BIGARREN ATALA
Udaletxeko areto nagusia. Mahai bat erdian. Bost aulki. Erdian alkatea. Eskuinean kultur eta euskera zinegotzia. Ezkerrean ongizate sozialekoa eta idazkaria.
ALKATEA: Jaun-andreok, gaurko saioa lehengoaren jarraipena baino ez da. Bilera honetako deialdiaren inguruko argibideak ematea eskatuko nioke idazkari jaunari.
IDAZKARIA: (Irakurriz) Ekidazun, joan den hilean bildutako batzarrean...
ALKATEA: Bileraren akta osoa irakurtzea baino hobe dugu gaurko saio honen helburuak zehaztea.
IDAZKARIA: Gure herrian bakean bizitzeko oinarriak finkatzea eta horretarako pausoak ematea da gaurko bileraren asmoa. Bake-biltzarrari emango zaio hasiera orain.
ALKATEA: Ez ahaztu lagunok udal osoaren izenean izendatutako batzordea zaretela eta hain gai sakona izanik, herritarrok zer esana baduzuela. Beraz, labur eta zehatz hitz egitea eskatuko nizueke.
ONGIZATE ZINEGOTZIA: Ongizate zinegotzi gisa argi eta garbi esan nahi dut erabateko bakerik ez dagoela inon, eta hemen ere ez dugula lortuko. Gutako bakoitzak gatazka daramagulako. Nik batez ere arazo politikoari helduko nioke. Fanatismo gehiegi dago gure artean.
PUBLIKOA: (Txistu egiten dio)
ALKATEA: Eskertuko nizueke bakearen aldeko batzarra bakegiroan egin ahal izatea. Iritzi guztiak, nahiz eta gure gustukoak ez izan, errespetagarriak direla ez ahaztu.
EUSKARA ZINEGOTZIA: Ni Euskara zinegotzi bezala, euskararekin zernolako jarrera erakutsi den azpimarratu nahi dut. Ez dute gure hizkuntzarekin bakerik nahi.
ONGIZATE ZINEGOTZIA: Hor diskriminazioa ikusi da. Erdaraz guztiok elkar ulertzen baldin badugu, zertarako euskara bezalako hizkuntza derrigortu?
EUSKARA ZINEGOTZIA: Euskarari normalkuntzarako bideak zabaltzen ez zaizkion bitartean hemen ez da bakerik izango.
KULTURA ZINEGOTZIA: Kultura da nire lan gaia. Harrigarria da Ongizate saileko zinegotziak langabeziaren gaiari heldu ez izana, batez ere joan den astean gure artean gertatua gogoan hartzen baldin bada.
ONGIZATE ZINEGOTZIA: Zer esan nahi duzu? Hitz egin garbi!
KULTURA ZINEGOTZIA: Zure ardurapeko sailean, sepulturerotzarako, egindako deialdiaz ari naiz.
ONGIZATE ZINEGOTZIA: Hori manipulazio bat da. Eneko langabezian zegoen eta sepulturero lanetarako ez zuen plazarik atera. Bere buruaz beste egin duela eta udalak ez du inongo errurik.
PUBLIKOA: Bai, alkatearen ilobari eman zioten. Txantxulloa!
ALKATEA: Gai horretaz argibiderik edota eztabaidarik nahi baldin baduzue beste bilera baterako gera gaitezke. Gaurkoaren helburua beste bat da.
KULTURA ZINEGOTZIA: Nahiz eta euskararen gaia aipatu den, arazo politikoari heldu nahi dio Ongizate kontzejalak. Pozten naiz. Gutxienez nire udalkideak aitortzen du arazo bat badela. Jakin beza herri bati ezin zaiola hesirik jarri, ezin dela bortxaz ezarritako bakerik eraiki.
ONGIZATE ZINEGOTZIA: Hemen bortxa biolentoek bakarrik erabiltzen dute. Guk baditugu estatu osoan onartutako arauak eta legeak, horien barruan dago etorkizunean bakea.
EUSKARA ZINEGOTZIA: Legea bera bete behar da, euskararen kasuan, ordea, bigarren mailan dugu hemen.
ONGIZATE ZINEGOTZIA: Okerrago daude Frantzian.
EUSKARA ZINEGOTZIA: Horrek pozten al zaitu? Hemen demagogo asko dago eta ezinikusia, berriz, osoa...
