Bake biltzarraren ildotik
Mikel Ugalde
Bake biltzarraren ildotik
Mikel Ugalde
BBK , 2000
Bake biltzarraren ildotik
Mikel Ugalde
BBK , 2000
[aurkibidea]

 

LEHEN ATALA

 

Eskenategian: Kalea. Banku bat. Farola. Etxe bat sakoneran...

 

alkatea eskenategiaren aurrealdean agertzen da dotore aginte-makila eta guzti.

Eskenategiaren atzeko aldea ilun dago. Ikusleei zuzentzen zaie.

 

ALKATEA: Jaun andreok, gure herrian bakea lortu nahiak bildu gaitu hemen. Herri baketsu bat nahi dugu guztiontzat. Bakean oinarritutako etorkizunean eraiki nahi dugu gure geroa. Denon artean lortu beharrekoa da bakea. Esan bezala, horrexek bildu gaitu gaur hemen. “egoera gatazkatsua nolako, bakebidea halako” esan ohi zuen teoriko batek. Bakebide hori topatzeko egungo egoera gatazkatsua zernolakoa den arretaz aurreikustea gomendatzen dizuet. Gaur bertan herrian bizi dugun egoera ikusi eta gero, hausnarketa sakon bat egiteko aukera izango dugu ondoren. Jaun-andreok, ea bada, denon artean irtenbide bat emateko moduari eusten diogun. Zuena da ikuskizuna eta zuena izango da, alkate nauzuenez hala espero dut, hitza ere.

 

(alkatea erretiratzen da)

 

AINTZANE: (Urduri eta ordulariari begira) Harritzekoa da nire Benba berandutzea. Puntuala da bada gero! Zer getatu ote zaio?

            (Ordulariari berriro begiratuz) Orain dela minutu bat hemen behar zuen. Zinera joateko erabakia behin hartuko eta ikusten nago berandu iritsiko garela. Benba ez da lasaipoto horietakoa, baina, gaur berandu dator. Ez al du beti berandu ibiltzeko ohiturarik hartuko behinik behin!

            (Bankuan esertzen da eta zigarroa pizten. Noizbehinka kotxe hotsak entzuten dira) Nik ere ez dut erretzeko ohitura haundirik baino, nire nerbioak dantzan dauzkat.

            (Ordulariari lehenik, esker-eskuinera gero, begiratuz) Dagoenekoz beste minutu bat pasa da eta ez da ageri.

            (Hurrupada pare bat eman eta berehala itzaltzen du zigarroa) Ez daukat erretzeko umorerik.

 

Auto bozina entzuten da.

 

            Auto bat gelditzen ari da. Benba izango al da! Hemen da! Kezkatzen hasia nintzen.

BENBA: (Presaka sartzen da. Marokiarra da. Euskaraz mantso hitzegingo du. Euskara ikasten ari dela nabari zaio. aintzaneri masailean musu eman eta gero. Triste mintzo da) Barkatu Aintzane. Berandutu... egin zait.

AINTZANE: (Laztanduz) Oso triste ikusten zaitut Benba. Zer duzu?

BENBA: Bai, ni triste nago. Algecirastik deitu goizean telefonoz. Nire anaia gauean patera batean...

AINTZANE: Zerbait gertatu al zaio anaiari? Ez zen bada itoko!

BENBA: Ez, onik da. Baina preso dago. Patera uretan galdu da eta zortzi lagun ito eta beste lau onik baina detenituak.

AINTZANE: Orduan zure anaia detenitua?

BENBA: Goardia Zibilak hartu zuen eta orain interrogatorioa.

AINTZANE: Zer egin behar dute? Preso hartu? Hainbesteko delitua al da bada untzi batean ihes egin nahi izatea? Etxean jatekorik ez baldin bada norabaitera joan beharko dute...

BENBA: Hori ez da posible. Goardia Zibilak ez du uzten.

AINTZANE: Zer egingo duzu?

BENBA: Gauean joango naiz. Biletea erostera joan eta berandutu zait. Autobusean joango naiz.

AINTZANE: Etxekoek bai al dakite?

BENBA: Niri goardia deitu... dit. Ez dakit etxean nola dauden.

AINTZANE: Animo Benba, gutxienez bizi dela badakigu.

            (Laztanduz) Ikusiko duzu guztia nola konponduko den.

