Lurrunpean, Agustin Zubikarai III TOBA, KAPI eta IZAR KAPI: Agurtuko dogu? TOBA: Eztakit zegaitik ainbesteko gurari. Arduratsuegi ikusten zaitut andre orregaz. KAPI: Azkenengo ibillaldian lagun atsegiña izan neban. TOBA: A... bai? KAPI: Zegaitik ez? TOBA: Atsegiña, ezta? KAPI: Eztakit itzik neurtuten. TOBA: Neurtu dozu ondo: atsegiña. Pilotoa ta zu, bata bestearen leian ibilliko ziñen, agiri danez. KAPI: Pilotoa ta nik ez dogu euki ezer, ezer be, entzun?, andre orrekin. TOBA: Nik ba dakit itxasontzietan zer jazoten dan. KAPI: Nik be ba dakit kapitana naizena. Entzun? Eta nik ba dakit kapitan lez zer egin bear dodan. TOBA: Gizonak baiño andreak bigunkiago artu. Andrak berez dituen jausialdi edo makaltasunetan biztuten alegindu... Ta zetarako ukatu? «Puentean» edo esku-bandan, ipar bigunaren aizeetan naastuten diran emakumien uleak bardindu, aizeak zabaltzen ditun papar zabalak lotu... KAPI: Toba! Zer da au? Zer pentsaten dozu? TOBA: Pentsatu ez. Irudipenak agertu. KAPI: Zegaitik ain zuzen be, sekula ez eta gaur..., orain, errezelo orreitan sartu? T0BA: Pilotoak dakiana kapitanak jakingo dau. KAPI: Edo ez. Ikusi bear nun eta zetan. TOBA: Illargiaren itzaletan kapitanak ariñago begiratzen ei dautse, egarri diran andreeri, begietara; edo ikutu, busti diran espanetan... eta... KAPI: Toba! Ez jarraitu! TOBA: Ta, bear ba da, ontzian igarten diran makurpenak eta bigunkeriak, leorrian... KAPI: Ixil! ixil zaite! TOBA: Pilotoak itz egin dau. KAPI: Noiz? TOBA: Ez dozu ikusi? Ez dozu ikusi itz gozoetan, eta... eta... Txandaka egingo zenduen noizbait? KAPI: Gaixo zagoz? TOBA: Zegaitik? KAPI: Gaixo ezik, ezin sinistu neikedalako zure itzetan. TOBA: Gizon guztiak hipokritak zariela eztakizu? Ez besterik itxuratzen alegindu. Ta ba nua. KAPI: Nora? TOBA: Gelditu ziñei nigaitik. Andre «atsegiñak» agurtzeko erreten ez zagoz ba? (TOBA juaten da, destañez, ta KAPI'k irribarre mintsuz begiratuko dautsa.) Lurrunpean, Agustin Zubikarai |