1. AGERRALDIA
(Egongela batean gaude. Mahai apal bat erdian-edalontzi eta boteilak honen gainean, eta hiru besaulki inguruan. Erdikoa hiru tokietakoa eta sahetsetako biak bakarkakoak. Bi emazte eta gizon bat daude gelan.)
lola. pile. kristina
LOLA: Hara! Denak prest daude bazkarirako; Aperitifak mahai gainean, errakia labean!...
PILE: (Irriz) Ez ahal duzue, haragia errakia izanik ere, aldi honetan sobera luzaz erretzen utziko, ez dadin joan den aldikoa berriz gerta!
KRISTINA: Zer gertatu zen, joan den aldian?
PILE: Ez hiza oroit, Kristina! Gure taldeko kalakari eta nahasienak hartu ginituela sukaldari, Marixan eta hau, (Lola erakutsiz) eta puntu baten egiten ari zarela kantonamenduko bikote berexte edo harreman debekatuez, errakia ketan joan zela!
KRISTINA: Ah bai, egia! Ikatz koxkor zonbait ukan ginitian jateko atzarkiaren orde.
LOLA: (Alegia gaitzitua) Segur duk ez duela, beti bestek prestatu platetarik ari denak, janaria kixkailarazteko arriskurik!
PILE: Ixilik egon beharra!
LOLA: (Irriz) To! Gure gizona gaitzitua! Orain kasu erreferari! Ea zer gaixtakeri botako dautakan, Pile!
PILE: Ez, ez! Deus gaixtakeririk, Lola! Adin haundiko jendeak errespetatzen ditinat, nik! 39 urte! Ez duna morala zangopetan, heldu den urtean hi ere lau hortarat pasatuko haizela oroituz! (Irriz) Nahi badun, gaurko bestatik landa, zahar etxerat lagunduko hiut! Zer tenore artio dun ateratzeko baimena?
LOLA: Hara! Segur nindukan gaixtakeria jinen zela! Dena den, dukan itxurarekin Pile, hik zahar etxeko bidea aspaldi huntan ezagutzen dukala pentsa ditaikek!
PILE: (Gaitzitua) Zer din ene itxurak? Hogoi ta hamasei urte baino gehiago egiten dinat? (Lola irriz)
KRISTINA: Ah! Zonbat igurikatu dituztan Xabiren 40 urte hauek! Iduritzen zaut badirela mendeak ez dutala besta egin! Agian, herriko bestetako astearte gau hura bezain kausitua izanen da! Zer besta! Oroit zireztea?
LOLA: Erokeria!
PILE: Ba! Ni gehiago oroit nun biharamuneko buruko eta tripako minaz, bestaz baino!
KRISTINA: Alabainan! Bi dupela garagardo hustu eta, hogoi bat kopa patxaran eta hauen ondotik, delako zigarreta lilluragarri horier lotu gure gizona! Sekulan ez pipatzen eta hor “petarra”-ri tiraka, gazte egin nahiz!
PILE: Eta zer! Gazte nun oraino, ez?
LOLA: Eta zer mentskeriak kondatu hintuen! Hire egiazko natura agertu zitzaukala eta mutikoak hintuela gustukoak! Xabi-z maite mindua hintzala eta harekin ezkondu nahi huela! Drogak ez zauk fitsik balio hiri!
PILE: (Ahalgetua) Eta hi jelos! Zer nahi dun! Kixkaildura hein hortarat heldu eta, ez dun errex hire pulsioneen menperatzea! (Irriz) Baina ez hizala arrangura Lola! Ez zian deus gertatu Xabi eta ene artean!
(Beste mutiko bat sartzen da)
lola. pile. kristina. patxi
PATXI: Egun on deneri!
LOLA: To! Gure Patxi!
KRISTINA: Beldur ginitian ez hintzala tenoreko helduko!
PATXI: Segur izaiten ahal haiz ez nuela, lur ikara edo gerla nuklearra izanik ere, Xabiren 40 urteren besta huts eginen! Ah, zer plazerra zuen berriz ikustea! (Emazteak besarkatzen ditu eta Pile-ri eskua tinkatzeri)
Eta gure Pile zertan dugu! Ai! Ile zonbait galdu dituk oraino! Buru muin bat bahu, mafrunditzeko lanjer gorrian hindaikek!