BENBA: Ez da konponduko. Hemen razismo asko.

AINTZANE: Ez Benba, hemen onartu zaitugu. Begira niri zenbat maite zaitudan.

BENBA: Ez dakit...ezin dut zurekin jarraitu.

AINTZANE: Autobusa lOetan aterako da. Nahikoa denbora badugu elkarrekin ibiltzeko. Pintxo bat hartuko dugu penak arintzeko...

BENBA: Aintzane, ni ezin zurekin segi. Gurea bukatu da!

AINTZANE: Ezin duzula jarraitu? Gurea bukatu dela? Zergatik esaten duzu hori?

BENBA: Zuk niri ez didazu maite. Laguna zara baina besterik ez.

AINTZANE: Nik maite zaitut Benba. Zurekin txora-txora egina nago. Zurekin eta zuretzat bizi nahi dut, Benba. Zergatik esaten didazu ez zaitudala maite? Orain ere hementxe izan nauzu zain. Zergatik esaten didazu hori? Anaia dela eta, depreak jo al zaitu?

BENBA: Ez, ez da hori.

AINTZANE: Baina, baina, zergatik?

BENBA: Ni marokiarra naiz...elako.

AINTZANE: Min ematen didazu Benba! Zer esan nahi didazu, ni ere arrazista naizela? Hori nola esan diezaiokezu lagun bati?

BENBA: Asmatu duzu. Zu nire laguna zara eta eskertzen dut. Baina ni gehiago nahi dut. Ni formal ibili nahi dut zurekin eta gero ezkondu. Baina zu ez. Ni zure senargaia ez... Zu nirekin lotsatu.

AINTZANE: Hori esaten al didazu orain? Ni zurekin lotsatu egiten naizela? Zeini eta niri!

            (Bankoan eseri eta nigarrez hasten da) Ez nuen zugandik horrelakorik espero Benba!

 

Unetxo bat isilik.

 

            Hitz egin zazu garbi! Zer gertatzen zaizu? Nork nahastu zaitu tamaina horretan!

BENBA: Zuk. Zure portaera.

AINTZANE: Mesedez!

BENBA: Nirekin lotsatu egiten zara. Beti gordeta. Beti lagun klandestino ni zuretzat. Sei hilabete gu elkarrekin. Ez dut ezagutzen zure lagunak, zure familia, zure etxea...

AINTZANE: Orain ere hori al dugu?

BENBA: Amari zu esan gurea?

AINTZANE: Emaidazu denbora. Amaren erantzunak bildurra ematen dit.

BENBA: Zu amari gehiago maite niri baino.

AINTZANE: Ez da hori! Asko maite zaitut. Baina etxean denbora behar dut. Aste honetan bertan esango diot amari. Ez dakit nola erantzungo duen. Beharbada haserretu egingo zait.

BENBA: Bai, bai, zu lotsatu nirekin, hemengoa ez naizelako.

AINTZANE: Hori da hori, hezurretaraino sartu zaizun konplexua! Nola lotsatuko naiz zutaz! Nik maite zaitudanarekin!

 

Laztantzen du.

 

BENBA: Zu etxean esandakoan ni lasaituko.

AINTZANE: Ez al duzu niregan konfidantzarik?

BENBA: Bai, baina ni zurekin serio ibili nahi dut.

AINTZANE: Baita nik ere! Begira Benba. Ama jakinaren gainean jartzen dudanean lasaituko bazara, saiatuko naiz etxean lehenbaitlehen esaten.

BENBA: Baina, zure etxekoek onartuko didate? Ni ez naiz zu bezalakoa...

AINTZANE: Lasai Benba, onartuko zaituzte. Ama oso progresista dut eta onartuko zaitu. Nire ama ez da batere arrazista.

BENBA: Eta zu zergatik ez esan lehenago berari? Beldurra duzu...lako?

AINTZANE: Garbi dago Benba! Azkenean ni haserretzea lortuko duzu. Esan ez dizut bada aste honetan bertan esango diodala amari? Zergatik ematen diozu hainbeste buelta kontu honi? Ez pentsatu gehiago gai hauetan.

            (Goxatuz) Zergatik ez dugu gutaz gehiago hitz egiten? Jakingo bazenu zu gabe pasatako orduak zeinen luzeak egiten zaizkidan!

