Bai ala ez, Daniel Landart
Egan, 1/6-1983

 

HIRUGARREN ZATIA

 

Beti barne bera da gure aintzinean. Serora bat haskariten ari da. Ama ondoan du, xutik, oilaxko bat eskuetan...

 

SERORA — AMA

 

SERORA: Sobera ona zira... Haskari-egiterat gomitatzen nauzu eta gainera, oilaxko bat eman nahi dautazu... Ez dira herritar guziak zu bezalakoak.

AMA: Aspaldian eman nahia nautzun... Zaude, zaku baten xeka banoa. (Oilaxkoa serorari emaiten dio).

SERORA: Zer oilaxko ederra... (Eskuetan hartzen du). Eta zer hazta... hunekin, bi egunen janaria bederen ukanen dugu... Nola du izena...? Chantecler...? (Amak, oilaxkoa zakuan sartzen du). Funtsean, beharrik badira zu bezalako bihotz oneko jendeak, bertzenaz, goseak hila gintuzken. Badakizu jateko, hiru bagira gero egun guziz. Eta bereziki Soeur Alphonsine-k zernahi behar du.

AMA: Eta zure osagarria, soeur Marie de l'Assomption, nola doa? Lehen buruko min ikaragarri batzu ukaiten zinituen. Eta orai?

SERORA: Ez. Eztitu zaizkit. Eskerrak Jainkoari!

AMA: Eta eskola libroa ere ongi johan?

SERORA: Bai, bai. Hamar bat familia komunixtek salbu, bertze guziek gure ganat igortzen dituzte beren haurrak. Orai arte ginuan beldurra, eztitzen ari zauku.

AMA: Eta zeren beldur zinezten?

SERORA: Luzegi litake erraiteko. Bainan guk ukan ditugun buru hausteak bazinazki... Bego hortan... Iduri-ta eskola girixtinoak ez duen laikoa balio! Zuen Maritxu ere eskola girixtinotik ateratzen da eta ba ote du zerbait erraiteko?

AMA: Ez segurki... Biziki planttakoa da.

SERORA: Danzing horietarat ere abitua dela aditua dut. Egia ote da? Agian ez! Debrukeria nagusi da gero toki horietan... Ez luke hoin gazterik galdu behar...

AMA: Zaude gustian, soeur Marie de l'Assomption, danzing horietarat zonbait itzuli eginik ere, goizik etxeratzeko usaia du.

SERORA: Hobe segurki! Badakizu, hoinbertze itsuskeria ikusten eta entzuten da bazterretan...

AMA: Egia diozu. Ni ere harritua nago...

SERORA: Eta artetik erraiteko, ikusi dituzu, buru bero batzuek, gaur egin dituzten tindu zikin horiek? Balio du behatzea... Zauri... (leihoari hurbiltzen da, ama besotik hartuz). Beha... Zaude; kaderaren gainetik hobeki ikusiko duzu! —Beha, tindu beltzez, hortxet: «Gora Euskadi» «Zazpiak bat» «Lana gaztentzat». Eta elizako murru gainean ere ba dakizu zer ezarri duten?

AMA: Ez.. .

SERORA: «Eliza aberatsen mutil!» Harritzekoa ere bada. Ahalgingarriak ez bertzeak! Eta ororen buru; aberatsik ez nagusirik ez balitz, nun gintazke? «Eliza aberatsen mutil» holakorik pentsatzea ere! Eliza pobrea da. Eta beha-zazu hementxet: «Lau eta hiru = bat!». Burutik harrotuak dire... Zaude, beste leihotik hobekiago ikusiko dugu, «Xotildaiko» murru parretean ezarri dutena (eta biak, kaderak hartuz, doatzi barnearen bertze ezkinarat!) «Lantegiak langileri» «Kapitalixten joka-bidea ez dugu onartzen» «Gureak gure» «Eskuara bat, Euskadi bat...». Zer diozu zuk?

