Zapatak
Jose Mari Carrere
Zapatak
Jose Mari Carrere
Eztena, 2018
Zapatak
Jose Mari Carrere
Eztena, 2018
[aurkibidea]

 

Hitzaurrea

 

            Hamar urte bete ditu aurten Eztena arte eszenikoen jaialdiak. Hasieratik oso filosofia argiarekin egin genuen jauzi plazara: arte eszenikoetako eragileen arteko sareak sortu, sortzaileentzako elkargunea izan, ohiko zirkuituetan programatzeko zailtasunak dituzten lanei eta dramaturgiei erakusleiho bat eskaini, sortze prozesuan dauden lanak erakutsi, publiko aktiboaren ideia bultzatu...

            Mikelazulo kultur elkarteko antolatzaileontzat abentura itzela izan da. Hamar urtetanjende asko pasa da Eztenatik, eta batez ere bizipen ederrak utzi ditu. Eztena arte eszenikoen ospakizun bat bilakatu da urtez urte, eta segur aski garrantzitsuena dena, emanaldietatik kanpo ere etengabeak izan dira solasaldiak, enkontruak, gogoetak, besarkadak, elkar ezagutzeak eta trukeak. Eztenak hamar urte bete dituen honetan beste proiektu bat jarri nahi izan dugu martxan, jaialdiak hasieratik izan duen helburuetan sakontzen lagunduko duelakoan: arte eszenikoetako hainbat lanen testuak plazaratu ditugu, edizio xume baino landuetan. Helburua, beste behin ere, jaialdiarena bera: egun arte eszenikoetan dagoen aniztasun ideologiko eta estetikoa islatzen saiatu, arrisku eszenikoak hartzen dituzten sortzaileen lanak aldarrikatu eta ikusgarri egiten laguntzea,

            Zapatak antzezlana Mikelazulok probokatu izan dituen harremanen sareetatik sortu zen: pertsonen arteko solasaldietatik, konplizitateetatik, konspirazio artistikoetatik. Joxemari Carrerek idatzia zuen testua: gerrari buruzko bakarrizketa bat, drama bat, zoritxarrez modaz pasa ez den gai bat. Ainhoa Alberdik hura gorpuztea erabaki zuen, eta Ainara Gurrutxagak lagundu zuen kanpo begiradarekin, Jurdana Otxoak gehitu zion ostera biolinaren hunkipenerako gaitasuna. Abiapuntua xumea bezain metaforikoa: emakume bat zapata huts pila baten gainean gerrari buruz eta, funtsean, pertsonen ilunpeei buruz mintzatzen, gerrako emakumeekiko -eta, oro har, pertsonekiko- elkartasuna adierazten duen testu ilun bezain ederra. Lehenengo Eztena jaialdian estreinatu zen antzezlana, eta inork ez zuen imajinatuko zelako bidea luzea egingo zuen, 2008ko lehen emanaldi hartatik bizirik egon da antzezlana eta era guztietako eszenatokietan eskaini da, sarri askotan kale zatiak, belardi abandonatuak, etxe deseraikiak bilakatuz oholtza. Zapatak antzezlanaren bizitzak euskal teatroa leku eta modu askotara gertatzen dela islatzen du, eta horregatik, oso pozik gaude liburu honen bitartez bere ibilbidea aldarrikatu ahal izateaz.

            Lan honen irakurketarekin gozatuko duzuela espero dugu, gora antzerkia!

 

Eztenako Lantaldea