Bata zu eta bestea ni
Iņaki Begiristain
Bata zu eta bestea ni
Iņaki Begiristain
Antzerti, 1984
Bata zu eta bestea ni
Iņaki Begiristain
Antzerti, 1984
[aurkibidea]

 

LEHENENGO EKITALDIA

 

(Oinetako-konpontzaile baten lan-tokia izango da ekitaldi honetako antzez-leku. Atariko atea ezkerrean eta etxerakoa bestaldean. Apal bat edo beste horman, oinetako zaharrez beteak.

Oinetako konpontzaileari dagokion mahai bat eta aulki bi mahaiaren alboan; beste aulkitxo bat erdian. Jazkera laburra duen andereņo baten irudia du horman isekirik dagoen egutegiak... Bi txingura, ezten, mailu, harri, belaun-harri eta txatal ezarleak erabili ohi dituen beste edozein tresna, han-hemen.)

 

 

I

 

KALIXTO: (Gizaseme errena da. Mailuketan ari zaio oinetako zahar bati, oihala zabaltzean. Horman dagoen egutegiari begiratu eta algara egingo du; apal gainean dagoen erloju txirrindunari begiratuko dio, buruari eraginaz, haserreturik bezela).

 

 

II

 

kalixto eta izper-saltzailea

 

IZPER: (Aurrera doa, izpar-sorta galtzarbean eta izper bat kalixto-ri eskaintzen diolarik). Egun on, Kalixto. Garaiz ekin diozu lanari.

KALIXTO: Beharko...

IZPER: Nahiko duzu, noski, albistaria.

KALIXTO: Hartuko ez banu, hobe.

IZPER: Isilik zagoz, Kalixto... Hogei pezeta zer dire, bada, zuretzat?

KALIXTO: Hutsa dituk hogei pezeta (eskuan duen albistaria erakutsiaz) eta hau ere bai, halaxen duk, hutsa. Fubola eta gezurra ugari, besterik ez.

IZPER: (Farrez) Hau duk Kalixto, hau... (kalixto-k eman dion dirua sakelean sartuaz). Mutilla non duzu?

KALIXTO: (Haserre) Mutila? ... (Apaleko erlojua erakutsiaz) Zer garai den ikusten al-duk? Bederatziak dituk eta oraindik etzaidak etorri. Datorrenean zerbait zuzenik egingo ba-lu, gaitzerdi...

IZPER: Elkarren antzeko nagusi-morroiak zagozte, beraz.

KALIXTO: (Mahaiean dagoen mailua hartu eta jasorik). Aldegin hezak hemendik... honoko honekin ematea nahi ez ba-duk...

IZPER: (Algaraka doa).

 

 

III

 

KALIXTO: (Betaurrekoak ipini eta albistaria irakurtzen ariko da).

PELLO: (Ozta-ozta sartzen zaion txapela du buruan eta ogi-erdi bat galtzarbean, hamarretakoa egiteko. Astiro eta lasai dator).

KALIXTO: (Betaurrekoen gainetik begira). Zer garai den bai al-dakik?

PELLO: (Esku-muturrean duen ordulariari begira). Zortzirak.

KALIXTO: Zortzirak, beraz? (Apaleko erlojua erakutsiaz). Ikusten al-duk hori?

PELLO: Zer?

KALIXTO: Hi haiz lasaka-poto, hi! Zer ordu da hor?

PELLO: Bederatziak, hor. (Bere erlojuari begira). Erloju hori oker dago, Kalixto.

KALIXTO: Hi okertuko haut, berehala lanari ekiten ez badiok...

PELLO: Zertan hasi behar dut?

KALIXTO: Bibolina jotzen ezin hasiko haiz, noski. (Alboan dagoen aulkia erakutsiaz). Jar hadi hemen eta ekiok lanari.

PELLO: (Hamarretakoa apalean utzi eta jar bedi aulkian, aurremantala jantzi ondoren).

KALIXTO: (Oinetako pare bar emango dio pello-ri). Tajutu hitzak hoiek.

PELLO: Zer egin behar zaie?

KALIXTO: Zoru-ertzak askatuak dituztela ez al-duk ikusten? (Albistaria irakurtzen jarraituko du).

PELLO: (Oinetako bati iltzeak sartzen hasiko da, mailuka... Une batean hontan ari eta kalixto irakurtzen ari den albistariari zehar-begiraka).

KALIXTO: (Betaurrekoen gainetik pello-ri begira). Zer...?

PELLO: (Lanean, berriro). Ezer ez.

KALIXTO: (Irakurtzen).

PELLO: (Albistariari begira nahi lioke bainan kalixto ez dago lo, eta mailuketan egin behar). Bion lanak nik egin behar al-ditut?

KALIXTO: Kaiku lotsagabea!!! Ordu-bete beranduago etorri eta marmarrean ari haiz? Egitzak hire lanak eta egingo dizkiat nik nereak. Asteroko lan-saria nork ematen dik?

PELLO: Ederra, zuk ematen didazun sari hori...

KALIXTO: Hire lanaren din baduk eta beste lan-toki hobeagoren bat aurkitzen baduk, bahoake, nahi dukanean. Nundik norako kertena da hau, ordea? Izperringiari begiratutxo bat ematen ere utzi nahi ez, ni nagusia izanik...

 

 

IV

 

lehengoak eta anttoni

 

ANTTONI: (Lurrontzitxoa dakar esku batean eta ogi-zatia bestean, kalixto-k hamarretakoa egin dezan). Hona, hire hamarretakoa, seme.

