Mitoen baratza
Jokin Apalategi
Mitoen baratza
Jokin Apalategi
Utriusque Vasconiae, 2017
Mitoen baratza
Jokin Apalategi
Utriusque Vasconiae, 2017
[aurkibidea]

 

LEHENENGO EKITALDIA

 

Jokalekua: Antzinako euskal baserri bateko sukaldea. Ikusleak gibelean duen murruaren oinean beheko sua dago. Inguruak, aldamenak, kearrez beteta daude. Su gainean, olatz batetik zintzilik pertza dago egosten. agamunda (etxeko jauna, ikusleei bizkar emana) sutokian egoskinak moldatzen ari da. Eskubiko murruan kaiku, eltze, burruntzali eta beste zenbait tresna finkatuak ageri dira. Ezkerreko murruan berriz, irrati zahar, egunkari eta abar Jokalekuko ezker sarreran muski hamabostetik hemezortzi urte arteko mutila, irratia maneiatzen ari da. Garrantzizko zerbait nahi duela dirudi. Eserleku bezala, enbor motz edo txanbilak ere, badira sutondoan. Oihala altxatzean sukaldean dauden pertsona biek, bakoitza bere lanean ari direlarik, une batez mutu iraungo dute. Orain tximistaren antzo ixkanbila eta zarata haundiekin, iskiluz armatutako guardia bi sukaldean sartuko dira guardiek biziki jantzi apainak daramatzate.

 

GUARDIA I: Geldirik ala seko!

GUARDIA II: Atxilotuak zaudete!

 

(agamunda bezala muski, lehenbiziko sustu keinuaz gero, mugimendu gabe, izoztuak, mututuak gelditu dira).

 

GUARDIA I: (agamundari) Gorri, komunista, animalia, euskaldun abertzale!

GUARDIA II: Fedea, fedea! Gure herrian komunismoarentzat ez dago tokirik.

GUARDIA I: (guardia i-rengana zuzenduaz) Tori! (griluak pasatzen dizkio). Etxejauna lotu ezak. Otso zahar, edo lehoi madarikatu, alu, berori duk! (Orain mutilari so) Nik neuk preso hartuko diat gazte hau.

 

(agamunda guzti hori entzunaz gero ezin da ixilik egon. Halako batean haizeaz beteak dituen birikak erabat hustu arte jaurtitzen dituen hitzak zanpatuko ditu)

 

AGAMUNDA: Hori ez ukitu! Ez du errurik! Behar dena pairatu nik egingo dut.

GUARDIA I: (agamundari) Ixo, bestela bertan odol hustuko zara! (guardia i-ari) Lotu ezak lehenbailehen! Estutu, segurtatu! (Orain ohiu gogor batzuk jaurtitzen ditu). Juju, juju, aiup...! (Ohiuak entzutean, muski mutik gazteak, ikusleentzat nabarmen delarik hortzak estutzen ditu).

GUARDIA I: Beldur al haiz? Buruarekin pentsatu behar diagu.

GUARDIA II: Gori-gori egingo haugu gorri haizelarik!

GUARDIA I: (guardia i-ari so) Heldu lanari, atxilo ezak zaharra!

 

(Orain guardia i etxe jaunarengana zuzenduz hura lotzen du. Bienbitarte guztian guardia i iskilua altxaturik duela, ikusleei bizkar emana ageri da. muskik aitari begirik kendu gabe guztia jarraitzen du)

 

GUARDIA II: Prest zegok!

GUARDIA I: Har ezak berriz iskilua eta hago adi mugimendu txikienera.

GUARDIA II: (Utzia zuen iskilua berriz eskuetan harturik aita-semeei zuzenduz hau dio) Geldirik ala bestela tiro bana doakizue.

GUARDIA I: (Iskilua utzi eta muski lotzera doa. Inguratzean muskik hanka jaso eta ostiko bat ematen dio barrabiletan. guardia i ondorioz lurrera ziplo erortzen da. Orain guardia i-k iskilua altxatuz disparatu egin nahi du, baina, ez du lortuko)

GUARDIA II: (Gogor ernegatuta muskiri dio) Heriotza, heriotza irabazi duk! Bertan hilko haut Hireak egin dik!

