HIRUGARREN EKITALDIA
Jokalekua: Lehenengo ekitaldiko berbera. Sutea eta bertako ontziak. guardia biak alde egitean utzi duten egoera ageri da. Oihala altxatzean inor ez dago barnean. Berehala, ordea, palata ii sartuko da. Ageri duen arnasaren erritmoak lasterkada bizian jardun dela erakusten du. Arnaska sartuko da. Neska gazte xarmanta da. Hamaseitik hemezortzira artekoa. Baserritar jazkeretan apaindua dago.
PALATA II: (Sartzean aurkitu duen egoerak harriturik zergatik den horrela jakingura du) Ez nuen Muskiren sukaldea ezagutzen! (Bata ukitu eta bestea ukitu, gelditu gabe jardungo du) Behin edo beste atarian egona nintzen, baina barruan selulan ez! (Pausa) Ez dago gaizki, baina, biziki xehea iruditzen zait. Ez da harritzekoa! Aspaldian emakume gabe bizi dira. Nik berehala edertuko nuke Muski maitea...! Eta nire gurasoek ez dute maite...!
(Orain alboan hitz egiten entzungo dira. Une honetan izozko, berrogeita bost urte inguruko gizona eta palata i bere emaztea sartuko dira izozko edozein baserritarren antzera jantzirik dago. Buruan txapela darama. palata i berriz berrogei urte inguruko emakumea da. Oraindik gazte airea du. Etxeko jazkeretan dator. Burua zapi batekin estaltzen du)
IZOZKO: (palata ii-ri mintzatuz) Ikusmiran al zabiltza? (palata ii-k ihardetsi gabe berearekin jarraitzen du. Bienbitartean, isilune bat egiten da. Orain palata i-i mintzatuz) Zer deritzazu abelera hau?
PALATA I: (izozkori) Gaztetxo baten berri egarria nuen.
IZOZKO: Bi abere gorrik ez zaituzte aseko.
PALATA I: Berri usaina beti da egarri emaile.
IZOZKO: (palata ii-ri mintzatuz) Enetxo, deabru kutsutik libra gaitezen, Jauna eskertzea bezalakorik ez dago. Etxe honetako gure oraingo jabetza, dohain bat dugu. Jaun sainduak beraren beldur den gizakia etengabe aberasten du. (Une guztian palata ii-k ikusmiran jarraitzen du. Orain izozko burutik txapela erantzi eta errezatzen hasten da) “Aita gurea, zeruetan zaudena, santifikatua izan bedi zure izena, betor gugana zure erreinua, egin bedi zure borondatea, zeruan bezala lurrean ere”.
PALATA I eta II: (Errezoan sartzen dira) “Eman egiguzu gaur gure eguneroko ogia, barka iezazkiguzu gure zorrak, guk ere zordunei barkatzen dizkiegun bezala, ez gaitzatzula utzi tentazioan erortzen, baizikan libra gaitzazu gaitzetik”.
(palata ii errezo une osoan, gauza bat ukitu eta bestea begiratu ariko da)
IZOZKO: (palata ii-ren jokaerak sutu egiten du eta honela mintzo zaio) Hori ez da Jainkoa eskertzeko era! Jainkoari otoitz egitean arretaz otoitzean kontzentratu behar da. Egin duzun ofentsa erreparatzeko, orain Agur Maria bat esango dugu. (Beste gabe errezoa hasten du) “Agur Maria, graziaz betea, Jauna dago zurekin, bedeinkatua zara zu, andre guztien artean eta bedeinkatua da zure sabeleko fruitua, Jesus”.
PALATA I eta II: (Oraingon biak ageri dira kontzentraturik) “Santa Maria Jainkoaren ama erregutu ezazu gu pekatarien alde orain eta beti gizaldi guztien gizaldietan”.
IZOZKO: Legearen onarpena, ordena, behar dugu mundu honetan!
PALATA I: (Irratira hurbilduz, hari begira ipintzen da) Irrati honek baliotsua dirudi!
