Gure bide galduak
Dejabu Panpin Laborategia
Gure bide galduak
Dejabu Panpin Laborategia
Artezblai, 2012

 

—3—
MUGIMENDUA: UTOPIAK

 

 

Hamahiru

 

Aterkiekin sartzen da korua, geldo. Denbora aurrera doa.

 

KORUA: Hilabeteak aurrera doaz. Orereta ez da hain iluna. Fabrika eta eraikin erraldoien artean bizitza asko dago. Amets asko. Zementua zartatu nahi du jendeak, bertatik haizea pasatzen uzteko. Paisaia aldatzeko.

 

Oreretako asanblada irudikatzen du koruak, bizkarrez. Aterkiak zabalik.

 

hizlaria megafonoarekin:

 

ASANBLADAKO BOZERAMAILEA: Atsaldeon. Atzo Iruņean gertatutakoari erantzunez gure herrian ere manifestazioa egitea pentsatu dugu poliziaren jarrera salatzeko helburuarekin. Gogor ari dira, giroa oso bero dago. Eta badirudi agindu garbiak dituztela edozein mugimendu hostika geldiarazteko. Bueno, norbaitek honetaz, eta egin daitezkeen ekimenez hitz egin nahi bad... Kaka. Hemen daude, lasai denak.

 

Asanbladan dagoen jendeak, koruak, mugimendu geldoan bira ematen du, bertan dauden grisei aurre egiteko asmoz Benito Lertxundiren “Gure bide galduak” jotzen hasten da musikaria. koruak poliziaren karga irudikatzen du. Barrikadak, harriak... korua desagertuz doa oholtzatik, anderren pertsonaia bakarrik gelditzen den arte. Xira jantzi eta badoa.

 

 

Hamalau

 

kattalin sartzen da aterkipean. kattalinek ander ezagutu du atzetik. Agurtzera doala, ander joan egiten da.

kattalin eszenategiaren albo batean esertzen da eta egunerokoan idazten hasten da.

 

KATTALIN: Etorkizuna orri zuri bat dela entzun nuen behin. Bertan guk nahi duguna marraz dezakegula. Dena dagoela egiteko, asmatzeko.

 

irakasle taldea paperekin eszenan sartzen da, haurren marrazkiak dira. kattalin eta irakasleak espazio ezberdinetan daude, baina euren eszenak elkar uztartzen dira.

 

KATTALIN: Diskoaren ideia aurrera doa. Ilusioz ari gara elkarrekin lanean. Egun hauetan haurren marrazkiak bildu ditugu, diskoarekin batera liburuxka batean jartzeko eta aukeraketa ez da batere erraza izan!

MATXALEN: Begira hau ze polita. Haur honek bale bat margotu du!

KATTALIN: Batzuetan pentsatzen dut eroak gaudela. Baina mundu ustel eta bortitz honetan eromena da burua ez galtzeko dugun modu bakarra.

LUISMARI: Amaaaa! Begira ze buru handia egin dioten gizon gaixo honi.

ARANTXA: Ez al da ba Luismari?

KATTALIN: Mundu honetan ero egon beharra dago amesteko. Kontrakoa esango duten arren, ez dugu ezinezkoa den ezer amesten. Ametsa errealitatearen zirriborroa da.

MATXALEN: Eta hau? Txakur burua eta krokodilo gorputza duen animalia! Txakudrilo bat! Eta nola egingo dute? Guaj! Guaj!

KATTALIN: Txakudriloak! Batzuetan haurrek erakusten digute, agian bai, agian gure esku dagoela ezinezkoa dena marraztea eta batzuetan, dena dela posible.

 

Aterkia zabaltzen du berriro kattalinek. irakasleek ere aterkiak zabaldu dituzte ordurako.

 

 

Hamabost

 

Aterki jolasa. Etxez etxe ari dira irakasleak diru bilketan.

 

MATXALEN: Arratsaldeon. Mila esker zure etxean hartzeagatik. Euskara Bizirik kultur taldeko kide naiz eta egitasmo berezi bat dugu eskuartean: disko bat plazaratzea. Haur aske eta euskaldunak hezteko ezinbestekoa da eskoletarako materiala sortzea baina horretarako sostengu ekonomikoa behar genuke...

