Bake biltzarraren ildotik
Mikel Ugalde
Bake biltzarraren ildotik
Mikel Ugalde
BBK , 2000
Bake biltzarraren ildotik
Mikel Ugalde
BBK , 2000
[aurkibidea]

 

HIRUGARREN ATALA

 

Etxe bateko egon gela. Besaulkiak, koadro pare bat. Erdi mailako familia baten etxeko egon gela.

 

AINTZANE: (Egunkaria irakurtzen ari da) Ez dago eskubiderik. Lanpostua ukatu ziotelako, alkatearen ilobari eman ziotelako, burua nahastu eta bere buruaz beste egin zuen Eneko gizajoak.

            (Irakurriz) “Ekidazuko alkateak behin betirako dimisioa aurkeztu du”. “Atzo eguerdian eginiko udal plenoan behin betiko dimisioa aurkeztu zuen Ekidazuko alkateak. Udalkideei adierazi zienez, bake biltzarrean iragarritakoa orain berrestea baino ez du egin. Bakegintzan jasandako porrotaren ondorioa izan da bere dimisioa. Oposiziokoek ordea, dimisioa Enekoren heriotzarekin lotzen dute. Kontu jakina denez, duela gutxi kanposantu lanetarako norbait kontratatzeko deialdia zabaldu zen. Eneko Sarriegik eskaera egin eta azken faseraino iritsi zen. Eskuratu ez izanaren ondorioz bere buruaz beste egin zuen gazteak. Egunkari honek jakin ahal izan duenez, alkatearen iloba izan zen plazaren irabazlea. Dimisioak azken kontu honekin zer ikusi zuzenago izango luke oposiziokoen esanetan”. Eskerrak azkenean dimititu duen. Benbak igual ez du ezer jakingo eta ama hemen ez dagoenez, telefonoz deituko diot.

            (Boltsotik mobila atera eta deitzen du) Kaixo Benba! Egunkaria irakurri al duzu?... Oraindik ez al duzu irakurri? Alkateak dimititu egin du!... Bai, bai. Atzoko plenoan... Hau ospatu behar dugu!... Egia, herri honetan ez du inork dimititzen... Bai, bai, Enekori gertatuarekin lotua dago... Oposiziokoek horixe diote behintzat... Behingoz, notizia on bat badakar periodikuak...

            (Isilune luzeago. aintzane serio) Zer? orain ere kontu berarekin al zara?... Aste beteko azken epea eman zenidan... Bai, badakit... Badakit gaur dela azken eguna... Bueno Benba, ni ez agobiatu e! Orain anaia libre utzi dutela eta lasaiago egon beharko zenuke eta. Aste betean konponduko nuela esan nizun eta gaur erabakiko dut.

 

Ateko tinbre hotsa entzuten da.

 

            Utzi egin behar zaitut Benba, atetik deika ari da norbait... Bai sin falta deituko dizut.

            (Komunikazioa eten eta gero) Nor ote da ordu hauetan atean deika!

 

Tinbre hotsa berriro.

 

            Banoa! Hori da ipurterrea!

 

detektibea sartzen da.

 

DETEKTIBEA: Sar al daiteke?

AINTZANE: Zein zara zu?

DETEKTIBEA: Barkatu nire burua aurkeztu ez izana. Ikerketa ataleko Sergio nauzu, ertzaina.

AINTZANE: Ertzaina nire etxera?

DETEKTIBEA: Enekoren heriotza dela eta familiartekoek salaketa bat jarri dute eta galdera batzuk egin nahi nizkizuke...

AINTZANE: Sartu, sartu.

 

Besaulkian esertzen dira.

 

DETEKTIBEA: Zu Aintzane zara ezta? Eneko oso laguna zenuen...

AINTZANE: Koadrilakoa, bai.

DETEKTIBEA: Bere buruaz beste egin baino bi egun lehenago elkarrekin egon zinaten kalean ezta?

AINTZANE: Bai, halaxe da.

DETEKTIBEA: Zertaz hitzegin zenuten?

