Bai ala ez, Daniel Landart
Egan, 1/6-1983

 

BIGARREN ZATIA

 

Oihala zabaltzen delarik, Maritxu xoko batean jarririk, irakurtzen ari da. Laster sartzen da Jean Pierre.

 

Lehen zatiaren joka barne bera.

 

MAR!TXU — JEAN-PIERRE

 

MARITXU: Zer ari zira hemen?

JEAN-PIERRE: Ama etxen duzu?

MARITXU: Ez. Auzoan da.

JEAN-PIERRE: Hobe. Banuen beldur bat hura hemen kausi.

MARITXU: Bainan zer duzu beti erdi beldurrez... Bakar bakarrik naiz. Ez nauzu besarkatzen? (besarkatzen dira).

JEAN-PIERRE: Maritxu, berri txar batekin heldu niz.

MARITXU: Zer nuzu uzten?

JEAN-PIERRE: Unen... Ez alderat, bainan...

MARITXU: Ez nuzu gehiago maite?

JEAN-PIERRE: Ez da hori. Banoa hemendik.

MARITXU: Eta norat zoaz? Ez ote zira hemen ongi?

JEAN-PIERRE: Sobera ongi, zorigaitzez... Atzo goizean, nagusiak jakinarazi daut, gure lantegian lana eskastu dela eta azkenik sartua bainintzan, erran daut bertze zerbait xekatzeko...

MARITXU: Nagusi kakola! Eta zer bilakatuko zira orai?

JEAN-PIERRE: Nihaurrek ere ez dakit!

MARITXU: Eta laborantzan geldituz...

JEAN-PIERRE: Anaia zaharrena da etxeko...

MARITXU: Beraz...

JEAN-PIERRE: Ez da ehun aterabiderik! Gelditzen zautana da: hemendik joaitea!

MARITXU: Norat joan gogo duzu?

JEAN-PIERRE: Nik dakita... Urruntzekotz, hobe da aski urrun joaitea...

MARITXU: Pariserat ote?

JEAN-PIERRE: Uste dut baietz.

MARITXU: Beraz neretzat galdua zira!

JEAN-PIERRE: Nolaz?

MARITXU: Zu Parisen eta ni hemen, nola nahi duzu gure amodioak iraun dezan?

JEAN-PIERRE: Usu idatziko dautzut...

MARITXU: Idatzi ala tirrit bardin da... Gaixo Jean Pierre! Gaixo ni! Zendako mila sorgin ez da lantegirik gure eskualde hotan... Behar bada hobeki xekatuz... Bokale edo Tarnosen,.. Paue ere ez da hain urrun azkenian.

JEAN-PIERRE: Beti lan eskasiaren beldurrean bizitzeko? Nahiago dut, joan behar eta, lana den tokira joan!

MARITXU: Nitarik urrundu nahi duzu... Ez ahal nauzu sekulan maitatu... bertzenaz hemen nunbait geldi zintazke...

JEAN-PIERRE: Zer uste duzu, nere nahitarat banoala? Otoi, ez holakorik pentsa! Bortxatua naiz bortxatua. Aditzen duzu: Bortxatua!

MARITXU: Eta noiz abiatuko zira?

JEAN-PIERRE: Laster.

MARITXU: Joan aintzin ikusten ahalko zaitut bederen?

JEAN-PIERRE: Azken agurraren egitera etorria nintzan...

MARITXU: Zer? jada. Azken aldikotz ikusten ote zaitut? Jean Pierre. Nere bihotza punpeka ari zait, ene ezpainak zimurtzen ari zaizkit. Hatsa ez dezaket gehiago har! Jean Pierre nere maitea... Bakarrik utziko ahal nuzu?

JEAN-PIERRE: Ez nautzun holako minik egin nahi... Bainan bizitzako legeak bortitzak dira.

MARITXU: Eta etzira nagusiaren kontra asarretzen?

JEAN-PIERRE: Ez du balio... Zeren egiteko?

MARITXU: Ez dakit. Bainan hola segituz gazteria guzia hemendik joanen da, ezin biziz...

JEAN-PIERRE: Jinen naiz berriz.

