Agur betiko
Aizpea Goenaga
Agur betiko
Aizpea Goenaga
Artezblai, 2004
Agur betiko
Aizpea Goenaga
Artezblai, 2004
[aurkibidea]

 

IV. ekitaldia

 

Argia berriz ere pizterakoan, sukaldea hutsik dago. Handik gutxira edurne, julio eta joantxo sartuko dira. edurne negarrez dator, burua julioren sorbaldan dakarrela. julio erabat pasata dator eta joantxo burumakur.

 

EDURNE: Ai, ama gajoa, eskerrak ez duela sufritu behintzat. Zeinen goxo itzali den. Entzun ote dit?

JULIO: Bai, ziur baietz. Ezingo dugu gehiagotan ikusi, akabo ama. Ze gogorra!

EDURNE: Zerbait esan nahi zigun ba! Lastima bere azken hitzak uler ezinak izan direla. Zuek ulertu diozue ezer? (Denek buruarekin ezetz) Eskerrak bere ondoan ginela denak, besterik ez bada, ziur naiz sumatzen gintuela. Ai, ama! Dena den, nahiz eta bera joan, eskerrak izeba daukagun. Gutxienez guk izebaren inguruan elkarrekin jarraituko dugu, ezta?

 

juliok buruarekin baietz egingo du eta isilune bat gertatuko da. joantxok lehen atera duen botila eskuratu eta hiru edalontzi mahai gainean jarri eta tragu bana aterako du.

 

JOANTXO: Penak samurtzeko! (edurne eta juliok gogo txarrezko keinua egingo dute) Tira, hartu, gau luzea izango da eta beharko dugu.

JULIO: Mesede baino kalte handiagoa egiten dit, baina zerbaiten beharra badut.

 

Une horretan alizia sartuko da, erabat lurjota dator.

 

ALIZIA: Atera iezadazu niri beste bat. A ze korapiloa daukadan! Haizea falta dut.

EDURNE: Ama gajoa!

ALIZIA: Bai, lasai joan da, eta guk ahal dugun hoberen zaindu dugu behintzat.

JOANTXO: Alde egin al dute denek?

ALIZIA: Bai, beno izeba geratzen da, gaubeila egiten geratuko omen da, inork baino negar gehiago egin behar du nonbait!

EDURNE: Izeba, gajoa, bere adinean... hobe luke oheratuko balitz.

ALIZIA: Egin dezala nahi duena!

EDURNE: Joantxo egizu kafe bat, faborez.

ALIZIA: Bai, beharko dugu.

JOANTXO: Aizue, lehen hasi naiz baina ez didazue bukatzen utzi, orain funerariara joan beharko dugu ba?

ALIZIA: Deitu dut, laster izango dira hemen.

JOANTXO: Eta panteoiarena? Gure familiarenean lur emango diogu, ezta? (Inork ez dio erantzungo) Ondo da, orduan guzti hori nire kontu. Eta gastuak... nik aurreratuko dut orain behar den guztia, lasai horregatik, eta gero, partizioak egiterakoan kontuak egin beharko ditugunez, ba... orduan argituko dugu dena, zer iruditzen?

JULIO: Ez dago argitzeko gauza handirik. (Bizkarrean kolpetxoak emanez eta ironia handiz) Sentitzen dut, baina ezer gabe geratu zarete...

JOANTXO: (Harrituta) Zer esaten ari zara?

JULIO: (Txantxetan) Entzun duzuna, “majo”.

JOANTXO: (Erabat sututa) Ken iezadazu eskua gainetik!

JULIO: (Harrituta) Lasai!

JOANTXO: Ez lasai eta ez ezer! Zuek ni tontotzat hartzen nauzue, baina akabo! Ez didazue, ez, gehiago adarrik joko! (Oso erreakzio bortitza izango duenez, julio, edurne eta alizia txundituta geldituko dira, zer egin ez dakitela) Zuen ama bizi zenean... karga guztia guretzat, ezta? Oporretara... gurekin, gaixorik zegoela... gure etxera, dena guk! Eta orain banaketa egin behar denean, guri bizkarrean kolpetxo batzuk eman, “majo” esan eta ospa, bat ere ez, ezta? Nahikoa da.

EDURNE: Joantxo...

ALIZIA: (Ironiaz edurneri) Zenbat aldiz joan da ama zuekin oporretara?

JOANTXO: (Sututa) Ez hasi orain desbideratzen!!!

