Antso Azkarra edo Miramamolilnen esmeralda
Antton Luku
Antso Azkarra edo Miramamolilnen esmeralda
Antton Luku
Kutxa Fundazioa, 1997
Antso Azkarra edo Miramamolilnen esmeralda
Antton Luku
Kutxa Fundazioa, 1997
[aurkibidea]

 

LEHEN ZATIA

 

trobadore bat sartzen da lautea eskutan.

 

TROBADOREA: Kondatuko dizuedan gesta, Santxo Nafarroako erregeren cantar da, historiak Azkarra izena eman zion Antso, ospez tapatua hil baitzen, bana burutik mensturik ere. Zergatik gizon azkar bat mensten ahal den? Euskal-Herrian, jende azkarren erresuman gainera? Gestak dizue kondatuko.

 

Erridaua altxatzeak okre kolorezko bazterrak erakusten ditu, efetu idor eta desertikoa ematen. Ezkerraldean mendi edo bederen aldapa (Bigarren partean Oliteko jauregian izanen garelarik eskalerrak izanen dira eta honen gainean erretaulkia dateke, hirugarren zatian Tuterako katedraleko pilare bat inguruan eskalerra jasaiten duena). Eskuinean zaldunek kanpainan baliatzen zituzten oihaletxe erronda bat. Hetsia da. Puntan bandera horia altxatua da, arrano beltza dauka erdian. Entzuten da gaitzeko pataska, arramantza, burdin klaska eta oihu mendiaren kaskotik heldu, eta bat-batean punpeka heldu da gainetik borobil berde distiranta bat pilotaren heinekoa, tira ahala lasterka gibeletik zaldun bat ezpata esku batean, arranoa ezkutuan. Berehala saihetsetik heldu dira beste hiru zaldun: bi zaldiz (zamaltzain xibalet batzuekin) eta lodito bat oinez. Rugbilariek plakatzen duten bezala jauzi egiten du esmeraldara baina antsok ezpata euskarriz alimaleko kaska ematen dio kaskoan eta pilota biltzen. Denek kasko urdinak dituzte. antsok ezkutuarekin batera kateak atxikitzen ditu, zango eta esku moztu batzuk oraino dilindan. Eroak bezala joaten dira beste hiruak mendiaren bestalderdira beste zerbait ikusia balute bezala eta jartzen da antso harriari so. Hatsantua da.

 

ANTSO: Esmeralda bat! Zer gauza! Zer lan fina: hamar aldetarik xorrotx! Baina... hau Miramamolinen esmeralda duk. Kanpamendua eremana diagu beraz... (irriz, goxatuz,).

            Antso! Mairuen erregeren gotor leku ezin hartuzkoa! Zer gertatu zaik horrela potretik gabe atakatzeko. Zaldiz! petik gora batean! eta airez aire garaitu!

            Zer erasoa! Zer goxaldia! Esklabo beltzak nehork sekulan ez izuaraziak, (irri zaintsu bat) mairu osteen elitea, zetazko jauntziz eta palmondo olioz igurtziak, hain aise pitoz gora igorriak... (kateei so) Kateak! lehen ezpata ukaldian berina bezala hautsi, papo gihartsuetan burdina gurinean bezala sartzen. Miramamolinen beltzak belaunikatuak eta nigarrez neskak bezala.

            Antso zer gertatu zaik? Zer pasatu zaik burutik. Ez nauk oroit ... Zergatik ... argi azkar bat ikusi diat eta errabia bezalako manua senditu, lepoan indar hori buruaren altxatzeko eta esmeralda hau miran hartu. (Jartzen da) Zer lasterketa, zaldi ziziliar horren huxtua, esproinak landatu dizkiodalarik saihetsetan. Lehena nintzan, bakarrik aitzinean. Zer sarraskia! Zer gauza miragarria! Zimitarra guziak airean, kasik odol eta zitzizko burrustek erorarazi baininduten zalditik... Zer burutazio jeniala! Ez duk sobera karkulatu behar gerlan bestenaz...

