Gure bide galduak
Dejabu Panpin Laborategia
Gure bide galduak
Dejabu Panpin Laborategia
Artezblai, 2012

 

—1—
MUGIMENDUA: KATTALIN

 

 

Zero

 

Oholtzaren erdian egurrezko plataforma bat dago argituta, hutsik. Haren alde bakoitzean bi aulki. Aulkien gainean jantziak zintzilik. Plataformaren inguruan hainbat objektu: kaxa zahar bat, aterkiak, saski bat, liburuak eta maleta bat, besteen artean. Antzezlanean erabiliko diren objektuak dira. gitarjoleak lehen notak ematen ditu. Ikusleen artean daude antzezleak, euren artean hizketa lasaian, ikusleei ongi-etorria eginaz. Ikusle guztiak esertzen direnean, antzezleak oholtzara igotzen dira eta bakoitzak objektu bat hartzen du: maleta bat, jaka bat, bufanda bat eta eguneroko bat (diarioa).

 

 

Bat

 

antzezle taldea (hemendik aurrera “korua”) oholtzaren erdian dagoen plataformara igotzen da elkarrekin. Egunerokoa daraman antzezleak zabaldu egiten du eta irakurtzen hasten da, jakinminez. Egunerokoa eskutik-eskura pasatzen du taldeak ondoren, denen artean irakurriz egunorokoan idatzita dagoena. Bitartean kattalinen pertsonaia jokatuko duen antzezleari jaka, bufanda eta maleta janzten dizkiote.

 

KORUA: Itxi ditut begiak

            haizeak usainik baduen jakiteko.

            Itxi ditut belarriak

            haizea behatzekin ukitzeko.

            Itxi dut ahoa

            haizearen doinua entzuteko

            eta haizea sudur zuloetatik sartu zait orduan.

            Barrura.

            Biriketatik esteetara, handik gibelera,

            sexura, odolera, azalera.

            Ni naiz haizea.

 

Azken esaldiarekin, egunerokoa lurrean utzita, korua oholtzatik irteten da. kattalin gelditu da eszenan, egunerokoa idazten.

 

 

Bi

 

Saski bat sartzen du oholtzara koruak, eta bertatik arropa zintzilikatzeko soka bat. Alkandorak ditu zintzilik. Haizea ari du. kattalin maletaren ondoan eserita dago. Paisaiari hunkiduraz begiratzen dio. Antzezleak bozgoran esaten du idazten duena.

 

KATTALIN: 1975eko azaroaren 30. Gaur gauean ez dut lorik egin. Atautxiren maleta zaharrari begira pasa dut gau osoa. Eta oraingoan ni naiz doana. Beldurrak ere kabitu zaizkit maletan.

 

ama abesten entzuten dugu eskegitako arropen atzean. “Txori txiki polit bat leihoan kantari, kontu txiki polit bat esan dit gaur neri...”

 

KATTALIN: Faltan botako ditut nire herria eta amaren kantuak.

AMA: (Zintzilikatutako arropen atzetik agertu eta kattalinengana gerturatuko da, saskia gerrian dakarrela. Antzezleak herriko hizkera darabil, testuan batuan idatzi dugun arren) Baina Kattalin! (alaba lurrean eserita dagoela-eta haserre. alabari jantzietan azken ukituak ematen dizkio ondoren) Badakizu, asko estudiatu eta apaizek esaten dizuten guztia egin. Kasuman! Kapitaleko jendea oso serioa da, eta oso elegantea. Arropak beti ondo plantxatuta eraman, ez dezatela esan baserriko jendea gaizki beztituta joaten garenik! Osabari etxea ondo zaindu eta garbitu, fabore handia egin digu-eta zu urtebeterako haren etxean hartzen. Seguru nago ilusio handia egingo diola zu berriro ikusteak hainbeste urte eta gero. Baina ez zaitzala saltsetan sartu ezagutzen dut eta nolakoa den! Botoi hauek ere eraman porsiakaso, osabak fabrikan asko hausten ditu eta badakizu: “Botoirik gabeko atorra, indarrik gabeko...”

