3. AGERRALDIA
(Orain ikusten den egongela ez da aintzineko bi agerraldietako bera. Beste bat da eta huntan daude Marixan eta Kristina)
marixan. kristina
KRISTINA: (Ordulariari so eginez) Beranta dine besteek! Zer ari ditun?
MARIXAN: (Irriz) Ez dine, behar bada, nere 40 urteren ospatzeko gogorik! Ez nine maite!
KRISTINA: (Hau ere irriz) Alabainan! Egin dazkotenan gaixtakeri guziekin! Ez nun batere harritzen!
MARIXAN: Erran! Zer gaixtakeri egin dinat, nik?
KRISTINA: Gertatzen ahal dun ere nahigabean min egitea! Bereziki bati!
MARIXAN: Zer derasan! Ez dinat hire solaseri deus ulertzen!
KRISTINA: Igual din! Jazko ixtorioak ditun! Ah, Marixan! Bahaki zoin maite dituztan gure arteko besta horiek eta nere burua zoin ongi senditzen dutan zuen artean, Nere eguneroko gogoeta ilunetarik libratzen bait nuzue! Hain beste nahi niken Bordale utzirik, hemen haurrekin aldebat bizi!
MARIXAN: Plazer egiten din horren aditzeak, Kristina! Goza hadi gurekin eta hire kezkak zonbait orenez ahantz!
KRISTINA: Hiru urte ari naizela aments gaixto hortarik ezin jalgiz! Akitua nun, Marixan! Akitua!
MARIXAN: Heldu den ortziralean dun dibortzioaren auzi erabakia!
KRISTINA: Bai!
MARIXAN: Are! Oraino zonbait egun sufrimendu eta hire kargatik libratuko haiz! Zeren, sentsu eta adimendu puxka bat balin badin epaileak, haurzaingoa hiri emanen daun eta Roberto-k beharko din onhartu! Bakean utziko hau, azkenean!
KRISTINA: Nahi niken hi bezain baikor izan! Konfidantxa haundia dinat epailearen baitan, auziaren iragan moldea ere arrunt ene alde itzulikatu zunan, bainan beldur nun Roberto-ren ihardokitzeaz, galtzen badin! Zer nahietaz kapable dun, bere urgulu ikaragarri hura inarrosia delarik! (Kanpoko atea idekitzen entzuten da)
MARIXAN: Ah! Patxi eta Miren hemen ditugu!
KRISTINA: Azkenean, Miren ezagutuko dutala!
(Patxi eta Miren sartzen dira)
marixan. kristina. patxi. miren
PATXI: Hieep!
MARIXAN: Hieep! Ah! Arranguratzen hasiak ginen, ea norbait agertuko zen nere urte betetzerat!
PATXI: Beranta duguia! Ah, Kristina! Ez dun oraino nere laguna ezagutzen! Presentatzen dahinat Miren!
MIREN: Egun on! (Besarkatuz) Zu zira beraz, Kristina!
KRISTINA: Eta zu Miren! Plazer dut zure ezagutza egiteaz! Zu zira beraz Patxiri bizia arrabozkariotzen dakozuna!
MIREN: (Irriz) Bai! Ni naiz!
PATXI: Arrabozkariotzen, arrabozkariotzen! Ez nintzan lehenago ere hain maluros, gero! (Besteak irriz)
MARIXAN: Zoin fede txarrekoa haizen! Dena nigar eta zinkurrin atxiki gaituk hiru urtez!
PATXI: (Alegia hunkia) Badakin zer Marixan? Ana joan eta, zuek ohargabean ainitz ekarri dautazue, azkar lagundu nuzue, eta uste ninan egiazko adixkidantza bat sortua zela gure artean! Zuek ere laguntzat nindaukazuela! Bainan ez zela hala eta nere ixtorioekin aspertu zaituztetala jakiteak min egiten dautan, min! Min izigarria, ustegabe larria, inarrosaldi ikaragarria, kolpe ezin jasana!
MARIXAN: (Irriz) Aski larria bota duka? Bake emak hire komediarekin!
KRISTINA: Eta nola ezagutu duzue elgar?
MIREN: Ni herrian plantatu lanarentzat eta Xabi ta Lolaren lehen auzo gertatu! Behin, beren etxean nintzala, hau agertu zen eta Xabi-k erran zautan: “Presentatzen dahinat bere emazteak utzi duen mutiko gaizo bat! Zerbait egiten ahal badun beretzat!” Eta ni ere kasu berean izanki: senarraren ganik berexia! Hara!
KRISTINA: Eta nola iragan da zure berexkuntza?
