Ezkonduko ditugu?
Antton Luku
Ezkonduko ditugu?
Antton Luku
Maiatz, 1995
Ezkonduko ditugu?
Antton Luku
Maiatz, 1995
[aurkibidea]

 

BIGARREN ZATIA

 

(Donibane Garazin nonbeit Garat trinketaren ondoan)

 

 

Lehen agerraldia

 

anne-sophie, oihana, franck, marie-rose

 

Atean dira hiruak, sartu eta esplikatu berriak.

 

MARIE-ROSE: O! Petit basque-n! Zaudezte, jartzen naiz. Eta interesatuak zirezte. O! jainkoa! Milesker. O! sekulan ez nuen erranen!

FRANCK: Nik ere ez eta hasten naiz inketatzen.

MARIE-ROSE: Zer mutiko pollita. Hain perestua, hain ontsa ikasia! Egun guziz banboxten ari den mundu honetan, denetarik ikusten baita mende honetan, gazteria gauaz kurri eta orroaz karriketan, sekulan ene io egiteko kaxetak ahanzten baditut: entzuten diren lohikeria guziekin. Behar zaitut eskertu Euskal Herriaren izenean zure semea hain ontsa hazi baituzu.

ANNE-SOPHIE: Bainan ez da posible. Zer dut “Maman” t-shirtean markatua.

FRANCK: Bai nik ere eskertu behar zaitut Ama, egun guziz andereak dion gauza bera gogorat jiten baitzait.

OIHANA: (irriz) Baina hau net ustela da.

MARIE-ROSE: O! zoin maitagarria den. Bainan ez dut nahi Anderea dei nazazun. Zahartu nahi nauzu kokina. Dei nazazu Marie-Rose.

OIHANA: Egia da gaztetzen duela berehala.

MARIE-ROSE: Pentsatzen dudalarik gizon bat izanen dela hemen. Hori bainuen eskas, eta gure agentziak ere.

FRANCK: Bai ezkont agentzia bat gizonik gabe.

MARIE-ROSE: Jarriko zarete. Non dut burua, emozionea dudarik gabe. O! ontsa egin duzue hola familian jinik! Milesker!

ANNE-SOPHIE: Kraskatuko dut.

MARIE-ROSE: Ez baita deneri emana oraiko egunean, entzuten diren gauza guziekin, zer nahi berexte, haurrak beren ber utziak, fin gaixtoa egiten dutenak, neskak sustut, mutiko tzar batzuekin juntatzen.

ANNE-SOPHIE: Orroaz hasiko naiz.

MARIE-ROSE: Bainan zer dut gogoan, ni betiko hitzuntzia, ez dizuet fitsik ezkaini. Dute xorta bat hartuko duzue?

            (francki so)

            Ene usaia zaharrekin! Ahanzter dut, gazte horiek ez dute behar bada dutea maite.

FRANCK: Biziki, biziki maite dut. Ez dut arratsalde bat pasatzen dutea hartu gabe. Eta gure amak ahanzten badu igande aratsaldetan fida zaitez hor naizela orroitarazteko.

MARIE-ROSE: O! zoin maitagarria den. zer pottaren lekua!

ANNE-SOPHIE: A! ez! ez haiz hi ere hasiko.

FRANCK: Utz ezan, utz ezan jiterat, senditzen dinat! Iduritzen zait familian, erran nahi dut familia bil dadin holako paradak falta direla, orduan dutearen tenorea ere galtzen badugu.

OIHANA: (irriz karkailaka) Afrusa da.

MARIE-ROSE: (Jitean) Eta nexkatoxe pollit hori, segur naiz zuk ama ontsa laguntzen duzula, zer plazerra buraso batzuendako. Segur naiz biziki ontsa ari zirela eskolan.

OIHANA: Euh! erran nahi dut..

FRANCK: Ez du bere burua haunditu nahi, biziki herabe duzu. Biziki ontsa ari duzu, ederki atzeman duzu. Baxoa ukan du aurten manzione batekin.

MARIE-ROSE: Zoin ontsa den! Zuen aita, bana ez dizuet galdegin, aita baduzue oraino?

            (anne-sophieri)

            Barkazazu senarra ontsa duzu?

ANNE-SOPHIE: Bai, bai, milesker, ez zaitela inketa harentzat, sekulako indarrean da!

MARIE-ROSE: Eta zer ari zaizu?

ANNE-SOPHIE: Aferetan, biziki aferatua da.

FRANCK: Kinkailleria badu Baionan.

MARIE-ROSE: Komertsanta biziki ontsa da hori.

FRANCK: Eta hortako, eni ere pasatu dit komertsaren, edo jendeen arteko harremanen gostu hori, ene ideia da, zure afera edo hobeki erran, zure instituzioaren segidaren hartzeko desira intimo, erran nahi dut bokazio bat bezala senditu dut. Nahiz ene amaño ez arrunt alde izan.

            (Jo egiten du pasatzean)

            Math supen bainintzen orain arte, Eudes-Albert de la Tour Pointue ene lagunarekin.

ANNE-SOPHIE: Bainan jo egiten nau pistolet horrek!