MARITXU: Bai, erretreta hartu ta, azken egunen iragaitera.

JEAN-PIERRE: Eta zu heldu bazine Pariserat?

MARITXU: Zer du bada Parisek, denak bere ganat biltzeko? Lanik ez delarik, jo Pariserat. Besta egiteko, jo Pariserat. Teatro ederraren ikusteko, jo Pariserat. Denak Pariseri buruz gaude, ustez eta Parisetik etorriko zaukula salbamendua! Bizkitartean, Parise da aspaldian gure lehen enganatzailea! Ni segurik ez nu Parisek bere aztaparretarat bilduko!

JEAN-PIERRE: Uzten zaitut Maritxu... Parisetik idatziko dautzut karta ttipiño bat nere helbidearekin...

MARITXU: Parisen galduko zira! Emazteek bilduko zaituzte. Nagusiak zutaz baliatuko dira. Irabazi bezenbat xahutuko duzu. Hiri ustelduak kalte eginen dautzu. Parisen esklabo bilakatuko zira. Parise madarikatua da! Eta zuk halere erranen duzu ongi bizi zirela eta hemengo jende ez jakinek sinetsiko zaituzte!

JEAN-PIERRE: Banoa Maritxu. Zure begitartearen poza ni baitan sartua dago. Ez zaitut sekulan ahantziko...

MARITXU: Nik segurik ez zaitut ahantziko. Zu izan baitzira nere biziko lehen amodioa.

JEAN-PIERRE: Egian, lehena eta bakarra!

 

(Beserkatzen dira eta Jean-Pierre badoa, Maritxuk ondotik segitzen duela. Atean geldik gelditzen da apur bat. Antton jalitzen da, ganbara aldetik, txixtua joz, Maritxu aldiz nigarrez ari).

 

ANTTON — MARITXU

 

ANTTON: Zer dun nigarrez?

MARITXU: Jean-Pierre joan zaitak.

ANTTON: Norat?

MARITXU: Pariserat.

ANTTON: Zendako?

MARITXU: Nagusiak kanpora igorri dik, lanik ez zuelakotz.

ANTTON: Heren gaindi, ez din bertze zerbait harrapatzen ahal?

MARITXU: Alabainan, lantegiak ihaurri izanez...

ANTTON: Eta, noiz joan gogo din?

MARITXU: Segidan. Azken agurren egitera etorria zian. Bakarik gelditzen nauk, Antton... bakarrik. Zer bilakatuko nuk?

MARITXU: Igandetan zer eginen diat? Dantzatzerat ere ez nuk joaiten ahalko...

ANTTON: Hatzemanen dun bai, bertze norbait!

MARITXU: Zer derasak? Nik, Jean-Pierre diat maite eta maitatuko.. .

ANTTON: Nik ere uste ninan lehen hura izanen zela bakarra... Geroztik ba ditinat hiru pasatuak... Ago... zoin ziren? A, bai... Josette... gaixoa. Ezagutu nintuen lehen egunean berean ikusten zinan bere burua arropa xuritan... Gero... Maite... Eta azkena Patricia, Urruñarra. Eta orai gabe nun... Eta bizi.

MARITXU: Holakoak zirezte zuek, mutikoak. Bat utz eta bertze bat har!

ANTTON: Ez balin badun gustukoa...

MARITXU: Uste diat arras delikatuak zirezten...

ANTTON: Egia nahi badun jakin, Maritxu, nexkatoak, eni, bardin zaiztan gero. Ez balin bazirezte urus, zoazte antzara ferratzerat. Okaztagarriak zirezte... Batian, zuen xeka jin behar... gero heltzerat, bardin bestaren erdian. Edo besta batean enoatzen, edo gu enoatzen girelarik zuek gustatzen. Eta beti hola. Orai xedea hartua dinat. Bakarrik naizeno behar dutala poxi bat baliatu!

MARITXU: Balia hadi, balia, denak bardinak zirezte, debru zikoitzak zuek!

ANTTON: Gu ez gitun zikoitzak, zuek zirezte eta...

