Agur betiko
Aizpea Goenaga
Agur betiko
Aizpea Goenaga
Artezblai, 2004
Agur betiko
Aizpea Goenaga
Artezblai, 2004
[aurkibidea]

 

I. ekitaldia

 

alizia sukaldera sartuko da, eta etxean gonbidatu eta bixitan etorri direnei kafea egiteko lanetan hasiko da, ontzi batean ura jarri, eta...

 

ALIZIA: Non demontre ote dago etxe honetan kafea? (Armairuak ireki eta bertan bilatzen) Mantzanila, txikoria, ...eta hau? (Ontzi batean dagoena usainduz) Ai! A zer “potinjea”! Zergatik ez ote naiz isildu? Hobe nuen “nik hutsa, eskerrik asko” esan, eta bertan geratu lasai asko! Edo ardo goxo pixka bat eskaini. (Bilatzen ari dela, pixka batean gelditu eta barrea irtengo zaio) Baina atso horiek agoantatzea ere! Ene, San Antoniori bost duro eskaini beharko... (Eta une horretan kafea hozkailuan aurkituko du) Azkenean! Ai, San Antontxu... zu ere, diruagatik ez bada... ez zara ez, mugitzen. Nik dakidan beste norbait gogorarazten didazu. (Kafetera zahar bat hartuko du) Ai, ama, zuk ere kafetera berri bat erostea bazenuen!

 

Baju xamar kantari ari da, ez oso kantu alaia. Eta ustekabean kafeterarekin erre egingo du eskua.

 

ALIZIA: Ai, ai, ai! Kasuen! (Inork entzuten ez dionez ozenkiago hasiko da karraixika) Ai! Ai! Kia! Hauek hil arte ez dizute kasurik egingo. (Atera jo eta deika hasiko da) Edurne! Edurne!

EDURNE: (Kanpotik) Zer da? (Sartu eta alizia kexuka ikusten duenean zerbait gertatzen zaiola konturatuko da) Zer duzu, tripetako mina?

ALIZIA: Ez, ez...

EDURNE: Eseri, eseri. Zorabiatu egin al zara? Ai, gajoa, kolore guztia joan egin zaizu. Egon lasai, mantzanilatxo bat prestatuko dizut.

ALIZIA: Ezetz, neska, erre egin dut eskua.

EDURNE: Ez da izango! Eta zergatik ez didazu berehala esan, hori lehen bai lehen ur hotzetan sartu behar da. (Iturria ireki eta ez da urik aterako) Ai, ditxosozko etxea! Ez dago urik, kaineria lehertu egin da nonbait!

ALIZIA: Ur minerala hozkailuan dago.

EDURNE: Ez, jela jarriko dizut. (Hozkailuaren goiko aldean ez da jelarik egongo) Ai, amak ez al du izotzik edukitzen?

ALIZIA: Bai, zera, gin-tonikak hartzeko!

EDURNE: Hara, ez ba! Honelakoetarako besterik ez bada...

ALIZIA: Ez dakit zertarako deitu dizudan. Tira, kendu erditik.

EDURNE: Utz iezadazu laguntzen, emakumea!

ALIZIA: Zu laguntzen hasterako, niri baba atera zait!

EDURNE: Zuk bai baba txarra! Ez al zara egun batez behinik behin zure jenio tzar hori gordetzeko gauza?

ALIZIA: Beno, sermoiak botatzen hasi behar baduzu, hobe duzu alde egitea!

EDURNE: Zertarako deitu didazu, orduan? Dena gaizki egiten dudala botatzeko?

ALIZIA: Laguntzeko. Baina ez nintzen gogoratzen zuk, lagundu beharrean, lana eman besterik ez duzula egiten.

EDURNE: (Erdi negarrez) Hara, ezin zaitut eraman, benetan. Nire paretik desagertuko bazina hobe.

ALIZIA: (Bere buruari) Ai, Joantxo ulertzen hasi baietz! (edurneri zinismo handiz) Zer nahi duzu? Hutsa ala esne pixka batekin?

EDURNE: Kaka!

ALIZIA: Horrek hutsa esan nahi du?

 

edurne, begietatik sua dariola aliziari zerbait esateko gogoz geratuko da. aliziak berriz, burua batera eta bestera mugitu, eta berearekin jarraituko du.

 

ALIZIA: Ama orain lasai zegoen?

EDURNE: Mmmm...