            Hago baina... galtzen genian... Espaina zola honetan gaituk, Arabiarren kontra izanen den azken gudua, Pirineoak arte diren lurrak giristinoak ala mairuak izanen direnez trenkatzeko ondarrean... Aragonesak gaizki ziren, gaztelarrak xintxikatuak bezala utziak nituen... Lautadan Gaztelak zanpaldia biltzen zian, elgarrekin gaituk, baina zer pistoleta! (lasterka joaten da maldaren erditsura eta beheiti begiratzen largabistekin) Ari dituk oraino. Ha, ha baina oraino gaizki duk... Gaizoa! bere aho haundiarekin. Ferranddo, Bibian, lņigo gureak! Mairuak hartzen ditiztek gibeletik. Uuuu! zer klaska! Goal! Montjoie! Ez hau frantsesena duk... Nola zuan? A! Santiago! Gure!

            Antso! Zer inspirazioa! Errege giristinotan haundiena haiz! (esmeraldari so) Zer peza! Hauxe gauza potoloa! 40.000 kara baditizkek honek! (lukurrero so zikin batekin) Niagok hogeita hamar pusketan pikaraziz San Nikolaseko juduei salduz egiten ditik hirurehun untze urre... Ez, enkantetan ezarriz Garruzeko feiran...

 

(Itzultzen da gudu eremuari so)

 

            Heldu dituk. Hona espakatzen dituk! Hago istant bat.

 

(Soka bat luzatzen du lurrean eta kukutzen da mendiaren gibelean. Gibelka heldu da mairu ņimiņo bat ikaran, alderdi guzietara so eta zimitarra tinkatuz. Zangartekoa egiten du sokan, erortzen eta antsok xintxikatzen du lurrean, eraztunak eta ukaraikoak, salbaiki ateratzen, moltsa ere bai, eta hesol baten gainean ezartzen du urtzo ihiziko apego bat bezala, fizela tiratzen duelarik eskuak inarrosten ditu hegalak bailiran. Karneta ateratuz atorra petik:)

 

            Hau zer duk? (so egiten dio) Berberoa. Beraz berbero: 17, Saharaui: 47, araba purpurra:7, beltzak: 354. Total mairu, hup! Kasu!

 

(Badoa gordetzera, esteka tiratzen, neska bat heldu da, lasterkatzen du oihaletxearen gibelera eta bortxatzen du, gero aizkolari Ha!! bat entzuten da odol ziliportak ageri dira taulagainean. Karneta eskuan eta betaurrekoak sudurrean ateratzen da.)

 

            51 Emazteki eta pundu. Ez dik balio hor arrazen berexten eraunstea. Baionako bestetako marka hautsia jadanik. Eta ez duk aratsa oraino. Eta bihar ere hor!

 

(baroiak sartzen dira, besarkatzen dute elgar, futbolarien eran)

 

ANTSO: Zaurte ene besoetara ene xito maiteak, ene alu ņimiņoak. Zer lana! Ez dituk guti harritu Gaztela pistolet hura eta Aragoi ene kusi mekella txarra. (Eskertzen ditu bere zaldunak.) Haugi hona Bibian Agaramonte Ultra puertoseko ezpata finen ordezkari suharra eta hi Iņigo Ulzama beti muturra ikatzean sartua aurrelari bihozdun eta tematia (buru ukaldia ematen dio rugbilariek egiten duten bezala). Ferranddo Kalabaza hi ba, ene odola, ene beso zainarta, ene bastart guzien artean maiteena, besteak denak apezpiku, intelektual kopeta apal eta holako paper-zilo, gauza guti eslipetan baina hi, ene odola, ene itxurara jina.

            Benedikatua izan bedi egungo eguna. Ai! ei! Mundu orok orit ukenen du Nabazeko zelai gordina!

IŅIGO: Zer goxaldia, eraso azkar benedikatua! Erbia bezala iheska mairua gure zaldien aitzinean. Peko munoa nola eraman dugun!

FERRANDDO: Oooo! eta haur eta printze ttipien aterbea! A kabal xehe horiek eskutan! Bixi bixiak, bularņo horiek eskuetan, zer gauza!

