Ez da harritzekoa. Kaltzontzilo horiek edozein ikaratzeko modukoak dira, ja, ja.
teo: Zuk erregalatutakoak dira.
lola: Oso farregarri zaude. Baina orain ez dira horrelakoak ibiltzen. Bihar bertan lagun batek ireki berri duen boutiquera joango gara. Benetako potxoladak ditu.
teo: Ez dut potxoladarik behar.
lola: Nik berriz denda erdia eramango nuke. Depresioa astintzen lagunduko lidake. Oso gaizki pasa dut azken egunotan.
teo: Bidaia bat egiten ari zinela uste nuen.
lola: Hobeto pentsatu eta atzera egin nuen.
teo: Eta belga?
lola: Ustela irten dit.
Gauza batzutan asmatu zenuela uste dut.
teo: Gainera salto egin dizu! Putaku...!
lola: Bai. baina garaiz apartatu nintzen eta jausi eta eskumuturra hausi zuen.
teo: Gizajoa! Ezingo du eski txapelketatan parte hartu.
lola: Hemendik aurrera kasu gehiago egingo dizut. Zin egiten dizut. (Ohea desegina ikusten du. Errieta egiten dio txantxetan) Ai, ai, ai! Ohea egin gabe oraindik (Egiten hasten da).
teo: Uztazu, Lola.
lola: (Egiten jarraitzen du hizketan ari den bitartean) Erokeria bat egiteko zorian egon naiz. Asko pentsatu dut zutaz eta elkarrekin emandako egunetaz (teorengana hurbiltzen da) Asko gorrotatu nauzu, ezta?
teo: Ezin nuen. Nahiz eta saiatu.
lola: Pasa da dena. (teoren burua bere sorbaldan etzaten du) Hemendik aurrera zutaz besterik ez naiz arduratuko. Ba al dakizu zer zen gehien faltan botatzen nuena egun hauetan? Ezetz asmatu!
teo: Ez (lolaren laztanak onartzen djtu).
lola: Farre egingo duzu. (teoren besoa estutuz) Zoratuta naukaten bola hauek (teok farre egiten du, baina pozarren dago) Um! Gogorragoak daude, ezta? Jimnasia egin duzu?
teo: Ez. Zera izango da...
lola: Nik ere jimnasia egin beharko nukeela uste dut, edo aerobic edo horrelako zerbait.
teo: Zuk ez duzu behar.
lola: Neska guztiei horixe bera esaten diezula apustu egingo nuke. (teok bapatean gogoratzen du ez daudela bakarrik) Ez nintzen aspaldi hain gustora sentitzen. Eskapada ederra egin dut! Itsututa nengoen. Baina asko pentsatu dut, eta orain dena desberdin ikusten dut. Zuk ere izango zenuen pentsatzeko denbora.
teo: Ez pentsa. Lola, gauza bat esan behar dizut.
lola: Baita nik ere. Proiektu pila bat daukat. Informatikako klaseak hastera noa berriz ere, bueno, ordezkorik hartu ez badute behintzat. Baina ari naiz berriz ere isildu gabe. Kontaidazu. Zertan ibili zara egun hauetan? Asko eskribitu al duzu? Erakutsi egin behar didazu. (Telefonoa lurretik jaso eta mahaitxoan uzten du) Azkenean gustatu egingo zait Teatroarena. Idazle batzuk diru mordoa irabazten omen dute. Eta zuk sekulako imajinazioa duzu. Seguru nago Diputaziokoak horretaz konturatuko direla azkenean eta lanpostu inportanteago bat eskainiko dizutela. Nola dauden kojin hauek! (Zikindutako funda hartzen du)
teo: (Funda kenduz) Bai. Lehengoan zikindu zen.
lola: Ekartzazu (Berriz ere hartuz) Hau ardoa da, ala?
(teok ezjakinarena egiten du).
Bueno, ez dio axola, funda berriak egiteko asmoa nuen. Tela moņoņo bat ikusi dut eta oso politak geratuko direla uste dut.
teo: Aizu, Lola. Gauza bat kontatu behar dizut. Atzo, hemendik pasa eta, bueno... alde egin zenuenean pott eginda geratu nintzen, eta zera behar nuen...
lola: Badakit. Tuntuna izan naiz zeharo. Baina aldatu naizela uste dut eta oso pozik nago, itzultzeagatik. (Eztitsu) Asko akordatu zara nitaz? Esaidazu baietz.