PILE: Milesker konplimenduaz, Patxi! Hi haatik ez bait haiz batere haunditu! Aroa gainekalde hauetan bezain fresko duzueia metrape hortan?
LOLA: Ez ahal zirezte jadanik elgarri pikoka hasiko! Zer bidai egin duk Patxi?
PATXI: Biziki pollita baina luzeegi! Bi asteen buruko, herri minak eta zuen eskasak joak nindutenan, jadanik! Bereziki Pilerenak! Pileren eskasak eskas nintinan!
PILE: Ni aldiz soberakinak joa nindagohian! Bozkario soberakinak hi falta hintzalarik!
PATXI: (Irriz) Hau mutiko gaitzikorra! (Lolari) Nola dun Xabi?
LOLA: (Ageri da durduzatua dela) Biziki ongi! Banoa errakia zertan dugun ikusterat!
(Lola ateratzen da)
pile. kristina. patxi
PATXI: (Besteeri) Xabi ongi da?
PILE: Ongi duk, ba! Bere aho haundi hura osagarririk hoberenean dik!
PATXI: Ni partitu aintzin hasia zuen tratamendu berri harek on egiten zakon, ez?
KRISTINA: Bai! On haundia! Biziki berri onak ditiaguk! Tripako min bizi hura azkarki ttipitua ziakik!
PATXI: Hobe! (Irriz) Berriz hasia dukek beraz denen kontra gaixtakerien erraiten! Nitaz zer nahi kondatzen ari izan dukek, falta nintzalarik!
PILE: Jakizak baietz! Eta denak egiak! Ez zauzkika beharriak berotu noiztenka?
PATXI: Ai urdea! Berak ere adituko ditik bereak, sarri!
PILE: Bon! Hire pidaia kondatzen daukuka puxka bat?
PATXI: Ez nakikek nundik has! Hain beste balukek erraiteko! Baina hobe diat beha egoitea beste guziak hemen izan ditezen kondatzeko, ez? Bestenaz, beharko ditiat gauza berak hamar aldiz errepikatu! Nahiz, hik ez dituzkan hamar aldi horiek, behar bada, sobera izanen, denen ulertzeko!
PILE: Bestek konprenitzeko gisan mintzo bahintz, ez laikek hain beste behar, ez!
PATXI: Hunek beti azken hitza bere! Nor da jitekoa oraino?
KRISTINA: Marixan, Oihana eta Pako...
PATXI: Eta Xabi!
KRISTINA: Eta Xabi, alabainan! Bere urte betetzea izanki eta! Aintzin jasta bat emaiten ahal daukuk ba halere!
PATXI: Ederrena bas oihanekoa izan dun! Mundutik arrunt gordea den populu batekin bizi izan gitun aste batez! Hauen arbasoek buruak mozten zituztenan harrapatzen zituzten etsaier! Buruko hezurrak hexolen puntan atxikitzen ditine oraino, beren ttattolen ondoan, aintzinekoen orhoitzapen gisa!
KRISTINA: Ez zirezte izitu?
PILE: Hunek ez zinan deus irriskatzen, ez din bururik!
PATXI: Plazer diat ikustea hire umore maila hobetzen ari dela, Pile! Zer dituk, irri ikastaldiak segitzen edo? Segi ezak hola hola! Bide onean haiz!
KRISTINA: Leku lanjerosa zukan halere!
PATXI: Jendeen aldetik ez bainan bazunan besterik: krokodilo kafira bat bazunan ttattolen ondoko erreka bazterrean eta herri guzia sugez eta eskorpionez emokatua!
(Gizon eta emazte bat sartzen dira, opariak eskuetan)
pile . kristina. patxi. oihana. pako
OIHANA: Egun on! Bazinakite zer izigarrikeriak gertatu zauzkigun hunarat etorri aintzin! Lezafin bat sartu zauku sukalderat!
PAKO: Lehioa ideki dut eta kanporat ezin joanaraz, itzulikaka ari zela gure buruen gainekaldean! Zer izialdura!
