Antso Azkarra edo Miramamolilnen esmeralda
Antton Luku
Antso Azkarra edo Miramamolilnen esmeralda
Antton Luku
Kutxa Fundazioa, 1997
Antso Azkarra edo Miramamolilnen esmeralda
Antton Luku
Kutxa Fundazioa, 1997
[aurkibidea]

 

HIRUGARREN ZATIA

 

(Bigarren zatiko gela berean da baina igandea denez altzarri guziak oihal batez estaliak dira. antso xintxuketan ari da, brikolagea hobeki erran, zilatzeko Black and Decker eskutan konbinezona eta kasketa, belaunikatua da iltzatzen ari eta abantxu fini duelarik, gorte-mutil bat deituko du.)

 

ANTSO: Errak hi, zer duk izena jada?

GORTE-MUTILA: Pantzo.

ANTSO: Beraz Pantzo, habil Javierren xeka.

GORTE-MUTILA: Bai zure maiestate.

ANTSO: Errak igandea duk, ez gaituk lanean. Xantxo dei nazak denek bezala.

 

(Badoa eta berriz heldu)

 

GORTE-MUTILA: Ez dut atzeman zure ... xantxo

ANTSO: (erlojuari so) Ez duk ihizira joan. Ba pentsa! Bere liburuetarik kanpo... Alta ez dik freskatze beharrik horrek.

GORTE-MUTILA: Ausart banendi, errege xantxo edo, xantxo gure errege hobeki erran, iduritzen zaidazu.

ANTSO: Errak ez dik balio xantxoka aritzea Amikuzeko edo ez dakit nongo forma zaharkitu horien baliatzeko, ar hadi toka, puta, gizonen artean gaituk.

GORTE-MUTILA: Atzo preso jakatu duk.

ANTSO: Hori puta maite dudan eskuara ... he! geroztiko denboran! gaua presondegian pasatu dik. Habil xeka.

GORTE-MUTILA: Ez ditek laxatuko nik galde eginik. Seguritatezko zerbitzuek atxilotuko naitek, ez banaute urkarazten oraino.

ANTSO: Ez duk posible. Nihaurk joan behar diat?

GORTE-MUTILA: Zor dizudan errespetu guziarekin... Barkatu Xantxo, baina hola joaten baldin bahaiz zimino koztuma horretan, edo kalitzen haute eta bipiltzen perroketa bahintz bezala edo bastoi ukaldia eman eta botatzen haute Iruñeko San Nikolasen juduetara.

ANTSO: Ez duk posible. Hain pitoak baitira flikak! Zer egin dezaket orduan?

GORTE-MUTILA: Telebistako Flash labur bat, sinple sinplea. Alferizak kanpoa duela... presondegitik.

ANTSO: Habila haiz hi. Apeza haiz?

GORTE-MUTILA: Ez, gai egona nauk, eta botatu naitek.

ANTSO: Ipurdi istorio batendako.

GORTE-MUTILA: Ez, hori biziki ontsa ikusia zian, politika arazoen gatik. Jainkoaren baitan sinesten nian.

ANTSO: A! mutiko sentibera ene gisa. Jendeak ez zekik zer patitzen dugun. Zaila duk sendimenduak izatea. (Jartzen dira.)

GORTE-MUTILA: Bai, baina hain ona ere, laguna atzematen delarik epanxatzeko.

ANTSO: Hago zer ari gara hor? A merde, Javier.

GORTE-MUTILA: Edo cbz egin genezakek, laguna badiat han.

ANTSO: Jainkoaren baitan sinesten duena ere.

GORTE-MUTILA: Ez cban ari dena.

ANTSO: Egin ezak. Bihar oroitzen banaiz urkaraziko diat espioi gisa.

GORTE-MUTILA: Hemen Raton, Ratonek Pipistrelle galde egiten du.

ANTSO: Praktikoa duk.

GORTE-MUTILA: Pipistrelle, xantxo pasatzen diat.

ANTSO: Pipistrelle, Javier laxa ezazue. Ebe alferiza. Zer? zein xantxo, azkarra to, besterik badea?

GORTE-MUTILA: Bon uzten haut, badakik ostalergoan, igande edo ez, jendeak jaten duela eta hi ere sarri gosetu eta pasatuko haiz xantxotik Antsora eta ez duk sinetsiko ez Jainko ez Addarrik.

 

(Berriz hasten da iltze sartzen bere lurreko lanean)

 

JAVIER: Hemen nauzu, zure maiestate.

