Antso Azkarra edo Miramamolilnen esmeralda
Antton Luku
Antso Azkarra edo Miramamolilnen esmeralda
Antton Luku
Kutxa Fundazioa, 1997
Antso Azkarra edo Miramamolilnen esmeralda
Antton Luku
Kutxa Fundazioa, 1997
[aurkibidea]

 

BIGARREN ZATIA

 

Oliteko jauregian gara. Ezkerretara harrizko eskalerra, gainean erretaulkia. Barne ilun eta hezea, hemen eta han burdinezko zangotan gaizki argitzen duten zuziak. Espazio horretan barreatuak elgarretarik mesfidati gizatalde batzuk. Kaputxa buruan dute gehienek bazter soen kukutzaile. aiguebelle ela fuligule fraile frantsesak, gilhem eta peyrot, San Saturninoko merkatari okzitandarrak, titiritero iduriz behartsu batzuk karlo, lope eta toda honek hartza katetik darama, ezpata zorroz burdin bati kontra zizelaren azantzari ihardesten bibian agaramonte. Ageri da hau mende oso bat egon daitekeela beha. Denak ahapetik mintzo dira, elgarren berri jakin nahian, barrandan.

 

BUFOIA: Antso Nafarroako Errege, maieztate haundienean!

 

(denak ateari so itzultzen dira, bufoia erretaulkian jartzen delarik.)

 

BUFOIA: Beraz noren aldi, zein dugu presatuena hemen gure erresumaren xerbitxatzeko?

 

(Ohartzen direlarik jukutria dela orroaz ohiltzen eta harrikatzen dute, ihes egiten duela zimino irri zikin batean. javier alferiza sartzen da eta higitu ez den Agaramonterengana doa.)

 

JAVIER: Horra haiz beraz Bibian Agaramonte. Erregeren heltzearen berri heldu zaik hire iparraldeko lohitzunetara. Ez haugu hain prunta senditu behar zelarik Gasteiz zaindu.

BIBIAN: Ez haiza hi, Javier, Nafarroako Alferiza edo lehen ministroa? Nik diota lege gizon bati oroitarazi behar Erregek duela ostea altxatzen, eta bajoi batek ez diola bere basailutza hari baizik zor? Hi kasik Errege ordaina izanik ere, Errege heldu duk, hari natzaiok beha. Bakoitzak bere ofizioa, komertsantek komertsioan, fraileak kaka nahasten, populua gose. Jainko bat ba omen duk Javier.

JAVIER: Basailu Bibian? Anitz izanen diagu eztabadatzeko Errege etorriko zaigularik.

 

(Zoko batean eliz-gizonen taldea.)

 

FULIGULE: Bi aste hasia dela kurritzen Erregeren etorreraren fama. Ez duk jinen, edo hila duk edo Afrika salbaian lupertu.

AIGUEBELLE: Ziotek zer nahi negela eta izurrite hedatu direla hor gaindi, segur nauk buztana moriska zikinen tripan bustiz bularretaraino usteldu dela. Hire ohaide italiarra oroitarazten zidak Fuligule.

FULIGULE: Ixil hadi mihi zikina, gohaindia ematen didak, neska gaixo hura ontsa baliatu diagu.

AIGUEBELLE: Ez deat erraten Fuli. Jainkoak zaintzen zikean zurminduratik eta egia duk Baxe Nabarre honetan Santiagoko bideko etxalde interesgarrietako jabeen ordeņuen biltzeko pitilitik ontsa atxiki dituela.

FULIGULE: Higuingarria haiz Aiguebelle, ateratzeko emeia ematen didak. Jada barne honetan nekez egoten eta.

AIGUEBELLE: Zer, ez haiz gustuan hemen?

 

(Beste nonbeit hirietako burjesak)

 

PEYROT: Gilhem, ziotek izurria bildua duela mairuen erresumetan, badukek, jateko minduekin

GILHEM: Deus ez duk hemen baino minduago Peyrot. Badukek baina orduan Xanpaņako Teobalto frantsesa izanen duk errege eta gure anbaxada ezin hobeki bukatzen duk. Zergetan dugun zorra ketan eta bi erresumen arteko mugak eta bide sariak zapart. Baina hago beha eta ez gehiegi amentsetan ar.

 

(jende xeheak, itxuraz zirkolari edo titiritero)

 

LOPE: Jin behar du.

KARLO: Jin behar dik bai Lope, negelaz joa nahi badu baina jin bedi.

TODA: Jinen duk ba mutikoa, noiz duk arazoa. Negela lohian etzanez duk biltzen. Negelak zoldaren urrina duten eri arteketan dik kafira egiten. Hilabeteak mairuak aurtikiak direla, jakin ezak, oihal finenetan luzatu dela eta esku eztiek palmolio iraiziaz karrakatu dizkiotela zoko guziak. Osagarrian jinen zaiguk Errege eta azkar.

BUFOIA: Bazterrak pizu e, Javier?

JAVIER: Eta pizatuko. Bufoiaren betebeharra bada ausart izatea Erregeren aitzinean, hobe dik ixilik egotea hor ez delarik. Zurmindura podere gose delarik.

BUFOIA: (karlo juglarrari) Zaila duk e Karlo, denboraren neurtzea...

KARLO: (aiztoa ateratzen du jantziaren petik, javier eta bibianek ikusia dute diskretoki)

TODA: Alxa ezak hau! Gazte mentsa! Ikusten bahaute...

KARLO: Jin baledi. Pagatu behar din.

TODA: Horra delarik, baroiek ez ziatek keinu ttipiena ere egitera utziko. Sar ezak hori, ez zezakeagu indarka irabaz. Kalituko gaitiztek. Ardietsi behar duguna Gasteiztarrentzat ordainketa zerbait, baina horiei oldartu gabe. Utz nazak.

AIGUEBELLE: Sinplea duk politika. Mintzatzera uzten duk. Dituk. Afrikatik zer ekartzen duen. Afrikako ministeritza baten proiektu birtuala bada erligionez aldatzeko prest nauk.

FULIGULE: (siņatzen da) Eroa haiz Aiguebelle.

Blasfematzen duk.

AIGUEBELLE: Erranez geroz, nihauren buruaren gohaindia dudala! Ministeritza hori sortzen bada behar diagu ardietsi. Hain luzaz egona bada Afrikan badikek zerbait. Antsok ene gisara sosa maite dik. Holakorik ez bada balore tradizionalak goiti joanen dituk. Santiagoko bideetako akzioek balioa hartuko ditek. Eta kasu horretan Teobalto nahiago diat.

FULIGULE: (Aiztoa ateratzen du) Eta Antso?

AIGUEBELLE: Nihauren buruaren gohaindia badiat.