AINTZANE: Aiuntamentuak konbokatutako deialdiaz, sepulturero plaza atera nahi zuen...

DETEKTIBEA: Ilusionatua al zegoen lanarekin?

AINTZANE: Enekok istudiatutakoarekin lotutako lana nahi zuen, baina ez zuen topatzen. Bere bizimodua antolatu nahi zuen, lana behar zuen horretarako! Kanposantuan lan egitea ez zuen gustuko, baina lana behar zuen.

DETEKTIBEA: Nolako animoarekin ikusi zenuten Eneko?

AINTZANE: Ikusi zenuten?

DETEKTIBEA: Bai, bai, badakigu zurekin batera beste marokiar hori ere han zela.

AINTZANE: Zuk nola dakizu hori?

DETEKTIBEA: Paperak eta baimenak eskuratzen neronek lagundu nion. Alde horretatik suerte haundiko mutila duzu.

AINTZANE: Ez, horretaz ezin naiz kejatu.

DETEKTIBEA: Beste zerbaitetaz bai, ala? Bueno, bueno, utz ditzagun kontu horiek. Nolako animuarekin ikusi zenuten Eneko?

AINTZANE: Lur jota zegoen. Lana eskuratzen ez bazuen bere buruaz beste egingo zuela esaten zigun.

DETEKTIBEA: Eta nolatan ez zenuten ertzaintza jakinaren gainean jarri?

AINTZANE: Ez genion sinistu. Horrelako gauzak esaten dituztenek ez omen dute gero horrelakorik egiten. Horretara iritsiko zela jakin izan banu!

DETEKTIBEA: Bai ulertzekoa da. Parte emanda ere ez genuen ezer asko konponduko seguraski. Enekok plaza lortzea espero al zuen?

AINTZANE: Alde batetik bai, hiru bakarrik gelditzen ziren... Horietatik batek euskara menderatzen ez duela bazekien... Baina, alkatearen iloba tartean zela ere bai... Honen bildurra zuen.

DETEKTIBEA: Euskara aipatu duzu. Zuek han al zineten eztabaida sortu zenean?

AINTZANE: Ez, guk lehenago alde egin genuen.

DETEKTIBEA: Eta nola dakizue eztabaida izan zela?

AINTZANE: Enekok berak kontatu zigun.

DETEKTIBEA: Agian irristakorra irudituko zaizu, baina ikerketak zuri galdera hau zuzentzea eskatzen digu: Eneko euskararen militantea al zen?

AINTZANE: Normala.

DETEKTIBEA: Eta zu zeu?

AINTZANE: Ez dut uste hau galdera egokia denik.

DETEKTIBEA: Nahi ez baduzu ez erantzun.

AINTZANE: Gure etxean aita erdalduna da, ama euskalduna. Bi hizkuntzak erabiltzen ditugu etxean.

DETEKTIBEA: Enrikek egindakoa probokazio bat izan al zen?

AINTZANE: Ez dut uste. Haiek kartelak pegatzen ari ziren eta Enekorekin topo egin zuten, baina ez probokatzen ibili zirelako.

DETEKTIBEA: Vascuence voluntario... jartzea ordea...

AINTZANE: Borondate ona baldin bada, euskararen kontuak ez du problemarik sortu behar.

DETEKTIBEA: Askotan ez da hori gertatzen.

AINTZANE: Begira, etxeko esperientzia esango dizut. Aita Valladolidetik etorri zen eta nire ama ezagutu zuen. Euskara ikasten piskat saiatu zen baina lanak ez zion euskaltegira joaten uzten. Ni ikastolan sartu ninduten. Orain, nik aitarekin erdaraz egiten dut eta amarekin euskaraz, baita aitaren aurrean ere. Aitak zerbait ulertzen ez badu erderaz esaten diogu inongo arazorik gabe. Aita ez da euskalduna baina euskaltzalea bai. Ni baino gehiago.

DETEKTIBEA: Honek lehengo bileran pailazoak esandakoa oroitarazten dit...

AINTZANE: Zergatik diozu hori?