MARITXU: Ago ixilik. Nardatzen nuk, baniak, hemendik. (Norbaitek aten joiten du). Uste diat norbaitek atea jo duela!

 

(Eta Maritxu badoa. Antton xutituz, atearen ideokitzera doa; apeza sartzen da).

 

ANTTON — APEZA

 

ANTTON: Zu zira jaun ertorra?

APEZA: Hire ikusterat heldu nintian to!

ANTTON: Zer zira ardi galduen ondotik ibilki?

APEZA: Ardi galdua; hitz handia duk, Antton. Erran dezagun: errebelatua.

ANTTON: Bardin du bai!

APEZA: Ez arras.

ANTTON: Jar zaite, jaun ertorra.

 

(Apeza jartzen da).

 

APEZA: Azken lau igande hotan mezan ez haizelakotz izan, ez diat erraiten ahal galdua haizela... Behar bada poxi bat errebelatua. Bainan, deneri gertatzen zaiena duk hori...

ANTTON: Nola egiten duzue zuek apezek ikusteko xuxen, nor den mezan eta nor ez?

APEZA: Jainkoaren dohaina Antton. Jainkoaren dohaina...

ANTTON: Beraz nahi zinuke jakin zendako ez noan mezarat.

APEZA: Erran nahi ote huke ez dukala gehiago igandetako mezarat etorri nahi?

ANTTON: Mintzatuko naiz garbiki jaun ertorra. Batzu; mezak bozkarioz betetzen ditu. Ni, mezatik landa ilun eta trixte nago.

APEZA: Jaunaren Hitza ez duk entzuten.

ANTTON: Eta nere ondoan erdi lo daudenek entzuten ote dute?

APEZA: Bakotxak bere egitekoa dik...

ANTTON: Beraz, zendako zabiltz nere ondotik?

APEZA: Hire ikusterat etortzeak, ez dik erran nahi hire ondotik nabilala. Arimen artzainak, arima guzien oiharzuna behar dik entzun.

ANTTON: Mezarat joaitea neri, denbora galtzea zait.

APEZA: Hori erraitean, Antton, bahaki zer pena egiten dautakan! Meza duk...

ANTTON: Ba dakit zer den Meza. Bainan...

APEZA: Bainan zer? Gure Eliza Ama sainduak...

ANTTON: Ba ahal dakizu zer dion Sartre aipatuak zuen Eliza Ama sainduaz?

APEZA: Hu! Hik baino lehenago irakurtuak ditiat Jean-Paul Sartre-n liburu bitziak. Hik baino barnagotik ere ikertuak ditiat Kristoren erranak. Bainan zendako diok: «zuen Eliza Ama saindua»? Ez ote haiz urus, Jainko bat da delakoan eta Jainko hortan sinesteko ahala eman daukatelakoan?

ANTTON: Aitortuko dautzut, jaun ertorra, aspaldi huntan xeka ari naizela heian zinez Jainkorik ba denez, bai ala ez. Oraino dudan nago. Bainan nahiago nuke Jainkorik ez balitz.

APEZA: Zer derasak Antton errotzen ari ote haiz?

ANTTON: Ez jaun ertorra. Ba dakit zer diotan.

APEZA: Jainkoa amodio iturri bat bezala duk...

ANTTON: Jainkoaren beldurrean bizi naiz eta ez Jainkoaren amodio gosean.

APEZA: Jainkoaren beldurra ukan dezakan ongi duk, bainan beldur horrek ez dik haren alderako amodioa tapatu edo trabatu behar!

ANTTON: Berriz ere diot nahiago nukeela Jainkorik ez balitz!

APEZA: Zendako ote?

ANTTON: Aspaldian nere buruaz beste egina bainuke!

APEZA: Antton? Zer duk bada? Harritzen nauk. Ez haiz urus?

ANTTON: Ez, jaun ertorra.

APEZA: Zer duk eskas? Zeren ondotik habil? Funtsean, nola urus izan ditake Jainkoaren ganik urrun dagona?

ANTTON: Akitzen nauzu zure Jainkoarekin!

APEZA: Jainkoa baitan sinesteak dik indarra emaiten gure bizi dohakabe hunen ahal bezain ongi iragaiteko.