            Bastarta, maniobra errexagoa duk. Bat bastart gisa zikintzea eta bi, ehizteka horietan hainbeste istripu gertatzen duk. (bufoiak barrandatu ditu)

BUFOIA: (merkatariei) Sinesten duzue Afrikako aferen ministeritzaren eraketa batean? Zurrumuruak badira ez?

 

(Aiztoa ateratzen dio peyrotek)

 

GILHEM: Barka iezaiozu. Zainetan gara. Barne honetan den sapa.

BUFOIA: (joanez) Sapa? Hotzez aihartzen gaituzu.

GILHEM: (Bere buruari) Hago. Zerbait badukek. Espanzioa kausitzen badu hego aldera... Tratuak badituzkek. Beraz interes gehiago hara buruz Iruņearentzat. (peyroti) Ez duk deus egiten nik erran gabe.

PEYROT: Ez diagu interesik, behar diagu harresia muntatu gu eta Nabarreriako judu eta baskoien artean. Nik erraten diat interesa iparraldean dugula.

BUFOIA: Ordu dugu sar dadin ez, Agaramonte Jauna?

BIBIAN: Edo ez dadin. Nik jakiten dudan ber...

JAVIER: Aiguebelle duzu aditu dudanez fraile izena, Lakarra jauna. Zu zintudan ez Gaztelako gortean ikusi?

AIGUEBELLE: Gasteiz entregatzearen emozioek zaituzkete enganarazi Alferiz jauna. Nik ez dut enbaxadarik egiten, frantses guziek bezala hizkuntzetako dohain eta ixuri guti dut.

JAVIER: Gaztelaren alde jarri bizkaitarraren laguntzaz, mendebalean diren kanbiamen politiko guziekin, ez zaizue interesatzen beste bide bat egitea Santiagorako?

AIGUEBELLE: Fikzionezko ipuinak dituzu, dena lohi duzu itsas bazter hori, ez duzu sekulan hor muztiken pean jenderik egonaraziko. Turista delikatua duzu. Maite dute zangoa sukoan finkatzea. Hiru izarretako ospitaleak. (besotik harturik) Hor zareno, zu ontsa baitzara Xantxorekin, behar zenioke aipatu...

JAVIER: (Hotz) Zure enbaxadak nehork baino hobeki zuhaurek eginen dizkiozulakoan nago.

AIGUEBELLE: (a parte) Arrazoin du. (lagunari) Hatza baduk eri kikilan, hau hil ezak. Hastiatzen gaitik. Nik ere funtsean. Gohaindia.

BUFOIA: Zerbait kanta ezak to, Lope, besta aire bat ukanen dik palazio honek.

LOPE: Ez diat bufoi bokaziorik izan sekulan. Erregek arteak maite ditiztek, ezagutua izateko dudan xantza bakarra.

TODA: Ba baina ez gaituk karrikan hemen. Kasu emak zer erranen dioan.

LOPE: Artea ausarta da.

BUFOIA: (Erretaulkitik) Antso Azkarra Nafarroako errege.

 

(denak kexatzen zaizkio lehen aldian bezala. Hor gaitek jo biribilketa entzunen da biziki azkar San Ferminetan ziganteak ibiltzen direlarik bezala. antso sartuko da zigantez ferranddo kalabazaren espaldetan. Denek altxatzen dute mokanes gorria San Ferminak ideki aitzin bezala. Jausten da errege gaitzeko arramantza altxatzen delarik. Hartza jeikitzen da, karlo junglatzen ari da karrika zoko batean bezala)

 

BUFOIA: Antso ene errege, zein berantetsia hinduan! (Jauzi egiten dio besoetara ziminoak bezala)

ANTSO: Hor haiza urde krepauta, bahaki zer faltatu zaizkidan hire pitokeriak sofrikariozko lur haietan!

BUFOIA: Gu goxo goxo ginelarik hemen lagun onen besoetan. Erra’k azkartu haiz, kantina ona zitekean Nafarroako armadan.

ANTSO: Ta hi, tzarkeriak janik?

 

(Botatzen du urrunera, gaita ez da ixildu eta heldu da aixa iņigoren espaldetan hau goiti so izerdiz trenpan, denak alderdi guzietara ihes, hartza ere kurrinka, akerra barrukian sartzen delarik bezala.)

 

AIGUEBELLE: Burutik joana duk. Eroa duk. Fini duk. Giristi-herriko errege famatuena eta sartzen duk handik deabrukume hori besapean, lekuan berean kontsumitzeko partez. Aita Sainduak bula eginen dik, eskomikatuko dik. So egik, Fuligule, lehen paradan hiltzen duk, kanonisatuko haute bizi haizeno, egutegian izanen haiz, Seaskakoan ere bai, gorriz, igande bat hiretako.

GILHEM: Hor zerbait ez diat konprenitzen. Lagun nazak, aliatua duk Gaztelarekin, Inkisizioak erretzen ditik larru beltxaran guziak, jende oro itzalean egoten duk paisola baten pean...

PEYROT: Hamabost egun barne gaztela hemen duk, Frantzia ere bai (aiztoa ateratuz) eta Teobalto errege. (besteak atxikitzen du)

TODA: Couche Martti. Porkeria zikina, ustelduraz leherregiten utzi gaitik buhamesa horren lastoan alberdanian aritzeko.

 

(aixa izuturik hori guziaren aitzinean antsoren gana doa)

 

ANTSO: Haugi ene kukuso pipia. Barka iezaien, ez diten zibilizaziorik, ez hautelakotz ezagutzen, ikusiko dun onetsia izanen haizelarik ez diten beste solasik ukanen hi baizik. Barka ene suiet leialak, zuen ikusteko plazerrak itsu-elkortu eta alegrantziazko trago ta kanoi ukaldiak petarazi aitzin, Iņigo aurkez ezak gure gomita printzatua.

IŅIGO: (xarmaren pean) Ezin dut

ANTSO: Ur hotzean trenpa hadi. Freskatuko zaik. (iņigo badoa eta jartzen da ipurdia bertzean) Ferranddo!

FERRANDDO: Aixa, Almohadeen printsesa, Afrika haundiaren Aitunen alaba zibilizatuena, A1 Nasir erregearen esmeralda.

 

(denak makurtzen dira, aitzintzen da lehenik aiguebelle, bere burua ahuspez botatuz)

 

AIGUEBELLE: (Frantsesez) Ongi etorri mila eta milaka aldiz, Antso azkarra Mendebale eta giristi-herriko kaiser eta izarra, Jainkoaren zerbitzuan merezimenduz saindu. Ez daitezela ausart ene begi hitsak ondoan duzun desertuko lili horren edertasuna mirestera, mihia eror dakidan ez baita gai izanen zure heineko konplimenduņo batez erditzeko. Eliza, Aita Saindua eta Jainkoari zor zaizkien guziak zure baitan biltzen dira.