ANTSO: Lasai hadi gaizoa, igandea duk, deit nazak xantxo, gosetua bahaiz edo, ez baita gaitza izan behar barne hartan, habil, sukaldeetara Pantzok zerbait atzemanen dauk jateko. Gaizoa, ez haiz kexu? Irri egiteko zuan, bakarrik gero badakik erregetza, mila proiektu buruan, eta preseski behar nizkian aipatu eta hea zer dioan, sinesten baitut hire opinionean. Bon zer ari haiz?

JAVIER: Harriarazten nauzu.

ANTSO: (aparte) Bon hau betiko ipurzulo hertsia, segur nauk presondegian ere niri pentsatzen egona dela. Bon, bazekiat zergatik mehe egonen haizen bizi guzian, itzul hadi, begiak estal, itzul. (Erakusten dio armarri berria esmeralda berdea, tapiza gorri baten gainean eta gatinez inguratua)

            Zer zaik?

JAVIER: Pollita.

ANTSO: Ez dea hala?

JAVIER: Gero nik ezarriko nituen gatinak erdian ere gurutzaturik, hobeki marka lezake, ez dakit, gurutzatuen edo kristoren gurutzea eta hemen zentro bat bezala ager liteke esmeralda, zure pentsamenduen erdian dela.

ANTSO: Hori ez duk batere gaizki. Uste duk jendeak ikusiko duela hori?

JAVIER: Anitz gauza sinboletan da.

ANTSO: A...Hatsarrean pentsatzen nian Aixaren kopetan ezarriko nuela, ezkontza egunean, alde batetik bere familiako joaiak dituk eta sentimentalki ere, esmeralda eta Aixa, Navas eta Afrika sentimentalki batzen dituk ene, bon erraten ahal diat, ene bihotzean, barne guzia mendrarazten zidak, baina gero haztatuz, eta errealki haztatuz eta ikusiz libera bat eta erdi egiten duela harri kozkor honek, eta Aixaren lertxun lepo hain fin hura gogoan hartuz, pentsatu nian hobe nuela hau karroaren gibelean ezartzea, jenderia analfabetoak egun haundi hori lot ziezaion Nafarroako armarri berriari.

JAVIER: Mantxut?

ANTSO: Bazekiat plazer eginen diadala Javiertxo. Nafarroaren haunditasunari bizia dedikatu dion horri. Nafarroa erresuma haundiak Errege haundi eta ospetsua behar dik. Navasen esmeralda atzeman dudalarik, berehala pentsatu nian judueri saltzea. Aixak bere ikasketak bukatu ez ditueno, badiat lasaitzeko beharra, beraz inguruño bat Garazitik... Promenatzeko beharra badiat. Ez haut sofriaraziko luzeago. Koroaren altxorrean atxikia izanen duk, maite duk e hitz hori Javiertxo, koroa erratea, erregea errateko orde 3. pertsonan, behatzen ditiat hire erakaspenak uste ez baduk ere. Haundituko dik koro horren prestigioa. Nafarroako armarri berria hau izanen duk.

JAVIER: Eta oraiko armarrian den arranoa?

ANTSO: Eta bi! Eta honetan diat tiro batez bi xori egiten, Navas sartzen duk Nafarroako koroaren altxorrean, eta arranoa duten bandera guziak saltzen ditiat enkantetan, populua edo jende xehea hobeki erran, tira ahala lasterka, ebaska ariko duk, horien erosten. Koroa gora, finantziak gora, eta estetikaren aldetik hihaurk onartu duk...

JAVIER: Erresuma baten ikurra ez bada probintzia batenaren kontra trukatzen. Eta erosleak ez ditizut ontsa ikusten, nor izanen diren, batzuek jakinen ditezu arrano horiek ez dutela gehiago deus balio, baxera mustuketako edo kabalkada bandera gisa baizik eta jakinean izanen ez diren haiek, xeheriak diozun bezala badizu, jakin ezazu, prisatuagorik erosteko.

ANTSO: Nahi didak atsulutoki ene igandea xahutu? Aurkezten diat plana hirukoitza, triptiko politiko, ekonomiko, kulturalean oinarritua eta lurrera igortzen didak apalatza baten erdeinuz. Presondegiak jendea hobetzeko partez mintzen dik.

JAVIER: Presondegian jakin dizut, negoziatzen arizan zarela.

ANTSO: Eta bazekiat nondik jakin duan. Eta jakin ezak sudurra sartuko dudala. Presondegi horiek koroaren kontrako mindegiak dituk, konplotak ehuntzen dituk, sakabanaketa on batekin...