ALIZIA: Nor dago berarekin? Izeba?

EDURNE: (Amorratuta oraindik) Bai.

ALIZIA: Ba, zoaz eta mugitua baldin badago, emaiozu ohe ondoan dagoen pilula gorri horietako bat.

EDURNE: Mesedez izango da, edo ahal badut... edo gogoak ematen badit, ezta?

ALIZIA: (Batere jaramonik egin gabe) Ba, bai! Horretarako nago. Tira, tira...

EDURNE: Zergatik agindu behar didazu beti. Ezin al didazu normal hitz egin?

ALIZIA: Gainerako guztia normala balitz...

EDURNE: Aizu, Alizia, badakit zuretzat gogorra izango dela, baina nire ama ere bada, eta zuri bezain aldapatsu egiten zait egoera hau.

ALIZIA: Bai, badakit, baina ez ni bezain nazkatuta eta kokoteraino amaren pixak garbitu, eta maindireak aldatzeaz. Ezta gauak bere ondoan lo egin gabe pasatzeaz. Ze, nahiz eta bere alaba ni bezain beste izan, bakarrik egon naiz hemen! Zeren, bai zu eta baita zure anaia santua ere, medikuaren bisitak baino sartu-irten laburragoak egitera besterik ez zarete etorri! Hemen daramat, amaren ondotik mugitu gabe, hogeita sei egun. Hogeita sei! Eta gainetik... ama nola dagoen begiratzeko joatea mesedez eskatu behar dizut?!!! (...) Hara, nik ere, gauza bakar bat eskatuko dizut, eta hori bai mesedez eskatuko dizudala: ez nazazu nazkatu! Bale? (...) Eta orain zdaz ama nola dagoen begiratzera!

EDURNE: Baina ez da mese...

ALIZIA: (Moztuz) Edurne! (Eta alde egiteko keinua egingo dio) ...Hanka!

 

Handik gutxira, kalera daraman atea kax-kax joko dute.

 

ALIZIA: Nor da?

JULIO: (Kanpotik) Ni naiz. (Baju samar)

ALIZIA: Eta honi, orain zer eman dio hemendik sartu behar izateko? Julio, zoaz beste atetik, hau itxita dago eta.

JULIO: Ireki ba! Ez dut beste atetik joan nahi.

ALIZIA: (Hasperen bat botaz) Gaurko eguna lasai hartzea hobe! (julio) Itxaron, giltza non ote dagoen bilatu beharra daukat eta. (Kaxa batean dagoen giltz bat atera eta atea irekiz)

 

Giltza atean sartu, krisketari bira eman eta atea irekiko du. julio sartuko da.

 

ALIZIA: Amari ez zaio ate hau erabiltzea gustatzen.

JULIO: Ia, baina... (Baxu hitz egiten jarraituz) Zer? Mundu guztia al dago?

ALIZIA: (Tonu berdina imitatuz) Gutxi gora-behera...

JULIO: A ze gogorra!

ALIZIA: Ireki bada berriz atea, eta egizu martxa!

JULIO: Nahiago nuke...

ALIZIA: Ez zaitu hemen egotera inork behartuko.

JULIO: Non daude, egongelan?

ALIZIA: Batzuk bai. Beste batzuk, komedore txikian, eta egoteagatik... baita sarreran ere badago norbait.

JULIO: Ezin al dira bidali?

ALIZIA: Horretarakoxe daude! Gehienak zer aurpegi jartzen duzun ikustera etorri dira eta!

JULIO: Jode...

ALIZIA: Aizu, Julio, zure bizitzan, egun batengatik, egizu gogoko ez duzun zerbait, bai? Atera horra eta egin kasu denei. Ala zer uste duzu, niri atso horiekin berriketan aritzea gustatzen zaidala? Hara, zure ahizpari “mesedez” eskatu behar omen dizkiot gauzak eta zuri jendeak enbarazu egiten dizulako... azkenean beti bezala tuntuna ni. Ba, gaur behintzat ez! Ez nago ahizpa zaharrenaren sindromearekin jarraitzeko prest. Orain arte egitea tokatu zait, baina umezurtz geratzen zaren momentuan, ama ordeko bat bilatu. Nahi duzun lekuan, baina ahaztu ni, aditu? Nahikoa urtetan tokatu zait bigarren ama izatea, eta ez nago lan horrekin jarraitzeko...

JULIO: (aliziaren diskurtsoa moztuz) Zer hartu duzu?