 

alizia eta julio elkarren artean begiratu, eta aliziak sorbaldak igotzearekin batera “jarraitu dezala” keinua egingo du eskuarekin. joantxok keinu hau ikusi egingo du eta bere amorrua gehituz joango da.

 

JOANTXO: Eta zuk zer uste duzu zarela, besteok baino gehiago? (edurneri) Ikusten? Behin eta berriz esaten nizun, hauek euren artean moldatu eta zu... (Xentimorik gabeko keinua egingo du) (alizia eta joantxori) A ez, nik zuen amarekin gastatu dudana behintzat kobratuko dut.

ALIZIA: Nola izan zaitezke hain miserablea?

EDURNE: Joantxo, utzi dena eta... (Isiltzeko keinua egingo dio)

JOANTXO: Zu ixo! Zuregatik balitz... marmarrean aritu bai, baina inoiz ez zenuke ezer argituko. Eta gauzak aurrez hitz egin behar dira. Aurrez! Ni ez nauzue kikilduko. Eta zure anai-arrebei gustatu ala ez, ni familia honetako partaide bat naiz. Txarrerako behintzat baldin banaiz, onerako ere izango naiz.

 

Une horretan izeba sukaldera sartuko da. Lur jota dago, hala ere, ez da esertzera ausartzen ere. Giroa oso zakarra egongo da. Sartzerakoan, isilune tarte bat gertatuko da.

 

IZEBA: Barka iezadazue. Zuen amaren gelatik entzuten dira oihuak, uste dut badakidala zergatik diren. Dagoeneko, Aliziak kontatuko zizuen dena, ezta?... niri sentitzen dudala esatea besterik ez zait geratzen. Ezinbestekoa zen, badakit nire egoeran bazeundete gauza bera egingo zenuketela. Bai, lehenago esan behar nizuen, baina... zerbait gertatuko zenaren esperantza nuen. Zerbait gertatu eta ea dena konponduko ote zen, baina...

EDURNE: Zertaz ari zara izeba?

ALIZIA: (Zakar) Amak zuen guztia, baita etxe hau ere, hipotekatu egin zuela, osaba pufo batetik ateratzeko.

EDURNE: Ez...

ALIZIA: Sentitzen dut, baina zure senarrak amarekin gastatu duen “guztia” ezingo du berreskuratu, beno... txapela pasatzen ez badu behintzat.

 

edurne harri eta zur geratuko da, hitzik ere ateratzen ez zaiola.

 

JULIO: Lehen, Joantxok moztu aurretik, esaten hasi naizen bezala, xentimorik gabe geratu zarete... bai zuek, eta baita gu ere!

EDURNE: Baina nola da posible?

IZEBA: (Negarrez hasiko da) Hainbeste gau pasa ditut ezin lo egin.

EDURNE: Tira, tira, izeba...

IZEBA: ...Ez nuen hau horrela gertatzerik nahi. Benetan!

ALIZIA: Zergatik ez zenigun orain arte ezer esan. Laguntza behar bazenuten, nolatan ez diguzu guri ezer aipatu? Edo gutxienez jakinaren gainean jarri... nolatan itxoin duzu momentu honetara iritsi arte, dena horrela, bat batean botatzeko? Ez al gara gure amaren seme-alabak, guk jakin beharko genuke.

EDURNE: Arrazoi du Aliziak, zergatik ez diguzu lehenago ezertxo ere esan?

IZEBA: Zuen ama zenak erabaki zuen zuei ezer ez esatea.

ALIZIA: Bai, gainetik gure amak izango ditu kulpa guztiak! Tira, izeba... mesedez! Hori ez da...

IZEBA: Zuen amak beti esaten zidan bere dirua zela, eta... Ez nizueke esan behar baina... (Isilunea) ...zuen amak nahiz eta asko maite zintuzten, oso minduta ere bazegoen. Bai. Ez nazazue horrela begiratu. Etxetik alde egin zenuten, ondo, zuen bizitza egin behar zenuten, baina, arazoren bat zenutenean bakarrik gogoratzen zineten ama bazenutenik. Zenbat aldiz deitzen zenioten telefonoz? Zenbat aldiz eraman zenuten bidaiaren bat egitera? Zenbat aldiz galdetu zenioten ea laguntzarik behar zuen? Zenbat eta zenbat... (Eten egingo du bere burua) Zuen amak zuengandik ez zuen bizitza osoan ezer jaso. Ezer ez! Eta ez naiz diruz ari. Bestela baizik. Zuen ama hor nonbait zegoen, balore ziurra zen, baina ez zenioten zuen bizitzan inolako lekurik egiten. Zuentzat aulki bat baino gehiago ez zen. Nekatuta zinetenean esertzen zineten eta nahikoa atseden hartu ondoren, ospa! Amaren ustez nahikoa eman omen zizuen bizi izan zen artean. Zuekin ez zuela zorrik esaten zidan beti, eta gainera dirua lortzeko gai zinetela...