OIHANA: Xurruta gainean pausatu delarik, Pako entsegatu da ba jatsa ukaldi batez hiltzerat, bainan kakol hunek huts egin eta lezafina berriz airatu, gaixtoturik!
PATXI: Zer abentura ikaragarriak bizi dituzuen bestenaz!
OIHANA: Jakizak baietz!...To! Bainan Patxi ere hemen dugu! (besarkatuz) Zer diok, aspaldikoa!
PAKO: (Eskua emanez) Noiz jina haiz gibelerat!
PATXI: Goiz huntan berean!
OIHANA: Eta? Nola joan duk hire bidai hori?
PATXI: (Alegia serios) Lanjerosa izan dun! Guk ere lezafin bat gurutzatu dinagu!
OIHANA: Oi ama! Konda ezak! (Ohartzen da Patxi, Pile eta Kristina irriz ari direla) Bainan...Zer duzue irriz?
KRISTINA: Bon! Pile! Goazen Lolaren laguntzerat! Zuek aterazkizue aperitifak! (Kristina eta Pile sukalderat doatzi)
patxl oihana. pako
PAKO: Orduan, Patxi! Ez duka neska lagunik atxeman, hire bidaia hortan!
PATXI: Ez bilatu ere! Mutiko fidela nuk, ni!
OIHANA: Ah, triste paketa, hi! Hi fideltasunari atxikia, emaztea beste batekin joana zaukalarik! Ez duka batere aiherkunderik? Nik ez nezakek hik bezain aisa barka, Pako-k beste batekin enganatu banindu!
PAKO: (irriz) Zer dakin ez hiutala beste batekin enganatzen!
OIHANA: Orduan, hain bat gaixto hiretako! Norekin?
PAKO: Ez dun egian, maitea! Gezurretan ari nun!
PATXI: (serios) Ez du erran nahi Anari barkatzen dakotanik! Sendimendu nahasietan nabila! Batzuetan ulertzen dut nerekin bizitzeaz aspertua zitaikela, etxetik ardura falta bait nintzan...
OIHANA: Dena dela, Pako, ez haizela beste neska bati so egiterat josta!
PAKO: Ezetz! (musu bat emanez) Zer andre jeloskorra dutan!
PATXI: ... (triste) Eta orain ohartzen naiz beti nire lanetaz eta nire kezketaz mintzo nintzala etxean, Ana-k bizi eta sendi zuenaz sekulan axolatu gabe...
OIHANA: Funtsean, Pako, ez zakala uste izan itsu naizenik! Aspaldi huntan ohartua nuk Kristinari botatzen dazkokan behako maite mindueri!
PAKO: Zer derasan Oihana! To! Kristinaren aldi duna orain? Aintzineko aldian Leire hunan partida, jaz Kattalin, Kattalin baino lehen Mikela! Nihaurrek ez nakinan hain beste amodio ixtorio bizi izan nintuenik! Beharrik hor haiz orhoitarazteko!
PATXI: (beti triste) Bainan beste batzuetan, haserrea eta herrak naute hartzen! Haserrea eta herra gainezka, bai Anarendako, ez bait daut sekulan erran edo erakutsi enekin gaizki zenik, ez dut nik deus ikusi, eta joan da, ni penak leherturik nintzala jakinik ere, nerekin mintzatzerat eta gure bikotea salbatzerat batere entsegatu gabe! Eta haurrak! Nola utzi ahal izan ditu gure bi haur pollit horiek! Gaixo Battitt eta Maddi!
OIHANA: Ez nezakala zozo batentzat har eh, Pako! Eta behin, etxerat gibeleratekoan hire atorrak zuen emazte usain hartaz ez hiza orhoit?
PAKO: Ez haiz berriz hasiko, Oihana! Hamar aldiz errana dahinat: hire usaina zunan!
OIHANA: Ez! Ez zukan enea, ez! Nik ez diat behin ere usain goxo mota hortarik eman!
PATXI: Herra eta haserrea dauzkat ere noiztenka Ana ereman dautanaren kontra, ez baitu deus duda edo urrikirik izan eni min egiteaz eta gure familia desegiteaz!
OIHANA: Funtsean, nitaz axola gehixago bahu, jakinen huen ez dutala nik sekulan “Chanel” usain goxorik eman!
