Bai ala ez, Daniel Landart
Egan, 1/6-1983

 

LEHEN ZATIA

 

Oihala altxatzean; joka-lekua beltz beltza dago. Entzuten da kadera bat erortzen. Segidan urrunetik emazte bat oihuz.

Denbora: Bizi giren egun hautan.

 

AMA, JEAN — PIERRE

 

AMA: Ohoinak? Ohoinak etxean? (mintzoa hobeki aditzen da). Nor da hor? (eta ilunpean ama sartzen da sakelako argi bat eskuan (lampe électrique) eta argia harat eta hunat ibiltzen du, xekatuz norbait ba den barne hortan). Badea norbait? Nor da hor? (eta orduan gizon boz ezti bat aditzen da).

JEAN-PIERRE: Ni! (Amaren argiak erakusterat emaiten du gizon ixter bat).

AMA: Nor ni?

JEAN-PIERRE: Jean-Pierre.

AMA: Nungo Jean-Pierre?

JEAN-PIERRE: Iholdi Urberokoa.

AMA: Iholdi zointakoa?

JEAN-PIERRE: Urberokoa.

 

(Argia beti mugitzen da. Batean ikus ditake mutikoaren ixterra gero zangoak, atorra, arpegia, besoa; beti argiak hetsiak daudelarik. Ageri da garbiki ohetik ateratu bat dela, atorra du bakarrik soinean, galtzak beso gainean eta oinetakoak bi eskuetako erhiez atxikitzen ditu).

 

AMA: Eta zer ari haiz tenore huntan gure jateko salan?

JEAN-PIERRE: Etxerat nindoan.

AMA: Galdatzen diat zer ari hintzan...

JEAN-PIERRE: Ez dut deus gaizkirik egin!

AMA: Hori gero ikusiko! Hirugarren aldikotz, galdatzen diat zer ari haizen barne huntan?

JEAN-PIERRE: Maritxu-ren lagun bat naiz. (Argi haundia pizten da. Jateko-sala bat, ongi apaindua. Mutikoa ikaraz dago; amak aldiz mokoa zorrotx).

AMA: Maritxuren laguna haizela eta, gero zer? Ez duk hori arrazoin bat goizeko lauak eta erditan gure jateko salaren erdian izaiteko, eta oraino, erdi huluzirik... Ala zer? Maritxuren ganbaran ote hintzan?

JEAN-PIERRE: Ez... ba...

AMA: Bai ala ez?

JEAN-PIERRE: Bai.

AMA: Eta zer haiz Maritxurekin etzan?

JEAN-PIERRE: Ez!

AMA: Zendako haiz beraz erdi buluzia?

JEAN-PIERRE: Berotua nintzan!

AMA: Berotua delarik atorra kentzen duk eta ez galtzak!

JEAN-PIERRE: Hola gertatu da...

AMA: Bai, hola gertatu duk... Bainan jakin-zak, puttil, ez zaukala berriz holakorik gertatuko, gure etxean segurik!

JEAN-PIERRE: Ongi da.

AMA: Zer ongi dela? Hik egin dukana segurik ez duk ongi. Eta ez zakala uste izan hola pasatuko dela gertakari hau!

JEAN-PIERRE: Presatua naiz. Nere ait'amek goizik iratzartzeko usaia dute. Ez banute ohean atxemaiten, asaldatuko dira... Joan behar dut.

AMA: Nere etxean holakorik gerta zitaikela! Nere alabarekin; ezagutzen ere ez dutan mutiko bat bazagola... ni Santa Katalina-ri otoitzean ari nintzelarik... Izan ote ditake holakorik? Ez duk deus erraiten... Mintza hadi...

JEAN-PIERRE: Ez dakit zer erran...

AMA: Zer adin duk?

JEAN-PIERRE: Hogoi urte...

AMA: Hogoi urteko mutikoak ez dituk armadan?

JEAN-PIERRE: Erreformatua naiz.

AMA: Eta erreformatuak ez zirela nexkatxentzat on... Ez haiz naski hetarik...