KALIXTO: Ongi da, ama; utz ezazu, hortxe, apalean.

ANTTONI: Hamarretakoa ekarri al-duk, Pello?

KALIXTO: Hamarretakoa, horrek? Oraintxe etortzea egin du-ta.

ANTTONI: Ixilik hago! Hik merezi ez bezalako mutila duk hau. (kalixto-ri). Ardorik bai al-duk?

KALIXTO: Bai. Badut, oraindik, zatoan.

ANTTONI: Gero jetxiko nauk lurrontziaren bila.

KALIXTO: Ez, ama; Pello-k eramango dizu.

PELLO: Eramango dizut, bai, Anttoni.

ANTTONI: Gero arte, bada. (Eskubiko atetik doa).

KALIXTO: Bai.

PELLO: Gero arte, Anttoni.

 

 

V

 

kalixto eta pello

 

KALIXTO: (Albistaria utzi, eskuak galtza-ipurdian igortzi eta mahaiean ipiniko ditu amak ekarri dizkion lurrontzi eta ogia. Berehala hasiko da hamarretakoa egiten, ogi zatiarekin jakia lurron tzitik atera eta ahora eramanaz).

PELLO: (Apalean utzi duen hamarretakoa hartzera doa hau ere. Ogi-artean zer dagoen begiratu eta hozkaka hasiko da, bere aulkian jarririk).

KALIXTO: (Ahoa janez betearekin mintzatuko da). Itoko haiz, mutil, horrenbesteko puskak sartzen badituk.

PELLO: (Betea du ahoa, honek ere). Larri zabiltz zu ere...

KALIXTO: (Mahaipetik zatoa atera eta zurrut egingo dio).

PELLO: (Begiak irteteko zorian egongo da, kalixto-ri begira).

KALIXTO: (Zatoa mahaipean utzirik). Ņo... bikaina zegok...

PELLO: (Zatoa har beza mahaipetik eta edaten hasi).

KALIXTO: (Zatoa kenduko dio). Hiretik edan zak, edan nahi baduk. (Beste zurrut bat egingo du). Hau duk mama, hau!!! (Jaten jarrai beza). Lanean hasi hadi, mutil!!!

PELLO: (Ogia erakutsiaz) Hau jatean hasiko naiz.

KALIXTO: Pixka baterako bahago, beraz.

 

 

VI

 

lehengoak eta saturdiņa

 

SATURDIŅA: Egun on.

KALIXTO: (Aho betearekin hitzeginaz). Bai zuri ere.

SATURDIŅA: Zer???

KALIXTO: (Ahokoa irentsiaz). Bai zuri ere, esan dizut.

SATURDIŅA: Lehen ere entzungo nizun, horrela esan bazenidan. Konpon al-dituzu nere oinetakoak?

KALIXTO: Ez, bada. Buruz-gain dugu lana eta zure hoiekin ez gera hasi, oraindik.

SATURDIŅA: (Haserre). Buruz-gain izango duzu lana, berriro ere, ezer egiten ez baduzu... Jaten aurkitzen zaituet, natorren bakoitzean. Jaten eta edaten.

PELLO: Edaten? Nik ez asko...

KALIXTO: (Zatoari zurrut). Nahi-ta nahiezkoak ditugu jana eta edana, Saturdiņa, langileok batez ere. Jar zaite aulki hortan eta berehala egingo dugu zure hoiekikoa, hamarretakoa amaitzean.

SATURDIŅA: (Aulkian jar bedi). Hiru egun dire oinetakoak ekarririk eta oraindik ezertan hasteke...

KALIXTO: Zagoz hortxe, eder hori, berehalaxe egingo ditugu-ta. Honoko honek zerbait egingo baliket... Neroni nola-halakoa naizelarik, ordea, partza bainan alferragoa dut laguna...

PELLO: (kalixto-ri zehar-begiratu bat eginik, jaten jarraituko du).

SATURDIŅA: Bai, bai... Mutilari aitzakiak ezarri... Zozoak ipurbeltza beleari...

KALIXTO: Senar-gairik bai al-duzu?

SATURDIŅA: Senar-gairik ez dut, ez.

PELLO: (Zatoari luzatuko dio eskua bainan ostikoz atzeraraziko dio kalixtok).

KALIXTO: Senar-gairik ez, beraz?

SATURDIŅA: Ez.

KALIXTO: Gazteago banintz...

SATURDIŅA: Zer egingo zenuke?

KALIXTO: Neroni saiatuko nintzakela, alegia, zu niganatzen...

PELLO: Ja... ja... ja...

KALIXTO: Nori egiten diok far, hortz-haundi horrek?

PELLO: Zuri. San Pedro baino zaharrago zera ta neska-usaiean zabiltz?

SATURDIŅA: Ez duk gezurra. (Farrez). Sofia Loren edo horrelakoren bat beharko likek honek.

KALIXTO: Sopia hori nor da?

PELLO: (Farrez) Zera... Inglaterra-ko erreginaren alaba gazteena. Ja... ja.. ja...

KALIXTO: (Mailua jasoaz) Txapel txiki hortan emango diat, isilik ez bahago.

SATURDIŅA: Goseak hilko zenuke zuk emaztea, Kalixto.

PELLO: (Mahi peko zatoari begira) Goseak eta... egarriak.

KALIXTO: Horri begira al hago? Noiz hasi behar duk lanean?

PELLO: (Ogia erakutsiaz) Ia bukatu dut.