(Tinbre hotsa. teo zabaltzera doa. juan da, ezinobe jantzia. lore sorta bat dakar)
juan: Koņo, Romeo! Zer ari zara hemen?
teo: Ikustezu, pertsonaiaren barruan sartzen. Pasa.
juan: Eta Marta?
teo: Kortina artean dago, baina eszenan sartu orduko egundoko “Vodevila” jarriko da martxan.
juan: Orduan Marta eta zu...
teo: Romeo eta Julieta, badakizu.
juan: Koņo, koņo... (lola ikusten du) Eta, beste hori?
teo: (Aurkezpenak eginez) Lola. Juan.
lola: Kaixo (Funda eskuz aldatuz)
juan: Pozten naiz. Zuk zera izan behar duzu... diseinatzailea.
lola: Bueno, amateurra besterik ez.
juan: Seguru nengoen. Diseinatzailea edo modeloa. (teori) Hau neretzat utziko didazu, ezta Romeo? (lolari) Ikusi besterik ez dago. Estiloa duzu.
lola: Eskerrik asko. Ikaragarri gustatzen zait jazkien mundua.
(juan kolpetik jaikitzen da, enkuadre on bat deskubritu balu bezala. lolak sustoa hartu du)
juan: Barkatu, enkuadre interesgarri bat aurkitu nuela uste nuen. Deformazio profesionala da.
teo: Kafea nahi?
lola: Bai.
juan: Nik ere bai. Kargatuxea (lolari) Jazkiei buruz ari zinen.
lola: A, bai! Nere hobbya da. Zertxobait gehiago izatea nahi nuke. Boutique bat ireki berri duen lagun batekin jartzea pentsatzen ari naiz.
juan: Baliteke handik buelta bat ematea. Zoro moduan ibiltzen naiz nere gustoko arropa aurkitzeko. Arropa ausarta gustatzen zait, kolore biziak, (kojinei buruz) horrelakoak. Ez da erraza ordea, ondo konbinatzen. Eta aholkuak gustoz onartzen ditut.
lola: Oso ondo entonatua zoaz ba.
juan: Saiatzen naiz. Gure lanak horretara behartzen gaitu.
teo: (kafearekin dator) Juan zinean aritzen da.
lola: Etzazu esan! Aktorea?
juan: Keba! Ni ez naiz batere narzisista. Ni kamararen bestaldean egoten naiz. Eta badakizu, koktelak, estrenoak... itxura zaindu beharra dago. Dena dela beti gustatu izan zait ondo jaztea. Bada jendea erabat narrats ibiltzea axola ez zaiona.
lola: (teori) Aitu duzu?
teo: Hitzik galdu gabe.
juan: Romeori jazteko moduak ez dio ardura, baina katxondo hutsa da. Axola ez ba zaizue dei bat egingo dut. (Telefonora doa).
lola: (teori) Romeo?
teo: Horrela deitzea gustatzen zaio.
lola: Aspaldiko laguna duzu?
teo: Ez pentsa. Baina katxondo hutsa da.
lola: Sinpatikoa da oso.
(teo urduritzen hasia da etor daitekeenarekin)
juan: (Ozenki mintzo da besteek aditu dezaten) Kaixo preziosa! Juan naiz. Esaidazu gauza bat, iritxi al da story-board hori?
lola: (teori) Pelikula asko egiten al du?
teo: (Hatzak juntatuz “pila bat” adierazteko keinua egiten du) Lola, bada zerbait ez dakizuna...
lola: Zer?
teo: Eske, ez dakit...
lola: Zer duzu? Izerditan zaude.
juan: Zera bururatu zait: plano-sekuentzia, travelling batekin hasi eta gero paneatuz...
lola: (teori) Ez zara ba zeloso egongo?
teo: Ez. Ez da hori.
lola: Tontolapikoa! Pentsatzea ere...
juan: Bale, gero hitzegingo dugu, O.K.? Aio, polita.
(Esertzera doa)
lola: Zoragarria izan behar du zine-munduak. Gustatuko litzaidake egunen batean pelikula bat nola egiten den ikustea.
juan: Nahi duzunean. Hain zuzen produktoratik pasa behar dut geroxeago gauza pare bat egitera.
