HIRUGARREN EKITALDIA
(Lehenengo ekitaldiko antzez-leku bera)
I
kalixto eta pello
KALIXTO: (jazkera arineko emakumea duen egutegia ipintzen ari da horman).
PELLO: (Lo dago aulkian, buru-makur).
KALIXTO: (Egutegiari begira). Lehengoa bainan polittagoa ez ote, Pello?
PELLO: (Lo dago).
KALIXTO: Politta ez al-duk, Pello?
PELLO: (Lotan jarraitzen du).
KALIXTO: (Beregana joan eta astindu bat emango dio, lo dagoela nabaitzean).
PELLO: Zer nahi duzu?
KALIXTO: Noiz ohera hintzan, bart?
PELLO: Zure ondoren irten nintzan tabernatik.
KALIXTO: Beste bati sar beharko diok ziri hori, ez neri. Lanerako asmorik ez al-duk?
PELLO: Asmoa, bai.
KALIXTO: (Bere aulkian jarriko da). Buka al-dituk hoiek?
PELLO: Ez; iltzeak bai, bukatu dire.
KALIXTO: Iltzeak bukatu? Zortzi egun ez dituk ekarri genituela.
PELLO: Bukatu dire, bada.
KALIXTO: Hik lapurtzen dituk iltzeak hemendik.
PELLO: Nik? Jateko edo zertarako?
KALIXTO: Joan eta ekarri hitzak.
PELLO: Zenbat?
KALIXTO: Hogei duronak.
PELLO: (Eskua luzaturik). Dirua...
KALIXTO: Ordaindu hitzak eta gero emango diat.
PELLO: Ez, ez. Zure gerokoa badakit zer izaten dan.
KALIXTO: (Hogei durokoa emango dio). Hi bezain ume piakaitzik...
PELLO: Aurreak erakusten du atzea nola astindu, Kalixto...
KALIXTO: Hoa eta ekar hitzak, azkar.
PELLO: (Mantala kendu eta irten bedi).
II
kalixto eta on toribio
(Mahai petik zatoa atera eta zurrut egingo du). (Edaten ikusiko du). Orain ere hortan haiz?
KALIXTO: (Esku-gainez ezpainak igortzirik). Hori da goizeko agurra, hori!!! Egarriak nengoen-ta...
TORIBIO: Hire egarri hori asetzeko din ardotik ez duk Nafarroan. Egunean zenbat edaten duk?
KALIXTO: Asko-askorik ez.
TORIBIO: Asko, zenbat da hiretzat?
KALIXTO: Ba... Bi bider hustutzen dut zato hau.
TORIBIO: Zatokada bi hemen; eta otorduetan?
KALIXTO: Otorduetan, beste bi.
TORIBIO: Hori duk astakeria, hori!!! Hire gibela nola ote zegok?
KALIXTO: Nere gibela? Gibeleko minik ez dut, On Toribio. Gainera, gibelak zer ikustekorik du ardoarekin?
TORIBIO: Sabel-urak zerk bereizten dituela uste duk, gibelak ezik?
KALIXTO: Urak? Ez, ez; nere gibelak ez du urak bereizten lanik. Berrogei urte hauetan urik ez da sartu nere eztarritik. Nondik sartu, bera, ura nere gibelera? Sudur-zuloetatik?
TORIBIO: Zer dakik hik?
KALIXTO: Je.. Zuk bai ez dakizula, On Toribio. Elus prepetua, lauste kisti eta horrelakoak bai bainan ardo-kontuetan zuk neri erakutsi? Ez, On Toribio, ez; ardo eta sagardo onak zeintzuk diren ez didazu neri erakutsiko.
TORIBIO: Ardo eta sagardo onik ez duk, giza-neurrian edaten ez bada.
KALIXTO: Ardo tzarrak egiten du gaitz, ez onak, naiz-ta asta-lepo edan. Sagardoa berriz... Sagardoak gaitz? “Matxoneko” sagardoak gaitz egingo dion kristaurik ez da. Han, kupelaren txiritik irteten den mama zipriztindun hark, nori kalterik egin?
TORIBIO: Kankar galantak eramaten omen dizkitek, bada, handik ere.
KALIXTO: Edaten ez dakitelako. Atarira joan behar du, maiz, sagardo-edaleak.
