40 urteak
Pantzo Hirigarai
40 urteak
Pantzo Hirigarai
Euskaltzaindia / BBK, 2005
40 urteak
Pantzo Hirigarai
Euskaltzaindia / BBK, 2005
[aurkibidea]

 

2. AGERRALDIA

 

(Aintzineko agerraldiko egongela berean gira. Hor daude, mahai apalaren inguruan, besaulkietan jarririk, aperitifa hartzen, Marixan, Lola, Kristina eta Oihana)

 

 

marixan. lola. kristina. oihana

 

MARIXAN: Aurten, hire 40 urteren ospatzeko Lola, gizonak sukaldari! Zer plazerra noiztenka zerbitzatuak izaitea!

LOLA: Ah! Berek hitzemana zutenan, jaz!

KRISTINA: Nahi niken zerbait huts egin dezaten, beren joan den urteko trufen sararazteko!

OIHANA: Nik ez! Ez nun urte guziz, azken mementoan ahate izterren bila joanen! (Besteak irriz)

MARIXAN: Eta agian ez da gure aldi huntako besta jaz bezala bururatuko!

LOLA: Mutikoak ur batailan, zortzi urteko haurrak izan balire bezala!

KRISTINA: Eta egiten zuten arrabotsaren gatik oihuka jin auzoari, pitzer osoa buru gainerat hustu zakotela!

LOLA: Zer ahalgea bizi izan nuen! Biharamunean barkamenak galdatzerat joan behar! Ni! Ez Xabi, ez! Bere balentriaz harro oraino!

OIHANA: Eta Pakoren atorra! Oi, oi, zer ehasialdiak bota nazkon! Arno tatxaz betea! Ez nintuen sekulan arras kendu ahal izan! Baratzeko lanentzat baliatzen du geroztik! Ator berri berria!

 

(Patxi eta Pako sartzen dira, begitartea ilun)

 

 

marixan. lola. kristina.
oihana. patxi. pako

 

PAKO: Badugu berri txar bat zuentzat!

LOLA: (Iziturik) Zer gertatzen da?

PATXI: Idiki saltsa mindu da!

OIHANA: (Kexu) Ez ahal zirezte egiazki ari! Pako! Errana nahian hi ez hintzala sukaldeko on! Etxean ere erakusten duk kozinan zer balio dukan!

 

(Marixan, Kristina eta Lola haatik, irriz ari)

 

MARIXAN: To! Gure sukaldari haundiak! Erran zaharretan ari izan behar duguia berriz, jaz bezala?

KRISTINA: Saltsa egile Pako, saltsa bota beharko!

LOLA: Saltsa egile Patxi, ez saltsa, ez txitxi!

PAKO: (Irriz) Ez da egia! Badakit ni ez naizela abilenetarik bainan zuek ere ez, eh! Zer nahi sinetsarazten ahal dautzuegu zueri!

PATXI: Naski erran zahar baten asmatzeko tenorea den: sinetsi duzuelakotz gezurra, haragia guretzat, zuentzat hezurra!

PAKO: Luzaz orhoituko zirezte prestatu dautzuegun bazkariaz, arraroa izanen baita! Izar Berri-ko kozinerrak ere ez bait dira gure heinerat heltzen!

LOLA: To! Jakin duzueia Berta, Izar Berriko etxekanderea, bere ostatuko zerbitzari batekin lekutu dela! Baionan hartu omen dine apartamendu bat!

MARIXAN: Bah! Zoinekin?

LOLA: Mixel, mutiko beltzaran harekin!

OIHANA: Fama hedatua zunan bulta huntan, baizik eta elgarrekin zirela! Pako! Ez ezaidakala neri sekulan holakorik egin, eh!

PAKO: Ixil hadi, hastiala!

KRISTINA: Ez din ez Berta-k itsusiena hautatu, nunbatik ere!

MARIXAN: Funtsean ez nun harritzen! Eta Peio senarrak nola bizi du ixtorioa?

LOLA: Arrunt gaizki dun, pentsa eman!

PATXI: Are! Nahaskerien mekanika berriz martxan eman dutela hauek!