MARIE-ROSE: A! hor Ama ez dizkizut zorionak emanen. Sobera xantza duzu zure familian eta usaia txarrak hartzen ari zara. Ez dira haurrak eta familiakoak zuk nahi bezala kudeatu behar bainan zerutik emanak izan zaizkien talenduen arabera, uros izan daitezen nahi baduzu.

ANNE-SOPHIE: A! bainan kasu! Ez duzue erranen familia xintxikatzalea naizela!

FRANCK: (jo egiten du) Orduan konbentzitu dut jinen ginela ikusterat, experientzia gisa, ene arreba pipiak ere ikaragarri maite baitu komertsioa...

MARIE-ROSE: O!

            (trenpe sartzeko punduan)

            o! zein ontsa!

FRANCK: Ama gurekin ekarri dugu, segur baigara kontseilatuko gaituela, behar orduz, gaztetasunak anitz zozokeria uzten baitu pasatzera, kontseila gaitzan.

 

(potta anne-sophieri)

 

ANNE-SOPHIE: Lepoa bihurtzen diot.

MARIE-ROSE: O! zein maitagarria!

FRANCK: Bainan gure Aita ez baita jakinean berehala pagatzeko...

MARIE-ROSE: Zauri honera jartzera.

FRANCK: Bainan segur naiz entzunen duelarik proiektu hori badugula biziki kontent izanen dela, Garaztarra da sortzez.

MARIE-ROSE: A! bon eta nongoa?

FRANCK: A! hor Donibane ondoan... ostatua bada, eliza bat erea!

OIHANA: Eiheralarrekoa.

MARIE-ROSE: Eiheralarrekoa! Eta zer duzue izena?

FRANCK: E! badakit, badakit.

 

(Zapatzen du botoinaren gainean “Questions pour un champion”en bezala)

 

OIHANA: Gezainburu.

MARIE-ROSE: Champion. O! jainkoa, Ama birjina Lurdakoa milesker milesker, sobera da! ez zuen balio hainbeste! Ez zuen behar! Sobera gastatzen nauzue. Ez du iraunen. Ni Marie-Rose horrela graziari dilindan. Posible ote dea? Zergatik hainbeste amodio horrela bat batean. Ez dut oraino “Resto du coeur”en txekea igorri...

FRANCK: Bainan hi hobetzen ari haiz! Talendua heldu zain.

OIHANA: Eskolako laguna nian. Ez diat biziki bortxatu.

FRANCK: Badakin interesgarria haizela (Begi golotsu batzuekin)

MARIE-ROSE: Familian gara.

ANNE-SOPHIE: O! Merde. Politak gara.

MARIE-ROSE: Gure aitatxien aitatxiak kusi lehenak ziren.

ANNE-SOPHIE: Uf! grado horretan ez gara komiñionetan kurutzatuko.

MARIE-ROSE: Zaurte, jar gaitezen zeruak igorriak zarete, behar dizuet dena kondatu? Etxe hau, agentzia hau ez da diru problema bat, botu afera baizik. Eta nola familian baigara zueri kondatzen ahal dizuet. Gazte nintzelarik zozokeria egin nuen...

ANNE-SOPHIE: A! ari nintzan ere...

OIHANA: Xokoleta jan duke ostirale sainduz...

FRANCK: Ez zaitut sinesten.

 

(belaunikatuz horren ondoan)

 

ANNE-SOPHIE: Bainan noraino joanen da?

MARIE-ROSE: Gisakoegi zara.

            (burua hartzen dio belaunetan)

            Alta hala da. Baionan barnetegian nintzelarik lagun baten etxen pasatzen nituen aste buruak, eta makur ikaragarria, haren gazamak eman gintuen pilota partida baten ikustera, Ramuntxo Pinpingoingoin plazen fakirra ari baitzen, ikusi nuelarik haren kortada, izan zen, izan zen pilota buruan bildu ukan banu bezala.

ANNE-SOPHIE: A, ari nindunan ere zerbait bazela.

MARIE-ROSE: Orduan jakin nuelarik Bazkoko bakantzetan Donibane Garazira jiten zela opereta kantatzera gezurra sakatu nion amar, e.

FRANCK: Ez zuk!

MARIE-ROSE: Bai, helas! Nik! Lehen lerroan nintzen. Hasi zelarik Ramuntxo Pinpingoingoin “Filles sages de mon village”....

FRANCK: “Sous les ombrages des platanes bieus en cadence mon coeur s’elance et se balance autour de tes grands yeux”

MARIE-ROSE: Jesus Maria badaki! zer kultura, zer kultura! Ramuntxo! Ramuntxo! Pinpin! (bis) Goingoin! (bis)

OIHANA: Nondik dakik hori?

FRANCK: Auzoak hamar mila libera ematen zizkidan ttipi nintzelarik hori kantatzen banuen. “De partout les gars viennent en bande, pour ce soir fini la contrebande”.

ANNE-SOPHIE: Badu aspaldi ez horrek?

MARIE-ROSE: O bai gerla aintzin zen.

FRANCK: Ez iezaionala galdegin zoin gerla!