PAKO: Orain aspergarria haiz Oihana!
PATXI: Barkatu, bainan. Interesatzen zirezte kondatzen dautzuetanari?
PAKO: Ba, ba! Zer nahi duk! Hala duk bizia!
OIHANA: Agian, guri ez zaukik holakorik gertatuko!
(Pako eta Oihana-k elkarri mokoka segituko dute, Patxi kantuz ariko delarik)
PATXI: (Kantuz) Iragan duzu denbora ainitz neri aitortu ezinik Ez zinuela zuk enetako gehiago maitasunik Eta aski goiz ikusi banu nerekin gaizki zinenik Dena eginen nuen nik Izan dadin kanbiamenik Ekartzeko zerbait onik
Bainan halere ezingo dauzut zuri eman barkamenik Haurrak eta ni utzi gaituzu erakutsi gabe penik
(Marixan sartzen da)
patxi. oihana. pako. marixan
MARIXAN: Egun on! To! Gure bidailaria! Aspaldikoa! Ontsa hiza Patxi? (Besarkatzen du)
PATXI: Ontsa eta hi!
PAKO: Zergatik begitartea gorritzen zauk Maixan besarkatzearekin?
MARIXAN: (Irriz) Nitaz azkarki maite mindua delakotz, hain segur!
PATXI: (Lotsatua iduri) Baietz! Eta hi berantarekin, nunbaitik ere! Penarekin ikusten dinat ez ditunala hire usai txarrak galdu! Noiz ikasiko dun norapait heltzen tenoreko!
MARIXAN: To! Behingoan aski goizik jina bait hintzan ene berantari ohartzeko!
PATXI: Bazaun! Bere ezteietako mezaren tenorea ere huts egin duenak hobe din ixilik egoitea!
MARIXAN: Ez zakala hala ez denik konda! Ez nian berant haundirik ene ezteietan!
PATXI: Ez! Jia! Pantxoa hire senar gaiak, apezak eta berehun gomitek zutenan ordularia makurtua! Denek oren erdi baten aintzinarekin! Xuxen zen bakarra, hiria zunan!
MARIXAN: (Irriz) Hik haatik ez duk sekulan pikoen botatzeko berantik hartzen! Bainan nahi nian ahal bezain eder agertu, ez zitzan Pantxoa gaixoak nerekin ezkontzeaz berehala urrikiak izan!
PATXI: Behar huzkeen hire etxeko mirail guziak kendu! Heien aintzinean dun denbora galtzen, hik!
MARIXAN: Agian hik hireak kenduak dituk, ez dezakokan hire buruari sobera ardura min egin!
PATXI: (Doinu arranguratuan) Ez nun halere hain itsusi atxemaiten!
MARIXAN: Ezetz! Nahi duk jakin zergatik ez naizen orai baizik heltzen? Ene senar zenaren hilobiko loreen aldatzerat izan naizelakotz!
PATXI: Barka ezan!
MARIXAN: Ez, ez! Ez duk...Ez dautzuet eguna ilundu nahi bainan egia da ene Pantxoa zenari oraino azkarrago pentsatzen dutala besta giroetan!
OIHANA: Beti orhoituko nun hire Pantxoren ehorzketetako Mezaz!
MARIXAN: (Triste) Alabainan! Ez ditun holako gertakariak aisa ahanzten diren horietarik!
OIHANA: Segur ezetz! Bi oren eman nintinan Pako-en galtza pare beltza ezin atxemanez!
PAKO: Zer ixtorioa! Eta ez gintunan berehala orhoitu Pressing-erat eremana ginuela aintzineko astean!
OIHANA: Zeren, gure oheko estalia garbiarazi behar nuen eta paradaz baliatuko nintzala hunen galtzak ere aldi berean eginarazteko eta...
MARIXAN: Bon! Denak hemen gira? Aperitifak ateratzen ditugu?
PATXI: Ez! Hago! Xabi ez dun oraino heldua! Zer ez dinagu adituko, bera gabe hasten bagitun?
(Lola eta Pile sukaldetik berriz etortzen dira)
patxi. oihana. pako. marixan. lola. pile.
(Marixan besarkatuko dute Pile eta Lola-k)
OIHANA: Erran Lola! Gu ez girea konda?
