Lurrunpean, Agustin Zubikarai IX TOBA, KAPI eta PELI PELI: (Agertuaz, itzal, baiña bere-berean.) Kapitana! Kapitana! KAPI: Ez niri itzik zuzendu. Ez zaitez nigana etorri. PELI: Barkuan ez da ezer igarten. KAPI: Ta zer? PELI: Mariñelak betikuak dira. KAPI: Ta zer? PELI: Iñok ez dau gauza barririk oartu. KAPI: Ta zer? PELI: Osterea egiten datozan ogetamar kanpoko lagunak, zuzen dagoz. KAPI: Zuzen! PELI: Polizoirik ez da iñun igarten. KAPI: Ez! PELI: Tarterik ez dogu laga ikusi barik. Ta bizirik beintzat ez dator iñor. KAPI: Ez! PELI: Maletetan ez dago sospetxarik eta berezirik zabaltzen dabenik. KAPI: Kontrabandoak maleta zaarretan egiten dira. Ez zenkien? Normaletan. Betikoetan. PELI: Etxeko telegrama bat dago ainbat lasterren erantzuteko zer billatu dogun, erabagi bat artu al izateko. KAPI: Pekaturik andienak andre normalak egiten ditue. Ez zenkien? TOBA: Ixil zaite. KAPI: Zure semeak jakin bear eban. Ez da zure semea? PELI: Kapitana! Lanean nago. Serbizioan. Telegrameari erantzun bear dautsagu. KAPI: Peli, biotzik ez daukazu? Odolik ez daukazu? PELI: Kapitana, nire zeregiñaren ardura daukat une onetan. TOBA: Gorrotatzen nazu. Ba dakit. Ba dakit. Zitalkeriz erakusten daustazu, zitalkeri otzez, zitalkeri garratzez! KAPI: Peli, itz egin daigun, gizonik-gizon. PELI: Nire ardurak amaitu ondoren, nire serbiziotik gero itz egingo dogu, premiña ba da biotzik-biotz. Zer erantzungo dot? KAPI: Eztakit. Erantzun nai dozuna. Lurrunpean, Agustin Zubikarai |