Errenta
Ramon Agirre
Errenta
Ramon Agirre
Kutxa, 1994

 

Bostgarren ekitaldia

 

Martak gauza batzuk biltzen ditu kafea berotzen ari den bitartean. Pijama jantzita dago eta oheratzera doa. Mesanotxeko argia piztu eta gelakoa itzaltzen du. Ditxosozko ateaz oroitzen da eta ongi itxita dagoen begiratzera doa.

 

marta: Ate madarikatua! (Aterantz doa eta orduantxe sartzen da teo). Ah!

teo: Manila gorantz, gogoratzen?

marta: Aurrera! Zerbitzatu zerorri! Ze behar duzu? Sakakortxoa, minipimerra edo frigorifikoa...? Lasai, zeure etxean bazeunde bezala.

teo: Ez. Barkazioa eskatu nahi nizun bainuarenagatik eta kojina eta zera... bueno... (Une batez elkarri begiratzen diote eta marta parrez hasten da).

marta: Egia esan, ez duzu Romeoren piura ematen.

teo: Ezetz uste dut (biek parre egiten dute).

marta: Kafea nahi?

teo: Hobe dut joatea.

marta: Hartzazu kafe bat, berotzen ari nintzen.

teo: Bueno, ezer entsaiatu beharrik ez bada.

marta: Aipatu ere ez, hori.

teo: Arraro xamarra Juan hori, ezta?

marta: Inpresentablea da. Almodovarren itxurak egiten ibiltzen da nahiz eta pelikula bakar bat ere egin ez. Eta ez dut uste egitera iritsiko denik, aktoresekin enrollatu beste konturik ez baitu buruan.

teo: Eta lortzen al du?

marta: Segun zenekin.

teo: Beraz, ez dela metodo segurua.

marta: Zer?

teo: Esan nahi dut... bere entsaio metodoa primario xamarra dela eta iruditzen zait zinera dedikatzen denak errespeto gehixeago erakutsi beharko liekela autore klasikoei.

marta: Juanek ez du errespeto hitzak esan nahi duenaren aztarrenik.

teo: Ez luke aktoresa on bat ezagutuko sudurraren puntan jarrita ere.

marta: Eske hainbeste hurbiltzen da titiak besterik ez dituela ikusten. Ez dut bere beharrik. Ezta bere pela ezta beste inorenik.

teo: Papera emango dizutela uste al duzu?

marta: Enkargatuko da bera pelikula honetan lanik egin ez dezadan. Agian sikopatarena zuri emango dizute, ja, ja.

teo: Ni ez nintzateke kapaz izango kamara aurrean jartzeko, eta are gutxiago eszenario gainera igotzeko.

marta: Probatzea izaten da kuestioa. Badakizu, teatroaren benenoa delakoa.

teo: Keba! Pertsonaiak obran zehar etengabe botaka jardun behar balu akaso. Hori ez nuke gaizki egingo.

marta: Etzaitez pasa!

teo: Obratxo bat ere eskribitu nuen behin.

marta: Ah, bai?

teo: Bai. Baina ez nekien nola bukatu. Titulua bai, garbi neukan: “Kondenatuaren itxarote mingotsa”. Komedia.

marta: Gustatuko litzaidake irakurtzea.

            (Telefonoa entzuten da. martak desesekitzen du) Bai?... ez, oker zabiltzala uste dut... ez ezer ez, aio. (Esekitzen du) Zergatik ez gara bihar zure etxera joaten eta obra erakusten?

teo: Ez da posible! (martak harriturik begiratzen dio) Eskuizkribua lapurtu egin zidaten.

marta: Ze pena! (Telefonoak jotzen du) Bai?... Ez, ez da hemen... bai, zenbaki hori da baina esan dizut hemen ez dela Teo-rik... nola ez naiz ba seguru egongo hemen bizi banaiz!... bai errentan... ez du garrantzirik, aio. (Esekitzen du) Joder, ze neska kargantea! Kafe gehiago nahi?

