BIGARREN EKITALDIA
(Ardandegi bat izango da ekitaldi honetako jokalekua. Mahai bat eskubian eta beste bat ezkerrean, euren aulkiekin. Sal-mahaia erdian.)
I
mirentxu bakarrik
MIRENTXU: (Bazterrak txukuntzen ari da, zerbait abestuaz, andereņo lirain hau).
II
mirentxu, txomin eta joxe
(Alai eta zaratatsu datoz gazte biak).
TXOMIN: Kaixo, Mirentxu.
JOXE: Bakarrik al-zagoz poxpolin politt hori?
MIRENTXU: Bakarrik nago, bai.
JOXE: Kopatxo bana aterako al-diguzu?
MIRENTXU: Nolakoa nahi duzute?
TXOMIN: Gorria, Mirentxu, gorria; gorri-zaleak gera.
JOXE: Ja... ja... ja... Gorria behar dugu, bai.
MIRENTXU: (Ipini bitza kopa bi sal-mahai gainean eta erdiraino bete).
TXOMIN: Joņo... joņo... Etxerik ez duzu galduko...
MIRENTXU: Zergaitik diozu hori?
TXOMIN: Zertarako kopa haundi hauek, pattar gehiago ez ateratzekotan?
JOXE: Egia; titare bat aski litzake, zuk atera duzun pattar horrentzat.
MIRENTXU: Lehendik ere baduzute barruan pattarrik aski.
TXOMIN: Andra-gairik ez dugu, dantzan ez dakigu eta zer egin? Edan...
JOXE: Alboan zu bezalako bana bagenu, zurrutean ez ginake ibiliko... Zuk, ordea, jaramonik ez diguzu egiten eta pattarretan itotzen ditugu gure jai-egunak.
MIRENTXU: Saiatzen al-zerate?
JOXE: Saiatu? Bai horixe!!! Ahaleginak egiten ditugu bainan alferrik.
MIRENTXU: Ardoz muturra betetzen duzutenean soilki joaten zerate neskatxengana eta jakina... Begiratu ere ez diozute egiten neskatx bati, baraurik zagoztenean...
TXOMIN: Begiratu bai...
MIRENTXU: Zeharka, ordea.
JOXE: Zuri ere zeharka begiratzen al-dizu beste hark?
MIRENTXU: Nork, gero?
TXOMIN: Begiratu bakarrik ez... Kontu-ixil ugari esaten ziotek elkarri eta... gainera gainerakoak.
MIRENTXU: Nork, ordea?
JOXE: Gu hain ahulagorik ez duk, Txomin.
TXOMIN: Esango nikek... Sapai-zuloko ontza zirudik eta ikusten nola esnatzen dan...
JOXE: Gu gaituk ontzak, gu.
MIRENTXU: (Farrez) Norgaitik ari zerate, bainan?
TXOMIN: Gu, noski, ontzak eta tonto-lapikoak.
JOXE: Herrian dan neskarik ederrena begiz-jo dik, alajaina...
MIRENTXU: Ederragorik bada herrian, Joxe.
JOXE: Zu hain ederragorik ez, eguzkiaren azpian, Mirentxu.
MIRENTXU: Ja... ja... ja...
JOXE: Ile ori, musu-gorri, gerri-mehe eta... gainera gainerakoak.
MIRENTXU: (Farrez) Zoratuko nauzu, Joxe, horrelako hitz polittekin...
TXOMIN: Horrelakorik ez al-dizu esaten beste hark?
JOXE: Zera esango ziok, eltzekondo hark... (mirentxu-ri zorrotz begira) Bai politta zerala, Mirentxu... Azkazalak aterako nituzke zu neretzat izateagaitik.
MIRENTXU: Ja... ja... ja... Noren azkazalak, bainan?
TXOMIN: Azkazalak ez bainan atera itzatzu beste kopa bi, hauek hutsik dagoz-ta.
JOXE: Bai politta zerala...
MIRENTXU: (Kopak beteaz) Lehen ere esan didazu hori.
JOXE: Anpolaiak dirudite zure begiak.
TXOMIN: Anpolai urdinak... Ja... ja... ja...
III
lehengoak eta kalixto
KALIXTO: (Esku-makilarekin dator, errenka, eta farragarri jantzirik, lepo-kibizto eta guzti) Arratsaldeon.
MIRENTXU: Bai zuri ere.
KALIXTO: Txiki bat ardo aterako al-didazu?
MIRENTXU: Berehalaxe aterako dizut, Kalixto.
JOXE: Joņo... Dotore zatoz, Kalixto, korbata eta guzti.