KALIXTO: (Amaitu du hamarretakoa eta apalera doa ontzia uztera).

PELLO: (Zurrut egingo dio zatoari, kalixto apalera doan bitartean).

KALIXTO: (Apaletik oinetako bi hartu eta saturdiņari erakutsiaz) Hauek al dire zureak?

SATURDIŅA: Hoiek al diren galdezka zatozkit orain? Zazpi azal badituzu aurpegian.

PELLO: Eta gogorrak zazpirak. Horren azalarekin ezarritako zoru erdirik ez litzake urratuko, ez.

KALIXTO: (Bere aulkira doa).

SATURDIŅA: Arin-arin zabiltz, Kalixto; luzaroan egoterik ez dut.

KALIXTO: (Oinetakoeri mailuka) Hau bezain leku atseginik non aurki behar duzu? Bi prakadun, eta...

SATURDIŅA: Prakadun beharrik ez dut.

KALIXTO: Je... Helduko zenioke bai, gogokorik baletorkizu... Gogor heldu ere...

SATURDIŅA: Zuri ez, beintzat, egos-gogor horri.

PELLO: Ja... ja... ja...

KALIXTO: (pellori) Isilik hago, astaputza!

SATURDIŅA: Zuk egon behar duzu isilik, zuk!

KALIXTO: Ņo... Zu zera matxardina, zu... Zerbaitegaitik zagoz neskazar, bai.

SATURDIŅA: Aizu! hogeitamar ez ditut oraindik eta neskazar usairik ez dut. Zu bai mutilzarra, anka-oker hori!

PELLO: Ja... ja... ja...

KALIXTO: (Begiratu zorrotza egingo dio pello-ri).

SATURDIŅA: Buka al dituzu ala ez?

KALIXTO: Bai, pertxenta, bai; bukatu ditut: Tori.

SATURDIŅA: (Oinetakoak hartu eta begira) Zer da hau, ordea?

KALIXTO: Zer gero?

SATURDIŅA: Zer egin duzun bai al-dakizu?

KALIXTO: Oinetakoak konpondu.

SATURDIŅA: Konpondu, diozu, konpondu? Nere oinetako gaixoak... Azpitik sartu eta gainetik atera dizkietzu nere behatza hainbateko iltzeak.

KALIXTO: Azpitik sartu eta gainetik atera? Gainetik sartu eta azpitik ateratzea nahi al-zenuen?

SATURDIŅA: Oina nondik sar behar dut, gaineko larrua zoruari josi badiozu?

KALIXTO: Ez larritu, Saturdiņa; bereala zuzenduko diet hori. Emaizkidatzu.

SATURDIŅA: Gezurrak irten dizu... Nere oinetakorik ez duzu, berriz, zure atzapar baldar hoietan hartuko...

PELLO: Ja... ja... ja...

KALIXTO: (Mailua hartu eta pello-ren buru gainean jasorik duen unean agertuko da on toribio).

 

 

VII

 

lehengoak eta on toribio

 

TORIBIO: (Atetik) Geldi. Kalixto, geldi!!!

SATURDIŅA: (Laisterka aldegingo du, ikaraturik).

KALIXTO: (Atera doa Laisterka eta errenka) E... Saturdiņa... Ez didazula ordaindu...

TORIBIO: Zer egin dik Pello-k?

PELLO: Ezer ez.

KALIXTO: Nazka-nazka egin nau oraintxe, bere ja-ja ta je-je egin beharrarekin.

TORIBIO: Ja-ja ta je-je egiteagaitik al habil horrela?

KALIXTO: Bai, eta muinetaraino sartuko nion mailua, zu etorri ez ba zinen, On Toribio.

TORIBIO: Gizona, gizona... Ja-ja ta je-je egiten badik, jo-jo ta ju-ju egiok eta kito. Gizatasun gehiago behar dik, hire adinean batez ere eta elkarren hutsegiteak barkatzen jakin. Albistaria non duk?

KALIXTO: Betiko lekuan On Toribio.

TORIBIO: (Apalera doa izperringia hartzera eta jazkera laburdun egutegia ikusiko du) Aitaren, Semearen...

KALIXTO: Zer duzu, On Toribio?

TORIBIO: (Egutegiari begira) Aitaren, Semearen... (pello-ri) Lizunkeri hau nork ipini du?

PELLO: Nik ez.

TORIBIO: (kalixto-ri) Hik?

KALIXTO: Nik ipini dut, bai, gaur goizean. Txarrik zer du horrek?

TORIBIO: Buru haundi hortatik ongi ez hago hi.

PELLO: Ja... ja... ja...

KALIXTO: (Begiratu zorrotza pello-ri).

TORIBIO: Narraskeri hauekin al-habil, zahartu ondoren?

KALIXTO: Narraskeria? Guri eta legun askoa dago hori, On Toribio.

TORIBIO: Lotsatzen nauk, Kalixto, lotsatzen nauk.

KALIXTO: Zer dala-ta?

TORIBIO: Ilero nere aitorlekuan belaunikatzen den bat honelako zikinkeriekin atsegintzea, lotsagarria duk neretzat.

PELLO: Itxurak egiten ditu honek, On Toribio, itxurak. Hemen ikus behar du hau, hemen.

TORIBIO: Benetako kristauaren jokabidea berdin-berdina behar dik izan, bai elizan, bai etxean eta ardandegian.

KALIXTO: Ezta ikaragarrizko txarkeriren bat egin izan banu ere...