 

(besteek imitatuko dute)

 

GILHEM: (Okzitaneraz) Iruņea gure hiri maitearen gainera erortzen dira zure balentria guzien fama eta ospea. Onar ezazu errege maite gure hiri maiteen burjesen ordezkarien agur apala.

LOPE: (gazteleraz) Errege txit haundia ene poesiaren entzuteko ohorea egin iezadazu...

ANTSO: Hago ixtant bat bestak idek ditzadan, sarri ariko gaituk. (aixari) Ikusten dun: poetak baditinagu hemen ere, laketuko haiz. Zer dun ene desertuko lilia...

AIXA: (arabieraz) Hoztua naiz. Ez dut fitxik konprenitzen.

ANTSO: (arabieraz ere) Zerbait edanen dinagu bero hadin. Hago denak mintzaraziko ditinat hizkuntz zibilizatu batean. (euskaraz) Zaudezte, bordela da hola segituz, Aixa ene esmeraldaņok ez du tutik hartzen zuen konplimenduetan karrika lenguaia horietan esprimatzen bazarete, ar gaitezen euskaraz denak brantxaturik izateko gisan.

BIBIAN: (belaunikatuz) Antso gure errege, nahi izan diat hemen izan lepoen haraindiko ene lurrendako basailu agurraren emateko, hiri.

ANTSO: A! Bibian, Bibian jeiki hadi, arren. Hau, populu maite Navasen zen, eta jakin ezazue ez dela alferrik egona. Re Koņo, jin behar huen gurekin Afrikara zapart irri egin diagu.

FERRANDDO: Badakik berriz ere gerlan arizan garela han Antsoren koinatarendako. A ba hola gaituk e gu! Zer bitxoak! Jakin ezak genuen fleitearekin aire joan dela. E Iņigo?

IŅIGO: (bertzetik) Hiper ontsa zuan.

ANTSO: Eta sosen aldetik, Uuu! dote bat, gehi arrapakinak. Uuu!

FERRANDDO: Uuu! Hor pitokeria egin duk. Han bazuan Bidaxunen bezalako zenbait gaitzuru ogi.

BIBIAN: Zuentzat pozten nauk Errege haundia. Arranoaren partea zen.

ANTSO: Bazuan segurki ta halere ... eta arranoarentzat badiat proiektu bat, erakutsiko deat.

Nafarroako populua, ricos gizon eta hidalgeria, Hiri oneko jende hoberenak, elizako ordezkari... (itzultzen javierri so)

KARLO: Ez gaitu aipatzen ere...

TODA: Ez gaituzkek protokoloan. Zaila izanen duk gurearen defendiatzea.

ANTSO: Javier, ene Alferiz maitea, kasik urtea ez dugula elgar ikusi eta ez haiz heldu alejantza erakustera.

JAVIER: Ez naiz zure basailua Errege jauna.

ANTSO: Javier ez ezaala hire kasko gogorra egin, kontent nauk hire ikusteaz, deplauki erranen deat, nahi nikek ahuspe fransesa egin diezadaan.

JAVIER: Ahuspe frantsesa Frankoen erresumetan bego. Nafarroako usaien ezagutzeaz harrotu nauzu beti danik eta ez dut sekulan holako ziminokeriarik ikusi. Zerrendetako errege haundienek Iņigotik Antso haundira beti larderia atxiki dute fantesia horiek gabe.

ANTSO: Javier zer nahi duk? Nahi nauk eroarazi ene gomiten aitzinean.

JAVIER: Ez dut nehor ikusten hemen plazerrez jinik. (Doi doia makurtuz) Agur eta ohore. Antso Nafarroa, Errioxa, eta Euskal lurretako errege agurgarria.

BUFOIA: (antsoren gainean jauzi eginez) Addio! Ontsa haiza!

ANTSO: (Aurtikitzen du lurrera eta so zikin bat botatzen, gero javierri) Gero ariko gaituk. San Fermineko bestak idekirik deklaratzen ditut. Ikusiko dun hemen badakigunez besta egiten.

 

(Patxarana banatzen dute mutilek, denek edaten dute eta “todos queremos más Patxaran” kantatzen. Taldeka dira irriz eta bestan. Jendeen artean ibiliko da bikotea eskuz-esku bi adolezente bezala, eta hurbilduko zaizkie suiet piztonez goseak beren aferen aipatzera.)

 

GILHEM: Bai hara, Errege jauna aipatzen dizut hola goxoago baita, hola, modu ez ofizialean, ari gara Patxaran lantegi bat ezin montatuz, Nabarreriakoek zailtasunak egiten baitizkigute, ondarkinak errekara igortzeko, eta hola ba, Patxarana edatean arrajin zait gogora...

ANTSO: Kurrier bat egiten didak. Arreņatuko diat hori guzia (aixari) lkusten dun biziki herrikoia naun hemen, jende onak ditun.

 

(Denbora berean peyrotek hil nahi du eta ferranddok hiltzen du, mutilek erematen dute boteila hutsekin batera, gibelean zernahi ganit eta ezpata ager daitezke itzalez paretetan.

todak karrika bazterrean zego batean itsas-xakur tipiak, buruan ezartzen diren paisolak, lunetak euriaren kentzekoekin, eta holakoak saltzen ditu, antsok erosten dio 5.000 pezetena bederen, petentak aixarentzat ere.)

 

TODA: Errak nola Iruņean baikara, eta mundu osoan igualik gabeko bestak baitira, bizpahiru gauza banituzke hiri aipatzeko, gu Nafarroako parlamentuan ordezkatuak ez garen batzuen izenean, eman dezagun enzierrotik landa, Eztafetako kafeterian aipa genezakek behar bada.

ANTSO: Ez hor iduritzen zaidan Aixa eta biak tenore horretan Tres Reyesean izanen garela baina pasa hadi “Txokon” Castillo plazan. Beti hola egiten dinat: eguerditan Txokon gin-kas baten aitzinean, hola norbaitek nahi banau ikusi bazekin han naizela.

 

(karlok hil nahi du eta iņigok bertzetik hiltzen du. Gero honek antsok erosi dituen gauza berak erosten ditu aurtengo moda hori baita. Miguelón, Miguelón kantatzen du.)

 

IŅIGO: Paisola eta Itsas-xakur ttipi bat. (Jostatzen da bertzean horrekin eta irri egiten gogotik)

 

(aiguebelle, peyrot eta gilhem rugby kamiseta jauntzi dute eta besarkaturik, “La femme du bedouin” kantatzen dute.)

 

AIGUEBELLE: A sire, zauri gurekin, San Ferminetako leku hoberena da Estafette! Geant da. Irringarria da, denak fransesak gara, denak Baionesak! üne beste!