MIREN: Zurea bezala! Gaizki! Arrunt gaizki!
KRISTINA: (Irriz) To! Beste bat! Ongi etorri ezkontza huts egin dutenen elkarterat! Dena dela, jakin ezazue ni ez naizela beste gizon batekin plantatzekotan! Badut aski experientzia txarrik jasanik!
PATXI: Neke haundienak ditinat horren sinesteko!
KRISTINA: Ikusiko duk!
MARIXAN: Menturaz harrituko zaituztet bainan ni bai! Ez du horrek erran nahi Pantxoa zena ahanzten edo ukatzen dutanik bainan nere burua berriz prest senditzen dut beste harreman baten ukaiteko!
PATXI: (Irriz, karta bat sakelatik ateratzen balu bezala) Huna nere karta!
MIREN: (Alegia jelos) Errak, Patxi! Eta ni?
PATXI: Irri egiteko zunan, maitea! Ez, ez! Sobera ongi nun hirekin! Nere gogoeta ilun guziak kendu dauzkidan! Nere egunak beriguzkitzen zauzkidan hiri esker!
KRISTINA: Hau deklarapena!
MIREN: (Irriz) Egia da ahal haundiak dituztala!
PATXI: Zer nahi dun erran dezatan besterik! Hala dun! Eta gustu berak ditinagu: biek maite dinagu Xabier Lete-ren entzutea, biek maite dinagu irakurtzea, biek maite dinagu zinemarat joaitea, biek maite dinagu jatetxe onetan asetzea, biek maite dinagu zirtoka artzea, biek maite dinagu besta egitea! Dena berdin! Elgarrekin ainitz goxatzen gaitun! Ez dea hala Miren?
MIREN: Bai, bai! Bakarrik ahanzten duk erraitea ez dauztakala Xabier Lete-ren diskak eta nere liburuak sekulan gibelerat itzultzen, zineman lokartzen haizela hiruetarik bietan, jatetxea nik dutala beti pagatzen, zirtoak maite dituzkala hitaz ez direno eta bestaren ondotik nik dutala aldi oro autoa gidatu behar! (Besteak irriz)
(Pile sartzen da, begitartea alai)
marixan. kristina. patxi. miren. pile
PILE: Hieep! Agur deneri! (Musuak emanez emazteeri)
PATXI: Eta ni? Ez nuka musukatzen?
PILE: Ez ditiat nik jende pollitak baizik besarkatzen!
PATXI: Ez dakok beraz hire buruari sekulan egiten! (Irriz)
MARIXAN: Biziki umore onean haizela emaiten dik, Pile!
PILE: Bai! Hire urte betetzearen gatik, Marixan! Zer zoriona jakitea hik 40 urte ditunala eta nik ez oraino! Eta besta hirugarren adinekoen artean eginen dutala, gaur! Ni bait naiz hemen gazteena! Nahi baduzue, ondotik lagunduko zaituztet zahar etxerat!
PATXI: Baietz! Urte guziz txiste berak!
KRISTINA: Hik baduk besterik, Pile! Sobera harroan haiz!
PILE: Bai! Aitortu behar dautzuet berri on batekin natorrela! Badut bizi lagun berri bat! ...
BESTEK: Zer?
PILE: Hobekiago erran, bizi lagun berriak!
KRISTINA: Zer kondatzen duk!
PILE: Bai! Nere gatuak kumeak egin ditin! Sei kume! Bat atxikiko dinat: xuri xuria dun! Zoin pollita den! Besteak emaiteko ditinat! Interesatuak balin bazirezte, erran!
PATXI: To! Pako eta Oihana heldu dituk! Hazkuntza guzia hartuko dahiate, hain segur! (Pako eta Oihana sartzen dira)
marixan. kristina. patxi.
miren. pile. pako. oihana
OIHANA: Hieep! Egun on deneri! (Bestek berdin agurtzen dute) Eta urte betetze on hiri, Marixan! (Musu bat emanez)
MARIXAN: Milesker, Oihana!
PILE: Gatu kumeak nahi dituna, Oihana!
OIHANA: Baduka burutik Pile! Badakik okaztatzen nautela!
PAKO: Denak ontsa?
PATXI: Bai eta hi?
PAKO: Bai, bai! Salbu atzo gertatu zaukun ixtorioa!
OIHANA: Ah, bai! Behar dautzuegu kondatu! Ez gaituzue sinetsiko! (Besteak jadanik irria ezin atxikiz)
PILE: Kasu! Zer gertatu zauzue oraino? Badakit! Saltegirat joan zirezte eta ahantzi duzue zukrearen erostea! (Besteak agerian irriz)
PAKO: Ez! Ez duk batere hori!
