Hirugarren Zatia
Beti toki bera. ama eta jean-pierre, bigarren zatia buraratzean zeuden leku berean dira.
ama - jean-pierre
JEAN-PIERRE: Gorde nezazu, etxekandre. Gorde nezazu...
AMA: Baina nor haiz? Zer egin duk?
JEAN-PIERRE: Otoi gorde nezazu... Gero mintzatuko naiz.
AMA: Zer egin duk bada? Ez ahal duk norbait hil bederen?
JEAN-PIERRE: Ez. Ez naiz ohoin bat. Ez naiz gaixtagin bat.
AMA: Hori, hik diok. Frogak nahi nitizkek.
JEAN-PIERRE: Otoi etxekandre, mugi zaitez! Ez ahal duzu bada etxe hontan, zoko bat ene gordatzeko?
AMA: Zer uste duk ala, nor-nahi gordeko dutala? Erradak nor haizen lehenik
JEAN-PIERRE: Gudari bat naiz.
AMA: Gudaria? (ama ondo ondora hurbiltzen zaio). Baina hi jada nonbait ikusia haut. Ezagutzen haut...
JEAN-PIERRE: Otoi anderea, gorde nezazu. Bestenaz galdua naiz.
AMA: Hik, ez duka Jean-Pierre izena?
JEAN-PIERRE: Lehen, bai. Orain haatik, “Pottoka” deitzen naute.
AMA: Eta hi ez haiz nitaz oroitzen.
JEAN-PIERRE: Ez. Batere.
AMA: Ni, Maritxuren ama nauk. Maritxuz, oroitzen haiz bederen?
JEAN-PIERRE: Hain aspaldi du...
AMA: Egia. Hamar urte jada. Hi, hintudan hementxe berean aurkitu, erdi-buluzirik, Maritxuren ganbaratik ateratzen ari... Ahalgingarria ez bestea! Eta orain nahi huke gorde hezatan! Zer kopeta!
JEAN-PIERRE: Ahantz itzazu otoi lehenagoko hixtorioak... Ez du balio debaldetan mintzatzea.
AMA: Ene alaba desohoratu ondoan...
JEAN-PIERRE: Baina anderea ez duzia konprenitzen lanjer haundian naizela?
AMA: Eta hiregatik, ni ere bai, beraz. Jainko ona! Zerk hatxeman behar ninduen orain. Ez banu ireki bederen. Ez banu ireki!...
JEAN-PIERRE: Otoi.
AMA: Ez diat erabakia nihaurek hartzen ahal. Haurrer aipatu beha zioteiat...
JEAN-PIERRE: Maritxuren anaiak, lehen abertzaleak ziren. Onartuko dute, haiek. Erna zaitez...
AMA: Baina zer egin duk, xuxen? Erradak bada! Norbait hil duka?
JEAN-PIERRE: Ez.
AMA: Kolpatu?
JEAN-PIERRE: Ez.
AMA: Zergatik gorde behar duk, beraz?
JEAN-PIERRE: Hori, ene egitekoa da. Ez dautzut, hain hitz laburrez esplikatzen ahal. Historio luze bat da.
AMA: Sobera izitzen nauk. Ez haut gordeko. Harrisku haundiegia duk hori enetzat. Burua gal nezakek beldurraren beldurrez. Otoi, habil. Habil hemendik. Utz nezak bakean... Emazte zahar bat nauk. Ez nezakala hil.
JEAN-PIERRE: Baina anderea, ez zaitut hil nahi. Zuri, ez dautzut deus eginen. Errana dautzut ez naizela gaixtagin bat. Ni, Euskal Herriaren alde borrokatzen naizen bat naiz...
AMA: Bazakiat ez nukala hil nahi. Baina hire gordetzea, ene hiltzea litakek. Jainkoaz, habil. Ez haute harrapatuko. Kasik ilun beltza duk orain. Habil. Urrunt hadi ene etxe ondo hontarik. Bestenaz xahu nauk.