DETEKTIBEA: Ez, deus ez.

AINTZANE: Borondate onekoa delako eta maitatu izan gaituelako izango da... Gure etxean ez da problemarik. Nire mutila euskara ikasten ari da eta berak horrela nahi duelako egiten dugu biok euskaraz.

DETEKTIBEA: Orduan, euskararen aldeko erreibindikazioak ez zaizkizu gustatzen...

AINTZANE: Ez dakit zer esan...Gure haurrek euskara ikasiko dutela bai. Beharko Benbak duen enpeinuarekin!

DETEKTIBEA: Benbak bakarrik?

AINTZANE: Bueno, nik ere bai.

DETEKTIBEA: Ongi da. Enekori buruzko beste argibideren bat bururatzen bazaizu hotseiguzu mesedez.

AINTZANE: Zerbaiten susmo txarra al duzue?

DETEKTIBEA: Gauzak argitzea da gure egitekoa. Hortik aurrera, epaileak erabakiko du. Agur Aintzane, eta eskerrik asko eskaini didazun denboragatik.

AINTZANE: Hasieran sustua izan dut... Baina gauzak argitzeko baldin bada, nahi duzun arte.

 

Irteten da.

 

            Ertzaina hemen izan dela jakinaren gainean jarri behar dut.

            (Telefonora hurbiltzen da eta numeroa markatzeari ekiten dio) Benba, gauza bat esan behar dizut. Ertzaina irten da oraintxe gure etxetik... Bai, bai, zuri paperak egiten lagundu zizun ertzaina... Ez, ez da ezer gertatzen. Galdera batzuk egitera bakarrik etorri da... Enekoren heriotza ikertzen ari dira eta azken aldiz guk ikusi genueneko kontuak jakin nahi zituen... Lasai, jakinaren gainean jartzearren deitu dizut... Bai, bai, lasai egon. Kezkatzeko motiborik egonez gero esango nizuke... Ez, Benba! Berriro ez! Ez atosigatu, mesedez!..

 

Ama sartzen da.

 

AMA: Arratsalde on. Harritzekoa da orain ere telefonotik zintzilik jardutea?

AINTZANE: (Ahotsa jaitsiz) Benba utzi egin behar zaitut. Ama etorri da. Ez dut berak ezer entzuterik nahi.

AMA: Zeinekin ari hintzen hizketan hain serio?

AINTZANE: Egongo gara. Deituko dizut...

AMA: Hori dun sekretuekin hitzegin beharra. Ez al didan zeinekin aritu haizen esan behar?

AINTZANE: Zuk ez duzu ezagutzen ama, fakultateko Mertxe laguna zen. Urteak betetzen ditu gaur eta nik zorionak eman nahi izan dizkiot.

AMA: Zergatik elkarrizketa nik ez entzuteko enpeinu hori?

AINTZANE: Gure sekretutxoak...

AMA: Hortatik ondo hornituta bizi gaitun etxe honetan.

AINTZANE: Eta zuk zerbaiten berririk jaso al duzu?

AMA: (Txantxetan) Nik ere nire sekretutxoak...

AINTZANE: Ama, ez hasi horrela!

AMA: Orain dela gutxi hil zen Enekoren ama ikusi dut kalean. Jota. Bururik altxatzen ez duela dago ama! Ertzaintza ikerketa ahaleginean ari dela eta horrek patxaratu egiten duela esan dit. Gertatuaren egia jakin nahi du.

AINTZANE: Bai, lehenxeago izan da hemen ertzaina galdezka gauzak argitu nahian dabiltzala esanez... Zoritxarrez, ez dago arazo honetan zer ikertu haundirik.

AMA: Bienbitartean, alkatearen iloba izateagatik seguraski... barrura.

AINTZANE: Kanposantuan lanean hasi dena alkatearen iloba dela badakigu baina ezin esan dezakegu iloba delako eskuratu duenik. Epaileak egunen batean argituko du.

AMA: Zerbait argitzerako oiloak txixa egingo du... Tintoreriara joan naun hire gona garbitua ote zegoen ikustera.