TORIBIO: Okerra, okerra duk, beti eta edonun.

PELLO: Honen anka bezela...

KALIXTO: Antzinako ohitura eta zera haiek joan ziren pikutara.

TORIBIO: Hi haiz gibel-urdina, hi!!!

KALIXTO: Apaizak ere, etxetik eleizara eta eleizatik etxerako bidetik etziren irteten, lehen; eta orain... gona luzeak kendu, ile luzeak utzi... bizarrak ere bai, eta...

TORIBIO: Garaiean garaiko belarrak ernetzen dituk, Kalixto.

KALIXTO: Hori bada, hori... Garaiean garaiko belarrak. (Egutegia erakutsiaz) Horroko hori bezela...

TORIBIO: Belar txarrak ere izan ohi dituk, ordea.

KALIXTO: Bai horixe!!! Barrabas-belarra ugaria izan ohi da. Apaizen artean ere bada, gero, barrabasik...

TORIBIO: Apaizok ere gizonak gaituk, Kalixto.

KALIXTO: Gizonak, noski; horregaitik ezkontzen dire, asko ta asko.

TORIBIO: Guzion egile den hark neurtuko dizkik nere, hire eta guztion egintzak eta gu ez gaituk nor inoren bideak harresiz itxitzeko, eztere epaitzeko.

KALIXTO: Bai, bai... Ate guztientzat maratilak badituzu, On Toribio. Apaiz asko, ordea, ezkontzen direla ez didazu ukatuko, noski.

TORIBIO: Hala duk bainan hik eta nik erabiltzeko gaiak ez dituk hauek.

KALIXTO: Ez, ez; oinetakoak konpontzen bestetan ez dakit nik.

PELLO: Oinetakoak konpontzen? Arestian joan den Saturdiņa-ri galdegin behar...

KALIXTO: (Begiratu gaiztoa egingo dio pello-ri). (Isil-une batean, albistaria irakurtzen ariko da on toribio).

KALIXTO: Hori da ezkon beharra, hori! !! Hemen nago, bada, ni mutiltzar...

TORIBIO: Hagon bezala egoteko hobea haiz hi. Gaztearoan saia gabez ez, ordea, aditzera dutanez.

PELLO: (Entzuten dago, lanari utzirik).

KALIXTO: Jarria zak lanean.

TORIBIO: Hamalau urtez eduki ukan, Maritxu gaixoa, hiri begira.

PELLO: Hamalau urtez? Hau da zartaririk gabeko kertena, hau!!!

KALIXTO: Apaiz egin izan banintz, gaztetan...

TORIBIO: Orduan ere izango ukan zer esana.

KALIXTO: Zuek bizi zerate, zuek!!! Goizean ordu-erdiko mezatxoa eta kaixo mutil... Beste lanik ez... Kotxea atarian eta non gogoa han zangoa...

TORIBIO: Hori duk zirika beharra, hori... Zer jan duk, gaur?

KALIXTO: Gibela, On Toribio; gibelarekin egin dut Hamarretakoa.

TORIBIO: Txarra ez duk. Oraindik baraua hautsi gabe egoteko ona hago, ni bezela.

KALIXTO: Jan behar haundirik ere ez du lanik egiten ez duenak, On Toribio.

TORIBIO: Mailuz lau iltze sartzea duk hire lana. Hik uste bezain leguna eta erraza balitz apaizon bizikera, gertatzen direnak ez hituzkek gertatuko, Kalixto. Guztiontzat zegok gurutzea lur honetan. Hire gurutze hori astuna al-duk?

PELLO: (Farrez) Bai, On Toribio! Honen hori astuna behar du izan.

TORIBIO: Bai?

PELLO: Bai. Horregaitik okertu zaio eskubiko hanka hori.

KALIXTO: (Mailua jasoaz) Txirtxilatuko haut!!!

TORIBIO: Geldi, Kalixto, geldi!!! Horrelakoa ez dik behar gizonak. Txantxa bati, beste txantxa batekin erantzuten zaiok.

KALIXTO: Zergaitik sartzen da hori nere anka honekin?

TORIBIO: Nolaz egin hukan hori, Kalixto?

KALIXTO: Hozka egin zidan zakur batek, gazte-aroan.

PELLO: Neska-laguntzera joan omen zen gabaz eta ateko zakurrak hozka... Ja... ja... ja...

TORIBIO: Neska-laguntzera joanda, beraz? Harritzekoa duk... neska-kontua besterik ez duk, hitzetik-hortz eta mutiltzar gelditu hintzan, bada...

KALIXTO: Ezkonduak ere nahiko lanakin ikusten dire, On Toribio. Haurrak hazi, nekeak bizi eta azkenean, erruki-etxera, asko eta asko.

TORIBIO: Ezkon-gabeak arrisku larriagoa dik erruki-etxera joateko...

KALIXTO: Bai, hala da. Umeak hazitzen eta emaztea mantentzen jasan behar direnak jasan gaberik, ordea, joango naiz ni, joaten banaiz...

TORIBIO: Hi haiz egos-gogorra... Ikasbide ederrak ari haiz ematen alboko gazte horri... Berehala bukatuko hukek mundu hau, Kalixto, guztiak hire antzeko balira. Eta, hire antzeko asko zegok gure herrian. Hemen hainbat mutiltzar iņun ez diat ezagutu.

KALIXTO: Gu mutiltzarron hutsunea betetzearren ariko dira, beraz, apaizak ezkontzen?