AMA: Ba dakizu, Soeur Marie de l'Assomption, aski aparka ibiltzen dugu etxen berean. Eta ororen buru ez ditut nik ere gauzak duela zonbait denbora bezala ikusten... Gazteak ginelarik baginituen gure buru-hausteak eta gure ait'amek ez zuten deus jakin nahi... Gaurko gazteriak ere baditu bere buru-austeak eta ez da guri oiharzun eta nahigabe horien aintzinean begien hestea eta beharrien tapatzea.

SERORA: Baina halere, uste ote duzu bide eta murruak zikinduz helduko direla zerbaitetarat?

AMA: Zerbaitetarat heltzeko behar da mugitu. Gero ikusiko zer etorriko den...

SERORA: Zer etorriko den? Saltsa, saltsa bazter guzietan!

AMA: Jainkoaren semeak ere, denbora hartan, saltsa muntatu zuen.

 

(Maritxu sartzen da lasterka).

 

AMA — SERORA — MARITXU

 

MARITXU: Ama, ama, jaun auzapeza gure etxerat heldu da, harmadun batekin.

AMA: Jaun auzapeza, harmadun batekin?

MARITXU: Bai ama. Urratsa luzatuz heldu dira.

SERORA: Beraz banoa hemendik. Milesker zuen ongi etorriaz eta oilazkoaz. Otoitz eginen dut zuentzat.

AMA: Ukan ginezake bardin beharra...

 

(Eta serora badoa sahetseko atetik. Auzapeza eta harmaduna sartzen dire bertze ate batetarik).

 

AMA — MARITXU — AUZAPEZA — HARMADUNA

 

AUZAPEZA: Egun on!

AMA: Bai zueri ere jaunak!

AUZAPEZA: Berri hits betekin heldu naiz.

AMA: Zer gertatzen da?

AUZAPEZA: Ez dakit so egin duzun kanpo horietarat; bada segur pollitik! Herri guzietako murru eta bideak tinduz bete dituzte. Nere etxea bera funditu dautate. Eta tindatzaile errabiatu horietarik bat: Pettan.

AMA: Pettan?

AUZAPEZA: Zuen Pettan bai. Ez dut komprenitzen ahal zer pasatzen zaioten burutik gazte horiei, hola jokatzeko!

MARITXU: Eta nun da orai?

AUZAPEZA: Preso.

AMA: Preso?

AUZAPEZA: Bai. Goizalderat harmadunek harrapatu dute murru zikintzen ari zela...

MARITXU: Eta gero?

AUZAPEZA: Ikusirik haren tinduek kalte ekartzen dutela Frantziako ordreari eta bakeari, arrastatu dute.

AMA: Arrastatu. Eta zer bilakatuko da orai?

AUZAPEZA: Lehenik, auzitegian pasatu behar du... Gero ikusiko zenbat denbora beharko duen preso egon...

AMA: Eta gauza ttipi horrentzat hoinbertze ixtorio... Nere semea preso!

AUZAPEZA: Gauza ttipia... Ez da arras ttipia... Frantzia gure ama maitearen kontra joaitea ez zaizu hori zerbait ba zuri? Nun da Frantzian bezainbat libertate? Nun? Txekozlobakian ote?

AMA: Eta zurekin den harmadun horrek zer nahi du?

AUZAPEZA: Zuen etxea miatu.

AMA: Etxea miatu? Eta zendako ote?

AUZAPEZA: Ikusteko heian, ba denez etxe huntan, harma, plaztika, bonba edo zerbait gauza hirriskudun.

AMA: Nere etxean harmarik badenez? Nere etxean plaztikarik badenez? Nere etxean, bonbarik ba denez? Zer diozu? Terrorixta batzuentzat hartzen ote gaituzue? Ttipiak ginelarik, elgarrekin eskolan ibiliak izanki-ta ez ote nauzu ezagutzen? Ez ote dakizu nundik ateratzen naizen?

