BIGARREN EKITALDIA
Jokalekua: Bulego moldeko gela bat. Erdian besaulki bat dauka, baita mahai handi bat ere. Mahaiaren ertz batean telefono bat ageri da. Ikusleei ezker-eskuin eta gibeleko zaien murrutik zintzilik, zenbait lauki guardia irudiz gainezka. Liburutegi bat ere bada eskubiko aldean. Eserleku batzuk daude beste aldean. Sarrera bakarra du. Beti ezkerretik egingo da. Hitz batean gela apain bat itxuratzen da. Oihala altxatzean, guardia generala (gu.ge.) besaulkian eserita ageri da. Ikusleei so emana da. Guardia arruntetatik kolkoan dituen domina batzuek bereizten dute. Paper batzuk eskuartean eta zigarroa ezpainetan, une batez, bere bulegoko eginkizunetan murgildua agertuko zaigu. Orain ernegatu keinua eginez bakarrizketan hasiko da.
GU.GE.: Une hartan tratantea zutela baserrian, eta kito gelditu da gure operatibo oro (Isilune bat). Orain aurpegia alaitzen zaio. Zer gero! Ongi jokatu dute. Zerbait ikasia dute. Ez da gutxi. Bai, herriaren aurrean, lasaitasuna, ordena, segurtasuna gure jokabidean islatu behar ditugu. Baina, zer esan dut? Herria aipatu dut. Zer herri, gero? Hemen orain hiritarrak daude eta gaineatiko esaldiak utikan joan daitezela!. Bai, hiritarra! Gure iraultzaren emaitzaz hiritarrak sortzen ari gara. Izan ere, hiritarra hitza munduan inoiz izan den Inperiorik haundienaren sorkuntza da. Eta herria hitza, aldiz, sasikume batzuen sasi aipamena besterik ez da. Gure artean hiritarra sortu behar dugu. Hiritarrek, Romulo-Remo misteriotsuen mitoarekin gizarte inperial bat liluratu zuten. Guk ere, orain, gure gizarte hau liluratzea dugu helburu. Baina, Romulo-Remo mitoak zuen mistika nola bersortu? (Isilune bat. Pentsati balegon ageri da) Beste mito bat behar dugu. Mitoaren larritasuna predikatu behar dugu. Hiritarren agintea eskuetan harturik daukagunean ezin dugu mito baten faltaz dena galzorian eman. Ez, ez hori ez! (Isilune bat. Luma eskuetan duela idazten jartzen da) Hala ere hogeigarren mendean mito berri bat sortzea zaila iruditzen zait. Egun, barra-barra zientzia eta zientifiko hitzak aipatzen direnean, mito berri bat nola molda daiteke? (Isilune bat. Orain luma mahai gainean utziaz ezkerreko eskuarekin okatza igurtzen jartzen da). Baina, zientzia eta zientifiko aipamenak ere ez ote dira mitoak? Gaur etika horiekin estalirik ageri diren errealitateak, bihar mitotzat ez ote dituzte emango? Nork ezezta dezake hori? Historia horrelako adibidez beterik baitago. Hara, atzoko egia gaurko mito bilakatu zaigu maiz! Nork ukatu lezake egia hau? (Isilune bat. Zigarroa piztuko du) Baina, Hori ez da nire oraingo arazoa. Oraingo nire arazoa: egia ala mitoa izan, gaurko gizartearen aurrean, egia itxuran sortuko den mamua nola bersortu da. Bai, Romulo-Remo mitoaren antzeko mistika sortuko duen mitoa eraiki beharra daukagu. Erromako Inperio handi haren handitasuna eta estabilitatea gure gaurko hiritarrari emango diona sortu da, alegia. Gure iraultza honen emaitza mugarik gabeko agintean haragitu behar dugu. Gure ideiak bizizaren azken egunetan lore bihurtuak kontenplatu. Areago, gizarte zabal batek harrotasunezz onartu eta laudatzen dituela jabetu. Hiritar egokia bezain esanekoa lortu. Gure kulturaren iturrira atzerrietatik ere dastatzera hurreratuko dira. Gure kultura eta zientzia errealitate bakar batean nahastuko dira. Gure politika eta zuzentasuna, berdindu egingo dira. Gure nortasuna eta gizalegearekin ere horrela gertatuko da.