Bekaizti haiz, bekaizti, nihaur arreñatu bainaiz hire dozier prefabrikatu horietarik gabe...

JAVIER: Eta pagatzen ahal duten bakarrak zergarik gabe utzi.

ANTSO: Enpleguaren sortzeko deliberoak dira eta inbestitzen behar duk jakin ondotik ehaiteko edo bestela ez duk enpresa bat kudeatzen.

JAVIER: Erresuma bat ez daiteke utz menturaren menturazko gerlek eman liezazkioten bilkinaren gain. Diru sartzeak behar ditu urtetik urtera konda genitzakeenak.

ANTSO: Hortako diat erreforma fiskala egin, bere ogi porkeria talotan sar dezan xeheriak eta estado zerbitzuak urre gorritan ordaintzen sar dezaten kalabazan. Kalabazan! Beharko diot ateratu hori besteari.

JAVIER: Pagarazteko beharko dituzu urkatu milaka eta oraino ez dute eginen. Edo egiten badute erro jateari lotu direlako seinale. Aldiz izurrite batek petxero guziak ken liezazkizu urte bat barne. Urik gabeko zelai erreek ez ditezu mozkinik, erregerik gabe dauden herrialdeko populuek jaun tzarren zaldizkaden minez ubelduak daudezu. Urrea Nafarroako ospitaletan duzu.

ANTSO: A baina jakin ezak ez diela iraunen, hori albornen apatatzeko irina duk, beren industria kurrituko delarik ontsa zakatuko ditiat. Nahi nauk nigarrez urtarazi baina kasu, populua gogoan diat ere! Ez duk bihotzaren monopolioa! (Oihal bat altxatzen du) Hau uspelen sendatzeko gantzugailua. Nola zion gure errient astapito hark: “Panem et circenses” Panema ez diat behar bada baina honekin jostatzekoa ukanen ditek. (Soka ateratzen du) Lot hadi honen puntan.

JAVIER: Zer da hau? Joko bat?

ANTSO: Lot hadi eta tau erraten dudalarik tiratzen duk. Prest? Tau. (javier nahi bezala tiratzen du eta lurrera igortzen) Hooo!

JAVIER: Bozten nauzu alegera ezartzen baitzaitut baina ez dizut fartsa ongi ulertzen.

ANTSO: Kirola egin behar huke Javier, zinez ez haiz haur hotza baino indartsuagoa. Lehiaketak antola genitzakek eta kupa bat eman irabazleei, hamarka ere egin dezakek, binaka, nahi den bezala.

JAVIER: Ez ahal duzu uste, Nafarroak ezagutzen dituen arazo ekonomiko guziekin jende normalakj. Xeheria deitzen duzun jendetza zikin, konkor eta hortzik gabe horrek, ohartu ez bazara ere, burumuina badizu, ez duzu uste haurrek bost urtetako utzi duten joko haurkolo horri interesatuko direla afizionatu arte.

ANTSO: Proposatu zieat Donapaleuko apezei eta enbalatuak zituan berehala, festibala ere muntatu nahi zitean.

JAVIER: Donapaleu beti Nafarroaren atean egon da. Eta aldebat ebanjelisatuak diren kantonamenduetan bezala ahalmen kritiko guzia urtu zaie. Eta ohartarazten dizut etekinak beti beren sakelara joanen direla.

ANTSO: Gero zakatuko ditiat.

JAVIER: Astia uzten badizute

ANTSO: Zer asti?

JAVIER: Erregetza diozut. Aiguebelle hori Gaztelako erregeren espioia duzu.

ANTSO: Uste duk hobeak direla Leire eta San Millaneko fraileak, hire adixkide kuttunak. Ari zaretelarik trafikan ene familiaren bizia arrapentsatzen. Faltsu banda pollita. Aski diat hara agertzea alegia ikasten ari beren artean latinez, grekoz nik dakita zer nihun ez den erromanze erdi aragoitarrez mintzo, non ez den mozarabez, eta kaierrak begiratzen dituk, saihetsetako notak euskaraz ezartzen ditek: “gehitu dugu” eta honelako; gure amen komisioneen egiteko lista iduri dik.

JAVIER: Beilariak nahi ditiztezu ltsasotik Gaztelara pasarazi eta orduan...

ANTSO: Ez duk sekulan hiririk ezarriko han. Baionan ez duk soldado bat uzten ahal bi ilabetez, sukarrak bildu gabe . Nor nahi duk oporretara joan dadin Hendaia, edo Ondarrabira? Behar dik burutik joana izan, itsasoaren marruma ondoan, han barnean daitezkeen munstro deabrutiar guziekin...