TXOMIN: Ja... ja... ja... Bai; kusoa zirudik.
MIRENTXU: Kusoa zer da?
TXOMIN: Kusoa zer dan ez dakizu? Txori-izugarria, emakume.
KALIXTO: Hi, muki-jario; hire amonari egiok far, ez neri. (Ezker aldeko mahaiaren alboko aulkian jarriko da).
MIRENTXU: (Txiki bat ardo eta edontzia eramango dizkio mahaira) Tori, Kalixto.
TXOMIN: Lepoko kibizto hori nork ipini dizu, Kalixto?
JOXE: Ja... ja... ja... Gure esne-zalearen astoak ere horrelakoxea ibiltzen du, lepotik zintzilik.
JOXE: Ez, ez; apaina zegok mutiltzarra.
KALIXTO: Zuen lotsik ez diat.
JOXE: Ez, ez; emaztegaia ere aurkituko duzu, gaur.
MIRENTXU: Emazte-gaia? Guztia bahekikek...
JOXE: Zer?
MIRENTXU: Senar-gaia eskeintzera etorri etzitzaidan, bada, joan zan ostegunean?
TXOMIN: Hara, hara... Hori ere bai?
MIRENTXU: Bai; eta berehala nahi zuela erantzuna.
KALIXTO: Isilik egongo al-zera? (Sakeletik ogi-koskor bat atera eta jaten hasiko da).
TXOMIN: Ezkontzak antolatzen hasi al-zera, orain? Hori duk anka-okerra, hori!!!
KALIXTO: (Esku-makila erakutsiaz) Saiets-hezurrak hautsiko dizkiat honoko honekin, isilik ez bahago!!!
MIRENTXU: Nolako eginahalak egin zizkidan bazeneki...
TXOMIN: Hori duk “saka-mantekas” hori... Laister zera parterotzan ere, Kalixto.
KALIXTO: Hortan ere egingo nikiek hik ainean...
JOXE: Partero txukuna hori, atzapar haundi hoiekin...
TXOMIN: Nori deitu badakizu, Mirentxu, behartzen zeranean...
MIRENTXU: Isilik zagozte, horrelakorik esan gabe.
JOXE: Eskeini zizun senar-gai hori nor da?
KALIXTO: Ez esan gero, Mirentxu!!!
JOXE: Zergaitik ez?
MIRENTXU: Etzenduke asrnatuko, ez-ta... ez-ta...
TXOMIN: Herritarra al-da?
MIRENTXU: Bai.
JOXE: Gaztea?
MIRENTXU: Gaztea, bai.
TXOMIN: Nor, ote?
KALIXTO: Egongo al-zera isilik, sorgin hori?
JOXE: Esan, esan...
MIRENTXU: Hiru mila pezeta jasoak omen ditu.
JOXE: Nork?
MIRENTXU: Kalixtok, alegia, mutilari emazte-gaia aurkitzeagatik...
TXOMIN: Ja... ja... ja...
MIRENTXU: Eta beste hiru jasotzekoak.
JOXE ta TXOMIN: Ja... ja... ja...
IV
lehengoak eta kattalin
KATTALIN: Hori duk umorea, hori!!! Hi ere hemen al-hintzan, Kalixto?
KALIXTO: Etorri ez banintz hobe.
KATTALIN: Zerbait egin al-ditek gazte hauek?
MIRENTXU: Joan zan osteguneko kontuekin ari ginen, ama.
KATTALIN: Zer kontu?
TXOMIN: Alabarentzat senar-gaia bai omen duela Kalixto-k, alegia.
KATTALIN: (Farrez) A... Hori al-zenuten? Alabarentzat ezezik, amarentzat ere bai.
JOXE: Zuretzat ere bai?
KALIXTO: Isilduko al-zera, atso petral hori?
KATTALIN: Bera ezkondu nahi likek nerekin. Alargundu nintzen egunetik hemen zabilek, usaiean.
TXOMIN: Ja... ja... ja... Alboko txarra etzenuke, ez, andra Kattalin.
JOXE: Tabernako lanak ere egingo lizkitzuke, zuzen asko.
KATTALIN: Lanak egingo lituzken etzekiat; hemengo ardoak edan bai.
KALIXTO: Zurekin ezkontzeko nagoela uste al-duzu?
KATTALIN: Hamaika bider esan didak, bada.
KALIXTO: Larogei urte izango dituzu-ta... Zarpailu ederraren jabe egin behar nuke...
KATTALIN: Nere patxara hartuko hukek, praka jario horrek...
TXOMIN: Kalixto-k eskeini zizun gazte hori nor dan ez diguzu esan, Mirentxu.