IŅIGO: Xitxi larru goxo horiek, haien oihu garrasi finak tinkatzen genituelarik, orkatz soak nigarrez bustiak, samurtasun hori. Bibianek, oooo, moko fina diagu, mutikoak hautatzen zituen...

BIBIAN: Hortako dituk bidaiak. Esperientzien egiteko. (denak irriz karkailaka.)

FERRANDDO: Bai irudimena badu Bibian tzar honek, gero hark erranik estekatu ditugularik alanbrez etxolari, zango eta ukaraietarik... eta etxeari su eman!

IŅIGO: Nola ari ziren oihuka eta tiraka larrua mozturik garretan. Zer irriak, zer gerla ederra!

ANTSO: (Ezpataz zanpatzen ditu kaskoetan.) Kuku zaitezte, heldu dituk!

 

(Araba ttipi bat heldu da apegora, erorarazten dute eta denen artean xintxikatzen, buluzten eta metara botatzen. Neska jiten da eta hil aitzin antsok geldiarazten ditu orroaz)

 

ANTSO: Baina ez duzue fitxik ikusten ala? Ez da ageri hau urrixa dela. Zerra ezazue oihal etxean sarriko! a! baina zerbait da ba holako mandoekin lan egitea!

 

(Hemendik aitzina neska izanen delarik akulatuko dute oihal-etxera eta hetsiko, mutikoa delarik hiltzen, buluzten eta metara igortzen. Argia apaltzen da. Akiturik sartuko dira oihal-etxera eta oihu latz eta indar hasperenen ondotik zurrunga astapitoa entzunen da lau botzetan. gizon bat heldu da tratulanten xamar beltzez bezti eta ikertzen du haragi meta. Tirrinta jo egiten du. iņigo ateratzen da aharrausika.)

 

TRATULANTA: Meta guzia hartzen dizuet. Idiki manatze bat badut Frantziako.

 

(Moltsa bat ematen dio eta eskorgetan kargatzen ditu gorpuak, iņigok so egiten du prunki lagunek ikusi dutenez eta dirua kota pean gordetzen, zurrungak oraino azkar direnez geroz. Berriz badoa etzatera. Argia altxatzen da. Erridau kantonean antso da ageri, jatzartzen ari)

 

ANTSO: Zer aments bitxia! Arranoa inguruka ari hegaldaka, mairu beltz batzuek kateetarik atxikitzen haize parpaila bailitzen ... Bitxia... Ale, lanera!

 

(Erridaua balitz bezala oihal-etxearen aitzina idekitzen du antsok. Oheak kasernetan bezala lerrokatuak dira. Denak katedralean (Barnetegiko joko fina: gibeletik hartuz altxatzen da ohea lo egilea lurrera igorriz) ezartzen ditu eta segitzen dute burdiko ukaldika joka partida eginez. Gero antso jauskari kabu bat iduri manatzen ariko da orroaz:)

 

ANTSO: Ale! Denak xutik ene alu ņimiņoak eta paketeak egin. (Mihiseak tolesten dituzte) Urdandegia baino zikinagoa da hemen. Aker usaina baduk! Iņigo xahatzen duk dena. (erratza pasatzen duelarik neskak kanpora igortzen ditu biribilka hautsarekin batera) Bibian ur ukaldi bat. (Honek ez du obeditzen, espataren ahoa pasatzen du harri baten gainean) Ferranddo Kalabaza, lot gakizkion lanari! Materiala ekar’ak!

 

(Kronenbourg kaxa bat ekartzen du eta inguruan jartzen dira lauak eta zurutero gisan boteila kliskatzen hasten)

 

IŅIGO: Ene kronenbourga altxatzen diat, Antso Nafarra, hiri, mendea, giristi-herri eta garai guziaren historia markatuko duen arma ekintza harrigarri hau gauzatu duenari!

 

(Edaten dute eta errusarriek bezala beren boteilak gibelera botatzen. Kartoia urratuz bestea hartzen dute.)

 

FERRANDDO: Hiri Antso eta gure nagusi, jaun eta jabe Aita Sainduari birkonkista plan ikaragarri hau pentsatu zuenari.

 

(bibian ateratzen da oihal etxearen atarira, edan gabe eta pentsakor)

 

BIBIAN: Aita Saindua...