 

Une batez isilik geratuko dira. Mutu.

 

EDURNE: Ze... (Zer esan jakin gabe) Egia esan, kosta egiten zait amak halakorik esan zezakeela sinestea ere. Baina amak hala uste bazuen... beranduegi da berarekin horretaz hitz egiteko.

JULIO: A, orain hori onartzea eskatzen duzu? Ja! Eta lehentxeago gugatik esan dituzuenak? Horrek orain ia ez du balio, ezta?

JOANTXO: (Lur jota) Tira, berotu egin naiz. Ez nuen horrelakorik esan behar... Barkatu esan behar bada... ni lehenengoa.

ALIZIA: Ez dakit, nik ez dakit, batean berotzen zarelako, bestean burua joaten zaizulako... beti berdin zabiltza. Baina, egia esan, gaurkoa jo eta pasa izan da. Berdin zaizu ama hil zorian egotea, berdin zaizu dena... zu zeurera. Ba hara, ez, nik ez dizut barkatzen, ez gaurkoa, ezta orain arte jasan dizugun guztia ere. Inork eskatzen ez dizunean poltsikotik diru zorroa ateratzen duzu. Bai, bizitza erdia horretan ematen duzu, eta beste erdia, egin ez dituzun mesedeen erreziboak pasatu eta kobratu nahian ibiltzen zara.

JULIO: Tira, ez ditzagun orain trapu zaharrak atera. Ez da unerik egokiena eta.

EDURNE: Bai, garbi hitz egiteko ez dira inoiz une egokiak. Baina norberak bizkarra eman orduko, aldentzen doanean entzun behar izaten dituenak, ez dira ere batere egokiak izaten. Eta ez zirikatzeagatik makina bat bider ez entzunarena egin, eta aurrera jarraitu dut.

JULIO: Mesedez...

EDURNE: Hemen inor ez da besteak baino hobea. Denok bagenekien ama joan egingo zela eta denok genekien diru bat izango genuela, eta bagenekien gainera zertan erabiliko genuen amak utzi behar ziguna. Ondo da. Amak ez digu ezer utzi nahi izan. Bale. Baina etxe hau, dirua... aitarena ere bazen, eta ez dut uste aitak guri halakorik egingo zigunik.

ALIZIA: Ez aitak, ezta amak ere! Zuek benetan uste duzue amak halakorik esan dionik izebari. Ez horixe! Zuek uste duzue amak ez ligukeela ezer esango bizi zen artean. Ez horixe! Bai, akaso ez gara seme-alaba modelikoak izan. Baina amarengandik gertu egon gara beti.

IZEBA: Eta baita bera zuengandik ere, baina ez zizuen ondasunik utzi nahi. Hori egiteko librea zen.

ALIZIA: Eta zu ere lapurtzen aritzeko ere oso libre ibili zara, ezta, izeba?

EDURNE: Alizia!

ALIZIA: Ez Alizia eta ez ezer! Izeba, ez dizut sinisten. Amak ez du inoiz halakorik esan gugatik.

IZEBA: Nola ezetz? Okerragoak ere esan izan ditu. Baina ez dizkizuet esango, zuen ama zelako eta...

ALIZIA: Gezurra!

EDURNE: Mesedez, Alizia!

ALIZIA: Izeba, esan egia. Esan egia! Zu joan zara bankura eta amaren izenean nahi duzun guztia egin duzu, ezta? Esan, esan egia!

 

izeba buru makur eta isilik geratuko da.

 

ALIZIA: Ikusten? Gezurretan ibili zaigu gure “izeba maitea”.

EDURNE: Ez nuen zugandik halakorik espero izeba. Hori egia baldin bada... konturatzen al zara zer egin diguzun? Guri eta baita gure seme-alabei ere! Eta zer egin diozun amari?