MIRENTXU: Koldo.
TXOMIN: Ermentarinekoa?
MIRENTXU: Bai.
JOXE: Eta?
MIRENTXU: Beste batengana joateko esan nion, horrelako erregaliarekin.
KALIXTO: Zer zera, bada, zu, xanka-mehe hori?
TXOMIN: Hobe zenuke honen xanka-meheak bazenitu, Kalixto. Zabiltzan baino arinago eta zuzenago ibiliko zinake...
KATTALIN: Arin ibiltzen zen garaia bazian, bai, Kalixto-k. Hori bezelako neska-laguntzailerik ez duk izan herrian.
JOXE: Ez, e?
KATTALIN: Herriko neska guztiak bere atzetik izan ohi zizkian.
TXOMIN: Ņo... Aukera ona, beraz? Etzuen gure antzik.
JOXE: Egia al-da, Kalixto?
KALIXTO: Ez duk sinestuko bainan ni urreratzean lerdea erortzen etzitzaion neskarikan ez hukan herrian.
JOXE: Horrenbesteraino?
TXOMIN: Eztiz igortzia ibiltzen al-zinan?
KATTALIN: Ezti beharrik etzian horrek, ez, neskak beraganatzeko.
KALIXTO: (Zutitu bedi, harroturik). Gazte egokia nintzan, gero, Kattalin.
KATTALIN: Bai, bai. Bakoitzari berea eman behar-zaio.
KALIXTO: Pozik ezkonduko zinan zu ere nerekin. Nik ez nahi, ordea.
MIRENTXU: Zergaitik ez?
KALIXTO: Neretzat zaharregia zalako.
KATTALIN: Orain ere, alde berdin-berdina diagu adinean bainan ezkon nahi hukek nerekin.
KALIXTO: (Bere aulkira doa, buru-makur).
TXOMIN: Ez al-diozu erantzun behar, Kalixto?
KALIXTO: Ez. Haundiak esango nizkiokek eta ez diat nahi.
TXOMIN: Anka hori zuzenduko balitzaizu... Oraindik ere...
KATTALIN: Anka horrena ez al-dakizute?
JOXE: Ez.
KALIXTO: Isilduko al-zera, atso kontakatilu hori?
TXOMIN: Esan, esan, andra Kattalin.
KATTALIN: “Borda-luze” baserrira joan zan neska-laguntzera, gau batean eta hozka egin zion atariko zakurrak.
JOXE: Ja... ja... ja... (kalixto-ri) Hozka egin behar zenion zuk ere...
KALIXTO: Nori?
JOXE: Zakurrari. Nori uste zenuen, bada, neskatxari? Ja... ja... ja...
KATTALIN: Hil-zorian egon zan gizagajoa eta ordutikakoa du erren hori.
TXOMIN: Nolaz gelditu zinan mutiltzar?
KATTALIN: Haundiagoa esango dizuet: Hamalau urtez ibili zan Lesaka-ko neska batekin.
JOXE: Hamalau urtez?
KALIXTO: Zererik ez al-duzu esan behar?
KATTALIN: Nererik?
KALIXTO: Entzungo zenituke, bai., ederrak, zure alaba hor ez balego. Zu ere etzinan, gero, artaldeko bildotsik onena... Eliz-atzeko intxaurrak hizketan baleki...
V
lehengoak eta gaztea
GAZTEA: Arratsalde on.
GUZTIAK: Berdin.
GAZTEA: Kopa bat ateraidazu.
MIRENTXU: Nolakoa?
GAZTEA: Gorria.
KALIXTO: (Betaurrekoen gainetik begiratuko dio gazteari, erdizutiturik).
KATTALIN: Sukaldera noa, nere lanetara.
KALIXTO: (Berekiko) Nondik ezagutzen dut gazte hori?
TXOMIN: (kalixto-ri) Zertarako daramazkitzu sudurrean betaurreko hoiek, beroien gainetik begiratzekotan?
KALIXTO: (Erdi-zutiturik jarraiko da, gazteari begira) (Berekiko) Nondik ezagutzen dut gazte hori?
GAZTEA: Pello izan al-da hemen?
MIRENTXU: Oraindik ez da etorri.
GAZTEA: Noiz etorriko ote?
MIRENTXU: Laister, nere ustez.
GAZTEA: Bai?
TXOMIN: Inork jakitekotan, honek jakingo dik Pello-ren berri.
KALIXTO: (Mahaia joaz) A, bai...
JOXE: Norekin hasarra zera, Kalixto?
GAZTEA: (Kopa hustuaz). Geroxeago itzuliko naiz.
MIRENTXU: Pello-ri zerbait esatea nahi baduzu...