MARIE-ROSE: Pentsatzen dudalarik... kontzertuaren ondotik joan nintzaion eta hunki nion besoa.

OIHANA: Ikaragarriko efetua egin dizuke!

 

(anbalatua)

 

ANNE-SOPHIE: Behar ere ez da esperantxetan gertatu.

MARIE-ROSE: Pentsatzen dudalarik, horren ondotik joan nintekeela, buhame bizi bat ereman ahalko nuela. Hotz ikarak badauzkat.

FRANCK: Guk ere Marie Rose.

MARIE-ROSE: Orduan deliberatu dut bizia emanen nuela familiaren alde, familiaren balore egiazkoen defendiatzen. Lehen bezalako ezkontzak. Aintzinetik prestatuak. Fianzaillak galtzen ari dira.

OIHANA: Ez dira hiru plat baizik baskarian.

MARIE-ROSE: Nexkek jauzi egiten dute ez ezagunen besoetara.

ANNE-SOPHIE: Eta oraino besoetara baizik ez balitz.

MARIE-ROSE: Doteetaz eztabada luzeak...

FRANCK: Bai, ez gara aski diru solas ari.

MARIE-ROSE: Baina orai kargua astunegi zait, eta xantza ikaragarria ukan dut zuen jiteearekin.

FRANCK: Ez guk Marie-Rose.

MARIE-ROSE: Bada problemaño bat.

HIRUEK: Ah!

MARIE-ROSE: Fixierra!... Bai klienten fixierra. Behar dizuet aipatu. Badira aspaldiko klientak... adixkideak erran nahi dut. Gainean ditut kofrean...

FRANCK: Joanen naiz xeka ez zaitela desarreña, konbinezona ematen badidazu.

MARIE-ROSE: O! Zer mutiko planttakoa. Ez ez, oraino on naiz e kurritzeko. Zuri dizut emanen fixierra. Nola duzu izena?

FRANCK: Franck.

MARIE-ROSE: Francki...

FRANCK: Bai, Francky erraten didate;

MARIE-ROSE: Franckyri emanen diot fixierra.

 

(Badoa)

 

 

Bigarren agerraldia

 

(franck oholtza erdian izanen da so gaixto batekin, anne-sophie erotua)

 

ANNE-SOPHIE: Baina anitz denbora ariko gara joko horretan? Ontsa jostatzen zarete ene pasarazten zuen amatxirendako.

OIHANA: Ez dut sekulan hainbeste irri egin, jakin ukan banu hau hemen zela ene jazko astezken aratsalde guziak pasatuko nituen ezkontzen.

ANNE-SOPHIE: E be ni ez naiz batere jostatzen, asetzen hasia naiz, eta egia bada ene 20 urteak gibelean ditudala, ez dut ene erretreta pasatuko zilo honetan, burutik joan hospitaleko lagun batekin, eta mutiko mukuzu hau ene trufan. E be ez duk besterik errateko?

FRANCK: Aski! Ixil hadi. Sosa usaindu dinat! Eta ez dinat joatera utziko bizpahiru koketeriendako. Antzerkia dun, bizia antzerki haundi bat dun. Eta ni bere amañoren haur pottoloa nun biloetan kruskruskak maite dituena? Sosa irabazteko badun, problema dun fite irabazi behar dela. Diru usaina badun hemen, bafadaka senditzen dinat. Zaharren diru zurmindu hura, sekulan plakarretarik ateratzen ez den diru hura.

OIHANA: Zaharra hilen duk?

FRANCK: Ez din balio. Horiek ez ditun ezkondu beren inguruan ezkontzaren usaina galdu baita. Eta hori ziegun berpiztuko.

ANNE-SOPHIE: Nolaz hori?

FRANCK: Aspaldian ez dun amodioaren haizea hementik ufatu. Fixier hori niken ikusi nahi. Segur nun egoiten direla beren artean adin bereko ezkondu gabeen artean duela bizpahiru gerla ematen ziren doten idealisatzen, existitzen ez diren fianzailla apairu batzuen jaten.

ANNE-SOPHIE: Bon ebe ta orduan ezkont agentzia bat atxikitzen, fitxa sailkatzen egonen gara, gelditzen zaizkigun urte ederrenak xahutuko, ezkondu nahi ez duten atso batzuekin, ez nuen bokazionerik infirmiersa egiteko.

FRANCK: Hago hor! Ez dinat gauza haundirik ikasi eskolan, bainan oraino gogoan dinat mediku baten istorio bat, eta esplikatzen zinan osagarri onean zirenak eri zirela ez zekiten batzu zirela. Ezkondu ez direnak...

ANNE-SOPHIE: Marie-Rose, ene uste apalez ez zidak iduri...

FRANCK: Marie-Rose zin egiten dizuet...

OIHANA: Marie-Rose enamoratua sekulako ikuskizuna daiteke

ANNE-SOPHIE: Eta noia egingo duk.

FRANCK: Emazte problema da. Beren artean egoten badira atso talde horretan ez dute irriskurik, bainan neska gazte eta ederren artean nahasten badira, gostua berpiztuko zaie. Eta neska horiek baditugu.

ANNE-SOPHIE: Pluralean?