(lolak, juanek ekarritako lore-sortari begiratzen dio) Ofizina pittin bat animatzea bururatu zait, dena paperez eta pelikula lataz beterik baitago.
lola: Pelikulak latatan gordetzen al dira?
juan: Bai, antxoak bezala, ja, ja. (Lore bat ateratzen du sortatik) Tori, hau zuretzat.
lola: Ui, milesker! Um, ze usain gozoa!
juan: (Jaiki eta sukalderantz doa) Uretan jarriko ditut, zimeldu ez daitezen.
lola: (teori) Pozez zoratzen nago! Apartamentutik kanpo urte bete pasa dudala ematen du. Maizago gonbidatu behar genituzke lagunak. Ez duzu sekula inor ekartzen.
teo: Behin edo behin.
juan: (Sukaldetik dator) Pelikularako, jazkien arduradun bat beharko genukeela pentsatzen ari naiz...
lola: Pelikula batekin al zabiltzate?
juan: Aurre-produkzioa egiten ari gara.
lola: A! Pentsatzen dut inportantea izan behar duela aktoreak tajuz jantzita joatea.
juan: Nahitanahiezkoa! Alderdi hori ez da behar bezala zaintzen. Bueno, bada jendea inongo sentsibilitaterik gabe zinea egiten ari dena. Jazkietatik hasi eta azkenean dena zabor hutsa da. Europan bai hori zaindu...
lola: Jakina, Europan...
juan: Akordatzen naiz, koprodukzio baten lan egin nuenean, franko-italiarra zen, ez italo-germaniarra, bueno ez nago ziur, ba zuzendariak, belga bera...
teo: Seguru ikaragarri ona zela (Dutxa hotsa bukatu da. teok hondamendiaren hurbiltasuna sentitzen du).
juan: ... Gauza bera esaten zuen behin eta berriz...
lola: Zoragarria izan behar du.
juan: Ze iruditzen aperitibo bat hartzera jaitsiko bagina?
lola: Bueno.
juan: Horrela gero produktorara joango naiz.
lola: (teori) Zergatik ez zara prestatzen?
teo: Edozertarako prest nago.
lola: Jantzi ba.
teo: Ez dut uste denbora emango didanik.
lola: Ze ba?
juan: Etxe honetan pelikula bat filmatu litekeela pentsatzen ari naiz (enkuadreak bilatzen ditu berriz ere).
lola: Hala uste duzu?
juan: Kamara ondo kokatzen jakinez gero. (Bere irudimenezko kamararen bidez estudioa ikustera gonbidatzen du lola. Honek atsegin du jolasa. Kamararen ibilbidean bainuko atera hurbiltzen dira. teo infartoak jota hiltzeko zorian dago. Azken saioa egitea erabakitzen du okerrena gerta ez dadin. Salto batean jaiki egiten da)
teo: Aizu, oso ideia ona aperitiboarena. Zergatik ez zarete aurretik jaisten eta pelikularen asuntoaz lasai-lasai hitzegiten, e? Ni, jantzi eta segituan jaitsiko naiz, bale? (Aterantz bultzaka eramaten ditu).
juan: Ezagutzen dut leku bat hemendik gertu eta erotzeko moduko txanpan-koktelak preparatzen dituzte.
teo: (Presa sartuz) Tira, segi!
lola: Um! Ze ona!
juan: Txanpan koktela gustatzen? Seguru nengoen. Elkarrekin gauza haundiak egingo ditugun susmoa dut.
teo: (Bultza eginez) Ala! Hasi jaisten, ni ere banoa ta berehala.
lola: Itxaron, komunetik pasa nahi dut.
teo: Ez! (Eragotzi egiten dio).
lola: Zergatik?
teo: Ez.
juan: Okupatuta egongo da akaso.
teo: Bai, horixe, okupatuta.
lola: (Ulertu du txantxa) A! Etxekoak! Ahaztuta nengoen. Tira, utzi txorakeriak. (Sartu nahi du baina teok ez dio uzten) Jolasten hasten denean...
teo: Ume-moko bat naiz, ez dut erremediorik.
juan: Katxondo hutsa da. (lolari) Tira, goazen. Gero arte, Romeo!
lola: (teori) Baina ez berandutu, e?