GAZTEA: Ez, ez; gero arte. (Irten bedi).
KALIXTO: (Begiak irteteko zorian begirako dio gazteari).
MIRENTXU: Ezaguna al-duzu, Kalixto?
KALIXTO: Ezaguna... ezaguna ez. Joan zan ostegunean ere Pello-ren galdezka zan hori bera, nere etxe aurrean.
MIRENTXU: Bai?
KALIXTO: Bai. Oker ez banago.
TXOMIN: Zu zuzentzen ez da erraza.
KALIXTO: Hi zuzenduko haut nik, tximu hori!!! (mirentxu-ri) Poltsa bat ekarri zion gazte horrek Pello-ri.
MIRENTXU: Poltsa bat?
KALIXTO: Bai.
MIRENTXU: Zer zekarren poltsa hartan?
TXOMIN: Ontzako urreak, apika. Ja... ja... ja...
KALIXTO: Herorri hi ontza, begi-haundi hori...
JOXE ta TXOMIN: (Farrez).
MIRENTXU: Zer egin zion poltsa hari, gero?
KALIXTO: Oheean sartu bazuen ere, nik zer dakit?
TXOMIN: Zuretzat zerbait izango zuen, agian.
MIRENTXU: Bai, zera.
JOXE: Badakigu, Mirentxu, lepoko urrezko kate hori ere Pello-k emana duzula.
KALIXTO: Zer, zer esan duk?
MIRENTXU: Ezer ez, zuri.
KALIXTO: Urrezko kate hori Pello-k eman zizula?
TXOMIN: Pello, zure mutil hori, Mirentxu-ren adiskidea danik ez al-zenekien?
KALIXTO: (Zutiturik). Zer esan duk? Egia al-da, Mirentxu?
MIRENTXU: Zerbait-zerbait...
KALIXTO: Txerri alena!!! Leku ederrean sartu ninduan...
TXOMIN: Horra, nolatan, zure mutilaren aita-ordeko egin zintezkeen, andra Kattalin-ekin ezkontzen bazera.
JOXE: Bi negozioak elkartu, gainera.
MIRENTXU: Aita-ordeko ederra opa didazute, alajaina...
KALIXTO: (Oldozkor) Ezer esan ez neri, mozolo horrek...
JOXE: “Angelus” errezatzen ari al-zera, Kalixto?
MIRENTXU: Baileki, bai.
KALIXTO: Hik jakingo dun... Eleiz-mutil ibilia naun, gero, ni.
TXOMIN: Meza legorrak izango ziren, beraz, zuk laguntzen zenituen mezak.
KALIXTO: Legorrak?
TXOMIN: Bai; ardorik gabeak... Meza-ardorik ez al-zenuen edaten?
KALIXTO: Ahal nuenean, bai.
VI
lehengoak eta pello
PELLO: (Lehenengo ekitaldiko poltsa harekin agertuko da, eta sal-mahaiaren gainean utziko du).
KALIXTO: (Zutiturik, pello-ren atzetik doa) Poltsa hori...
PELLO: Poltsa hori, zer?
KALIXTO: Poltsa hori da, Mirentxu, poltsa hori.
PELLO: (kalixto-ri bultz eginaz) Zoaz hortik, zarpail hori!!!
KALIXTO: (Aulkira doa).
MIRENTXU: Agurrik ere ez diguzu egin, Pello.
TXOMIN: Agurtuko zaitu, bai:.. Ja... ja... ja...
JOXE: Gu joatean agurtuko zaitu, goxo-goxo.
MIRENTXU: Zer hartuko duzu?
PELLO: Ardoa.
MIRENTXU: (Atera bezaio ardoa) Zer duzu poltsa hortan?
KALIXTO: (Erne dago, lepoa luzaturik).
PELLO: Urdai-azpiko bi.
KALIXTO: Zer?
MIRENTXU: Nondik ekarri dituzu?
PELLO: Erosi egin ditut.
KALIXTO: Zer?
MIRENTXU: Norentzat?
TXOMIN: Hori galdetzea ere... Bi urdai-azpiko... Hori da erregalia, hori...
JOXE: Maitatuko hau, berriro ere, Pello...
MIRENTXU: (Farrez) Badakizu zer egin, Joxe, inork maitatzea nahi baduzu.
TXOMIN: Bi urdai-azpiko... Maitasun garestia da hori, Mirentxu.
KALIXTO: Bi urdai-azpiko?
PELLO: Isilik zagoz, berritsu hori!!!
TXOMIN: (kalixto-ri) Bestelako harrera egingo lizuke andra Kattalin-ek, noizik behinka urdai-azpikoarekin etorriko bazina.