JAVIER: Itsasoa duzu. Afrikan zuk giristinotasuna erein duzula, obra ederra duzu alde batetik Aita Sainduaren grazia ekar diezagukeena. Baina ez ezazula ahantz Kantauri itsaso guzia Gaztelarena dela.

ANTSO: Hago baina zergatik nahi duk atsulutoki itsasora joan?

JAVIER: Saltzeko.

ANTSO: Zergatik Gilhemek ez dit deus aipatu?

JAVIER: Hari berdin baitzaio Gaztelatik edo Frantziatik saltzea, diruak ez du erresumarik. Hura merkataria duzu eta zu errege.

ANTSO: Bibianek arreñatuko dik. Aski dik hara hurbiltzea.

JAVIER: Preseski Bibian dizut gogoan, orai erresumari atea atzemateko Baiona duzu bide bakarra.

ANTSO: Ingelesak dituk.

JAVIER: Ez dituzu Gaztela edo Frantsesak baino piesagoak, eta ingeles baino gehiago merkatariak dituzu, beraz Gilhemekin akomeatzeko prest. Behar duguna bidea duzu eta bide bat koroak zainduko duena.

ANTSO: Hago hor geografia ere hire gainean kopiatzen nian baina, erraten didak tronpatzen naizenez baina, hor, Bibianen etxetik pasatu behar diat.

JAVIER: Zure erresuman zaude. Bibian suieta duzu.

ANTSO: Egia erran laguna diat, loriatu nauk gerlan horrekin, baina ez zekiat, holako baten galde egiteko ez nauk gustuan.

JAVIER: Deliberatzen duzu.

ANTSO: Hago ez diagu mutiko bera apaitzen, Bibian ez duk ezagutzen, zerbait inposatzen diok eta muntatzen dik aht kontrako manifa bat Iparralde guzian, animale ona duk.

JAVIER: Nafarroak aht behar dizu.

ANTSO: Gero behar bada, omorean duk, kakahuetak eman zizkioat.

JAVIER: Mantxut?

ANTSO: Deus ari ninduan dedramatisatzen.

JAVIER: Ez duzu mementoa horretarako. Dramaren erdian baikara preseski. Ez duzu lekurik aski hiru erresumentzat arku atlantikoan eta ekonomikoki guhauren gain jartzen ez bagara Frantzia eta Espainiaren barbaroak izanen gaituzu gero hurbil batean, apez edo soldado izateko beste aterabiderik gabe gure semeentzat, erran nahi baita Erroma edo errege arrotzen mutil. Errege bat behar da. Honek erran nahi du prestigio bat eta baduzu.

ANTSO: Eta ukanen! So egik! (Jasotzeko harria erakusten dio) Hau joko berria. Hi haizen bezala hor “botilero” haiz. Gaitzeko zinema egiten ahal duk. Biziki teatrala duk eta ahal bezainbat aldiz, so egik (altxatzen du) hola bizkarrean ezarri behar duk.

JAVIER: Badizu besteak baino estetika gehiago.

ANTSO: A! Eta desafioak botatzen ahal ditiat nafartar guziei eta nola denak errautsiko baititut gaitzeko fama bilduko diat. (Segituko du harria jasotzen bestea mintzo delarik)

JAVIER: Baina nik diodan prestigioa ezpata duzu: “justizia” bat denek errespetatuko dutena, Bibianek ere. Hizkuntza lokala, ez aveyronean mintzo den bat eta zerbait xeheriaren tripa asetzeko doia: hau itsasoa duzu eta legimitate bat: segida bat edo bestenaz oraiko konplotak segituko dituzu.

ANTSO: (Harria pausatuz) Zer erran nahi duk hor azkenik?

JAVIER: Ondokorik ez duzula.

ANTSO: Irri gose haiz gaizoa, baditiat haurrak Nafarroa guzian.

JAVIER: Bastartak dituzu. Plazatzen ahal dira Iruñeko apezpiku, baina xeheriak ez du hori konprenitzen legimitate bat bezela, atzerriak ere ez.

ANTSO: Kalabazak eginen dik errege ona, ezpata ukaldia gaitza dik. Hau (xirrika eta lasto balota erakutsiz) Izura Aroztegian talo jatean sekulakoa bildu genuelarik hark zian pentsatu. Zer irriak! (Altxatzen du balota)

JAVIER: Ez nauzu batere harritzen. Baketeetan dituzu erregeak ezagutzen, orduan baitituzte erresumak sendotzen eta hura orai arte ez dizut biziki politika ikasten ikusi . Zure maiestateak haren alde duen maitasun edo ixuriaz paso egiten badut bastarta duzu.