(Orain atea joko du norbaitek)
GU.GE.: Aurrera!
(guardia i eta guardia ii. Iskiluak eskuetan dituztela barrura sartuko dira. Eta biak, aldi berean, “firmes” keinua egingo dute guardia generalaren aurrean)
GUARDIA I eta GUARDIA II: Firmes!
GU.GE.: (Besaulkitik altxatuz firmes keinuarekin erantzuten die) Fiirmes! (Isilune bat) Eta Baserritarrak zer? Ez al dituzue atxilotu?
GUARDIA I: (Iskilua lurrean finkatuz puntatik heltzen dio) Jauna, baserri guztia miatu dugu. Inoren aztarnarik ez dugu aurkitu.
GUARDIA II: (Iskilua luzeetara emana eskuan duela dago) Eta baserrian dagoen ordenak bake ederrean jabe dela erakusten du.
GU.GE.: (biei so eginez) Nola justifikatzen duzue ihes hori? Ihestzat ematen baitut gertakizuna.
GUARDIA I: (Aurrez aitortuarekin jarraituz) Bai, ados nago! Nik ere ihes bat egon dela uste dut.
GU.GE.: (guardia i-ari finko begiratuz) Eta nola justifikatzen duzu?
GUARDIA I: Nik uste dut, ixileko albistari horietariko baten mezua jasoa zutela.
GUARDIA II: (guardia i-ari lehenik, eta berehala gu.geri begira) Bai, euskaldun abertzale eta gorri horiek albistari azkarrak dituzte. Hori horrela delarik, oro da posible.
GU.GE.: (Aurpegi keinu bitxiz) Baina, gure asmoaren berri nork nola eman ahal izan die? Gure arteko isilpekoa ez al zen bada atxiloketa? Ala gehiagoz ez dago isilpekorik?
GUARDIA I: (Ausardiz mintzatuko da) Bai, isilpekoa zen! Eta hala eraman izan dela esango nuke nik. Baina, lehen aurre-agerraldia sintomatikoa izan zela, dirudi; izan ere, iskiluz armaturik baserri baten aurrean agertzeak, ematen du zer pentsaturik.
GU.GE.: Hauek horrela badira, esango nuke, hurbilean euren gisako gehiago ere badugula. (Pentsati itxura hartzen du. Eta beste gabe eseri egingo da)
GUARDIA II: (guardia i-aren mezua hiltzatu nahirik) Baserritarrak beti dira gizaki bitxiak. Bai, sena berezi bat dute horrelako gora-beheretan defentsiban mugitzeko.
GU.GE.: (guardia biei gizonki gizonki hitz egiten die) Utzitzazue iskiluak (eskubiko murrua seinalatzen die) Murruaren kontra, noski!
(guardia iak eta guardia iiak agindua beteko dute)
GU.GE.: Hartu itzazue besaulki bana. (Orain guardia biak liburutegiaren aldetik mahainaren alde bietan eseriko dira. Ikusleek hiru protagonisten aurpegiak ikusten dituzte)
GU.GE.: (Telefonoa eskuan duela bi guardiei mintzatuko zaie) Une bat! Kartzeleroari gertatuaren berri eman behar diot. (Telefono zenbaki bat markatzen du. Aparatua belarrira eramango du). Ez dute erantzuten! Linea guztiak hartuak dauzkate. (Beste isilune bat dago)
GUARDIA II: Aurki beste froga bat egin behar!
GU.GE.: Askotan fite eginaz ere lortu ohi da (Eta une berean berriro telefono zenbakia markatzen du) (Berehala erantzun diote)
— Guardia Generala naiz... (Isilune tartetxo bat) Itxaroten zenituzten gizon horiek ez dira agertuko... (Berriro tartexo bat) Ez da behar bezala atera... (Tartetxoa) Ekintza guztiak dute porroterako tartea... (Tartetxoa) Bai, oraingoan ez dugu asmatu... (Tartetxoa) Hori bai, hiritarren aurrean seguritate mezua hedatu behar dugu... (Tartetxoa) Garaileen hiritar multzoan betirako ziurtatuta bagenu bezala kuraiaz eta lasai agertu behar gara... (Tartetxoa) Bai, hala da... (Orain tarte haundiagoa) Horretaz beste batean hitz egingo dugu patxaran...(Tartea). Agur, agur.