KATTALIN: Bai, ama...

AMA: Zuk estudiatu, asko estudiatu. Eta alaitu aurpegia neska, konturatzen zarenerako bueltan zara eta!

 

Autobusa entzuten da urrunean.

 

KATTALIN: Autobusa...

 

kattalinek besarkada ematen dio amari.

 

AMA: Ale, segi. Eta deitu noizean behin.

KATTALIN: Agur ama.

 

ama zintzilikatutako arropa jasotzen gelditzen da, astiro. “Txori txiki polit bat...” abestia kantatzen du musikariak eta aktore taldeak. alabak utzitako hutsunea handia izango da.

 

amak arropak jasotzen dituen bitartean korua oholtzan azaltzen da berriro. koruak, geldo, autobusean doan jendea irudikatzen du. Maleta jarri nahi du kattalinek eserlekuen gainean baina ezin du, autobusa asko mugitzen da. Bihurgune asko dago bidean. Azkenean esertzen da. “Lesaka!” oihu egiten du gidariak, eta autobusa gelditu egiten da. Ezustean martxan jarri da berriro autobusa. kattalin leihotik begira dago.

 

AUTOBUS GIDARIA: Orereta!

 

Iritsi da. Autobusetik jaitsi da kattalin, erdi zorabiatuta. Aho zabalik geldituko da hiri haren zarata eta mugimenduarekin.

 

 

Hiru

 

korua harantz honantz dabil, kalean presaka dabilen jendea irudikatuz. Egunkari bana daramate gainean. Irakurtzen dute boz altua:

 

HERRITARRA 1: “Diciembre de 1975. La muerte de Franco deja al sucesor Arias Navarro al frente de una sociedad que clama libertad sin condiciones...”

HERRITARRA 2: “El Gobierno en transición ultima los preparativos para el debate sobre la Constitución”.

HERRITARRA 3: “Las coordinadoras de trabajadores llaman a la huelga general por la amnistía total”.

HERRITARRA 4: “La policía carga contra un grupo de jóvenes manifestantes en la Alameda de Errenteria”.

KATTALIN: “Los trabajadores se organizan para la huelga de mañana”.

 

Mugimendua geldotuz. Egunkari paperekin, fabrikaren kea irudikatuz, kattalinen barne pentsamenduari boza jartzen diote.

 

KORUA: Orereta grisa da. Iluna, hotza eta zikina. Jendea txingurriak bezala bizi da zementuzko paisaian. Herriaren erdian dena kez betetzen duen fabrika dago: Papelera Española, hiriko fabrikarik handiena. Bertan egiten du lan Pedrok.

 

 

Lau

 

Sirena bat entzuten dugu. Langileak lanean daude, paper artean. pedro eta manuel ikusten ditugu. Disimuluan paskin batzuk pasa nahi dizkiote elkarri, baina ez da erraza,  zelatan dutelako.

 

PEDRO: (Disimuluan) Aizak Manuel, zer moduz joan zaik asteburua? (patroia agurtzen du goiko pisuan) ¿Qué tal el fin de semana?

MANUEL: Bueno, como siempre. La Loli que se empeñó, ya sabes cómo es, que temamos que ir a Ondarroa y que teníamos que ir. Así se paso toda la semana. Que le recuerda mucho aquello a Galicia, por la mar, los barcos...

PEDRO: (patroia jada zelatan ez dabilela ziurtatuta) Orain Manuel...

MANUEL: (manuel ez da konturatzen pedro deika duela) ...Total que también teníamos que llevar a la suegra, ¡que menuda es!, los niños... Y claro, en el seiscientos y con el calor de carayo que hizo y tanta curva...

PEDRO: ¡Manuel, hombre! (manuel konturatzen da azkenean eta badoa lagunaren ondora) Ekarri al dituk koartilak?

MANUEL: ¿Qué? (osaba zertaz ari den asmatu nahian).

PEDRO: (Ahapeka) Los panfletos...

MANUEL: Ah, si (Disimulu handiarekin poltsikotik ateratzen ditu). Aquí estan.