ALKATEA: Gaia bere onera ekartzen saiatuko naiz. Hainbat arazo ikusi dugu. Zer da arazo horiek gainditu eta bakea lortzeko egin beharko genukeena? Adibidez politika mailan...
PUBLIKOA: Mitinik ez!
KULTURA ZINEGOTZIA: Herri honi bere etorkizuna erabakitzen utzi. Hor dago gakoa. Hori onartzen baldin bada bakebidean pauso sendo bat emango dugu.
ONGIZATE ZINEGOTZIA: Hori estatua apurtzea da. Biolentoek hori nahi dute. Hori amore ematea eta bestea zapaltzea da.
EUSKARA ZINEGOTZIA: Zergatik ez duzu zure alternatiba agertzen?
ONGIZATE ZINEGOTZIA: Batasunari eutsi behar diogu: estatuari, Europa batuari. Mundu elkartuago bat, nazionalismorik gabeko gizarte baten aldeko apustua da nirea.
KULTURA ZINEGOTZIA: Nazionalista zanpatzaileen planteamentua da hori.
ONGIZATE ZINEGOTZIA: Zer esan nahi duzu, nazionalista zanpatzailea naizela?
EUSKARA ZINEGOTZIA: Bai jauna, gainera faxista.
ONGIZATE ZINEGOTZIA: Faxista naizela?
Jaiki eta besteak jotzera joateko imintzioa egiten du.
ALKATEA: Geldi hor!
ongizate zinegotzia esertzen da.
Gauza hauek ez dira muturjoka konpontzen. Herri honi bere etorkizuna aukeratzen trabarik gabe utzi behar zaiola aitortzen zuen Kultura arduradunak. Abertzaletasuna gogoko ez duelako edo, estatua zati ezina eta legea alda ezina dela adierazi digu Ongizatekoak.
EUSKARA ZINEGOTZIA: Erdibide bat proposatuko nuke nik, baina bide erdian geldituko nintzateke. Ura eta olioa batera ezinak dira, bietako baten hautua egin beharra dago. Nik dena dela, biolentotzat jotzen gaituztenekin ez dut konponbiderik ikusten. Joan den mendeko gerra osteetan zapaldu gintuzten. Francoren diktaduran birrindu, gure hizkuntza eta nortasuna erauzi nahi izan digute inongo gaitzezpenik gabe. Eta horientzat gu gara biolentoak...Gernikan gertatua gogoratzen hasi behar al dugu orain?
ONGIZATE ZINEGOTZIA: Nik ez dut Gernikarekin zer ikusirik, jaio gabea nintzen artean... Nik ez dut berriro hori gertatzea nahi. Horregatik gure herriari seguridadea emango dion estatu baten babesean jarraitzea nahiko nuke.
EUSKARA ZINEGOTZIA: Estatuaren biolentziarekin jarraitu nahi duzue. Zapaltzaileak zuek! Alde hemendik!
ONGIZATE ZINEGOTZIA: Hi berriz probokatzailea. Zer nahi duk jendea berotu gero egurtu nazan? Ez al diat nik nire iritzia emateko eskubiderik?
KULTURA ZINEGOTZIA: Guk ez diagu hire intentziorik juzgatzen, baina praktikan herri hau itotzen ari zarete. Herri honek arnasa behar dik biziko bada, eta hi bezalakoek ukatu egiten diote. Herri batek bere etorkizuna erabaki nahi baldin badu zergatik ez zaio utzi behar?
ONGIZATE ZINEGOTZIA: Herriaren kalterako delako. Ikusi bestela zer gertatu den Kosovon, Serbian, Timoren eta Afrikako herrialdeetan. Nik ez diat gure herria, herri hau zuena bezain gurea baita, odolpean itota ikusi nahi.
KULTURA ZINEGOTZIA: Canada eta Quebec zergatik ez dituk aipatzen? Han aldian aldiro herriari iritzia eskatzen zaio eta ez da ezer gertatzen. Han ez dago inongo arazorik.
EUSKARA ZINEGOTZIA: Argi eta garbi hitzegiteko garaia da. Etengabe zapaltzen gaituzue komunikabideetan, hizkuntzan, ekonomian, kanpo harremanetan, presoekin...Gerra pizten duenarekin ez dago bakerik.
