Aingira kumak, A. Zubikarai VI IRUDIA MANU, KELE, PAUL, URRE, BEGO eta GOZO (URRE, BEGO eta GOZO agertzen dira.) URRE: Sikatu egizu ondo ondo burua. Ondo gero. (BEGO, GOZO'k lagunduta, burua sikatzen ibilliko da.) PAUL: Amuma, gure aititak ba ekian igarian? URRE: Pixkat. Ez asko asko. PAUL: Entzuten? KELE: Gure aitita zelakua zan? URRE: Ez andi ta ez txiki. KELE: Argala? URRE: Totolo. PAUL: Zuri? Baltz? URRE: Ez zuri ta ez baltz. Mariñelen koloreko. Neguan illun, atuntsuan gorrixka. Ule ta bizarra be urre koloreko. KELE: Arrantzale ona izango zan, ez? URRE: Bestien antzeko. MANU: Ixurdetan eta ibilten zan? URRE: Ixurdetan ain zuzen be, ez. Ixurdei laga egin bear yakoe arraiñak ataraten. Atunetan, zimarroietan, antxoatan, berdeletan... PAUL: Ona zan? URRE: Okerrik ez neutsan ezagutu. Baiña, txotxo, zetarako orrenbeste jakin gura? BEGO: Sikatu dot, amuma. URRE: Beste bein ibilten ba zara... MANU: Ori? Beti mutillei burletan ibilten da. BEGO: Ez da egia. PAUL: Ezetz? Ta gero... negar ta negar egiten be eziñen ibilli atzo bertan? URRE: Negarra? Berak ikusiko dau. Len be gurian negarra obeto dago, kaletik malkorik ekarri barik. GOZO: Origaitik ibilten zara beti baltzez jantzita? URRE: Origaitik? Alarguna naizelako. GOZO: Alargun izatea, zer da ba? URRE: Bakarrik gelditzea. PAUL: Orrela dala orain etzara alargun. URRE: Zegaitik ez? PAUL: Geu be emen gagoz, eta... URRE: Baña laguna falta, senarra falta, BEGO: Ni laguna baño geiago naz, ez? MANU: Izan ez? Inpernuko barrabasa zu. BEGO: Entzuten, amuma? PAUL: Ta Martintxu be alarguna izango da? Gaiztuago da... URRE: Batek ba daki. KELE: Eta Kospa be alarguna da? MANU: Eztakizu Pello'neko ama dana? Ama izan eta alarguna? PAUL: Ori jakiteko aiña pospororik be eztaukazu buruan? KELE: Asko esan, zera, kofradixako lendakaria zara zu bestela be-ta. GOZO: Ta zegaitik, amuma, beti beti baltzez jantzita ibilten zara? URRE: Ezaugarri bat. Oitura bat. Zerbaiten utsunea, illuntasuna agertzeko. KELE: Orregaz agertu nai dozu aitita maite zendula, ez? URRE: Zeiñek ez? PAUL:: Eta, amumatxo, alargunei bizarrak urteten dautse okotsean? URRE: Alargunei eta alargun ez diranei. PAUL: Ollo kakagaz igortziten dozue, ala? URRE: Nok esan dautzue ori, Paul? PAUL: Neuk ikusi neban atzo, Peru, igortzi ta igortzi. KELE: Bai neuk be. Ta berak esaten eban bizarra ariñago urteteko zala. URRE: Bakarrik ebillan? PAUL: Bai. Ni neuk be, Peru lako izatera eltzen naizenian, ori egin bear dot? URRE: Kontuz gero olako zikinkeriak egiteagaz. PAUL: Ta bizarrik urten ezik? URRE: Orren kezkarik ez artu, ez orixe. KELE: Ba eukan aititak bizarrik? URRE: Kirikixu batek baño sarratuago. MANU: Arek asto pekorotzagaz igortziko eban eta... URRE: Zeiñek esaten dautsuz olako gauzak, nok? PAUL: Eztakizu? Peru-ta, Ibon-eta, Patxitxu-ta, olakoxe kontuak esaten ibilten dira beti. (Atea joten dabe.) BEGO: Atea joten dabil norbait. GOZO: Bai zera be. MANU: Onek beti atearen bildurra eukiten dau. (Atea barriro.) BEGO: Egia da edo ez? Eztozue entzuten? MANU: (Giltzan zulotik ikusiaz.) Aguazilla da. KAKU aguazilla. PAUL: Eskola igesi egin zendulako etorriko da. Edo uretara jausi zarealako. KELE: Eta orain zer? URRE: (Deika.) Aurrera. Ai txotxo, orain izango dira kontuak. Gaur be ba dakazue zuek garrazkeriren bat. Aingira kumak, A. Zubikarai |