PEDRO: (pedrok bere beroki azpian gordetzen ditu paskinak) Dena aurrera zioak. Denok ados gaudek. !Que se enteren que tienen que contar con nosotros para tomar decisiones!

MANUEL: (Oso ozen) ¡Huelga General!

PEDRO: ¡Calla Manuel!

 

Ingurura begiratzen dute, ea norbaitek entzun dituen. Ondoko makinan dagoen langilea gelditu egin da eta begira geratu da.

 

MANUEL: ¿Qué pasa? (Ahapeka) jEsquirol! (pedrori) ¿Luego vienes a la asamblea?

PEDRO: Bai, baina beranduago joango nauk. Hoy llega mi sobrina.

MANUEL: ¿Pero llega hoy? Ya verás qué bien te viene un poco de compañía Pedro. ¡Que últimamente pareces un hermitaño carayo! Solo en casa, sin poder hablar con nadie... que solo te falta empezar a hablar con las paredes. Un primo mío empezo así y al final...

 

pedrok begirada zorrotz bat botatzen dio. manuel konturatu eta isildu egiten da.

 

PEDRO: Horiek bigarren plantakoei pasa. (Beste paskin xorta bat ematen dio. Badoa manuel korrika).

 

Asanblada entzuten da kanpoan.

 

MANUEL: Nos vemos luego. (Badoa)

 

 

Bost

 

pedroren inguruan koruak espazioa aldatuko du: Kaleetako soinuarekin, fabrikako paperak desegiten dira eta egurrezko kutxa zahar bat jarriko du oholtzaren erdian, (Egurrezko kutxak Osabaren etxea irudikatuko du hemendik aurrera antzezlanean zehar). kattalin ate ondoan dago jada. pedro kutxaren gainean bonbilla bat aldatzen ari da.

 

PEDRO: Bonbilla alu hauek, gero eta ahulagoak egiten dituzte!

KATTALIN: Kaixo Pedro.

PEDRO: Kaixo Kattalin. Sartu, sartu (kattalinek eskuan daraman maleta zaharra hartzen dio) Nola handitu zaren. Ongi bidaia?

KATTALIN: Bai. Tira, badakizu nolakoa den bidea eta ez nago batere ohituta.

PEDRO: Hemen egingo duzu lo. (Gela seinalatuz) Zer moduz ama?

KATTALIN: Ongi. Botoi batzuk jarri dizkit zuretzat. Fabrikan asko hausten omen dituzu eta badakizu, botoirik gabeko atorra...

PEDRO eta KATTALIN: ...indarrik gabeko behorra...

 

Irribarre biak, bata amarekin eta bestea arrebarekin oroituta, Ez dakite elkarri zer esan. Urte asko pasa dira azkenekoz elkar ikusi zutenetik.

 

PEDRO: Maistra izan nahi omen duzu orduan...

KATTALIN: Bai, txikitatik. Bihar goizean hasiko ditut klaseak, Ategorrietan. Lehenago liburutegira joango naiz. Liburu pila bat irakurri behar ditut...

PEDRO: (Paskinak kutxaren barrutik hartu eta kalerako bidean) Ondo, ondo. Baina ez ahaztu bizitza ez dagoela liburuetan bakarrik. Banoa.

KATTALIN: Ez dugu elkarrekin afalduko?

PEDRO: Ez, asanbladara noa. Sukaldean utzi dizut afaltzeko zerbait. Gabon.

 

Badoa, kattalin bakarrik utziz etxean.

 

 

Sei

 

Esertzen da eta egunerokoan idazten du.

 

KATTALIN: Orereta ez da espero nuen bezalakoa. Ederragoa irudikatu nuen osabaren herria. Bera ere ez dut gogoratzen nuen bezala aurkitu.

            Hemen txingurriak bezala bizi da jendea zementuzko paisaian. Fabrikena da entzuten den doinu bakarra. Lortuko al dut haizea entzun gabe lokartzea?

 

Egunerokoa itxi eta maleta hartuta bere gelara sartzen da.