 

(Pile sartzen da, burua ilun)

 

 

marixan. lola. kristina.
oihana. patxi. pako. pile

 

PILE: Egun on deneri! Berri txar batekin nator!

BESTEK: (harriturik) Zer da?

PILE: Gatua bi egun huntan desagertua zaut! (Besteak irriz)

LOLA: Ez balin baduk deus larriagorik!

PAKO: Izanen duk ba gatu!

OIHANA: Nik ez ditut abere iletsu eta aztapardun okaztagarri horiek begien bixtan ikusten ahal!

PILE: Behar zinukete gatu horrentzat dutan atxikimendua ulertu! Bizi lagun bakarra dut!

PAKO: (Trufan) Gatua bizi laguna! Gaizo Pile!

PILE: (Kexu) Pako! Ez dahiat bakartasunean bizitzea desiratzen! Ikus hezakek zoin triste den! Alabainan, ez duzue hik eta Oihana-k deus arrangurarik! Ez zaituzte sekulan deus nahigabe larririk hunkitzen: ez duzue dolurik, ez duzue min bizirik, ez duzue dibortziorik! Egun artio ukan dituzuen kezkarik haundienak izan dira zuen sukalderat leizafin baten sartzea eta zuen ahate izterrak nun altxatuak zinituzten ez berehala orhoitzea! Bestenaz denak ongi! Ez da zuen bizian deus gertatzen! Bizi hutsa duzue! Beraz estima ezazue duzuen suertea, besteen sufrimenduetaz trufatu gabe!

 

(Pile ateratzen da atea klaskaaraziz)

 

 

marixan. lola. kristina.
oihana. patxi. pako

 

PAKO: Bainan zer erran dut, nik!

OIHANA: Ez du Pako-k gaixtakeririk erran!

KRISTINA: Sensibilitate eta delikatezia gehixago behar zinukete erakutsi noiztenka! Zoazte Pile-ren bila, bederen!

 

(Pako eta Oihana ateratzen dira, gaitzituak eta murmurikan)

 

 

marixan. lola. kristina. patxi

 

PATXI: Norbaitek jakitekotan, nik badakit zer sendi duen Pile-k, bere bakartasun bera jasaiten baitut! Bereziki haurrak beren amarekin direlarik! Zonbat nigar ixuri dituztan ibiakoitz arratseko ateralditik gibeleratekoan, gure etxe huts hartarat sartu behar nuelarik! Etxeko ixiltasun harek zintzurra nola tinkatzen zautan! Zer maza ukaldia hartu nuen buru gibelean bestenaz, Ana beste nagusi pito harekin joan zelarik! Eta bi urte huntan utzi zigaretari berriz lotu naizela heien gatik!

MARIXAN: Nik ere badakiat zer den maza ukaldia buru gibelean hartzea. Oraino ikara batek zeiharkatzen dautak gorputz guzia, nere Pantxoa-ren ixtripuarena irratian entzun nuen memento hartaz orhoitzean!

KRISTINA: Nik gisa bereko ikara jasaiten dut bere haurrak bahitu eta hauekin atzerrirat joan den aita baten ixtorioa irakurtzen dutalarik katsetan! Ez da besterik ikusten azken hilabete hauetan eta ikaragarri beldur naiz Roberto-k berdin egin dezan nere alabekin! Urtea pasa berexi girela eta kenka larri ber berean girela oraino? Bainan noiz bururatuko zaut aments txar hau?

LOLA: Beldurra egun eta oren guziz bizi dinat nik ere, Xabiren min biziaren gatik! Eta doblezki bere ikerketen emaitzak eskuratu behar ditugun egunetan! Ea berri txar edo onik ekarriko daukuten!