JEAN-PIERRE: Ez dut uste ez...

AMA: Aspaldian elgar ezagutzen duzue bederen...

JEAN-PIERRE: Sei hilabete...

AMA: Zer? Sei hilabete? Eta jada... Laster dituzue zuek harat hunatak! Sei hilabeteren buruko etxe sartzea! Biba zuek.... ez duk gaizki. Eta... ezkontzeko xedetan haiz?

JEAN-PIERRE: Noiz nola...

AMA: Nere alaba desohoratu ondoan zer huke ihes egin nahi?

JEAN-PIERRE: Ez dut holakorik erraiten...

AMA: Beharrik. Bertzenaz, ikus hitzazke asto beltxarenak! Bezti hadi... Sarri, bezperak ondoan, joanen nuk hire ait'amen solastatzerat.

JEAN-PIERRE: Hori ez! Otoi ez! Xehatuko naute. Aitak bereziki, bere zintura larruzkoarekin sekulakoak emaiten dauzkit; nere lanetik landa, behiak ez baditut jeitzi nahi. Ez naiz berriz hasiko! (belaunikatzen da amaren aintzinean), bainan otoi ez deus erran etxekoeri...

AMA: Xuti hadi! Habil hemendik. Eta hire onetan utz-zak nere alaba bakean... (Galtzak soinean ditu, bainan jalitzean oinetako bat ahanzken du jateko-salan).

JEAN-PIERRE: Bera da-ta, nere ondotik ibilki... (eta jalitzen da).

 

AMA

 

AMA: Oraiko gazteak, zerbait badira bai! Nun dute burhasoen errespetua? Nun dute Jainkoaren beldurra? Denak larre johanki ote diren?

 

(Kanpoan, Jean-Pierre-k ez du bere autoa pizten ahal. Bi zalditako autoa intzirinka ari da, pitz et hil).

 

AMA: Piztuko ote du bere autoa? Ala, auzo guziak behar ditu iratzar arazi bere auto ozpinarekin?

 

(Jean-Pierre berriz agertuz).

 

AMA — JEAN-PIERRE

 

JEAN-PIERRE: Barkatu bainan autoa ez dezaket nihundik ere pitz. Esku ukaldi bat emaiten ahal ote dautazu? ...aski zinuke gibeletik pusatzea...

AMA: Nitaz trufatu nahi huke? Zer erranen ditek auzoek, ikusten balin bagituzte? Habil oinez! Eta bakea emak gure etxe inguru hotan!

JEAN-PIERRE: Bi minutaren afera litake...

AMA: Errana daiat ezetz... !

JEAN-PIERRE: Beraz banoa. Barkatu.

AMA: Eta ez zakala azantzik egin kanpo hortan! (Jean-Pierre badoa).

 

AMA

 

AMA: Ikusiak ikusi, zerk atxeman behar nituen orai! Zer kopeta! Eta Maritxu; bere aingeru begiarekin... seroretan eskolan izankita, zer julufria dutan nik hori etxen! Nork erranen zuen... Adituko ditu bereak, geroxago...

 

BOZ BATZU KANPOAN

 

ANTTON: Deusetaz... Sarri arte... Bai, Lapitxuri-n! Seiak irian. Agur! (eta autoa badoa; Antton sartzen da).

 

AMA — ANTTON

 

ANTTON: Ez zira ohean (hop), zu?

AMA: Eta hik Antton, orai duk etxerat sartzeko tenorea? Goizeko bortz orenetan? Nun egona haiz orai arte?

ANTTON: Besteri jarraiki behar delarik (hop) ez da nahi dena egiten... (hop) Nik nahiko nuen gauerdiko sartu, bainan bertzek... (hop).

AMA: Xotina ere bildu duk hor gaindi. Ez haiz barurik egona naski...

ANTTON: Zendako jeikia zira hoin (hop) goizik?

AMA: Batzu, igandetan berant egoiten direla ohean; ez duk holakorik gertatuko gure etxean! Hemen, goizik hasten dituk harat hunatak. Goizik! Batzu joan, bertzeak heldu... Ba; hola segituz, gustian lo egiten ahalko diuk...