JEAN-PIERRE: Nehork ez nau ikusi honara jiten. Gau bat bederen, gorde nezazu. Bihar goizean, argia gabe ihes eginen dut. Nehork ez du deus jakinen.
AMA: Ez. Sobera zaitak. Gorputz guztia daldaran ari diat. Ez haut gordeko. Otoi, konpreni nezak...
JEAN-PIERRE: Ni ez gorderik ere, hau bederen gorde zazu...
(Eta pistola bat eskaintzen dio).
AMA: Jainko ona! Ama maite Maria Saindua... Ez duk posible. Harma bat, nik gorde behar. Ez duk posible...
JEAN-PIERRE: (jean-pierrek amaren besoa bortizki tinkatuz, oihuz erraiten dio) Gorde zazu...
AMA: (Eskuak daldaran eta boza kasik galdua) Jainko ona, lagun nezazu... ez baitakit gehiago zer ari naizen... (Eta pistola, bere ohe barnean gordeko du).
JEAN-PIERRE: Eta orain ni! (Bortitz)
AMA: Uste nuen baino lanjerosagoa haiz oraino. Harmaturik ibiltzen dena denetarako prest baititake...
JEAN-PIERRE: Ez. Ez naiz denetarako prest. Bide hau hartu aitzin, beste bideak ere espreatu ditut eta asko gogoeta egin. Eta azkenean ohartu naiz, gauzen zinez aitzinarazteko, gure etsaien eguneroko indarkeriari erantzun bat emaiteko, guk ere bortiztasuna erabili behar ginuela. Gerlan gira. Euskal Herria gerlan da. Mugaz bi aldeetan.
AMA: Baina, hi ez baihintzen Parisera joana?
JEAN-PIERRE: Parisen egona naiz bai. Ez luzaz haatik. Baina aski izan zait. Han dut kontzientzia hartu, Euskal Herria zein heinetan zen. Eta itzuli geroz beraz, ene ahal guztiak egiten ditut Euskadiko langileriaren alde.
(Telefonak jo beza)
AMA: Haste. Segur nauk Poliza dela. Galduak gaituk!
JEAN-PIERRE: Gorde nezazu.
AMA: Ez! Ez oraino.
ama telefonan
AMA: Alo? A... Hi' haiza Pettan... Ez nintian lokartia ez. Bai. Ez zakiat batere. Nahi nikek berehala etortzen ahal bahintz. Ez. Ez. Fitxik. Fitxik. Gero erranen deat. Haugi fite halere...
ama - jean-pierre
JEAN-PIERRE: Zendako erran diozu etor dadin?
AMA: Ez zekiat. Beldurra sartua diat. Habil orain. Habil.
JEAN-PIERRE: Ez. Ez naiz joanen. Gorde nezazu. Euskal Herriaren alde ari naiz. Hain segur ez nauzu konprenitzen baina zin egiten dautzut ez naizela gaixtagin bat. Harmen bidea hartu dut Euskadiren oraindik hobekiago zerbitzatzeko; euskal populua bihar, libro eta bateratua bizi dadin! Gorde nezazu... Gudari bat naiz. Gudari bat.
AMA: Zer egin duk bada? Zer egin duk?
JEAN-PIERRE: Ez dautzut erraiten ahal.
AMA: Zerbait haundi?
JEAN-PIERRE: Zerbait haundi izan beharra zen. Baina ez dugu ukaldia erreusitu. Hortakotz bada... bakoitza bere alde joan da. Gorde nezazu...
AMA: Ago ixtant bat. Semea laster etortzekoa diat... Hak erranen dik...
JEAN-PIERRE: Ez. Zuk errazu nora joan behar dutan. Orai aski badut. Hobe duze ernatzea!
AMA: Zer egin behar dut? Jainko maitea... Zer egin behar dut... Funtsean, funtsean... gau batentzat baizik ez bada...