HARDUMADUNAK: Que dit-elle donc? Ne pouvez-vouz pas parler francais, comete tout le monde? Nous sommes en France tout de méme.

AMA: Lehen aldikotz orai, senditzen dut ez naizela Frantzeza! Eta gizon arrotz horrek nahi luke nere etxea miatu? Horren meneko ote dira?

HARMADUNAK: Elle proteste? Elle n'accepte pas? Est-elle complice?

AMA: Erraiozu, nere etxea nahi balin badu miatu, mia dezan!

AUZAPEZA: Vous pouvez y aller!

AMA: Maritxu, segi hadi ondotik... Ez dakigun batere gero, nor den gizon hori...

AUZAPEZA: Harmadun buruzagi bat da... Gizon argitu eta serioz bat.

AMA: Frantzia Alemanen meneko zelarik ere gauza bera gertatzen zen. Alemanek Frantzezen etxeak miatzen zituzten. Eta orai zer? Frantzezek Euskaldunenak?

AUZAPEZA: EZ da bardin...

AMA: Zer ez dela bardin? Ezagutzen ez dutan Frantzez gizon batek nahi du nere etxea miatu, eta nola deitzen duzu hori? Guretaz jabetzea ez?

AUZAPEZA: Ez da luzaz egonen...

AMA: Funtsean, gure etxea nahi badu miatu, ganer horietan, ez ditu frantzez gerla oroitzapen batzu baizik harrapatuko. Nere aita zenak, hamalaueko gerlan irabazi lau medailak ikusiko ditu. Eta zurezko zango bat ere bai. Nere senarra berrogei-ta bertzeko gerlatik, zango motz etorri baitzen! Eta gerlaren ondorioetarik hil!

AUZAPEZA: Ohore Frantziarentzat odola ixuri duten gazte zintzoeri! Zer ez dugu guk ikusi Frantziari leial egoiteko! Biba Frantzia! Zenbatek ez dute beren bizia eskaini, egungo gazteak urus izan diten... Eta bizkitartean ez luke biziki ageri, estimatzen dutela Frantzia maitearen onezia...

AMA: Diozu zer nahi ikusi duzuela Frantziari leial egoiteko... Nun zinen gerla denboran? Ez ote zira Bordelen egona, hirrisku haundirik hartu gabe?

AUZAPEZA: Gerla ari delarik, denetan hirriskua bada.

AMA: Bai, Bainan zu eta zure kidekoen joka bidea da, lanjerra delarik ontsa gorderik egoitea eta gero bertzek gerla irabazi ondoan heien egintzetaz baliatzea! Orduan bai: Biba Frantzia! Bainan haren alde bermatu behar delarik, nahiago dituzue halere bertzeak igorri.

AUZAPEZA: Zer duzu ene kontra? Ez ote ditut herriko aferak behar bezala eremaiten?

AMA: Oxtian erraiten zinuen: «Zenbatek ez dute beren bizia eskaini egungo gazteak urus izan diten?». Eta uste duzu aras urus direla?

AUZAPEZA: Zer dute eskas? Auzapez jarriz geroz, ezar arazi ditut herri huntan ura eta elektrika. Etxe guzietarat auto bidea bada. Eskolako haurrak ere ez dira gehiago oinez ibilki... Arrabotea berri arazi dut. Pizina bat ere muntatu. Eta aurten izigarriko lanak hasi beharrak ditugu «lac» haundi baten egiteko. Horiek hola, zer dute eskas oraiko gaztek?

AMA: Eta «lac» edo putzu horrek zenbat gazteri emanen du lana?

AUZAPEZA: Turixtak ekar araziko ditu.

AMA: Uste duzu turixtekin bizi araziko dugula gure herria?

AUZAPEZA: Dena ere on...

AMA: Eta lantegirik ez ditake munta? Zer bilakatuko dira gure gazteak?

AUZAPEZA: Gazte batek maite du kurritzea...