TORIBIO: Zertara, atarira?
KALIXTO: Maskuria hustutzera. Tutik ez dakizu, On Toribio, sagardo ausentoan.
TORIBIO: Ez jakitea, hobe. Albistaririk hartu al-duk?
KALIXTO: Apalean duzu.
TORIBIO: (Egutegia ikusiko du, albistaria hartzera doanean) Aitaren, Semearen...
KALIXTO: Zer duzu?
TORIBIO: Lehengoan zer esan nian?
KALIXTO: Ez naiz gogoratzen.
TORIBIO: Noiz ken behar duk zikinkeri hori?
KALIXTO: Horrekin ari al-zinan? Amak hautsi zuen lehengo hura.
TORIBIO: Eta hau?
KALIXTO: Beste bat da hori. Bai politta, e, On Toribio? Lehengo hura baino ere polittagoa da hau.
TORIBIO: Isilik hago, lizun hori!
KALIXTO: Zer kalte egin lezaioke horrek inori? Ikus nahi ez duenak, ez dezaiola begiratu eta kito.
TORIBIO: Begiak itxirik erabili beharko dizkiagu, beraz, hemen.
KALIXTO: Itxirik ez; hortxe dago beste egutegia, hori ikus nahi ez duenarentzat.
TORIBIO: Aitortzera ez hadi nigana joan; barkapenik ez diat emango.
KALIXTO: (Farrez) Emango didazu, bai... Izperringia irakur ezazu, On Toribio.
TORIBIO: (irrakurtzen hasiko da, aulkian jarririk).
KALIXTO: (Zatotik zurrut egin eta lanari ekingo dio).
TORIBIO: Nahasia zegok mundu guztia, Kalixto. Hemen borroka, han giza-hilketak...
KALIXTO: Irun-go hori irakurri al-duzu?
TORIBIO: Ez.
KALIXTO: Hortxe dakar, lehenengo orrialdean. Hiru miloe ostu omen dituzte, diru-etxe batetik; egunez, gainera... Neretik etzuten, arranoa, horrelako mordoskarik eramango. Asko duenari ken behar zaio, On Toribio...
TORIBIO: Asko duenari edo gutxi duenari kentzea, lapurreta duk, beti.
KALIXTO: Ezer ez duenak, asko duenari kentzea ez dago gaizki. Gauz ,guztiak Jainkoak eginak badire, zergaitik batzuek gainezka eta besteak hutsik?
TORIBIO: Neri hiru urdai-azpiko lapurtu zizkidan hura ere gainezka egongo duk; hutsik ni, ordea...
KALIXTO: Urdai-azpikoak ostu?
TORIBIO: Hiru, bai.
KALIXTO: Txerri batenak?
TORIBIO: Hiru urdai-azpiko dituen txerririk ikusi al-duk, egundo?
KALIXTO: Hori, bada, hori... Noiz lapurtu zizkitzuten?
TORIBIO: Joan zan ostegunean.
KALIXTO: (Oldozkor) Joan zan ostegunean...
TORIBIO: Gazte bat ikusi omen zikan nere arrebak etxetik irteten, poltsa batekin...
KALIXTO: (Oldozkor) Gazte bat poltsa batekin... Zer gizaantz ote zuen gazte hark?
TORIBIO: Kalpardun eta bizartsua omen ukan, arrebak dionez.
KALIXTO: (Zatoari zurrut) Kalpardun eta bizartsua, beraz?
TORIBIO: Bai.
KALIXTO: (Zutiturik) Zure urdai-azpikoak non dagozen badakit, On Toribio.
TORIBIO: Bai?
KALIXTO: Neronek ikusi dut guztia.
TORIBIO: Jan ditzala, osasun ederrarekin.
KALIXTO: Jan? Neri etzenidake horrela utziko...
TORIBIO: Hiri ere bai.
KALIXTO: Bai, e?
TORIBIO: Hiru urdai-azpiko direla-eta ez nikek inor espetxeratu nahi.
KALIXTO: Espetxeratu ez bainan kendu bai, joņo...
TORIBIO: Ez-ta. Nor danik ere ez diat jakin nahi.
KALIXTO: Ez nioke nik utziko...
TORIBIO: (Albistaria irakurtzen jarraituko du).