KALIXTO: Nik ekarritako urdai-azpikoarekin aho-sapairik ez dik gazituko, atso sorgin horrek...
PELLO: Zer dio, anka-baldar horrek?
JOXE: Hire aita-ordeko egin nahiean dabilela bai al-dakik?
TXOMIN: Bai. Andra Katallin-en atzetik omen zebilek.
JOXE: Aita-semeak zerate, laister.
PELLO: Lehenago itoko diat.
KALIXTO: Hiretzat nahi al-dituk biak?
TXOMIN: Batek ere lanik asko emango dio, Kalixto.
KALIXTO: Mutiltzar hobe likek, horrek ere.
MIRENTXU: Bai, e?
KALIXTO: Txerria hildako astea eta ezkondutako urtea omen dire onenak, Mirentxu.
TXOMIN: Txerririk hil gabe ekarri dizkio urdai-azpikoak, Pellok.
KALIXTO: (Sal-mahairuntz doa) Ia, nolakoak diren...
MIRENTXU: Zer?
KALIXTO: Urdai-azpikoak... Zer uste zenuen?
PELLO: (Aulkira eramango du kalixto, zarpatik) Hor zagoz, lotsa gabea. Zure etxean zagozela uste al-duzu?
VII
lehengoak eta koldo
KOLDO: (Ehizeko izkilua eta gerrikoa dakartz) Arratsalde on.
MIRENTXU: Bai zuri ere.
KALIXTO: (Bere burua ezkuta nahi luke, koldo ikustean. Bizkarra emango die guztieri).
TXOMIN: Hona, gure ehiztaria. Asko bota al-dituk?
KOLDO: Gerriko hori non erosi duk?
PELLO: Kalixto-k egin ziok.
TXOMIN: (Gerrikoa ikutuaz) Ederra duk... Kalixto zahar horrek bazekik lanean...
KOLDO: Kalixto diok... Kalixto... Tiroz botako nikek, hemen balego...
KALIXTO: (Mahai pean ezkutatuko da, koldo-ren hitzak entzutean).
PELLO: Hara hor Kalixto.
KOLDO: Non? (Izkilua zuzenduko dio kalixto-ri).
KALIXTO: Ez... ez... ez... (Deadarka).
TXOMIN: (koldo-ri izkilua ken nahirik) Hago geldi, horrelako astakeririk egin gabe.
MIRENTXU: (Eskubiko atetik aldegingo du, ikaraturik) Ama!!! ama!!!
KOLDO: (kalixto-ri) Nik garbituko zaitut!!!
PELLO: Lan ederra hartuko duk hori garbitzen. Jaio zanez geroztiko koipeak berekin dizkik.
VIII
lehengoak, kattalin eta mirentxu
KATTALIN: Zer da hemen?
TXOMIN: Ez da ezer, andra Kattalin.
MIRENTXU: Ezetz? Ia-ia tiroz bota zuen Koldo-k Kalixto, ama.
TXOMIN: Usorik ez omen du bota eta basurdea, orain, ia-ia.
KATTALIN: (koldo-ri) Kalixto-k zer egin dik?
KOLDO: joan zen ostegunekoa ahaztu al-zaizu?
KATTALIN: Zer, ordea?
KOLDO: Hiru mila pezetakoa, alegia.
KATTALIN: Hori al-duk guztia? Hiru mila pezetagaitik hil nahi al-duk gizona? Itzuliko dizkik, bai.
KALIXTO: (Berekiko) Haiek ikusteko beharko du... (Elkar hizketa isilean jardungo dire mirentxu eta pello).
TXOMIN: (Farrez) Hiru mila pezeta kendu dizkik, beraz, andra-gaia aurkitzeagaitik?
KOLDO: Dirua kendu bai; andra-gairik aurkitu ez, ordea.
KALIXTO: Besoan hartu eta etxera eramatea nahi al-duk? Nik egin diat nere lana; hik egin behar duk, orain, hirea.
KOLDO: Guztia egina zegoela esan zenidan atzo.
KALIXTO: Guztia... guztia, zer duk hiretzat? Hik saia behar duk guztia egiten, hik!!!
KOLDO: Ez du nahi, ordea!!!
KATTALIN: Mirentxu-k badik bere adiskidea, Koldo.
KALIXTO: (koldo-ri) Hik ere izango duk, urdai-azpikoa ekartzen badiok.
KOLDO: Hiru mila pezeta eta urdai-azpikoa gainera?
KALIXTO: Hiru mila pezeta neretzat eta urdai-azpikoak...