ANTTON: Zer zen; Jean-Pierre gure etxen?

AMA: Ezagutzen duk mutiko hori?

ANTTON: Ba araiz. Maritxu-ren eta (hop) ene laguna da.

AMA: Puttiko ona!

ANTTON: Nexka guziak (hop) ondotik ditu!

AMA: Eta hi, nun egona haiz orai arte?

ANTTON: Oherat banoa! (hop) Ixtantean erranen dauzkitzut gaurko berriak. Bazinaki (hop) zer itzuliak egin ditugun...

AMA: Hortaz segur nuk. Eta ostatu horietan ere izan haiz?

ANTTON: Norat nahi duzu joan nadin (hop) ostatuez kanpo? Jantzatzerat? Bai. Bainan jantzategiak bi orenetan hesten dira. Bi orenetan goizeki da sartzeko (hop). Orduan da ta, gaua hasten... pesta hasten. Gero, gero, fiesta, edan ta kantu... kantu ta (hop) ...edan.

AMA: Beraz moltsak eta gibelak hartu ditek ukaldi bat, gaur ere.

ANTTON: Gibelak, sarri erranen (hop). Moltsa, orai berean mintzatuko da. Ori. Hutsa da. Arrunt hutsa! (hop). Nintuen guziak xahutu ditut, denak; eta ukan banu gehiago, jakin zazu (hop) bainan guk, beti xuhurki behar baitugu arizan (hop).. .

AMA: Xuhurki? Baduka kopeta? Hiru mila libera eman, eta hori deitzen duka xuhurki artzea gau batentzat? Zer nahi huzke hamar mila libera larunbat arrats guziz?

ANTTON: Ez nuzke sobera!

AMA: Ago ixilik otoi, zentzu gabea! Gu, hire adinean, urtean aldi bat jalitzen gintian, eta oraino herriko besta zelarik. Eta orai, jo hunat, jo harat, larunbat, igande. asteart, ortzegun... eta zendako ez egun guziz? Utz eskola bazterrat, utz lana bazterrerat, eta josta eta jantza eta besta egin eta mozkort! Jo aintzina, jo! Zihaurrek geldituko zirezte!

ANTTON: Zer nahi zinuke (hop) beti etxen egon nadin?

AMA: Batzu hala egoiten dituk. Bainan badakiat hi, ez haizela hetarik. Hail oherat orai. Lo egizak. Hamar orenetan iratzar araziko haut mezarat joaiteko.

ANTTON: Ez du balio. Ez naiz bardin mezarat joanen!

AMA: Mezarat joanen haiz!

ANTTON: EZ!

AMA: Erraiten deat baietz!

ANTTON: Ez du balio kexa zaiten ez naiz mezarat joanen!

AMA: Debrua nagusitzen hasia duk etxe huntan! (Antton badoa)

 

AMA

 

AMA: Alaba, mutiko tzar batekin galdua... Semea, gauez gau, ostatuz ostatu, mozkortua... Seme zaharrena, hiruetarik hoberena, politika urratsetan sartua. Eta ni, gerla dela medio, goizik alargundua... Nola ukan etxe huntan, denek nahi dugun, bake saindua? (Maritxu agertzen da).

 

AMA — MARITXU

 

MARITXU: Jes, zer dira oihu hok barne huntan... Zendako jeikia zira hoin goizik ama? Egin duzu lo?

AMA: Bai. Milesker. Eta hik?

MARITXU: Nik ere bai, Jainkoari esker. Ez dakit zendako, ez dut aments gaixto bat ere egin... Bizkitartean, usaian... Bainan gaur...

AMA: Gaixo aingerua...

MARITXU: O bai ama, erraiten ahal duzu... Ohean sartu orduko lokartu naiz eta geroztik bazinaki zer lo goxoa egin dutan...

AMA: Eta barda zer tenoretan sartu hintzan? Jantzatzerat joan hintzala erran batan...

