Ama
Daniel Landart
Ama
Daniel Landart
Egan, 1997
Ama
Daniel Landart
Egan, 1997
[aurkibidea]

 

Bigarren zatia

 

Lehen zatiko toki bera. ama, pettan eta antton mahainean bazkaria bururaturik, kafearen edaten ari.

 

 

ama - pettan - antton

 

ANTTON: Kafearen pusatzeko, Izarra xorta bat nahi duka?

PETTAN: Ja, ja. Ezkonduz geroz, ez diat sekulan edaririk hartzen.

AMA: Ongi egiten duk, Pettan.

ANTTON: Ezkondua banintz, nik ere ez nezakek har, to!

AMA: Ezkont hadi beraz...

ANTTON: Anartean halere, bat bederen hartuko dut, ori...

 

(Eta Izarraren bila doa eta zerbitzatzen da)

 

PETTAN: Ez haiz gehiago Wisky-tik ari?

ANTTON: Ez. Mementoan, Izarra nahiago diat.

PETTAN: Arrazoin duk. Izarra edanez, euskaldunago bilakatzen omen haiz...

ANTTON: Hori bera, to! eta jakintzak badutala denen beharra!

AMA: (pettani mintzatuz). Maritxuren berririk baduka?

PETTAN: Herenegun telefonatu daut. Arras ongi dira.

AMA: Egia. Ez duk bakarrik eta...

PETTAN: Ez da bakarrik, ez... hiru urte badu alabaina, Jean-Paulekin bizi dela.

AMA: Hiru urte... eta ez dituk oraino ezkontzeko xedetan?

ANTTON: Zendako nahi duzu ezkont daitezen, horrela ongi baldin badira?

AMA: Hauxe mundua! Gure gazte denbora eta oraikoa! Zenbat diferentzia! Zenbat aldaketa! Ene aitari edo amari erran banio mutiko batekin biziko nintzela ezkondu gabe... ondorioak ez ditiat pentsatu nahi ere! Haiek berdin hilen nintizteian. Eta orain berriz, denak haizu! Denak paso! Denak konprenitu eta onartu behar! Ha, Maritxu... Maritxu... Kasu eman, kasu eman, errota ez dadin itzulikal...

ANTTON: Zergatik beldur zira errota itzulika dadin? Zerbait gaizki egiten dute ala?

AMA: Gaizki... Gaizki... Ez diat hori erran nahi. Baina...

PETTAN: Ni ere, ezkondu aintzin, urte bat bizi izan naiz orain dutan andrearekin. Beharrik! Horrela, elkar zinez ezagutu dugu eta ezkondu gira. Ohartu bagine ez ginela elkarrentzat eginak, elkar utziko genuen eta kito. Ezkontza gauza seriosa da gero! Ezkontza ez da loteria bat, kutx ala pil. Bestalde, ez gira Moisen denboran bizi...

ANTTON: Zergatik beti aipatzen duzue ezkontza? Ezkontza... Ezkontza. Gizon bat ez da bakarrik aita izaiteko sortua ez eta emazte bat ama bilakatzeko... Ala; hazitako behar diren abere batzu baizik ez gira?

AMA: Hi, beti hirean! Baina, oraingo aintzinamendu guztiarekin, dela amodio libre, pilula, haur botatze, bereizte eta gainerateko, jendea lehenago baino zoriontsuago bizi dea? Ni beldur ezetz. Zikoitzkeria gero eta haundiago doak. Eta aspaldiko errana duk fruiturik ematen ez duen arbola, laster eihartzen dela!

ANTTON: Hori hori gurea. Morala...

PETTAN: Morala bat izan dadin, hori beharrezkoa duk. Jakitea duk zein?

AMA: Hori bera. Zein? Badakiat, gu altxatuak izan ginen Moralak bazuela segur apur bat berritzearen beharra. Nik, ahal bezala urrats hori egin diat! Alta, hastean, gauza bortitza zitzataiam Baina, orain ohartzen nauk estremo batetarik beste estremora joanak girela. Eta oraino ez kontent. Oraino beste zerbait nahi. Oraino gure burua ez guztian kausitzen... Hauxe bizial... Denek, gero eta libreago izan nahi. Libro... Libro! Eta batzu, zinez libro izan ditezen besteek Zahar etxe batzutan sartu behar, preso!

ANTTON eta PETTAN: Ama!