KALIXTO: (Aulkira doa) Uztargileneko ardandegian dagoz zure urdai-azpikoak, On Toribio.
TORIBIO: Nork eraman dizkik?
KALIXTO: Pello-k.
TORIBIO: Pello-k?
KALIXTO: Ber-berak, bai.
TORIBIO: Ez diat sinisten. Horrelakoa ez duk Pello.
KALIXTO: Ezetz? Bart eraman zituen. Zure arrebak ikusi zuen gazte hark ekarri zizkion, poltsa batean, joan zan ostegunean.
TORIBIO: Nondikakoak diren bai ote zekik, Pello-k?
KALIXTO: Ahoskalo...
TORIBIO: Zergaitik eraman ote zizkian haruntza?
KALIXTO: Je... Mirentxu bere emazte-gaia duela ez al-dakizu?
TORIBIO: Ez, nik.
KALIXTO: Bart jakin nuen nik ere.
TORIBIO: Ez, gero, ezer esan Pello-ri, nere aurrean.
KALIXTO: (Berekiko) Ikusiko dugu hori.
TORIBIO: (Albistaria irakurtzen).
III
lehengoak eta pello
PELLO: (Fardeltxo bat dakar eskuan) Kaixo, On Toribio.
TORIBIO: Kaixo, Pello.
KALIXTO: Bai al-dakartzak?
PELLO: (Fardeltxoa kalixto-ri emanaz) Bai.
KALIXTO: Zenbatenak dituk hauek?
PELLO: Hogei duronak.
KALIXTO: Hamarrenik ere etzegok hemen.
PELLO: Hoiek eman dizkidate neri.
KALIXTO: Hamaika honelako egin didak, aspaldian...
TORIBIO: Gauza guztiak garestitzen ari dituk eta badakik...
KALIXTO: Urdai-azpikoak ere bai?
PELLO: (Bere aulkira joan eta lanean hasiko da).
IV
lehengoak eta anttoni
ANTTONI: (Lurrontzia dakar eskuan, gosariarekin) Egunon, On Toribio.
TORIBIO: Bai zuri ere, Anttoni. Bizkor?
ANTTONI: Hainbestean, hainbestean... Urte askoren zama bizkarrean eta badakizu...
TORIBIO: Emakume gordina zagoz, oraindik.
ANTTONI: Gure alproja honek errain on bat ekarri izan balit.
TORIBIO: Ekarriko dizu, Anttoni, ekarriko dizu.
ANTTONI: Zera ekarriko du, aza-buru horrek... (kalixto-ri) Gosaria non utziko diat?
KALIXTO: Hemen, mahaiean utzi, ama.
ANTTONI: (Utzi beza) Gosaririk ekarri al-duk, Pello?
PELLO: Bai, ekarri dut.
KALIXTO: (Eskuak mantalean igortzi eta gosaltzen hasiko da) Erdibanatuko dugu, On Toribio.
TORIBIO: Ez, ez; eskerrikasko. Etxean gosalduko diat.
ANTTONI: (Apalera doa pello-ri bere gosaria emateko asmoz eta egutegia ikusten du) Zer da hau!!!
TORIBIO: Zer duzu, Anttoni?
ANTTONI: Honoko hau ikusten al-duzu, On Toribio?
TORIBIO: Ikusi dut, bai. Zure seme honi ezer esatea alferrik da.
ANTTONI: Afferrik? (Lurrera jaurtiko du egutegia, lau zati egina) Lehengoan bat eta orain bestea? (Bizkarrekoak emango dizkio kalixto-ri). Etxe hontako aldiak laister egingo dituk, urde horrek, berriz honelako zikinkeririk ipintzen baduk...
TORIBIO: Ederki esana.
ANTTONI: Nere semea haizela esatea ere... Emakume bat higanatzeko din ez haiz, eta...
KALIXTO: Hori, bada, hori... Zerbaitekin alaitu behar nere bakartasun hau...
TORIBIO: Lotsaren izpirik ez duk, Kalixto. Pello bezelako gazte batek hori egitea ez legokek ongi, bainan hik...
PELLO: (anttoni-k eskuan duen gosaria hartu, aulkira joan eta gosaltzen hasiko da).
KALIXTO: (Aho betearekin mintzatuko da) Horrelakoren beharrik ez du Pello-k, On Toribio. Hezur eta mamizkoa ere badu horrek...