ANTSO: Jerusalem eta zeru guzietako Jainkoari. Gudukaren erdian aingerua igorri baitzidan erasoaren asmoaren iradokitzeko. Orai egun benedikatu honetan hasten da garai berri bat, Espainia guziek beharko dute bizitzen arraikasi mairu zikin horiek gabe...

 

(Besteak jada edaten ari dira antso otoitzetan bezala delarik.)

 

BIBIAN: Espainiak ... (Eta badoa munora eta so egiten du haranera)

ANTSO: Bibian ez duk edaten... Zer duk? Ez haiz jostatu? Ez haiz gustatzen gurekin?

IŅIGO: Ez dela gustatzen? Atzo ezpata eskuan laket zuan jakin ezak!

BIBIAN: Aita Saindua diat gogoan preseski... eta dituen lagunak.

FERRANDDO: Hala duk. Aitortu behar dik. Gisakoa izan duk kasko urdin gisa hautatu baikaitu bakearen alde borrokatzeko. Goxo duk gerla egitea arrazoin osoa izanez eta mundu zibilizatu guzia gibeletik.

IŅIGO: Nik funtsean gerla egiten dudalarik beti arrazoin diat. Baina hala duk, kasko urdinarekin finituago ematen dik.

ANTSO: Nik ere Aita Saindua eskertzen diat eta Jainkoa bereziki. Batalla honek zerbait sakratu zeukak, ez diagu ahantzi behar gurutzada dela. Gauak beti bere lana egiten dik, gorputzak pausatzen baina ere gogoak garbitzen eta zentzatzen ditik. Borroken erdian, ekinaren garretan ez diat ontsa neurtu gertatu zaidana, burutik pasatu zaidan ximixta, zain ukaldi batentzat utzi nian eta ezpata dantzan hasi...

 

(ferranddo eta iņigo irriz finki)

 

            Baina orai aro baten bukaeran garela, gizaldien bihurgunea Jainkoak duela ematen bazekiat, ximixta izpiritu sainduaren boza eta indarra besoan Dabidena dela zekiat

 

(Besteak izituak dira)

 

FERRANDDO: Holako zerbait bazuan ba. Antso abiatu haizelarik, zaldi ziziliarrak lekuan berean nola utzi gaituen! Zer kalipua! Lasterkada hura!

IŅIGO: Hori diat gustukoa. Gerla lehen bezala zaldiz, lantza eskuan parrez par eta bisian bis, indarka. Ez beren zangozko estrategia marikoiekin, baleztaz, lerro lerro, pintxatzen baikaituzte pinpirin pausak baikinen, zaldun hoberenak, hainbeste denboran trebatu ondoan... Krimena duk

FERRANDDO: Gezi traidoreak. Zalduneriari zer grazia egin dioan Antso, ez duk ontsa neurtzen, berriz frogatu duk gerla zaldun afera zela, a, zer kemena! Kateak nola ereman dituan beltzeria porkeria hori guzia herrestan petik gora maldan garrasika neska boz mehez, hire ezpatak nola bi parte egiten zituen papoak. Aita! utz nazazu potta baten egiten!

ANTSO: Bakea emak pixtolet! Ikas ezak aita bizi deno. Ontsalaz, ez duk sekula kargatzen zaldiz petik gora batean. Orreagan hola zitean gure arbasoek Erroldan aleman aho haundia xintxikatu, petik goiti heldu zelarik zaldiorgak, armadura eta gainerateko azta guzia... eta urgulua sartu zitzaiean bultta batendako.

IŅIGO: Baina kausitzen delarik, zer ikuskizuna. Segur nauk hori, gainetik ikusiz, ez dela guti loriatu gure Jainkoa.

BIBIAN: Ikuskizunetatik at, munta guti baitzaizkit, lehengo modako batallak igualtsu... Guduka hau galdua zuan Antso. Gaztela garaitua zitean jada mairuek, ez zekiat Aragoi zer pittulinkerian zebilen hegalean, ez zuan besterik deus egiten ahal. Jainkoa, edo arrazoia erran nahi diat, mairuen alde zuan. Ximixtak edo gerlarako duan jiteak garaile ezarri gaitik, bestela gu gintuan izanen hemendik oren pare bat urrinduz helduko zaigun lohi ubel horretan.