AMA: Zuk hola diozu. Bainan ez da denentzat egia. Ezagutzen ditut frango, berriz gogotik itzul litaizkenak. Bainan hunat itzuli eta zer eginen dute? Lanik ez da. Ez dira urte guzia zangoak urean egoiten ahal, putzu bat badela-ta...

AUZAPEZA: Eskualde hotan lanik ez izanik ere bertze nunbait balin bada...

AMA: Zendako ez da gure herrian lantegirik? Ala udan turixtak hemen ditugulakotz behar ditugu gero bederatzi hilabete eskuak kurutzaturik pasatu? Zu aise ari zira. Otel bat daukazu... eta ondoan laborantza. Zuhaurek dakizu nola bildua, bainan gauden hortan... Beraz zuri beharrezkoa zautzu putzu baten egitea. Zure otelean jende gehiago ukanen duzu, eta oraiko zure aberastasuna ez da ttipituz joanen. Bainan bertzek zer eginen dute?

AUZAPEZA: Ahal dutena! Hemen egoiteko ez badira on, joan ditela bertze norapeit!

AMA: Eta hori erraitean ez duzu bihotza hunkitua?

AUZAPEZA: Bihotza hunkia? Ttipikeria horientzat behar balitz odol gaixtoa egin, nun gintake? Frantzia guziaren beharreri behatu eta deus ez da hori. Ez dugu sobera berezkorra izan behar bizian. Behar da so egin du baino gaizkiago direneri... eta orduan ikusiko duzu biziki ontsa girela eta ez gitaizkela hobekiago izan!

AMA: Zu bai, ongi bizi zira. Bainan nere aldetik ez dezaket hoinbertze erran! Senarra galdu ondoan, lehenik, funtsean saltzen hasi behar izan dut. Gero behiak eta zaldia. Gero ardiak eta zerriak. Denak... Ihardokitzeko eta nere haureri behar bezalako erakaspen baten emaiteko!

AUZAPEZA: Pettan segurik ez dakit zein eskoletan atxikia duzun...

AMA: Pettan... Egia... Gaixo Pettan. Ahanzterat nindoan. Pettan preso... eta ni hemen zurekin solasean. Harmadun bat etxearen miatzen ari... Zu zira jaun auzapeza, nere semearen preso altxaraztailea zure gatik da nere semea preso.

AUZAPEZA: Nere gatik? Zer egin dut nik?

AMA: Erran dezagun, izaitekotz, zuk egin ez duzunaren gatik dela preso.

AUZAPEZA: Eta zer da, nik egin ez dutena?

AMA: Zure boza bortizki altxatzen ote duzu biltzarre horietan, gure herrietako lan eskasiaren jakin arazteko frantzez manatzaileri? Zerbait egiten ote duzu ezin bizian direnentzat? Erraiten ote duzu ez gitaizkela turixmoarekin bakarik bizi? Erraiten ote duzu laborantxa etxeak husten ari direla? Erraiten ote duzu urte bakotx 2.000 gazte badoatzila? Bai ala ez?

AUZAPEZA: Azken urte hautako auzi haundiena ginuen gure deituraren hautatzea!

AMA: Zer deitura?

AUZAPEZA: Gure departamendua nola izenda: Basses-Pyrénées edo Pyrénées-Atlantiques. Zazpi urte iraun du auzi horrek. Ikusten duzuen bezala, ez dezazkegu denak betan egin! Eta nahi baduzu egia jakin, nere boza bortizki altxatu dut Pyrénées-Atlantiques-en alde! Ez naiz gero auzapez bakarrik. Kontseilu jeneralean ere barne naiz! Eta nork daki, bihar bardin deputatu...

 

Maritxu sartuz

 

MARITXU: Ama harmadun hunek galdatzen du zure ganberako harmairuaren gainean den ferlankazko untzi ttipiak zer duen barnean...

AMA: Zer ari da zirtzil hori nere ganberako gauzen harrotzen... Ala zer ditu, gelditzen zauzkan azken diruak ere berekin ereman nahi?

 

(Maritxu berriz kanporat doa).