AINTZANE: Konturatzen naiz ama oso maite nauzula.

AMA: Orain arte ez al haiz konturatu?

AINTZANE: Bere alabagatik edozer gauza egiteko prest dagoen horietakoa zera zu...

AMA: Eztakin ondo nire maitasun neurrigabearen berri!

AINTZANE: Zaila izango da ama ez den batentzat ama batek zer sentitzen duen ikustea, ezta?

AMA: Egunen batean ulertuko dun. Ama izatera iristen haizenean, orduan konturatuko haiz alabaren alde zer egiteko prest gauden.

AINTZANE: Ez, konturatzen naiz niretzat bizi zarela. Asko eskertzen dizut ama.

AMA: Nik ere asko eskertzen dinat hik horrelako gauzak esatea... Benetan, alabatxo. (Laztantzen du)

AINTZANE: (Besaulkian eseri eta errebista bat irakurtzen) Ama, gustatuko ez zaizun gauza bat esan behar dizut.

AMA: Zer esan behar didan bada orain hain serio egoteko?

AINTZANE: Ez dakit nondik hasi.

AMA: Lasaitu hadi neska, eta esan beharrekoak bota hitzan. Orain ere zerbaiten protesta egin behar al didan?

AINTZANE: Ez da hori, ama.

AMA: Hasi hadi lehenbaitlehen, bestela hi hizketan hasterako...

AINTZANE: Ez zaitut, ordea, disgustatu nahi!

 

Telefonoak jotzen du.

 

AMA: (Telefonoa hartuz) Bai, esan?... Bai esan? Zein ote zen... komunikazioa eten egin du...

AINTZANE: Zein ote zen...

AMA: Hire atzetik dabilen norbait igual.... Zer esan behar didan? Ni disgustatzeko beldurra al dun? Esan ez dinat bada asko maite haudanala?

AINTZANE: Nola hasi jakingo banu zu ez nahigabetzeko...

AMA: Esan beharrekoak esaten ez baditun nahikoa nahigabetuko naun. Hik ez dun, bada, normalean mingainean erreuma haundirik izaten. Hi gauzak esateko hobea haiz besterenak entzuteko baino...

AINTZANE: Badakizu mutil batekin zeharo maitemindua nagoela...

AMA: Bai, beti badun mandoeuliren bat aldamenean, baina fundamentu gutxi.

AINTZANE: Oraingoa serio doa ama.

AMA: Oraingoa serio dihoala? Hamaika aldiz entzun dinat nik kontu bera... Hego haizea pasako zain.

AINTZANE: Hau ez da txantxetako kontua ama!

AMA: Eta zein dun oraingo hori? Etxe oneko mutila al dun? Badakin orain maitasun kuttuna, gero jario leuna eta, deskuidatu ezkero, gurutze aztuna.

AINTZANE: Oraingoa diferentea da, ama.

AMA: Hik atera kontuak, hik ikusiko dun... Baina, esaidan nor den hori? Mutil ona al da?

AINTZANE: Bai ama, ezin hobea.

AMA: Langilea?

AINTZANE: Bai ama, oso langilea.

AMA: Euskalduna?

AINTZANE: Bai... bueno, ikasten ari da. Zortzigarren urratsa gainditu du. Laister ikasiko du.

AMA: Arinaiztarra orduan.

AINTZANE: Ama, serio ari dela euskara ikasten.

AMA: Zer gehiago esan behar didan.

AINTZANE: Horixe.

AMA: Neska, neska, ez dun behintzat esplikazio gehiegi ematen. Nongoa dun?

AINTZANE: Lazkaon bizi da.

AMA: Lazkaotarra beraz. Ongi zegon, ongi zegon. (Isilune bat). Baina harritzekoa dun lazkaotarra izan eta euskera orain ikasten jardun behar izatea... Lazkaotarrak jaiotzetik bertatik ditun euskaldunak... Seguru al hago lazkaotarra dela?