LOLA: Barka ezan Oihana! Burua puxka bat nahasia dinat!
PATXI: Aspaldian ginakinan nahasia hintzala! Ez dun hori berritasuna!
LOLA: Horren erraiteko itzulia bahaiz gutarterat, egoiten ahal hintzan hire Afrika zokoan! Erran nahi nian Xabiren eritasun eta tratamendu horrekin naizela nahasia! Hain beste erremedio badik hartzeko! Farmazian duk orain ere! To! Farmaziaz ari bait gira, jakin duzue farmazilariaren emaztea Alttabeko Pettan-ekin plantatu dela? Apartamendu bat hartu dute elgarrekin! Funtsean Pettan ere bere etxetik joana zen bi hilabete huntan, Mizel anaiarekin ezin akomeatuz etxea eta lurren partekatzearen gainetik! Nahiz, ez naizen harritzen, ez baita Mizel ere, harreman mailan errexenetarik: bazinakiten gasnategitik kanpo emana izana dela, nagusiarekin gataskan ari izan eta? Ah! Eta nagusiaz mintzo gireno: aditu duzue omen zorrez itoa dela? Batzuek diotenaz...
PATXI: Lehenago errana barka ezan! Ez haiz batere nahasia! (Beste guziak irriz).. Zonbat kutzukeri, denbora laburrez!
LOLA: (Hau ere irriz bainan doi bat gaitzitua) Ez dahiat hiri gehiago deus kondatuko!
PATXI: Zer sakrifizioa izanen den hiretako! Eta Kristina nun da?
LOLA: Bere senarrari telefonatzen ari dun Bordalerat, haurren berri hartzeko! Badakin beti arranguratua dela haurrak harekin dituelarik!
PAKO: Zertan dituzte dibortzio ixtorioak!
LOLA: Arrunt gaizki! Roberto-k denak beretako nahi ditik: haurzaingoa, etxea, denak!
MARIXAN: (Irriz) Erran, Lola! Uste ninan ez huela gehiago Patxiri deus kondatu behar! (Serios) Gaixo Kristina! Zoin zaila ditaiken beretako!
OIHANA: Badakinat zer den! Ni eta Pako ere samurturik egon gaitun joan den astean arrazoin biziki larri batentzat...Ez nun orhoit zergatik zen! Hi orhoit hiza Pako?
PAKO: Ez! Ez nun orhoit!
OIHANA: Dena dela, oren erdi batez egon gaitun elgarri tutik erran gabe! Zerbait sofritu dinat eh, nik ere!
LOLA: ..Ixo!(Ato’) Ah! Xabi hor da!
PAKO: Nola dakin?
LOLA: Ene Xabi urrunetik hautemaiten diat!
(Xabi sartzen da)
patxl oihana. pako.
maixan. lola. pile. xabi
XABI: (Oihu batean) Hieep! (Besteek berdin arrapostu) To! Patxi ere jina zaukuia? Ontsa hiza?
PATXI: Ni ba! Hiri galdatu behar!
XABI: Ni ere ontsa nuk ba! (Irriz) Ez diat ez tuberkulosarik, ez leprarik, ez izurriterik, minbizi txar bat baizik! Hortaz aparte hoberenean nuk!
PATXI: Ba, bainan azken ikerketek emaitza onak agertu ditie, ez?
XABI: Ba, ba! Nik denak lurperatuko zaituztet, oraino, dutan osagarriarekin! Ene oseba batek erran zuen bezala: “Ni herriko ehorzketa guzietarat noa! Lurperatu dituztan guziak etortzen badira nere ehorzketetarat, izanen duk jende”! (Denak irriz, Marixan ezik. Hunen begitarte tristeari ohartzen da)... Barkatu, Marixan!
MARIXAN: Ez duk deus Xabi!
OIHANA: To! Osagarriaz ari bait hintzan! Bazinakite zer marranta jasan duen Pako-k, aintzineko egunetan!
PAKO: Funtsean, sudurra oraino tapatua dut!
OIHANA: Eta eni ez zauta erhi kikileko azazkala larruan sartu? Zer mina!