TORIBIO: Bai? Zorionak, Pello.
PELLO: Eskerrik asko.
ANTTONI: Nor duk, Pello?
KALIXTO: Uztargileneko alaba bakarra. Ezer ez dagoen lekura ez da joan, ez.
PELLO: Zu ere han omen zabiltz, bere amaren atzetik.
ANTTONI: Kattalin-en atzetik?
PELLO: Bai.
ANTTONI: Jesus, Maria eta Jose.
TORIBIO: Hi ere lotan ez hago, beraz, Kalixto.
KALIXTO: Ez da egia hori!!! (Eskuan duen ogia kenduko dio pello-ri eta ogibitarteko urdai-azpikoa erakutsiko dio on toribio-ri) Urdai-azpiko hau ezagutzen al-duzu?
PELLO: (Ken bezaio ogia kalixto-ri).
TORIBIO: (Irakurtzen jarraiko du, erantzuteke).
KALIXTO: Zure urdai-azpikoa jaten ari da hau, On Toribio.
TORIBIO: Urdai-azpikorik ez diat nik.
ANTTONI: Nere lanetara noa. Gero arte. (Irten bedi).
TORIBIO: Gero arte, Anttoni.
KALIXTO: Zure urdai-azpikoak honek ditu, honek.
PELLO: Zer diozu?
KALIXTO: Bart Mirentxu-ri eman hizkioan urdai-azpikoak...
TORIBIO: Egia al-duk hori, Pello?
PELLO: (Buru-makur).
KALIXTO: Neronek ikusi nuen.
TORIBIO: Zer diok, Pello?
PELLO: Norenak zirenik ez nekien...
KALIXTO: Erregaliak egingo nizkikek, nik ere, besterenetik.
TORIBIO: Gaizki zegok hori, Pello.
KALIXTO: Hau da azaria, hau!!! Neskari bi eman eta beretzat gorde hirugarrena.
PELLO: Nik ez nintuen lapurtu, On Toribio.
TORIBIO: Bazekiat; hi ere errudun haiz, ordea.
KALIXTO: (Zatotik zurrut).
PELLO: Gazte batek lapurtu zizkitzun eta neri ekarri, nik saldu nitzan.
TORIBIO: Eta emazte-gaiari saldu hik...
PELLO: Saldu ez.
TORIBIO: Gaizki zegok hori, Pello.
PELLO: Itzuliko dizkitzut.
TORIBIO: Ez, ez; jan hitzak. Bestek emanak nizkian nik ere...
KALIXTO: Hirurak beretzat? Bat ez al-didazu neri emango?
TORIBIO: Noiztik habil Mirentxurekin?
PELLO: Hilabete biz honuntztik.
KALIXTO: Errez egiten dituk hik andra-gaiak, besteren urdai-azpikoak emanaz.
PELLO: Nere akatsak bakarrik agertu behar al-dituzu?
KALIXTO: Nik zer egin diat?
PELLO: Koldo-ri egin zeniona ahaztu al-zaizu?
KALIXTO: (Mailua jasoaz) Isilik hago!!!
TORIBIO: Zer, zer? Zer egin diok Koldo-ri?
PELLO: Hiru mila pezeta lapurtu zizkion.
KALIXTO: Isilduko al-haiz?
TORIBIO: Hiru mila pezeta?
KALIXTO: Hago isilik!!!
PELLO: Emazte-gai politta eta aberatsa aurkituko ziola eta hiru mila pezeta kendu zizkion.
TORIBIO: Aurkitu al-diok?
KALIXTO: Oraindik ez.
TORIBIO: Hi haiz hi mutiltzarra.
KALIXTO: Mutiltzarra zera zu ere.
TORIBIO: Apaiza nauk!!!
KALIXTO: Apaiz edo praile, mutiltzarra zu ere, ni bezelaxe.
TORIBIO: Zuek bai zeratela bata zu eta bestea ni... Nagusia lapurra eta morroia ere bai.
PELLO: Ezer ez dut lapurtu, jauna.
KALIXTO: Ez nik ere. Koldo-k emana hartzea besterik ez nuen egin.
TORIBIO: Gezurtia, lapurra eta beste zerbait gehiago ere bahaiz hi.
KALIXTO: Ni? Zer gehiago?