KATTALIN: Zer urdai-azpiko? (Farrez egongo dire txomin eta joxe, elkar hizketa guztian).
KALIXTO: (Zutiturik) Begira ezazu poltsa hortan, Kattalin.
KATTALIN: (Begira beza) Urdai-azpiko hauek nork ekarri ditu?
KALIXTO: Nik ez.
KATTALIN: Esan beharrik ez duzu hori.
MIRENTXU: Pello-k ekarri dizkit, ama.
JOXE: Guk ere hasi beharko dugu zerbait egiten, andra-gairik nahi badugu.
TXOMIN: (Erlojuari begira) Garai diagu, Joxe.
JOXE: Zer zor dugu?
MIRENTXU: Bina kopa dituzte, ama.
JOXE: Larogei pezeta, orduan.
TXOMIN: (Dirua sal-mahaiaren gainean utzirik) Tori...
JOXE: (kalixto-ri) Etzera amutsa, Kalixto.
TXOMIN: Zerbait har nahi al-duk, Koldo?
KOLDO: Beltz bat.
TXOMIN: Beltz bat atera Koldo-ri, nere kontura.
JOXE: (Atera bezaio).
TXOMIN: Tori sei pezeta.
PELLO: Kalixto bainan leialagoak dituk hauek, Koldo.
TXOMIN: (Ateruntz doa) Agur, guztiori.
JOXE: Agur, Kalixto. (kalixto buruan joaz) Hau duk mutiltzarra, hau!!!
TXOMIN: Ja.... ja... ja... Koldo bezelako asko bazenitu, bai ederki, Kalixto.
KOLDO: Hortan utziko diotala usten al-duk? Lehenago lepoa bigurrituko zioat. (Farrez irtengo dire txomin eta joxe).
IX
kalixto, kattalin, mirentxu eta pello
JOXE: Itzuliko dizkik diruak, Koldo.
KOLDO: Beharko. (Izkilua erakutsiaz) Bertan zerraldo utziko dut, bestela.
JOXE: Ixkanbilarik ez diagu behar hemen barruan; hor atarian nahi duzutena egin.
PELLO: Ez izutu, Kattalin. Hoekikoak berehalaxe egingo ditugu.
KALIXTO: Harro al-hago, harro? Oilategiko oilarraren antzera?
KATTALIN: Oilorik ez dago hemen eta oilarrik ere ez.
MIRENTXU: Bera, hori, oilarra.
PELLO: Gandorrik gabea, ordea...
KOLDO: (kalixto-gana doa) Nun duzu nere dirua?
KALIXTO: (Ardoa edango du, erantzuteke).
KOLDO: Non duzu?
KALIXTO: Zer?
KOLDO: Nere dirua!!!
KALIXTO: Tratoak trato izan ohi dituk.
KOLDO: Agindu zenidana bete al-duzu?
KALIXTO: Bai; joan zan ostegunean zer esan nizun, Mirentxu?
MIRENTXU: Senar-gai jator bat bazenuela neretzat.
KALIXTO: (koldo-ri) Ikusten?
MIRENTXU: Nik, ordea, ezezkoa eman nizun.
KATTALIN: Zure senar-gaiaren zai dagoelakoan al-zagoz, nere alaba?
KALIXTO: Ņo... Nongo erregekumeak ote zerate?
KOLDO: Atzo goizean zer esan zenidan?
KALIXTO: Ahaztu zaidak.
KOLDO: Mirentxu-k baiezkoa eman zizula esan zenidan eta beste hiru mila pezetakoa eskatu.
PELLO: Eman al-hizkiokan?
KOLDO: Ez.
KALIXTO: Zaila dik honek dirua, zaila...
KOLDO: Zaila? (Berotu da zeharo eta lepotik helduko dio kalixto-ri).
KALIXTO: Ai... ai... ai... Itoko nauela!!!
KOLDO: Emango al-didazu ala ez?
KALIXTO: Ai... ai... ai... Itoko nauela, Pello!!!
KATTALIN: Geldi egongo al-zerate?
MIRENTXU: Zerbait egin ezazu, Pello; itoko du bestela.
PELLO: Hori ito? Ez, ez. Errotarria lepotik loturik duela itsasora jaurtiko balu ere ez.
KATTALIN: (koldo-ri gerrikotik heldu eta atzera egingo dio) Egongo al-zera geldi?
KALIXTO: Ai... ai... ai... Ken hidak ero hau, Pello!!!
PELLO: Hor konpon...
KOLDO: Emango al-dizkidatzu ala ez?
KALIXTO: Bai, bai!!!
KOLDO: (Utz bezaio).
KALIXTO: Nere lan-tokira hoa bihar eta han emango diat.