XABI: Eta ni axalezko arranguretaz mintzo naizela, eritasunak hain larriki hunki jendeak badituztalarik ondoan! Berekoikeri hau barkatuko dautazue, agian! (Besteak irriz) Eta hire bidaia hori, Patxi?
PATXI: Experentzia izigarri pollit eta zoriontsua izan duk! Aste batez bizi izan gaituk oihaneko populu galdu batekin eta...
XABI: Segur nauk Pigmeak zirela!
PATXI: Ez! Zergatik?
XABI: Erran baituk zoriontsu hintzala heiekin! Hala hintzan hire goratasuneko jendeak lehen aldikotz gurutzatu dituzkalalotz! (Denak irriz, Patxi ezik)
PATXI: (Gaitzitua) Ados! Ez dik balio segi dezatan! Espero nian 40 urteetarat iragaitearekin hobetuko hintzala eta bere pozoinetik galduko zuela hire mihiak, bainan jia! Tirrit!
PILE: (Beti irriz) Ez ezakozuela Patxiri sobera gaixtakeririk bota! Jadanik aski joa da hola hola, gaizo mutikoa!
PATXI: (Gaixtoan) Zertaz mintzo haiz? Ene adarretaz? Emaztea bere nagusiarekin joan zautalakotz? Hi ez haiz holako arriskutan ez! Adarren ukaiteko emaztea behar baitik lehenik!
PILE: (Ageri da Patxiren erranak min egin dakola) Barka ezak min egin balin badahiat! Ez nian hori xedea eta milesker ene sufrimenduen akulatzea gatik!
PATXI: Zer sufrimendu duk, hik?
PILE: Uste duk goxo zautala etxean apairu guziak ene gatuarekin buruz buru hartzea?
MARIXAN: Are! Goazen goxoan! Gure penak ahantzirik, Xabiren 40 urteak alegeraki ospa ditzagun!
LOLA: Jia! Zer da erre usain hori?...
PAKO: Errakia!
OIHANA: Ez huena lehenago senditzen ahal ez?
PAKO: Badakin sudurra tapatua dutala!
XABI: (Irriz) Are! Aldi huntan ere ikatz koxkorrak jateko!
(Pile ezik, denak ateratzen dira lasterka sukaldera buruz)
pile
PILE: (Kantuz) Irri beharrez, nere lagunek Kitzikatzen naute bestan Jasaiten dutan bakartasunaz Trufatzen dira batzutan.
Ez baitakite donadogoak Zonbat min egiten dautan, Neska lagun bat nere ondoan Zoin usu amesten dutan, Nik ere noizbait maitasunaren Goxoa bizi dezatan.
(Kristina berriz sartzen da, begitarte iluna)
pile. kristina
PILE: Zer dun begitarte hori, Kristina!
KRISTINA: Betikoa! Solas bortitzak izan ditiat Robertorekin eta berriz ere mehatxuak egiten dauzkihiak haurren gainetik! Bigarrena entzuten nian nigarrez hipaka bere ondoan eta nigar horietaz hobendun bakarra ni nintzala erraiten zihakan oraino pito horrek! Bainan zer pasatu zitzautan burutik gizon tzar horrekin ezkontzeko?
PILE: Ez haizela arrangura! Gauzak onerat joanen ditun denborarekin! Justizia mikorik balin bada mundu huntan, auzia hire alde joanen dun eta haurrak hik ukanen ditun!
KRISTINA: Hain zuzen, hasia duk deneri kondatzen bera dela beti haurretaz arduratu eta ni ama txar bat, funtsik gabeko bat izan naizela betidanik! Pentsatzen dutalarik, oraino elgarrekin ginelarik, ez zeiela kasurik ere egiten, odola irakitzen zautak zainetan! Eta bere burua aita modelo batentzat pasaarazi nahi orain!
PILE: Gu izanen gaitun lekuko hori gezur hutsa dela eta ama ona haizela erraiteko! Are, goxa hadi! Egun Xabiren 40 urteak ditinagu eta besta goxoa egin behar dinagu, kezkak zonbait orenez ahantziz! Xabik ere merexi din! Behar bada, bere azken...Haugi sukalderat nerekin! (Irriz) Problema seriosak ba omen ditinagu errakiarekin!