IZOZKO: (Irratira so) Deabruek, gorriek, Jainko gabeek, edozer eta edozein erdiesteko trikimailuak dituzte.
(Orain palata ii-k irratira hurbilduz, abian emango du. Lehen lehenik propaganda komertziala entzungo da. Une batez jokalekuko hiru pertsonak ixildu egin dira. Eta berehala “información regional” izenburua iragartzen da)
IZOZKO: (Alaitu egin da) Gure berriak ditugu! Jainko zaleen berriak, noski!
(Orain irratilariak beste hau esango da: “Última hora, las tropas regionales siguen controlando el entorno. Los cruzados siguen imponiendo la ley. La paz, el orden, el bienestar están a punto de ser realidad en toda la nación. Por la gracia de Dios una vez más lo divino se va a imponer a lo humano”)
(Musika klasikoak jarraituko dio)
IZOZKO: (Zorionez gainezka, bere larruan ezin kabituz) Oraingoz aski dugu! Itzali irrati hori!
PALATA I: Biziki musika ederra da!
IZOZKO: (palata iiri) Itzaltzeko esan dizut.
(palata ii-k irratia itzaliko du)
IZOZKO: Garaipen zoriontsu hauek eskertzeko Jauna goraipatu behar dugu (Beste gabe, egunero usadioa balu bezala, ondoko abesti hau abestuko du) “Jainko santua, Jainko indartsua, Jainko hilezkorra, gaitz guztietatik libra gaitzatzu Jaunak”.
(Orain palata biek, euren artean norma balute bezala ihardesten diote)
PALATA I eta II: “Jainko santua, Jainko indartsua, Jainko hilezkorra, gaitz guztietatik libra gaitzatzu Jaunak”.
IZOZKO: Euskal abertzaleak deabru seme-alabak dira.
PALATA I: Eta deabru seme-alaben ondasunez jabetu behar al zara?
IZOZKO: Ondasunak oro Jainkoarenak dira!
PALATA I: Etxe osoa ikuskatu behar dut.
PALATA II: Baita nik ere
IZOZKO: Ondo da, baina, lanean hasi behar gara.
PALATA II: Zer lan dago bada?
IZOZKO: (Surtara hurbilduta) Hemen dago pertza erdi egosia. Hau egosi behar dugu lehenik.
PALATA I: Ganaduei bertan jaten eman behar al diegu?
IZOZKO: Erdizka egindako lanak ageri direnez, gaurkoa hemen bertan amaituko dugu! Ondoren gure etxera eramango ditugu! (Orain palata iiri so) Zotz batzuk ekarri behar dizkidazu! Sua errazago piztuko da.
(palata ii berehala doa zotzen bila)
IZOZKO: (palata i-i mintzatuz) Etxea ikusi behar baduzu, egin lehenbailehen bisita!
PALATA I: Agamundaren baserriko gelak kuxkuxeatzea gogoko zait. Egia esan, zertxobait ikusteko irrika ere, badut!
IZOZKO: (Sutea apaintzen ari da) Gorri horiek nola ez dira bada izango gauza ederren jabe! Zure irrika ulertzen dut nik neuk ere.
PALATA I: Nire bilakatzeak poz ematen dit!
IZOZKO: Hortan ados gaude!
PALATA I: Nahiz gorri direnen herentzia jaso, pozgarria da emaitza.
IZOZKO: Gorrien aberastasuna, lapurreta ohi da.
PALATA I: Gu oinordekoak berriz, saindutuak gara.
IZOZKO: Jasotzen ditugun ondasunei ordena eta disziplina jarri behar diegu. Aldiz gorrien eskuetan oro lardaska bilakatzen da. Desordena probokatzea beste helbururik ez baitute. Eta oro ez da guztiena. Oro Jainkoarena da. Jainkoak berriz, batzuk jabe eta beste batzuk mendeko izendatzen ditu.
PALATA I: Zu jabe ala mendeko izendatu zaitu.