BENBA: Ni ere ezin dut. Euskaltegian ezin kontzentratu! Zuri galtzeko beldurra Aintzane.

AINTZANE: Ez nauzu galduko. Euskaltegian ere ondo ari zera eta.

BENBA: Bai problema ditut.

            (Biek batera, maisuaren ahotsa imitatuz) Ergatiboa eta nor nork.

AINTZANE: Animo kanpeon! Ikasiko duzu! Egunen batean elkarrekin bizitzen jarriko gera eta zure seme eta alabei euskaraz hitz egingo diezu.

BENBA: (Alaiago) Zenbat seme-alaba, hamar?

AINTZANE: Hamar! Baina, baina, ba al dakizu zer esaten ari zeran? Hamar haur?

BENBA: Niri asko gustatzen zait...zaizkit.

AINTZANE: Lasai Benba, euskaraz ehuneraino kontatzen ikasi behar baldin baduzu nik lagunduko dizut, baina seme-alabak kontatzen ez hasi.

BENBA: Gure etxean familia haundia!

AINTZANE: Bai eta gero kanpora joan behar biziko bada.

            (Hutsegin duela konturatzen da) Barkatu Benba, ez nuen ezer txarrik esan nahi.

BENBA: Lasai, lasai. Esan duzuna egia da. Gu ume asko baina jateko gutxi.

AINTZANE: Guk poliki, poliki Benba. Lehendabizi zure begiak izango dituen neska polita.

BENBA: Mutila!

AINTZANE: Nik neska nahi dut.

BENBA: Ni mutila enkargatuko...

AINTZANE: Batzutan setoso jartzen zara gero!

 

eneko datorrela ikusten du.

 

AINTZANE: Begira, hemen dator Eneko! Hau ere lur jota dator. Zer arraio gertatzen zaizue?

ENEKO: (Egunkaria eskuan duela ageri da) Hau jasan ezina da! Hau ez dago gehiago agoantatzerik!

AINTZANE: Zer gertatzen zaik Eneko?

ENEKO: Zer gertatzen zaidan galdetzen didan? Osti txarrean natxion.

BENBA: Osti zeer?

AINTZANE: Jenio txarrez dagoela.

ENEKO: Ez dinat lan alu bat aurkitzen. Hitzak bai, hitzak. Gazteriari lana, eta etxebizitzak eman behar zaizkiola, lehendakariaren eta alkatearen programan langabetuak lehentasuna duela... Bla! Bla! Bla! Kaka zaharra!

AINTZANE: Har zak pazientzia piska bat Eneko. Zenbat denbora duk karrera bukatu huala?

ENEKO: Sei hilabete! Gutxi iruditzen al zain?

AINTZANE: Zain dagoenarentzat gehiegi. Hori bazekiat. Ni ere hortik pasea nauk. Baina saiatu ezkero lortuko duk.

BENBA: Zer ikasi zu unibertsitatean?

ENEKO: Geologian lizentziatua nauk.

BENBA: A, ia, (Ironiatsu) Geologian lizentziatua.

ENEKO: Zer? Gaizki iruditzen al zaik?

            (Besteren esanak imitatzen) “Geologia! Zeini okurritzen zaio Geologia ikastea?” “Zertarako balio du horrek” “Jakina, Geologia ikasita zer espero zuen horrek? Informatika egin izan balu...” Hi ere sermoia egin eta gero popatik ematen duen horietakoa al haiz? Ni ez nago olioa galtzen hasteko prest.

AINTZANE: Zertara dator erretolika hori guztia? Benbak ez dik inongo kulparik.

ENEKO: Barka zan, baina nerbioso natxion.

            (benbari begiratuz) Nik esana ez gaizki hartu.

AINTZANE: Bai, bai, poxpolo txikia nahikoa duk hi sutan jartzeko.

ENEKO: Azkenetan natxion. Ez dinat gehiago agoantatzeko indarrik. Langabetuon egoera jasan ezina dun. Zenbaitetan egunak argituko ez balu hobe.

AINTZANE: Hik lanik ez daukakela eta kejatu egiten haiz. Arrazoia duk. Baina ez haiz bakarra. Langabeziaren baratzean emakume askoz gehiago zagok proportzioan gizonezko baino. Estadistikek ez ditek ukatzen. Lanean emakumeoi ematen zaigun tratua ez duk diruz ordaintzen. Haurdun gelditzen den emakumeari ez zaiok askotan kontraturik luzatzen. Jomala txikiagoa eta lanorduak aldrebesak. Ez gaizki hartu baina hik lana errazago topatuko duk beste zenbait emakumezkok baino.