JULIO: Bai, zeren gauza bat da bankura amaren izenean joatea, eta banketxekoak engainatzea. Baina guri gezurretan egitea? Puf... (Hasperen luze bat botako du)

ALIZIA: Jakina gezurretan ibili dela. Bestela, zergatik itxoin du ama korderik gabe egon den arte halakorik esaten hasteko? Gainera amak zu utziko zintuen hau esatearen arduradun? A ze ardura, ezta? Zer uste zenuen, “lasai, izeba, dirua besterik ez da..eta gutako baten etxera etorriko zinela bizitzera? Zer uste duzu tuntunak garela?

EDURNE: Izeba, galdua zara niretzat. Benetan esaten dizut. Amak dirua, etxea eta nahi zuen guztia zuri bakarrik utzi izan balizu, tira! Momentuko atsekabea jasoko nuke, eta kito. Baina halako okerrik guri egiteko gauza izan zarela jakiteak. Konfiantza guztia eduki izan dugu zugan. Etxekoa izan zara. Etxekoa zinen. Baina... benetan esaten dizut, ez nuen zugandik halakorik espero. Eta ni ahaztu. Entzun? Ahaztu!

JULIO: Baita ni ere! Egin diguzunak ez du izenik. Zerrikeria galanta! Hori da, zerrikeria!

JOANTXO: Hala ere, nahi izanez gero... epaitegietara jotzerik ahal izango dugu.

IZEBA: Ez nuen uste halako liskarrik sortuko zenik. Ez zintuztedan ondo ezagutzen, ia ia neronek hazi zaituztet eta ederra sorpresa eman didazuena! Nondik atera zarete zuek? Ez dakit non ikasi duzuen halakorik, baina zuen etxean ez behintzat. Nik ez dut inolako iruzurrik egin. Zuen amaren borondatea izan da.

EDURNE: Ez ezazu ama zure ahotan jarri!

IZEBA: Bai, jarriko dut.

JULIO: Nik ez dut ezer gehiago entzun nahi.

IZEBA: Entzun beharko duzue, nik zuen astakeriak entzun ditudan bezalaxe. Eta makina bat galdera egin beharko dizkiozue zeuen buruei. Hemen inporta zaizuen gauza bakarra pisua eta dirua dira? Eta prezioa duen gauza bakarra etxe hau da, ezta? Honek du balorea. Eta urteetan nik hazi izana? Hori memorian urrun geratzen zaizue. Urrunegi. Edo besterik gabe beti zuen ondoan egon izanak. Laztanek. Hori ezin da zapata pare berri batengatik aldatu, jakina! Ni orain zuen etsaia bihurtu naiz. Ni. Zuen izeba Anttoni. Orain arte muxu eta besarkadak eta “izeba maitea” gora eta behera... eta orain zuen etsaia naiz. Monstruo bat? Mamu ikaragarri bat? Zuen amak nahiago izan ninduelako ni lagundu, zuek lagundu baino? Hainbeste maitatu nauten ilobek “beren” etxerik gabe utzi ditudalako? (laurak begiratuko ditu banan-banan) Ama galdu duzue. Ama. Ez naiz hasiko esan dituzuenak gezurrak direla argitzen. Ez dut horretarako indarrik. Hortxe daude zuen amak utzitako paperak. Baina... (Negarra begietan duelarik) Badakizue zer den okerrena, zuen amak arrazoia zuela ikusteak. Hor zaudete, bai. Ez zaizue, ordea, inor eta ezer inporta, zuen buruak besterik. (Bere aurrean tanta bat eroriko da, beste itogin bat. Arraskara joan eta ontzi bat ekarriko du. Baita egindako putzua lehortzeko trapu bat ere) Orain arte zuetako inork ez zekien etxea itoginez beteta zegoenik. Inork ez dituzue ikusi. Inoiz ez dizuegu ezer esan. Etxea zuena balitz, itoginena ez kontatu izana ere leporatuko zenidakete? (Lurra lehortuz) Babestuko ninduzuela amets egin nuen. (Altxatuz) Eta niri trapu hau eskuetatik kentzeko gauza ez izateaz gain, gaizkile bihurtu nauzue.

JOANTXO: Ekarri.

IZEBA: (Bortizki) Ez! Ez didazue ezer kenduko! Ezta trapu zahar hau ere. Nahikoa kendu didazue dagoeneko.

 

Trapua arraskan uztera joango da. Isiltasun jasan ezina emango da. izebak berriz ere bira eman eta laurak begiratuko ditu.