(Aterantz doaz. teo lasaitzen hasi da. Irtetekotan daudenean, juan itzuli egiten da).
juan: Azken panoramika kreditu-tituluetarako. (belauniko, lola “auxiliarraren” laguntzaz panoramika egiten hasten da, kamararen motor zarata eta guzti, martaren erdi-plano batera heldu arte, bainutik irten baita toalla soinean eta fregona eskuan duela).
Kaixo, Marta!
marta: Kaixo! (teok bertan hil nahi luke)
juan: Hobeto al zaude? Ondo zaintzen al zaitu Romeok?
marta: Ondo nago.
teo: Lola, hau Marta da.
lola: (Erabat txundituta dago) Neskamea, ezta?
marta: Ez zehazki.
juan: Marta aktoresa da. Oso ona gainera.
marta: Uztazu, Juan.
lola: (Urduritzen hasia da) Ez duzu ba itxurarik. Eta Teo zuretzako monologo bat idazten ari da, bai?
teo: Marta atzo heldu zen eta...
lola: Beraz, artistaz inguratuta nago.
juan: Zu ere artista zara. Erropa-diseinua, pintura eta eskultura adineko artea da.
lola: Sentitzen dut “apartekoa” izatea baina nere lana zuena baino askoz arruntagoa da.
teo: Lola programatzailea da.
lola: Ordenagailuak programatzea ez da oso artistikoa nahiz-eta batzutan probetxuzkoa izan.
juan: Etzazu esan! Hau marka! Hain zuzen bulegoa informatizatzea pentsatzen ari nintzen. Nahi baduzu handik pasako gara eta ideiaren bat emango didazu. Goazen?
lola: Entsaiatzeko lokal bat beraz.
teo: Lola...
lola: Eta zer ari zineten entsaiatzen? Moztu egin al dizuet entsaioa?
teo: Lola, ez gara ezer entsaiatzen ari. Marta hemen bizi da.
lola: Zer?
marta: Egia esan bi egun besterik ez daramat, baina posible da uda osorako gelditzea.
teo: Esplikatzeko aukera eman bazenit.
lola: Ez dut esplikazio beharrik. (Boltsa hartzen du). Oso argi dago. Pertsona batzuk neskamea behar izaten dute bizitza osoan... (Aterantz doa)
teo: Lola, itxoin...
juan: Eramango al zaitut? Produktoratik pasa eta gero edozein lekutara hurbilduko zaitut. (lola arineketan irteten da).
teo: Lola!...
juan: Gero arte! Ea ondo zaintzen duzun, e, Romeo? (kanpora doa. teo eta marta bakarrik geratzen dira. Isilune luzea)
marta: Sentitzen dut. (Ez daki zer esan. teo tontotuta dago. marta hurbiltzen zaio) Zer moduz zaude? (teok hitzik esan gabe begiratzen du) Ez zaude.
teo: (Bapatean jarrera aldatuz) Jantzi eta goazen markexen moduan afaltzera! Gainetik hogei kilo kendu banitu bezala sentitzen naiz. (Ballet saltoak egiten hasten da) Jantzi, nik gonbidatzen dut!
marta: Baina zer duzu?
teo: Nik gonbidatzen dudala esan dut, eta kitto!
marta: Bueno, bueno, banoa (bainura doa jaztera)
teo: (Euforiko dago) Komedia hura ostera idazten hasiko naiz. Hitzez hitz gogoratuko nukeela uste dut. (Koadernoa eta boligrafo bat hartzen du) Baina zuk egin behar duzu, e?
marta: Zuk idatzi ahala ikasiko dut. Nork zuzenduko duen pentsatu beharko dugu.
teo: Eta badakizu zer egin behar dudan. Apartamentua pintatu. Bueno, estudioa. Paper honek botalarria ematen dit. Ea ba. “Kondenatuaren itxarote mingotsa”. Fuerte samarra. Gauza bera esan behar da baina suabeago. (Pentsatzen du) “Txoritxoa kaiolari’... bueno, etorriko zait! Ikusten ari naiz dagoeneko. (Zutitu egiten da): “Produkzio Mundialak S.A.” zera aurkezten du, azken urteotako autore interesgarrienaren “Txorien kondena garratza”. Ez da sarrerarik arratsaldeko emanaldirako. Martari paper haundiagoa eman behar diot (ostera esertzen da). hasiera goitik behera aldatu behar dut. (marta erdi-jantzirik irteten da) Erabakita dago... jo-ta dena pintatuko dut txuriz. Haundiago egiten du.