MARITXU: Jantzatzerat joana nintzan, bainan ez zen nehor kasik eta segidan etorri naiz etxerat... Antoinette eta Jeanine han utzi ditut... bainan ni, haia, haia, gibelera jin naiz...

AMA: Bakarrik?

MARITXU: Norekin nahi duzu bada jin nadin?

AMA: Nik dakita? Mutiko batekin edo...

MARITXU: Bainan ama; zer diozu... ez naiz gero ni Marie-France, nor nahirekin ibiltzeko...

AMA: Beraz ongi lo egin dun?

MARITXU: Errana dautzut baietz... Bainan zer duzu? Zendako jeikia zira hoin goizik?

AMA: Goiztiarra nun ni beti...

MARITXU: Badakit. Bainan halere hoin goizik...

AMA: Hi ere usaian zortziak arte egoiten haiz ohean. Zer dun egun?

MARITXU: Goiz mezarat joan beharra naiz. Gero, lagunduko zaitut bazkariaren apailatzeko nahi baduzu bederen...

AMA: Bixtan dun baietz. Segurki, ez dun lana eskas gure etxen, igande goizetan. Mutiko horien oinetakoak ere hor ditun argitzeko.

MARITXU: Eginen ditut nik.

AMA: Hementxetako oinetako hau, ez dinat nihundik ere hatxemaiten ahal norena den... Pettan-ena edo Antton-ena... Haugi... hunarat... Hik behar bada erranen datan... Zoinena da? Gure mutiko horiek oinetako beltzak ditine, bainan hunek, hori aire bat badin...

MARITXU: Antton-ena ditake. Kominione haundikoak, horiak zituen...

AMA: Kominione haundikoak bai... Bainan hek, Ttotte buhamiari eman ginazkonan... Ez duna hik ezagutzen...?

MARITXU: Zuk ezagutzen ez duzuna nola ezagut nezake?

AMA: Bainan hau... ez dun ezagutzen?

MARITXU: Ez...

AMA: Matelak gorritu zauzkin... Zendako ote?

MARITXU: Matelak gorritu, eni? Gaizki ikusten duzu...

AMA: Norena da oinetako hau?

MARITXU: Ez dakit!

AMA: Nun du hunek laguna?

MARITXU: Ez dakit!

AMA: Eta ez dun dudatzen norena ditaken?

MARITXU: Batere...

AMA: Nik erranen denat.

MARITXU: Errazu!

AMA: Oinetako hau Jean-Pierre-ena dun. Ukatuko ote daitan ez dunala ezagutzen Jean-Pierre?

MARITXU: Jakitea da zoin...

AMA: Aski erranik badinagu. Mintza gaiten garbiki! Oxtian mutiko bat ikusi dinat hire ganberatik jalitzen... Hortxetako kadera hori ere aurdiki din pasatzean! Horra haren oinetako bat. Ez haizela nornahirekin jalitzen, nahi dinat... Bainan nahiago niken, ez bahu nehor hire ganberarat sar-arazten! Nun dun amari zor dunan errespetua? Nun dun nexkato gazte batek behar duen zuhurtzia? Aita bizi izan balitz, bi zaflako onak emanen, zaizkinan... Ahalgingarria hi!

MARITXU: Ez nuen ez lehen aldia!

AMA: Zer? Hemezortzi urte baizik ez izanki eta... jada hola ohartua gauza horiei... Gure ama zenari holako zerbait egin banio, preso ezarriko nintinan edo komenturat igorriko! Jainko maitea! Ez bada nigar egingarri holako bizia...

MARITXU: Lehenago gorderik egiten ziren gauzak. orai agerianago egiten dira...

AMA: Ago ixilik. Burua nahasten ari zaitan! Balio zinan bai, zer nahi pagatuz igortzea hiri eskola girixtinorat. Eta ez dun deus erraiten? Ez daitan barkamendu galdatzen ere?

MARITXU: Barkatu ama!

AMA: Ez dinat holako barkamendurik eskatzen. Barkamendu galdatzekotz, barkamendu galda zaitan behar den bezala eta ez airerat. Berriz ez hasteko xedearekin .. Zeren, hire onetan mintzo nun gero: sekulan haur bat heldu bazaun, ikusiko dun... Hik, eta nik ere zorigaitzez...

