Agur betiko
Aizpea Goenaga
Agur betiko
Aizpea Goenaga
Artezblai, 2004
Agur betiko
Aizpea Goenaga
Artezblai, 2004
[aurkibidea]

 

Hitzaurrea

 

            Aizpeaz hitzegiten saiatuko naiz, idazle batek beste bati buruz egiten ohi duen bezala. Hori baita, nik uste, liburuen hitzaurrean egin ohi dena. Aurretik esan behar dut, halere, ahalegin hau saiakera hutsean geldituko dela, halabeharrez.

            Lehenik eta behin, berarekin dudan adiskidetasunak, seguraski, objetibo izatea eragotziko dit —zorionez—, eta gainera, neure, geure burua idazletzat hartzea arraroa egiten zait. Izan ere, gure munduan, antzerkiaren zein ikuskizunaren munduan, idaztea, beste hamaika zereginen artean, beste bat besterik ez da, ia gure jardueraren ondorio.

            Aizpearen kasuan oparoa da aktibitatea. Polifazetikoa da oso: zuzendu, antzeztu, aurkeztu, idatzi... idatzi, beti. Pertsonaiaren bat moldatzen ari denean, zuzendaritza lanen artean, bere idazle sena ez da inoiz ere lokartzen. Aizpearena, uneoro zerbait egosten ari den buru pribilegiatu horietakoa da. Lehorraldirik ez diot ezagutzen. Haurrentzako ipuinak, kontakizunak, laburmetraientzako gidoiak eta antzerkia, batik bat, antzerkia.

            Azken genero horretan, bere irudimen aberatsaz gain, bere ezaguera sakonaz baliatzen da. Urteak daramatza taula gainean, eszenarioaren gorabeherak barrutik bizitzen, makina bat pertsonaia antzezten eta beste antzezle batzuk zuzentzen. Horrek sortzen duen testuan, pertsonaiak mugitzeko ahalmena ematen dio. Bere obrak bizirik daude. Bere pertsonaiak gertukoak dira. Elkarrizketek erritmoa daukate. Joko dramatikoak sinesgarriak izan ohi dira beti, gertakizun zentzugabeetara eramaten gaituztenean ere. Horrez gain, maisutasunez erabiltzen duen umore adeitsu eta lehunaren atzean, kritika zorrotz eta ziztatzailea ezkutatzeko gai da. Esandakoaren adierazgarri dugu “Hau paraderoa” antzezlana. Zenbait gai taburen inguruan, barregarriak ziren egoerak sortzen zituen, eta zur eta lur uzten gintuen bere ausardia eta abileziak; ikuslego iheskor eta kontserbadorea izan zitekeena ere, bere buruaz barre algara egitera eramaten zuelako.

            “Agur betiko”, antzezlan kostunbrista da. Eta hori, nire eritziz, bide ausarta da; erreferentzia asko eta asko dituen generoan oinarrituz, interesa piztea zailagoa izan daitekeelako, proposamen original batean baino. Bestalde, bertoko pertsonaiekin euskaraz idatziriko antzezlana izateak duen garrantzia ezin da ahaztu. Antzerki tradizio laburra dugu, zoritxarrez, eta klasikoak itzultzeko beharrarekin batera, berebiziko garrantzia du gure antzerki literaturarentzat, bertako materialaz hornitzeak; hau da, ezagunak egiten zaizkigun pertsonaiek bizitako gatazka hurbiletan oinarritutakoaz hornitzeak.

            “Agur betiko” drama da. Aizpeari Donostia Hiria Antzerki Saria eman zion “Zu (T) gabe” hura bezala. Heriotzaren aitzakia darabil, bizitzaz hitz egiteko. Oraingoan, Amaren heriotzak, familia bildu eta banandu egiten du, aldi berean. Heriotzaren gertakizunetik haratago, ordea, antzezlanaren interesa, nire ustez, pertsonaien soslaiaren eta haien miseria txikien agerpenean datza. Horrelako une gogor batean, euren erlazio eta erreakzioei erreparatuz, euren bizitzako frustrazioez eta ageriko zein ezkutuko gezurrez ohar gaitezke.

            Aizpeak hizpide izan ohi ditu “normaltasun” egoeratik abiatutako gai esanguratsuak. Bere fikzioko seme-alabak maitekiro eta ulergarritasunez lantzen ditu, nahiz eta berauen alde ilunena erakutsi. Justifikatu gabe konprenitzen eta epaitu gabe ikusten ditu. Baina begirada bihozbera hori barrura sartzen da, sakonera, eta irakurle onari, ikuslego azkarrari, aberastasun handiko bigarren irakurketa egiteko aukera eskaintzen dio.

            Oso pozgarria izan zen niretzat 2003ko Serantes Saria “Agur betiko” testuarekin irabazi zuela jakitea. Jasotzeko momentuan adierazi zuen bezala, “bakardadean jorratzen den ofizioa da gurea, eta sariek lagun artean sentiarazten gaituzte”. Nik, neure ibilbidean, bere laguntza eta kidetasun paregabea izan dut beti. Izan ere, Aizpearenean, antzerki-egilea eta antzezlana banaezinak dira; bere nortasunean ere, bere lanetan ageri diren umore, tolerantzia, ontasun eta azkartasuna ematen baitira. Bere adiskide eta lagun izatea plazer handia da.

Teresa Calo

 

 

            Ekintza gertatuko den lekua, etxebizitza zahar bateko sukaldea litzateke. Zahar kutsua izanik oso ondo mantentzen den sukaldea dela antzemango da, ez baita oso erabilia izan. Gela honek zahar kutsu kolorea izan beharko luke.

            50. hamarkadako estiloa duten altzairuak egongo dira espazio haundi honetan. Eta txoko desberdinak antolatuta egongo dira: batetik sukaldeko altzairuak hormaren kontra, sukalde erdian mahai zuri haundi bat aulki eta guzti, sukalde lanetarako erabiltzen den egurrezko beste mahai bat, eta baita leihoa eta balkoitxo bat.

            Eskubi aldean sukaldera sartzeko atea egongo da. Ezker aldean kaletik sartzeko atea, kalerako ate hau ez da kalerako erabiltzen den ohiko atea.

            Etxeko andrea hil zorian dagoela eta, egongelan senitarteko eta lagunak elkartu direla antzezlanak aurrera egiten duen neurrian jakingo dugu. Sukaldera etxekoak direnak bakarrik hurbilduko dira. Hau da, Alizia, Julio eta Edurne, etxeko-andrearen seme alabak, Joantxo, Edurneren senarra eta hauekin harreman estua duen izeba.

            

PERTSONAIAK

ALIZIA: 45-50 urteko emakumea. Ozpinduta dagoen emakumea.

EDURNE: 40-45 urteko emakumea. Senarraren itzalean bizi dena.

JULIO: 35-40 urteko gizonezkoa, Alizia eta Edurneren anaia gaztea. Nora ezean dabil. Halaxe ibili da beti.

JOANTXO: 50 urteko gizonezkoa, Edurneren senarra. Bere nagusitasuna agerian utzi behar duen gizasemea.

IZEBA: Adineko emakumea, hil zorian dagoen Alizia, Edurne eta Julioren amaren ahizpa. Izeba “maitea” izan da beti, oso gertukoa.