TORIBIO: Hortara hoa, orain ere... (Eskuan duen izperringia apalean utzi eta horman dagoen egutegiari begira). Zikinkeri kau ken behar duk, Kalixto, ni bihar natorrenerako.

KALIXTO: Zikinkeria? Lurreko izaki guztiak Jainkoak eginak direla, zerorreri entzun izan dizut, mila bider.

TORIBIO: Halaxen duk.

KALIXTO: Beraz... zikinkeriarik egin ahal dezake Jainkoak?

TORIBIO: Ez. Bera edertasun hutsa delarik, Jainkoak ez zezakek edertasuna besterik egin. Guk, gizonok zikintzen dizkiagu Jainkoak egin dituen edertasunak.

KALIXTO: Azkarragoa zinela uste nuen, On Toribio.

TORIBIO: Bai?

KALIXTO: Bai. Jainkoak edertasuna besterik egin ez badeza (Egutegiari begira) eta guk zikindu Hark eginiko edertasunak... Horrek ez dauka zikinkeri haundirik... Jainkoak eginda bezalaxe dago, ia-ia... edertasun guztiak agerian dituelarik. Beraz, zertarako zikindu edertasun hoiek?

TORIBIO: Gezurra zirudik, Kalixto; hik izan dukan heziketa izan eta horrelako urdekerietan nahastea...

PELLO: Guztia bazeneki...

KALIXTO: Isilik hago, hi!!!

TORIBIO: Hori hortik kentzen ez baduk, egundo ez nauk etxe hontan ikusiko.

KALIXTO: Itzuliko zera, bai, On Toribio... Izperringia non irakurriko duzu, etortzen ez bazera?

TORIBIO: Egunoro uzten zidatek neri izparringia etxean. Entzun? (Irten bedi).

 

 

VIII

 

kalixto eta pello

 

KALIXTO: (on toribio irten den alderuntz begira) ja... ja... ja... Zearo hasarratu zaiguk On Toribio.

PELLO: Nor ez hasarratu zurekin? Liztorrarena baino zorrotzagoa duzu miztoa. Zula ta zula, iņor nazka-nazka egin artean... Apaizik ere ez duzu errespetatzen!

KALIXTO: Ni baino gehiago al duk, bada, hori?

PELLO: Lotsagabekerian ez. Herrian dugun gizonik jakintsu eta jatorrenarekin berdinka nahi al-duzu, inguruetako saltsa guztien lapiko besterik ez zeran hori?

KALIXTO: Saltsa-lapiko ni? Neurtu, gero, hitzak. Urte bi hauetan higan zer gertatu den etzekiat, mutil. Alfer eta kaskailu bat besterik ez haiz, lehen gazte argi eta leial hintzan hori.

PELLO: Nolako jaun, halako mirabe, Kalixto. Morroi onik ez da nagusi txarrarentzat. Zuk erantsitako arabakiak ditut alferkeria eta kaskailukeria. Marrubi-opil bihurtzea nahi al-zenuke, zuk eman didazun bekorotzaren truk? Ez, Kalixto, ez... Zazpi urte hauetan zuk egin nauzun bezalakoa nauzu.

KALIXTO: (Hitz-beste eginaz) Buka al-dituk hoiek?

PELLO: Bai.

KALIXTO: Ia... (pello-k emango diozkan oinetakoak harturik) Belaun-harriz legundu hitzak ertz hoiek.

 

 

IX

 

Lehengoak eta koldo

 

KOLDO: (Azkar-azkarra ez dirudi) Kaixo, Kalixto... Zer diok, Pello?

KALIXTO: Zer habil, Koldo?

KOLDO: Lantxo bat egingo al-hidakek, Pello?

KALIXTO: Nagusia nor da hemen?

KOLDO: Zu nagusia, noski, bainan...

KALIXTO: Zer bainan eta zer bainon... Zer nahi duk?

KOLDO: Ehizerako gerriko bat nahi nuke.

KALIXTO: Gerrikoa, e?

KOLDO: Bai; kartutxo-huel edo gerriko dotore bat nahi dut.

KALIXTO: Ederrak badizkiat eginak.

KOLDO: Zenbatean egingo zenidake?

KALIXTO: Etzekiat, bada. Bi mila pezetaz behetik, behintzat.

KOLDO: Bi mila pezeta? Mila pezetan egin zion Pellok, oraindik-orain, nere adiskide bati.

KALIXTO: Pello-k? Non egin hukan?

PELLO: Etxean.

KALIXTO: Neri ostutako narruarekin, noski.

PELLO: Zuri ez dizut ezer lapurtu.

KOLDO: Egingo al-didazu ala ez?

KALIXTO: Mila ta bostehun pezetan egingo diat.

KOLDO: Horrek baino bostehun pezeta gehiago, zuk?

KALIXTO: Lapurtutako narruarekin errez egiten dik horrek... Mila pezetan egingo diat, bada.

KOLDO: Noizko?

KALIXTO: Etzirako egina izango duk.

KOLDO: Etzirako, beraz. (Ateruntz doa).

KALIXTO: Nora hoa?

KOLDO: Zer ajola zuri?

KALIXTO: Neurria hartu behar diat, ordea. (Galartzu bat hartu eta koldo-gana doa). Herrian dan gerrikorik ederrena egingo diat. (Neurria hartu eta korapilo bat egingo dio galartzuari) Neska guztiak hire gerrikoari begira izango dituk, Koldo.

KOLDO: Neri begiratzea nahi nuke, ez gerrikoari.