FRANCK: Pluralean.

ANNE-SOPHIE: O!

OIHANA: Milesker senpa haiz. Bainan ahanzten duk gauzaño bat. Emazte horiek ezkon daitezen gizonak behar direla bereziki. Giro onak bere mugak ditik. Eta gizonak, bera Donibandarra izanki ez baditu atzeman, ez dakit guk...

FRANCK: Gizonak baditinagu.

OIHANA: Non hori?

FRANCK: Ni.

ANNE-SOPHIE: Pluralean?

FRANCK: Pluralean.

ANNE-SOPHIE: Bainan zer pixtoleta!

OIHANA: Marie-Roseekin ezkonduko haiz?

FRANCK: Ez dizuet aipatzen ezkontzea. Diot zuek galdezkatuko dituzuela jakiteko zer gostu duten, zer gizon mota behar duten, eta gero ni presentatuko nauzue nahi duten komedia egin diezaiedan. Galdegiten diegu abantza ttipi bat fresendako eta sekulan fixierrean bospasei tonto baldin badira, bi egunen buruan lekutzen gara denak ilusitu eta.

ANNE-SOPHIE: Baina arrunt desonesta duk.

FRANCK: Bai.

OIHANA: Edozein gauza egiteko prest haiz!

FRANCK: Edozein. Sekulan hau bezalakoak badira denak, prest badira bost minuten buruan beren kofreko konbinezonaren emateko, nahi duten guzia eginen dut, xixtera haundia partida bat edo Ramuntxo Direlidondon bezala kantuz ariko naiz beharrez.

ANNE-SOPHIE: Boneta buruan, xixtera besapean ibil haiteke.

FRANCK: Ez dira ezkondu beren amentsen zoko batean irudimenezko gizon idealisatu bat gordetzen baita. Zuen gain izanen da marrazki dezaten. Eta eni haren azalean sartzea. Aparizione bat izanen naiz

OIHANA: (ekzitatua)

            Bainan debrua haiz.

ANNE-SOPHIE: (Gutiziatua)

            Debrua haiz.

 

 

Hirugarren agerraldia

 

MARIE-ROSE: Hara ene fixerra. Entzun banintzate! Ene adixkideak hobeki errateko. Aspaldi honetan hemen ezkondu nahian.

FRANCK: Fite ezkonduko dira ale!

MARIE-ROSE: Ez dakit. Nahi nuke! Ez dakit biziki entseatu dudanez, edo dugunez. Sobera ontsa ginen elgarrekin, estakurua elgar ikusteko aste guziz...

ANNE-SOPHIE: Ontsa ikusi zuen munstroak!

 

(francki so)

 

MARIE-ROSE: Bi dira.

OIHANA: Batzu dezepzionatuko dira!

MARIE-ROSE: Lehen lau ginen bainan Marie Jeanne bere ilobaren etxera joan da Baionara.

FRANCK: Ez da zozoa illoba!

MARIE-ROSE: Ez da aise izan harentzat. Hainbeste maite zuen Donibane.

ANNE-SOPHIE: Konprenitzen dut.

MARIE-ROSE: Guk maite dugun bezala funtsean, segur naiz laster kutsatuak izanen zaretela...

FRANCK: Jadanik egina da, gure aitak hainbeste karrekin aipatu digu...

MARIE-ROSE: Egia da hemengoak zaretela, Errobi pollitaren kanta, harresien harri fin hori, apezpikuen presondegia.

ANNE-SOPHIE: Cavalcades, sérénades.

OIHANA: Aaaa, sendltzen dut, senditzen dut heldu da...

MARIE-ROSE: Gure gainean zitalelaren maiestate gerizatsua...

FRANCK: Non da hori?

OIHANA: Senditzen dut, senditzen dut.

MARIE-ROSE: Senditzen dut arbaso ospetsuen presentzia, kasu gero, iduriz kanpa-an bainan Donibanek ukan ditu bere intelektualak,

            (Oihana dardarka ari da)

            Hara nola Juan de Huarte.

OIHANA: aaaa!

MARIE-ROSE: Zer duzu gaixoa, min hartu duzu.

OIHANA: Ez barkatu, arranpak baditut ardura.

FRANCK: Bai, urte guzia ikasten pasatu du, ez du aski kirolarik egiten.

MARIE-ROSE: Ene falta da, mintzo naiz, mintzo naiz. Bai, honek nik baino hobeki aipatuko dizue gure Donibane maitea. Marie-Angèle, elgarrekin ibiltzen gara Les Amis de la Vieille Navarreen konferentzietan. Sekulako eruditoa da.

FRANCK: Erakaslea da?

MARIE-ROSE: Gustuan egiten ahal zuen!

OIHANA: Uf!

MARIE-ROSE: Duen kulturarekin. Bainan ez, bere aitama gaixoek ontasun batzu utzi zizkioten, eta plazerrez irakurtzen dituen liburuetaz aparte, anitz lan egiten du besten laguntzen paropiaren inguruan. On haundia egiten du, haundia zinez...

ANNE-SOPHIE: Ikusten dut.

OIHANA: Franckekin ontsa akomatuko da.