IŅIGO: (iziturik) Jainkoa esker dezagun.

BIBIAN: (Munotik so egiten du berriz) Gaztela lekutua duk. Haren ostea iparraldera doak.

FERRANDDO: lzitu dukek.

ANTSO: Anitz gizon galdu duelakotz? Zozoa! Orai memento hoberena delarik armada xintxikatua dutela mairuek, Espainia utzi behar, Granada eta Andaluziako altxor guziak karriketan direlarik zaindaririk gabe.

BIBIAN: Denak goiti abian dituk iparrera, Aragoiek ere kanpamendua altxatzen dik. Gurutzada fini duk. Balantzearen tenorea duk.

ANTSO: Balantzea eta mozkinaren denbora hain xuxen. Inspirazione dibinoak behin dituk heltzen bizi batean, eta erraten diat itsasoa hiru eguneko sudur puntan dugula. Armadarik ez dutela mairuek, sabel idekia bezala Afrika osoa, indar guzia sartua baitzuten azkena izan behar zen gudu erraldoi honetan. Urrea, harriak, zeta eta altxor finenak, printsesa delikatuenak esku pean...

BIBIAN: Inspirazioneak ez dituk behin baizik jiten erran duk, eta iduri zaidak ene aldi dela. Ura aipatu duk eta nik Aturri diat gogoan. Santiago oihukatuz egin diagu gerla eta orroitarazten zidak Santiagoko beila hasiko dela ... sos istoriotan gareno... Han Aita sainduaren langile diren Sordeko fraile sorjesek kontrola hartu gabe... Luzeegi egon banendi hango zubi eta bideetarik usaia txarrak har litzakete.

IŅIGO: Anaia han duk.

BIBIAN: Hori diat arazo. Anaia. Segur nauk buru bero hark lehertarazten dituela ene zaldi hoberenak pitokerian, ahanzten du lege hau, atzerrian dela gerla egiten, eta etxen behar ditugun krimenak justiziaz direla beztitzen. Eta kolazoak tinki atxiki behar direla.

ANTSO: Mantxut? Langileak erran nahi duk, esklaborik ez duk Nafarroan, justizia erregeren eskutan duk.

BIBIAN: (irri zikin bat) Iparraldeko euskalki problema duk, langileak edo mutilak nahi duan bezala.

FERRANDDO: Beldur haiz anaiak hire emaztea ziko dezan.

BIBIAN: Hori berdin zaidak familian egoten deno. Badakik, bastart batek beste bat balio dik. Ohorea ezpatan eman diat. (Beretako) Eta ezpatak anitz sentsu baditik. (ferranddori) Baxenabarreko lano eta aintzirak falta zaizkidak.

FERRANDDO: Lanoa. Lantzar eta lanbro gozo haiek. Oihal bustiaren pizua larruan. Bortu haien usain sarkorra. Baztan, hartz ihizin, arroila ilunetan, zakur guziak ikusi ditiat atzo banan banan ehausika arrestean, amentsez.

IŅIGO: A, etxen izatea. Ipurdia mainuan. Zer nahi ikusten diat jateko arabiar porkeria honekin bildu hemorroidekin, zaldi zela gogor horretan.

ANTSO: Konsiderazio horietarik harat, jendeak zaizkit falta gure herriko jende gozoak, elgarri atxikiak...

FERRANDDO: Sanoak! Adixkideen so leialak, auzoak elgar laguntzeko prest.

IŅIGO: Ba hemen dena arraza zikin, beren bazter behako bihurri faltsuak, aski diagu zerbait proiektu ukaitea, bekaizti...

FERRANDDO: Eta kantuz ostatuetan ihizitik landa, emazteak plazan fandangotan.

IŅIGO: Uno de Enero, dos de Febrero...