BENBA: Pazientzia behar da, pazientzia.

ENEKO: Esan errez egiten duk hori. Ezin diat gehiago. Hau luza ezina duk!

AINTZANE: Motel, motel. Bihar ere eguna argituko dik.

ENEKO: Aspertu naun. Karrera bukatu nuenetik ia 300 curriculum bidali dizkinat hainbat eskabazio eta herri-lan enpresatara. Ez da kaso putik ere. Karta jaso dutenik ez zidaten esaten. Karta jaso, zakarrontzira bota eta kito. Oraingo honetan plaza lortzen ez badut etsiko dinat.

AINTZANE: Etsi? Ezta pentsatu ere! Eutsi Eneko, eutsi!

BENBA: Orain zerbait prestatzen ari...zara?

ENEKO: Bai, udaletxean plaza bat atera dute eta hori eskuratu arteko onik ez dut izango.

AINTZANE: Udaletxean plaza bat?

BENBA: Zer plaza?

ENEKO: Zer? Zer duk, bertara agertzeko asmoa? Aukera hori ere kendu behar al didak?

BENBA: Ni ez dut lanik kentzen. Ni alfonbra denda dut. Marruecostik merke erosi eta merke saldu.

ENEKO: Bai, kanpotik etortzen zarete guri lana kentzera.

AINTZANE: Ez daukak horrela hitzegiteko eskubiderik. Kanpotik datorrena ez duk bere borondatez etortzen. Gorriak ikusi eta gero etortzen dituk hona. Beste erremediorik ez dutelako.

ENEKO: Kanpotarrak ugaltzen ari ditun eta bienbitartean bertakook lanik gabe.

AINTZANE: Hori ez duk egia! Bestek nahi ez dituzten lanak egin behar izaten dizkiate. Benbak ez dik hire langabezi egoeran inongo errurik.

ENEKO: Barkatu Ben Baroc, barkatu Aintzane. Oraintxe nire buruaren jabe ez naizela jartzen naiz. Zuek ez duzue kulparik.

AINTZANE: Ulertzen diagu, urduritasunak zenbaitetan okerreko gauzak esatera behartzen gaitu. Lasai Eneko.

BENBA: Nigatik lasai. Ulertzen dut.

AINTZANE: Udaletxean zer lanpostu beteko dute?

BENBA: Lasai ni ez naiz aurkeztuko, ez naiz zurekin... lehiatuko.

ENEKO: Sepulturero plaza.

AINTZANE: Sepulturero!

ENEKO: (Haserre) Zer nahi dun bada? Bazekinat hildakoak karreatzen eta lurperatzen ibiltzea ez dela atsegina. Zer nahi dun egitea? Oraintxe etxetik alde egiteko desiatzen natxion. Ez dizkinat agoantatzen eta beraiek ere asper asper eginda daudela konturatzen naun. Gai hauek direla eta, Mertxe neskalagunarekin haserretu naun. Oraintxe plaza eskuratzeko, bizirik daudenak ere lurperatuko dizkinat...

BENBA: Geologia ikasi eta gero.

 

aintzanek ukondoaz jotzen du hanka sartu duela adierazteko.

 

ENEKO: Zer? Berriro adarra jotzen?

AINTZANE: Ez gaizki hartu, Eneko. Esperantzarik bai al duk?

ENEKO: Hogeita hamabostek eman geninanen izena. Lehen etsaminean hamabost bakarrik gelditu ondoren bigarrenera bederatzi pasa ziren. Orain hiru bakarrik gelditzen gaitun.

AINTZANE: Azken txanpan, hiru bakarrik zarete, beraz.

ENEKO: Bai, eta horietako bat alkatearen iloba.

BENBA: Alkatearen iloba?

ENEKO: Bai, bai, alkatearen iloba.

AINTZANE: Hor epai mahai bat izango duk eta mahaiak hartuko dizkik erabakiak. Alkatearen iloba dela eta horrek ez dik hark plaza eskuratuko duenik esan nahi. Sindikatuak ere hor zeudek horrelako kontratazioak kontrolatzeko.