IZOZKO: A zer galdera, ikusia dago jabe izendatu nauela.
PALATA I: Noiz eta nola ikusi duzu?
IZOZKO: Guardiek hala izendatu nauten unetik.
PALATA I: (Ironiaz) Aaa, orain ulertzen dut zure diskurtsoa. Guardien indarra, irabazleen agindua delarik Jainkoaren borondatea da!
IZOZKO: (Minduta) Biraoa jaurti duzu! Jainko santua!
(Orain palata ii sartzen da eskuetan zotzak dituela)
PALATA II: Ekarri dut agindutakoa.
PALATA I: Aski dut! Banoa! (Jokalekutik irteten da)
PALATA II: Ni ere amarekin noa! (Irteten hasiko da)
IZOZKO: Alabatxo, beste zerbaiten beharra badut.
PALATA II: (Haserre) Beti berdin!
IZOZKO: Hala egin ohi dut. Ez dut ukatuko. Zuek berriz ikusmiran ezin asperturik ibiltzeko prest. Orain lasto izpi batzuk behar ditut.
PALATA II: Ekarriko dut eskukada bat. (Berehala bila doa)
(izozko ixilik dago. Txotxak prestatzen ari da. Une batez jokalekua pausaturik dago)
PALATA II: Hara hemen! Aski al da? (izozkori eskura emango dizkio)
IZOZKO: Bikain! Balioko didate.
PALATA II: (Tximista bezala ateratzen da) Amarekin noa!
IZOZKO: Zoaz, bai, Jainkoarekin! (Sutean jarraituko du) Jainkoa handia da! Bai, Jainkoak harrigarriak egiten ditu! Ez daukat inongo gertakizunik ezagutu beharrik Nire buruan miraria gertatu da. (Finean sua piztu du) Duela gutxi baserritar txiro bat nintzen. Ez nuen deusik. Eta gaur, politika dela medio, Jainkoaren alderdia aukeratu izanagatik, gorri izateari uko egin diodalako, egun bakar batzuetan lau baserriren jabe bilakatu naiz. Garbi dago, gerlak Jainkoak baimentzen dituela, gizaki zuzenak lurrean ere zoriontsu daitezen. (Pertzeko egoskinak eragiten ari da) Eskerrik asko Jauna! Eskerrak komunista, euskaldun abertzale egitetik apartatu nauzulako. Eskerrak Jainko zale egin nauzulako; eskerrak ere, Ama Birjinari! Bai, bera beti maitatu dut bereziki. Saindu guztiak laguntzen jarrai nazazue.
(Orain palata i berriz sartzen da)
PALATA I: Gauza ederrak badira etxean. Izozteko makina dute. Ikusiko duzu zeinen edari freskoak edango ditugun aurtengo udaran!
IZOZKO: (Sutean jarraitzen du) Ondo dago! Oro Jaunaren emaitza dugula ez ahantzi.
PALATA I: Jaunaren emaitzak edo guardien eskaintzak?
IZOZKO: Lehen ere esan dizut, nire aurrean ez ezazula biraorik jaurti. Jainko saindua!
PALATA I: Izendatze gora-behera beste diferentziarik ez dago adierazitakoetan.
IZOZKO: Izendatze saindua!
PALATA I: Benetan boteretsua!
IZOZKO: Jainkoaren ahalmena dago bitarteko.
(Orain isilune bat gordeko dute. palatak hautsiko du)
PALATA I: (Sutondora hurbilduko da Ikusmirako aireak hartuko ditu) Aurreratuak daude! (Isilune bat) Ez al da horrela?
IZOZKO: Bai, eginak daude! Amaitzeko irekin bat eman eta kito!
PALATA I: Etxeko gelak ere kapritxosoak dira!
IZOZKO: (Azken irekinean dagon pertzarekin ari dela) Animalia, gorri, Jainko gabe direnek gelak garbi edukitzea, ez da harritzeko komeria! Izan ere, egunaren buruan Jainkoarekin ez dute segundo bakar bat ere galtzen.