JEAN-PIERRE: Gero ere, sekulan zerbait gertatzen balitz aski duzu erraitea leihotik sartua nintzela... ez ninduzula ikusia... Mugi zaitez hortik.
AMA: Haugi. Haugi beraz. Erranen deat non gorde.
JEAN-PIERRE: Eta zerbait gerta baledi, egizu nolazpait azantz haundi bat, orduan nik ihes egin dezadan...
AMA: Ikusiak ikusi.. (Eta biak ateratzen dira)
(Apur bat taula-gaina hutsik dago. Geroxago antton, sar bedi).
antton
ANTTON: Nehor? Nun da ama? Baina, ama nun da?.. ohean behar luke... (Bortitz) Ama! Ama! Ez zaio bederen zerbait gertatu... (Berriz bortitz) Ama... Ama... (Urrunetik entzun bedi amaren boza: “Heldu nauk, heldu”). (Eta ama agertzen da.)
ama - antton
ANTTON: Non zinen?
AMA: Ez urrun ez.
ANTTON: Tenore huntan oraino lanean?
AMA: Ez nintian lanean, ez.
ANTTON: Baina zer duzu?... Iduri duzu izitua zirela.. Nun zinen bada?
AMA: Azantz batzu aditurik, ondoko barne horietara joana nintian, ez zenez norbait ba bederen...
ANTTON: Eta ez duzu nehor aurkitu...
AMA: Nehor.
ANTTON: Zu beti ohoinen beldur, he... Ohoinen eta... Denen to.
AMA: Gauaz bakarrik egoitea ez baita goxo...
ANTTON: Beti gauza bera erraiten dautazu... Baina egun arte segurik ez zaizu sekula deus gertatu...
AMA: Egun arte ez.
ANTTON: Eta beraz, ez du balio beti zeinak airean egon zaitezen... Baina zer duzu... Zerbait baduzu zuk...
AMA: Fitxik, Antton. Fitxik. Eta hi zergatik sartzen haiz hain goizik?
ANTTON: Dantzatzerakoan, autoa funditu dut...
AMA: Autoa funditu? Ez ginian beste beharragorik...
ANTTON: Ba kurritzen du ba, oraino... Baina kaska andana bat ori, eskuineko aldean... Eta horrek kendu daut dantzatzera joaiteko gutizia... Funtsean beharrik goizik sartu naiz. Bidean, bi aldiz bederen jendarmak ikusi ditut...
AMA: Jendarmak?
ANTTON: Bai... Hain segur “alkohol-test” egiteko. Aldi hontan segurik ez naute harrapatuko.
AMA: (Ahapetik) “Alkohol-test” edo.. beste zerbait...
ANTTON: Nola?
AMA: Fitxik. Fitxik. Aldi bat bederen goizik sartzeak ez dauk kalterik eginen. Pena diat halere autoa funditu baituk. Beharrik ez baihiz kolpatua...
ANTTON: Doi-doiak egin du...
(Atean xilintza. ama biziki izitua da.)
AMA: Nor dugu hor, tenore huntan? Habil irekitzera...
(Eta maritxu sartzen da.)
ama - antton - maritxu
MARITXU: Gau on! A... kontent naiz. Xutik hatxemaiten baizaituztet. Uste nuen ohera joanak izanen zineztela...
(Eta elgar besarkatzen dute). Goizago jin beharra nintzen, baina arratsalde hontan koifeur-ean izan naiz eta... beti bezala... mundua han... Gero berriz honarakoan...
(Geldi) Baina zer duzu ama? Frango bitxi kausitzen zaitut... Ez zira eri bederen?
AMA: Ez naun eri, ez.. Segi zan.. Segi.
MARITXU: Honarakoan beraz, jendarmeak non nahi ikusi ditut... Geldi arazi naute. Paperrak eskatu. (Boza aldatuz) Informazioneak entzun dituzieia?