(Orain guardi biengana zuzenduz aldi berean)
— Egin dugun arrazoi bidea egia bada, esango nuke oraindik menperatutako hiritarrak ere, ezkabia pean daudela.
GUARDIA I: (Sutsu entzun berria baieztatzera dator) Euskaldun abertzale eta gorrien arraza da ezkabiarik aluena.
GUARDIA II: Agure, ume eta emakumez osatutako hiritar multzoan guzti hori. Gizonak, gure menpean erori ez diren hiriak defenditzen baitabiltza. Eta nolako defentsa eginez!
GU.GE.: (Maixu tankera gogoratzen duen jarrera hartuz) Aurrerako gure jokabidea defentsiboa ezezik, mistikoa izan behar du. Menpean ditugun hirietan eraman behar dugunaz ari naiz. Menperatu ez ditugunetan berdina ezin izan baita.
GUARDIA I: (Eskuetan girgiluak ageri dituela) Zer? Armak surtara bota behar ditugula!
GU.GE.: (Beti lasaitasuna dario eta maixu airez jarduten jarraitzen du) Jokabide mistikoak arma psikologikoak aukeratzen ditu. Ez da armak uztea! Jokabide psikologikoaren interpretazio ziztrina litzateke horrelakoa balitz!
GUARDIA I: (Girgailuekin jarraitzen du) Ez dakit arma psikologikoaren pean zer ulertzen ari zaren Baina, nire esperientziak iskiluen legea nagusitu behar dela erakutsi dit.
GU.GE.: Gaurko guduak bereziak dira. Militar zientzien azken aurrerapenek hiritarren psikologia kontuan hartzera eta funtsezko aitortzera garamatzate. Hiritarren psikologia erdiesteko sakoneko analisiak beharrezko egiten dira.
GUARDIA I: (Seguritatea lortu duela aditzera ematen du) Ados! Hiriak harresituak zirenean gudak ez ziren gaurko moduan egiten.
GUARDIA II: (Bala bi eskuan dituela ageri da. guardia generalari begiratuz mintzatzen da) Gaurko armak indartsuagoak direla ez dago ezbairik. Horiek arma psikologiko deitzera bagoaz, sakonagora eta zorrotzago heltzen direlako dela... ulertzen dut.
GU.GE.: (biei mintzatuz) Militar zientzian arma psikologikoak duen zentzua ez duzue ulertu.
GUARDIA I: (Ausarki agertuz) Nire esperientziaren ondorioak zientzia horrekin bat ez datozela?
GU.GE.: (Ahots doinu ederrean, guardia i-ari liburutegia seinalatuz) Mesedez, liburu hori pasa egidazu! Bai, azal gorriko hori!
GUARDIA II: (Liburua eskuetan hartuz) Hau da, noski, eskatzen didazuna?
GU.GE.: (Liburu bereganatuz) Liburu hau Amerikanoek duela hilabete argitaratu dute. Mila orrialde ditu. Guda psikologikoaz ari da. Izan ere, gerrilak, euren armekin bakarrik garaituko ditugu. (Keinu baikor bat egiten du) Zer ari naiz, Baina, gerrilarena ez da gure kasua. (Isilune bat) Hala ere, amerikanoak guretzat eredu izan behar ditugu. Euren kezkak eta ondotiko gureak maila berean bilakatu beharko ditugu. Antzekoak izan behar dira, gutxienez. Galdera da, nola hiri multzo menperatu bat konformitatera eraman? Aurkibidea irakurriko nizueke, baina, norberak egitea da probetxugarriena (Bitarte guztian orriak aurrera eta atzera dabiltza)
GUARDIA I: (guardia generalaren arreta bereganatu nahirik) Gure hiri honetan egindako azterketarik ba al dago?
GU.GE.: Azterketak egiteko denbora asko behar da.
GUARDIA II: (guardia i-aren pareko izan nahirik, guardia generalari hau esaten dio) Bienbitartean, hiritarrak nola liluratu ditzakegu?