ANTTON: Jainkoan sinesten dutelakotz direa gizonak hoin ustel eta gezurtiak? Ttipi ttipitik sinetsarazi daukute, Jesus-Haurak ekartzen zituela Eguberriko eskaintzak, eta, ez da egia. Eskolan abiatu orduko erakatsi daukate Frantzezak girela, eta ez da egia!

APEZA: Eguberri aipatzen duk eta arrazoinekin mintzatzen haiz. Bigarren ponduan hargatik ez diat gauza haundirik erraiten ahal: ez baitiat nik politikarik egiten!

ANTTON: Horra apez guzien eskapa-bidea! Ez duzuela politikarik egiten! Eta gaurko frantzez politika giroa onartzen duzu?

APEZA: Ez dakiat...

ANTTON: Bai ala ez?

APEZA: Zer egiten ahal dugu bertzerik?

ANTTON: Beraz kapitalixta kolonizatzaileen politikaren alde zira?

APEZA: Eliza gizon bat nuk. Elizaren ongia xekatzen duen gizon xume bat.

ANTTON: Bainan halere, boz egunetan, zure boza norat doa eskuin ala ezker?

APEZA: Erdia ere hor duk!

ANTTON: Ez dakit nik, zer den erdia. Hautu bat egitekotz behar dugu hautatu: langileen alde edo heien kontra. Bertze bide guziak ez dira ahulen ihes-leku batzu baizik!

APEZA: Eta ez duk uste ez dutala nere hautua aski garbi egina? Denak utzi ditiat, etxea, familia, lagunak, auzoak, Kristori segitzeko eta Kristori segituz, pobreen zerbitzari izaiteko.

ANTTON: Pobreen zerbitzari jarri zira, aberatsen mutil bilakatuz!

APEZA: Nolaz dezakek hori erran?

ANTTON: Ez baita usu ikusten pobreen etxe batean, zure sotoan bezenbat xanpaña botoila!

 

(Apeza oihuz).

 

APEZA: Ez nuk ni, zuen bizi-gordean sartzen.

ANTTON: Gu ere ez zurean. Bainan duela hiru urte Mendekoste-kari arratsaldeko bezperetan, «Tantum ergo»-ren partez «Pater Noster» hasi ziruelarik, denek konprenitu zuten zure bizi-gordean ez zinela beti uretik ari!

APEZA: (Marrumaz) Nun duk Antton, herriko apezari zor diokan errespetua?

ANTTON: Errespetua, jaun ertorra, irabazten da eta ez manatzen!

APEZA: Hemen sartzean, ez nian asmatzen gure solas aldia hoin behera eroriko zela. Ba nakian gazte kezkatsu bat hintzela eta maite diat hi bezalako gaztekin hitz egitea, bainan ohartzen nuk pozoina uste baino barnago sartua dukala.

ANTTON: Erranak erran dira jaun ertorra. Bainan ni ere ohartzen naiz, etxe huntarik jaliko zirela nitaz deus konprenitu gabe!

APEZA: Ez holakorik erran Antton. Konpreni errexa duk hire mina. Sobera gauza edo irakurgai eman daukaie; hik denak harrapaka hartzen hintuela eta orai ez dezazkek irets. Golkatua haiz. Eta ez dakik zer jo... Hori duk gaurko gazteriaren buru-haustea. Bainan ni ere hire adinean berdintsu nintian, geroztik adinarekin eta adimenduarekin bertzela ikusten ditiat gauzak. Hire ikus-moldea ere Antton, hemendik zenbait urte barne, bertzerik izanen duk!

ANTTON: Erran nahi duzu; zu bezala, ni ere, burges bat bilakatuko naizela?

APEZA: Entzun zak Antton, nik erranik ordrearen bidetik baztertzeak hirrisku haundiak ditik!

 

(Pettan sartzen da).

 

ANTTON - APEZA - PETTAN

 

APEZA: Etxea hartua duk, Pettan!

PETTAN: Ohartzen naiz. Nola ez zaitudan ardura ikusten atsegin dut zure hemen kausitzeaz. Bainan zer? Idorrean zaudezte? Antton, ez duk deus eskaini jaun ertorrari?