ENEKO: Titulazio aldetik eta, ni neu naun hoberena. Besteak, Enrikek, graduado eskolar soila din. Hori, gainera, erdaldun hutsa dun. Alkatearen iloba, berriz, lanbide heziketan jardun din. Ni, ordea, unibertsitatean ikasi eta lizentziatura eskuratua. Baina hemen entxufeak ere asko balio din.

AINTZANE: Oraingoan lortuko duk. Hori bai, gero txanpain boteila freskatzen jarri eta edanaz zelebratuko diagu.

BENBA: Bai, bai, oraingoan bai.

ENEKO: Oraingoan ez bada, nire buruaz beste egingo dinat.

AINTZANE: Utzi egin behar haut Eneko. Honez gero manifestazioa hasia izango duk eta amari bertara joango naizela hitz eman zioat.

ENEKO: Joder! Horrela de puta madre bizi eta gero joango ninduken ni ere manifestaziora! Hemen hipokresia haundia zegon. Presoen pankarta hartu eta paseatzera joaten zerate, kunplitu eta beste bat arte. Borroka gehiago egin gabe aterako direla iruditzen al zain?

AINTZANE: Hori ez diat onartzen. Presoen arazoa hori baino serioago duk. Jende asko zegok hor alferrik sufritzen. Guk presoak gure inguruan nahi dizkiagu eta ahal baldin bada etxean hobe. Eskubide baten alde ari gaituk.

ENEKO: Eta lan egiteko eskubidea? Hitzak, hitzak eta pitzak. Urrutikoak gogoan eta bertakoak hor konpon alboan! Solidaritatea, elkartasuna...zakurraren putza.

AINTZANE: Gaur eztabaidarako gogo sutsuarekin ikusten haut. Ez diat denborarik. Lana lortutakoan txanpaina prestatu eta hustuko diagu. Orduan lasaiago eta pakeosoago izango haiz eta. Badator manifa burua.

BENBA: Biak joango gara amarengana.

AINTZANE: Ez Benba, nahiago dut bakarrik joan.

BENBA: Ikusten?

AINTZANE: Emaidazu denbora. Aste honetan konponduko dut sin falta. Orain, ordea, utzi egin behar zaitut. Manifa bukatu, amari etxera lagundu eta hemendik ordu betera bilduko gara Txoko tabernan.

BENBA: Beti berdin!

ENEKO: Oraintxe konturatu nauk. Aintzanek ez hau amaren aurrean aurkeztu nahi.

AINTZANE: Isildu hadi, prozezio honetan ez zagok inongo kandelarik hiretzat. Bueno Benba, dagoenekoz hemen dira eta banoa.

ENEKO: Ez haserretu Benba. Aintzane bihotz oneko neska duk. Nahiago nikek ni horrelako baten jabe banintz...

 

Manifestazio oihuak urruti antzean entzuten hasten dira.

 

BENBA: Ni ere banoa. Ez dut Aintzane eta bere ama ikusteko gogoa (joaten da).

ENEKO: (Bankuan eserita) Hau duk hau putada! Periodikua letzeak ere nazka ematen zidak. Lan anuntzioak tajuzkorik ez. Enpresa tenporal horiek bai ederki. Ezeren inbertsiorik egin gabe eta ezer arriskatu gabe, horiek bai mauka. Kaka zaharra!

 

Periodikua zabaltzen du eta irakurtzeari ekiten. Bienbitartean, nahiz manifestazioa eskenategian ikusiko ez den, manifestazioko oihuak gerturatu dira: “Presoak kalera, amnistia osoa” “Ez, ez, ez, errepresiorik ez” “Jo ta ke irabazi arte” “Independentzia” eta antzeko oihuak nabarmenduko dira. enekok ez die begiratu ere egingo. Periodikuan anuntzioei, letra txikiari, begira jarraituko du.

 

 

Manifestazioa pasa dela ikusitakoan...

 

            Hemen ez zegok fundamentuzkorik ezer. Atso alu hura harrapatzen badiat...

            (Imitatuz) “Hemen lana nahi egin duenarentzat lana bada. Lana egin nahi duenak bilatu eta topatuko du. Hemen lanik egin nahi ez duenak ez du topatzen. Alferkeria asko eta lanerako gogorik ez...”. Azala behar da horrelakoak esateko!