 

(Xabi sartzen da)

 

 

marixan. lola. kristina. patxi. xabi

 

XABI: (Irri trufari bat ezpainetari) Eta nere xangria! Ez da deus nere xangria? Ardi kaka da nere min bizia? Gatu pixa da nere minbizia? He?...Bainan zertan ari zirezte: Zoritxar zoin gehiagokan? Penetan izaiteko arrazoin haundienak zoinek dituen izartzen ari? Bake emazue zuen zinkurrinekin eta Lolaren 40 urteak alaiki ospa ditzagun eh! Bestenaz ni hemen berean eta berehala hiltzen naiz, eh! (Besteak ere irriz)

PATXI: Hobe! Hola, mundu huntako ergelkeri heina azkarki ttipituko duk!

XABI: Oh, oh! Hire umore heina haatik goratu duk bat batean! Nolaz hori? Partaide berri bat duzuelakotz zuen elkartean?

PATXI: Zer elkarte?

XABI: Jakin diat Izar Berri-ko nagusia ere berriki sartu dela zuen adardunen elkartean!

KRISTINA: Baietz, Xabi! Hori jadanik aipatua diagu! Berta zerbitzari beltzaran eder harekin joana dela!

XABI: Ederra, ederra! Hik ere mutiko blonda itsusiak gehiago so egin bahitu, beltzaran ederrak bazterrerat utzirik, ez hintzan oraiko kenka larrian izanen!

KRISTINA: Baietz! Betiko leloa! Hamar aldiz errana dautak jadanik!

XABI: Bainan iduriz ez zunan aski, ez bait dun entzun! Eta? Patxi? Zonbat zirezte orain adardunen elkartean?

PATXI: Zaila duk jakitea zeren bagituk zonbait deklaratuak bainan beste ainitz partaide dituk jakin gabean! Hi hauetarik hintaizke, zurrumurruen arabera! Ez dea hala Lola? (Denak irriz)

XABI: Ez nindian hitaz trufatzen gaixtakeriz, eh! Bainan irri beharrez! To! Barkatua izaiteko, ez dahiat gaur arratseko ur batailan hiri xorta bat ere botako!

LOLA: Ez zirezte berriz hasiko!

XABI: Zergatik ez! Jaz trenpatu auzoa ez dun gehiago hor! Joana dun!

KRISTINA: Ez ahal zian zuek bota uraren gatik hemendik partitu?

XABI: Hori aski balin bada pitoen lekuarazteko, behar dinagu segitu! Nahiz ez den pitzer bat aski izanen herriko guzien haizatzeko! Ziterna beharko dinagu! Leher egin bezate denek! (Besteak irriz, Marixan ezik)

MARIXAN: (Aurpegia ilun) Ez ezakala otoi leher egite eta heriotzarik aipa gehiago!

XABI: Barka ezan, Marixan!

KRISTINA: Are, Marixan! Argi ezan begitarte hori! Lolaren 40 urteak ditun! Badakin maite eta miresten haitugula hibaitan dunan indarrarentzat, Pantxoaren galtzeari azkar buru egin bait dun eta ez bait dun sekulan gure aintzinean nigarrik egin!

MARIXAN: Indarra behar baitut gure bi haurren hazteko! Eta Pantxoak berak bait nau laguntzen! Solastatzen gira ardura! Bere hilobirat noalarik, nere gora beherak kondatzen dazkot eta segur naiz entzuten nauela! Batzuetan, zerbaitentzat kontseilu galdatzen dakotalarik, hautemaiten dut bere arrapostua!

LOLA: (Besteeri) Zuek zatozte nerekin sukalderat, gizon hauek zer mittonatu daukuten ikusterat!

XABI: So egizazue bainan urrunetik, eh! Ez dezazuen gure idiki saltsaren gainerat zorte txarrik bota!

 

(Denak ateratzen dira, Marixan bakarrik utziz)

 

 

marixan

 

MARIXAN: (Kantuz) Goiz urdin eta maitetsu hartan Ez bait nakien Pantxoa, Ondarra zela eman zinautan Zure musu hain goxoa;

            Nik jakin banu azkena zela Eskaini zinautan soa, Ez zintudan ez lanera joaiten Utziko nere gaixoa;

            Gure etxean egonen ginen Haurrekin bizi osoa.

 

(Patxi berriz sartzen da)

 

 

marixan. patxi

 

PATXI: Ontsa haiz, Marixan?