ARANTXA: ...Kaixo, Arantxa naiz. Bai, atzo hitz egin genuen telefonoz. Bai, tira, artista ezaguna zarenez eta euskal kultura bultzatzeko beti prest egon zarenez, pentsatu dugu egitasmo pedagogiko berritzaile honetan ere parte hartuko zenukeela...

KATTALIN: ...Ez, ez da dirua ematea soilik. Egitasmo zabalago baten parte izatea da. Haize berri honen sustatzaile bilakatzea...

LUISMARI: ...Bai, bai... noski, eskerren atalean zure izena jarriko genuke, dudarik gabe! Horrelako egitasmoak zuen laguntzarik gabe ezingo lirateke gauzatu....

 

matxalen, arantxa, kattalin eta luismari aterki dantza batean hasten dira, bakoitza bere aldetik. Hamaika atetan bisita egin dutela irudikatze aldera, jira eta buelta gero eta hitz jario handiagoarekin, gero eta azkarrago. Azkenean denak elkartzen dira oholtzaren erdian.

 

LUISMARI: Zer moduz joan da gaurko txanda? Tira, ba oso ondo. Beraz aurrera! Gogoratu datorren asteazkenean nire ikastolara goazela haurrei grabatzera. (Badoaz matxalen, arantxa eta luismari)

KATTALIN: Bihar arte!

 

 

Hamasei

 

kattalin autobusaren zain, aterkipean. Euria ari du. Ezustean norbait bere aterkipean sartzen da eta bizkarretik heltzen du.

 

ANDER: (Oso larrituta) Polizia al zeuzkanat atzean?

 

kattalinek beldurtuta atzerantz begiratzen du. Heltzen duen mutila aurreko gau hartan ezagututakoa dela konturatzen da. Atzera begiratu eta polizia ikusten du.

 

KATTALIN: Bai. Badatoz... (Zer egin ez dakiela kattalinek muxu ematen dio anderri, bikotearena egiteko. ander harrituta gelditu da. kattalinek poliziak urruntzen ikusten ditu) Badoaz. Ondo al zaude?

ANDER: Ni? Bai, eskerrik asko. Aizan, hi ez al haiz lehengo gauean...

KATTALIN: Honekin bitan salbatu dizut bizitza.

ANDER: Txorakeria asko egin ahal nituen?

KATTALIN: Ba, bai...

ANDER: (Lotsatuta) Batzuetan badakin... Aizan, zorretan nagon hirekin... (izenaz gogoratu ezinean)

KATTALIN: Kattalin...

ANDER: Kattalin! Ni Ander. Edozertarako badakin non bizi naizen. Presaka naun. Gero arte. (Badoa)

 

 

Hamazazpi

 

luismariren ikastolan. haurrekin daude irakasle guztiak antzerkira etorritako ikusleak izango dira haurrak, eta beraiekin zuzenean arituko dira pertsonaiak. Grabatzeko tresneria daramate gainean.

 

LUISMARI: Ea ba, ixilikan! Arreta ea ba... Ixilikan! Txintxo! Ea, jesarri zure lekuan mesedez, eta zu... (haurrek ez diote kasurik egiten)

ARANTXA: Utzi niri Luismari. (haurren aurrean jartzen da haserre espresioarekin. Haur guztiak bat batean isildu egiten dira)

LUISMARI: (Zeharo harrituta) Oso ondo, orain bai. Zuen andereņoak abestiņo batzuk erakutsi dizkizue ezta? Gaur grabatu egingo ditugu. Lehenengo eta behin “Txori txiki polit bat” abestuko dugu ados? Ea ba... Bat, bi eta hiru...

                        Txori txiki polit bat

                        Leihoan kantari

                        Kontu txiki polit bat

                        Esan dit gaur niri.

                        Kontutxo bat,

                        Kontutxo bi

                        Ez galdetu niri hori

                        Kontu hori galdetu txori txikiari.

 

denak elkarrekin abesten dute abestia, ikusleekin batera. Mugimendu geldoan, zoriontasun eta poz haundiz, badoaz oholtzatik. ander sartzen da.