AMA: Ez duta egia erraiten? Baina bego hortan. Baratzera noak, zangoen eguzkitatzera. Baxerak eginen dituzue ez, bien artean?

ANTTON: Eginen ditugu bai.

PETTAN: Zahar etxe batetan bazine, ama, ez zinuke baxeretaz buruhausterik...

AMA: Ah Pettan, hemen ere, ez nitek ez baxerek gehierlik inkietarazten!

 

(Eta ama, mainguka, mainguka ateratzen da).

 

 

pettan - antton

 

Mahaina altxatuko dute eta baxerak ikuziko eta xukatuko solasaldi denbora hontan.

 

ANTTON: Eritasun andana bat badik, baina burua segurik, ontsa!

PETTAN: Eta beti bezala, mihia xorrotx... Gaixo ama... Guk horren ongia baizik ez xekatzen eta horrek uste baztertu nahi dugula. Alta, ezin dezakeguk bada, estatu hortan bakarrik hemen utz...

ANTTON: Zahar etxe batetan sartzeko partez aski diagu azkenean, infirmiertsa bat gau eta egun hemen atxikaraztea...

PETTAN: Infirmiertsa bat... Ideia ona duk... Infirmiertsa gazte eder bat, ez dea hala, to?... Egunaz, gure amaz arta har lezakek eta gauaz berriz, hitaz?... Ez duk ideia txarra hori...

ANTTON: Ez nian batere horri pentsatzen...

PETTAN: Ezagutzen ez bahindutan bezala, gaizo Antton... Baina, orainokoan segurik, ama arras gaitzitua baita, nik Zahar etxe hori aipaturik, ez diagu deus eginen. Seroraren pikurak eta kito!

ANTTON: Adio ene infirmiertsa, beraz!

PETTAN: Ez ahal haiz xomajean alde hortarik?

ANTTON: Alde hortarik, ez! Baina, ez dakiat batere, gure lantegia ez denez hetsiko... Biziki fama txarrak kurritzen dituk. Langile guztiak zainen gainean gaituk eta nagusi alu horrek deus ez salatu nahi!

PETTAN: Betiko komedia... eta sindikatek zer diote?

ANTTON: Zer nahi duk erran dezaten? Nagok, ez dutenez, azkenean, nagusiaren jokoa egiten...

PETTAN: Hi, sindikatua haiz?

ANTTON: Bai. Eta hi?

PETTAN: Bixtan duk baietz.

ANTTON: Bixtan, bixtan, ez dakiat batere... Hire grado berri hori ardietsiz geroz, pentsatzen nian, berdin hi nagusien alde itzulikatua hintzela...

PETTAN: Bakea emak hortik, Antton! Ez duk posible nik horrelakorik egitea...

ANTTON: Ez posible... To, ezagutzen ditiat nik, bat baino gehiago lehen langileriaren alde gain gainetik ari zirenak eta orain grado bat bilduz geroz, nagusiaren ipurdi-milikari bilakatu direnak. Ipurdi-milikari edo bederen, langileriaren problemetaz ontsa futitzen direnak! Faltsu zikinak ez besteak! Beraz...

PETTAN: Ez diat hori ukatzen. Apantziarik ere. Zorigaitzez, ustelak nun nahi badituk. Baina, erraiten ahal deat ni segurik ez naizela zepo hortara erori!

ANTTON: Hobe.

PETTAN: Eta aitortu behar deat, sekulan ez dutala orain bezenbat lan egin sindikato batetan. Baina, hor ere, gero ta joanago ohartzen nauk, sindikato horiek ez direla arras guretzat eginak...

ANTTON: Nolaz?

PETTAN: Frantsesak dituk. Frantses xobiniztak. Errotik zentralistak. Den-mendreneko zerbaiten egiteko beti Pariseko edo Bordaleko baimena igurikatu behar diagu... Eta gure kasuan, Euskal Herriaz ez ditek axola izpirik! Sindikatek; ez ditek Euskal Herria Herri bezala onartzen. Pundu hortan, kapitalistak bezain gibela dituk. Eta hori, biziki kaltegarri duk guretzat.

ANTTON: Hortan arrazoin duk! Errotik! Iduri likek, Sindikateko buruzagiek ez dutela irabazien goititzea baizik gogoan! Dirua, dirua, diruaz baizik ez dituk mintzo.