GU.GE.: (Jator hitz eginaz) Ez dago bienbitarterik. Hiri honetan eraman behar dugun jokabidea, lerro handietan bederen, garbi dago.
GUARDIA II: Hori da behar duguna!
GUARDIA I: (Beti eskuetan dabiltzen girgailuak mahai gainera erotzen utziaz) Hiri sumindua deritzait esku artean daukagun hau! Hainbeste heriotza eta odol hustutzek zauri latzak utzi ditu.
GUARDIA II: Eta oraindik hiriaren hainbat aldetan irekitzen jarraitzen dutenak!
GU.GE.: (guardia biei mintzo zaiela) Zuen oraingo hitz jarrio horiek ere, azterketa islatzen dure. Hara, nola errealitate batzuk jasotzen dituzuen!
GUARDIA I: Hauek bezala beste mila dauzkagu adierazi nahi izanez gero.
GUARDIA II: (Ausart jarriz) Baina, sentimentuentzat ez dago tokirik. Indarra, sua, gaitza, euren alor propioan borrokatu behar dira. Zigorra erabiltzen jakiteak bakarrik itsaso beltz hau baketu lezake. Beste ezerk ez!
GU.GE.: Zigorra diozu, bai! Baina, zer mailatan, nola eta non?... eta beste mila xehetasun kontuan izan behar dira. Hitz batez metodo zientifikoz aplikatu behar da.
GUARDIA II: Zigorra, armak, baietz diozu. Baina, ondotik egiten duzun agerpenak aurrekoaren uko babestu bat dirudi.
GU.GE.: (Maixu jarrera hartuz) Ez dago horrenik. Baina ulertzen dut zure erasia. Izan ere abstrakzio mailan ari garenez ukoak dirudite. Abstrakzio oro konkretoaren uko baita. Zientzia bera ere, bai, beti da konkretoaren ukoa, abstrakzio denean, alegia. Eta hala ere, abstrakzio osasungarria da zientifikoena. Eta zientzia guztien artean politikoena da konkretoena. Zientziaren alorra objektiboa delarik, subjektibo oro kontsiderazioz kanpo uzten da. Are gehiago, subjektibo oro ere, zientzia mailara eramatean objektibo bihurtzen dugu. (Isilune bat) Ulertuko duzu! Gure kategoria zientifiko hauek konkretora aldatzean emaitzak agertuko dira. Eta nork ez du fruituetatik zuhaitza ezagutzen!
GUARDIA I: (guardia generalaren mailan hitz egin nahirik) Zientifikoen hitzak beti aurkitzen ditut astunak. Baina, zientifikoen hitzetan etorkizunari so, badut fedea. Kontuan hartzeko haina froga eman baitizkigute. Garbi ageri dira ere amerikanoen, aurrerapenak. Eta guzti hori zientziak ekarri omen die. Zientzia hori gauza handia da nolanahikoa izanik ere.
GUARDIA II: (guardia i-aren pareko jartzen saiatuko da) Ni ere zientzia zalea naiz, noski. Gaur egun zientziazko gizakiak baitira munduko jaun eta jabe.
GUARDIA I: Jabe, eta zorionez!
GUARDIA II: Osasuna dugu horren emaitzarik bikainena. Gizakia mila legenetatik askatzea lortu dute. Gure ekintzaren norabidea bide horri laguntza ekartzea izan behar du.
GU.GE.: (Zerbait haundia esatera doala erakustera ematen du) Gaur egun gure kezka den hau, nola eoai dezakegu zientifikoki? (Isilune bat) Gure menpe daukagun hiritar multzo honetan etsai bakarra, abertzaletasun itsua da. Bai, gizakientzat hain osasuntsu den begirada unibertsala, berekoitasun estuenetik eraman nahi duen proiektua. Ito larria besterik ez dakar. Ba, horren gauzapena gizarte honentzat izurritea litzateke. (Isilune bat) Baina, analisian jarraituz beste zerbait ere ageri zaigu. Abertzaletasun hori defendatzen duten gizakiak ez direla naturaz berdin dotatuak. Horiek kategorizatzen baditugu badira kapitaldunak, euren irabaziak, lurretik edo fabriketatik, jende xumearen kontura ateratzen dituztenak. Badira ere, dendari, bulegari eta abar bitartekaritzatik bizi direnak. Gizartearen zubigunea osatzen dute. Azkenik, langile bezala izendatzen ahal dugun taldea daukagu. Izan daitezke fabrikanteak baina berdin baserritarrak ere. Perpausa batekin agertuz, egunean eguneroko ogia lanaren emaitza dutenak direla esango nuke. Lan uzte txikienak eguneroko ogi gabe uzten dituztenak dira.