 

(Zerbait entzuten da, antso lasterka abiatuko da maldari goiti larga bistak lepoan)

 

ANTSO: Zaurte! So egizue. Mairu-Almohadak dituk. Sartzen ari dituk. Zaldiak, kameluak, altxorrez beteak, zaindariak ez dituk ehun ere. Urrea, harriak, zeta eta ekialdeko oihalak, mira, intsentsua, emazteak ... zibilizatuak.

 

(beste biak jauzika ari dira antsoren espalden gainetik ikusi nahiz, errepikatzen dute mihia dilindan, urrea, harriak, zeta ekialdeko oihalak, emazteak. Zibilizatuak erratearekin xanpaka Tex Averyren otsoa bezala. mira eta intsentsuan elgarri so daude, ez dutelakotz konprenitu. Pirata oihu itsusi batean erasotzen dituzte.)

 

ANTSO: Bibian haugi, bi hilabeteen afera duk. (Berriz mendiari beheiti so egiten du, ero aire batekin) Buxeria izanen duk!

BIBIAN: (Irri bitxia) Habil, habil. Hemendik aitzina nik nihaurena egina diat. Lehoiaren partea izanen dukek. Edo arranoarena. Erregeek ez ditek ttipiagoekin zatitzen.

 

(antso badoa besteak bezala orroaz. bibianek ezpata zorroa gerrira ematen du. Maniaka jestu batzuekin ezpata ahoa ikuskatzen du eta buruaren gainera altxatzen euskarria gurutzea bezala, irri egiten du, bere papora ekartzen, duen gurutzatu gurutzeari kontra. Jauntziko gurutzea errotik kentzen du eta badoa. Argia apalduko da arras ilundu gabe eta arrapiztuko. Orduan dira sartuko beste hiruak aixa Almohadeen printsesa ekarriz. Jargi teloidun batean izanen da eta baroiei publikoari bezala denbora berean agertuko zaie. Ali Baban bezala beztitua da)

 

IŅIGO: Alua! ze katzoa!

FERRANDDO: Horiek nonbaitik sosa baditek.

IŅIGO: Alde hortarik, ikusi diagu. Zer fortuna kamelu, karro horietan! Eta ez baitute batere defendiatu! Aberatsak gaituk.

 

(neska jausten da. baroiak haurrak saltoki berina baten aitzinean bezala daude. Oskiei so egoten dira)

 

FERRANDDO: Mimi hartuko dik harrixketan horiekin, ez duk etxera helduko.

ANTSO: Aixa printsesa ez duk xenderetan ibiltzen arzaintsa bat bezala. Oinez bazebilean Granadako baratzeetan, ur errekaņoen artetik. Belarra motx-motxa pikatua zuan egun guziz, gure etxen golfetan bezala nahi baduk, botza uraren firfirari eztiki nahasten zitzaiolarik.

IŅIGO: Bitxi duk. Iduritzen zaidak ez nezakeela deus adi.

ANTSO: Zibilizazioa... Tenplo batean bezala bizi zuan, ez zitean bere Aitak eta bere emazteek baizik honen ikusteko xantzarik.

FERRANDDO: Zer xantza dugun.

ANTSO: C’est pas le mot. Han ez duk beroa edo hotzaren gatik beztitzen. Granadako baratzeetan irandda lilien usainean, beti tenperatura bera duk eta jauntzi horiek zibilizazioz janzten ditu.

IŅIGO: Konprenitzen hasia nauk naski. (Bularretakoari so)

ANTSO: Kurri zebilen urean mainatu nahi zuelarik zetazko beztimenak kentzen zituelarik ... ez duk hunkitzen! so egiten duk bakarrik, eta preseski nehork, tenploen erdian bezala funtsean, ez dik sekulan deus ikusten, iniziatuek baizik.

FERRANDDO: Baina gu ez gaituk populua.

ANTSO: Mila aldiz errana diat populua hi haizela, Ferranddo Kalabaza eta ez ipurdi-ixterrak lohian, behi kakazko azkon zilotan bizi diren hortzik gabeko herresta arbiz ase usteldu horiek! Horiek ez dituk nihun ere paperretan agertzen! Ikas’ak ordu deno. (apart) Antso, ez duk sekulan politiko bat eginen horrekin, ez dik deus kalabazan. (neskari so, beti bere buruari) Hobe huke beste bide bat hartzea.