PETTAN: Ba dituk zinez beharrean direnak. Baina, hirekin ados nauk erraiteko irabazien goititzea ez dela aski. Langileen izpirituak dik kanbiatu behar. Bestela, beti berdin pito geldituko gaituk!

ANTTON: Berdin pito... Hik errak! Uste duk halere gauzak aintzinatzen ari direla?

 

(pettanek ez du deus erantzuten, bakarrik sorbaldak altxatzen ditu).

 

            Errak zerbait, mutikoa!

PETTAN: Izan gaituk gibelako, Antton! Batzutan, iduri zaitak, azken urte hauetan, ikaragarriko urratsa egin dugula, eta beste aldi batzuz berriz, arras nagiki kurritzen girela...

ANTTON: Hi, nun haiz orain?

PETTAN: Ni, inon (nihun).

ANTTON: Inon?

PETTAN: Ez. Inon. Erran nahi diat ez naizela gehiago alderdi politiko batetan. Baina, kasu! Lehen bezain abertzale nauk! A hori bai! Euskadi askatu batetan sinesten diat.

ANTTON: Sinesten... Horrek puxka bat katixima oroitarazten daitak... Jainkoan sinestea bezala... Baina, Euskadi hori, nola eginen dugu...

PETTAN: Ez nauk profeta. Ni, ez nauk militante xinple bat baizik. Baina, militante xinple guztiek beren lana egiten badute, nork daki?... Eta hi Antton, non haiz?

ANTTON: Ni? Nihun eta...denetan! Eskukaldi bat behar delarik, beti prest...

PETTAN: Eskukaldi bat... Huuu... Eskukaldi batzuren emaitea ez duk gaizki. Baina, hori ez duk apantziarik ere aski. Eta, nagok ororen buru, ez ote gaituenez horrek galtzen...

ANTTON: Galtzen? Zer derasak?

PETTAN: Eta bai... Euskal Herrian, zenbat dituk hire kasuan? Sudurra denetan sartua, denak egin nahi, denak hunki... eta azkenean, kasik tirrit! Lan luze serios eta jarraiki baten egiteko ez kapable... ez iraunkor. Urte batez edo biez denak mugi, denak inharros, eta gero, fitsik! Hori duk, gure gaurko egia.

ANTTON: Zahar bat bezala mintzo haiz, Pettan!

PETTAN: Nahi dukan bezala hartzak. Baina, gauza honi ohartzen nauk: Politika egitekotan borondate ona ez dela aski. Borondate ona behar dik, hori segur, eta batzutan, loriatua egoiten nauk, hainbeste eta hainbeste mutil eta neska gazte ikustean, denek Euskal Herriarentzat bihotza amodioz gaindika.. Baina berriz ere dioiat: hori ez dela aski!

ANTTON: Zer erran nahi daitak? Ments bat naizela ote? Ez dutala behar bezanbat gogoeta egiten? Hik dakika, nik, xuxen, zer lan daramatan? Zergatik nahi dituk beti besteak jujatu?

PETTAN: Jujatu? Jujatu ez. Baina elkarrekin ikusi, elkarrekin ikertu non giren, zer nahi dugun, zein bide egin, bakarka edo taldeka, nola jokatu, hots, geroari begira, luzara, euskal politika bat planifikatu. Hori duk behar beharrezkoa. Bestela, oraingo saltsan egonen gaituk... hi bahaiz, ni banuk... gerla guhauren artean sortuz, gure egiazko etsaiek aldiz ederki irri egiten dutelarik!

ANTTON: Gauzak ikertu, barnatu behar direla, ados. Halere, ez ginikek gure denbora guztia eleketa iragan behar. Eleketa, eleketa aritzea, nahi eta ez, errex baita. Errexegi, gehienetan. Nik uste diat, mila mintzaldi baino hobeago dela bonba on bat!

PETTAN: Nola?

 

(Telefonak joiten du).

 

ANTTON: Hiretako daitekek... Emaztea kexatzen hasia, hain segur... Beti bezala funtsean...

 

(pettan telefonan, anttonek, aldiz, beste xorta bat hartuko du)

 

PETTAN: Alo... A, zu zirea, Maixabel? Zer gertatzen zaizu? Ramuntxok sukar poxi bat ba duela?! A bon... Banator, segidan. Zer ari nintzen? Anaiarekin eleketa, ori... Afaltiarrak? A bai... ez, ez ez nituen ahantziak. Berehala heldu naiz. Baietz bai. Ogia? Pasatzean erosiko dut. Languztinak ere hartzeko? Nun? A bon... Bon... ongi da. Sarri arte, Maixabel.