MARITXU: Pilula ere hor da... !

AMA: Ez dinat onhartzen nere aintzinean holakorik erran dezanan! Hogoi ta bat urte arte, ez haiz gehiago gauaz jaliko. Hire ganberako ateari behar bezala kasu eginen dionat. Eta erraion Iholdi Urberoko Jean-Pierre'i ez dadin gure etxe ondorat sobera hurbil... asunek xixta bailezakete!

MARITXU: Zer bilakatuko naiz Jean-Pierre gabe?

AMA: Jean-Pierre ezagutu aintzin hintzan neska onest bat!

MARITXU: Onestasuna bardin zaut neri! Jean-Pierre dut maite!

AMA: Nexka batek, bere eta familiaren ohorea xekatzen din eta ez bere nahia.

MARITXU: Ohoreaz; mihi gaixtoak baizik ez dira baliatzen! Ni, Jean-Pierre-n musuek nute asetzen!

AMA: Ixil hadi; eta bezti goiz mezarat joaiteko! Aski badinat aditurik! Mezatik landa solastatuko gitun...

MARITXU: Galtzak... ala zaia ezartzen dut?

AMA: Galtzetan mezarat? Zer erran lezake andere-serorak? Ezarzan zaia urdin bat eta mantalina ez ahantz!

MARITXU: Kattalin mutzurdinaren ondoan emaiten ahalko naiz... Jendek usteko dute bi ahizpak girela...

AMA: Erna hadi. Ni ere banian aldatzerat. (Ama jalitzen da eta segidan Pettan sartzen bertze ate batetarik).

 

MARITXU — PETTAN

 

PETTAN: Maritxu, zer du amak hoin kexu...?

MARITXU: Ez dik balio hiri erraitea; bardin, amaren aldea hartuko duk!

PETTAN: Ez nun alderdikaria! Mintzatu aintzin gauzen behar bezala pizatzeko usaia badinat. Bainan halere bitxi zaitan ama hoin kexu izaitea. Zer du bada?

MARITXU: Goizeki jeikitzeak ez dik deus onik!

PETTAN: EZ dun erran nahi? Bego hortan. Halere pentsatzen dinat zertaz den auzia...

MARITXU: Jainko ttipi bat bezala mintzo haiz... Ahoz bakarrik... Bihotza ez duk hunkia...

PETTAN: Egia dun Maritxu; ez gitun gehiago lehen bezala mintzatzen ahal... Gu bien arteko irriak agortu ditun. Bainan hire buru-hausteak ulertzen ditinat. Hik aldiz; erho batentzat hartzen nun...

MARITXU: Ez Pettan. Maite hut bihotz guziaz. Bainan konprenitzen ez dutana duk, zendako beti etxetik kanpo haizen, biltzarrez biltzarre, diokalarik Euskal Herriaren ongia dukala xekatzen, hire familia ahantziz.

PETTAN: Ez dinat nere familia ahanzten. Bainan populuaren ongia dinat xekasten... Hi, adin gaixtoan haizelakotz, biotzaren goiti-beheitieri haiz plegatzen. Ni, adimenduaren urratsari nun jarraikitzen.

MARITXU: Herrian bakarra haiz holakoa. Jende guzia hitaz trufatzen duk.

PETTAN: Jendea nitaz trufa dadin berdin zaitan. Galdatzen dutana dun jende horiek zentzu gehiagorekin so egin dezaten beren herriko harat hunateri eta orduan behar bada irri trufak sartuko zaizkoten.

MARITXU: Hik senditzen dukana nik ere senditzen diat. Euskal-Herria galtzerat eta hiltzerat doala, ehin aldiz errana daitak. Badakiat hori. Bainan zer egin? Amentsetan ez bizitzekotz?