ONGIZATE ZINEGOTZIA: Zuek, zuek zarete bakearen etsaiak. Dena irauli nahi duzue. Abertzale fanatiko fundamentalista nazkagarri batzuk baino ez zarete. Herritarren eta etorkizunaren hiltzaileak. Kareta kendu eta zuen benetako aurpegia ikusten denean herri hau konturatuko da eta geroz eta jende gehiagok jarraituko digu.
EUSKARA ZINEGOTZIA: Herri honek ez du zuek bezalako jende malapartatuaren traturik merezi. Independentzia behar diagu.
KULTURA ZINEGOTZIA: Etorkizuna erabaki ahal izatea!
ONGIZATE ZINEGOTZIA: Estatu batasuna!
EUSKARA ZINEGOTZIA: Utikan, kanpora!
ONGIZATE ZINEGOTZIA: Ez gaituzue kanporatuko. Eutsiko diogu!
EUSKARA ZINEGOTZIA: Kanpora!
ONGIZATE ZINEGOTZIA: Biolentoak kanpora. Gu ez.
ALKATEA: Ustez bakerako bideak zabaltzeko bildu gara hemen baina batzar honek porrot egin duela bistan da.
KULTURA ZINEGOTZIA: Gutako bakoitzak bere iritzia eman du, baina alkateak ez du gai hau dela eta hitz erdi bat esan.
ALKATEA: Arrazoia duzu. Nik ere badut nire iritzia. Hasteko iruditzen zait ez dugula behar den heldutasunik erakusten, herritarrok eskatzen digutena ez dugula betetzen. Aitortzen dut bilera honen porrota eta ni neu naiz erantzule nagusia. Horretaz gain, nahiz eta ni neu independentziaren aldeko ez naizen, neri iruditzen zait herri bat inongo gatazka beldurrik gabe erabakiak hartzeko gai izan behar duela. Ikurrinarekin gertatuaz gogoratzen naiz; bere garaian hainbat oinaze, heriotz eta odol isurtzeko izan bazen ere, gero normaltasunez onartzera iritsi gara. Herri bati hitza ematen zaionean, normalean ez du bidegabekeriarik egingo eta bere ibilbidea normaltasunez onartua izatera iristen da.
ONGIZATE ZINEGOTZIA: Garbi dago nongo taldekoa zaren. Nik bestelakorik ez nuen espero. Hori, ordea, utopia hutsa da. Politikaren ardura dugunok ezin dugu herria amildegira eraman. Zu bezalakoak dira hemen peligrosuenak. Ardi larruz jantzi eta otso basatiak zarete. Euskara zinegotziarena garbi dago, kartak berehala erakusten ditu. Zuen anbiguidadea, ordea minbizia baino beldurgarriagoa da.
ALKATEA: Ez dut eztabaida horretara makurtzeko asmorik. Bakearen aldeko biltzarrari hasiera eman diogu eta bistan da bete betean huts egin dugula. Ni neu naiz udal honetako arduradun nagusia onerako eta txarrerako. Nik neronek dimititzeko asmoa aurkeztu nahi dut nire kargua udal osoaren eskutan uzten dudalarik.
KULTURA ZINEGOTZIA: Zure ezkerrean duzunak dimititu beharko luke inork dimititzekotan.
ONGIZATE ZINEGOTZIA: Ez dut dimitituko, ez nauzue botako.
ALKATEA: Utz ditzagun orain kontu horiek.
IDAZKARIA: Alkate jauna, jakin ezazu zure kargua udalaren esku uzten baldin baduzu hemengo batzordea ez dela hori onartzeko gai eta hori hurrengo osoko bilkuran erabaki beharreko kontua dela.
ALKATEA: Nire asmoen berri aktan argi eta garbi jasotzea eskatuko nizuke.
IDAZKARIA: Halaxe egingo da. Eta zer egin behar dugu orain? Biltzarra amaitutzat eman?
ALKATEA: Ez, ez herriari zor diogun begirune eta errespetuagatik, herri honek hemen jarraitzen duen bitartean zabalik jarraitzen du batzarrak ere. Zuen artean badira gizarteko hainbat esparrutan lanean ari zaretenak. Bistan da zuen bake nahia. Gu udalaren ordezko batzorde bezala amaitutzat ematen dugu ahalegin hau eta zuek daukazue hitza. Eskatzeak lotsa ematen dit, baina igo zaitezte, igo lasai guk konpondu ez duguna ea zuek lortzen duzuen.