teo: Ez eskerrik asko.

marta: Oraindik ez dakit ze izen duzun... (Telefonoak jotzen du) Hartzazu zeuk eta tipa hori baldin bada bidal ezazu pikutara.

teo: (Telefonoa hartzen du zer egin jakin gabe)

            Etxe honetako erantzungailu automatikoa naiz. Azken seinalea entzun eta gaueko hamabiak izango dira. (martak irrifartsu entzuten du) Eta ez dira etxe dezente batera deitzeko orduak, ez zaizu iruditzen?

marta: Seinaleak!

teo: Ah, bai! Pi! pi! pi (martak hatzekin kontatzen laguntzen dio)... pi! pi!

marta: (Oso dibertigarria iruditu zaio) Egia esan etxe dezentearena ez dago oso garbi, ja, ja. Zeurea hau baino hobexeago egongo da, noski. Halako paper horterarik! (Tokataruntz doa) Sikiera diskoekin enrollatu da, Jesukriston garaikoak badira ere. Bakarra dago merezi duena. (Bata hartzen du, raiatutakoa noski. teok belarriak estaltzen ditu) Zer da?

teo: Ez, ezer ez (Eskuak kentzen ditu belarrietatik)

marta: Eta kojinak xelebreak dira.

teo: Bai, oso xelebreak, ja, ja (ostikoz jotzen du kojin bat).

marta: (Diskoa martxan da) Eta gainetik raiatuta dago (kendu egiten du). Bueno, hemen egongo naizenerako...

teo: Bazoaz?

marta: Ez dut uste asko aguantatuko dudanik.

teo: Zergatik ez duzu papera pintatzen?

marta: Ez da hori. (Kosta egiten zaio esatea) Eske... ez dakit errenta ordaindu ahal izango dudan.

            (Ajentziakoa imitatuz) “Eta jabeak esan du hilaren seia baino lehen...”

teo: Bueno, esateko modu bat da. Seia edo... zazpia...

marta: Nik pelikularena espero nuen baina dena pikutara bidali dudala uste dut.

teo: Eta beste lanak?

marta: Ez dut beste lanik.

teo: Aterako da zeozer.

marta: Ez dakit, ba.

teo: Ba... nik... oso aktoresa ona zarela uste dut. Benetan, (Oroitu berri den itxura egiten du) Noski! Ez al zinen zu telebistako serie hartako protagonista? Mundiala zen! Moda diseinatzaile batena egiten zenuen hura datorkit burura (Parrez lehertzen da) Eta restaurante hartan sartzen zinenean (lehertzen jarraitzen du)... eta zera eskatzen zenuen... zer zen?... Vichichoise! Hori da! (martak egiten zuen bezala eginez) Vichichoise! ja, ja...

marta: Telebista ez zitzaizula gustatzen uste nuen.

teo: (Lehertu da bapatean) Nahiago dut teatroa. (Isilune tentsoa).

marta: Egia esan serie hark harrera ona izan zuen oso. Ordutik aurrera bi urte egin nituen lanean etengabe. Eta zinean ere aukera izan nuen. Baina pelikula desastrea izan zen eta hor bukatu zen bolada ona.

teo: Zu ez zeunden batere gaizki, gidoia oso ahula bazen ere.

marta: Orduz geroztik ez ninduten ba gehiago deitu. Dena uzteko zorian egon naiz.

teo: Erotu al zara?

marta: Lanik ez baduzu geroz eta intseguroago bihurtzen zara eta gauzarik errazena egiteko ere kapaz izango ote zaren duda egiten duzu. Gainera, ez dut sosik eta ez naiteke hemen beste egun batez ere egon. (Negarrari emateko zorian da). Pelikula hau egiteko irrikitzen nengoen. Bihar bertan ospa egingo dudala uste dut.