ALIZIA: Gogoak ematen didana! Galdetu al dizut ea zer edan duzun? Edo zenbat?

JULIO: (Ihes eginez) Ama?

ALIZIA: Berdin. Pixka bat okerrago. Zergatik ez zoaz beregana?

JULIO: Zertarako? Dagoen moduan ikusteko?

ALIZIA: Eta zer egin behar duzu, sukaldean egon? Tira, zoaz behintzat izeba Anttoni agurtzera, lur jota dago eta gajoa.

JULIO: Bai, baina handik ibiliko dira beste guztiak...

ALIZIA: Hara, egun batengatik..., ez dizu inolako kalterik egingo, eta gorde itxurak, besterik ez bada.

 

aliziak julio bizkarretik heldu, eta bultzaka egongelara daraman aterantz eramango du. julio, gogo txarrez doa. Atera iristean alizia bere zereginetara itzuliko da, juliok atea pixka bat zabaldu, eta nor dagoen zelatan hasiko da. Bapatean atea itxiko du.

 

JULIO: Izeba Joakina, eta bere lagun astun hori ere hemen dira eta!

ALIZIA: Anjeles? Bai, ez dakit zertara etorri behar zuten. Ederra ematen ari dira hor jarrita. Eskerrak ama korderik gabe dagoen, bestela, airean bidaliko lituzke. Kuxkuxera alaenak!

JULIO: Begi bistatik kentzeagatik, ordaindu ere egingo nuke.

ALIZIA: (Zinismo handiz) Zuk? Ze dirurekin? Amak utziko dizunarekin?

JULIO: (Haserre) Ez, zurearekin! Hara bestea!

ALIZIA: Segi, beti besteoi tokatzen zaigu familiakoei zure berri eman behar izatea. Egun batez, aurpegi ona jarri eta konta iezaiezu zein zoriontsua zaren zure emaztearekin eta zenbat irabazten duzun zure lan “interesgarri” horretan... atso horiek pixka bat goxatzeak ez zaitu gaixotuko. Ikusi, ikusi, zer tokatzen zaigun besteoi!

JULIO: Bai, baina diferentea da.

ALIZIA: Zer da diferentea? Zuk beti ihes egin duzula?

JULIO: Ez, nik ez dakidala zer esan.

ALIZIA: Eta nik bai, ala? (aliziak zerbait esateko ahoa zabaldu, eskuak gerri aldean jarri eta ez zaio hortzetara erantzun egokirik etortzen. Tarte baten ondoren) Horiek dira horiek potroak, motel! Zuk... (Zerbait gogorra botatzeko prestatzen ari da, baina juliok moztuko dio)

JULIO: (Moztuz) A zer kafe usain goxoa! Nik hutsa hartuko nuke.

ALIZIA: Alde hemendik, eta nahiago nuke...

 

juliok, oso isilka, egongelarantz alde egingo du. aliziak, amorru bizian, kafea eta katiluak hartu eta haren atzetik joango da. Irtetzera doanean, edurne oso saminduta sartuko da.

 

ALIZIA: Zer pasatzen da?

EDURNE: Ezer ez.

 

aliziak berriz ere katilu eta kafea sukaldean utzi eta edurnerekin eseri egingo da.

 

EDURNE: Ez da bidezkoa, ez bera pasatzen ari dena, ez eta guri pasarazten diguna ere. Ama gajoa, bera izan denarekin... hainbeste tubo zahar. Ezin al dugu ezer egin?

ALIZIA: Bai, gustura kenduko nizkioke denak! Ez dakit zergatik baina ez naiz ausartzen. Eta zu, ausartuko al zinateke?

EDURNE: Ai, ez dakit...

ALIZIA: Hor dago koxka! Nik nahi bai, ahal banu, aspaldi kenduko nizkioke tubo horiek, eta baita makina zahar hori. Behin baino gehiagotan, makina horren zarata barruraino sartzen zaizunean, dena itzali, hartu behar dituen botika guztiak kolpetik eman, eta... (Isilik geratu da pixka batean) Baina ez dut gibelik. Ez dakit zergatik, baina ezin dut. A ze tontakeria. Gogoz ahal duzu, baina egiten hasi, eta ezin.

EDURNE: Ia. Niri ere gauza bera gertatuko litzaidake. Eta Juliori esango bagenio...

ALIZIA: Esan zer?

EDURNE: Berak zerbait egiteko.