KALIXTO: Bai-ta hiri ere... Emazte-gairik bai al-duk?

KOLDO: Gogoa bai...

KALIXTO: Hitaz txoratuko litzakeen neskatx politta bazekiat non dagoen...

KOLDO: Bai, e? Politta, gainera...

KALIXTO: Bai, horixe!!! (Egutegia erakutsiaz) Horroko hori baino polittagoa.

KOLDO: Bai? Ņo... ez da aldrebesa, orduan...

KALIXTO: Aingerua zirudik... eta... (behatz biekin dirua adieraziz)... hontatik asko duena.

KOLDO: Bai, e?

KALIXTO: Bai; alaba bakarra duk eta... lau edo bost etxe izango dizkitek bere gurasoek.

KOLDO: Ņo... ez gutxi-gutxi ere.

KALIXTO: Hi hintzake aukerakoa harentzat.

KOLDO: Hala al-derizkiozu?

KALIXTO: Bai; urrezkoa zirudik bere ile oriak; marrubizkoa aurpegiak; errekondoko zuma bezain mehe eta biguna bere gerria eta... haren oin ttiki eta polittak... Maiz etortzen duk honuntza.

KOLDO: Egia al-duk hori, Pello?

PELLO: Bo... Honek hala badio...

KALIXTO: Zer dakik hik, mozolo horrek?

KOLDO: Nor dan jakin al-daiteke?

KALIXTO: Et... et... et... Nik hitzegin beharko nikek berarekin, lehendabizi.

KOLDO: Zergaitik?

KALIXTO: Errez harrapa nahi hukek hik amorraia... Et... et... et... Nik erbia jaso eta hik sakelean sartu? Et... et... et...

KOLDO: (Ateruntz doa) Jaso ezazu, bada, zerorrentzat erbi hori.

KALIXTO: Apur batean hago, mutil. Trato ttiki bat ez ahal genezakek egin?

KOLDO: Zer trato?

KALIXTO: Alegia... tajuzko esku-pekoa emango bahida...

KOLDO: Esku-pekoa, beraz? Ez diru eta ez andra-gai geldi nadin!

PELLO: (Zurrut egingo du zatotik, kalixto eta koldo jardunean dagozen bitartean).

KALIXTO: Nere hitzaren jabe izango nauk, tratorik egiten badugu.

KOLDO: Ia, bada, zer trato nahi zenuken.

KALIXTO: (Oldozkor) Gaur osteguna... (Isil-une) Hire besotik izango duk, datorren igandean, sei mila pezeta ematen badizkiak.

KOLDO: Erotu al-zera, Kalixto?

PELLO: Hi bai erotuko hau horrek.

KALIXTO: Erdia orain eta neskatx zoragarri hura higanatzean beste erdia. Nere lanak izango dizkiat nik ere, hiri bideak irikitzen.

KOLDO: Eta, biderik ez baduzu irikitzen, zer? Hiru mila pezeta gabe, ni...

KALIXTO: “Arrixka la portuna” esan ohi zikan nere aitona zanak eta horrelako etorkizunaren jabe egin daiteken batentzat ez duk ezer asko...

KOLDO: Ez, ez... Herri guztiaren farragarri nere burua ez dut ipini nahi.

KALIXTO: Hik egingo diok farra herri guztiari, hik.

KOLDO: Zer derizkiok, Pello?

PELLO: Hor konpon!!!

KOLDO: Eta, ezezkoa balitz, zer?

KALIXTO: Nik nerea egingo diat; gerokoak hik egin behar dituk. Gaurko neska buru-arinak berehalaxe txoratzen dituk, mutil. Hitz bat edo bi potxolo xamarrak eta kito; gaztanbera bezain guri ipintzen dituk.

KOLDO: Honenbeste aholku eta jakinduri baduzu besterentzat eta mutiltzar nolaz gelditu zinan?

KALIXTO: Lotsatia izan nauk beti-ta...

PELLO: (Berekiko) Bai; zorria bezain lotsatia.

KOLDO: Eta, hiru mila pezetako hori noiz eman behar dizut?

KALIXTO: Oraintxe bertan; gerorako uzten den hura, badakik...

KOLDO: (Dirua atereaz) Tori hiru mila pezeta bainan argi ibili... Lepoa bigurrituko dizut, txerrikeriren bat egiten badidazu...

KALIXTO: (Dirua sakelean sartuaz) Larunbatean emango dizkiat berriak, gerrikoaren bila hatorrenean. (Farrez) Gerriko berria, emaztegai aberatsa... eta... edonork joko dik adarra, datorren igandean...

KOLDO: Ja... ja... ja... Hik ere badakik, Pello; diruak erakartzen dik dirua...

KALIXTO: Ja... ja... ja... Eztaietara gonbidatuko nauk, noski?

KOLDO: Ja... ja... ja... Larunbatean hemen izango nauzu, Kalixto (Irten bedi).

 

 

X

 

kalixto eta pello

 

PELLO: Inozo ugari baduk, oraindik, munduan...

KALIXTO: Hi bat, planta.

PELLO: Inozoa izango naiz bainan neri ez didazu hiru mila pezetakorik lapurtuko, ez.

KALIXTO: Hiru ez; sei mila, Pello, sei mila... Honelako negoziorik...

PELLO: Honelako negozioak badituzu eginak, lehen ere... Buruz osatutako mutila balitz, ezer ez.

KALIXTO: Buruz osatutakoari sei mila pezeta kentzerik etzegok, Pello. Ja... ja... ja...