 

(Orain muski aitarengana hurbiltzen saituko da, baina, agamundak, “Hanka ahal baduk” esango dio)

 

AGAMUNDA: Hanka ahal baduk!

 

(muski tximista bezala ihes doa)

 

GUARDIA II: (agamundarengana zuzenduz) Dena zuk pagatuko duzu! Komunista, animalia, gorri Zureak egin du! Gaur bertan kanposantuan zuretzat etzan-leku bat izango duzu! Kanposantuak ez al zaitu beldurtzen? Betiko, betirako, in saecula saeculorum! Izan ere, ez duzu arimarik! Animalia bat zara. Ikuluan txahalak, behiak, txerriak... ba, zu zeu baino animalia haundiagorik ez duzu gizendu! Ez eta gizenduko ere! Gaur bertan kanposantua zure etzanleku izango duzu. Entzun didazu? Entzun didazu?

 

(guardia i etzanda dagoen lekuan zerbait mugitzen da. Orain lurrean itzuli egin nahirik dabilela dirudi)

 

GUARDIA II: (guardia i-rengana hurbilduz) Zutitu adi! Jaiki! (Iskilua altxatuz muski eskapatu den atea seinalatzen du) Berehala harrapatuko diagu! Oraindik ez dik urrutian izan behar. (guardia i bati ostikotxo bat ematen dio) Ez ezakela adarrik jo! Bestela gure balioak kaxkar baloratuko dizkitek. Ez al duk entzuten? (Berriro ostikoa emango dio)

 

(Une honetan agamundak doministiku egiten du. guardia ii beldurtu du. Iskilua jasoaz agamundarengana zuzentzen da)

 

GUARDIA II: (Ahots erre batez ariko da) Bertan hilko zaitut. Kontuz gero! Arnasik ere ez ezazula har nire baimenik gabe! Zerbait behar baduzu aurrez nirengana zuzenduz baimena eskatu behar didazu. Bai, baimena! Baimena hitz egiteko ere eskatu behar duzu. (Geroz eta urduriago ageri da) Gorri! Eta ez zara zuri! Ez zara fededun! Ez zara Jainkoarena! Gorria zara, sua, infernua! (Su ta gar dago) Gaur bertan infernua, kanposantua izango da zuretzat etzan-leku!

GUARDIA I: (Oihuz eta garrasika) Heriotza, preso! (guardia ii ikaratu egin da. Orain guardia i-rengana zuzentzen da. Ostiko bat edo beste ematen dizkio)

GUARDIA II: Jaiki hadi! Zai nagok!

GUARDIA I: (Berriro lurrean itzulika dabil) Odola... ixuri behar dik!

GUARDIA II: Azkar habil! Zutitu hadi!

GUARDIA I: (Lurrean itzulika jarraitzen du) Non nago? Zer gertatzen zait?

GUARDIA II: Lurrean hago! Iskilu gabe aurkitzen haiz! (Ostiko emango dio) Jaiki hadi! Lehenbailehen mugitu behar gaituk.

GUARDIA I: (Indartsu) Aii, aii! Min diat.!

GUARDIA II: (Makurtuz hurbiltzen zaio) Non daukak min?

GUARDIA I: Arrautzak lehertu zizkidak.

GUARDIA II: (Ironiko) Gorringoa ala zuringoa?

GUARDIA I: (Lurrean eseritzen da) Arraultza azala!

GUARDIA II: (Keinu airoso batekin) Baa...! Ez duk ezer hori besterik ez bada! Harri piska bat janez osatuko haiz! Oiloen modura! Larrean ere egin beharko duk. (Hori entzutearekin agamundak algara egiten du)

GUARDIA II: (agamundari) Nork eman dik horretarako baimena, Bai, nire baimena!

GUARDIA I: Nire lepotik algaraka jarri al da?

GUARDIA II: Gorri bat duk animalia eta gu aldiz gizonak gaituk! Osoki gizonak ere!

GUARDIA I: Gizon sainduak!

GUARDIA II: Jainkoaren legea zaintzeko borrokatzen garenak!

GUARDIA I: Helburu sainduak ditiagu.

GUARDIA II: Beti fededun gaituk.