ALIZIA: Juliok!? Zaude hortxe zain! Julio ez da ama gaixorik dagoenetik bere ondora hurbiltzeko gauza eta!

EDURNE: Hori ere egia da. Baina akaso ama dagoen moduan ikusita... (Ideia aldatuz) Eta Joantxok?

ALIZIA: Hara, Edurne, Joantxo zure senarra da, eta nahi duzun guztia, baina badakigu nolakoa den. Mesede hori eskatu, eta zenbat aldiz entzun beharko genioke “berak” egindakoa?

EDURNE: Ez, baina...

ALIZIA: (Moztuz) Nahiago dut Joantxori ez ezer eskatzea. Gainera kontu delikatua da. Hori inork egitekotan, etxeko norbaitek egin beharko luke.

EDURNE: Joantxo etxekoa da.

ALIZIA: (Gaia aldatu nahirik) Tira, bai, baina ulertzen didazu... zu, izeba, ni... (Isilune labur bat) Zer moduz zabiltzate azken aldi honetan?

 

edurnek harriduraz begiratuko du bere ahizpa.

 

EDURNE: Zergatik galdetzen didazu hori?

ALIZIA: Edurne! Ez gara itsuak. Zer uste duzu, esaten ez duzulako ez garela konturatzen?

EDURNE: Ez dakit zertaz ari zaren.

ALIZIA: Ondo da, ulertu dut. Ez baduzu ezer esan nahi, ez dizut inoiz gehiago galdetuko. Baina tuntunarena egiten ari zara. Niri ez didazu esan beharrik nahi ez ditudan gauza askotaz jabetzeko. Ahizpa zara. Eta nahi edo ez, begiradan uste baino gauza gehiago harrapatzen dizkizut. Ez dakit zergatik baina horrela da. Eta zure begiradan badakit...

EDURNE: Zergatik ez duzu zure bizitza konpontzen?

ALIZIA: Ahal banu...

EDURNE: (Oso deseroso eta gaia aldatu nahirik) Amari buruz ari ginen.

ALIZIA: (Arnas sakon bat hartu eta beste zerbaitetan hasiz) Ama? Egizu amaren kontuarekin ere gauza bera. Hara, egizu kontu hor dagoen hori ez dela ama. Ama, berez, aspaldi joan zitzaigun.

EDURNE: Esatea erraza da, baina ikusten dudan bakoitzean... Nahiago nuke lehen bai lehen bukatuko balitz. Badakit hori esatea ez dagoela ondo, baina...

ALIZIA: Egongo ez da ba! Bere hobe beharrez, denok gauza bera nahi genuke.

EDURNE: Izeba, ...ama oraindik onik aterako denaren esperantzarekin dabil.

ALIZIA: Bai, erabat lur jota dago. Ezin sinetsi.

EDURNE: Ama joatean oso bakarrik geratuko da eta.

ALIZIA: Bai. Baita gu ere! Baina hil zorian hainbeste egun pasa behar izatea! Ez nuke nire buruarentzat nahi. Ez horixe. Nire esku balego...

EDURNE: Eta zer esan du medikuak?

ALIZIA: Bere ustez, bizirik irautea mirari bat omen da, eta ezin duela horrela jarraitu, ez dela luze joango. Ordu batzuen kontua omen da. Baina hori orain dela bi egun esan zuen, eta harrezkero, etortzen den bakoitzean ez daki zer esan. Ainhoarekin hitz egin-al duzue?

EDURNE: Bai. Bart. Baina ezingo duela etorri esan zidan. Hotelean lan askorekin dabiltzala eta ez diote nola hala jai egunik emango. Handik etortzeko gainera... diru asko da.

ALIZIA: Ia.

EDURNE: Eta, Mikelek deitu al du?

ALIZIA: (Lehor) Zu bezalaxe dakit. Ez al zeunden egongelan? Hantxe dago ba telefonoa.

EDURNE: Ez zaitez hasi.

ALIZIA: Mikelek ez du deitu eta ez du deituko ere, bere lagunekin ibiliko da eta ez du hona ezertara etorri nahi. Hori ere gizona! Badu inoren antza, bai. Zuen seme hori, bere osabaren igual-iguala da.

EDURNE: Etorri al da?

ALIZIA: Zein? Julio?

EDURNE: Bai.

ALIZIA: Ez al duzu ikusi? Orain gutxi joan da egongelara. Hor egongo da bazterren batean ezkutaturik. A ze gaixotasuna!