GUARDIA I: Egin duzun iruzkinean, abertzale arazoa, puntu finkora eraman duzu. Izan ere, abertzale ilusioa, naturak gizaki bakoitzari emana zitalki desafiatzean baitago. Horrela gaurko gizartean ageri diren desberdintasunak naturaren emaitza besterik ez lirateke.
GUARDIA II: Ekonomia dimentsio hori garrantzizko deritzait. Baina gure arazoen sorburua beste alor batetik datorrela esango nuke nik. Ekonomia dimentsioa lurralde guztiei komuna zaienez, berezitasuna egiten duen beste hori izendatu behar dugu. Ekonomia aldaketan oro balego, alde batera bultzatu eta kito legoke. Baina, herri abertzaleak ekonomia egituren gainetik, hazi berekoia pribilejiatzen du.
GU.GE.: (guardia i-ari so) Ulertzen dut zure adierazpena. Hitz bitan honela definituko nuke: menperatu ditugun hiritarren berezitasunak txehetu beharra daukagu. Funtsean, abertzaletasuna beste areriorik ez daukagu hemen. Ekonomia borrokarekin hiritarrak liluratu nahi dituztenak, gurera itzuliko dira utopiaz aspertzean. Eta bienbitartean aliatu izan daitezke abertzaletasuna hiltzeko proiektuan.
GUARDIA II: Abertzaletasuna dugu sendatu beharrezko eritasuna.
GUARDIA I: Euskaldun abertzaleen gaitza existitzen dela dio nire esperientziak.
GU.GE.: Abertzaletasunak, zain ugariko soina du. Askotan, badirudi, amaeslarien ideia bat dela, ez da egia! Ideia bat ezezik askorentzat bizitzari zentzu emazten dioena baita. Eta bizitza eskuartean biltzea zail da. Limoriegi gerta baitaiteke gordetzeko. Edo esku pean dagoelakoan birrinduaz ihes egin dezake.
GUARDIA I: (Girgailuak eskuan dituela) Abertzale juantxoak ekonomiaren pribilejioekin liluratuak izan daitezkeela deritzait. Horrela korapilo bat askatuko dugu. Ekonomia dimentsioa erabilgarri izan dakiguke.
GU.GE.: Eskuan luma bat ageri du) Ezbairik ez, abertzale jauntxoak gureganagarriak ditugu. Are gehiago, hiritar multzo horrek idolo bilakarazten dituen seme-alaba hoberenak ere. Horien arteko lirateke, pentsalari, artista, kirolari edo langile nabarmenduak. Hauek gureganatzeko lain bagara, horien jarraitzaile den hiritar multzoa hurbilduko digute. Hiritar xehea kraistudun zaldi bat bezala baita. Kraistudun zaldiak, idolo koxkor horien kasua, kontrolatua izan dituzte.
GUARDIA II: Zaldi dema gaitza da euskaldun abertzale hiritarren artean.
GUARDIA I: Erremalen jabe egin behar gara.
GU.GE.: Horretarako kuraia eta ordena konbinatu behar dira.
(Orain, atea jotzen du norbaitek)
GU.GE.: (Atera so) Bai, sartzeko baimena duzu.