PALATA I: Gizakiari garbitasuna kentzen dion Jainkoa, a zer Jainkoa!
IZOZKO: (palata i-engan soa finkatuz) Biraoa biraoaren gainean! Jainko santua! (Isilune bat) Dohain bat birao batekin eskertu, a zer esker txarreko zaren!
(Orain isilune luzexago bat egingo da. Bienbitartean izozkok lanean jarraitzen du. palata i, bere aldetik, burruntzaliak eta zintzilik dauden lanabesak aztertzen dabil)
PALATA I: Tresna hauek egoki etorriko zaizkit etxerako.
IZOZKO: (Tresnetara so) Ez, horiek ezin ditugu gure etxera eraman.
PALATA I: Zer dela eta? Orain hemen ageri den oro al da guretzat?
IZOZKO: Ez dira guretzat. Tresna horiek Guardia Generalarentzat dira. Harentzat gordetzeko agindua jaso dute.
PALATA I: (Haserre keinuz) Izan ere, Guardia hauek gogoko guztiaren jabe bilakatzen dira!
IZOZKO: Biraolari zara benetan! (Ahotsa gogortuz) Ez ezazula Jainkoaren beldur diren Guardien aurka sekula hitz egin. Munduko bekatuen erdian aingeruak dira.
(Une horretan palata ii eskuan pitxarra duela jokalekuan sartzen da)
PALATA II: (amari so) Ederra den zerbait aurkitu dut.
PALATA I: (Beti ikusmiran dabil) Zer duzu hori?
PALATA II: Aita, ez duzula asmatuko?
IZOZKO: (Beti suarekin dabil) Ez dakit bada, zer izan daitekeen!
PALATA II: (amarengana hurbiltzen da) Ikus ezazu zeinen marrazki ederra duen!
IZOZKO: (Entzuna entzun, palata iiri so jartzen da) Aaa! Antikuario edo horrelako zerbait izango duzu. Antikuarioak Guardia Generalarentzat gorde behar direla da agindua. (Sutondoa utzirik palata ii arengana hurbiltzen da zer duen ikustera)
PALATA II: (aitari pitxar bat erakusten dio) Honek ez du guardien zorrik!
IZOZKO: (Sutan jarririk) Arnaren alaba zara, bai! Alaba biraolariak! Bost eman eta hamar eskatu! Ez al dakizu dena doain dela? Guardia Generala Jainkoaren eskua dela!
PALATA II: Muskirena zen hau, eta hura lagun nuen.
IZOZKO: Gorri bat etxean? Ez, inola ere ez! Lehenago etxetik botako zaitut.
PALATA II: (izozkori so) Zu, ematen dizunaren aldeko zara!
IZOZKO: Bai, Jainkoak bakarrik eman baitezake!
(Orain hiruek isilune bat gordetzen dute)
IZOZKO: (palata iiri eskuan darabilen pitxarra kenduko dio) Ederra da! Jainkozaleren batek egina da! Santu baten irudia baitarama ertz batean. (Orain palata biei erakusten die) Ikusten al duzue? Guardia Generalari grazia haundia egingo dio!
PALATA I eta II: Bai, irudi hori badu!
IZOZKO: Komunista, animalia, euskaldun abertzale horiek, pertsona santuak ahoz ukatu eta diruz erosteko lain dira.
PALATA I: (Pertzera inguratuz) Atera liteke, bai!
(Orain pertza elatzetik jaitsiko du. Eskuetan hartuz ganaduetara doa) Berehalaxe jaten emango diet. Laster naiz hemen!
PALATA II: (amari so) Aita zoratuta dago!
PALATA I: Gerlari esker ondasuna ondasunaren gainean eskuratzen joan denetik, hala da!
PALATA II: Jarrera horrekin hori guztia kontzientzian zuritu nahi du.
PALATA I: Gure aitak asmatu duen ordain jarrera balitz, huts! Guardia Generala da hiritarrak liluratzen dituena.
PALATA II: Jabetu naiz gizonezkoen joera dela, zentzu gabea bera justifikatzea.