MARIE-ROSE: Hau Georgette. Laborantxa haundi bat badu Donazaharren, berak kudeatzen duena. Gizonak bezala.

ANNE-SOPHIE: Ikusten dut.

MARIE-ROSE: Mereximendu anitz badu, ez baita beti emazte baten lana, bainan egia da lurraren munduak bestetan galtzen diren baloreen zaintzalea izan dela. Eta Georgettek ukan du ere bere partea.

FRANCK: Anitz behi badu?

MARIE-ROSE: Ui, ui, batere ez nakike errateko. Bainan, egun astelehena denez, beti Barbier- Miiloxenean dira tenore honetan boudoir jaten. On dut poxi bat kurritzea. Joanen naiz haraino eta igorriko dizkitzuet... Bainan zinez artamendatzen dizkizuet, nahi nuke maita ditzazuen nik maite ditudan bezala.

FRANCK: Bai, baina barkazazu. Ez genuen uste hain fite lanean hastea. Jina naiz holohola jauntzi arrunt horiekin ez nuke nahi sobera hola agertu zure lagunen errespetuz baizik ez bada ere.

MARIE-ROSE: Zer mutiko maitagarria!

            (Amari)

            Zein ontsa ikasia duzun. Zinez plazer bat izan behar da ama batendako holako... Zoaz horrat, horrat bererat, merkaturat Bidarraikoak dira. Biziki ontsa ezagutzen ditut, erran iezaiezu Marie-Rosendako dela. Prestatuko dizkizuete nahi dituzuen guziak. Nik ere horrela egiten dut etxen entseatzen ditut. Sarri arte.

OIHANA: Bon, arranpen pasa arazteko ni ere joanen naiz Donibanen gaindi, ene astezken arratsaldeko lehen emozioneen bila. Eta iduriz gaizo Franck klient gehiago ere beharko baituk irratitik pasatuko naiz soinu dei baten egiteko. Parada ukanen dut egun on errateko.

FRANCK: Ema hadi, lana ukanen dinagu

ANNE-SOPHIE: Ez da dudarik!

 

 

Laugarren agerraldia

 

(georgette sartuko da kasik berehala)

 

GEORGETTE: (Oraino kanpoan delarik)

            Bonjour mademoiselle Marie-Rose, hor zarea? Zer dira hauek hemen?

FRANCK: Barkatu

            (aparte)

            Hau fixierrekoa duken, uzten dinat.

            (georgetteri)

            Barka ezazu. Hitz ordua bazenukeen, ez zen ene aldi.

            (aparte)

            Uzten dinat, mintzarazten dun.

ANNE-SOPHIE: Ez nauk bakarrik utziko gauza horrekin.

            (Bestea badoa)

            Aluia.

GEORGETTE: Zer ari zarete zuek hemen? Non da Marie-Rose?

ANNE-SOPHIE: Marie-Rosen adixkidea ematen baituzu, gu ere hala gara, jakin dukezu bere agentzia salgai ezarri zuela, aspaldi honetan, eta ene familiarekin nahi genuke Marie-Rosen segida hartu, orain arte ereman duen obra miresgarria aintzinera ereman, familiako enpresa honetan ezarri zuen ispirituaren sua gure ausko mendreekin ufatuz.

FRANCK: Biba hi bainan ez ezanala sobera bortxa. Ez dinat sobera senditzen.

GEORGETTE: Ohou! Ontsa mintzo zara zu! Segida? Zeren segida? Nongoa zara zu?

ANNE-SOPHIE: Mementoan Miarritzen bizi gara.

GEORGETTE: Miarritzen?

ANNE-SOPHIE: Bainan jendakian gara Marie-Roseekin.

GEORGETTE: Zer alderditik.

ANNE-SOPHIE: Senarra Eihalaarrekoa da.

GEORGETTE: Hee?

ANNE-SOPHIE: Blalalarrekoa.

GEORGETTE: Eiheralarre.

ANNE-SOPHIE: Bai min dut ahoan. Zu, ez banaiz tronpatzen...

GEORGETTE: Georgette.

ANNE-SOPHIE: Bai, jokatuko nuen, Marie-Rosek luzaz aipatu zaitu, adixkide minak zaretela.

GEORGETTE: Zautzen dut ba bultta honetan, preseski, joan behar dut, boudoir jatera, joan behar dut.

ANNE-SOPHIE: Marie-Rose zuen bila joan berri da, jinen da ixtante... Bainan zu fixerrean baitzara ezkontzeko xedea badukezu.

GEORGETTE:

            (so bihurdikatu bat botatzen dio)

            Ez dakit afera haundirik eginen dugunez.

ANNE-SOPHIE: Nork daki, artekaño bat baitugu, jar gaitezen, aipa dezagun zer xede, zer aments zenukeen, ezkontzeko proiektura zerk akulatzen zaituen.

GEORGETTE: Amentsak? Laborantzan bazina konpreni zenezake ez dugula orai amentsetan aritzeko xantzarik. Ezkontzea, ezkontzeko proiektua, kasu gero, gure adinean ez gara xori buru horiek bezala anbalatzen garen haietarik, Bierenean potretan agertzeko menturan. Aztertu behar dira inbestizamenduak, ikusi behar da zer materiala den.