PELLO: Begiz joa al-duzu neskatxen bat?

KALIXTO: Oraindik ez bainan bururatuko zaidak norbait...

PELLO: Koldo-ri esan diozun ile hori, begi urdin eta lau edo bost etxeren jabe den hori, nor duzu, bada?

KALIXTO: Ja... ja... ja... Lau edo bost etxeren jabe den neskatxak Koldo kerten horrentzako dagozela usten al-duk?

PELLO: Gezurra esan diozu, beraz?

KALIXTO: Zerbait esan behar eta esan... Zerbait emango nikek hiri ere, lagunduko bahidakek.

PELLO: Narratskeri hoiekin nere bururik ez dut kutsutu nahi, Kalixto.

KALIXTO: Inortxo etzaidak bururatzen... (Oldozkor) Gaur osteguna... (Narruzko mantala kenduko du) Gaurko eta biharko egunak badizkiat oraindik eta larunbaterako zerbait egingo diat. Lanean jarrai zak hik; berehala etorriko nauk ni.

PELLO: Nora zoaz?

KALIXTO: Kitarra joaz dantzara banoake ere, zer hiri?

PELLO: Iaioa zu, dantzaria, anka oker horrekin.

KALIXTO: Ja... ja... ja... Aldarte bikaina diat gaur, Pello.

PELLO: Nun zerala esango diot, inork zutaz galdetzen badit?

KALIXTO: Goiko tabernan izango nauk.

PELLO: Uztargilenean?

KALIXTO: Bai. Bermu batzu har behar dizkiat Koldoren kontura. (Oldozkor) Uztargilenean... (Burua joaz) Buru haundia, ni... Nolaz lehenago etzait gogora...

PELLO: Zer?

KALIXTO: Uztargilenean... hantxe zegok nik behar dutana...

PELLO: Zer dago han?

KALIXTO: Koldorentzat andra-gaia, Pello...

PELLO: Mirentxu?

KALIXTO: Huraxe bera, Pello!!! Alaba bakarra, gaztea, politta eta (dirua adieraziaz) hontatik zerbait ondo duena, gainera...

PELLO: Zoazkio eta esan belar-ondoan, ia zer erantzuten dizun...

KALIXTO: Bai horixe!!! Oraintxe bertan joango nauk (Irten bedi errenka).

 

 

XI

 

pello eta gaztea

 

GAZTEA: (Bide-zorro edo poltsa astuna dakar eskuan. Alde oroetara begiraka sartuko da) Kaixo...

PELLO: Kaixo.

GAZTEA: Bakarrik al-hago?

PELLO: Bai.

GAZTEA: (Erne dago, alde guztietara begira).

PELLO: Gu beste inor etzegok.

GAZTEA: (Eskuan duen poltsa pello-ri emanaz) Ezkuta hezak hau.

PELLO: Zer zegok?

GAZTEA: Dinamita.

PELLO: (Izuturik) Zertarako?

GAZTEA: Odolkiak egiteko.

PELLO: Odolkiak?

GAZTEA: Ezkuta hezak hori, lehenbaitlen.

PELLO: (Eskubiko atetik doa poltsarekin).

GAZTEA: (Zigarroa piztuko du).

PELLO: (Eskubiko atetik) Zer egin behar diat poltsa horrekin?

GAZTEA: Saldu.

PELLO: Poltsa?

GAZTEA: Poltsa ez, poltsan dagoena, baizik.

PELLO: Non lapurtu duk hori?

GAZTEA: Batean edo bestean, zer ajola? Sal hezak eta hartzen dukanaren erdia neri eman eta kito.

PELLO: Laugarren aldiz egiten duk horixe bera eta aspertu nauk, oraintxe.

GAZTEA: Gaizkitxo habil... Ni arriskuan ibili eta irabaziak erdibana... Hori duk negozioa, hori! ! !

PELLO: Beldur nauk... Nora goazken badakik...

GAZTEA: Isilik hago, oilo hori.

PELLO: Azkenekoa izango duk oraingo hau.

GAZTEA: Uztargilenean izango nauk datorren igandean.

PELLO: Zer garaitan?

GAZTEA: Arratsean.

PELLO: Han izango nauk.

GAZTEA: Igande arte. (Irten bedi).

PELLO: (Esku biak sakelean sartu eta buru-makur egongo da une batean. Bere aulkira doa, gero eta zurrut egingo du zatotik eta lanean hasi).

 

 

XII

 

pello eta anttoni

 

ANTTONI: (Eskubiko atetik) Kaixo, Pello. Kalixto ez al-duk hemen?

PELLO: Ez; arestian irten da.

ANTTONI: Nora joan ote da?

PELLO: Goiko trabenara doala, esan du.

ANTTONI: Trabenara... beti trabenara... (kalixto-k apalean utzi duen lurrontzitxoa hartzera doa eta horman dagoen egutegia ikusten du) Zer da hau?

PELLO: Zer?

ANTTONI: Isekirik dagoen likitskeri hau.

PELLO: Egutegia da hori, Anttoni.

ANTTONI: Hik ipini al-duk?

PELLO: Ez. Kalixto-k ipini du.

ANTTONI: Mutiltzar txerria!!! Nik konponduko diat hura!!!

PELLO: On Toribio ere erabat hasarra zaio, hori hor ikustean.

ANTTONI: Txerria lastotan erretzen den bezala erreko nizkikek honelako emakumeak.

PELLO: Ja... ja... ja... Kalixto-k apaizari zer esan dion bai al-dakizu?