 

Kafea zerbituko dute eta berriketan ari direla joantxo sartuko da.

 

JOANTXO: Hemen al zarete? Zuek bada ezpada ere ezkutuan, ezta? A ze erlikia pila elkartu diren! Zahar etxe bat antolatzeko adina!

EDURNE: Jesus, aita, ez dezazula horrela hitz egin.

JOANTXO: Zer, kafe egin berria? Hartu beharko dugu ba! Zuk egiten duzun “aguatxirri” horietakoa al da?

ALIZIA: “Aguatxirria”, bai jauna!

JOANTXO: Lastima! Niri kafea, beltza eta ondo kargatua! Honi kafea deitzea bekatu da. Hau... ez da ez kafea ez ezer!

ALIZIA: (Oso atsegin) Joantxo, soinean dirurik ba al daramazu?

JOANTXO: Bai, zenbat behar duzu? (Karteratik dirua ateratzen)

ALIZIA: (Irribarrez baina zinismo handiz) Ba... hara, jaitsi izkinako dendara kafetera expreso horietako bat erosi, gero Feliperenean kafe beltz “ona”, etorri eta egin zuri gustatzen zaizun kafea, hemen bestelakorik ez dago eta.

EDURNE: Jesus, neska, komentario bat besterik ez du egin, esan duena ez da horrela erantzuteko modukoa. A ze eguna!

 

aliziak kafearen bandeja berriz ere altxa, eta alde egiten hasiko da, baina joantxok geratu egingo du.

 

JOANTXO: Itxoin, alde egin baino lehen, diruaz ari ginela, hileten kontu guztia nola egin hitz egin beharko dugu, ezta?

EDURNE: Joantxo, faborez!

JOANTXO: (Borondate ona erakusten saiatuz) Bai, faborez, bai! Baina guzti hori nola egin eta gastuak eta... hori ere argitu beharko dugu ba. Hara, Edurnek esan dit, ez daukazuela panteorik, gure familiak badauka, eta gaizki iruditzen ez bazaizue behintzat amonaren esku dago, dudarik gabe. Ez dakit, hori zuen artean hitz egin, baina nire aldetik behintzat...

ALIZIA: Ezertan hasi aurretik, amak lehendabizi hil egin beharko du, bere onez bada ere denok nahi dugu, baina bizirik ezingo dugu ba lurperatu.

JOANTXO: Bai, bai, hori bai, baina momentu batetik bestera gertatuko da eta nik uste prest egon behar genukeela, gero bestela, azkeneko momentuan komeriak izango ditugu!

ALIZIA: Lasai Joantxo, hori etxekoon artean konponduko dugu.

JOANTXO: Eta ni zer naiz ba, zubipekoa? Nik Edurneren aldetik behintzat, zer esatekorik izango dut, ezta? Gainera zuen amarentzat panteoia eskaintzen ari naiz. Aditu! Gutxienez eskerrak eman!

ALIZIA: (Moztuz) Barkatu, hor dauden atsoei kafea eramatera joan beharra daukat, hoztu egingo da bestela.

 

aliziak bandeja hartu eta egongela aldera alde egingo du. edurne eta joantxo bakarrik geratuko dira. joantxo sututa dago.

 

JOANTXO: (Mahai gainean kolpe bat emanez) Hau... hau... neska zaharra! Honek zer uste du, hamalau dela, ala? Denen gainetik egon behar, eta gaixo bat da. Horixe da, gaixo bat!

EDURNE: Tira, aita, ezazu hori esan. Badakizu nolakoa den, eta gainera, ama larri jarri zenetik, hura zaintzen ibili da. Ni libreago egon izan banintz... eta zu beste modu batekoa bazina, etorriko nintzaion laguntzera, baina bakar-bakarrik egon da...

JOANTXO: Ez, gainetik nik izango ditut kulpa guztiak, hau da hau marka! Tira, tira, isildu zaitez, ze... zu eta zure ahizpatxoa, a ze parea!

EDURNE: Ez zaitez hasi, norbait sartuko da eta!

JOANTXO: Ni laguntzeagatik ari naiz gainera, tontoa bainaiz. Gero, azkeneko orduan badakit zer gertatuko den, “Aizu Joantxo, zoaz hara, eta non lurperatuko dugu ama, eta egin hau eta egin bestea eta..Eta ni morroi bat bezala, batera eta bestera. Ba... oraingo honetan, bere horretan geldituko zarete, ez dut behatz punta hau ere mugituko, aditu?