 

(peyrotek antso hil nahi du aixari alimaleko (la)patin bat biribilkatzen diolarik. bibianek peyrot hiltzen du eta javierrek maiteminduak bereizten ditu:

 

JAVIER: San Ferrnin!

 

(peyrot erortzean freskatzen da antso. Peņak ixiltzen dira eta bibianek ezpataz aiguebellen kokotza altxatzen du)

 

BIBIAN: Egun on, Lakarra jauna, hemengo aldi?

JAVIER: Uste dut lan puska bat badugula dilindan, auzi trenkatu gabe anitz eta erretaulkira igan bazinte lehen-bailehen, hastea hoberena genukeela.

ANTSO: Hago ene gomitak ez ditiat hola errezebitzen ahal.

JAVIER: Hemen direnak hasteko, badu urtea, zu lekutuz geroz bizi direla Nafarroan gomit gisa edo bizkar. Ikusten duzunez beti San Saturninon gaude besta egiten eta, horgoek zergak ez dituzte sekulan pagatzen ahal. Nabarreriaz ez gara behin ere axolatzen, alta hauek leialak dira. Iduritzen zait Erregeri dela...

 

(Igaiten dira antso eta aixa.)

 

ANTSO: Hasteko, erresuma idekia izan gaitezen, honendako nahi nituzke hemendik aitzina, kanbiamen eta modernizazio guziak (txalotzen dute eliza eta burjesek) hemengo etiketari gehituko dizkiot, gurutzadetan ikasi gauza pollit batzuk ere. Eta gainera Aixak kantua eta poesia maite duenez jotaņo batekin hasiko naiz. Ez bainuke nahi hain septentrionala den leku lanotsu honetan (hasperenka baroiak irriz bestialki), emmerda dadin.

                        Y subir y subir y subir

                        por las paredes

                        entraré entraré entraré

                        en el jardin que tienes

            Beti danik ukan dugu hemen vasconian kantuarentzat afizio berezi bat. Hemen dena da kantu edo bat-batekotasun estakuru, gure arrazaren ezaugarria ote den, gordetzen du mintzatuz discretoak girelaco froga, zer poesia, sakontasun laborari severa, serio horien bossetan mezan anjelusa, pilotak errebotetan vrombissatzen duten orenean, entonatzen dugularic

LOPE: (Lautea karrakatuz hasten da lope kantuz)

                        Iganez, iganez, iganez

                        Harresien gainetik

                        Barnera, barnera, barnera

                        jin dira kanpotik

 

(denak txaloka eta irriz zerbait ezagutzen balute bezala)

 

ANTSO: Inprobisatzen din e, hor, iduri ez badu ere. Harriarazten hau. Nehork ez din sekulan sinetsi nahi. Gure herriko biziki usaia berezia dun. Ez dinat erraten beste erresumetan ez dela egundaino izan, baina gurean dun hobekienik kontserbatu.

LOPE:

                        Kanpoan, kanpoan, kanpoan

                        Arrano fama

                        Gaztelak, gaztelak, gaztelak

                        hartu dio kafira

 

(denak komentatzen hasten dira batzuk iziturik, antsok ez dufitxik konprenitu.)

 

ANTSO: Atx! hor errima ahulxka behar bada. Normalki, nola erran, bi silabak, ez bi silaba ere, azonantzia bikoitza hobe dun, liburua badinat biziki ontsa egina hortaz, pasatuko dinat.

LOPE: (arrakastak beroturik)

                        Gasteiz, Gasteiz, Gasteiz

                        Hiri martirioa

                        Arranoak, arranoak, arranoak

                        laster ahantzi zuena

 

(Isiltasun gaitza)

 

ANTSO: Zer da?

BUFOIA: O! freskatuko haiza? Xantxito!

 

(Ohartzeko denbora hartzen du eta sekulako haserrean jarri eta hartzen ditu lope eta bufoia lepotik eta urkatzen.

aixa orroaz hasten da antsok ez du ikusten ere.)

 

JAVIER: Bufoi eta kantariei jaukitzen zaien erregeak ez du hedadura haundirik.

ANTSO: Hi isiltzen haiz. Oroit hadi nori mintzo haizen.

JAVIER: Ez dut preseski besterik gogoan.

TODA: Hi eta hi bezala mintzo den ezkozko gizon hotz hori konponduko zarete laster ni joan ondoan, Antso Azkarra...

ANTSO: Nor haiz toka aritzeko hire Erregeri?

TODA: Hire erresuman lekurik ez duen bat, zergak eta zaldiek altxatu lohia jasaiteko baizik. Baina Gasteizeko hizkuntzan atso batek beti toka egin dik gazteago bati. Hil duan trobadore kiskil honek ez dik aipatzea merezi. Uste zian bere arte txarrarekin ase zitekeela puxanteen mahaitik erortzen diren purrusketarik, uste zian artea saltzekoa zela.

            Bazekiat hik ez duala sekulan pagatuko. Erregeak etzaten dituk urdangekin eta mahaian dituzten bekatu barkatzaileek ez zietek aipatzen ere, hiltzen ditek edaten duten bezala eta ez zaiek kondatua izanen.

            Ez dituk holakoak nehorren gogoan egoten ez eta sustut populu izena merezi ez duen likiskeria horretan ere.

            Orroaz ari haiz Antso, uros haizela, oreina larrazkenean bezala, eta itzultzen haizen alderdi guzietarik Gasteizeko zauri guziak idekiak odol eta usutsuak hiri so dauden begiak dituk. Arabako airean mendeetan ibiliko duk harresien arrailduretarik gorputzen usteletik altxatzen zen kiretsa.

            Akilimarrok harri bitxiak erein ditik hire inguruan burtxora eta gal hadin.

            Gasteizeko zango motz guziek erakutsiko zidatek Antso, zango motzean ditek min hartzen.

ANTSO: Kanpora bota, Nola ausartatu haiz ere? Errege, Giristi-herriko...

TODA: Kanpora bota. Nork? Hire gorte-mutilak nire beldur dituk, eta so egin ezak puska bat hire inguruan, konpara ezak gela honek oaixtean zuen giroari, ikusten duka Antso? Beldurra, herra.

            Ene botatzeko aski bihotz dutenak alde ditiat.

            Arbola ikusi diat Antso, Nafarroak urteetan hazi pagoa kanpotik jin har ttipiek errotik janik,

            Hazia ikusi diat Antso burrustan ixuria, hozturik aihartzen palazioen harrian

            Gatu-basa ikusi diat, udako arropaz inguruka ibilki karroinezko kaiolan, eneguz, min eta abrekeriaz burxoratzen.