 

IZEBA: Isilik zaudete. Barrutik, ordea, irakiten. Badakit, bai. Lastima zuen ama hemen ez egotea. (Desafiatuz) Mende bakoitzean hiru hamarkada, eta hamarkada bakoitzekoek, beren aurrekoa hil ondoren, elkarren artean borroka berdinak egiten dituzte. Dantza berdina. Beti berdina. Ikusi, ikusi... animalien memoria historikoa odolean sartuta daukagu. Ikusi... erdian dagoen haragi puska bati lehenengo hozkada emateko prest. Denak balio du. Ikusi...

EDURNE: Izeba...

IZEBA: Ez nazazue gehiago horrela deitu.

 

Ilobek elkarri begiratuko diote.

 

IZEBA: Bai. Arrazoi duzue, zoratu egin naiz. Burua galdu dut. Baita behar ez nuena ere galdu dut! (Logelarako aterantz joango da) Ez dakit bihar zuen aurpegia begiratzeko gauza izango ote naizen. Zuei lotsa emango dizue, edo eman behar lizueke behintzat. Baina niri nazka ematen didazue. Nazka.

 

izebak alde egingo du eta aidean halako egonezina geratuko da, inork ezer esan aurretik isilune luze bat egongo da.

 

JULIO: Trago bat behar dut.

JOANTXO: Tori.

ALIZIA: Baita nik ere.

EDURNE: Ai...

ALIZIA: Engainatu egin nauten amorrua daukat, eta ezin dut gainetik kendu. Bai iruzurra egin didatenaren sentsazioa. Etxean bertan gainera, eta ama hil den egunean.

JOANTXO: (Tarte luze batez isilik egon ondoren hitz erdi bat oso lotsati eta baxu esanez) Bai, emozio gehiegi.

ALIZIA: Hala ere, izebak pena ematen dit, amorrua eta pena. Orain dela ordu batzuk bere sorbaldan negar egingo nuke. Eta orain ez naiz besarkatzeko gauza eta ez zait malko erdirik ateratzen ere! Amaren heriotza baino garrantzitsuagoa bilakatu da xentimorik gabe geratu garela jakitea, eta izebaren trikimailuak. Nahiago nuke guzti honetaz ezer jakin izan ez banu.

JULIO: Baina ez dakigu egia ote den ala ez!

ALIZIA: Barkatu nahi badiozu barkatu. Ondo da. Baina ez zaitez inuzentea izan!

EDURNE: Beregana joan beharko genuke eta zerbait esan. Ez zen hitz egiteko unerik egokiena. Hala ere, barruak nahasten zaizkit. Eta egia balitz?

JOANTXO: Tira, lasai gaitezen, eta utzi izeba ere lasaitzen. Utz ezazu pixka batean. Baretu arte behintzat. Gero, edo bihar edo hurrengo batean hitz egingo dugu.

EDURNE: Ez dakit...

ALIZIA: Arrazoia du, orain joan ezkero airean bidaliko zaitu. Itxoin bihar arte. Loak mesede egingo dio. Denoi egingo digu mesede.

JULIO: Gauza gehiegi izan dira gau baterako. Goazen lotara, bai. Edo etzatera behintzat. Bihar ere egun luzea izango da eta.

ALIZIA: Itxoin. Lotara joan aurretik, eskelarena egin behar dugu. Denon artean errazago egingo dugu. Minutu bat izango da. Lagundu iezadazue, mesedez. Ez bakarrik utzi.

 

alizia mahaian eseri, papera eta boligrafo bat hartu eta idazten hasiko da.

 

ALIZIA: Tira, ba... Zer jartzen da? (Inork ez dio erantzungo) Maria Eugeni ala Maria Eugenia, zer jarriko dut?

JOANTXO: Maria Eugenia, ezta?

ALIZIA: Bai? (Pixka bat pentsatu ondoren) Bai, bai, Maria Eugenia Sasiain Epelde. Izebaren izena jarriko dugu?

 

Denak isildu egingo dira. aliziak izebaren izena jarriko du.

 

ALIZIA: Jarri egingo dut. Kito.

JOANTXO: (Egunkari bat hartu eta eskelen orrialdea bilatuz) Itxoin hobe dugu beste norbaitena kopiatzea, azkenean kontu hauek beti berdinak izaten dira eta.