BIEK: Ez.
MARITXU: Nik doi-doia, azken lerroak aditu ditut bai. Egun, goiz aldera, zerbait gertatu omen da hemen gaindi. Ez dut ongi konprenitu zer. Bi gazte jada arrastatu dituzte. Beste batzu haatik eskapatu dira. Poliza haien ondotik dabila eta etxe miatzen ere hasiak omen dira...
(Hori entzutean amak konortea galtzen du)
ANTTON: Jes, baina gure amak zer du?
MARITXU: Hik errak... Ama... Baina zer du bada...
(antton eta maritxuk nolazpeit atxikitzen dute).
ANTTON: Zer ukan du? Medikua ekar arazi behar dinagu...
MARITXU: Erna hadi. Telefona zakok...
ANTTON: Baina gaur larunbat arratsa dun... Ez zakinat zein den gau hontan...
MARITXU: Kasetan begira ezak...
ANTTON: Ez dinagu kasetarik!
(Solas hauek guztiak erabiltzean, antton eta maritxuk, ama, polliki, biziki polliki ohe gainean pausatu dute)
MARITXU: Telefona zak beraz jendarmeriara...
antton telefonan
ANTTON: Allo, la Gendarmerie? Pourriez-vous me dire, s’il vous plait quel est le medecin de garde cette nuit?... Docteur... Numero... Merci bien. Comment? Ah bon... Et c’est tres grave? Quand-meme... Bon alors, j’attendrai un peu avant de l’appeler... Merci Monsieur.
MARITXU: Eta?
ANTTON: Jendarmak, ponpierrak eta medikua bera, elgarrekin direla, ez dakinat batera nun... lau auto bata bestearen barnean sarturik... kolpatu andana badela eta holako... Hobe dugula geroxago deitzea... Behar bada, pollikituko zaigun, medikua ekar arazi gabe.
MARITXU: Hauxe lastima! (Usain ona harturik, mokenes batekin amaren begitartean pasatzen dio maritxuk.) Oraino beharrik hemen gaituk. Bakarrik zelarik gertatu balako... Berdin bihar goizean hila hatxemanen ginian...
(Atean xilintxa)
MARITXU: Jes... Nor dugu hor? Tenore hontan...
(pettan sartzen da)
ama - antton - maritxu - pettan
MARITXU: Ongi heldu haiz... Guk ez ginakian gehiago zer egin... Ama trenputxartua diagu...
PETTAN: Trenputxartua... Ez ninan beste beldurrik... Hemen zerbait gertatzen zela baizik. Duela zenbait denbora, telefonatu diotalarik, halako boz bitxi batekin erran daitan berehala etortzeko...
MARITXU: Nik ere frango bitxi kausitu diat.
ANTTON: Nikerebai...
(amak mogimendu bat egiten du. Eztula ere).
PETTAN: Mugitu duk...
MARITXU: Uste diat begiak irekitzen dituela...
ANTTON: Pasatuko zaiok naski...
AMA: Zuek, hiruak, hemen? Baina.. baina zer gertatu zait?
PETTAN: Fitxik, ama. Fitxik. Aldi-txar bat bakarrik. Baina, zendako ekar arazi nauzu...
(ama ohearen erdian jartzen da).
AMA: Berri haundi bat badiat zuer erraiteko... Berri haundi bat. Ezin aitortuzkoa. Ez dakiat nondik has-ere...
PETTAN: Zer gertatu zaizu? Zer egin duzu?
MARITXU: Mintza zaitez...
AMA: Gure etxean (geldi)
ANTTON: Segi...
AMA: Gure etxean norbait baduk... Gordea.
HIRUEK: Gordea?
AMA: Bai, gordea.
HIRUEK: Nor da?