Inor ez da mugitzen. Isilune bat. Gainontzeko zinegotziek ere keinuz animatu nahi dituzte.
Argi esan nahi dut biltzarrak ez duela porrot egin, gu izan garela porrot egin dugunak. Badakit asko eskatzea dela baina igo zaitezte, esaterako, bertsozaleen elkarteko zaitugun Ekaitz, literatur mundua ezaguna duen eta zuen artean dagoen Olatz, kantaria dugun Uxoa eta beste bakarren bat...
Jaikitzen dira eta eskenategira abiatzen. Bienbitartean, zinegotziak eta idazkariak alde egingo dute. alkatea mahaitik jaikiko da eta partaideei ongi etorria emango die.
Eskerrik asko, benetan. Zuek duzue hitza.
Mahaian esertzen dira. alkateak alde egiteko keinua egiten du.
EKAITZ: Ez dut uste gure artean eztabaida haundirik izango dugunik, baina moderadore bat tartean ona izaten da. Alkateak zeregin hori bere gain har dezala eskatuko nioke.
ALKATEA: Ezin ba ezezkorik eman. Moderatzen alkatetzan baino hobeto asmatuko al dut! Ekaitz ezaguna dugu. Aurkezpen gehiagorik gabe, berea du hitza.
EKAITZ: Lotsa gaindituko al dut! Udaleko lagunei ez desanimatzeko eskatuko nieke. Pilota partidua hogeita bira da eta gorabehera asko izanagatik, bakearen aldeko partidua irabaziko dugulakoan nago.
OLATZ: Bai, ni ere bat nator Ekaitzek dioenarekin.
UXOA: Ekaitzaren ondoren nagusituko da barealdia.
EKAITZ: Nik ezer gutxi esan dezaket gai honetaz, Bertsozale naizen aldetik bertsolarien esanak eta lanak ditut gogoko.
ALKATEA: Zein da bakearen gaia dela eta, atera duzun ondorioa?
EKAITZ: Hemen ere ez pentsa denok bat gatozenik. Zenbat buru hainbat aburu. Jakin badakit, bestalde, bertsolariren baten aipamenak besteren baten gutxiespena ekar dezakeela. Zerrenda luzea osa daiteke, baina nik bi bertsolariren aipua egingo nuke: Hegoaldeko Lasarte eta Iparraldeko Xalbador. Lasartek, esaterako, gerraren ondorioak aipatzen ditu ondoko bertso honetan. Bertso asko ditu baina horietako bat baino ez dut jaso.
Gerrak iņorentzako
azken onik eztu,
jardiņik politenak
oi ditu itxustu;
mendi eta herriak
txikitu ta austu
eta errugabeak
bertan odol-ustu.
OLATZ: Bakearen aldeko oihua dela bistan da. Esanguratsua bertsoan darabilen irudia.
EKAITZ: Xalbador, berriz, maisu ageri zaigu bakeari kantatutako bertsoetan. Hona hemen, labur beharrez, horietako bi:
Denek dugu bakea gure mingainean,
nahiz herra bazkatu bihotzen barnean,
betidanik bezala, gaurko egunean,
hameka girixtinok lur hunen gainean,
gerla egiten dugu zure izenean.
Bertze gose mota bat bada hedatua:
zonbaitek ase nahiz beren mendekua,
non nahi sortzen dute bizi irrixkua;
ez dauka hoien baitan bakeak lekua,
errabiak gidatzen diote eskua.
ALKATEA: Bikainak!
EKAITZ: Nik ez daukat zer esan haundirik. Xalbadorri entzunak nahikoa argi uzten dizkigu gauzak. Bakearen izenean gerla egiteak kezkatzen du eta mendeku egarriak sortzen duen gorrotoak. Abiapuntu polita litzateke.
ALKATEA: Hausnarketarako gai polita. Besterik esatekorik bai?
EKAITZ: Nik beste norbaiti emango nioke hitza.
ALKATEA: Ea Olatzek zer dion.
OLATZ: Ez da erraza literatur munduan bakeari buruz isladatzen den ikuspegia azaltzen. Ez dut gai honen bila ohiko antologietara jo. Denen gustukoa izango ez bada ere, hona hemen herriaren egoera nola jasotzen duen Gazteluk.
Musika suabe bat lagun duela
Herria! Herria!