TORIBIO: Lizuna, gainera.
KALIXTO: Egutegi txatxu batzuengaitik al-diozu hori? Ba... ba... Zuri ere aterako nizkitzuke lapikotik babak, hortara ezkeroz.
TORIBIO: Santua ez naizela bazekiat bainan zer egin diat txarrik?
KALIXTO: Neri ez bainan... Xoxote-neko Martzeliņo-ri hortzak hautsi zenizkionean..., zer?
TORIBIO: Merezi zuelako hautsi nizkiokan.
KALIXTO: Masail batean jotzen gaituenari bestea ipintzeko esan ez zuen, bada, Jesukristok?
TORIBIO: Hala duk. Eleizatik lapurrak makilka ateratzen ere irakatsi zigukan.
KALIXTO: Ur-bedeinkatu-ontzian zera egin zuela-ta, zuk eman zenizkion muturrekoak...
TORIBIO: Ur-bedeinkatu-ontzia baino leku egokiagorik badituk, zera hori egin nahi duenarentzat, Kalixto. (Erlojuari begira). Joan behar diat, oraintxe.
KALIXTO: Norako presa duzu? Gaurko lanak eginak dituzu...
TORIBIO: Hik zer dakik? Gazte eta gaztetxoekiko bilerak, gaixoeri ikustaldiak, egunoroko otoitzak, igande eta jai-egunetako hitzaldiak...
KALIXTO: Igandetako hitzaldiak? Neronek ere egingo nituzke igandetako hitzaldiak. Zuk bezain luze eta aspergarri ez baina. Handik edozer esatea erreza da; erantzuteko eskubiderik inork ez bait du.
TORIBIO: Zuzenik esango hukek, bai, kerten horrek.
KALIXTO: Konpesonaioan egongo nintzake ni gustora...
TORIBIO: Ederra duk, bada, aitorlekua... A, gizagajoa... Arratsaldeko lauretan sartu eta hamarrak artean egon hadi, han barruan... Esango hidakek zeinen ona den...
KALIXTO: Eta, han jakiten dituzuten kontuak?
TORIBIO: Han jakiten ditugun kontuak, han gelditzen dituk.
KALIXTO: Bai.... bai...
TORIBIO: Hire hiru mila pezetakoarena eta Pello-ren urdai-azpikoarena ere hantxe jakingo nizkian.
KALIXTO: Esanez gero, bai.
TORIBIO: Esanez gero? Ez esatekotan zertarako aitortu?
KALIXTO: Ja... ja... ja... Benialik ez dugu aitortzen, On Toribio. Ttiki guztiak esaten hasiko bagina...
TORIBIO: Hiru mila pezeta lapurtzea ttikia al-duk?
KALIXTO: Ttiki-ttikia ez bainan... erdipurdikoa...
TORIBIO: (Erlojuari begira) Garai diat, oraintxe. Bihar arte, bada (Irten bedi).
KALIXTO: Bihar arte, On Toribio.
V
kalixto eta pello
KALIXTO: Zergaitik esan diok?
PELLO: Zuk ere esan diozu nerea.
KALIXTO: Ez duk berdin.
PELLO: Ezetz? Zuk nerea, nik zurea eta kito.
KALIXTO: Hago, hago...
PELLO: Zer hago eta zer ego. Ni baino gehiago al-zera zu?
KALIXTO: Inoiz ez haiz izango ni bezelakoa.
PELLO: Zu bezelakoa? Ez-ta nahi ere.
VI
Lehengoak eta koldo
KOLDO: (Ager bedi atean).
PELLO: Horroko horrek konponduko zaitu.
KALIXTO: Berriro jaio beharko dik...
KOLDO: Zer?
KALIXTO: Uso-giro ederra dagoela, alegia. Ehizean izan al-haiz?
KOLDO: Zer zuri, izan banaiz edo ez banaiz.
KALIXTO: Joņo... Haserre hator.
KOLDO: (Eskua luzaturik) Nere hiru mila pezetakoa.
KALIXTO: Trato bat egin genikan.
KOLDO: Berriketa gutxi neri, Kalixto. Bota dirua, narrua kentzea nahi ez baduzu. (Lepotik helduaz).
KALIXTO: Geldi hago!!!
KOLDO: Bai ala ez?