PALATA I: Eta euren artean mitoa gogorren zerbitzatzen duena nagusi izendatzen dute.
PALATA I: Eta norbait “nagusi” bilakatzen denean, betikoa!
PALATA II: Bai, nagusitza lortuaz gero, ordena, konformitatea eta abar errekeritzen die gainerakoie!
PALATA II: Prentsa guztia euren menpeko daukate.
PALATA I: Armada ankerra kaleetan dute!
(Orain isilune bat egiten da)
PALATA II: Ama, pitxar horren truke eraztun bat erosiko bazenit zer?
PALATA I: (Pitxarra eskuetan hartzen du) Lehendik dituzunak aski ez al dituzu? Niregatik hor konpon baina, aitak ez digu baimenik emango. Aitari gordeko bazenio, besterik litzateke!
PALATA II: (amaren aurpegia laztantzen du) Amatxo, biok elkarrekin konponduko gara!
(Orain izozko pertza eskuetan duela jokalekura itzultzen da)
PALATA I: (izozkori mintzatuz) Itzuleran behiak ere gurekin izango ditugu. Hala ezta?
IZOZKO: Makina bat inbidia eman izan didate. Baina, horrelakoak dira Jainkoaren gora-beherak. (Orain pertza elatzean uzten du) Gaurtik nire gogoko behien jabe bilakatuko naiz.
PALATA II: Gaurkoz aski izango dugu, ezta?
PALATA I: Etxera sartu beharko gara.
IZOZKO: Bai, prest nago! Gaurkoz eskulanak amaitutzat ematen ditut.
PALATA II: Bukatu dituzunak eskulanak bakarrik al dira? Besterik ba al duzu bada?
IZOZKO: Ondasun hauen guztien jabe egin nauen Jauna eskertzea egiteko dut oraino. Bestela anker bat nintzateke.
PALATA II: Hori ere lan bezala hartzen al duzu?
IZOZKO: Eskerrak, eskerrak eman behar ditugu! Orain eskuratuko dugun ganadua sortez bilaka dadin, errosario bat errezatuko dugu.
PALATA II: Hori bidekari goazela egin dezakegu.
IZOZKO: Jainkoa eskertzeko ez dago leku eta une jakinik! Denak dira onak! Bidean errezatzea ondo deritzait. Gainera esan dizuet, ganaduaren sorterako errosario bat lehenbailehen errezatzea komeni dela. Animaliak etxe berrian sartzerako egin behar dugu.
PALATA II: Egin beharbada, has gaitezen! Lehenbailehen etxera sartu behar gara.
PALATA I: Astoa nork hartuko du?
PALATA II: Ni naiz astozaina!
IZOZKO: Orduan zu jarri behar zara aurretik. Astoa gaueko animalia baita
PALATA II: Zerbaitengatik eskatu dut astoa!
IZOZKO: Astozainak errosarioa zuzenduko du.
PALATA II: Astoa aurretik hartu behar bada, zuk egin beharko duzu. Nik atzetik joan nahi dut.
PALATA I: (izozkori) Zu zara errezoa zuzendu behar duena. Etxeko jaunaren egitekoa da hori.
IZOZKO: (Boltsikotik errosarioa aterako du) Gaur zer egun da?
PALATA II: Nekezko misterioak gogoratzea tokatzen da gaur. Ostirala da!
PALATA I: (Zintzilik ageri diren tresnei so) Hauek ere eramango al ditugu?
IZOZKO: Har ditzakezu. Horiek gordetzeko baimena dugu. (Zintzilik dauden tokitik hainbat tresna hartuz emakumeari emango dizkio) Hartu beharreko besterik ez al dago? Orain da gogoetatzeko ordua!
PALATA I: Ez, horiekin gaurkoa dena egina dago.
IZOZKO: (Errosarioa hasiko du) Gurutze santuaren...!
Jesukristo nire jaunaren...! (Horretan, oihala jaitsiko da)
amaiera