 

AMA: Eta zuk, jaun auzapez ohoragarria, onartzen duzu hori? Ez da bederen zuk manaturik etorria? Nere semea preso altxatu duzue bide tindatzen ari zelakoan. Preso, ohoin bat bezala, gaixtagin bat bezala! Eta nere etxearen miatzea ongi hatxemaiten duzu! Behar bada, zure etxea mia balezate, kontrabandako gauza gehiago harrapa lezakete zurean, nerean baino. Bainan zu Jauna, azkarrenaren alde zira. Nork hunki zu? Indarra zurekin duzu! Tapa gaurko Euskal Herriko zauriak. Mintza ordrearen alde... Ez erran lanik ez dela gaztentzat. Sal euskal lurrak arrotzeri. Sal gazteria, sal ditugun guziak! Diruarentzat zure ama sal zinio!

 

(Maritxu agertuz).

 

MARITXU: Untziaren gakoa galdatzen du...

AMA: Erraion jali dadin nere ganberatik. (Maritxu berriz doa). Orai ohartzen naiz sobera laster idoki dautzuetala atea! Kanpoan uztekoak zirezte zuek! Nere semea preso altxatzen duzue eta hunat heldu zirezte haundi haundia denetan nagusi bazinezte bezala, ahalgerik gabe. Ala, zueri, zinezko etsai batzueri bezala, behar ote dut mintzatu?

AUZAPEZA: Zaude zure mihiaren jabe!

AMA: Nere mihiaren jabe? Hala ez denik erraiten ote dut? Ala egiak zaitu izitzen... Eta ororen buru nere semearen alde zer egingo duzu?

AUZAPEZA: Ez dut gauza haundirik egiten ahal...

AMA: Nahiago duzu beraz, harmadun eta juje Frantzezekin ontsa izan, giren Euskaldun familia ohoragarri batekin baino. Milesker jaun auzapeza. Badakit zer balio duzun...

AUZAPEZA: Ez zinuke nahi bada, Frantzia-ren kontra mugitzen den mutiko bati laguntza ekar diozetan... zure semea izanikan ere...

AMA: Nere semea ez da norbaiten kontra ari. Euskal Herria du salbatu nahi.

AUZAPEZA: Ni ere Euskalduna naiz. Nik ere Euskal-Herria maite dut eta horren alde bermatzen naiz.

AMA: Bai putzuak ezarriz nun nahi. Lana behar da eman gazteri, eta ez zango-mainuak eskaini!

AUZAPEZA: Jarraiki behar dut jaun profetaren erraneri.

AMA: Baia emana duzu beraz Euskal-Herriaren herioari!

 

HARMADUNA — MARITXU (sartzen dira)

 

HARMADUNA: Ma fouille est termine. Mesdames, je vous demande de bien vouloir me suivre au Commissariat. Vous n'y voyez pas d'inconvénient M. le Maire?

AUZAPEZA: Absolument pas! Mais ce serait a quel sujet?

HARMADUNA: Vérification d'identités...

AUZAPEZA: Bien, bien. Jaun horri segi zaitezte...

AMA: Ez dut uste zu bezalako Euskaldun Frantzez zikitatuekin salbatuko dugula gure Euskal-Herria!

AUZAPEZA: Les paroles qu'elle vient de prononcer portent atteínte á la Sécurité de l'Etat!

MARITXU: Vous étes un menteur et un traitre M. le Maire! Gora Euskadi!

 

(Eta hiruak jalitzen dira).

 

AUZAPEZA bakarrik

 

AUZAPEZA: Lau jenerazione hotan gure etxetik jalgi dira herri huntako auzapezak! Eta adin huntarat heldu behar izan dut holako eñulkerien aditzeko... Euskal-Herria salbatu... Gazte buru bero batzuek hori erran dezatan, paso... bainan adin hortako emazte batek... Ez, Halakoek arrastatu behar dute! Nun nintazke ni, ez banu Frantzez gobernamendutik zubbanzionerik hunkitzen? Gerla denboran Bordelen nintzela eta gero zer? Frantziaren amodioa hor daukat (bihotza hunkiz) et hor! (moltsa hunkiz eta luzaz jos).