AMA: Nor den, ez zekiat. Bakarrik nintian. Bat batean, norbaitek atea jo dik. Jo eta jo! Izitu nauk. Trantsitu. Baina entzunik euskaraz mintzo zela, azkenean ireki zioiat. Mutiko gazte bat sartu zaitak. Gorde nezan eta gorde nezan. Gudari bat zela. Lanjerrean. Lehan xixtan gaixtagin batentzat hartu diat. Gero ez. Haatik ez nian gorde nahi. Beldurraren beldurrez, hortzak kaskaskas ari zizaztaian eta ene beharriek ez ziteian entzuten zer serasan ere... Baina emeki emeki bere zepora bildu nik. Gorde diat. “Pottoka” omen dik izena.
(Isiltzen delarik, hiru seme alabak ohe ondotik urruntzen dira).
PETTAN: Saltsa pollitean gira ori, orain. Saltsa pollitean!
ANTTON: Hikerrak...
PETTAN: Zer egin duzu ama? Zer egin duzu!
MARITXU: Zer duzu burua galdu?
ANTTON: Hauxe bada erokeria!
PETTAN: Ez dezagun denborarik gal. Ikus dezagun elgarrekin zer egin dezakegun...
(Eta ama ohe gainean utzirik hiruak mahainaren itzulian Jartzen dira).
MARITXU: Nik segurik ez diat hixtoriorik nahi... Ni etxera noak... Aski duzue akomodatzea...
PETTAN: Ez Maritxu. Ez dun dretxorik! Denak saltsa berean gaitun... Hi ere, hemen egonen haiz!
ANTTON: Nun gordea duzu?
(ama isilik dago).
ANTTON: (Bortitz) Nun gordea duzun?
AMA: Jakin ala ez jakin, berdin dik.
ANTTON: Ez, ez da berdin. Nahi dut jakin non dagoen.. Ikusi nahi dut. Mintzatu behar nitzaio.
PETTAN: Eta zer erranen diok?
ANTTON: Lekuak huts ditzan, lehen bai lehen!
PETTAN: Antton! Uste nian bonbek ez hindutela izitzen, hi...
ANTTON: Ez duk berdin, orain.
PETTAN: Bai berdin duk. Orain diagu eta, erakutsi behar zer balio dugun...
ANTTON: Balio, balio. Ez haizela predikuan has, he, ez duk mementoa... Amak ez badu erran nahi ere non gordea den... gure etxea ez duk jauregi bat. Hiruek bilatzen badugu, ni segur nonbait harrapatuko dugula! (antton xutitzen da) Hea, ba... xuti zaitezte... Etxea mia dezagun...
PETTAN: Ago ixtant bat. Pentsatu behar diat.
ANTTON: Hi bederen, Maritxu, haugi enekin...
MARITXU: Zendako, ni? Egia. Oixtian, historio hau guztia jakitean burua galdu diat. Erran behar ez nituenak ere eskapatu zaiztak. Zikoitz bat bezala mintzatu nauk. Baina, ez nikek nahi naizen baino ahulagoarentzat har nezakan edo har nezazuen, neska bat naizelakotz...
ANTTON: Aski Maritxu, aski. Aski aditurik. Baina zuek denek burutik baduzue... Ez zireztea ohartzen zer harrisku izigarrian giren? Zer egiten dugu beraz? Zer egiten dugu?
AMA: Gaixo haurrak! Gaixo egiazko haurrak! Ez ote zinakiten bada goiz ala berant, memento hau etorriko zenik? Politikan, eta bereziki zuen politika hortan, jakin behar dik, erhi ttinttila sartuz gero, ondotik besoa eta azkenean gorputz guztia pasatuko direla. Politika ez duk josteta bat gero! Ala, erraiten dituzuen solasetan eta erabiltzen dituzuen urratsetan ez duzue, ororen buru, zihaurek ere sinesten? (Pausa) Nik banekian. Nik banekian, egun batez horrelako zerbait gertatuko zitzaigula. Ni, prestatua bezala nintian. Zuek ez ote? Gaixo haurrak! Gaixo egiazko haurrak! Alta, zenbat aldiz ez dautazue errepikatu: pasionearen ondotik heldu da beti Bazko. Zuek, Bazko nahi duzue bai... pasionerik iragan gabe! Haatik, nagok, ez ote dugunez orain pasione hortarik ere apur bat bederen jastatu beharko...