KALIXTO: Guztia nola emango diat, bada?
PELLO: Bat ona emaiok eta kito.
KOLDO: (Astindu beza lepotik) Bai ala ez?
VII
lehengoak eta mirentxu
MIRENTXU: Borrokan al-zabiltzate orain ere?
PELLO: Aurrera, Mirentxu. Ni ez; ni ez nabil borrokan... Hoiek...
MIRENTXU: Zergaitik?
PELLO: Badakizu hiru milakoa...
KOLDO: Bai ala ez?
KALIXTO: (Ia itoan bezala) Bai, bai; guztia emango diat...
KOLDO: (Utz bezaio) Atera!!!
KALIXTO: (Lepoa igortzi, dirua atera eta eman bezaio) To!!!
KOLDO: (Sakelean sartuko du dirua, ongi begiratu ondoren) Ongi da.
KALIXTO: (Zatotik zurrut).
PELLO: Zertara zatoz, Mirentxu?
MIRENTXU: Oinetako haueri zoru-erdiak ipinaraztera.
KALIXTO: Emaizkidatzu.
MIRENTXU: (Eman bezazkio).
PELLO: (kalixto-ri) Kendu dizkitzu lehengo farre-gure haiek, e?
KOLDO: Beste bati egin dezaiola far.
PELLO: Ederki egin diok, Koldo.
KALIXTO: Bai? Oraintxe garbituko dizkiagu kontuak. (mirentxu-ri) Urdai-azpikoa gozoa al-dago, Mirentxu?
MIRENTXU: Bai. Harekintxe gosaldu dugu.
KALIXTO: Bai, e? Nondik norakoak ziren bai al-dakizu?
MIRENTXU: Bai; Pello-k bere adiskide bati erositakoak.
KALIXTO: On Toribio-ri galdegin behar zenioke, nondikakoak diren jakin dezazun.
MIRENTXU: On Toribio-ri?
KALIXTO: Bai.
PELLO: Isilduko al-zera?
KALIXTO: Ja... ja... ja... Larritu da, oraintxe, zure adiskide hau...
MIRENTXU: On Toribio-k zer daki?
KALIXTO: Hark daki guztia, hark... eta... nik ere bai.
MIRENTXU: Esango al-didazu ala ez?
KALIXTO: Zuk eta zure amak jan duzuten urdai-azpiko hori On Toribio-ri lapurtutakoa dela, alegia.
MIRENTXU: Zer?
KALIXTO: Zera... ja... ja... ja... On Toribio-ri lapurtutakoa, bai.
MIRENTXU: Egia al-da hori, Pello?
KALIXTO: Zera... Gero esango dizut guztia, Mirentxu.
MIRENTXU: Ez duzu ukatzen, beraz?
KOLDO: (Aho-zabal egongo da, begira).
KALIXTO: Jan zak, orain!!!
PELLO: Gero esango dizut, Mirentxu.
MIRENTXU: Gero? Ez, ez; nerekikoak egin dituzu!!! Lapurtutako urdai-azpikoak neri erregali?
PELLO: Bainan, Mirentxu!!!
KALIXTO: Ja... ja... ja...
MIRENTXU: Nigana ez etorri egundo!!! (Besondotik helduko dio koldo-ri). Goazen, Koldo; lotsagarri hori baino nahiago zaitut zu. (Ateruntz doaz).
KOLDO: (mirentxu-ri aurpegia losintsatuaz). ja... ja... ja...
KALIXTO: Koldo!!! Koldo!!! Hiru mila pezetakoa!!!
KOLDO: Zer?
KALIXTO: Hiru, mila pezetakoa, alegia!!!
KOLDO: Zergaitik?
KALIXTO: Emazte-gaia aurkitzeagaitik.
MIRENTXU: Zuk? Neronek aurkitu dut hau, neronek!!! (koldo-ri masailean musu emanaz). Hala ez al-da, Koldo?
KOLDO: Ja... ja.... ja... (Irten bitez, goxo goxo, elkarri helduaz).
VIII
kalixto eta pello
KALIXTO: (Zatotik zurrut). Edan ezak hik ere, Pello.
PELLO: Edan ezazu zerorrek!!!
KALIXTO: Ja... ja... ja... Gu gaituk bikotea, gu... (Zatotik zurrut).
AMAIA