IŅIGO: Irandda usain hori.

ANTSO: Hori mira eta intsentsua dituk zozoa, ekialdeko neskek aldebat hire burxoratzeko baliatzen dituzten fantesia ttipiak. Funtsean hori gabe ere...

IŅIGO: Beroa! Honen tripako epela honaraino heldu zaidak. Titi tipi tinki horiek. Etxetik kanbio duk to.

FERRANDDO: Bai hemengoek duten errain ukaldi felino hori bortxatzen ditualarik, tortillatzen dituk eskuetan, bizarra hunkitzen diate, ausikitzen beren basa-gatu muttur ņimiņoarekin. Han zabal zabalik egoten zaizkialarik behi-so batekin fini duan arte. So’ik gerruntzearen mugimendu horri.

IŅIGO: Urtua nauk. Konplekzak ematen zizkiat, ez nezakek indarrik bil ere honen bortxatzeko.

 

(antsok bedera zartaz baztertzen ditu lurrera igorriz, jarriko dira kupleari so gure amatxiek trikotaia gelditurik aratsaldeko hostokadako potta bati beha bezala.)

 

AIXA:

                        Antso

                        haundia

                        iparraldeko arrano

                        erraldoia,

                        Alaren haizean dabilana,

                        ira eta xuxena

                        hire eskuak iruten ditik zeta eta burdina

                        hezten duk hartza, balakatzen xoria

                        begia desertuko zerua bezain argi

                        kopeta Atlaseko elurra bezain xuri.

MEZULARIA: Zure maiestate, zure maiestate. (antsok zarta ematen dio euli bati bezala eta ixilarazten)

AIXA: Antso Ala haundiak igorria ene hasperenen bidera

FERRANDDO: Hago istant bat. Antso Haundia ez duk hau, hau Azkarra duk! Ala zer erran nahi du? Funtsean nik hizkuntza barbaro horiek ez ditiat ontsa konprenitzen.

IŅIGO: Errekak entzun ditiat.

ANTSO: Baina nitaz ari duk. Ez diat fitxik konprenitzen poesia berri horietan, dena metafora konplikatu.

MEZULARIA: Zure maiestate, hamar zaldi leherrarazi ditut zure gana egin ahaia denbora motzean jiteko. Gasteiz setiatu dute.

ANTSO: Ixilduko haiza, ez duka ikusten maitemintzen ari naizela, biziko dudala ehunetarik batek ere asma ez lezakeen amodio istorio fantastikoa, arrabita-lauteak karrakatuz menderen mendetan hurubiatuko den bezalako plan bat, gorteko atso bihurrienak urturik nigarrez, arrain begiak hanturik atxikitzeko gisako bat?

FERRANDDO: Nork setiatzen du?

MEZULARIAK: Gaztelako erregeak, etxera bildu orduko zu erresuman ez izatea baliatu nahi izan du Arabaren biltzeko... esplika iezaiozue, populuaren tormentu ikaragarria, ihardokitze fierra egin diote, eta sekulan orain hirian sartzen bada hain luzaz atxiki ondoan, badakizue bere hasarre eta ankerkeriarengatik zer fama duen...

IŅIGO: Bazekiagu, hemen zian gurekin. Baina erra’k bitxi duk hori, denak Papiaren lagun bagara, lagunak bagara ez ligukek jaukitu behar. Aliantza joko horiek betidanik aspergarriak zaizkidak, nik gerla sinplekiago ikusia diat beti.

ANTSO: Ixo! Berriz hasiko duk mintzatzen.

 

(Kadira karreatzaileek pufttipi batzu ateratzen dituzte. aixa etzaten da eta antso etzanarazten du. Xapina ttipia kentzen duelarik baroiak hurubiaka ari dira)

 

AIXA: Urteak maite haudala Antso Azkarra. Bertsuak herrigorteetan hire balentriak Afrika guzian kantatzen hasi zirenetik. Ametsa hintzaidan, baina ez hindudan hala ere hain eder ikusten, begiak hain egiati, kopeta hain gora.