PETTAN: Ez nun amentsetan bizi... Egun oroz hobekiago ikusten dinat Eskual Herriak salbamendu bat baduela... ! Bainan hik Maritxu, zerbait egiteko orde nahiago dun geldirik egon eta hi bezala beste askok: horrek din galarazten gure Herria. Hola segituz, ez din balio mugitzea... Galduak gaitun betikotz.

MARITXU: Hik eta nik ez diuk bizia bardin ikusten...

PETTAN: Hi, bizi molde bati jada lotua haiz. Ni, bizi molde baten xeka nabilan...

MARITXU: Ez duk gehiago hirekin mintzatzea ahal. Gainez gain ikusten dituk gure urustasun eta zorigaitzak.

PETTAN: Pena hartzen dinat hik hori erraitean... Zueri hurbilago izaiteko nun euskal politikari lotu

MARITXU: Politikan sartuz, gutarik urruntzen haiz. Ez ditek eriek baizik politikarik egiten...

PETTAN: Milesker hire erranez. Behar-bada arrazoin dun. Bainan ez nun hire gogo bereko!

MARITXU: Ez diat ikusten zer egiten ahal dugun. Nahi balin baduk mugitu, mugi hadi. Nik badakiat aintzinetik, ez dugula deus egiten ahal!

PETTAN: Beraz hire ustez beti hola izanen gitun... Gure herrietako nexkatoak joanen ditun sehi, sasoin egiterat, edo munduko ofizio zaharrenaren segitzerat... Mutikoak aldiz: betarrabetarat, baxera ikusterat Lurde edo itsas hegi horietako ostatuetarat; Pariserat edo Ameriketarat... Gure euskal lurrez, emeki, emeki kanpotiarrak jabetuko ditun, gu, gure etxen, arrotz bilakatuz... Hori onartzen ote dun?

MARITXU: Errana deat ezetz! Nihaurek ere eskolak bukatu eta, ez diat jakinen zeri lot. Bainan hola duk eta zorigaitzez hola izanen...

PETTAN: Eta ez dun uste Euskaldun seme alaba eskolatu eta zintzoak ez direla ohartuko gure zauri ikaragarriari? Uste ote dun, beti burua apalduko dugula gure kaltetan ari diren jaun-andereen aintzinean?

MARITXU: Ez duk nehor gosez hiltzen Euskal Herrian! Nik Jean-Pierre diat maite eta beste guziak bardin zaiztak!

 

(Ama sartuz).

 

AMA: Maritxu! Ernatu nahi dun hortik! Mezarat beranta ukanen diun!

 

(Eta Maritxu ateratzen da).

 

PETTAN — AMA

 

AMA: Norapeit abian haiz Pettan?

PETTAN: Bai, ama. Ezpeletarat.

AMA: Eguerditan gurekin bazkalduko haiz?

PETTAN: Ez dut uste. Egun guziarentzat banoa.

AMA: Bainan mutikoa, zer mila sorgin ari haiz hor gaindi? Beti kurri... Ixtantean ez haitugu etxen ikusiko ere... Zer duk bada Ezpeletan?

PETTAN: Biltzarre bat.

AMA: Pentsatzen nian bai, ez hintzala pottoka feiriarat joan.

PETTAN: Preseski harat noa.

AMA: Eta zer dik hire ofizioak ikusteko Ezpeletako feiriarekin?

PETTAN: Aldi guziz behar ote dautazu galde bera egin? Ez naiz tratularia. Ez dut pottokarik saltzeko, ez eta dirurik baten erosteko. Mintzaldi bat behar dut egin...

AMA: Horra. Pilota punperat jin duk! Politika! Bainan ez ote duk debruetarat igortzen ahal hire politika tzar hori!

PETTAN: Politika tzar baten peko balin bagira ere, horrek ez du erran nahi politika guziak tzarrak direla...

AMA: Bainan konprenitzen ez dutana duk zendako haizen hi saltsa horietan sartzen. Bertzek egin dezaten politika edo nahi duten guzia, eni bardin zaitak. Bainan hik, zer duk? Zer duk eskas? Ongi irabazten duk, ofizio garbia, astean berrogei oren; autoa ere baduk... Orroit hadi seme, frangotan, sobera galdatzen duenek denak galtzen dituela!