KOLDO: Ez... ez... Orain behar dut.
KALIXTO: Guztia ez diat, bainan, hemen...
KOLDO: Zenbat daukazu?
KALIXTO: (Berekiko) Hiri esango diat..,.
KOLDO: Zenbat?
KALIXTO: Etzekiat, bada... Hogei duro, edo...
KOLDO: Ongi da. Han izango nauzu bihar goizean. Hi haiz lekuko, Pello.
PELLO: Ni? Et... et... et...
KOLDO: Berdin duk. (kalixto-ri) Eman beharko didazu, bizirik nahi baduzu.
KATTALIN: (koldo-ri) Ospa hemendik!!! Zu ere bai, Kalixto!!! Arratsalde osoan zagoz, hor, txiki-erdi batekin.
KALIXTO: Zagi osoa edatea nahi al-zenuen?
KOLDO: (Irten bedi, isilik).
KATTALIN: Zagia ere hustuko zenuke bai, inork ordainduko ba-lizu.
MIRENTXU: Dar-dar-dar egon naiz, beldurrez.
PELLO: Beldurrez?
MIRENTXU: Bai. Hilko zuela uste nuen.
PELLO: Hori hil? Ez, ez. Hori hilko duen izkilurik ez da.
KALIXTO: Urdai-azpiko hoiek ez al-ditugu ikusi behar?
KATTALIN: Ikusten, lukainka hori!!! Oraintxe zan antsika, laguntza eske eta ikusten nolako ateraldia, orain.
MIRENTXU: (kalixto-ri) Zuretzat direlakoan al-zagoz?
KALIXTO: Ez, pertxenta, ez; ikusi egin nahi nituen, besterik ez.
PELLO: (kalixto-ri) Hor egon behar al-duzu gaberdirarte?
KALIXTO: Neri ezer agintzeko nor haiz hi?
KATTALIN: Ni naiz hemengo etxekoandrea eta alde hemendik!!!
KALIXTO: Ņo... Badakigu, emakume, badakigu... Hori da mokoa, hori!!! Atsegin ez da izango zure alboan, bibote hoiek zutitzen zaizkizunean...
KATTALIN: Nere ondoren habil, bada, aspaldian...
KALIXTO: Ni? Zu bai, nere ondoren.
KATTALIN: Je... je... Hi bezelako zarpa-jario batentzat nagoela al-derizkiok?
MIRENTXU: Oso dotore dago, gaur, ama, korbata eta guzti...
KATTALIN: Tokatzen urdeari gerriko gorria... Banoa, banoa, esan behar ez direnak esan ez ditzadan... Agur, Kalixto...
KALIXTO: Agur, agur... regiņa masustiņa... Ja... ja... ja...
KATTALIN: (Irten bedi, musin eginaz) Kaiku hori...
KALIXTO: Edango zenuke kaiku hontatik... Ja... ja... ja...
X
mirentxu, pello eta kalixto
MIRENTXU: Amak zer esan dizun entzun duzu.
KALIXTO: Bai. Oso etxeko duzute Pello hau, e?
MIRENTXU: Etxeko edo atariko, alde hemendik! ! !
KALIXTO: Zergaitik bidali nahi nauzuten badakit.
MIRENTXU: Zergaitik?
KALIXTO: Zera... Kontu potxoloak eta... badakizu... Ur hoietan ibilia naiz ni ere...
PELLO: (kalixto-ri zarpatik) Alde hemendik!!!
KALIXTO: Hau amaitzean joango nauk, mutil... Hori duk ezin egona, hori. Gero ere hor izango duk bai, hori.
XI
lehengoak eta gaztea
GAZTEA: (pello-gana doa) Kaixo.
PELLO: Kaixo.
GAZTEA: (Aurrera darama pello, besondotik heldurik) Saldu al-dituk?
PELLO: Oraindik ez.
GAZTEA: Laugarren eguna duk eta oraindik ez?
KALIXTO: (Gazte bien albora doa, astiro, zerbait entzun nahiean).
GAZTEA: Sosik ez diat...
PELLO: Zerbait aurreratuko diat.
GAZTEA: Zenbat?
PELLO: Bostehun pezetako bat, edo.
KALIXTO: (Berekiko) Urdai-azpiko merkeak dituk, alazankoa!!!
PELLO: (kalixto ikustean) Zer nahi duzu?
KALIXTO: Ezer ez.
PELLO: Zoaz bada.
KALIXTO: (Bere aulkira doa).
GAZTEA: Bostehun pezeta besterik ez?
PELLO: Besterik ez diat hemen. Bihar emango dizkiat gainerakoak.
