Agur betiko
Aizpea Goenaga
Agur betiko
Aizpea Goenaga
Artezblai, 2004
Agur betiko
Aizpea Goenaga
Artezblai, 2004
[aurkibidea]

 

III. ekitaldia

 

Eszenografia osatzen duen panel bati bira eman eta eszenatokiko eskubiko aurrekaldean jarriko litzateke. Kaletik begiratuta etxe bateko balkoi bat ikusiko genuke, bere loreontzi eta guzti. Bertako barandilan jarri eta kalera begira balego bezala julio egongo da. alizia etorri eta anaiaren ondoan jarriko da, ikuslegoari etxe barrutik kaleko balkoira irtetzearen itxura emanez. Sukaldearen eszenografia atzekaldean eta ilunpean geratuko da. alizia balkoira atera eta anaiaren ondoan jarriz, besoak baranda gainean jarririk, pilula bat hartuko du. julio zorrotz eta kezkati begiratuko du arreba baina ez da ezer esatera ausartuko. Isilune bat egongo da.

 

ALIZIA: (Isilunea hautsiz) Amaia, zer? Ezin al du etorri?

JULIO: Lanpetuta dabil.

ALIZIA: (Ironiaz) Bai. Berriz ere banandu egin zarete, ezta?

 

juliok buruarekin ezezko ez oso sendo bat egingo du.

 

ALIZIA: Zergatik ote zara hain koldarra? Esan egia. Ni ez naiz zure ama, eta ez naiz zure atzetik ibiliko, lasai horregatik. Baina gaur goizean ikusi dut, eta ez zekien ezer. Zergatik ezin ote duzu pertsona heldu bat bezala jokatu eta hitz egin?

JULIO: Dagoeneko baldin bazenekien zergatik galdetzen didazu?

ALIZIA: Zure ausardia proban jarri nahi nuen. (juliok alde egiteko imintzioa egingo du, aliziak ordea, jarraian esango duenarekin julio geldiarazi egingo du) Itxoin. Badakizu, amak zorrak besterik ez dizkigula utziko?

JULIO: A bai? Eta nolatan?

ALIZIA: Zuk ba al zenekien?

JULIO: Jakin zer? Niri behintzat ez dit xentimorik eman. Oraingoan ez behintzat. Nik ez dakit ezer!

ALIZIA: Baduzu ba, zerbait jakiten hasteko garaia! Amak behin eta berriz aipatzen zituen akzioak... ez dute existitzen. Eta... etxe honetako barandaila honen burdina ere ez da zurea...

JULIO: Zer egin zuen, guri ezer esan gabe Edurne eta Joantxori saldu?

ALIZIA: Hotz, hotz zabiltza...

JULIO: Norena da ba orain etxea? Izebarena?

ALIZIA: Ja! Hor izkinako banketxearena.

JULIO: (Ezer ulertu ezinik) Banketxeari saldu egin zion?

ALIZIA: Ez, hipotekatu.

JULIO: Amak? (julio esnatzen hasiko da eta orain arte entzundakoaren erreakzioak ikusiko zaizkio gorputz eta aurpegian) Baina... zer gertatu zitzaion ba? Hipotekatu? Ama diru beharrean zebilen?

ALIZIA: Ez, ama ez. Izeba... beno, izeba baino osaba, eta haiengatik hipotekatu zuen etxea eta... dena. Dios, ze tuntuna! Eta gero... (Buruari bueltaka geratuko da)

 

Une batez isilik geratuko dira, beren etorkizunaren errepaso azkar bat egiten ari balira bezala.

 

ALIZIA: Zer iruditzen?

JULIO: Ez da posible! ...Zeinek esan dizu hori, izebak? Seguru esajeratu egin duela, ez da posible! Amak esango zigun zerbait... eta amak orain dela ez asko, etxe hau niri utziko zidala esan zidan.

ALIZIA: A bai, etxea zuretzat? Zu konforme gainera, ezta? Eta gu, zer?