teo: Eta zer egin behar duzu?

marta: Ez dakit. Bazterrak astindu, edo. Egia esan, aktuatzen beste ezertan ez dut ikusten neure burua, baina beharrak agintzen badu, ze erremedio. barkatu. Ez dakit zergatik kontatzen dizudan guzti hau. Lanik badudan edo ez, eta estudioa ordaintzeko dirurik ba ote dudan, nere arazoa da.

teo: Etzazula uste. Norbaiti kontatu behar, lasaituko bazara.

marta: Bueno, hobe dut pixkat lo egitea, bihar goizeko autobusa hartu nahi badut.

teo: Bai. (Irteteko jaikitzen da)

marta: Sentitzen dut. Zure lagunek nerea baino rollo atseginagoa izango ahal dute! (Jaikitzen da).

teo: (Aterantz abiatzen da baina gelditu egiten da) Marta... hemen gera zaitezke nahi baduzu.

marta: Bai, botatzen nauten arte.

teo: Nerea da estudioa.

marta: Zer?

teo: Nerea dela.

marta: Zurea dela? Eta goiko pisua?

teo: Keba.

marta: Estudioa zurea da orduan. A ze flasha! (Telefonoa seinalatuz) Eta neska hori? Ez zara ba izango...?

teo: Teo.

marta: Ze gehiegi! Zein da?

teo: Nere... nere arreba.

 

(martak irrifarre egiten du. teo lotsatu samar dago)

 

marta: Eta zu, non zaude?

teo: Hor zehar.

marta: Eta zure trasteak, zure arropa?

teo: Baita. Bueno, banoa.

marta: Itxoin. Nora joan behar duzu? Ordu hauetan... Gera zaitez lotan. Zeure etxean bazeunde bezala, ja, ja.

teo: (Irrifartsu) Ez. Gaurkoagatik nahikoa enbarazu egin dizut.

marta: Zer diozu? Sartu dizudan txapa sartuta... Gera zaitez. Ongi etorriko zait norbaitekin hitzegitea. (Zalantza une baten ondoren baiezkoa dio teok). Egia esan heavy xamarra izan da eguna. Lanera joan behar al duzu bihar?

teo: Oporretan nago.

marta: Zer moduz Diputazioan?

teo: Orain ondo.

marta: Noski, joan beharrik ez duzu-ta. Lehen, estudioarenakin, apur bat pasatu naizela uste dut. Baina zurea zenik ezta imajinatu ere. Eske, funtzionarioak gorrotatu egiten ditut. Ezin dut erremediatu.

teo: Ezta nik ere.

marta: Ez dizu batere peatzen.

teo: Eskerrik asko.

marta: Imajinazio gehiegi duzu. (Adarra joaz) Lagunak moskeatu ote zaizkizu ez azalduagatik?

teo: (Parrez) Egia esan beti asmatu izan ditut horrelako pelikulak. Eta gidoia errepasatzen ez dudanez, ba, azkenean beti parregarri geratzen naiz.

marta: Oso dibertigarria izan da. Denbora librea historiak eskribitzen pasa behar zenuke.

teo: Egun osoa horretan ematea ari naiz pentsatzen.

marta: Lana utzita?

teo: Horretan nago. Baina balorea falta zait nonbait.

marta: Apustu oso katxondoa zela eskribitu zenuen obra.

teo: Nik egundoko parrak egiten nituen. Pertsonaia bat zuen zuretzat aproposa.

marta: Neretzat?

teo: Baina ez zitzaizun interesatu. Lan mordoa zenuen orduan. (martak ez du ulertzen) Jendetza haundia zen estrenoan eta denek zoriondu nahi zintuzten. Oso ondo egon zinen. Nik, eskuak txikitu beharrean egin nuen txalo.

marta: (Gogoratzen saiatzen da) Baina, noiz...?

teo: Irakurriko zenuela esan zenidan eta beste batean mintzatuko ginela.