ANTTON: Arrunt ahantzi diat. Zer gostu zinuke: arno xorta bat ala wisky?

APEZA: Wisky bat bardin...

 

(Antton-ek zerbitzatzen ditu hiru wisky).

 

APEZA: Zuen osagarriari!

ANTTON ETA PETTAN: On dagizula!

ANTTON: Errak Pettan, Jaun ertorra ardi errebelatuen ondotik dabilak. Hi ere hetarik haiz naski...

PETTAN: Ardi errebelatuak? Zer erran nahi duk?

ANTTON: Apez batentzat, ardi errebelatuak dituk, mezarat joaiten ez direnak, edo erlijione katolikotik baztertzen ari edo baztertuak direnak...

APEZA: Ez diat uste Antton, hire anaia, erlijione katolikotik baztertzen ari den...

PETTAN: Euskal Herriko apezen joka bideak, bi gogoeta egin arazten dauzkit. Apezetan bada denetarik; eta hori zuhaurek ere ba dakizu.

APEZA: Ez duk aise gizon guzion zerbitzuko izaitea. Batzuk, hori nahi ditek, bertzek hura... Ez duk gure bizia, zonbaitek uste duten bezain errexa. Egun guziez karreatzen diuk gure kurutzea.

PETTAN: Zinez libro bazinezte, urrunago joan behar zinukete!

APEZA: Libro? Ez ote gaituk libro? Zer erran nahi duk? Lur huntako ontasun guzieri uko egin diuk libro izaiteko eta nahi huke erran norbaiten meneko girela?

PETTAN: Ba dakizu nik bezain ongi, nehor ez dela zinez libro, ez zu, ez ni, eta ez Aita Saindua ere!

APEZA: Jakiten duk zer deitzen dukan libro izaitea.

PETTAN: Zuretzat libro izaitea ote da: Ebanjelioren irakurtzea? Herriko auzapezarekin ongi izaitea? Apezpikuari obedientzia itsu baten ekartzea? Biafra-rentzat otoitz egin eta kitto izaitea? edo bakea behar dugula erraitea!

APEZA: Hori ere ez duk guti!

PETTAN: Egia. Bainan horrek ez ditu biziki gure buru-hausteak aintzina arazten. Uste dut, nahitarat egiten duzula, herriko problemen axaletik bakarrik ikertzea eta hunkitzea. Aipatzen ote dituzu aldare gainetik, herriko jendekin otoitzean ari zirelarik: Karlos edo donadoak? laborantxa bortxaz utzi behar dutenak, lanik gabe diren gazteak; Parisen karrika egiten duten Euskaldun nexkatoak; aipatzen ote dituzu, Franco-ren pean preso dauden zure Euskal anai-apezak? Ez bakarrik aipatzen, bainan laguntzen ote dituzu?

APEZA: Ahal dutana egiten diat. Eta bazakiat hire barne kezkatsuaren berri. Ehunka behar litazkek hi bezalakoak. Bainan halere ez ditiagu gauzak hik ikusten dituzkan bezain ilun ikusi behar (Montrari so eginez) Denbora doak... Utzi behar zaituztet. Zerbait nahi balin baduzue, zuen zerbitzari nagok. Ondoko egunak arte... Ez adiorik...

ANTTON ETA PETTAN: Agur jaun ertorra.

 

(Eta Apeza badoa).

 

ANTTON — PETTAN

 

ANTTON: Eta zer diok gure ertorraz?

PETTAN: Zer nahi duk erran dezatan... Adin batetako jendetarik ez ditakek gauza haundirik idurika... Bereziki ikusi-ta; auzapeza, apeza eta jendarme buruzagia astean aldi bat elgarrekin bazkaltzen direla...

ANTTON: Jendarme buruzagia ere?

PETTAN: Adrniniztrazionea adminiztrazionearekin.

ANTTON: Bainan apez horrek ezagutzen ditik Euskal Herriko goiti beheitiak; zendako ez duk mintzatzen, zendako ez duk mugitzen.