JULIO: Zuei akzioetako dirua utziko zizuela esan zidan. Nik hori bakarrik dakit.

ALIZIA: Eta... zein meritu egin duzu besteak baino gehiago jasotzeko? Zuk zergatik gehiago, mutila izateagatik eta gainetik alperra?

JULIO: Nik ez dakit ezer, amak esan zidana, besterik ez...

ALIZIA: Ez dakit zergatik haserretzen naizen, berdin da, zuri urrea eskaini izan balizu ere, azkenean hirurok gauza bera jasoko dugu, ezer ez!

JULIO: Ez da posible.

ALIZIA: Ez dela? Neronek ere gauza bera esan dut, baina...

JULIO: Nik hori paperean idatzita ikusi arte ez dut ezer sinetsiko.

ALIZIA: Lehenago edo beranduago sinetsi beharko duzu. Osabak nonbait behar zuen eta izebak amari eskatu eta amak tonto-tonto... zuen guztia hipotekatu zuen. (Ironia handiz kontatuz) Osabak nonbait hilabete pare batean “bere” negozioei buelta emango ziela, eta dena bere onera itzuliko zela, eta hau eta beste... halako agindu pare bat egingo zizkion... eta hara!

JULIO: Ai, ama...

ALIZIA: Baina ez dut ulertzen amak nola onartu zezakeen horrelakorik, gainera izeba osabaren pisua ere hipotekapean zegoela jakinik.

ALIZIA: Jakina, eta horregatik behar zuen hipotekarako beste etxe bat. Eta horregatik osaba egun batetik bestera hil zenean... izeba amarekin bizitzera etorri zen.

JULIO: Dios...

ALIZIA: Ez, ez zen izeba oso bakarrik zegoelako, ez horixe, baizik eta etxe gabe geratu zelako.

JULIO: Itxoin, baina orduan... osaba hil zenean beste etxe hau ere hipotekatuta baldin bazegoen, hau ere galduko zen, baina ez zen orduan ezer gertatu, beraz...

ALIZIA: Julio, ez ametsik egin. Izebak argi asko esan dit, ama hildakoan banketxekoak izango ditugula etxearen giltza eske atarian.

JULIO: A ze ezustea!

ALIZIA: Zein zenuen bada ustea? Etxe honetako errege izango zinela? Eta zu hori egiteko gai izango zinateke gainera.

JULIO: Tira, Alizia, badakizu ezetz, baina ama horrela zegoenez ez nion Amaia eta gure artekoa esan nahi, ez nion disgusturik eman nahi, baina kale gorrian nago eta etxe bat edo gela bat behintzat behar nuen. Beno, edo behar dut, baina orain izebaren kontu honekin...

 

biak isilik eta pentsakor geratuko dira tarte luze batean.

 

ALIZIA: Orain ulertzen dut zergatik zebilen izeba horrela.

JULIO: Nik ez diot ezer berezirik igarri.

ALIZIA: Zuk zeure burua erreko bazenu ere ez zenuke surik ikusiko. Ez iezadazu esan normala denik bere neurriz kanpoko “goxotasun” faltsu hori, bere gurekiko maitasun “izugarri” hori? Ez gintuela borrokan ikusi nahi eta bere “sufrimendu” hori?

JULIO: Ez itzazu gauzak bere lekutik atera. Izeba beti izan da horrelakoa, beti egon da gugandik oso gertu...

ALIZIA: (Geroz eta sutuago dago) Bai, gertu zertarako? Lapurtzeko!

JULIO: Alizia!!! Ez zaitez pasa.

ALIZIA: Pasa? Ez, motz geratzen ari naiz.

JULIO: Gainera diru hori eta etxea, eta gainerako guztiak amarenak ziren eta nahi zuena egin zezakeen.

ALIZIA: Ez, nahi zuena ez, diru hori guri zegokigun.