ANTTON: Atea ez bazinio ireki, ez ginen kinka hontan izanen. Zure ahuleziak galtzen gaitu!
AMA: Ez zekiat.. ea atearen irekitzea neure aldetik ahulezia bat izan denez. Berdin ez. Batzutan, ahuleziak ere baditik bere alde onak. Nork daki?... Horrela, uste gabean, nik ere zerbait egin diat... Zerbait. Eta behar bada... horregatik, preso sartuko naitek... Preso. Funtsean... hautatu behar banu nahiago nikek oraino preso joan, ezinez eta “Zahar Etxe” batetan sartu!
HIRUEK: Ama!
AMA: Zerk harritzen zaituzte?
ANTTON: Aski erranik badugu orain. Mugi gaitezen. Nik ezin dezaket gehiago barne hontan iraun.
PETTAN: Beldurrak hainbeste joa baldin bahau... zergatik ez duk deplauki poliza deitzen?
ANTTON: Ez. Hori ez. Ez nezakek sekulan horrelakorik egin. A, hori ez. Ez nezakala otoi, naizen baino ustelagoarentzat har! Baina zer nahi duk, zeinak nagusituak ditiat. Baniak etxetik...
PETTAN: Ez Antton. Hemen egonen haiz! Gu bezala. (Pausa) Amak arrazoin dik. Baginakian, egun batez, horrelako zerbait gertatuko zitzaigula. Egun hori, beharbada, guk uste baino goizago etorri duk, baina ez duk orain eskapatzeko mementoa.
ANTTON: Hire arrazoinamendua arras nahasia kausitzen diat. Berrikitan oraino ez hautana erraiten hi kulturan baizik ez hintzela bermatzen eta ipar Euskal Herrian bortizkeria, haurrak supiztekoekin jostatzea bezalatsu zela?!
PETTAN: Egia. Urteak eta urteak badik kultura sailean ari naizela. Eta zer ikusten dut? Gure lan guztia kasik debaldetan dela. Kultura lana premiatsuskoa duk, duda izpirik gabe. Baina hori, ez duk aski. Gure etsaiak, euskal kulturaz ontsa futitzen dituk. Kulturaz eta lantegietako grebetaz eta edozein manifestazionetaz halaber. Gauzak seriostasunekin har ditzaten, zorigaitzez, odola ixuri behar dik. Odola. Gure zapaltzaileak, odolaren beldur dituk. Odolaren bakarrik eta ez beste deusen. Alta, nik segurik, miletan nahiago nikek ez balitz sekulan nehoren odolik ixurtzen; baina hontaratuak baldin bagira, ez duk gure falta. Euskal Herriko gudariak ez dituk hortaz hobendun! Eta beraz, ene kontzientzia osoaren arabera, gaurko odol ixurtze hau, bortxaz, onartu behar diat.
ANTTON: Bortxaz onartzea, horrek ez dik, ororen buru, deus erran nahi. Borroka harmatuaren egiazki onartzea, harmen hartzea duk eta kito! Eta hik, harmak har hezazke?
PETTAN: Azken azken beltzean, beldurtien beldurtienak ere, nork daki zer egin dezakeen?
(Atean xilintxa)
ANTTON: Poliza. Hor dituk.
(Orduan pettan eta maritxu ere kolpez xutitzen dira)
AMA: Ez izi. Ez otoi izi eta zoazte ondoko ganbara hortara.
PETTAN: Ez ama. Ni segurik zurekin egonen naiz.
MARITXU: Ni ere bai.
AMA: Ez. Bakarrik egon nahi diat. Bakarrik egon behar diat.