(guardia uniformedun jaun bat sartzen da. Eskuan gutun batzuk eta egunkari bat dakartza. Firmes keinua egiten du sartzean. guardia generalaren mahaira hurbilduz berari uzten dizkio ekarri dituenak. Beste firmes keinu bat egin eta kanporako bidea hartzen du)
GU.GE.: (Gutunak banan-banan ikusten ditu. Ondoren, egunkari bat eskuan hartzen du. Le monde dela ageri da. Orriak pasatzen doan heinean hitz hauek esango ditu)
Egunkari honek eta honen antzeko beste batzuk garrantzi handia daukate guretzat. (Isilune bat) Zergatik? Hara! egunkari hau mundu osoan zabaltzen da. (Begirada egunkarian emana dauka beti) Mundu mailako politikoen aurrean harrera baikorra dauka. Oso kritika zientifikoak dira bertan egiten direnak. (Orain guardia biei so) Eta hortik zer datorkigun? Hara! egunkari honetan gutaz irudi ona pasatzen baldin badugu, munduko politiko onenen artean aintzakotzat hartuak izango garela. Hori da jokuan dagoena. Eta hori ez da txantxetan hartzeko gauza. Gure hiritarren artean onartuak izatea bezain garrantzizkoa da jakintza politikoen aldetik onarpena lortzea.
GUARDIA I: (guardia generalaren dinamikan jarriz) Eta gure alde jokatuko duten idazleak nola erdietsi?
GU.GE.: (Beti Le monde-n begirada duela) Nazio guztietan daukagu zenbait kazetari helburu horrekin guk ordainduta ari denik.
GUARDIA I: (Hau ere, guardia generalaren ikuspegitik hurbildu nahirik) Eta euskaldun hauen artekoak gure alde joka dezaten prestatzeaz zer?
GU.GE.: (Oraino ere Le monde-ra. begira) Dena planifikaturik dago. Prentsa alorrean ere, hiri bereko seme-alabek gure alde jokatzeak badu garrantzi berezi bat, noski.
GUARDIA I: (guardia generalak irakurtzen duen egunkarira so) Gazte horiek langile semeak badira hainbat hobe! Horrela tiro batekin bi txori hildo genituzke.
GUARDIA II: (Aurrekoaren ausardia parekatu nahirik) Abertzale giroan idolo direnak gureganatu behar ditugu ere.
GU.GE.: (Egunkaria mahai gainean uzten du, eta guardia biak begiratzen ditu) Guzti hori planifikaturik dago. Baina, bienbitarteko epean, atzerritarren artean nonbratuak direnak gureganatzen ere saiatu gara.
GUARDIA II: Herri bateko bizitzan hutsunerik ez da onartu behar.
GUARDIA I: Gizarte bizitza ez da norabide gabe halabeharrezko saltoz orekatzen.
GUARDIA II: Matisaltoak gizakiengan hauek abstraktuan bizi direnean bakarrik ematen dira.
GU.GE.: Politikoaren eginkizuna egituren planean jarraipenak goruetatzen ibiltzea da. Kontrakoa denean iraultzaileei lurra prest-prest jartzen baitzaie.
GUARDIA I: Atzerriko egunkariekin ere antzeko logika erabili behar da, noski. Politiko kontserbatzaileentzat gure menditxoak zelai bailiran ager daitezen.
GUARDIA II: Horretarako horien iturrietan eragina eduki behar da.
GUARDIA I: Horregatik zaigu garrantzizko atzerriko egunkarietan ematen den gurekiko irudia zaintzea. Ulertzen da atzerriko politikoen egarria kontuan hartu beharrezkoa dela.
GU.GE.: (Berriro egunkaria irekitzen du) Gaurkoan ere agertzen da gure lankide horietako baten artikulua. Hara! nola izenburutzen duen: “Berekoitasunaren zizpriztinak” Eta hau dio: Gizarteko legez animalien basoko borroka ipini nahi dutenez, zer? Ahots betez gizartearentzat ezkabia direla salatu behar da. Eta ondorioz garbi dago ezkabia hori borrokatzen dutenak gure laguntza osoa merezi dutela. Hiritar guztiok euskaldun abertzaleen ezkabia deseitzen bat izan behar gara. Batasun eta unibertsal begiradaz lanean ari direnak gure sostengua izango dute. (Isilune bat) Eta gisako argudioak ematen jarraitzen du. (Orain irrifarre eginaz guardia biei begiratzen die aldi berean). Benetan zoragarria da kazetari honen dialektika. Honen bidez, ziur naiz, munduko politiko nagusien artean harrera egingo digutela. Ezbairik gabe, gure ekimenean garaile gertatuko gara.