EDURNE: (Isilaraziz eta kanpokoek entzun ez dezaten, bere ahotsa ere jaitsiz) Beno, aita, faborez, lasaitu, eta ez zaitez horrela jarri... ezagutzen zaitut eta.

JOANTXO: Gogoak ematen didan bezala jarriko naiz. Ez al daukat eskubiderik? Edo zer? “Memela” horren beldur egon behar al dut? Zer uste du, denak zu bezalakoak garela? Hara, beti agoantatu izan dizkiot bere purrustadak. Beti isildu egin behar izan dut, bere erantzun txarren aurrean, beti. Batean zuen ama aurrean zegoelako, bestean, une egokia ez zelako... beti bazen arrazoiren bat, ni hutsaren pareko uzteko. Eta istilurik nahi izan ez dudalako...

EDURNE: (Moztuz) Nahikoak izan ditugu...

JOANTXO: Nahikoak? Nahikoak nik jasan behar izan ditudanak. Baina kito, zuen ama hiltzen denean, akabo. Nik ez dut ezer gehiago isilduko, ezta aurpegi txarrik agoantatuko. Ez horixe, ezta pentsatu ere! (Une batez pentsakor geratuko da) Aliziak laguntza behar izan duenean erraz bidali zaitu niregana, hau edo beste apurutatik ateratzeko eskatuz. Mesedeak eskatzeko familiako naiz, eta beste guztietarako soberan nago! Dios! Hogeita bost urte baino gehiago elkarrekin eta oraindik ere familiakoa ez naizela esatea ere!

EDURNE: Baina hori normala da, anai-arreben arteko kontuak anai-arrebek konpontzen badituzte hobe. Niri ere Aliziak kristorenak esaten dizkit, haserretzen naiz, bai. Baina bi minututara ahaztu ditut esandakoak. Zurekin ordea, ezin du nirekin bezala haserretu. Beste kode bat daukazu, ulertzen?

JOANTXO: (Ozpinduta) Ulertzen? Zer naiz ba, kaikua?

EDURNE: Hara, edozer esanda haserretu behar baduzu... hobe etxera alde egiten baduzu.

JOANTXO: Etxera? Orain etxera bidali behar nauzu? Zuk eskatu didazulako etorri naiz. Zuk hala nahi zenuelako. Niregatik balitz, askoz hobeto nengoke etxean hemen baino, zuen “famili” giroa agoantatzen, hemengo atso guztien doluak jasotzen eta denen ahotan egon beharrean. Aditu? Eta ez gero etorri niri negarrez, zure anai-arrebek berriz ere buru gainean kaka egin dizutela, eta zure iritzia kontutan hartu gabe dena egiten dutela eta...

EDURNE: Jesus, gizona, edozeinek esango luke zuri esker bizi garenik!

JOANTXO: Ba, bai. Familia honetako denek zerbait zor didate, zure amagandik hasi eta Julio arte. Eta badakizu zer? Ez naizela inora joango, zuk eskatzen badidazu ere, ez naiz joango. Ni orain hemen egoteko nahikoa meritu egin dut. A! Eta beste gauza bat, zuk diru kontuetaz ez zenuen hitz erdirik ere egingo, ezta?

EDURNE: (Buruarekin ezetz) Ez dugu aukerarik eduki. Ama dagoen moduan egonda gainera... ez da horretarako une egokia.

JOANTXO: Une egokia?! Zuretzat inoiz ez! Nik argituko ditut denak behingoagatik. Eta oraintxe bertan gainera! (Sukaldetik ateratzeko bidea hartuko du)

EDURNE: Joantxo! Etorri hona segituan! Zuk ez duzu horretaz inorekin hitz egingo!

JOANTXO: Zergatik ez?

EDURNE: Haatik! Neronek hitz egingo dut, eta zu ez zara kontu horietan ezertarako sartuko. Eta ez dizut gehiagotan esango, akabo! Nire familiarekiko kontuak neronek konponduko ditut. Zuk ez duzu ezertan sartu behar. Gaizki ala ondo, baina neronek egingo dut.

JOANTXO: Zu? Zu ez zara ordea, ezertaz enteratzen. Zure anai-arrebek kaka egiten dizute buru gainean, eta zu...

