Gure bide galduak
Dejabu Panpin Laborategia
Gure bide galduak
Dejabu Panpin Laborategia
Artezblai, 2012

 

HITZAURREA

Galduak eta aurkituak

 

Harkaitz Cano

 

            Iragana izan daiteke kontenplaziorako argazki album bat edo izan daiteke etikoki, moralki eta sentimentalki funtzionatzen lagunduko digun gailu ia mekaniko bat. Iragana izan daiteke zerbait estatikoa, behin eta berriz ertz beretik begiratzearen poderioz paralizatu egiten gaituena, edo aurrera egiten lagunduko digun premiazko erregaia. Iragana izan daiteke zirkuitu itxia edo zirkuitu irekia. Eta iragan egunen irekitasun hori miatzera dator, hain zuzen, Gure bide galduak. Zirkuitu laburraren txinpartarekin buklea hautsi eta bide egitera, 70. hamarkadako kale grisak eta panazko janzkera ilunkarak gogoraztera, fabriketako lan fisikoa eta kezka soziala. Izerdia eta poesia. Gatazka eta kultur-kezka.

            Egia da ahaztea bezain kaltegarria izan daitekeela gogoratzea, baldin eta gogoratzen duguna klixe oinazetsu gero eta sakonago bat bada. Horregatik zeharkatu behar dira, ez behin igaro genituen bideak bakarrik, baita galdu eta baztertutakoak ere. Eta antzerkia bezalako tresna gutxi, bide horietan barrena ibiltzeko, konpromisoaren ñabardurak eta estartak aztertu eta porrotetik sortuko diren ahalegin berriak preziatzen ikasteko.

            Gure bide galduak antzezlanean deskribatzen diren garaitik hona asko dira aldatu diren gauzak. Horietako bat eta ez ezdeusena, beharbada munduaren eskala da, gizabanakoen eta komunitateen mugitzeko ahalmena, bere garaian irudikatu ezin zitekeen globalizazioaren bidez. Lehen beldurrez betetako maleta hartuta “herritik hirira” neskame joatea zen amildegia, txikikeria begitantzen zaigu gaur egun. Ozeanoz bestaldetik datoz orain izuak eta maletak. Herriko euskararen eta hirikoaren arteko talka, nekazal ohituren eta ziutatearen lan-errutinen artekoa, ordezkatuak izan dira garai batean literaturaren, film atzerritarren edota abenturazale kementsuen bidez bakarrik ezagutu genitzakeen jendeketa eta hizketa modu berriekin. Garaiak aldatzen doaz, kamarada. Eta kamaradak ere bai, baldin eta kamaradarik geratzen dela onartzen badugu behintzat. Mundutxoa mundu egin zaigu, eta gu haren parte gara. Munduko aukera guztiak omen dauzkagu eskura baita despistatzeko aukera ere.... Inoiz baino bide gehiago daude nahieran galtzeko, baina gehienek beti bide berbera hautatzen ote duten susmoa daukagu. Eskala aldaketa horrek denok aberasteko balio zezakeen, baina ez nago ziur hori hala gertatu ote den. Aldatu egin dira koordenadak, grabitate zentruak, lehentasunak. Museo bihurtu dira fabrikak edo ahaztu egin dugu behin hor egon zirenik ere. Papelerako eraikinari begira barku bat ikusten duen galiziarrak bere bide galduak berreskuratzen ditu, premiazko zaion errelatoa eginez bere buruari, neurri-neurrira. Ez diezaiogun horri uko egin: nork bere narrazioa eta bidea behar ditu, nork bere beldurrak eta maletak kudeatzeko.

            Beste gauza batzuk, ez dira hainbeste aldatu, zierto: kultur militantzia atez atekoari eta auzolanean egindakoari crowfunding esaten zaio egun, baina dirua eskatzeko moduaren egungo asepsia gorabehera, lehengoetan jarraitzen dugu. Inozentziarena izan da, ordea, galerarik handiena agian. Utopiak gutxiespenez baztertzeko joera gailendu da, eta beste joera batzuk: sarkasmo sinesgabea, gauzak aldatzea ezinezkoa den ustea, edo are okerrago, saiatzeak merezi ez duenekoa. Litekeena da 70. hamarkadan askoz ere grisagoak izatea gure herri eta hirietako kaleak, baina jendearen buruko materia grisa, ez ote zen orain baino biziagoa, psikodelikoagoa, ausartagoa, ekintzaileagoa? Tira, ez gaitezen iragana idealizatzearen tranpan eror. Gogoratzea komeni da, hori bai, ziklikoa dela inozentziaren galera ere, eta garai ziniko baten ondoren, gerta daitekeela hain ziniko ez den beste bat sortzea. Gurasoen belaunaldia harritzeko bokazioa behar luke belaunaldi berri bakoitzak.

            Delmore Schwartzen ipuin bilduma hartako izenburuak balio lezake antzezlan honetarako ere: In Dreams Begin Responsabilities. Ametsekin jaiotzen baitira erantzukizunak. Eta ametsek zerbait badute eder, da kuidado handiz ureztatu eta haiek zaintzen asko saiatuagatik ere, ez direla inoiz espero zen zentzuan hazi eta betetzen.