ANNE-SOPHIE: Eta nola ikusten duzu materiala?

GEORGETTE: Ba ez dakit, zueri da proposatzea, bainan ez du balio ene denboraren galaraztea, gazte buru bero batendako, gero arratsaldeak eta arratsaldeak ergelkerian pasa ditzan auzoko nexka istudiant alfer horiekin.

ANNE-SOPHIE: (aparte)

            Hobe gehiago izanen da besteendako. Zer adinetako ikus zenezake?

GEORGETTE: Ez dakit, 50, 55 pre-erretreta fite hunkitzeko gisan, bainan kasu, ez dut aizinarik e, gero ni horren errematismeri so egoteko, oraino lanean aritzeko on, azkarra.

ANNE-SOPHIE: A bai ikusten dut, soka tira ekipa batean edo rugbian arizana den bat...

GEORGETTE: Uii, Uii, ez ez, pilotari, rugbilari, ihiztari, kantari, bertsulari plaza kurritzale, denbora xahutzale ez dugu behar gure etxen!

ANNE-SOPHIE: Pesta egileak ez dituzu maite! Bizi higienari garrantzi haundia ematen diozu, jaki urinik gabekoak, naturaltasuna, sormarkak...

GEORGETTE: Ez, ez! Ez dut nahi militza horietarik gure etxen, sormarka? Iraultzalari bat sarrarazteko! Gure etxen! Ez apetitu ona duen bat, ogia azal gorria gasna gogorra, eta ardo xuritik.

ANNE-SOPHIE: Sotoko oporra.

GEORGETTE: Hori bera! Zeren ta ez badute batere, batere edaten enzilagea edo hoiakoetan gero, auzoan, tota bat edaten eta gero etxeko berri guziak konda ditzan. Ez, ez, behar dugu arnotik poxi bat trebe, auzokoak etxen konda ditzan.

ANNE-SOPHIE: (etsiturik)

            Beraz nolakoa behar duzu?

GEORGETTE: Planttakoa!

 

(Hor franck ateratzen da kostuma ttattarraturik)

 

ANNE-SOPHIE: Uaaa!

 

(eta hurbiltzen zaio eta hunkitzen, so trukaketa)

 

GEORGETTE: Zer da karikatura hori?

            (Hurbiltzen da eta ingurua egiten, gibelean egonen abere bati so bezala)

            Jia! hau garbixegi laborantzako.

FRANCK: Delegatua egona naiz 10 urtez laborantzako ganbaran.

GEORGETTE: Ui, ui! Sindikalista bat, hauek ba, beti kurri eta emazteak errainak bi parte lan guzien egiten leherreginik!

FRANCK: Duela bi ilabete demizionatu dut eta hortako naiz libro...

GEORGETTE: A...

FRANCK: Laneko.

ANNE-SOPHIE:

            (beti xarmaren pean egonen da)

            Jauntziak... egiten du halarik ere.

GEORGETTE: A...

FRANCK: Eta sindikalista ohia izatea on da primen eta gaineratekoen jakinean izateko.

GEORGETTE: A, hori baduk, egia duk!

ANNE-SOPHIE: Ez da egia ez da, mando horren ondotik ibiliko!

 

(georgette: Ikertzen hasiz, gero zaflako batzu ematen dizkio bizkarrean)

 

ANNE-SOPHIE: He hau, baina hautsiko duzu!

GEORGETTE: Ha ha ha, e e maite dute!

            (Hortzei so)

            Zer adin duzula?

FRANCK: 48.

GEORGETTE: Ontsa kontserbatua, estatuan alo!

            (Sudurrari loturik)

            Gutienik gustatzen zaitana, sudur poliit hori, auzoko ixtudiant alfer horiek baratzeko burdin-sareari kolaturik ukaiteko, ta hau bilkuretan usatua mintzo legunekoa izan behar.

ANNE-SOPHIE: Bainan zer basa hautsiko dit ba.

 

(Sudurra perekatzen dio)

 

GEORGETTE: Zonbat egiten du?

FRANCK: 1,80.

GEORGETTE: Ta 75 kilo hori ikusia diat zer uste duk ala! Prezioa!

ANNE-SOPHIE: Ez ditugu oraino etiketak ezarri, etxe sartzea egiten ari badakizu.

FRANCK: 10.000 libera.

GEORGETTE: He?

FRANCK: 8.000 berehala pagatuz.

GEORGETTE: Iep! Hago ixtant bat, berehala, berehala ikusi behar diat ene kontablearekin tva errekuperatzen ahal dudanez, ez didak marja guzia jan behar.

FRANCK: Ikusiz, epe luzean egiten diren amortizamenduak direla holakoak.

GEORGETTE: Ikusiko, boudoirretik landa pasatuko naiz. Sarri arte.

 

 

Bosgarren agerraldia

 

Hatsarrean anne-sophie eta franckek koketeria partida bat egiten dute, marie-angèle sartuko delarik urrats tipiz, eztulño batzu eginez, Oihana sartuko da gero laboratorio langilez beztiturik paperrezko arbela bat ekarriz, konferentzia emateko prest.