EDURNE: (Moztuz) Ezer egiten uzten ez didazulako, ez naiz ezertaz enteratzen. Zuri hala komeni zaizulako. Baina akabo, hemendik aurrera nire kontuak neronek eramango ditut aurrera, eta ez zure eta ez inoren laguntzarekin gainera. Argi geratu al zaizu?

 

edurnek tanta bat bere aurrean erori dela ikusiko du. Horretan erreparatuko du, besterik gabe trapu bat hartu eta lurrean egin den jarioa lehortuko du. Bien arteko elkarrizketa eten gabe.

 

JOANTXO: Ze tontakeria esaten ari zara? Zu konturatzerako, beste hauek egin dizute “jugada”. Eta gero, hor etorriko zara negarrez, tuntun aurpegia jarri eta ezertaz konturatu gabe ziria sartu dizutelako. Denen artean engainatu egingo zaituzte!

 

Une horretan, egongelara doan atetik izeba anttoni sartuko da. joantxoren azken hitzak entzungo ditu, eta beraien arteko haserreaz jabeturik ez da aurrera egiten ausartuko. Une batez ate ondoan geldirik geratuko da. Isilune ez eroso xamarra gertatuko da. Handik pixka batera, izebak hartuko du aurrea eta zer egin ez dakiela, ate aldetik hizketan hasiko da.

 

IZEBA: Momentu txarrean harrapatu zaituztet, ezta? Esne bila besterik ez nentorren, bukatu egin da eta...

EDURNE: Tira, izeba, sartu, eta hartu esnea eta behar duzun guztia, besterik ez genuen behar! Badakizu Joantxo nola jartzen den, baina honi ere, ahotik joaten zaio indar guztia.

IZEBA: Atrebentzia ez bada, diru kontuetaz ari zineten, ezta?

EDURNE: Bereziki diruaz ez ginen...

IZEBA: Hara, nik gauza bat argitu behar dizuet, izan ere, ez nuke, herentzia dela eta ez dela, zuek nirekin haserretzerik nahi, ulertzen didazue, ezta?

JOANTXO: Baina, izeba, nola haserretuko gara zurekin? (Beregana joan eta sorbaldatik helduz besarkada emanez) Zurekin ez dago haserretzerik, gure izeba maiteena zara gainera. (Txantxa egin nahian) Baina kontuz gero gainerako izebei horrelakorik esan, gurekin haserretuko dira bestela eta!

IZEBA: (Kostata irribarrea egin, eta berriz, ere hitz egiteko ahalegina eginez) Badakit ez dela kontu hauetaz hitz egiteko unerik egokiena, dena den, argitu nahi nizkizueke...

EDURNE: Hara, izeba, nik herentzia dela eta ez dela, ez dut inorekin ezer argitu nahi. Dirua, dirua... ahaztu izeba. Amak bere borondatea idatzita utziko zuen, bai? Ba, guk bere borondatea bete. Hori besterik ez dugu egin behar, ez da hala, aita?

 

Bien artean begirada zorrotzak gurutzatuko dituzte. izeba burumakur geratuko da esan behar duena esatea kosta egiten zaio eta gainetik ez diote tarterik uzten.

 

IZEBA: Bai, baina...

JOANTXO: Izeba, har ezazu esnea, eta ez aintzakotzat hartu, ezta esan duguna puztu ere. Akaso ez ginen zuk uste duzunaz hizketan ari eta. (Hitz, hauek gogor samarrak izan direnez, tonua aldatu eta askoz ere xamurrago hitz egiten jarraituko du) Tira, ez dezazula gaur hemen esaten ari garen ezer kontutan hartu. Amarenarekin denak nahastu xamarrak gabiltza, eta... animuak ere ez daude oso bare. Laguntzarik behar al duzu? (edurneri) Tira, ama, lagundu iezaiozu izebari, eta goazen denok ama zertan den ikustera.

 

edurne hozgailutik esnea ateratzera doa. izebak aurrea hartuko dio eta esne ontzia berak hartuko du.

 

IZEBA: Ez! Neronek hartuko dut. Horixe besterik ez genuen behar! Ez dut neskamerik behar.

 

izeba anttonik dakarren ontzira botako du esnea. Inork ez du ezer esango, edurnek eta izebak elkarrekin alde egingo dute, haien atzetik joantxo joango da, amorru bizian. Eszenatokia hutsik geratuko da, eta argiak itzaltzen joango dira. Ilun geratuko da dena.