(Atean, berriz ere xilintxa)
PETTAN: Ez zira on, ama. Zerbait gertatuko zaitzu...
AMA: Zoazte, zuek. Zoazte eta ixil-ixila egon.
(Atean entzuten da: “Au nom de la loi, ouvrez!”)
(hiru haurrideak ateratzen dira. amak atea irekiko du.)
ama - auzapeza - bi polizgizon
POLIZIA I: Bonsoir Madame.
AUZAPEZA: Gau on anderea.
AMA: Agur, agur, Jaunak. Berant zabiltzate.
POLIZIA II: Nous avons mandat de Monsieur le Procureur de la Republique pour perquisitionner chez vous.
AMA: Ha bon... Berriz haste beraz...
Montrez-moi le petit papier, s’il vous plalt...
(polizak emaiten dio)
AUZAPEZA: Bi minutaren afera dute. Doi-doia begi ukaldi bat eta trankil utziko zaitugu.
AMA: Zuek bezalakoek beti solas berak darabiltzkitzue... Doidoia begi ukaldi bat... trankil utzi... eta horrelako. Eta ez erran bazena?
AUZAPEZA: Baduzia burutik? Ezehal dakizu...
POLIZIA I: Pas trop de details, Monsieur le Maire. Nous avons beaucoup a faire et nous sommes presses.
AUZAPEZA: Vous savez, c’est une personne agée. Il ne faut pas l’effrayer. D’autant plus qu’elle est assez speciale...
POLIZIA I: N’oubliez pas Monsieur le Maire: les ordres sont stricts!
AUZAPEZA: Je fais de mon mieux, Monsieur. De mon mieux. Entzun duzu... Jaun horiek ez dira komedia gose. Ordreak badituzte, beraz lehen bait lehen...
AMA: Ez, Jauna. Ene etxea, enea da. Eta bururaino zainduko dut.
AUZAPEZA: Zainduko? Baina ohartzen zirea bada zer derasazun? Ala mensten hasia zira?
AMA: Badakit zer diotan. Eta badakit ere, horrela jokatuz zer harriskatzen dudan.
AUZAPEZA: Funtsean zure etxearen miatzeko ez dugu zure baimenaren beharrik. Paperak baditugu... Zuk nahi ala ez.
AMA: Ez dut onartzen!
POLIZIA II: Ne croyez-vous pas Monsieur le Maire, que vous pourriez choisir un autre moment pour parler des potins du village?
AUZAPEZA: Mais il ne s’agit pas de potins, Monsieur. C’est beaucoup plus grave.
POLIZIA I: Donne-t-elle des renseignements qui pourraient nous etre utiles?
AUZAPEZA: Ce n’est pas dans ce sens qu’elle abonde... Ce serait plutot... le contraire.
POLIZIA II: Comment? Serait-elle de meche avec les terroristes? Laissez-nous. Il faut que je la questionne moi-meme.
(auzapeza eta polizgizon i, sukalde zokoari buruz doatzi. polizgizon ii etor beti amaren ondora).
POLIZIA II: N’ayez pas peur, Madame. Nous sommes vos amis. De simples fonctionnaires qui ne faisons que notre travail, souvent bien penible, pour ne pas dire extenuant. Repondez a nos questions et on vous laissera tranquille. A votre age, vous l’avez bien meritée, la tranquillité... Quelqu’un est-il venu frapper a votre porte? Vous a-t-il demandé refuge?
(amak ez dio deus erantzuten)
J’espere que vous n’etes pas sourde, Madame. Vous avez bien entendu ma question.
(ama ixilik)
Je vous conseille de repondre, Madame. (Oihuz): Repondez! (ama ohe sahetsari buruz doa) Ne bougez pas et repondez! Avez-vous vu quelqu’un? Cachez-vous quelqu’un? Et vous, commencez immediatement la fouille.
AMA: Ez dut onartzen! Ez dut onartzen.
