Laugarren ekitaldia
(marta urduri paseatzen da estudiotik. Bainurantz begiratzen du. Azkenik atera hurbiltzen da).
marta: Ondo al zaude? (Ez da erantzunik) Aizu, bi ordu daramazu hor barruan, zergatik ez zara irteten?
teo: Ez!
marta: Eskerrak: seko zeundela uste nuen. Tira, irten!
teo: Ez dut nahi!
marta: Kamamila prestatzea nahi? (Ez du erantzuten) Aizu, hor bizitzen geratzea pentsatzen al duzu?
teo: Atea zabalduko dut piska bat eta pasaidazu fregona. (Telefonoak jotzen du. Fregona teori pasa ondoren, martak hartu egiten du).
marta: Esan... Ah! Zu zara, begira, Juan... bai... zuzendariarekin... oraindik badela aukerarik... entsaiatu? hemen? Beheko tabernan zaude... Bakarrik ote nagoen? Egia esan ez dakit, esan nahi dut, baietz, igo zaitezkeela... bale... orain arte. (Haserreantza esekitzen du. Bainura doa) Nola doa hori?
teo: Uste dut berriz bota behar dudala.
(martak estudioa txukuntzeari ekiten dio. Ardoz bustitako kojinari zorroa kentzen dio eta barrukoarekin batera uzten du sukaldeko mostradore gainean. Telefonoa entzuten da).
marta: Bai?... Ez, hemen ez da Teo-rik... ez... ezta ezer, agur.
(Estudioa txukuntzen jarraitzen du eta bere burua apaintzen du pixka bat. teo konbentzitzeko azken saioa egiten du).
Zergatik ez zara irteten eta zerbait beroa hartzen? Begira, lagun bat etortzekoa da eta... (teo botaka entzuten da. Txirrinak jotzen du. marta aterantz doa baina gaizki itxirik dagoenez juan barrura sartzen da martak ireki baino lehen).
juan: Hola, preziosa! (martari laztan bat egin nahi dio baina honek ez du gogo haundirik). Ez dago gaizki apartamentutxoa, ezta?
marta: Bueno, egia esan, estudioa da.
juan: Oso guapa zaude gaur. Zuzendariarekin aritu naiz hizketan eta uste dut konbentzitu dudala bere laguntxoak ez duela paper horretarako balio. Zuri proba bat egitea nahi dut baina ondo prestatu beharra dugu.
marta: Ez dakit, desanimatuxea nago.
juan: Zaude isilik, Paper hori zuk egingo duzu. Gogor egin dut apostu zure alde. (Hurbiltzen saiatzen da baina martak ihes egiten dio) Baina nola arraio egingo du ba tipa horrek? Interpretatzen ere ez daki eta... Zu gera zaitez hemen papera lortu arte, eta diruz larri bazabiltza ez kezkatu, konponduko dugu.
marta: Aizu, Juan, eskertzen dizut estudio hau aurkitzen lagundu izana. Baina ez dut beste ezer egiterik nahi, bale?
juan: Tira, has gaitezen lanean.
marta: Oso gauza bitxia gertatu zait...
juan: Bai? Beste aktore bat beharko genuke, baina nik emango dizkizut erreplikak.
marta: Juan, auzoko bat dago...
juan: Elementu batzuk beharko ditugu dekoratuaren itxurak egiteko. Ea... (Estudioa arakatzen du)
marta: Bainuan...
juan: Uztazu, hemen dugunarekin moldatuko gara. (teo bainutik irteten da.-aurpegia itxuraldatuta eta fregona eskuan duela)
teo: Non utziko dut?
juan: Eta hau, zein da?
marta: Auzoko bat. Ez du edateko ohiturarik eta... (Elkar aurkezten ditu) Juan... (teok bere izena esan dezan itxoiten du)
teo: Pozten naiz (juanek eskua luzatzen dio eta teok fregona kolokatzen dio) Beno, banoa.
juan: Aizu, itxoin. Baditeke eszena ensaiatzeko balio izatea. Aktorea al zara?
teo: Ez, nik zerean egiten dut... bueno, ez dut lanik egiten. Oporretan nago.
juan: A ze suertea! Badira sei urte oporrak zer diren ere ez dakidana. Gure lanean segundu batez gelditu ezkero, trenak ospa egiten dizu.
marta: Juan zinean aritzen da.
teo: Ah!
juan: Martak pelikula bat egin dezan buru belarri ari naiz. Eta ni tartean naizela behintzat egingo du, bai. Baina eszena bat entsaiatu behar dugu eta gizonezko bat falta zaigu. Zergatik ez diguzu laguntzen?
marta: Juan, ez dut uste...
teo: Uste dut ez dudala tipoa ematen.
juan: Bost axola! Gainera sikopatarena egiteko ez du sikopata-aurpegia eduki behar.
teo: Ah, bueno.
marta: Ez dut uste funtzionatuko duenik.
juan: Listo!. Ekin dezaiogun lanari. Ba al duzu testu aproposik?
marta: Ez dakit ba.
juan: (Ohe gainean den liburuetariko bat hartuz). Zer ari zinen irakurtzen?
marta: Hau? Ah! “Romeo eta Julieta”, baina ez dut uste...
juan: “Romeo eta Julieta”! Justu behar genuena! Amodiozko eszena bat entsaiatu behar dugu. “Romeo eta Julieta” Zeinena da? Lope de Vega edo Calderon de la Barca?
teo: Shakespeare.
juan: Noski, noski. Shakespeare! Alu horrek eskribitzen zuen!
teo: Montesco eta Capuletoak.
juan: (Eszena aproposen bat bilatzen ari da) Ikustagun...
marta: Ezagutzen al duzu?
teo: Hitzez hitz.
marta: Teatroa gustatzen?
teo: Ez dut galtzen hemen inguruan egiten den komediarik.
juan: A ze izena zuen tipoak! Shakespeare!