ALIZIA: ... Amaiaren izena jarriko dut ala ez?

 

julio sorbaldak jasoaz ez dakienaren keinua egingo du.

 

JOANTXO: Jar ezazu, orain elkarrekin ez bazaudete ere, elkarrekin pasatakoagatik. Zuen amari gainera poza emango lioke.

ALIZIA: Bai?

JULIO: Bai.

EDURNE: Mikel eta Ainhoa ere jarriko dituzu, ezta?

ALIZIA: Bai, jakina!

EDURNE: Hala ere, beraien partetik beste eskela bat jarriko dut. Amari ilusioa egingo lioke.

ALIZIA: Eta zer jarriko duzu...

EDURNE: Ez dakit... “agur betiko, amona maitea” edo...

JULIO: Bai, edo... “urak dakarrena, urak daroa...”

 

alizia barre txiki batekin hasiko da. Elkarri begiratu, barrea kutsatzen joango da, ezingo dute barrea eutsi. Eta azkenerako, lehertu, eta laurak barrez bukatuko dute.

 

JOANTXO: (Barrez ia hitz egin ezinik) Edo... “ez agurrik, ez adiorik, gero arte baizik”.

 

Berriz ere barre algaran. Ezingo dute hitz egin malkoak dariela arituko dira barrez. Bakoitzak berea hustutzen.

 

ALIZIA: (Barrea ezin eutsiz) Ai, isildu mesedez, inork ikusiko bagintu... Horrela ez dago ezer bukatzerik. Ai, isildu zaitezte, faborez...

EDURNE: Zu hasi zara eta!

ALIZIA: Ni? Bai zera!

JOANTXO: Ez dut uste martxa honetan gaur lo askorik egingo dugunik. Jateko zerbait prestatuko dut geure onera etortzeko?

ALIZIA: Ai, bai. Lehen zerbait ekarri dut...

JOANTXO: Lasai, aurkituko dut. (Lurrean dagoen eltze batekin estropezu eginez, ia lurrera eroriko da) Ai, ditxosozko itoginak! Bazter guztietan daude.

EDURNE: (Barrezka) Ai, ene... nahikoa dugu, benetan.

 

denak tentsioak eragindako zoramen batean murgilduta daude. Baina joantxo serio jartzen hasiko da berriz ere.

 

JOANTXO: Ez dakit ezer prestatzen hasteko umorerik daukadan, benetan. Zuen izebaren kontu honek erabat nahastu nau, eta oraintxe bertan ez dakit zer nahi dudan ere. Ez dakit kafe bat hartuko nukeen, ala jateko zerbait, ala... Ala hobe nuke haize pixka bat hartzera joan.

ALIZIA: Uste dut halaxe gabiltzala denok.

JULIO: Gehiegi aztoratzen ginenean amak denak bainura sartzen gintuen.

EDURNE: Bai, sartzeko komeriak. Eta ateratzeko ere bai.

ALIZIA: Nik oraindik ez dut eskelarekin bukatu... eta funerariakoei lehen bai lehen bidali beharko diet.

 

julio izebak utzitako paperak miatzen ari da, ez da arreta handiegiz begiratzen ari. Baina ez ditu esku artean dituenak oso ondo ulertzen.

 

JULIO: Hauek... zer dira, akzioen paperaren erreziboak?

ALIZIA: Garai batekoak beharko dute izan, ze...

JOANTXO: Ea, erakutsi... Ez, hau... (Paperak aztertuz)

EDURNE: Oraindik ere sorpresaren bat izango dugu...

 

Halako batean sekulako danbatekoa entzungo da eta oihua ondoren. Kaletik dator. laurak leihorantz begiratuko dute. Izua ageriko da haien aurpegian. Une batez geldirik geratuko dira. Elkarri begiratuko diote, beldurrez eta kostata.

Isiltasuna.

edurne leihora hurbildu eta ireki egingo du. Inor ez da gauza bera egitera ausartuko. edurnek kanpora begiratu eta sekulako izu aurpegiz ahoa estaliko du. Denak izoztuta geratu ondoren berriz ere mugitzen hasiko dira, bakoitzak mugimendu bat eginez: edurnek eskua ahora eramana du, eta begiak itxiko ditu. aliziak eskua sabelera eramango du. julio burumakur geratuko da. Eta joantxok eskuak patriketara eramango ditu. Bakoitzak bere keinua egitean, argiak bat batean itzali egingo dira.

Iluna.