            Gatuak entzuten ditiat neguko gauaz marrakaz, ikusten diat hire odola gogortzen, zakurrak argizaitiari hurubiaka.

ANTSO: Sorgina! Kanpora.

TODA: Hago jarririk, banoak. Hemendik aitzina ene herria bidea duk.

            Arranoa zeruko nagusi, hartza lurrekoa. Agur ezak hire kidea, Martti.

 

(Eskea egin nahi du.)

 

AIGUEBELLE: Ez dun eskua luzatzen erregeen etxen, zikin dun.

TODA: Heriotza duk gauza garbi bakarra. Hartzak duen hoberena udaberrian ez atzartzea duk.

 

(Ateratzen dira)

 

ANTSO: Kalabaza, hartz ihizin beti laket izan haiz ez?

 

aiguebelle aterako da honen gibeletik eta berehala sartuko.

 

ANTSO: Bon lanari behar zela lotu, gorteak bildu behar zirela, hasten gara ala ez?

JAVIER: Gorteak bildu, zer gorte? Norekin?

ANTSO: Hemen garen horiek! Javier ez nazaala bila! Ez nauk batere omorean atzematen.

JAVIER: Lege gizona nauzu eta behar ditizut Nafarroako legeak betearazi.

ANTSO: Ez ezaala habilarena egin hire mutur zuriarekin! Bazekiat beti arrazoin ukanen duala, ez dik balio aldi oro baliatzea. Zin egin duzue ene itzulera xintxikatuko zenutela denek, ondarrean? Zer behar duk usaiakora arrajiteko. Beti argiena izan haizela aitortzen entzun nahi nauk, elgarrekin katiximan ginelarik, bufoi zimino zena eta biek dena hire gainean ponpatzen genuela. Hara errana duk! Hire ospe mizkinoa badaukak? So egiok Aixari hyper intelo zuan bere herrian, kultur zentroko zerrendetan zuan bizpahiru sailetan ziuplet, beha iezaiok Bibiani beti ontsa demerdatzen duk, ez duk oraino deabrurik sortu hau izorratuko duenik eta entzuten duk interesantaren egiten? Ez, hi Javier harroputz, iddor, naftalinaturik ez haiz hire bulegoetarik ateratzen, ez duk Nafarroa guzian hi bezalako marmotarik, eta nahi huke Egunkarian argazkian izan egun guziz Udagiroa sailean. Hautua egin behar duk.

JAVIER: Ez dizit ez ospe ez argitasunik aipatu. Nafarroako legearen alorrean bakoitzak bere lana egitea baizik.

ANTSO: Baina auherka ari zaidak. Javier! aldebat pitoarazi gabe, orroit haiza nori mintzo haizen.

JAVIER: Nafarroako Erregeri

ANTSO: Ninduan! Nafarroako errege baino gehiago nauk orai gaizoa. Navaseko garailea nauk, eta honek ematen didak mundu giristino eta pagano guzian asma ez hezakeen sona.

JAVIER: Egia duzu hori ez dudala aise errealisatzen, falta zaizkidazu emozio batzuk. Ni Gasteizen ninduzun hartua izan delarik, eta Arabarrak ikusi ditizut bata bestearen etzian jartzen ezaugarri eta ogi eskasez, arraza edo auzoak aitzakitzat hartuz, elgarren artean hiltzen eta jaten, gizakiak abereturik zentzuz eta itxuraz eta ingumetan ere kontzebi ez genitzakeen irudi eta usainak. Iruņean eta besteetan ere ikus genitzakeenak lur honetan buruzagirik ez deno.

ANTSO: Aipatzen diot giristinotasuna, Nafarroa sartzen dut Historiaren garapenean eta nahi du istika nadin bere gestio koropilo hertsietan! Ezpata hau zibilisazioaren besoa izan duk, hire burua bezain lodiak zituan moztu ditudan kateak, zilatu ditiat beltz higuingarrien papoak, burdinez eta olioz fartzituak. Sekulan ez garaitu elite osteak, bizi guzian lohikeria itsusi eta bekatu mortalean ihalozkaturik entretenitu soldadoak heriotz diseinu diaboliko baten obratzeko mendean behin. Zerbait deontologikoki no korrekt. Mairu erresuma barbaroan garbitasunaren ufako bat eman. Jainkoa diat aipatzen Javier. Zerua, salbamendua.

JAVIER: Beraz ez diguzunez oraino deus salatu zure xedeetaz, zertara ekarri duzu hona neska eder hori, garbitasun axolaz?

ANTSO: U alua! U kiskil xikina! Arteketarik ausikitzen hauen lipu aihartu madarikatua! Mendebaleko haundi eta sonatuena naizelakotz ez nikek maitatzeko deretxorik, ez natzaiok ene sentiberatasunari adi egoten ahal? Baina errak Javier, hi beti hire Leireko frailekin beti gruņitua baihaiz, nitaz mintzatzen eta iskiriatzen, galde egin iezaiek ez ote denez izan emazte mairurik gure familian?

JAVIER: Izan dituzu anitz, zure maiestate, baina beste denborak ziren eta orduan legimitatea ez zen Erroma, etsaia baizik. Zuk duzu indar egin mairuak Afrikara botaiak izan daitezen.

ANTSO: Aita Sainduak ez zidak deus errefusatuko. Pagatuko diat. Aberatsa nauk.

JAVIER: Ni beldur diruan baino gehiago sinboletan pasatuko dela hemendik aitzina. Garbitasunean hasiz geroz erligionen artean behin, gero erligionearen baitan miatuko dutela. Eta pagatu ala ez hau paganoa izanen duzu beti.

ANTSO: Zer uste duk ala, bakarra haizela paperretan zerbait konprenitzeko. Aixa matrikulatzen diat ikastaldi trinko batean eta bi hilabetez on izanen duk edozeini buru egiteko teologia kontuetan.

JAVIER: Aski balitz gorte zurrumurruen ixilarazteko.

ANTSO: Isilaraziko ditiat, Navaseko garailea nauk, isilarazi ditiat Mairuak. Giristinoak ere eginen ditiat.

JAVIER: Navaseko irabazlea Gaztelako erregea duzu. Aita Sainduaren manuz. Zu ez zara lerro bat baizik izanen gerla kroniketan.

ANTSO: Ereman ezazue. Enbastilla ezazue! Aski ikusi diat. Eta mahaia eta dozierrak ekar gobema dezadan. Gizon haundiak beti bakarrik direla ikastea karatsa duk Antso.

 

soldadoek erematen dute javier eztiki. gorte-mutilek mahaia ekartzen dute, erdian animaleko bixkotxa. Inguruan jarriko dira aiguebelle, gilhem, bibian, iņigo eta antso. Negoziatuko dutelarik ereman bixkotx partea zerriek bezala janen dute. Noiztenka bibianek kenduko die zatia eskuetarik eta biziki gorteski janen.