PETTAN: Egia erran, ez naiz hain gaizki diren hetarik. Bainan gaizki diren horiek frangotan ez dakite zer egin beren enegutarik jalitzeko. Eni da beraz horien laguntzea.

AMA: Apezari lana kentzen diok.

PETTAN: Apezak baditu bere egitekoak. Nik ere nereak. Gizonari behar zaio konpreniarazi behar duela gizon bezala bizi, eta ez beti, arrotz eta etsai batzuen zerbitzari izan, beldurraz, ahuleziaz edo ezazolkeriaz.

AMA: Bainan berriz ere erraiten deat, azkarrenaren legea dela hoberena. Hi ez haiz azkarren horren aldekoa... Beldur nuk. Beldur zerbait gerta zezaikan...!

PETTAN: Ni ere beldur naiz, zonbait aldiz. Bainan Ansaldi-k dio «sekulan beldurrik ukan ez duen gizona, ez dela gizona».

AMA: Jendea ez duk gaizki bizi... Ez duk ezagutu hik gure gaztetasuna! Orduan bai, baginian guk zerbaiten erraiteko dretxoa... Orai etxetan argia baduk, ura ere, radioa, telebixta, behi jeizteko tresnak, bokhetaria. Arnoa egun guziz. Gu, urean eta artoan haziak izanak gaituk! Bainan orai ontsa bizi gaituk. Ontsa!

PETTAN: Arrazoina duzu ama. Zuretzat ez da nehor urusago izaiten ahal. Zuretzat urus ote dira Euskal Herritik, urte bakotxean, joan diren 2.000 gazteak? Urus ote dira lanik ez dutenak? Urus ote dira 150.000 libera zahar baizik irabazten ez duten aita familiakoak? Urus ote dira gure herrietako bortxaz karlos gelditzen direnak? Urus ote dira, gure laborari, ostaler eta komertsantak? Urus ote dira Euskal-Herritik urrundu diren guziak? Eta urus ote dira Euskal Herri beraren maitez preso eta desterruan dagotzinak? Bai ala ez?

AMA: Buru bero bat haiz?

PETTAN: Milesker, ama!

AMA: Bakea behar diuk xekatu. Eta hi eta hire lagunak, bazterren nahasten hasten balin bazirezte, xahu gaituk! Gerla denbora ezagutu bazinute, orainko zuen oihu eta furfuriak ixilduko zinituzten!

PETTAN: Jenerazione bakotxak baditu bere zorigaitzak. Zuen atzoko zauria sendotua balin bada ere; gaurko gure minak ez daki nun aurki bere sendatzailea. Edo izaitekotz: badaki zer behar duen egin sendatzeko, mementoan dituen sendotzaileek ez dezakete gure mina sendo, berak, gero, eri bailitaizke...

AMA: Ez diat ongi konprenitzen zer erraiten dukan...

PETTAN: Ez holakorik erran ama. Ontsa konprenitua duzu. Bainan nahiago zinuke ez konprenitu. Ez da bardin...

AMA: Hire onetan mintzo nuk... Ez nikek nahi haurkeria batentzat gure ohorea gal dezakan. Eta sekulan preso sartzen baihituzte... Zer erran lezakete jendek...? Hago geldirik otoi. Ezkon hadi... Marie-France Harrixilokoa hire ondotik badabilak omen... Bainan uzkik biltzarre debru horiek bere gisa.

PETTAN: Zu orai mezarat bai zoatzi; zer galdatzen dautzu fedeak? Zer galdatzen dautzu karitateak?

AMA: Otoitza.

PETTAN: Otoitza behar dela nahi dut. Bainan ez dugu otoitzarekin bakarrik salbatuko Euskal Herria. Harmak ere beharko dira.

AMA: Ago ixilik Pettan. Burua galtzen ari duk. Uste nuen baino eroagoa haiz oraino! Hemengo jendeak nahiago ditik, norat nahi lekuak hustu, ezinez-eta pixtola eskuan hartu.