AUZAPEZA: Zure onetan hobe duzu mintzatzea!
POLIZIA: Ça sent le brûle, ici. Il faudra appeler du renfort. Et vite! Ne bougez pas, vous!
AMA: Ez dut onartzen! (Eta orduan, mihisen barnean gordea zuen pistola eskuetan hartzen du)
BI POLIZIA: Vous etes folle! Arretez. Lachez-moi ça!
AUZAPEZA: Jainkoaz, geldi zaitez! Otoi, otoi!
POLIZIA I: Lachez cette arme! Il y va de votre vie!
(ama emeki emeki eta gibelka doa; azkenean taula gainetik ateratzen da. Ordu berean, tiro bat izigarria entzun bedi. Segidan, pettan, maritxu eta antton, lasterka ateratzen dira).
POLIZIA II: Arretez-vous! Arretez.
POLIZIA I: Mais qui est-ce, ces gens-la?
AUZAPEZA: Les enfants de la maison. (Hitz batzu entzuten dira)
POLIZIA II: Mais c’est une maison de dingues, ici...
PETTAN: Bizi dun oraino.
MARITXU: Gaixo ama.
ANTTON: Ama... Ama, mintza zaitez!
POLIZIA I: Il faut agir. Et tout de suite. Ouelle histoire! Quel drame! Je vous avais prevenu qu’elle était bizarre...
POLIZIA II: Bizarre... Vous voulez dire folle, oui. Completement folle. (auzapeza, ondoko barneari buruz doa)
AUZAPEZA: Gaixo emaztea? Gaixo emazte dohakabea!
(Orduan, hiru haurrek, ama, ahal bezala ekartzen dute eta ohe gainean pausatzen...)
PETTAN: Biziko da, naski.
ANTTON: Bai biziko da. Bizi behar du...
MARITXU: Hatsa. Hatsa hartzen du. Biziko da! (Gizon bat sar bedi. Hats hantua)
POLIZIA III: Chef, Chef! Il s’est enfui. Il s’est enfui. J’ai vu un homme sortir d’ici. Je suis sur que c’est l’un des terroristes, que nous recherchons... Vite. Il faut faire vite.
POLIZIA I: Salauds! Bande de salauds. Vous etes tous complices!
POLIZIA II: Cela vous coutera cher, c’est moi qui vous le dit! Appelez la direction. Faites-lui part de toute cette merdei Bande de salauds. Votre compte est bon!
POLIZIA I: Jamais on ne vous pardonnera ça.
POLIZIA II: Mais ça devient comme en Algerie ici aussi. Tous les Basques sont à jeter dans la meme poubelle...
AUZAPEZA: Pas tous les Basques, non. Pas tous.
POLIZIA II: Taisez-vous. Même des harkis, on s’en mefie, nous. Embarquez-moi tous ces ratons! Et que ça saute!
AUZAPEZA: Mais elle est blessée. Elle est en danger. Elle va mourir, peut-être...
POLIZIA II: On s’en fout.
AMA: Egia. Ni hilik ere berdin du, Pottokak bere bidea segitzen ahal baldin badu segurik. Bai, segitu behar du. Zeren Euskal Herrian Pottokak izanen direno, Euskal Herria ez baita hilen. Ez baita sekulan hilen. Ni bai, hilen naiz. Baina ene ondotik beste ama bat izanen da bere atea zabalduko diona Pottokari. Pottokak, gehienetan maitagarriak baitira. Maitagarriak eta beharrezkoak. Beren begi argi, odol bizi, gorputz lerdenekin, ba dugu gure Pottoken beharra Euskal Herrian. Sort, altxa eta punpa daitezela beraz gure mendi eta zelaietan, hamarnaka, ehunka, milaka. Oraindikan, Pottoka, libertatearen itxurapena baita eta Pottokek lagunduko baitute Euskal Ama libertate osora heltzen!
Mugerren, 1978ko abenduaren 11an.