ANTSO: Haren ama biltzen diagu den lekuan erregina tanpona ezartzen zioagu ipurdian eta gure bizia bizitzen diagu, ez diat sekulan aitatasun beroa ukan.

JAVIER: Zendua duzu.

ANTSO: Zer erran nahi dik horrek?

JAVIER: Iraganean aipatzen dugula. Hila dela.

ANTSO: O zer domaia. Emazte ona zuan. (Abiatzen da esne bidonekin eta taulagainaren ingurua egiten.)

JAVIER: Beha nazazu joko zozo horiek utzirik, ez duzu jende zentzatu bat ere horri so egonen minuta batez, ikusi duzu zer itxura duzun? besoak luzaturik, lepoa antzararena bezain luze ateraturik, eta hor aurkeztuko diren arno zahagien matelak odolez belzturik. Badakizu zer pentsatuko duen edozein euskaldun normalek (eskorgetan ezartzen du eta erematen) Euskal Herrian keltoen denboratik errota pentsatua dugula eta ez duela deus balio horrela artzeak. Eta ordu zuzun. Hau Charlie Hebdo-n populu paristarren trufari botaia izateko, hogeita hameka eskutik. Edo ezkontzen zara edo Xanpañako Teobalto, Zuriñe zure arrebaren semea duzu Nafarroako errege.

ANTSO: Zer, gabatxo kiskil madarikatu hura, nehork ez dik onetsiko. Eskelariek ere harrikatuko ditek. Bibianekin, Ferranddorekin frantses bat, ale, ale! Ooo! baina hago hi, ez nazaala zozo batendako har, ikusten diat zer duan golkoan, nahi duk ezkon nadin, kazatu nahi nauk!

JAVIER: Teobalto gurutzatua duzu, Erromako legimitatea badizu. Edo Teobalto edo ezkontza.

ANTSO: Eta uste diat hire Leireko lagunekin plana egina duzuela. Ene erreginagaia prest duzuela? Kontaktatua ere berdin?

JAVIER: Proposamenak baditizugu.

ANTSO: Eta urrunekoa berdin, iparralde horretakoa?

JAVIER: Zuk diozu Afrikako bidea moztu giristinotasunari. Errege batek aliantza internazionalak behar ditizu, ez duzu Lekunberri Etxapareko alabarekin ezkontzen.

ANTSO: Ez! ezagutzen ditiat zuen planak. Bortxatuko nauzue sekulan ikusi ez dudan lodito mozkote, apal, titi haundi batekin ezkontzera. Gainera Frantsesez edo italiarrez nehork konprenitzen ez duen hizkuntz arrunt horietan mintzo den bat. Sentibera nauk ni, komunikatu behar diat, seksualitate rafinatua diat, genetika gainditzen duena. Aixa gure ama bezala arabieraz mintzo zaidak burdikoan, hire oilo kolokek imajina ez litzaketen gimnastikak egin ondoan.

JAVIER: Paganoa duzu.

ANTSO: Pitokeriak utz itzak Javier. Ez eni. Hire lana duk eta demerda hadi. Bazekiagu Leiren diren gure arbasoen biografiak zer diren. Hire fraile bat ezartzen duk hiru hilabetez Aixaren familiaren jatorriaren egiten, Aita sainduaren arreba dela atzemanen dik. Sosa duka behar? Esmeralda ere nahi baduk. Gaztelako ipurdi apal pantalon zola lazo hark inprimarazi dik godo arrazakoa zela Aita Sainduari kausitzeko. Tripota larrua bezain beltza duk. Navasen hil ez bada Mairuek beren arteko batentzat hartzen zutelako duk. Ostatu guzietan hartaz trufaka ari dituk.

JAVIER: Arrazoin dizu errotik. Arraileriak airatzen dituzu, fraileen idazkiak aldiz egoten. Baina garen kontestuan errexago izanen duzu Kalabaza printze egitea.

ANTSO: Orduan goazen Kalabazarekin, ez diat Aixa esperantxetan ezartzeko emeiarik

I. GORTE MUTILA: Ferranddo Kalabaza hartz ihiziko istripu batean hil da.

II. GORTE MUTILA: Aixa ibn Nasirrek bere burua urkatu du Orreagan.

 

iluna