 

 

pettan - antton

 

ANTTON: Bonbak, bai mutikoa, bonbak! Gero janen ditiagu langustinak!

PETTAN: Gaizo Antton! Beti berdina, hi! Arraileria sartzen duk behar ez delarik...

ANTTON: Zer diok? Bonbak ez direla beharrezkoak?

PETTAN: Konduaren gainera, orain, nahitara, denen nahasten hasten baldin bahaiz, gure solasalditik ez duk deus onik aterako! Hobe diat beraz hemendik joaitea...

ANTTON: Zer? Bonbek izitzen haute, ala?

PETTAN: Eta hi, ez haute izitzen? (Pausa)

            Ez dik gero, nola nahika mintzatu behar gauza horietaz eta bereziki ez hi bezala segurik. Iduri likek espantuka ari haizela. Ez zakala otoi haizen baino gehiagorena egin... Enekin ez dik balio...

ANTTON: Hi... Gaizoa... Hi, ez haiz beldurti bat baizik...

PETTAN: Baina, ez diat nik hori ukatzen. Egia duk. Beldurti bat nauk. Eta horrekin zer frogatu nahi daitak? Hi ez haizela hala? Eta gero zer? Baina mutikoa, horrek ez dik deus erran nahi. Egiazko problema ez duk beldur ala ez beldur izaitea, egiazko problema duk, heian, daramagun borrokan, bonbak beharrezkoak diren ala ez?!!!

 

(ama sartzen da)

 

 

ama - pettan - antton

 

AMA: Baina mutikoak, zer ari zirezte? Baxerak oraino beren tokian ezartzekoak? Zertan bada pasatu duzue denbora?

PETTAN: Eleketa, ama, eleketa.

AMA: Eleketa. Eta zertaz?

ANTTON: Bonbak ama. Bonbak aipatzen genituen!

AMA: Ago ixilik, Antton. Hitz horren entzuteak berak hotz ikarak emaiten daiztak! Eta zuek berdin, aski eroak! Jainko ona... Jainko ona! Ikusiak ikusi, zerk igurikatzen ote nau?

PETTAN: Zaude gustian, ama. Alde hortarik, nik segurik, ez zaitut biziki kexa araziko. Nik hautatu eta hartu bidea besterik da. Ni kulturan bermatzen naiz.

AMA: Ez nauk, ez, hitaz beldur ari...

ANTTON: Ez zuen balio horren erraitea. Denek konprenitua genuen... Ni naiz beraz akusatua...

PETTAN: Akusatua... ez. Baina, joan aintzin, hauxe erran behar deat: bazakiat, herri zapaldu guztiek, beren kateetarik libratzeko armen bidea hartu dutela. Euskal Herriak, halaber. Baina, kasu! Horrelako ekintzak biziki lanjerosak izaiten ahal dituk. Fazizmoak ere bortizkeria erabiltzen dik, nahiz ez berdin izan. Hortakotz bada, bortizkeriak lagundu behar dik Herri langileriaren burruka, ez eta kontrarioa egin! Eta mementoan, Herri langileria hori aski kontzientziatua dea ekintza horien konprenitzeko eta onartzeko? Aski kontzientziatua dea Euskal Herria gero ta barnagotik xurgatzen eta hiltzen ari daukutela ikusteko? Nik uste ezetz!

ANTTON: Eta beraz, zer egin behar dugu? Beha egon? Beti beha egon?

PETTAN: Ez beha egon, ez! Lan egin! Lan egin! Herri osoa kontzientziatu. Hori duk luze. Hori duk idor. Baina, hori egiten ez badiagu, ez gaituk deusetara helduko!

ANTTON: Baina, beti zerbait ari gaituk...

PETTAN: Zerbait bai. Zerbait.'Haurrak supiztekoekin jostetan bezala... Edo, Herri guztia gure suaz berotuko-diagu, beraz irabaziko; edo guhaur erreko gaituk, eta kito! (Pausa) Ez adiorik. Bestaldi bat arte! Telefonatuko dautzuet...

 

(pettan urrats haundiz kanpora doa)

 

AMA: Pettan, hire emaztea eta haurrak besarka itzak gure partez...

 

 

ama - antton

 

AMA: Beraz, sua beti bizi zegok. Nik uste nian, zuek poxi bat bederen kalmatuak zineztela... Kalmatuak... Orain, ohartzen nauk haatik, biligarro onak zaituztetela... Beti zuena gogoan! Beti politika!