Zer egin ditek hirekin?
luzaro irendu induten
eta orain hor ago
uztarpean hezirik,
uztarpean hezirik eta
mantso bai mantso.
EKAITZ: Gogoangarria uztarpean ikusten dueneko irudia nola bitan azpimarratzen duen.
OLATZ: Halaxe da. Ezaguna da, bestalde, Arestiren beste pasarte bat Nire aitaren etxea defendituko dut esaten dueneko hura. Nik, hemen aipatzekotan, gazteriarengan duen ustea aitortuz eginikoa irakurriko dizuet:
Ez bakarrik odolak
Zainetan irakin
Begira gazteriak
Egiten zer dakin.
Egiaren mesede
Jarrai eta ekin
Euzkadi argitzeko
Kriseilu batekin.
ALKATEA: Dena den, berezi samarra da Arestik duen ikuspegia, ezta?
OLATZ: Zaila da Arestiren izaera aberatsa hitz bitan biltzea. Seguraski zerbait oroitaraziko dizue ondorengo pasarte honek:
Bizi gaitezen aparte
Heriocea dakarte
ez dut kenduko bizarra
Euskara salbatu arte.
Ez dugu nahi bakerik,
hilerrietan aterik.
Mutu lenago!
Inork ez digu bakerik
emango!
Biba Berango!
UXOA: Bistan da Aresti ez dela hilerrietako bakearekin konformatzen. Amesten duen bakearen alde era aktiboan lehiatuko da.
ALKATEA: Egingo al dugu aurrera? Uxoa hementxe dugu zai.
UXOA: Jakin izan banu ez nintzen hona igoko. Uste baino lan zailagoa hartu dut nire gain.
ALKATEA: Lasaitu zaite emakumea! Guk lehenago egin dugun saioa baino traketsagoa ez da inondik izango eta.
UXOA: Gainontzeko herrietan gertatzen den bezala, hemen ere euskal kantak nolabait herri baten izaera eta biziera isladatzen du. Kantu bakar baten apustua egin behar eta, Benito Lertxundiren “Txori ttikia” aukeratu dut. Nire ahotsa ez baita horretarako batere egokia, Benito Lertxundiri berari entzungo diogu.
Argia jaisten da eta grabazioa entzuten. Bienbitartean kantuarekin zer ikusia duten irudi txuribeltzak ikusiko dira eskenategiko atzealdean. Amaieran isilune bat.
Txori ttikia nintzelarik
esan zidaten
bertan bizitzeko
sortua nintzela,
gero arrano bihurtu nintzenean
kaiola hautsita aldegingo
nuen beldurrez,
libro nintzela sinistarazi
nahi zidaten,
horregatik iriki zizkidaten ateak
egin nezan hegaz,
baina luze gabe ohartu nintzen
hanka arkaitz bati
lotu zidatela
kate motz eta aztun batez.
ALKATEA: Esku artean dugun gaiaz oroituta hunkituta utzi nau Lertxundiren kanta honek.
EKAITZ: Ez dut uste orain kantuak dioena interpretatzen hasi behar dugunik. Denok entzun dugu eta bakoitzak bere ondorioak atera bitza.
PUBLIKOA: Bertsoak, olerkiak eta kanta hau entzun dugu, baina honek zer ikusteko du bakearekin?
UXOA: Galdera bera egitea oso positiboa da, bakeaz arduratuta zaudenaren kezka. Hemen entzundakoak zer aportatzen duen? Bistan da dozenerdi bat bertsok edota beste horrenbeste olerkik ez digula bakerik ekarriko. Baina bakebidean abiapuntu izan daitezke.
EKAITZ: Agintariekin zer gertatu den ikusi dugu. Mahai honetan eseri diren guztiek nahi dute bakea, baina ez dugu elkarrizketa bat entzuteko aukerarik izan. Zergatik? Beharbada fruta oraindik heldugabea delako, giro egokirik ez dugulako, batzuk eta bestek asko sufritu dugulako. Ondoren kantatu eta irakurritakoak giroa egokitzeko, nondik nora jo daitekeen ikusteko, aukerak eskaini dizkigute.
OLATZ: Hemen muestra bat entzun dugu. Interesaturik zaudetenok olerkariek, kantariek, bertsolariek gai hauen inguruan kantatu eta kontatu dizkigutenak jaso ahal izango dituzue.