MIREN: Gatza beraz!
PILE: Ah! Hik ere badun umore!
MIREN: Memento egokientzat begiratzen diat eta ez nola nahika erabiltzen, beste batzuek bezala!
PILE: Piko hori hiretzat zian, Patxi!
MIREN: Ez haizela gaitzi, Patxi!
PATXI: (Fede txarrez) Ez naiz batere gaitzitua! (Besteak irriz)
OIHANA: Uzten gaituzue kondatzen? Ez! Atzo ez dugu erosketarik egin, ez! Ohartuak ginen itaxura baginuela teilatuan...
PAKO: Ereneguneko haize azkar harek bizpahiru teila mugituak baitzituen...
OIHANA: Beraz Petti deitu dugu, berriz pikoan eman zitzan!
PAKO: Bere zurubiekin etortzen da...
OIHANA: Hasten da bere zurubien pausatzen etxeko paretaren kontra...
PAKO: Eta ez daukuia zurubien gainarekin ganbarako lehioko berina bat hausten?
OIHANA: Pako erotua zen!
PILE: Eta?...Ez ahal da ixtorioa hortan bururatua!
PAKO: Ez zauka aski! Zer nahi huen: bigarren bat ere hauts zezan?
(Besteak irriz) Eta irringarria atxemaiten duzue!
PATXI: Zuek biek beharko duzue zuen abenturetaz liburu baten idazteari serioski pentsatu, bekatua bait laike holako ixtorio sesigarriak gure memorio kolektibotik desagertzea!
(Lola sartzen da)
marixan. kristina. patxi.
miren. pile. pako. oihana. lola
LOLA: Hieep! Egun on deneri! Zer umorea bame huntan!
PILE: Alta baginiken gogoa ilun ukaiteko arrazoinik, Pako eta Oihanari gertatuarekin!
LOLA: Zer dute?
PILE: Hobe dun lehenik jartzea, bilduko dunan kolpearekin ez erortzeko! (Jararazten du) Ganbarako berina bat hautsi dine! (Denak irriz)
OIHANA: Gutaz trufatzen ari zirezte edo?
PATXI: Jia! Batere!
KRISTINA: Orduan, Lola! Nola zirezte?
LOLA: Ongi, ongi! Bi nigar bota eta, hobekiago! On egiten din!
MARIXAN: Beharko dun fleitian izan eh, nere 40 urterentzat! Haurrak nun ditun?
LOLA: Beren aitatxirekin!
PILE: Kantuz ariko ditun harekin, Xabirekin bere azken egunetan, egiten zuen bezala!
LOLA: Zer injustizia, bestenaz! Xabi eta nik hain maite ginuen elgar, hain lotuak ginen elgarri, Pantxoa zena eta hi bezala Marixan, eta heriotzak berexi gaituela, bizi direnak elgar ezin maitatuz ari direlarik!
MIREN: Betirako eta ezin ahantzizko xangrinek itzaltzen dituzten axaleko alaitasunetaz egina da bizia! (Begitartea ilundu zaiote gehieneri)
PAKO: Oi ama! Zer urte betetze girotsuaren mentura dugun!
OIHANA: Goxatzerat etorria ginela hunarat, gure arranguren puxka bat ahanzteko!
LOLA: (Kexu) Zuen arrangurak! Barkatu Xabi galtzearen gatik dutan penak trabatzen balin bazaituzte eta ez balin badut zuen berina hautsiaz aski axolarik erakusten! Marixan! Goazen sukalderat! Laguntza zerbaiten beharra badukeen! (Ateratzen da Marixanekin)
KRISTINA: Ni ere zuekin nator! Bazatoz Miren?
(Kristina eta Miren ere doatzi)
patxi. pile. pako. oihana
OIHANA: (Nigarrez hasten da) Ez nuen Lola kolpatu nahi! Eta ez da gure falta ez balin badugu guk zoritxarrik familian!
PAKO: Ezti hadi, Oihana!
PILE: Ez, bainan onhart ezan...
OIHANA: Iduri du ez dugula bestek bezain bat konsiderazione merexi ez dugulakotz guk ez berexterik, ez heriotzerik ukan! Barkamenak galdatu behar baginitu bezala, famili normala girelakotz!
PAKO: Ez! Gu gaitun anormalak bilakatuak! Hain gaitun, irauten dugun bikoteak, bakantzen ari nun gu gaitun orai normetaz kanpo! Are, goxa hadi!
PATXI: Eta badakin Lola ez dela...