FERRANDDO: Eta zenpa e? Ez dik herrarik atxikitzen, batzuk berehala gaizki hartzen baitute bortxatzen ditugularik.

AIXA: Hirea nauk Antso. Hire indar osoa pereka eginen diat, hire kemena amodio. Alabastrozko gorputz hau igurtziko diat ekialdeko goxotasun guziez.

IŅIGO: Ui ui! zibilizatuko dik. Xahu gaituk.

MEZULARIA: Zer erraten diet Gasteizekoei? Sartzen banaiz arraposturik gabe, jaten naitek. Literalki.

ANTSO: Erraten diek errenditzea, hire jatea eta elgarren artean ere nahi badute eta estatu afera baten konpontzen ari naizela, orai dudan tratuak alda dezakela Nafarroa osoaren geroa eta ez nautela kakinaraziko Arabako bled kiskil batendako. Galdurik ere, pfff! Zer uste dute euskal gobernua badutela han? Segi ezazu ene kurrinkaņo.

AIXA: Lagun nazak Afrikaraino, eraman nazak Aitaren palaziora. Eska nazak denen bistan hirea izan nadin. Hitzematen diat Nafarroara ekarriko duan doteak ahantzaraziko diala gerlak ekarri dizkian purruska hauek. Ez duk aski gudari ukanen gibelera ekarriko gaituen karabanaren zaintzeko.

MEZULARIA: (aixari beha ahoa zabalik dauden beste bi zozoei) Ez diet hori erranen?

BIEK: Bai hori erranen diek. Eta lekutzen haiz. Dragatzen ari gaituk.

ANTSO: Aixa, gatu-basa fin eta eztia. Jainkoa eta Alaren fedez, nirea haiz, Nafarroara eremanen haut Afrika iraganez. Populuek ahuspez agurtuko diten hire edertasuna. Ez dinagu gudaririk behar gure amodioaren zaintzeko, ez baita ez burdin ez harrizko gizonik Antsoren ezpatari ihardokitzeko on denik.

IŅIGO: Ez diat sekulan hain motibaturik ikusi.

FERRANDDO: On eginen ziguk horrek, bidaiaņo antolatu bat Afrikan gaindi. Dekonprezatzeko beharra badiat.

ESKULTOREA: Ene historiografo ofizioak ausartarazten nauzu aipatzera, geroko, erran nahi dut eskolako haurrek zerbait ikonografia ukan dezaten historia liburuen apaintzeko, edo muztatxen egiteko ikasle txarrak badira, ez zait iduri Navas de Tolosa uzten ahal dugula hola potreta bat kendu gabe. Intuizioa badut gertakizun garrantzitsua daitekeela hau...

 

(antsok postura hartzen du aixa besapean harturik.)

 

ESKULTOREA: Barkatu biziki fotogenikoa da ztarleta xarmant hau baina historiaren bihurgune honetan, mairuak enpiro erromanikotik botaiak diren data zehatz honetan ez zait iduri gustu onekoa litekeela... Antso Azkarra gerla buruzagiz nuke nahi, ez Rudolf Valentinoz

 

(aixa kentzen du eta puf batean jarrarazten, so egiten dio, tentazione edo burutazio artistiko bat badu baina uzten du. Oihaletxe zoko batean ezkutua eta ezpata hartzen ditu antsori eskaintzen.)

 

ESKULTOREA: La! Zabal itzazu eskuak, papoaren zabalaren agertarazteko, tresnak finka lurrean. Belarra altxa zure superrak iradia gaitzan. Zerbait falta da, ez dakit, zerbait lekuari lotua, ekintzaren izenpea (badoa eta kateekin heldu da gibelera, ezkutuaren gainean arreņatzen ditu, jostun batek entseguetan bezala) La! sustut ez higi! Hau kausitzen badut Iruņeko katedralean finitzen du eta zure ospeak marmolaren iraupena ukanen du.

 

(Ateratu eta berriz sartzen da, harri peza eskorgetan ekarriz, beste hiruak arrazoin diferentengatik xarmaren pean daude. Zizel ukaldika hasten da lanean eta iluntzen da taulagaina. Mailu kaskek lotura eginen dute bigarren zatiarekin.)