 

ANNE-SOPHIE: Miresgarria izan haiz! Badakik dohaina baduala antzerkiko. Nola itzulikarazi duan mando hura!

FRANCK: Antzerkia, ontsa futitzen naun antzerki eta gainerateko literaturetaz, nahi niken egiazki arizan.

ANNE-SOPHIE: Ez duk egiazki jokatzeko gutiziarik holako batekin?

FRANCK: Ba, nahi niken sinets nazan, ez dinat batere senditzen, hau ez dun bestea bezain sineskorra. Eta segur naun biltzeko gisan dela bainan beharko din abilki jokatu. Honek txekez pagatuko din, eta banko garantiak eta holako hitzak aterako ditin berehala.

ANNE-SOPHIE: Aholku bat egiten ahal diat?

FRANCK: Bota ezan.

ANNE-SOPHIE: Behar hituzke holako jauntziak gehiago erabili, segur nauk efetu haundia egin hezakeela.

FRANCK: Nori?

ANNE-SOPHIE: (Gerezia bezain gorri)

            Gure klienteri.

FRANCK: A.

 

(Arte horretan, ixilune pizu hau, baliatuz sartu da marie-angèle berokia beharrietaraino estekaturik)

 

MARIE-ANGÈLE: Hum, Hum.

 

(besteak itzultzen dira brau)

 

MARIE-ANGÈLE: Barkatu, egun on, bai zuri ere parte on, barkatu zinez, ez dut espres egin, eta egun on, ez nikezu desarreñatu nahi, bainan egun on, Marie-Rose ikusi berria dut eta harek erranik, permititu dut ene buru ausartari, honaraino jitera, jo egin dut atean bainan nola okupatua zinezten...

ANNE-SOPHIE: (Arra jinez)

            Ezta, ezta. Marie-Angèle dudarik gabe.

MARIE-ANGÈLE: A, Marie-Rosek aipatu dit jadanik, biziki jarraikia da;

            (Eskua emanez)

            Egun on anderea, zure senarra dudarik gabe.

FRANCK: Ez ez pasaiako naiz.

 

(anne-sophie: irri egiten du zozoki, marie-angèlek ere bai)

 

FRANCK: E be! Lot hadi.

 

(gibelera joaten da joateko bezala bainan ez da ateratzen)

 

ANNE-SOPHIE: Orduan hola ezkondu nahi dugu?

MARIE-ANGÈLE: Bai, ez dakit, Marie-Rosek ez zigun egundaino holako galderarik egiten.

ANNE-SOPHIE: Badakizu funtsezko galdera dela ezkont-agentzia batean?

MARIE-ANGÈLE: Bai, bainan ezkontzea ene adinean.

ANNE-SOPHIE: Adina, ez da biokatu behar adinaren gainean, segur naiz gure adinean, zure adinean erran nahi dut, norbaiten begia fitsatzen ahal duzula.

MARIE-ANGÈLE: Ene aldera so egiten badu! Badakizu ezkontzea, bai, nik ene bizi guzian maitatzeko norbait bilatu dut.

ANNE-SOPHIE: Hobe eginen zuen gatu baten erostea. Bainan ez dea hori ororen buru ezkontzea?

MARIE-ANGÈLE: Ez nauzu konprenitzen senditzen dut ene baitan ikaragarriko amodio kapitala.

ANNE-SOPHIE: Ez da posible, denak banketxe solasak dira herri honetan.

MARIE-ANGÈLE: Eta nahi nuke atsulutoki norbaitek hori balia dezan. Telebistetan, irratietan, bizi dugun garai ero honetan entzuten delarik hainbeste jendek, hainbeste gaztek bereziki, amodioaren fereka eztia ez dutela egundaino gozatu.

ANNE-SOPHIE: Nonbaitik ere gaztea behar du, amodioa etxeko probetxu halarik ere.

MARIE-ANGÈLE: Bizi honek hainbeste plazer sinple eskaintzen digularik paitekatzeko;

            (Hor franck sartua da, pantalonak belaunetaraino bildurik, paltoa kontraz, txupeta ahoan, kaxketa buruaz trebeska)

            O! zer gauza pollita, zer gauza pollita. Zer duxu izena?

FRANCK: Cêdric.

            (Kantatzen du “L’avion, l’avion” airean)

            “Ardiak ta axuriak denak alegrantzian

            Marrakaz doatzi punpeka pentzian”

MARIE-ANGÈLE: O! o! eta kantikak badakizki!

FRANCK: Pentsatzen ditut.

ANNE-SOPHIE: Pentsatzen ditu.

MARIE-ANGÈLE: Kreatzaile bat, holakoak direla behar hemen gaindi.

FRANCK: “Ahari ta marroak denak pixkorrian

            Mee mee egiten dute alapidetan”

            Tralala lalaralala.

MARIE-ANGÈLE: Artixta bat, artixta bat. A eginen ditugu guk gauzak elgarrekin, Cêdric! Dohatsu xu bezalakoak!

            (Perekatzen du)

            Holako gatu ttipi bat etxen, senditzea honen bihotz ttipia paipitatzen supasterrean!