 

ANTSO: (aixari) Haugi hi ere gurekin, aratsaskaria hartuko dun.

AIXA: Ez nauzu gose.

ANTSO: Mihi gaixto hark apetitua moztu din. Hago gustuan ene mununu, ezarriko dinat ba haxean, artekaņo bat ukanen dudalarik. Bon zertan ginen?

AIGUEBELLE: Gilhemek nahi zizun aipatu, hor ez zinelarik, segur bainaiz zure Alferiz gaixto hark jakinean ezarri zaituela, egiazko egia behar den bezala kondatu gabe. Biziki urte gogorra ukan dugu eta zergen aldetik beranta puska bat badugu.

ANTSO: Noizko pagatuko duzue?

GILHEM: Puska bat zaila da.

AIGUEBELLE: Alferizak nahasmendu anitz ezarri baitu konduetan ez dakigu zer dugun zor. Behar genuke bila joan.

ANTSO: Utz den lekuan. Ale! ene funtzioan sartzearen ospatzeko barkatzen ditut protsimoaren zorrak.

AIGUEBELLE: Milesker, hori nuen erran nahi (Bixkotxa erakusten du) Lehenik, adostasunean abiatzeko, bi espazio badira: espazio publikoa ni, gu Errege jauna erran nahi dut, eta pribatua: Gilhem. Eta bien artean ... ahantzi gabe Bibian eta Iņigo jaunek duten garrantzi haundiko funtzio militarra, poliziala et Cie. Gizartea hau da.

ANTSO:U! hor hasten naiz galtzen.

GILHEM: Coaching on bat behar zenuke.

AIGUEBELLE: Ni horretan ari izana naiz anitzetan, eta Frantzia eta Nafarroako erregeen coach izan naiz jadanik, lan hori beteko dizut kitorik. Bat, zerga ixtorio hori klasatua baitugu (bixkotx peza bat mozten du) Bi: dozier inportantena: Santiago. Honi proposatzen dizut look eta kudeantza berria ematea. Lehenik izena: “St Jacques freedom” edo “St Jacques voyages”.

GILHEM: Bai pleņitzen dira beilariak ez dutela deus konprenitzen orduan, kasu eman behar da izenetan ere, euskaraz emanez barbaro kutsua badu, sobera markatzen du. Bide seinaleak ere osoki frantsesez gure gomitak ez daitezen izi.

AIGUEBELLE: Uzten duten diruarekin zerbitzua araberakoa izan behar da. Holding berri horretan denak lau izarretako ospitaleak ezarriko baititugu eta kürristek beharko dute etxen bezala senditu. Pentsatu dugu Frantziako jendea laketaraztea ingurumen goxoa, garbia eta giristinoa ukan dezaten. Ez dena pizti solas oaixteko atso hura bezala, beharko dizut aipatu gero eskolaren erreforma.

ANTSO: Ez nekien bazela ere.

AIGUEBELLE: Ene coaching programetan sartzen da.

GILHEM: Orduan planoak badituzu hemen sinatzeko Lizarran, Iriberrin, Ainizan, Izuran. Bastidan hlm berrien egiteko, eta beilariak, autoktono berriak informatuak izan daitezen beren hizkuntzan beren herriko berrietaz “St Jacques press” kasetaren aurre-proiektua duzu.

ANTSO: A! Izura entzuteak berak, ultrapuertoseko diskoteka horiek! Urte oro harat abian naiz Aste Santuan. Izura Jangoenea, Monjolose Fordelesia. Hango neska beroak, zer bestak!

AIGUEBELLE: Jin beharko duzu orduan berriak prest izanen direlarik, dena giristino izanen da, hor bahe ukaldia emanen dugu atean, ortutsikako rakalla kanpora. Badugu xerbitxari-ostaler hirueledun lot bat Orreagan formatzen ari. Sorpresa uzten dizut. “Le fin du fin”.

IŅIGO: Ni ere joanen naiz?

ANTSO: Joanen gaituk biak Iņigo emazterik gabe!

AIGUEBELLE: Orain “motel” gatinaren etekinen aipatzeko, nola publikoa bainaiz ontsa liteke monopoloa ukan dezadan.

GILHEM: A ez! denek zergak pagatzen ditugu, normal da giristinotasunaren hedatzen parte hartzen dugun ber diru laguntza ukaitea.

AIGUEBELLE: Formakuntza publikoa diru publikoa, pribatuak diru... Bon begira Iruņea eta bastida zaharretan ehuneko berrogeita hameka atxikitzen badugu. (Hasten dira jaten) Baina kasu bide sari, aduana eta zubi pasatzerik ez izatekotan.

ANTSO: Alabainan, jakin behar da liberalismoa den edo feodalitatea.

 

(bibianek aiguebellen zatitik parte bat mozten du.)

 

AIGUEBELLE: (bibianen soari oharturik) Non ez den Aturri inguruan, noski ulertzen dugu hor entretenitze eta holako fresak badirela eta normal da pasatze sariņo bat pagatzea. Berehala finka bageneza... edo ez... nahiago duzu zuhaurek ikusi berantago. Bon lehiarik ez da e... Aldatzen delarik dute ez laket gure klientek.

BIBIAN: Egoera zertan den. Hi ez haiz gose Iņigo?

IŅIGO: Bai nik ere fresak baditut Garreseko ene zubiaren inguruan.

GILHEM: Ba! jakiteko, dena horretan da.

ANTSO: Azken finean gobernatzea ez da afera bat; baina (Ikusiz ez duela oraino deus ere jan) diruaren aldetik zer irabazten dut nik?

AIGUEBELLE: Ba, hor kapitulu horretan nola proiektu berritzailea den eta Aita Sainduaren aitzinean politikoki mozkin gaitza eginen duzunez normal liteke zergarik gabekoa izan dadin hau, ikusi arte zer errentabilitate duen.

GILHEM: Baina konpenzazioak badituzu (bixkotx zati bat ematen dio eta jeikitzen) eta aipatu nizkizun Patxaran fabrika horiek, jastaraziko dizut, barka ezazu, ez zinen hor eta Alferizak ez zuen deus jakin nahi, egin ditugu, gero erregularisatzeko gisan. “La Navarra” eman diogu izena, pentsatuz... segur ginen Navasen irabaziko zenuela.

ANTSO: Gaitza. (Berriz luzatzen du godaleta)

GILHEM: (eskainiz) Iņigo de Ulzama jauna (Honek zerriak gaxura bezala edaten du) Tripako mina baduzu Agaramonte Jauna? Ez...? ez dut nehor bortxatzen, aferak gidatu behar dituzu...