 

Halako batean, bi tipo sartu eta parean dagoen etxearen horman iragarki bat jartzen ari direla konturatzen da. eneko hurbiltzen da.

 

ENEKO: Zer egiten ari zarete zuek?

PATXI: Hementxe!

ENRIKE: Que estamos hasta los cojones.

ENEKO: Hi Enrike, nire lehiakidea haiz eta! Sepulturero plazara aurkeztua! Zer egiten duk hik hemen?

ENRIKE: Ni... (euskaraz egiten ez du asmatzen).

ENEKO: Eta zein da kartela? Zer dio kartelak? Hau ere ba al dugu? vascuence voluntario.

PATXI: Inposaketaren kontra.

ENEKO: Ea, ea, esplikatu hori mesedez.

PATXI: Guk ere euskarari bai baina derrigortu gabe. Burgesia zapaltzailearen kontra.

ENEKO: Euskarak zer ikusirik bai al du ba burgesiarekin?

PATXI: Bai, bai. lehendakariak administrazioa batzoki bihurtu nahi du. Euskara derrigortzen ari da eta alkatea ere bai.

ENEKO: Hemen denak ezagutzen diagu elkar. Hori duk hori pizza mentala darabilkizuena!

ENRIKE: Como lo de sepulturero que piden euskera. Como si los muertos hablaran! Esto es el colmo!

PATXI: Arrazoi dik Enrikek.

ENEKO: Hildakoak lurpean sartzeko ez zagok hitz egin behar haundirik.

PATXI: Hoori esaten diagu!

ENEKO: Baina hildakoen familiakoek hitz egiten ditek eta normala duk sepultureroak bi hizkuntzak ezagutzea.

ENRIKE: Y por eso me van a joder la plaza?

PATXI: Ez zagok eskubiderik!

ENEKO: Hori ez duk nik erabaki beharreko kontua. Ni ere lanik gabe natxiok hi bezalaxe. Gure langabezian euskarak ez dik inongo kulparik.

ENRIKE: ¡Claro! Como ya sabes que te pueden dar el puesto...

ENEKO: Niri eman ez zidak inork ezer emango. Eskuratzen badiat ongi merezia dudalako izango duk.

ENRIKE: Como me dejen fuera por el euskera les voy a meter un contencioso que se van a cagar.

PATXI: Nahi duenak euskara ikasi dezala, baina hala nahi duenak, behartu gabe, demokratikoki. Euskara ez da politikarekin nahastu behar.

ENEKO: Eta erdara demokratikoa al da? Nahikoa diagu! Ara! Gaur ez diat haserretzeko gogorik. Bestela ere nahikoa buruhauste badiat zuekin eztabaidan ibiltzeko.

ENRIKE: Mira tío, que se te ve el plumero.

ENEKO: Segiok popatik hartzera!

 

Kartela ipini eta alde egiten dute. eneko berriro bankoan esertzen da. Eskenategiaren atzealdea ilun geratzen da.

 

ALKATEA: (Publikoari mintzo zaio) Hemen ikusi eta entzun ditugun guztiak bertan gertatuak dira. Gizarte zapaldu honetan ez da erraza izango bakea eraikitzen. Era askotakoak dira arazoak eta gatazkak. Eguneroko arazo horiek konponduz bakarrik lor dezakegu aurrera egitea. Ikusi ahal izan dugu etorkinek bizi duten egoera, herrian sor daitezkeen gai hauekiko gorabeherak. Ikusi dugu langabeziaren ondorioa, emakumeen diskriminazioa, euskararen inguruko jarrerak, presoen arazoari buruzko manifestaldia, horren azpian dagoen arazo politikoa... Horiek guztiak eztabaidatuko ditu hurrengo udalbatzak eta bake tinko baten aldeko mugarriak jartzen ahaleginduko da.

PUBLIKOA: Eta biolentziarekin kaltetuak? Baztertutako zaharrak? Erasotutako emakumeak? Jipoitutako haurrak? Lan istripuak?

ALKATEA: Horiek guztiak egiak dira eta horien inguruan sufrimendu asko sortzen da. Eta sufritzen duenaren inguruan ez da bakerik. Hitza damaizuet hurrengo udalbatzan arretaz aztertuko ditugula guztiak jendaurrean.

 

Oihala jaisten da.