Ezkonduko ditugu?
Antton Luku
Ezkonduko ditugu?
Antton Luku
Maiatz, 1995
Ezkonduko ditugu?
Antton Luku
Maiatz, 1995
[aurkibidea]

 

Aintzin solasa

 

            Antzerkilariak elgarretaratzen direlarik ez dira besteak baino abilago, elgarri kondatzen dizkiote antzerki ixtorioak. Eta ezdu huts egiten, deserta aintzin hasten da bat Iparraldeko herri guzien zerrenda errezitatzen eta besteak, hi eta ho, han publiko ona eta ezetz, herri honetan nagusi. Bururatzeko erranez, antzerkiak balio duela eta xantza haundia dugula antzerki publiko bat baitugu.

            Ez da xantza, gure aintzinekoen lanaren ondorioa baizik.

            Plazetan kurritzea utzi duten euskalzaleak elekatzen direlarik, ohartzen da laster hauetarik anitz arizanak direla antzerkian eta leku haundia ukan duela beren euskalzaletzeko prozesoan. Badu antzerkiak irakurle jokolariaren baitan eragin bat beste literatura generoek ez dutena. Errola baten ikastea, ez da bakarrik hamar aldiz irakurtzea, errepikatzea eta buruan sartzea. Kaskoan itzulikatzen da, hitz guzien izatea xurgatzen eta pizatzen da, xanpatzen dugu ganbaran tono posible guzietan, “egin” behar den delako fikziozko pertsonai horren ezagutza egiten da, haren baitan sinetsi arte. Taulagainera igaiteko beldunaren kasatzeko testoari zaio lotzen, honetan konfiantxa ezartzen.

            Hizkuntzarekin beste harreman bat sortzen du eta, urrun joanez, nago ez ote duenez antzerkiak orai arte gure aintzineko belaunaldian artikulu edo beste idazteko on izan direnak alfabetatu. Allabetatzea zoin emeki aintzinatzen den ikusiz bagenuke iraganean erakaspen edo, beste manera batez erranik, antzerki publiko hori ez badugu entretenitzen, anitz gal genezake. Moda bat baino gehiago.

            Publiko baten asetzeko, usaia onak atxik ditzan —nonbrean biltzea— antzerki bat urtean Iparraldeko ez da aski. Ez da halarik ere hain ezkorra izaterik. Kondatzen badira sketch, gau-beila, irrati-antzerkiak —lehen ez ziren horiek— ekoizten da zerbait orainokoan, bainan gorago nion jokolari formakuntza horren aldetik, ez du ordezkatuko hilabetetan landua izan den egiazko antzerkia bere hiru zati, argi eta dekorrekin. Sakratu aire hori duena diot.

            Taldeak duela bultta bat bezala pentsatuak, hetsiak, beren derby antzeko emanaldiekin desagertuak dira. Jokolariak proiektuen arabera pasatuko dira talde batetik bestera eta hobe. Aita, Iparralde mailan pentsatuak izan diren taldeek ez dute iraunkortasunik ardietsi eta, nahitez, lurraldeak badira, —praktikoak edo soziologikoak— eta garaztarrak ez dira minibus batean kostaldera joanen antzerki egitera. Antzerkiaren laguntzea leku finkoen atzematea izanen da, dekor eta materialaren uzteko edo ez da jokolari formakuntza seriosik izanen.

            Euskal antzerkiaren urrezko aroan non ziren taldeak? Herrietan. Baina barnealdea doi bat ezagutzen dutenek badakite orai herrietarik xantza izpirik ez dela antzerki bat atera dadin, gazteak ez baitira herrian biltzen, baina herri-nagusian eta bereziki, lehen antzerkian ari ziren adinean, ez baitira herrian baina lizeoan edo unibertsitatean.

            Beraz izatekotan herri-antzerkia, gazteen bilgune horietan izanen da eta lizeoa ez da behar bada txarrena.

            Antzerkiari lotzen delarik bat: taldea muntatzen da eta ondotik: zer ematen dugu? Tentazionea haundia da testo haundieri buruz itzultzeko, errola azkar eta bikainki idatzieri. Ahantz genitzazke gazteak antzerkira ekararazten dituzten jostatze eta plazer aspektuak. Araiz, aterako edo indartuko den heldu antzerkiaren ondoan, on litzateke gazte-antzerkia sor dadin, gazte literatura bat den bezala, eta Igerabide, Atxaga, edo Zubizarreta batzuek ederki erakutsi dute ez dela bigarren mailako zerbait, genero ezberdin bat baizik.

            Guri, Garaziko lizeoan, lehen entseguetan baiginen, iduritu zaigu idaztea abenturaņo goxoa izan zekigukeela. Hona esperientzia horren emaitza.

Antton Luku