MARIXAN: Bai, bai! Orain ongi nuk, Patxi!

PATXI: Zerbait nahi dahinat erran...

MARIXAN: Geroxago erranen dautak, Patxi! Arratsalde osoa badiagu hortarako! Nik ere nahi diat ikusi zuen saltsak zer itxura duen!

 

(Ateratzen da)

 

 

patxi

 

PATXI: (Bere buruari mintzo) Ez, ez, Marixan! Gero berantegi izanen dun, zoritxarrez, ez bait nun berriz menturatuko! Nahiz, mozkortzearekin mihia arintzen zautan! Hor, behar bada, aitortuko dahinat joan den urteaz geroz hiretzat dutan amodioa! Hastapenetik maite izan ninan hire kuraia Pantxoa hiltzearekin, gero hire bizi nahia, hire umorea, bestarentzat dunan gustua, hire irri pollita! Laster ohartu nindunan hire ondoan sendi nintuen plazer eta durduza nahastekatueri! Ana gogotik kendua dautan! Batzuetan nahi dinat maitasun hori gorde, beste batzuetan agertu eta ez dinat sekulan jakin ea zerbaitetaz ohartu haizanez! Hik, segurik, ez dautan sekulan adixkidantzaz kanpoko beste sendimendurik erakutsi eta horrek min egiten dautan, Pantxoa dunala beti gogoan eta hura dela hire biziko amodioa jakinik ere! Nahiko ninan guttienez hire konfidentea izan, Lola den bezala, bainan ez nun hala! Nibaitan bilatzen dunan gauza bakarra dun irri egitea, bait dakin zirto zonbaiten mentura badela beti nerekin! Orain argi dinat hire kluna, hire pailasoa izanen naizela betiko bainan sekulan ez hire gizon gaia!

 

(Pile, Pako eta Oihana berriz sartzen dira)

 

 

patxi. pile. pako. oihana.

 

PILE: Gure Patxi bere buruarekin mintzo?

PATXI: Ez, ez! Idazten ari naizen azken antzerkiaren zati baten errepikatzen ari nindian! Eta hi? Lehenagoko kexualdi hura eztitu zauka!

PILE: Ba, ba! Nere buru muineko sistima elektronikoa makurtzen duk noiztenka bainan ez dik luzaz irauten! Orain denak arra pikoan ditiat!

PAKO: Ari izan gaituk Pileren gatuari deika bainan ez duk nihundik ere agertu!

OIHANA: Zer pena! Hain atxikia ginen gatu horri! Ez dea hala Pako?

PAKO: Ba, ba! Jakin ezan baietz!

PILE: (Irriz) Ez ezazuela sobera egin, halere!

 

(Xabi eta Lola berriz sartzen dira)

 

 

patxi. pile. pako. oihana. xabi. lola.

 

XABI: Hieep! Ah! Pile berriz gurekin dugu! Orain denak hemen bait gira, behar ginuke aperitifa hartzeari serioski pentsatu!

LOLA: Hik ez, Xabi! Badakik debekatua zaukala!

XABI: Ez dautan xorta ttipi batek kalterik eginen, ez! Eta ez dinat hire adin haundia iranja jusarekin ospatuko!

LOLA: Ez ezaidakala tripan min dukala erran gero, eh! (Aperitifak xerbitzatzen dituzte eta Xabi-k ere baso zola bat hartuko du)

PATXI: Bainan azken emaitzak onak ditun! Ez dun Xabiren min bizia hedatu ete bere tumorea ttipitzen ere hasia dun, ez?

LOLA: Ez! Ez ginauzuen aitortu nahi bainan ez dira Xabiren ikerketen emaitzak hain onak! Nahi ginuke orai beste tratamendu bat hasi! Marixan eta Kristina ere jakinean eman ditugu!

OIHANA: (Penaturik) Egia? Gaixo Xabi!