Baina ni testu onekin lan egitearen aldekoa naiz eta ez zenbait sasi-idazlek eskribitzen duen gidoi txatxu horiekin.
marta: (teori) Noski! Estrenuren batean ikusiko genuen elkar.
teo: Ez dut uste.
juan: Hauxe! Ea, zuk Romeorena egingo duzu. Ez zara ba kexatuko aurkitu dizudan Julietarekin eh! (martari) Hasi hemendik.
(juanek elkarren ondoan eserarazten ditu beraien inguruan paseatzen den bitartean kamara tiro egokiena bilatuz. Ez martak eta ez teok, ez dute oso garbi ikusten jokoa, baina irakurtzeari ekiten diote)
marta: “Ix!...! Romeo, ix! Nork ote aztore-zainaren ahotsa, kukutz-eder horri nigana etorriarazteko!”
juan: Hortik, hortik.
marta: Zer?
juan: Ez. ez, oso ondo dago. Segi.
marta: “Esklabutza marrantatu egin da eta ezin da ozenki mintzo” (juan martaren hurbil-hurbileko planu baterantz gerturatzen da, teok, bion artean lekua uzteko baztertu behar duelarik. marta aspertzen hasia da “pelikulatxoarekin”. Irakurtzen jarraitzen du) “Bestela honez gero dardarrerazi zukeen Eco bizi den koba eta bere airezko mihia nerea baino marrantatuagoa zukeen, nere Romeoren izena errepikatzearen poderioz! Romeo!”... (teo harri eta zur ari da entzuten)... Romeo...
juan: Jarraitu, jarraitu, ez gelditu.
marta: (teori) Orain zu.
juan: Zer?
marta: Romeok hitzegiten duela.
juan: Ah! Erdi-plano batera noa. Tira, Romeo, gogoz!
teo: (martak non doan adierazten dio eta dudamudazko segundu batzuren ondoren ekiten dio) “Nere arima da nere izenez deitzen nauena”...
juan: Seko enamoratuta zaude.
teo: Ni?
juan: Pasio haundiagoz behar du.
teo: Eske... bueno... “Zein gozo eta gardena den maitale ahotsen doinua!”...
juan: Horixe, maitale! maitale!
teo: (Oso urduri dago) “Musika...”, “Musika...”
juan: Tira, ritmoa, ritmoa!
teo: Bai... “Musika goxoenaren...”
juan: Segi-segi! Trabatuz gero pikutara eszena.
marta: Juan, ez zait iruditzen...
juan: Ix! Ixo!
teo: “Musika goxoenaren gisa belarri adientzat” Uf! kitto! Orain zu.
marta: “Romeo!”
teo: “Julieta nerea!
juan: Berriz eta azken musua.
marta: Aizu, Juan...
juan: Tira, buka dezagun sekuentzia
marta: “Romeo!”
teo: “Julieta nerea!”
juan: Musua! Musua!
(Ezpainak elkartzen dituzte lotsati)
Fundidoa beltzera. Primeran! Primeran geratu da!
(Bien artean esertzen da teori bizkar emanez) Zoragarri egon zara. Ikusi egin behar zenuen. Nolako espresibitatea! Aparta!
teo: Oso ona da.
juan: Zure begiradak kamara enamoratu egiten du. (Oso hurbiltzen zaio martari)
teo: Zaila izan behar du aktore ez den batekin entsaiatzea.
juan: Marta bonsai batekin ere motibatuko litzateke (martaren gainean da ia) Ni banintz pelikularen zuzendaria...
marta: (juanengandik aldenduz.) Pittin bat nekatuta nago, zergatik ez duzu uzten? (Jaikitzen da).
juan: Pertsonaiari tamaina hartzen ari garen momentuan? Bueno atseden txiki bat hartu eta jarraituko dugu, bale?
marta: Buruko min pixkat daukat eta...
juan: Ze iruditzen afaltzera gonbidatzen bazaitut eta gero jarraitzen badugu e? (teori) Zuk ez duzu egon beharrik, emango dizkiot nik erreplikak.
teo: Bai, bai, noski, nik...
marta: Juan, ez dut irteteko gogorik.
juan: Bueno, mokaduren bat baduzu, zerbait jan eta...
teo: Ez dago ezer.
marta: Nahiago dut uztea. Bihar hitzegingo dugu, bale?
juan: Bihar berandu izan daiteke. Eta ni denboraz oso larri nabil. Elkarrizketa batzuk zuzendu beharra dut, figurazio kasting bat egin...
marta: Uztea nahiago dut, benetan.
juan: Zuk ikusi, baino zinean lan egiteko posibilitatea jokoan jartzen ari zara. (martak ez du erantzuten)
teo: Teatroa nahiago duela uste dut.
juan: Txorakeriak! Inori ez zaio pobre izatea gustatzen. Marta...
marta: Juan, bihar arte, mesedez!
juan: Oso ondo. (Joateko jaikitzen da) Norbaiti laguntzen saiatzen zara eta...
marta: Bakarrik egon nahi dut!
juan: Bale, bale, zuk ikusi (teori) Bazatoz?
teo: Ah, bai! (Irteten dira).
marta: (Une batez burua eutsiz geratzen da eta aterantz oihu egiten du). Joan zaitez pikutara! (Ohean etzan eta negarrari ematen dio).