AINTZANE: Begira... bera, Ben Baroc, ez da izatez hemengoa, baina orain dela bi urte honera etorri zan eta orain bertako egin da.

AMA: Hitzegin zan garbi, zein dun Ben Baroc edo delako hori.

AINTZANE: Marokiarra da.

AMA: Marokiarra! Hi burutik sano al hago?

AINTZANE: Ama, ez hasarratu.

AMA: Baina, baina, zer pentsatzen dun?

AINTZANE: Benbak maite nau eta nik ere maite dut.

AMA: Hurbilago ez al zegon hiretzat moduko mutilik? Afrikaraino joan haiz hi mutil bila! Zuengandik jaioteko haurrak figura polita izango din!

AINTZANE: Ama, ez duzu horrela hitzegiteko eskubiderik!

AMA: Nik maite haunat eta horregatik jarri naun urduri. Marokiar batekin ibiltzea ere!

AINTZANE: Zu ere arrazista? Hain progresista, giza eskubideak defendatzen hor zabiltza eta orain marokiar batez maitemindu naizelako horrela jarri? Ez nuen zugandik horrelakorik espero!

AMA: Errespeto gehiago amari! Hire on beharrez gauzak esan eta hori al da merezi dudan erantzuna? Hire onagatik ari naun!

AINTZANE: Jakin ezazu ama, ni haunditxoa naizela, nik erabakitzeko edadea badudala eta zu, benetako ama bazara, nik egiten dudana errespetatu eta onartu egin beharko duzula. Zuk nahi ala ez nahi, nire kontua da.

AMA: Ama bati egin behar al dion hori? Nire erraietan sortu hintzen eta geroztik hiretzat bakarrik bizi izan naun. Hamaika gau galdu dizkinat hire osasuna zaintzen baita, hiri jatekorik ez kentzearren, hainbatetan goseak oheratu ere. Ahalik eta eskolarik hoberena ematen saiatu naun, arropa txukun garbirik ez zain falta izan, beti hire aldamenean izan naun... eta horrela eskertzen al didan? Hire onagatik arduratu eta gainera razista naizela entzun behar!

            (Negarrez hasten da) Jauna! zer egin dut nik horrelako tratua jasotzeko?

AINTZANE: Alferrik ari zara. Barkatu argi hitzegitea, baina zuk txantajea egin nahi didazu eta hori ez dut onartuko. Ni naiz nire buruaren jabe, nik hartua dut erabakia. Ez dut zure baimenik behar. Onez onartzen baduzu...etxean jarraituko dut, baina bestela...

AMA: Bestela zer?

AINTZANE: Etxetik gaur bertan alde egingo dut.

AMA: Hau zorigaitza!

 

Burua makurturik negar batean jarraituko du.

 

AINTZANE: Zuretzat zaila dela badakit, baina egia esan beste modu batean erantzungo zenuela pentsatzen nuen... Manifestazioan herriarentzat eskatzen duzun autodeterminazioa niri ukatu egin behar al didazu? Ez dut gehiago zurekin hitz egin nahi.

 

Jaiki eta musika ekipora hurbiltzen da eta martxan jartzen. Gero eskenategiaren ertz batean eseriko da buru makur.

 

AMA: Baina, Aintzane!!! Hire ama naun!!! Maite...

 

Musika hasten da. Mikel Laboaren kanta.

 

                        Hegoak ebaki banizkio

                        neuria izango zen,

                        ez zuen alde egingo.

                        Baina horrela ez zen

                        gehiago txoria izango

                        eta nik txoria nuen maite

                        Lara, laralala la la...

 

Kanta amaitzen da. Isilunea.

 

AMA: (Ama jaiki eta ziztu bizian doa aintzanerengana negarraz) Barka eidan Aintzane! Barka eidan! Ez dinat merezi, baina barka eidan!

AINTZANE: (Luzaroan besarkatuz) Ama!!!

AMA: Lezio ederra eman didan... Barka eidan Aintzane. Jarrai zan hire bidea. Hire bizitza nirea izango dun, hire zoriona nirea.

 

Oihala jaisten da

 

amaiera