XABI: Gaixo Xabi, gaixo Xabi! Zinkurrina gutti neri, eh! Ez nuzue oraino lurperatua, gero! Gisa guziz, ez naiz zuek baino lehen joaiten ahal, absolutoki ikusi nahi baitut ea presuna bat izanen den bederen zuen ehorzketetan nigar egiteko! (Besteak irriz, bainan beren arran gura ezin gordez) Are! Aperitifa! Ah! Ahanzter nuen! Hi, hago hemen Lola eta bestek sukalderat segi nezazue!

LOLA: Norat zoazte?

XABI: Zer axola dun! Hi, hago hemen, erraiteaz geroz!

OIHANA: Bainan guk zer egin behar diagu sukaldean?

XABI: Ez da, ez probetxurik! Ez hintzala hi ere abil sortu! Hi ez haiz opari bat eh, guretzat! (Begi klixkaka) Opari bat!

OIHANA: Zer ari zaut begi klixkaka hau, orai! Ikusi duka, Pako!

PAKO: Ez duna ulertzen, ez? Ez haizela opari bat! (Azpimarratuz)

OIHANA: (Gaitzitua) Milesker konplimenduarentzat, Pako! Ez ezakala uste izan nik ere egun guziz hirekin irri egiten dutanik, eh!

PILE: (Hunek ere azpimarratuz) Oihana: Oparia!

OIHANA: Errak, Pile! Opari bat zer den, badakiat! Eta zer!

PATXI: Badakin, urte betetzeetan egiten diren delako eskaintza horiek! (Lola behakotik erakutsiz)

OIHANA: Urte betetze...Ah! Ados! Oparia!

XABI: Azkenean! Teteleek boterea hartuko dutelarik, hi lehendakari!

OIHANA: (Berriz gaitzitua) Eta hi lehen minixtrotzat hartuko haut!

 

(Oihana ateratzen da lehenik eta hunen ondotik, Xabi, Patxi, Pako eta Pile, irriz)

 

 

lola

 

LOLA: (Kantuz) Umoretsua, irri egile Da beti nere gizona, Lehentasuna beretzat baita Ondokoen zoriona.

            Bera bezala erakusten dut Itxuraz umore ona, Ahalaz gordez adixkideeri Ni baitan azkar dagona: Alarguntzeaz, Xabi galtzeaz Gaur dutan beldur sakona.

 

(Beste guziak berriz sartzen dira, “Zorionak zuri” kantatuz, opari bat eskuetan: Pakete bat, paper eta xingolaz inguratua)

 

 

lola. xabi. marixan. kristina.
pile. patxi. pako. oihana

 

MARIXAN: Huna opari bat hire 40 urterentzat, Lola!

KRISTINA: Are! Ideki ezan!

LOLA: Ez! Bazkaritik landa idekiko dinat!

OIHANA: Ea asmatzen dunan zer den!

LOLA: Ez dinat idairik ere!

PILE: Lagunduko haut: Dun errakiak erretzen ez dituen labe bat!

 

(Besteak irriz)

 

PAKO: Uste nian zela beharrietan emaiteko tapa pare bat, Xabiren astokerien ez gehiago entzuteko! (Besteak irriz)

XABI: Ez! Dun Pako eta Oihanaren abentura ikaragarriak kondatzen dituen Bideo kazeta bat!

 

(Besteak irriz)

 

OIHANA: Zer abentura?

PATXI: Ez! Ez dun egia! Dun kutzukeria sendatzen duen tresna bat!

 

(Besteak irriz)

 

LOLA: Bateria azkarrak beharko ditik, ukanen bait dik enplegu, hirekin ere!

XABI: Ez! Ditun larruzko bota luze pare bat, maska beltza eta azote bat, gure gau salbaientzat! (Besteak irriz)

OIHANA: Ez ditzanala sinets, eh! Ez dun batere hori eh!

 

(Besteak doblezka irriz)

 

LOLA: Hik erran gabe ere badakinat, ba! (Bere aurpegitik ikusten da bat batean Xabi-k sofritzen duela) Zer duk, Xabi! Min?

XABI: Ba! Sobera irri egitea gatik, tripako mina berriz jin zautan!

LOLA: Nahi duka eztitzeko erremedioa hartu?

XABI: Ez, ez! Ez din balio! Bera geldituko dun!