AIGUEBELLE: Ez nuke nahi, sire, pentsa dezazun etortzen garela bakarrik abantaila eske..., eta hola dut ene kotxinga ikusten, anitz zerbitzu eskaintzen ditugu ere kultura mailan. Beti jendea baita errateko ez dela deus egiten sail horretan, (Bixkotx zati bat) Prestatu dut hemen komando ibiltari bat, herriz herri sinesmen zaharren edekitzeko, erreferentzia pagano, hartz eta gatu basa edo berdin etxeko gurtze, ihaute eta holako praktiken ehiztatzeko, beilariak desarreņatuak dira, gauaz gainera, deserosoa baita gau egunez otoitzetan erauntsi ondoan ... Aita Sainduaren aitzinean zure prestigioak geiser ukaldia har lezake. Hemen badut material pedagogiko ttipi baten lista. 5000 arma gizon, ezpata, aizkora, 200 aizkolari eta epaile ontsa formatu batzuk, metxeroak ere. Horra manua, zure izenpea du bakarrik eskas, Nafarroa guzian ontsa errezebituak izan daitezen. (bibianek bixkotxa jaten du) A zu bestenaz! sacre Bibian! Nahiago duzu zuhaur arraņaturik. (Patxarana hartzen du)

BIBIAN: Zuk Iņigo ... ?

AIGUEBELLE: Notatzen dute “Ulzama ere bere ber” ez, erratea aski e. Gehiago bastizen inguruan da problema eta hemen beha ezazu ontsa berezi behar da publiko eta publiko, bada publiko zu, eta publiko gu. Zure publikoak, kontzeptu modernoa da hau, Aita Saindua loriatuko da, gure eliza publikoak pagatu beharko ditu osoki, gure kultur ekintza publikoaren pagatzeko. Bat, sektore pribatua arintzen du (gilhem erakutsiz) inbertsio esperimentalak egin ditzan, beti interesgarria da geroari buruz (biak asetzen dira bixkotxez) Planifikazio gotikoa egina dut, arkitektoa badut flandriarra, dena eginen duena. Alabaina publikotasunak hersturak baditu, administrazioan adibidez, herkidetzaren inguruko paperreria, sortze, heriotz, ezkontza... guhaurek eginen dizuegu... sekulan emazte planttakoa behar baduzue edo Iņigo jaunak bere soltero bizia ontsa gozatu ondoan... Siņa ezazu hemen. Alabainan elizak, guk, prestatuko ditugu, eliza horiek gotor-leku gisa gerla bada eta gu ere ariko berdin sotana altxaturik ezpata arin batzuekin, hogei urtetan bezala, kantaldiak edo dantzaldien antolatzeko. Publiko. (a parte) Ez da berehala gertatuko.

GILHEM: Bixkotx ona zen. (Pokerka)

ANTSO: Preseski paperretan ari gareno, ezkontza solas ari zinen, eta nola ene segidari pentsatzen baitut, nahi nuke jakin zer duzuen proposatzeko edo honek (aixak) afera egin lezakeenez, administratiboki diot, beste gisan biziki ontsa zait. Honen familian biziki ontsa errezebitua izan naiz, onartu naute semea bezala.

GILHEM: Badu grazia bat, zerbait...

IŅIGO: U ba e! zer, ez dakit baina badu.

AIGUEBELLE: Lifting psikologiko batekin, ikastaldi bat Orreagan ... aipatuko dugu gero ere. Biziki ona zen. (bixkotxaren azken ahamena bukatuz)

ANTSO: (Bixkotxari so) Bai baina modernotasun guzi horrekin nik, ene publikoak pagatzen du, baina zer jaten dut nik? Ez da arrazoin bat dirua ekarri dudalakotz gurutzadatik, zozo pikero batentzat pasa nadin. Ez naiz ariko batzuek amensten duten bezala ikastola pagatzen ultrapuertoseko bled guzietan.

GILHEM: Zergak altxatzen dituzu.

ANTSO: Nori, ez baduzue pagatzen?

AIGUEBELLE: Ez guri, ikuspegi futurista batean populua deit genezakeenari.

ANTSO: Nitaz trufatzen zarete, turista gozatzaileak egoskitzen dituzten lukzozko diskotekak raketatzen dituzue eta nik ene europa mailako politika gizon bizi berria hornitu behar dut, hemen eta han bildu bizpahiru ogi gaitzuru muzituekin.

AIGUEBELLE: Erreforma fiskala egiten duzu. Badugu hori ere katalogoan, dena diruz biltzeko sistema berria, eta ogi muzitua jan bezate delako populu futurista horiek.

BIBIAN: Hobeki akomeatzen naiz ene langileekin sistema zaharrean.

AIGUEBELLE: Bidaxunetik kanpo alabainan.

GILHEM: Eta Ulzama?

IŅIGO: O, nik urrea maite diat...

ANTSO: Ez nuen sekulan erranen hain goxoa zela gobernatzea. Sorpresa bat atxiki nizuen (gorte-mutil bati) Kakahuetak ekar itzak. (Zare bat ekartzen du diamantez betea) Afrika zentrotik ekarri ditut harri ttipi horiek, egun batez beharko dut Afrikarentzat zerbitzu berezi bat, ministeritza bat eratu.

 

(Botatzen ditu harriak lurrera eta aharra gorrian ari dira hiruak bibian salbu.)

 

ANTSO: Kakahuetak, ez dituk maite Bibian?

BIBIAN: Ematen badizkidate bai. (Hartzen du zarea) Hau Navaseko pagatzat hartzen dut. (eta badoa, besteak lurrean jarririk dira zozoak bezala so)

ESKULTOREA: Jina naiz manatu zenuen bezala potretarendako. Lehenik Navasen egin genituen estatuaren klitxe batzuk. Hau gibeletik. Ezkerretik, eskuin hiru. Orduan pintura bat manatu zenidan, baina badakizu horrela gara artista hauek, nehork ez du konprenitzen ahal zer dugun gogoan ez baita errexa, pentsatu dut “Art magazine” irakurri eta, giristino artean zela tendentzia eta hobe zela behar bada eliza beirate bat egitea.

AIGUEBELLE: Super! biziki “in” izanen da.

ESKULTOREA: N’est-ce-pas?

ANTSO: Frantsesa da.

AIGUEBELLE eta GILHEM: Super! T’es d’ou?

ANTSO: (esprayaren keinua eginez, airean Euskal Herrian Euskarazen ikurra egiten du)

ESKULTOREA: Hara, maketa oilo gelatinez egina dut. “Nabaseko guduka” izanen du izena, eta bertsuekin batera “son et lumieres” bat izanen da. Ikusten duzu proporzioen aldetik ez da oraino egina e; ados bazara beharko ditut izariak hartu. Entsegu bat berehala gure herkideek lagunduko gaituzte.