OIHANA: Zer egin behar dugu ikustate gehiagoren ukaiteko horien ganik? Ixtripu bat? Min bizia harrapatu? Dibortzatu? (Beti nigarrez)
PAKO: (Besteeri) Atera zaitezte otoi bi minuta!
(Patxi eta Pile ateratzen dira)
pako. oihana
(Pako eta Oihana kantuz, aldizka)
PAKO: Gure lagunek hartzen gaituzte Jende arruntak bezala!
OIHANA: Heiek dutela mamia eta
Guk bakarrikan azala!
PAKO: Gaur zoritxarrik ez bizitzea
Ote da gure itzala?
OIHANA: Zoriontzen ahal balin baditu,
Zorte txarrak jo gaitzala!
PAKO: Zatoz nerekin kanporat, maitea!
(Ateratzen hasten direlarik, berriz sartzen da Lola)
pako. oihana. lola.
LOLA: Oihana! Barka ezan hirekin idor izan balin banun bainan zainetan nun!
OIHANA: Ez, ez! Nere falta dun! Badakinat ni ere ez naizela finenetarik, batzuetan!
PAKO: Eta naski denak zainetan giren, Xabi burutik ezin kenduz eta bere heriotza ezin onhartuz ari bait gira, denak ere!
LOLA: Ez dakit ohartuak zirezten bainan elgar agurtzean, denak hieep-ka ari gira, berak egiten zuen bezala!
(Pile eta Patxi berriz sartzen dira)
pako. oihana. lola. patxi. pile
PATXI: Gure erreferentzia baitzen! Bere konpainia bilatzen eta gozatzen ginuen beti, solasaldi polliten eta irri karkailen segurtamena bait ginuen bere ganat joanez, eta bait ginakien beti zerbait gehiago ikasiko ginuela!
PILE: (Irriz) Bai! Bi astokerien artetik! Ez baitzen diplomata karriera baten segitzeko egina! Ez zakien hitz erdiz mintzatzen edo ele zurietan artzen eta kolpatu gaitu batzuetan!
(Marixan, Kristina eta Miren ere berriz sartzen dira)
pako. oihana. lola. patxi.
pile. marixan. kristina. miren
MARIXAN: Alta zoin maite ginuen! Zonbat gira biziaren harat hunaratek kolpatu gaituztelarik, Xabiterapiak segitu ditugunak! Eta errefera eman nahiko ginakon bere gorputza desegiten ikustearekin, bere minak arindu, bainan gure ezintasunak errabiaarazten gintuen!
KRISTINA: Eta miresgarri zen, eritasunaren gainetik, bere buruaz nigar egiteko orde, beti guri plazer egiteaz zuelarik lehen axola! Ez da harrigarri bihotzak bazako gehienik iraun, bere gorputz higatu hortan, sendo eta zabala baitzuen!
MIREN: Eta nun atxemaiten zuen bere akidura eta sufrimenduen artetik oraino piko umoretsuen botatzeko indarra!
(Ixilune baten ondotik, denak ariko dira kantuz)
DENEK: (Kantuz) Mirailan bilatuz zure begitartea
Hutsik egoiten da mitraren bestaldea, Mendian bilatuz nunbait zure itxura Lanoek estaltzen hartu duzun xendera;
Xabi...
Nola sinets laike herriaren bihotza Gelditu zaukula sekulako hil hotza, Nola jasan laizke zure orhoitzapenak Kolpatzen dauzkigun egun eta orenak;
Xabi...
Plazetan bilatuz zure urrats galantak Airean itzatu zauzkizu antrexantak, Bestetan bilatuz irri karkail ozenak Elkor uzten gaitu zure ixiltasunak;
Xabi...
Nola onhart laike ilunabar huntarik
Ez dela gehiago piztuko goiz argirik,
Nola egon laike gaur oihukatu gabe Gu baitan dirauten hain beste atsegabe;
Xabi... (Ixiltasun baten ondotik, denek basoa altxatuz) Xabiri! (Berriz ixiltasun bat)
PATXI: (Irriz) Are! Aski lili bota dazkogu Xabiri! Orain geldi gaiten zeren segur naiz, den tokitik, aspertua dela gure laudorioetaz eta gure kontra zer nahi erranka hasia! (Besteak ere irriz)
MARIXAN: Errazue! Nere urte betetzea dela! 40 urte! Ez baita hori egun guziz gertatzen, bota musika! Pile, emak diska bat!
PILE: Zoin?
MARIXAN: Giroa emaiten duen zerbait! “Gozategi” berdin!
(Pile-k diska emaiten du eta denak hasten dira tira ahala eta orroaz kantuz, “Gozategi”-rekin batean)
oihala
2004-ko agorrilaren 26-an