ANTTONI: Edozer, hark.

PELLO: Agerian erabiltzeko omen direla Jainkoak egin dituen edertasunak, ez ezkutuan.

ANTTONI: Urde alena!!! Emazte bat etxeratzeko din ez duk eta hau hemen ipini... (Egutegia hartu, lau zati egin eta lurrera jaurtiko du).

PELLO: Atsegin izango da, gaur, Kalixto-rekin...

ANTTONI: Atsegin? Lau eta lau zenbat diren nik erakutsiko ziot Kalixto-ri.

PELLO: Horrelakoak nun-nahi ikusten dire gaur, Anttoni. Nabarmenagoak ere bai.

ANTTONI: Nere etxean ez, bada!! Oinetarainoko gonak erabiltzen genizkian nere gaztearoan. Apurka-apurka, ordea, laburtzen joan dituk eta orain... Beheko ertza goraka eta goikoa beheraka, horra, zenbateraino laburtu diren gaurko emakume lotsagalduen jazkerak.

PELLO: Adan eta Eba ere bilutsik egin omen zituen Jainkoak.

ANTTONI: Jainkoak horrelakorik etzezakek egin, Pello.

 

 

XIII

 

lehengoak eta pello

 

KALIXTO: (Ezkerreko atetik) Zer zabiltz hemen, ama?

ANTTONI: Etorri al-haiz likits hori?

KALIXTO: (Egutegia zatitua ikusiko du lurrean eta lehen horman zegoen lekura begiratuko du) Egutegi hori nork hautsi du?

ANTTONI: Nik hautsi diat eta zer?

KALIXTO: Zergaitik, ordea?

ANTTONI: Zergaitik, diok, likits horrek? Erorri hautsiko hinduket umea bahintz.

KALIXTO: (Egutegiaren zatiak lurretik jasoaz) Zer du honek, ama?

ANTTONI: Ezer ez; ezer ez dik horrek, soinean behintzat. Ni horrela bilutsik ikusiko banindukek, zer esango ukek?

KALIXTO: Zu zaharra zera, ordea, ama.

ANTTONI: (kalixto-ri egutegia kendu eta bil-bil egingo du. Apaletik lurrontzia hartu eta irten bedi, eskubiko atetik. Berehala agertuko da, berriro) Ate-atzeko poltsa haundi hori nork utzi du hor?

KALIXTO: Zer poltsa, gero?

PELLO: (Larri) Nik utzi dut, Anttoni.

ANTTONI: Katua hor zebilek, usaika. (Ezkuta bedi).

 

 

XIV

 

kalixto eta pello

 

KALIXTO: (Mantala jantzi, aulkian jarri eta lanean hasiko da. Gero, mahai peko zatoa hartu eta astindu beza, belar-ondoan).

PELLO: (Farrez) Preskatzen ari al-zera?

KALIXTO: Hi preskatuko hinduket, nik. (Utz beza zatoa) Ttanttorik ere ez duk utzi.

PELLO: Nik?

KALIXTO: Ate-ondoan zegoen gazte hura nor duk?

PELLO: Ate-ondoan?

KALIXTO: Hire galdezka, bai, ate-ondoan, poltsa haundi batekin.

PELLO: Inor ez dut nik ikusi. (Hitz-beste eginaz) Mirentxurekin mintza al-zera?

KALIXTO: Bai.

PELLO: Eta?

KALIXTO: Poto egin zidak.

PELLO: Zer esan dizu?

KALIXTO: Zer ajola dik hiri?

PELLO: Ajolarik ez bainan... (Isil-une) Beste batengana jo beharko duzu.

KALIXTO: Errez esan duk...

PELLO: Zuk bai errez esan diozula Koldo-ri... (Farrez) Zure hiru mila pezetakoa...

KALIXTO: Zer?

PELLO: Koldo-ren sakelera itzuliko dela, alegia...

KALIXTO: Gezurrak irten dik... (Sakeletik dirua atereaz) Hauek ikusteko beharko dik, lertzen bada ere...

PELLO: (Erlojuari begira) Lanari uzteko garaia dugu, oraintxe.

KALIXTO: Lanari utzi? Hasi al-haiz?

PELLO: (Berekiko) Nola aterako ote nuke poltsa hori?

KALIXTO: Marmarrean ari al-haiz?

PELLO: (Zutitu bedi).

KALIXTO: Nora hoa?

PELLO: Eskuak garbitzera. (Irten bedi eskubiko atetik).

KALIXTO: Eskuak garbitzera... (Bururari eraginaz).

PELLO: (Ezkututik) Kalixto!!!

KALIXTO: Zer?

PELLO: Sukalderaino igotzeko, dio zure amak.

KALIXTO: (Berekiko) Sermoiren bat badiagu, orain ere. (pellori) Bai!!! (Irten bedi ezker aldetik).

PELLO: (kalixto irten bezain laister agertuko da poltsa eskuan duelarik; soinean duen aurre-mantala mahai gainean utzi eta irten bedi, arin-arin).

KALIXTO: (Ezkututik). Pello!!! Pello!!! (Atean) Hire amonari jo adarra, jo nahi badiok, ez neri!!! (Alde oroetara begira) Non haiz? (Oldozkor) Poltsa hori... (Ate atzean begira beza) Non da poltsa hori? (Ezkerreko atetik begira) Non ikusi dut nik poltsa hori? (Eskubi-aldera astiro-astiro doanean, itxi bedi oihala).