ALKATEA: Moderadore izatea egokitu zaidan aldetik saio honen ondorioak ateratzea dagokit. Hemen aulki bat hutsik geratu zaigu. Beste norbaiten ekarria ere gustura jasoko genuke. Norbait animatzen baldin bada arreta osoz entzungo diogu.
Isilunea.
(Aretora begiratuz) Ez al da honera igo nahi duenik?
Isilunea.
Bueno, beste inor agertzen ez denez gero, lehenik eta behin eskerrik beroenak...
Aretoan pailazo bat agertzen da eta eskenategira abiatzen.
Hemendik ondo ikusten ez bada ere, badirudi norbait badatorrela. Guztioi txalo bero bat eskatzen dizuet, eskertzekoa baita.
Eskenategian, mahaira eta publikoa dagoen tokira begiratuz.
PAILAZOA: Arratsalde on.
ALKATEA: Aizu, uste dut okerreko bidetik etorri zarela. Gaur ez dago hemen inongo jaialdirik. Bake gogoak bildu gaitu hemen batzar honetan.
PAILAZOA: Baita ni ere.
ALKATEA: Bakearen gaia askoz serioagoa da. Horrelako eztabaida batean ez dago pailazoentzat lekurik. Alde egin behar duzu hemendik. Sentitzen dut horrelako erabakia hartu beharra, baina herritarrok ulertuko didazue.
Txistuak aretoan.
PAILAZOA: Barkatu jauna, ni naiz hemen pailazoa. Botatzen banauzu pailazoarena zuk egingo duzu.
EKAITZ: Gaur hemen gertatuak ikusi eta gero, ez dugu ezer galtzen. Herrikoa denez, hitza ezin zaio ukatu.
ALKATEA: Bakea ez da txantxetan hartzeko kontua. Horregatixe bakarrik ez dut ontzat ematen pailazoaren etorrera. Orain, ongi baderitzozue, ni moderadore baino ez bainaiz une honetan, hitzegin dezala. Zehatz eta labur baldin bada, hobe.
PAILAZOA: Eskerrik asko.
(moderadoreari irrifartsu) Zu moderadore zarela esan duzu baina alkatetzaren aginte makila ez zaizu ahaztu e! Alkate baino moderadore...hobe.
ALKATEA: Ongi da. Zein da zure mezua?
PAILAZOA: (Lapurreta keinua eginez) Batzuei luzatu egiten zaiela besua.
ALKATEA: Mintza gaitezen serio.
PAILAZOA: Bazen lehenago nahiko hitz jario.
ALKATEA: Entzun, bakea da gure gaurko gaia.
PAILAZOA: Baita pailazo honen nahia.
ALKATEA: Bukatuko zait pazientzia.
PAILAZOA: Niri hitzegiteko lizentzia.
ALKATEA: Nola ikusten duzu bakea?
PAILAZOA: Gure artean sua falta, sobran kea.
ALKATEA: Hauxe bai ulertezina.
PAILAZOA: Denon buruko mina.
ALKATEA: Behingoz, hitzegin ezazu tajuz.
PAILAZOA: Ez jardun denak endreatuz.
ALKATEA: Ikusten nago...Honek ez du bukatuko.
PAILAZOA: Hitza oraintxe dizut hartuko.
ALKATEA: Ez zaigula isilduko...
PAILAZOA: Bakea lortzeko zer egin behar den jakin nahi al dezu?
ALKATEA: Bai, noski.
PAILAZOA: Orduan ez gabiltza gaizki. Baina, zehatz mehatz esatea nahi al dezu? Nik ez dakit diskurtsoak egiten. Nik di-da konponduko nuke.
EKAITZ: Honek Xenpelarrena ez al digu egingo? Zeinek nahi duen galde, berari tira dale...
PAILAZOA: Nik errezeta emango dizuet, prezio onean gainera.
ALKATEA: Horixe behar dugu, horregatik kobratzen astea!
PAILAZOA: Zerbait konpontzen duenak kobratzea ez dago gaizki. Okerragoak dira ezer egin ez eta kobratzen dutenak!
(alkateari begira) Ez haserretu. Badakizue pailazook pailazokeriak esaten ditugula.
ALKATEA: Gai hau larriegia da horrela denbora galtzen ibiltzeko. Nik saio honi amaiera ematea proposatzen dizuet.
UXOA: Purrust, hemen jendea urduri jartzen ari zaigu.
PAILAZOA: (Urduri) Ikusten dut nigan ez duzuela konfidantzarik...