GUARDIA I: (Orain lurretik altxatuz agamundarengana doa. Irekiten dagoen lapikoa dirudi) Non duzu semea? Zer egin du? (agamunda ixilik eta serio, begitartez begitarte jarraitzen dio. Orain agamunda kolkotik hartuz) Non jo nauen adierazi egidazu! Bestela kixkaldu egingo zaitut. (Besterik gabe belarrondoko bat ematen dio)

GUARDIA II: Ez zaiok hire belarrondokoa gustatu. (guardia i-rengana zuzenduz) Hori ez! Nagusiek epaituko ditek! Gu geu ez gaituk horretan sartu behar!

GUARDIA I: Ixil hadi hi ere! Iskilua eskuan izanik nolaz ez duk hil?

GUARDIA II: (Mindurik) Orduan nireak dituk erru guztiak!

GUARDIA I: Zeinen erruaz ari haiz?

GUARDIA II: Mutil gazteak zanpatu hau!

GUARDIA I: Mutila nik hilko diat (agamunda seinalatzen du) Orain hori eraman ezak presondegira.

GUARDIA II: Bion artean eramango diagu.

GUARDIA I: Bakarrik ez al haiz hori egiteko lain?

GUARDIA II: Nagusiek hitaz galdetuko dutenean zer esan.

GUARDIA I: (Pentsati paseatzen hasten da) (Orain bere buruarentzat hitz egingo du) Arrazoi dik! Nagusiek koldartzat, kaxkar bezala epaituko naitek. Eta ni Guardia kondekoratua nauk. (guardia i-rengana zuzenduz) Arrazoi duk! Arazo bat sortu zaiguk. Biok diagu horren errua, ezta? Beharbada nik gehiago, baina...

GUARDIA II: Nik zeren errua?

 

(Une honetan agamundak nekatuaren seinaleak agertzen ditu)

 

GUARDIA I: (agamundari) Nekatuta hagoela? Laster betirako deskantsatuko duk (Ironiaz) deskantsu on bat merezi duk, noski. Hire lanak benetan agurtzea merezi dutenak dituk.

GUARDIA II: Monumentu bat altxatuko diagu.

GUARDIA I: Bai, kanposantuan!

GUARDIA II: (guardia i-ari) Noiztik animaliak kanposantura!

GUARDIA II: Egia duk! Honentzat kanposantua ohore haundiegia duk.

GUARDIA II: Baina, ez diagu erabat kanpoan utziko.

            Linbokoen lurrean tokia izango dik.

GUARDIA I: Ideia ederra duk8 (Orain bi guardiak algaraz hasten dira)

 

(agamunda bere aldetik lasai ageri da)

 

GUARDIA II: Linboan ume beltzen artean gorri batek dotore egingo dik.

GUARDIA I: Zer monumentu hoberik! (agamundari so) Eguzki dizdiratsu izango haiz.

GUARDIA II: (agamundari ere) Denek gurtuko haute.

GUARDIA I: Gu bakean utziko gaituk.

GUARDIA II: Daukagun ohorearekin konformatzen gaituk.

GUARDIA I: Zertxobatean hobetzea lortzen badugu hobe!

GUARDIA II: (guardia i-ari zuzenduz) Orain hire erruz graduetan jaisten bagaituzte zer?

GUARDIA I: (Kexu) Oinarritzat erru bera izan dugula ezarriko diagu. Horrela konformatzen al haiz?

GUARDIA II: (Desesperazio puntuaz) Errua, errua!

GUARDIA I: Ez hadi txundituta jarri. Berehala konponduko diagu

GUARDIA II: Mutil gaztea harrapatu behar diagu.

GUARDIA I: Nagusien aurrerako gezur bat landuko diagu. Mutil gaztea harrapatzea, baina, errezago izango zaiguk.

GUARDIA II: Bai, noski.

GUARDIA I: Eroriko duk. Nik neuk hilko diat.

GUARDIA II: Orain irudimena izoztu eta esku artean daukaguna konpondu behar diagu. Gero, noizbait, halakoren batean horrelako zerbait izan daitekeela pentsatzea ez duk txorakeria bat.

GUARDIA I: Baserrian, Agamunda bakar-bakarrik aurkitu diagu. Entzun duk? (guardia ii-ari bizkar gainean eskua ipintzen dio. Zerbait garrantzizkoa agertu nahi diola dirudi)

GUARDIA II: Agamunda, bakarrik harrapatu diagu, bai!