ANTTON: Kalmatuak? Ori, ez da mementoa. Izaitekotz, orain gira eta gehienik bermatzen. Gure ideia politikoak hedatuz doatzi eta nola!

AMA: Hedatuz?! Bai... Baina segur nauk familietan, hori dela eta, kalapitak sortzen direla... Kalapitak, eta samurgoak... Elkar ezin ikusiak... Elkar ezin jasanak... Saltsa itsusiak! Eta horrek pena haundia emaiten daitak. Nihaur sobera ikusia nauk. Beldur batek hartzen naik. Beldur bera diat atzo eta egun. Eta ez idurikan, beharbada, ni baitan beldurra haundituz doak. Balio dia, Antton, balio dia?

ANTTON: Bai ama, balio du!

 

(Norbaitek ateko xilintxa joiten du).

 

AMA: Jainkoa! Norbait badiagu hor. Habil so egitera nor den...

 

(antton ateari buruz doa. amak, ahal bezala, zenbait puska lekuz aldatuko ditu...)

 

ANTTON: Apeza da.

AMA: Apeza! Ama maite Maria! Eta sukaldea manera huntan. Zer pentsatuko ote du?

ANTTON: Pentsa beza nahi duena. Gero ere, ez zaitu ez janen! (Atean berriz xilintxa).

AMA: Idek hakok, otoi...

ANTTON: Nik idek? Ez diot nik irekiko, ez. Zer uste duzu ala, denbora galtzeko badutala? Ni orain, ohearen gainera noa, gau hontan forman izaiteko gisan...

AMA: A, Antton, Antton...

 

(antton jalgitzen da. ama atearen irekitzera doa...)

 

 

ama — apeza

 

AMA: Sar zaitez sar, Jaun erretora...

APEZA: Uste ez banuen, nehor ez zegoela etxean...

AMA: Nehor etxean? Ba pentsa. Ni beti hemen nago, itzatua bezala.

APEZA: Itzatua, itzatua... Hitz haundia da hori... Nahiz, zure berri zuhaurek, nik baino hobeki badakizun. Eta preseski, berri horien jakitera etorria nintzen. Nola zira, zer diozu?

AMA: Ez dut zinkurinaka aritzea maite, jaun erretora. Eta, hitz batez erranen dautzut dena: kondenatua naiz, kondenatua.

APEZA: Horra beste hitz haundi bat.

AMA: Hitz haundia? Badakit zer diotan. Beha zazu zer molde trixtean bizi naizen: bi urrats ezin egin aiei bat bota gabe, eztulak errautsia... eta odoiean ditudan zikinkeria guziak ez dauzkitzut aipatuko...

APEZA: Banekien bai, azken denbora hauetan, osasun aldetik trabak bazenituela. Elizan ere, ez zaitut gehiago ikusten...

AMA: A, jaun erretora, bazinaki, bazinaki, igandetako mezaren huts egiteak zer pena emaiten daitan! Eta futxo, besterik ezin egin! Ene zango herrementa hauek ez naute gehiago xutik atxiki nahi...

APEZA: Elizara ez etorririk ere, pentsatzen dut telebixtan emaiten duten meza bederen segitzen duzula.

AMA: Ez dugu telebixtarik, jauna...

APEZA: Ez duzuela telebistarik? Jesus! Harritzen nauzu. Baina, zuek ez baitzinuten telebixta ba, lehen?...

AMA: Lehen, bai! Baina, egun batez panan gertatu zen eta nehork ez ginuen funtsik hartu haren antolatzeaz. Eta geroztik gabe gira. Eta berdin bizil...

APEZA: Ba hortaz, telebixtarik gabe ere bizi daiteke, bai. Baina zer nahi duzu... bere alde onak ere baditu... Hala nola informazioneak, zenbait filma eta igantetako meza... Gure buruzagien mintzaldiak ere, gehienetan, entzutekoak dira...

AMA: Mintzaldiak... Jainko ona! Mintzaldiez ez naiz ez biziki kexu ari... Jakin zazu, etxean berean entzuten dutala nik, zenbait zenbait prediku!...

APEZA: Prediku guztiek ez baitute balio berdina...