marta: Neri orma txuriak ikaragarri gustatzen zaizkit.
teo: Eta kojinak porsako hartzera joango dira oraintxe bertan.
marta: Ez zaitez hasi gauzak botatzen oraindik. Hortera samarrak dira, baina oso komodoak.
teo: Imajinatzen ari naiz zure lagun Juanen bulegoa kolorezko kojinez gainezka. Zera, telebista errekuperatu behar dut.
marta: Telebista? Ez duzu ta ikusiko.
teo: Ez, baina dexente dekoratzen du. Gainera baliteke inoiz zerbait interesgarria botatzea.
marta: (Jantzita dago) Zergatik ez zara hemen geratzen, idazten eta estudioa nola jarri pentsatzen? Ni bitartean jateko zerbait erostera joango naiz eta hemen bazkaldu dezakegu.
teo: Konforme. Aurtengo teatro denboraldiko bonbazoa izango da. Eta zure pertsonaia karamelo bat. Ikusiko duzu.
marta: Segituan etorriko naiz. (Musu ematen dio) Burutik jota zaude! (Aterantz doa)
teo: Vermouth botila bat igo zazu! (marta irrifartsu irteten da. teo idazten hasten da eta noizean behin begiak jaso eta begiratu bat botatzen dio estudioari. Jaiki eta gauzaren bat lekuz aldatzen du, dekoratzaile fin bat bailitzan. Idazteari ekiten dio. Estudioari begiratu bat) Egongo ez naiz ba burutik jota paper beldurgarri hauek inguratuta? Dena pintatuta, hori da, txuriz. Eta mueble politten bat, klasikoa. Hemen tentsoreak. (Bizepsak ukitzen ditu) Biguna nago. (Idaztera berriz) “Xoxoaren tristura...”, “Zein latza den kaiolaren...” (Ez du aurkitzen gustoko titulurik. Jaiki eta estudiotik mugitzen da) Eta eszenografia oinarrizkoa da. Aitaren batean agertu eta desagertu behar du. (Oherantz doa, kojin bat hartu, une batez ari begira egon eta bota egiten du) Eta, zergatik egin behar dut ba ohea egunero, bost axola bazait deseginda badago? Gustatu egiten zait gainera. Kriston anbientea ematen du. (Ohean esertzen da) Jode eszenografia! Ez da hutsaren truke aterako, ez horixe. Eta zer? Sosik ez bada, imajinazioa bai barra-barra. Eta Diputazio madarikatua joan dadila... Bada garaia, benetan nahi dudana egiten hastekoa: etxean egon eta idatzi. Eta tarteka muskuluak zaildu. (Tentsoreekin ari den imintzioa egiten du. Telefonoa mugitzen du nahi gabe) Eta telefonoa hemen! Koņo! Ba sudur puntan jartzen zaidalako eta kitto! (Lurrean uzten du, ohe aldamenean, berari gustatzen zaion lekuan) Kablerik gabeko bat erosi beharko nuke. Ba! Horiek modemokeriak dira! Antigualekoak askoz politagoak dira. (Telefonoa altxatu eta alde guztietatik begiratzen du satisfakzioz. Aparatuarekin jolasten du, abioia, kotxea edo trena bailitzan. Desesekitzen du) Gainera askoz erosoagoak dira. Belarrira askoz hobeto egokitzen dira (Belarri ondoan ipintzen du) Neurrira egindakoak dirudite. Eta orain ez nago gastutarako. Etxea dekoratu beharra daukat. Obra montatu, gosaldu, bazkaldu eta afaldu. Bi pertsona. (Kojin bat ohearen burukaldean jarri eta telefonoz hitzegiteko moduan esertzen da) Eta diskoa tekla baino hobeto markatzen da. Haur batek ere asmatuko luke: Hatz-punta sartu eta bueltak eman. (Zenbaki bat markatzen hasten da) Eta doinua askoz musikalagoa da. Ederra diferentzia! Estudioa primeran geratuko zait. Apartamentu baten antza ere hartuko du, akaso. Eta komedia, mundiala! Aurten izango den estreinaldirik... A!... bai... hola! Lola?
(Iluntasuna)