MARIXAN: Ez haiz hola egoiten ahal! Har ezak zerbait!

KRISTINA: Nahi dituzka tripa gainean emaiteko konpresak! Horrek mina arintzen dauk usaian!

XABI: (Kexu) Bake emazue, azkenean! Tratatzen nauzue hilzorian banintz bezala! Ez naiz hala, dakidanaz! Bizi naiz eta bizi gogo! Biziari lotua naiz hortzez eta haginez eta ez nau min bizi txar batek bentzutuko! (Denak ixilik egonen dira segunda zonbaitzuez) Funtsean, hara: tripako mina hasia zaut jadanik ttipitzen!

LOLA: Segur haiz, eh!

XABI: Baietz, neska!

PATXI: Barkamenekin, Xabi: eztikiago mintza hadi Lolari eta espero diat estimatzen dukala ekartzen daukan laguntza! Zer hintaizke hi, Lola gabe!

XABI: (Durduzaturik) Sentimentalkeri gutti neri, eh!

PATXI: Estima ezak bizi lagun baten ukaitea! Biga zirezte! Nik ez diat nehor! Ez diat neska lagunik atxemaiten, eta ez atxemanen ere, dutan itxurarekin!

KRISTINA: Baietz, Patxi! Atxemanen dukala! Bainan har ezak pazientzia puxka bat! Ez zauk hola, berehala zangoen aintzinerat eroriko! (Patxi-k behako bat botatzen dio Marixan-i bainan hunek ez du ihardokitzen)

XABI: Aspergarri haiz, Patxi, hire betiko ixtorioekin!

PATXI: Barkatu! (Begietako nigarra gorde nahiz, irri bortxatu bate ari) Banoa nere orde nehor joaiten ahal ez den delako toki hertsi haratarat!

XABI: Kaka egiterat, alo! (Besteak irriz, Kristina ezik)

PATXI: Maite diat hire delikatezia!

 

(Ateratzen da)

 

 

lola. xabi. marixan.
kristina. pile. pako. oihana

 

KRISTINA: Naski Patxi kolpatu dukan, Xabi!

XABI: Pasatuko zako, ba!

PILE: Pasatuko ziakik behar bada, bainan han artean maluros duk! (Kristina eta Pile ateratzen dira Patxiren ondotik)

 

 

lola. xabi. marixan. pako. oihana

 

MARIXAN: Gaixo Patxi!

XABI: Are! (Basoa alxatuz) Zuen osagarriari, eta Lola-ren 40 urteeri!

MARIXAN: Eta hire osagarriari, Xabi! (Denek trago bat hartzen dute)

XABI: Ez arrangura neretzat! Mendietan ibiltzen eta plazetan dantzan luzaz segitu gogo dut oraino! Badakit aitortuko dautzuetana bitxi atxemanen duzuela bainan aspaldi huntan galdua nuen edo bederen ttipitua zitzautan fedea ber indartu zaut eta horrek azkarki laguntzen nau! Azkar sinesten dut Jainkoaren baitan eta sinesten sendatuko nauela, bait daki badutala oraino zer nahi gauza egiteko lur huntan eta nere beharra badutela bi semeek! (Ixiltasun bat) Are! Naski nere gogoeta eta sentipenetaz aski mintzatua naizen! Plazer nuke lehen platen bila joaiten bazinezte, noizbait bazkal dezagun!

 

(Besteak badoatzi sukalderat)

 

 

xabi

 

XABI: (Bere buruarekin mintzo) Egia da heriotzearen beldurrak hartzen nauela ardura bainan ez zaut sekulan luzaz irauten, bizi esperantzak gaina hartzen bait dako berehala!

            (Kantuz) Badakit ongi min bizi huntaz kezkatzen dela jendea Nere orenen zoriontzea dutela denek xedea

            Laster hil nadin beldur direla baitute ezin gordea Nik egiten dut galdea

            Itxaropenik ez dea

            Laguntgarri dut fedea

            Sendatuko naiz, ez da oraino jin nere arrats aldea Eta lur huntan nik iraunen dut oraino kasik mendea.

 

oihala