(Nahigabetua) Pailazoak gaizki tratatzen duen herrian ez da inoiz bakerik izango.
OLATZ: Bale Purrust. Barkatu eta bota ganbara horretan gordea duzuna. Zuri entzuteko irrikitan gaude eta.
PAILAZOA: (moderadoreari begiratuz) Horrela bai, horrela gustua ematen du. Begira, gauzak sinple, sinple, sinple, sinpleak dira. Jaungoikoak eman zizkigun mingain bakarra eta bi begi.
ALKATEA: Eta?
PAILAZOA: Mingaina gutxiago dantzatu eta begiak gehiago zabaldu behar direla.
ALKATEA: Zuk esango duzu.
PAILAZOA: Egunero ikusten dut bide zuzena zein den. Begiak
argi eta belarriak eme. Hori da sekretua.
(Bi atzekin garaipenaren seinalea egiten du) Nik astoak erakutsi zidana oso gogoan dut. Norbaitek esan zidan eta geroztik neuk ikusi dut.
ALKATEA: Orain ere badugu astakeriaren bat.
(Jendeari) Amaituko al dugu saio hau?
PUBLIKOA: Jarraitu Purrust!
PAILAZOA: Istorio hau kontatu eta berehala bukatuko det. Behin batean, hortxe, Iturrioztik abiatu eta Zelatuma bidea nondik nora egingo eztabaidan ari ziren. Hantxe zeuden bi injinari, bat agronomoa eta bestea “de caminos”. Hantxe, jo ta fuego diskutitzen. Batek Erniorako bidea ezkerretik eskuinera egin behar zala eta besteak ezetz, eskuinean hasi eta ezkerrera hobe zala. Halako batean, hor non datorren artzaia astaotarretan gaztak sartu eta Zarautzko bidean. Korbatadun bi gizon haundi haiek ia mutur joka ikusita, “Zer gertatzen da hemen?” galdetu zien. “Orain Zelatuma joateko bidea zabaldu behar dugu eta ondoren handik honako ubidea egin behar dugu Erniopean aurkitu dituzten urak karreatzeko. Egozkor honek, berriz, ez dit kasorik egiten” erantzun zion gorbata luzeena zuenak. “Honek ditu kulpak, horrela ez dugu santa sekula bukatuko” orduan besteak. “Bidearen kontua kezkatzen al zaituzte?” —artzaiak. “Orain bideak, eta gero ubideak” injinari zaharrenak. “Motel, motel, hori berehala konponduko degu. Astoak ederki erakutsiko digu nondik nora egin behar dan”. “Hi adarrik ez” —biak. “Baietz ba, astoak ongi erabakiko duela. Astoa alperra det eta berak aukeratzen du biderik erosoena”. Esan eta egin. Astoa libre utzi eta bidean gora astoa igotako tokitik egitea erabaki zuten.
ALKATEA: Eta ubidea?
PAILAZOA: Hori errezago. Astoa gainkaldera iritsi zanean pixa zarrasta ederra egin, eta ubidearentzat bide motz eta zuzena zein izango zen berehala antz eman zioten.
OLATZ: Bikaina adibidea!
ALKATEA: Nik ez dut piperrik ulertzen. Zer esan nahi izan duzu horrekin?
PAILAZOA: Pailazo onak ez ditu bere esanak esplikatzen. Nahiz ez izan erreza, bakoitzak ahal duena uler beza.
EKAITZ: Olatzek argituko digu.
OLATZ: Nik ulertu dudana hauxe izan da: injinariak bezala, gu bakea nondik nora eraikiko gabiltza. Astoak, animalia arrunta inon arruntik bada, erakutsi zien bidea. Hemen bakea lortzeko goitik ibili gara, fantasia haundiarekin. Eta, beharbada, eguneroko gertakizun arruntetatik ikasi beharko dugula.
UXOA: Bi begiak zabaldu behar direla esan du.
EKAITZ: Belarriak, berriz, eme.
ALKATEA: Agian arrazoia du Purrustek. Egunargiz ilargia topatzea ez da beti erraza izaten. Eskerrik asko Purrust. Zuk erakutsitako bidetik aurrera egiten saiatuko gera. Eguneroko gertakizun xume horietan bakebidearen zantzua sumatzen saiatuko gara.
Txalo jotzen diote mahaikideek eta oihala jaisten da.