AMA: Hori bera, ori, jaun erretora. Ez dute... balio ez eta... erran nahi berdina. Lehen, oroitzen naiz, norbait eleketa ederki hasten zeneko, gu, ahoa xabal xabala egoiten ginazkon beha... Orain, eleketari ederrak nonnahi baitira kasu gehiago egiten dugu, eta beharrik! Ez ginuke uliak izan behar...

APEZA: Arrazoin duzu... Egungo egunean, profeta faltsuak denetan sartuak dira eta Euskal Herrian berean dotzenan hamahiru konda daitezke...

AMA: Dotzenan hamahiru? Zer derasazu, jaun erretora? Baina beraz, galduak gira...

APEZA: Galduak ez. Oraindik ez gira galduak, eskerrak Jainkoari! Baina beldur nago, beldur. Eta bereziki, gazteria, gazteria ez dakit nora itzulikatuko den... Gazteriak buru beroa baitu...

AMA: Ez zaitut hanbat konprenitzen jaun erretora... Gazteriak beldurtzen zaituela erran nahi ote duzu?

APEZA: Ez arras, ez. Gazteria maite dut. Biziki maite. Baina, gazteria hortan, batzu badira, beharbada, urrunegi joan nahi luketenak... eta horrek, nahitez, frango kezkatzen nau...

AMA: Horiek deitzen dituzia delako profeta faltsuak?

APEZA: Holako hitzak ez dira biziki kasu eginez baizik erabiltzekoak. Beha, Jesus bera nola mintzo den... Parabolaka. Hazi ona, iraka... Jesus, beti, zuhurki dabila. Ez ginuke beraz, guk, orain, arinkiegi mintzatu behar!

AMA: Halere, jaun erretora, tripan min delarik, Ai! egiten da. Zuk ere iduri duzu nonbait min duzula eta aiik ez egin nahi...

APEZA: Aitortuko dautzut daplauki: bai min dut. Herria bi parte... Batzu berdin kolpeka... Gazteak elgarren artean haserre eta nola haserre! Elizan gero ta toki gehiago... hutsik, bixtan da... Herriz kanpo ere zernahi botia... Denak kexu, denak samin. Balio sakratu guziak pekoz gora joanki... Munduan gaindi eta Espainian berean ainitz jende hiltze... Bortizkeria denetan nagusi... Horik guztiak ikusi eta, nola nahi duzu arimen artzainak ez dezan nonbait min ukan?

AMA: Baina, jaun erretora, nor da hobendun?

APEZA: Nor den hobendun? Baina, denak, apur bat bederen hobendun gira. Denak. Hortakotz bada konbertitu behar ginuke.

AMA: Denak hobendun, nahi dut. Baina hasteko, gure herriko zenbait jaunttok beren interesengatik ez balute hemen saltsarik muntatu, mementoan beharbada, ez ginen kinka huntan izanen. Eta zuhaur ere, ez bazine delako jaunttoer hain josia izan, dudarik ez da egun, herrian hobekiago ikusia zintazkeela!

APEZA: Jaunttoer josia... Ni?! Nolaz erran dezakezu hori...

AMA: Asko eritasun ukanagatik; bixta orainokoan segurik frango ona dut... Batzuen hobenak, jaun erretora, ez litazke dener paga arazi behar!

 

(Telefonak joiten du)

 

AMA: (Telefonan) Alo? Bai. Antton? Etxean da bai. Zaude. Deitzen dut.

AMA (gora): Antton! Antton! Telefona!

            (jaun erretorari buruz): Barkatu, jaun erretora.

 

(antton sartzen da)

 

 

ama - apeza - antton

 

ANTTON: Arratsalde on, jaun erretora.

APEZA: Hiri berdin, Antton.

ANTTON: Alo? A, hi haiza... Bai... Ez... Zenbat orenetan?... Zazpiretan? Baina, jada seiak dituk. Bon... Ontsa duk. Sarri arte.

 

(Telefona pausatzen du)

 

APEZA: Eta, zer diok, Antton?

ANTTON: Bizi. Eta zu?

APEZA: Ni ere bizi. Eta frango osagari onean, Jainkoari esker.

ANTTON: Hobe.

APEZA: Hobe bai. Eta hik, lana zertan duk?

ANTTON: Mementoan lana badaukagu bai. Ikusiko noiz arte...

APEZA: Hori duk hori... Eta, ez duka ezkontzari pentsatzen?...

ANTTON: Pentsatzen bai...

AMA: Pentsatzea ez baita aski...