GUARDIA I: (guardia generalaren parean agertuko da). ez da kamutsa! Eta ohartun da abertzaleen hazia dela galerazi behar dena.
GUARDIA II: (Hildo beretik ere) Zientziak asko dezake. Nork uka dezake artikulu horren mezua?
GU.GE.: (Gauza berrien adierazle den keinu bat islatzen du) Guzti hau prentsak daukan garrantzia nabarmentzeko izan da. Baina, badago besterik ere. Hiri bat ardatz bakarrean lotzeko, mentalitate bakarrera eramateko, kultura bere alor guztietan landu behar da.
GUARDIA I: Gizakiari beregan eragina duten iturri guztietatik gauza bera adierazi behar zaio, noski.
GU.GE.: (Hari berari tiraka) Irrati, telebista, zinema eta beste informazio tresnak oro, hats honegaz gainezka bete behar ditugu. Lainokada bat euri baino ureztatze hoberik ez dago.
GUARDIA I: propaganda gurdika hedatu behar da.
GU.GE.: (Harian areago joanez) Propaganda modu asko dago. Batzuk zuzenean eramanak ohi dira. Gaurko tentsio giroan ez dira onenak. Horrela jardunaz, hiritarren artean dauden zauriak, irekiago egitea besterik ez baigenuke lortuko. Baina, badago beste propaganda modurik. Zeharka jardunaz jende xehea ohartun izan gabe egiten dena. Eta gaurko egoerarako aproposena da.
GUARDIA II: (Berekoitasun pixka bat ageri duelarik) Dena dela, jendea liluratu egin behar da. Garbi dago!
GUARDIA I: (guardia iiaren ausardia ezetziz) Liluratu ezezik ezkabia daramaten zainak kixkaldu behar dira. Bestela, luzaro gabe, berriz ere, kimu berriak ematen ahal ditu. Eta horrela eritasun katea luzatzea besterik ez genuke lortuko.
GU.GE.: (Diplomazia erakutsiz) Intxaurrari txurgalduz mamia jan ohi zaio.Guk ere, hiritar multzo honi, txurgalduz mamia jan behar diogu. Bestela, kimu eta zuhaitz berriak izango ditugu.
(Orain telefonoa joka jartzen da)
GU.GE.: (Eskuan hartzen du telefonoa) Bai, ni naiz! (Isilune bat) Hortaz zerbait pentsatua dut (Tartea) Hala ere, erraza kontsideratzen. (Tartea) Baina, azken kolpeak dena merezi du. (Tartea) Berehala bidean jarriko naiz. (Tartea) Bai, segituan hor izango naiz. Agur; (Orain guardia biei hitz eginez) Beste aldi batean gaur hemen hitz jario atera diren hauek konkretatuko ditugu. (Isilune bat. Pentsati...) Badakit denborarik galdu gabe obratzen hasi behar garela. (Isilune bat) Eta hutsik gelditu den baserria betiko erara zaindu beha da.
GUARDIA I: Lehen auzoa baserri hutsaren jabe izendatuz?
GU.GE.: Bai, baina, jabe berria nor den aurrez ongi ezagutu behar dugu. Jarraian arauek agintzen duten eran oro egin beharko du.
GUARDIA II: Animaliak, etxea eta lurralde usadioan bezala erabil ditzala.
GU.GE.: Hiritarren aurrean ordena itxura ezarri behar da; funtsezko printzipioa da hori. Baita, zarata atera dezaketen gora-beherak ahalik eta hobekien erabaki.
GUARDIA I eta II: Ados!
GU.GE.: Biok joan behar zarete. Ibilaldi itxuran. Hiritar multzoa guardien ibilaldiak onartzen hasi behar da.
GUARDIA I: Esanak oro egintza bilakatuko dira.
GUARDIA II: Berehala konponduko dugu.
GU.GE.: (Jeikiaz) Solas hauek emaitza ekarri behar dute. Beste batean jarraituko dugu elkarrekin solasten.
(Orain guardia i eta ii jeiki eta murruaren kontra dauden iskiluak errekuperatzera doaz)
GU.GE.: Presaz nago orain.
(guardia i eta ii firmes keinu eginaz agurtzen dira. Badoaz. guardia generalak firmes keinuz erantzungo die)
oihala