JULIO: Pua... (Zer esan jakin gabe eta izebaren aurka jartzera ausartzen ez dela) Garrantzizko zerbaitetarako behar izango zuen diru hori.

ALIZIA: Jakinaren gainean jartzea besterik ez zuen. Edo galdetzea, hainbeste kostatzen al da? Hemen, ulertzen ez dudan zerbait bada, zergatik amak... edo izebak, ez ziguten hipotekaren berri eman? Zergatik itxoin du izebak ama kordea galduta eduki eta hil zorian egotera, kontu honekin etortzeko? Bai, izebak “jugada”ren bat egin digu.

JULIO: Izeba ez da horrelakorik egiteko gauza. Ez dut uste.

ALIZIA: Ezetz?! Hara, zuri amak etxea zuretzat izango zela esango zizula uste duzu, benetan berak hipotekatuta zegoela jakin izan balu?

JULIO: Ez dakit, egia esan... ez dakit zer pentsatu...

ALIZIA: Ziur naiz gure amak ez zuela hipotekaren berri. Ideiarik ere ez. Ziur! Ama lasai zegoen guri zerbait utziko zigulakoan, eta bitartean, izebak paper guztiak egin ditu, dena bere kasa antolatu du, eta ez gu, eta ez ama, ez gara ezertaz konturatu.

JULIO: Hori hala balitz...

ALIZIA: Ez oraindik ere, berarekiko gupida izan dezagula eskatzen zidan: “ea bera nora joango ote den”. Airean bidali dut! Ez iezadazu esan! Inori ezer esan gabe, gu xentimorik ere gabe utzi, eta oraindik ere etxeko ateak ireki eta asko maite dugula entzun nahi du.

JULIO: (Beldurtzen hasita) Baina zuk... ez zenion horrelakorik esango, noski.

ALIZIA: Gutxiegi esan diot. Hau dena esan didanean ez dut erreakzionatu... Baina orain konturatzen ari naiz...

JULIO: Konturatu, zertaz?

ALIZIA: Ba hipotekaren kontu hau ez dela amak egin duen zerbait, izebak baizik. Geroz eta argiago daukat...

JULIO: Alizia, ez dakit...

ALIZIA: Zuk inoiz ez dakizu ezer! Julio, esnatu! Ez litzateke batere zaila izango izebak etxeko paperak hartu, amaren nortasun agiria eraman, eta amaren plantak eginez... ulertzen didazu?

JULIO: Alizia, galdu naiz. Ez, ezin dut sinistu. Izeba, izeba da eta ez gure etsai bat, ez liguke horrelakorik inoiz egingo.

ALIZIA: Amak etxea hipotekatu duela esatera etorri da ba, juxtu ama hil zorian dagoenean, eta bitartean amak nola ez digu ezer esan? Zergatik esan zizun etxea zuretzat izango zela? Berak ez zekielako ezer. Dena izebak ezkutuan egin duen zerbait izan delako. Tranpetan.

JULIO: Mesedez. Eta hala balitz... zer egin nahi zenuke? Izeba epaitegira eraman? Tira, ez. Ezin dut sinetsi, ezinezkoa da.

ALIZIA: Ba, ni baiezkoan nago. (Hasperen luze bat) Ai!

JULIO: Nahiago nuke guztia pasa balitz!

ALIZIA: Edurnek ezer ez daki, eta ez naiz ni esango diona izango. Ezta...! Kontatu diezaiola izebak. Gustura ikusiko nuke Joantxok jarriko dion aurpegia. Akabatuko du. (Irribarre bat aterako zaio) Goazen, dagoeneko denak guregatik galdezka ibiliko dira eta.

 

alizia eta juliok alde egingo dute, eta leihotik barrura sartzean ateak itxi egingo dituzte, une horretan argiak erabat itzali egingo dira. Ilunpeak irauten duen bitartean, panelari bira eman eta sukaldea zegoen leku berdinean jarriko dute.