 

APEZA sartzen da

 

APEZA: Ez dut onartzen... Ez dut onartzen...

AUZAPEZA: Zer ez duzu onartzen?

APEZA: Ez dut onartzen, etxe huntako ama-alabak eta Pettan arrasta dezazten. Familia hau ohoragarria da Ez dut onartzen...

AUZAPEZA: Familia ohoragarria deitzen duzu, arrazoirik gabe, murru zikintzen ari dena, Frantziaren eta nagusien kontra mintzatuz.

APEZA: Ez da hor norbaiten arrastatzekorik...

AUZAPEZA: Fermu behar da agertu karia hotan!

APEZA: Bainan zuk ere ezagutzen duzu familia hau. Jende serios batzu dira.

AUZAPEZA: Nik aditu dituztenak entzun bazinitu ez zintazke hola mintza! Komunixtekin eskuz-esku ari dira...

APEZA: Komunixtekin?

AUZAPEZA: Bai jaun ertorra. Komunixtekin. Zuhaurek ere ikusi ahal izan duzu eliza murruan zer ezarri duten...

APEZA: Bai. Bainan halere... ez dira gauzak samindu behar...

AUZAPEZA: Elizako murruen garbitzea nork pagatuko du? Herriak ala zuk?

APEZA: Agian herriak.

AUZAPEZA: Aste huntako budjetean dugu ere elizako teilatuaren itzultzea. Nahi duzu egina izan dadin, bai ala ez?

APEZA: Bai!

AUZAPEZA: Nere bi alabak eskola girixtinoan ditut... Nahi duzu han utz ditzadan, bai ala ez?

APEZA: Bai!

AUZAPEZA: Beraz... hobe duzu ixil ixila egoitea! Jaun ertorra bertzenaz, jaun apezpikuak Biarnorat igorriko zaitu, punimenduz... Aditu duzu: ixilik zaude!

APEZA: Ongi da, jaun auzapeza!

 

ANTTON sartuz

 

ANTTON: Denak entzun ditut. Biba zuek! Gezurra eta saldukeria dario zuen ahotik! Ez nuen uste jaun ertorra elizako teilatuan truk salduko zinuela gure familia. Ez zuen balio, joan den egunean artzea libro zinela erraiten! Eta zu jaun auzapeza, komunixmoren beldurra sar-araziz, apez eta jende ez-ikasiak izi arazten dituzu eta ororen buru ez zira faxixta bat baizik. Eta faxixtak hil behar dira!

APEZA: Antton!

ANTTON: Zaude ixilik. Egun arte, dudan nindagon ni ere. Bainan orai ikusten dut garbiki nun den nere egitekoa.

 

(Harmaduna berriz heldu da eta eskua tinkatzen du apezari. Hiruak elgarrekin dagotzi; eta hiruen begitartean irria ageri da. Eman ditela besoz beso).

 

ANTTON: Zuek, ordrearen alde zireztenak, apez, auzapez edo harmadun, zuek, zuen EZA emana duzue Euskal-Herriari. Ordrea eta indarraz ezarri bakea hautatu duzue bainan ez egia! Egia, hautatuz, irabazia eta bizia hirriskatu behar baitira! Zuek, diruaren mutil batzu zirezte, hiruak! Banan, diruak ez dakar salbamendurik! Eta egun, gure lurretan errege bazirezte ere, zuek, Euskaldun jendea, bere-hartaz desjabeturik balin badaukazue ere; azken hitza ez da errana! Guk gaztek, Euskaldun gaztek, dugu erranen Euskal Herriari: BAI ALA EZ!

 

D. LANDART

Donoztirin - Mugerren

1969-an idatzia

Bai ala ez, Daniel Landart
Egan, 1/6-1983