 

(Mahaiaren gainera iganarazten du antso kadera baten gainean)

 

            Hara, hemen zaldi ziziliar bat eginen dut, zalditegitik pasatu naiz eta jada marrazki batzuk hartu ditut, zuek ondoan eginen dituzue zaldun giristinoak orduan, apalago, apalago oraino, behar du Antso azkarrak gailur bat sinbolisatu, nola zikinkeria meta batetik, sor litekeen ideia garbia eta zerurantz azpiratua den argitasun lurtiarra. Zuek beraz, orizkitzue espata batzuk, kadera etzan ezazue...

GILHEM: Hor hasia nauk laketzen, gusta nintekek berdin gerla egiten.

AIGUEBELLE: Ni ere, mairurik gabe.

IŅIGO: Ni ontsa hartzen nauk, aplika hadi, han ninduan eta hemen ezker ene laguna: Bibian. Hago joanen nauk, oraino hor denez.

ESKULTOREA: Ez higi!

ANTSO: Ni behar bada hobe nintekek buluzirik, giharren erakusteko (Kentzen du kamiseta)

ESKULTOREA: Ez da dudarik biziki artistikoa dela, baina klasikoa edo grekoa, eta magazinaren arabera zaharkitua dateke, pagano. Hobe “gurutzatu art”ek ematen dizkigun posibilitate guzien baliatzea. (a parte) Bakoitzak bere sistema historian sartzeko. Ez higi eta orduan lurrean zangopilaturik herensuge eta gargulleria guzia Afrikako kaka guzia brentsatik pasatua. (aixari) O! Baina badugu baņo hor. Ez duzu jin nahi andereņoa nota batzuk har ditzadan, ez baita errex modelorik gabe buņul horien itsuskeriaren kausitzea

AIXA: Erotuak zarete! Nor uste duzue naizela?

ANTSO: Aixa! ez hadila has hi ere, badakin postura honetan kolpearen atxikitzea, zaila dun denendako. Ez naun maite, bestena ez hezake ene ospea tratuan erabil. Ale! etzan hadi hor (bestea izitua da ez da higitzen, antsok hartzen du eta etzanarazten.)

ESKULTOREA: Egin itzazu zimino sino batzuk, ez duzu espresibitate haundirik zuk, a hobe da hor, zerbait eginen dut. Hori nuke nahi hor kontraste piramidal hori, zibilizazioa haunditzen ari barbaria eta zineskeria abrea zangopilatuz. Zerbait eskas da halarik ... A! Badakit e ou! rejian hor! Moienak ezarri behar dira! Jainkoa bederen 40.000 Watt da. (Argia altxatzen da) Hara Antso kopeta altxa Jainkoz dutxatzeko, pentsa ezazu desertuan zarela ibiltzen zarela kakaren gainean! zure lagunek inguruan izerdi usaina botatzen dute bafadaka besapetik! eta ura lurrindua! garbitzen zaitu! itsusiago kaka, perfeita, kiretsago lagunak! zuek dohaina baduzue, ez higi! Biba zuek, fini da.

 

(aixa espakatzen da erretaulkira)

 

ANTSO: Noizko pentsatzen duzu finitzea?

ESKULTOREA: Arazoa pausa lekuaren atzematea da gehiago, leku argia, Nafarroan.

ANTSO: Nafarroan, argiaren pausa leku? non nahi!

ESKULTOREA: Eliza, katedrala, erran nahi dut zerbait modernoa designez.

ANTSO: Gotikoa.

ESKULTOREA: A bai, gotikoa parfait!

ANTSO: Aiguebellek atzemanen dizu bat.

AIGUEBELLE: Orreagan obra egiten ari gara, kapera ttipi bat biziki sinplea, eta ikusiko duzu, laketuko zara, biziki giro artistikoa da, dena ikastaldi orai, bada baņo hizkuntzetaz eta hoteleriaz, harreraz erran nahi dut, biziki gazte xarmantak, modeloak behar badituzu.

ESKULTOREA: (antso ez dadin kezka) Ikusiko duzu biziki fite ari naiz lanean. Noiztenka atsedena hartuz ere.

GILHEM: Zenbat hartzen duzu beirate ttipiendako, pribatuak

ESKULTOREA: Non bizi zara?

GILHEM: San Saturninon...

AIXA: Alabaztrozko jauregi bat utzi dut, argia iraizten zuten leihoak, ur errekaņoak, kabalek nahi ez lituzketen harri zikinezko dorre batzuetan ihiztor bat baino gaizkiago tratatua izateko. Ez nituen ene zerbitzariak horrela lurrera botatzen, arte izena merezi ez duen maskarada honentzat.

ANTSO: Akitua haiz ene gatu-basa mununu. Bidaia daiteken.

AIXA: Mespresatzen gaituzue eta zuek jaten duzue, aharran aritzen zarete urdeak bezala. Ez zara orroit nor naizen? Kadiratik jausten nintzelarik xenderak xahatzen zituzten ostruka uzki lumaz, belarra orraztatzen zuten kardoburuz, eta ene oskien egiteko arraultzean ziren krokodila fetusak bipiltzen zituzten.

IŅIGO: Aise ditik zango politak. Baina ondorioa hor duk.

AIGUEBELLE: Zer du gaixoak, deabruak hartua? Horrela agertzen da batzutan, sukar ukaldi batzuk. Hobe duzu berehala igortzea ikastaldiaren egitera Orreagara badugu oraino leku bat, norbait ez da jin ahal izan.

ANTSO: Ahal bezain fite, ni Aita Sainduarekin harremanetan jarriko nauk bihar danik. Eta diploma badu errextuko dik dena.

AIXA: Gatibu baten tratua.

GILHEM: Pausatuko dugu Aiguebelle eta biek pasatzean, hara ari gara.

AIGUEBELLE: (perekatzen du) Eta iduriz abantail anitz baditu estudio onak egiteko. Segur naiz ostaler ona eginen duela laster.

ANTSO: Biziki argia duk, ikusi behar zian etxen...

 

(aixak nahi dio aiztokada eman. iņigok gibeletik besarkatzen du eta atxikitzen.)

 

ANTSO: O, arrunt zainetan haiz, mendiko aireak on eginen din.

AIXA: Ene gibeletik heldu haizela oroit hadi Antso, aski ezagutzen haut orai jakiteko ene gisa galtzaileetarik haizela.

 

(aiguebelle eta gilhemek erematen dute, iņigoren laguntzaz, hau gibelaratekoan biziki bitxia da, bere bertza hartuko du eta ateratuko.

antso bakarrik da erretaulkian kezkati, begitartea argituko z.aio jautsiko da mahaira beirateko postura hartuko du 40.000 Wattak piztuko dira eta hilen.)

 

iluna