GAZTEA: Emaizkidak, bada, bostehun.
PELLO: (Sakelak miatuz) Non ote diat?
KALIXTO: (Berekiko, farrez) Kajaorrosen...
MIRENTXU: Zeren bila zabiltz?
PELLO: Bostehunekoa hartu nuela uste nuen-ta...
KALIXTO: (Berekiko) Bai, bai...
PELLO: (mirentxu-ri) Bostehunekorik bai al-duzu hor?
MIRENTXU: Bai. (Emanaz) Tori.
PELLO: (Dirua hartu eta gazteari emango dio).
GAZTEA: Bihar goizean joango natzaik lantokira.
KALIXTO: (Berekiko) Ez alferrik...
PELLO: Bai.
GAZTEA: Agur.
PELLO: Zerbait hartuko duk...
GAZTEA: Ez, ez; agur. (Irten bedi).
KALIXTO: (Berekiko) Gazte hori... poltsa... urdai-azpikoak... bostehun pezetakoa... Nagusiaren antzeko morroia dela esango nikek.
PELLO: Bihar emango dizut ordaina, Mirentxu.
KALIXTO: (Berekiko) Bai, bai...
MIRENTXU: Jesus... Emango didazu, bai...
KALIXTO: (Berekiko) Emango din, bai...
MIRENTXU: Gazte hori nor zen?
PELLO: Lesaka-ko nere adiskide bat.
KALIXTO: Gezurra!!!
PELLO: Zer dakizu zuk?
KALIXTO: Nik ezagutzen ez dudan sagurik ez duk Lesaka-n.
PELLO: Etorri berria da Lesaka-ra.
KALIXTO: Hala beharko... (Berekiko) Gezurra jaulki duk, orain ere.
MIRENTXU: Buka al-duzu ardo hori?
KALIXTO: Bai, emakume, bai. Hori da presa, hori!!! Ez dizu aldegingo, ez.
XII
lehengoak eta kattalin
KATTALIN: Aitaren, Semearen... Oraindik hemen al-dago alproja hau? Ospa hemendik!!! Ateak itxi behar ditugu.
KALIXTO: Beste hori ez al-duzu bidali behar?
KATTALIN: Hori ere joango da, bere garaiean.
KALIXTO: Bere garaiean, beraz, e? Ja... ja... ja... (ateruntz doa).
MIRENTXU: Ardoa ordaindu al-dizu, ama?
KATTALIN: Ez, neri.
MIRENTXU: Ardoa noiz ordaindu behar duzu, Kalixto?
KALIXTO: E...?
MIRENTXU: Ardoa ordaintzeko, alegia.
KALIXTO: Lehen ez al-dizut ordaindu?
MIRENTXU: Ez, neri.
KATTALIN: Ezta neri ere.
KALIXTO: Ziririk sartzerik etzegok haueri. (Berekiko).
KATTALIN: Zer esaten ari zera?
KALIXTO: Tori, hamabost pezeta.
KATTALIN: Hamabost ez, hogei.
KALIXTO: Berriz ere igo al-duzute?
MIRENTXU: Ondotxo dakizu zenbat dan...
KALIXTO: Tori, tori...
MIRENTXU: Ongi da.
KALIXTO: (mirentxu bizkarrean joaz) Hau duk marrubia, hau... Ja... ja... ja...
MIRENTXU: Belarrondoko hotzak kentzea nahi ez baduzu, alde hemendik! ! !
KALIXTO: Ja... ja.... ja... (Irten bedi) .
XIII
kattalin, mirentxu eta pello
KATTALIN: Zuek ere ez luzaroan, egon, berandu da-ta.
MIRENTXU: Berehalaxe goaz, ama.
KATTALIN: Urdai-azpiko hoiek norentzat dituk, Pello?
PELLO: Zuentzat.
KATTALIN: Musu-truk?
PELLO: Musu-truk, edo,...
KATTALIN: Eskerrikasko, Pello. (Poltsa harturik) Hau duk erregalia, hau!!!
PELLO: Ez da ezer hori.
KATTALIN: Ezetz? Alajainetan... Sukaldera zeramazkiat,-beraz.
MIRENTXU: Bai, bai.
KATTALIN: Eskerrikasko eta bihar arte, Pello. (Irten bedi).
PELLO: Bihar arte, bai.
KATTALIN: (Atetik). Atariko atea itxi zan, Mirentxu. (Ezkuta bedi).
MIRENTXU: Bai, ama. Atea itxitzera noa, Pello. (Irten bedi ezkerreko atetik).
PELLO: Lagunduko dizut. (Irten bedi).
oihala