GUARDIA I: (Haserre) Kirtena haiz benetan! Semea baserrian ez dugula aurkitu adierazi nahi diat.

GUARDIA II: (Sutan hau ere) Hori bera ez al diat aitortu?

 

(Orain agamunda guardiengana hurbiltzen hasten da)

 

GUARDIA I: Geldi hagoen tokian ala bestela bizia arriskatzen duk.

AGAMUNDA: Kontakizun horrek ez dizue balio.

GUARDIA I: (Sutuan berriro ere) Zer dela eta? (Isilunea) Baina, preso hago, ixo berehala! Ez duk hitz egiteko baimenik.

GUARDIA II: Honek salatuko dik gure trukua!

GUARDIA I: (Biziro hasarre agamundarengana zuzenduz) Hori adieraztea helburu al zenuen?

AGAMUNDA: Hori bera!

GUARDIA I: Hil egingo haugu, eta kito!

GUARDIA II: Eta orduan heriotza nola justifikatuko dugu?

GUARDIA I: (Urrats batekin ikusleengana hurbilduko da) Mutil gazte hori nik hil behar diat. (agamunda kolkotik hartuko du) Hire semea nik hil behar diat. Nire iskilupean zerraldo eroriko duk. (Iskilua agamundari zuzen erakusten dio)

GUARDIA II: (Barruan duen kezkarentzat erantzunik ez duela aurkitzen dirudi) Dena kontrolpean zegok. Nagusiek bazekiten etxean zegoela.

GUARDIA I: (Orain ekaitzak bat-batean harrapatu balu bezala ariko da) Nire adimena agortu duk eta irteerarik gabe nagok. (Alde batera eta bestera eskuak keinuz eta dardaraz mugitzen dituelarik)

 

(Une batez hiru protagonistak ixilik geldituko dira)

 

AGAMUNDA: Ba dut zuretzat irtenbide bat!

GUARDIA I: (Apalkiro agamundarengana hurbilduz) Hik nire arazoarentzat erantzuna duala?

GUARDIA II: Zer duk, Esan egiok?

AGAMUNDA: Nire libertatea jartzen dut. prezioz.

GUARDIA I: (Biziki sutan) Bertan hautsiko haut.

            Truku hori ez diagu inoiz onartzen. Truku bat besterik ez duk hori.

GUARDIA II: Zergatik ez, truku saindu bat baldin bada?

GUARDIA I: Zeri deitzen diok saindua?

GUARDIA II: Litekeena duk guretzat salbazio bide izatea.

GUARDIA I: Salbazioa? Zeinen hitz polita!

GUARDIA II: (agamundarengana hurbilduz eta goxo) Ager, ager osoki hire proposamena!

 

(Orain agamunda agintea balu bezala mintzatuko da)

 

AGAMUNDA: (Patxaran hitz egingo du) Ea, hasteko har ditzagun txanbik bana! (hiruak ikusleei aurpegiak erakutsiz eseriko dira. Erdian, agamunda dager eskuetan kateak dituela. Bere bi aldeetan guardiak iskiluak lurrean emanak dituztela).

AGAMUNDA: Zuek nire baserrira hurbiltzean tratantea nuen etxean!

GUARDIA I: (Bere buruarentzat hitz eginez) Tratantea, bai! Tratantea ere ondo duk benetan!

AGAMUNDA: Baserrira inguratu zaretenean, presentzia horretaz jabetzean, berriro ehizarik gabe itzultzea erabaki duzue.

GUARDIA II: (Artegaturik) Esku hutsik nagusiengana itzuli?

GUARDIA I: (agamundari) Graduak ez dira txantxetan galtzekoak. Entzuten al diak?

GUARDIA II: Presondegira ehizarik gabe itzultzeko proposamena egin digu. (Eskuaz bekokia igurtzen du)

GUARDIA I: Horrekin ez dugu lepoan dugun katea luzatu besterik egingo. Gaur bertan, berehala hire bila bidaliko gaitiztek.

AGAMUNDA: Ordurako baserria utzi eta herri honetatik ihes egingo dut.

GUARDIA I: Hiri alde egiten utzi?

GUARDIA II: (Zutik jarriaz) Eta auzokoek irteten ikusten bahaute?