ANTTON: Pentsatzea, jadanik, ez da gaizki!

APEZA: Hori, bakoitzaren egitekoa baita. Bon. Nik utziko zaituztet. Elizan ibiltzeko ez zirenez kapable, beraz kofesatu edo kominiatu nahi bazinu... aski nauzu deitzea, etxera etorriko nitzaizu.

AMA: Ongi da, jaun erretora. Milesker. Zaude... Ateraino segitzen zaitut.

APEZA: Ez du balio. Zangoak akituko zaizkizu.

AMA: On dute bai poxi bat mugitzea.

 

(Eta biak ateari buruz doatzi)

 

APEZA: Ez adiorik, Antton!

ANTTON: Agur, jaun erretora...

 

(Eta jalgitzen dira)

 

 

antton bakarrik

 

ANTTON: Ez dudanez ezkontzari pentsatzen?... Ezkontza, beti ezkontza. Zer dute bada denek ezkontzaz mintzatzeko? Ni, hola ongi naiz. Ongi. Eta hola bizi nahi dut. Trankil. Gustian. Nahi dutan bezala. Libro! Libro!...Huuu... Libro banintz bederen... Gaizo ni. Gaizo gaizoa. Amarekin bai azkarrarena egiten dut. Lagunekin ere. Dena solas eder... Dena prediku. Dena mirakulu eta gero, tirrit. Ni, ni, ororen buru, ni, nor naiz, zer naiz? Gaizo ni. Gaizo gaizoa. Kanpoz ba hardit, kanpoz ba eder, ausart, kantari, maitale. Ainitzek nahi lukete ene lekuan izan... Nik ez. Hogeita zortzi urte... Mekauen... johan, johan ni ere... Ene afera oraino, ez da deus. Baina ama, ama sekulan gaizkiagotzera heldu balin bada, zer bilakatuko naiz? Ama, bat-batean hil baladi, zer izan laiteke? Ama... Ama... Amarik gabe, galdua nindaike... Gaizo ni. Gaizo gaizoa. Kanpoz hain azkar. Barnez hain guti... Beldurti. Eta futxo ez ezkondu nahi. Edo ezin ezkont? Nolaz? Banaki... Nihaurek banaki... Gaizo ni. Gaizo gaizoa. Gaizo pitoa!

 

(Eta burua bi eskuen barnean ezartzen du. ama sar bedi)

 

 

ama - antton

 

AMA: Haizea freskatu duk...Brrrr... Barneko aro, gaur...

ANTTON: Alta, itzuliņo bat egin nahi nuke, ori...

AMA: Gaur ere?

ANTTON: Bai. Eta hain segur bihar ere!

AMA: Ez nuk berriz hasiko... Badakit...

ANTTON: Badakit bai. Ez du balio.

AMA: Eta noiz joan gogo duk?... Berant?

ANTTON: Ez. Orain berean. Lagunak beha ditut.

AMA: Lagunak... Beha...

ANTTON: Bihar arte, ama! Pausa zaitez.

AMA: Entseatuko nauk...

            (Zenbait urrats eginez anttoni buruz): Errak Antton...

 

ANTTON: Zer duzu?

AMA: Beraz, gaur ere, bakarrik uzten nauk?...

ANTTON: Nork daki, egun larunbata izanki eta, beharbada, Maritxu jinen zaitzu ikustera...

AMA: Maritxu, ba, Maritxu...

 

(antton badoa)

 

 

ama bakarrik

 

AMA: Bakarrik... Berriz ere bakarrik... Bakarrik... Berriz ere bakarrik... Bakarrik...

 

(Hitz hauek hiruzpalau aldiz errepikatuko ditu, ahapetik. Zapetak eta galtzerdiak ken bitza. Ohe gainean etzan. Orduan argiak itzal bite. Bulta baten buruan, norbaitek atea bortitz joiten du. Biziki bortitz. Anormalki. ama ohe gainean jartzen da.

Beldurtua dago. Galdatzen du: Nor da?. Erantzunik ez. Berriz ere: Nor da? Botz batek dio: Irek ezazu! Irek! ama dudan dago. Kanpotik oihuak saminago; Irek ezazu... Otoi... Irek amak atea irekiko duelarik gizon gazte bat lasterka sartzen da eta dio:

 

 

ama - gizon gaztea

 

GIZON GAZTEA: Etxekandre, gorde nezazu. Otoi, gorde nezazu!

 

oihala