KRISTINA: (Irri egiterat bortxatzen da hau ere) Habil hi! Nik aperitifak xerbitxatuko ditiat han artean!
(Pile ateratzen da)
kristina
KRISTINA: (Kantuz) Bainan zergatik ezkondu nintzan Ez dut ulertzen oraino, Mutiko hori ez nuen maite Gehiago beste bat baino; Familiatu eta umeak Nahi nintuen gai nintzano, Orain hautu hau damutuko zaut Biziaren bururaino.
(Kantutik landa, egongelarat berriz sartuko dira Lola, Marixan, Pile, Patxi eta Xabi)
kristina. lola. marixan.
pile. patxi. xabi
KRISTINA: Orduan, erraki hori?
MARIXAN: (Irriz) Agur sekulako errakiari eta ongi etorri ahate izterreri! Pako eta Oihana etxerat joanak dira bila!
XABI: Heldu den urtean, Lolaren 40 urterentzat, gizonak sukaldari zeren oraitan asmatu dutan erran zaharrak dioen bezala: utz emazteari zertaina, geldituko zako buztana!
LOLA: Bai! Edo berdin: gizona sukaldari utz, eltzea huts eta jateko, bi putz!
PATXI: Edo berdin ere: utz emaztea janariaren arduradun, gomita gosearekin hilen dun!
MARIXAN: Kozinan utz gizona, zakurrentzat ere ez ona!
PILE: Emaztea tupinarekin, heldu da bi tupin!
XABI: Kristina! Hik ez duna erran zaharrik?
KRISTINA: Ez! Barkatu! Ez diat gogorik!
XABI: Are! Gure Kristinak morala zangopetan, berriz ere! Aski hien Roberto pito horrekin ez parezkatzea! Ez gintunan hortaratuak izanen! Hain beste mutiko gixako eta maitagarri baditun gure taldean berean, neska lagun baten itxaropenean bizi direnak, eta hi ez dakinat nundik jin harroputz batekin plantatzen! Ez dea hala Pile?
PILE: (Durduzatuz) Nik ez diat deus erran!
MARIXAN: Eta hain beste baditun hire dei baten beha direnak! Ez dea hala Patxi?
PATXI: Zer derasan Marixan! Kristinaz maite mindua nindaikela ni? Gaixo Marixan! Ez ninan uste hain itsu haintzanik!
MARIXAN: Zer erran nahi duk?
PATXI: Fitsik!
LOLA: (Maleziaz bete irri batekin) Nik ulertua dinat ba!
PATXI: (Hau ere durduzatua) Dena dela, aspaldi huntan aipatu delako aperitifa hura edanen duguia noizbait?
(Pako eta Oihana berriz agertzen dira)
kristina. lola. marixan.
pile. patxi. xabi. pako. oihana
PAKO: Huna ahate izterrak!
OIHANA: Izigarrikeria gertatu zauku! Ez gaituzue sinetsiko!
XABI: Bietarik bat: edo extralurtiarrek bahitu zaituztete eta ahate izter baten truk libratu, edo zilo bat egin dun hire galtzerdian! (Besteak irriz)
PAKO: Zer derasak! Ez! Etxerat heltzean, ahate izterrak ezin harrapa! Uste ginian sukaldeko armairu haundian ginituela! Armairua idekitzen diagu...Deus!
OIHANA: Eta huna bat batean orhoitzen naizela sotoko taulen gainerat aldatuak nintuela joan den astean!
XABI: Bainan nola egiten dute zuen bihotzek holako abentura ikaragarrieri buru egiteko? Eta extralurtiarrak beha zirela! Ez ahal dine pazientzia galdu!
PAKO: Bainan, zer kondatzen duk, Xabi! (Besteak beti irriz)
LOLA: Are! Basoa altxa dezagun Xabiren 40 urteeri!
DENEK: Hire 40 urteeri, Xabi!
XABI: Bai! Eta nere minbiziari! (Denek irriak sartzen dituzte)
MARIXAN: Ah! Besta hunen girotzeko xedeetan bait haiz Xabi, gu ere ariko gaituk girotzen! Nere Pantxoa zenari!
KRISTINA: Nere dibortzioari!
PATXI: Nere adarreri!
PILE: Eta nere gatuari!
oihala