AGAMUNDA: Ilunabarra heldu arte gorde egingo naiz. Gero prekauzio handiz hanka egongo dut.

GUARDIA I: Zirt edo zart, baina, erabakia hartu beharrean gaudek. Denbora luzatzen zihoak. (Orain eserita dagoen lekutik altxatuz iskilua begiratzen jarriko da)

GUARDIA II: (agamunda sorbaldatik hartuko du) Jaiki hadi! Segi berehala mandiora et ezkutatu ondo!

AGAMUNDA: Kendu egidazue kate hau!

GUARDIA I: (agamundarengana hurbildu eta gero une batez zalantzan balego ageri da) Eta zergatik alde egin duk baserritik? Nola jakin duk hire bila etorriak ginela?

AGAMUNDA: Gure ixileko albistariak zuen bisitaren berri eman dit. Haiek dute nire ihesaren errua.

 

(Orain guardia i-ak keinu bat egingo du. Ondoren bere iskilua guardia ii-ri emango dio. Eta azkenik, agamundarengana hurbilduz eskuak libratuko dizkio)

 

GUARDIA II: Segi mandiora! Denborarik ez ezakela galdu!

GUARDIA I: (agamundai so) Agindua bete ezak ala bizia galduko duk! Ez ezakela deskuido txikienik izan. (agamunda beste gabe atetik irtengo da)

GUARDIA II: Ziur nagok portatuko dela!

GUARDIA I: Bestela gureak egin dik!

GUARDIA II: Hala ere egin duguna aukerarik onena duk guretzat.

GUARDIA I: Graduak alboratzea gogorra duk kostatzen direnak kostata!

GUARDIA II: (Suari so jarririk) Sua itzali behar diagu! (Hurbildu eta hankaz itzaltzen jarriko da)

GUARDIA I: Ez hadi lapiko izan! Pertz bat har ezak eta etxe atarira joan eta urez beteta ekar ezak!

 

(Orain guardia ii, eskuan daukan iskilua lurrean utzirik uraren bila doa)

 

GUARDIA I: (Pentsati jokalekuan ibiltari hizketan hasiko da) Komunista, gorri, animalia, euskaldun-abertzale! Bai, gorroto ditut. Guzti horiek nik hil behar ditut. Orain ere izan dut okasioa, baina, mutil gazte alu horrek...! Ez dut jornalik gabe gelditu nahi. Familia daukat Guraso naiz. Degradatzen banaute, irabazi eskasak izango ditut. Euskaldun deabruak! Hauei abertzale txertoa ipini dietenak madarikatzen ditut! (Orain guardia ii baldekara urarekin sartzen da)

GUARDIA I: Inork ez hintuen ikusiko, ezta?

GUARDIA II: Haizeak ere errespetua ziguk.

GUARDIA I: Denaren beharra izango diagu.

GUARDIA II: Hanka egin behar diagu lehenbailehen. Hemendik aurrera, une eta epe txikiena ere, arriskutsua izan zitekek gure etorkizunerako.

GUARDIA I: Ur gehiegi ez ezakela bota! Ur arrastorik ez dadila gelditu. Pertz hori berriz lehengo lekura eraman ezak lehenbailehen. (guardia ii, eskuan baldea duela kanpora irteten da)

GUARDIA I: (Iskilu biak bere baitan dituela) Bi iskilu bai, baina, ehizarik ez! Honek ez dik itxurarik! Basuerdeak aurrean izan, eta esku hutsik etxeratu behar! Basatiak dituk jende hauek. Abertzale basatiak, piztiak! Gu, aldiz, hiritarrak, gaurkoak! Basoa animalien unea duk. Hiria berriz gizonena. Animaliak senaz mugitzen dituk. Gizonok berriz adimena diagu gidari. Senak oreka dik emaitza, baso usaia, ezea, bizia. Adimena, zorrotza duk. Punta dik. Ertza zaramak. Senak iraupena, udaberria maite dik. Adimenak berriz, heriotza, udazkena joera dik. Basoa, animalia, sena, oreka, udaberria bezala hiria, gizona, adimena, ertza, udazkena gaur bateratu egin dituk. '

GUARDIA II: (Etxez kanpotik deiadarka) Ba al hator?

GUARDIA I: Bai, bai! (Kanpora doa)

 

oihala