marta: (Zeozer datorkio burua) Teatroko kafetegian... (teok baiezkoa). Zuk idatzitako komedia bat (teok baietz)... Karpeta kutre batean... (teok barkazioa eskatzen dio)... loreak ekarri zenizkidan...

teo: Larrosa gorriak. Sekulako dirutza.

marta: Uf!... Baina aldatuxea zaude, ez?

teo: Garai hartan 1,90ko altura nuen. Behingoagatik gidoirik gabe joango, holaxe di-da, eta horra emaitzak.

marta: Sentitzen dut.

teo: Bah! Ez zen lekua ezta momentu egokiena ere.

marta: Agintzen dizut bilatu eta irakurriko dudala. Beste aktoresa batekin pentsatuko zenuen honez gero pertsonaia horretarako.

teo: Zuretzat eskribituta dago.

 

(Elkarri begira geratzen dira une batez)

 

marta: Ez dut sekula asmatzen jendearekin. Norbaitekin fidatuz gero ustela irteten dit, eta norbait autentikoa ezagutzeko aukera suertatzen denean pasatzen uzten dut. (Jaiki eta katiluak jasotzen ditu). Denbora asko daramazu hemen bizitzen?

teo: Diputazioan bezainbeste ia. Lehendabiziko aldia da errentan jartzen dudana.

marta: Oporretara al zoaz?

teo: Ez.

marta: Eta, zergatik jarri duzu errentan?

teo: Ezta idearik ere.

marta: Arraroa izan behar du beste norbait zure gauzak erabiltzen ikustea.

teo: (Bere “gauzen” errepasoa egiten du begiradarekin) Bai.

marta: Ez dut uste ezer hausteko denbora izango dudanik.

teo: Beroaldi batek emanez gero, has zaitez paperarekin.

marta: Bihar, jaikitzearekin batera jo-ta tiraka hasiko naiz atzekoz-aurrera ipini arte.

teo: Nik lagunduko dizut.

marta: Momentu honetan igual zait.

 

(Lepoa masajeatzen du).

 

teo: Nekatu aurpegia duzu.

marta: Leher eginda nago. Baina oso gustora.

teo: Bai?

marta: Bai. Benetan. Bueno, lo pittin bat egin beharko dugu.

teo: Bai.

marta: Ea nola instalatzen garen.

teo: Zu ohean etzan, ni hemen jarriko naiz eta (kojinak seinalatzen ditu)

marta: Lurrean?

teo: Sarritan egiten dut, giro ona denean, kojinen gainean egiten dut lo (Ohearen oinetan zabaltzen ditu kojinak).

marta: Ah! Bigunak al dira?

teo: Bai, bastante.

marta: Bueno, bihar arte. (Elkarrengana hurbiltzen dira zer esan jakin gabe) Nahastuta nago pittin bat... ez dakit nola esan...

teo: Ezta nik ere.

marta: Biok berdintsu orduan. (irripar egiten dute. Moztuxe daude) A ze eguna, ez?

teo: Pelikulakoa.

marta: Pelikulakoa ez, teatrokoa.

teo: Horixe. Teatrokoa hobe.

marta: Egia esan... beno... tipo... arraro xamarra zara. Gabon. (Norbere etzalekuan jartzen dira) Ongi zaude, benetan?

teo: Bai.

marta: Bihar arte, Teo.

teo: Bihar arte, Marta.

 

(martak mesanotxeko argia itzaltzen du. Iluntasuna)

 

(Argi mehea; marta zigarro bat erretzen ari da ohean eserita. teo kojinen gainean lo. Iluntasuna)

 

(Argi mehea. marta eta teo ohe gainean lo. Iluntasuna)

 

(Argi mehea. marta eta teo kojinen gainean besarkaturik lo. Iluntasuna)

 

(Argi aldaketa joku guzti hau oso mantso egingo da denboraren iragana adierazteko)