ANNE-SOPHIE: Kasu! Ez da marxandiza hunki behar. Ez da self-service bat.

MARIE-ANGÈLE: Bai, barkatu, ez dut espres egin. Super merkatu horiekin usaia txarrak hartzen ditugu orai.

FRANCK: Dirua aipa iezaion!

ANNE-SOPHIE: Ikusten baitut interesatua zarela, behar dizut gure funzionamendu berria azaldu. Nahi baduzu atxik dezagun, nahi baduzu, damugarria liteke, beste batek hartzea, behar zenuke begiratu abantza ttipi bat eginez. Ez inket ez da honen prezioari konparatuz, gauza haundia izanen printsipiozko zerbait, konprenitzen duzu?

MARIE-ANGÈLE: (Diru solas hor muzin egiten du)

            A! sosa! Berehala behar dea eman?

ANNE-SOPHIE: Aski fite halarik ere. Oren bat baduzu e!

MARIE-ANGÈLE: Zeren ta, ezkontzeko ez dakit senditzen dudanez, ikusten duzu, halako zerbait...

 

(Oihana sartzen da)

 

OIHANA: Nahi baduzu analisia bat eginen dizut. Biziki sinplea da.

            (Arbelan)

            So egizu! Hona gizaseme edo zure kasuan gizalaba baten gorputza. Eskematikoki. Ttipi garelarik; emozioak eta... amodioa, nahasmendurik ez izateko hitz honen gainean, behar dizut hau zehaztu, ezkontzeko, edo mota horretako harremanen ukaiteko ahala diot. Beraz ttipi garelarik emozioek gorputz guzian egiten dute efetu, eta haur bat maitasunezko emozio baten ondotik, kaskezurraraino zerria bezain gorria jar daiteke. Bainan gero hezkuntzak, burasoek, erakasleak direlarik bereziki, erakundeek lizeoek berezlki, bainan badira besteak zure kasuan behar bada, zapaltzen dute ahal hori eta, hortik dator burua pentsatzeko dela uste popularra.

MARIE-ANGÈLE: Biziki interesanta da.

ANNE-SOPHIE: Biziki interesanta da.

FRANCK: Baina zertaz ari da?

OIHANA: Hortako dugu prezione horren ondorioz amodioa papoan senditzen, edo bihotzean, metonimia higatuak dion bezala. Zauri hona, Marie-Angèle. (franck hunki arazten du) Planta zaitez hemen, eskua hor. Senditzen duzua papoaren erdian zerbait, min tinkaduia, edo holako?

MARIE-ANGÈLE: Ez!

OIHANA: Beha ezazu hobeki.

MARIE-ANGÈLE: A! a! ez, zangoetan dut senditzen, zango sahetsetan.

FRANCK: Nik ere, zapetek didate egiten.

OIHANA: A! Zure kasua biziki grabea da. Zer gertatu da? Zure emozioak biziaren hersturen poderioz zango puntetaraino zapatu dituzula.

MARIE-ANGÈLE: Sendatuko naiz Mediku anderea.

OIHANA: Beti bada esperantxaño bat. Behar duzu etxera sartu lehenbailehen. Ohean sartu lasaiketa serios baten egiteko, liburu honek lagunduko zaitu “Yoga ikasgaiez” eta sustut ez duzu tisanik edaten, biera pack bat egunean, eta honi.

            (francken identitate karta hartzen du eta argazkia urratzen) eta honi so egoten zara hamar minuta guziz.

MARIE-ANGÈLE: Berriz heldu zara bihar. Berrehun libera. Arbelaren paperrarendako.

OIHANA: Bai anderea.

MARIE-ANGÈLE: Bai anderea, milesker, barka ezazu e, merxi biziki eta anitz, bihar artio, barkazazu.

 

(Badoa)

 

 

Seigarren agerraldia

 

FRANCK: (franckek basaki hartzen du besoetan.)

            Biba hi. Hitaz fier naun.

            (eskua luzatzen du eta dirua ematen dio, ariko dira bikote diabolikoa bezala.)

            Hola da arizan behar, gauza haundiak eginen ditinagu elgarrekin.

OIHANA: Ni ere segur nauk Franck.

FRANCK: Irratitik pasatu haiz?

OIHANA: Bai maisu! Ixtante trumilka, hurubiaka jinen dituk ezkontzaz errabiaturik perreka saldoak.

            Elgarri aztaparka ariko dituk eskalerretan. Ifernua izanen duk.

FRANCK: Biba hi, konprenitu dun, konprenitu nauen bakarra haiz.

ANNE-SOPHIE: Ez dakit biziki zuhurra denez holako atsoak Francki proposatzea. Zinez, griñatzen nauk hiretako. Ez ote dugunez hobe horretan uztea.

 

(So basa eta gaixto bat botatzen diote besteek)

 

FRANCK: Ale! Presta gaitezen. Behar diogu serorategi honi komertsio aire bat eman! Hemen hiru egunez moltsa betetzen duk eta are! itsasoaren bestalderdira.

 

(“Tabako, ron eta kaneladantzan hasten da habanera airean).