PETTAN: Eta beraz, gure Herria, gure mintzaira, gure odola, gure ohidurak, gure etxeak hil diten onartzen duzu?

AMA: Ez dakiat.

PETTAN: Bai ala ez?

AMA: Ez dakiat. Beldurrak beretzen hasia nik. Aski ikusirik badiat. Eta badakit zer gatik. Antton eta Maritxu-k ere mentsarazten nitek. Hik otoi ez zaitakala oraino bertze bi horiek baino gehiago buru-hauste eman araz!

PETTAN: Nere hautua egina dut. Eta ez zure nigarrek eta ez jende batzuen trufa zozoek ez naute geldi araziko! Monzon-ek diona: «egungo egunean erho behar baita izan, erho ez izaiteko!».

AMA: Geldi hadi etxen... Oilaxkoa diuk eguerdiko. Goxoki egonen gituk.

PETTAN: Ez naiz egun eta bazkari goxoen ondotik ibilki... Nik hautatu eta hartu bidea ez da gozokerien bidea. Egun ez bada, bihar, oren latzek idurikatzen naute...

AMA: Hortakotz bada, behar huke orai berean gelditu. Ordu duk oraino. Emak amor buru berokeria horieri... Politikan galduko haiz. Beldur nuk... Xahu gaituk... Tribunalerat eremanen haute. Gero berriz preso. Gosez hilen haiz...

PETTAN: Pasionearen ondotik heldu da beti Bazko!

AMA: Badakiat hori ere. Bainan auzoek lagundu hute? Eta bihar auzoen beharra balin baduk segur haiz lagunduko hutela? Ez! Beraz zendako lagundu nahi dituk? Utz-kik bere gisa...

PETTAN: Ez ditut bakarrik lagundu nahi. Askatu nahi ditut. Libratu!

AMA: Erraiok ta Panpalle Haundiari ez denez libro!

PETTAN: Zoin bitxia ziren. Zure eta nere ikusteko moldeak ez dira gehiago elgarrekin uztartzen ahal. Zurekin solastatzea iduritzen zait denbora galtzea dela. Halere apur bat konprenitzen zaitut eta zuk ni?

AMA: Apur bat nik ere. (Boza alxatuz). Maritxu! Mezako tenorea diun! (Pettan-i) Beraz bihar arte... Ibil hadi polliki...

PETTAN: Pasa zazue egun on bat. (Eta jalitzen da). (Maritxu agertzen).

 

AMA — MARITXU

 

AMA: Errana nainan zaia urdina ezartzeko. Ez dinat nahi zaia hori ezar dezanan, goiz mezarat joaiteko. Iduri liken asteart ihauteriko behi lasterretarat abian haizela. Erna hadi, hire beha nagon. (Eta Maritxu jalitzen da). (Ama doa ganberako ate ondoraino. Bertze aldetik Jean-Pierre agertzen da, zango bat intutsik eta xingilika).

 

AMA — JEAN-PIERRE

 

JEAN-PIERRE: Zango eskuineko oinetakoa hemen utzi ote dut? (Ama bizkarrez zagon; bet-betan itzultzen da).

AMA: Hi berriz hemen? Zer duk eskas?

JEAN-PIERRE: Zango eskuineko oinetakoa hemen utzi ote dut?

AMA: A... oinetakoaren ondotik heldu haiz...

JEAN-PIERRE: Etxeratekoan ohartu naiz... Ez duzu ikusi?

AMA: Hemen duk bai!

JEAN-PIERRE: Hobe... Pare bat baizik ukanki-ta, lastima izanen zen... Horrela, denak ontsa pasatzen dira! (Maritxu sartuz).

 

AMA — JEAN-PIERRE — MARITXU

 

MARITXU: Zu jada berriz hemen?

JEAN-PIERRE: Zapetaren ondotik... Zapetaren ondotik bakarrik... (eta erdi lasterka ateratzen da).

MARITXU: Jean-Pierre (erdi lasterka badoa Jean-Pierre-i buruz).

 

OIALA

 

Bai ala ez, Daniel Landart
Egan, 1/6-1983