PETTAN: Apeza delakotz!

ANTTON: Eta gero zer?

PETTAN: Hortan duk guzia! Bainan iduritzen zaitak frango aise mintzo haizela bertzetaz. Hihaurrek; zer egiten duk Euskal Herriaren alde? Bertzek egiten ez dutenaren ikustea, hori gauza errexa duk! Bainan hire aldetik...

ANTTON: Mao Tsé Tung-en erranen irakurtzen ari nuk.

PETTAN: Bai badakiat teorian azkar haizela. Mao Tsé Tung-ek diok hau. Lénine-k hori, Marcuse-k hura... Che Guevara-k bertze zerbait eta Fidel Castro ere ez duk ixilik egona... Teoria, teoria, beti teoria. Eta egintzak? Nun dituk egintzak?

ANTTON: Idazlan horiek irakurtu ondoan, ez diat zerbaiten egiteko gutiziarik. Ez diat deusetan sinesten... Gauza guziek baditek eskualde bat ona eta bertze bat zarra. Eta uste diat zarra nagusi den! Beraz...

PETTAN: Beraz zer? Bi eskuak kurutzaturik behar ote diagu iragan bizia...

ANTTON: Ez diat hori erraiten... Bainan...

PETTAN: Bardin dik. Horrek ez ote dik erran nahi: egizue nahi duzuena eta utz nezazue bakean. Tripustelkeria duk hori, Antton! Eta gero nahi huke apeza mugi dadin...

ANTTON: Nahi duk wisky gehiago?

PETTAN: Ez.

ANTTON: Nik bai.

PETTAN: Ongi bizi nahi duk, ez dea hala? Etxen eskuindar baten bizia deramak eta kanpoan edo lagunekin ezkertiarra haizela diok... Jainkorik ez dela eta gizonak ustel gezurtiak direla errepikatzen duk egunero eta hihaur, nor haiz?

ANTTON: Hire anaia!

PETTAN: Nere anaia haizela nahi diat. Bainan hori ez duk arrapostu bat.

ANTTON: Bai eta ez! Zenbat denbora pasatzen duk midailaren aintzinean, hire mintzaldien muntatzen ari haizelarik? Ahoa idek, gero hets, irri bat egin, kopeta zimur, esku bat altxa, bertzea gorde, biak altxa, oihu bat egin, begiak hets, gorputza xut ezar; eta orai galde hau Pettan: nor duk maite, Herritarrak ala hire burua?

PETTAN: Nork ez du bere burua maite? Bainan nere eginbidea duk bertzenen ere maitatzea nere burua bazenbat. Eta nola nahi baitut nere burun urus izan dadin, bertzeenak ere hala izan diten...

ANTTON: Ongi da jaun ertorra... A... Barkatu... Pettan. Uste nian apeza zela mintzo.

PETTAN: Ergelkeria sartzen duk behar ez delarik.

ANTTON: Hiri so egin eta iduri likek beti ehorzketa batetarik heldu haizela!

 

(Antton-ek bertze wisky bat hartzen du).

 

PETTAN: Polliki Antton!

ANTTON: Edatea maite diat. Ameslari bat nuk. Eta iluntze batez, ontsa mozkortu ondoan, itsasorat botako diat nere burua...

PETTAN: Ago ixilik, Antton! Biziari diuk bai erran behar eta ez herioari. Eta BAI erranen diuk, lan eginez gure Aberriarentzat. Ez diuk dretxorik gure biziaren pasatzeko, beti galde bere gogoan eta mugitu gabe: hobe ote den bizi ala hil. Edo hiltzekotan, behar diuk gure burua eskaini arrazoi zuzen batentzat eta ez buruberokeriaz...

ANTTON: Barkatu geldi arazten bahut, bainan joan behar diat... zigarretarik ez zaitak gelditzen. Segidan heldu nuk.

PETTAN: Nahi dukan bezala... Bainan jakin zak gauza hau ere: hik egiten dukana ez duela bertze norbaitek egiten... Bakotxak gurea behar baitugu egin!

ANTTON: Baietz, mutil, baietz. Gero arte. (Oihuz) Maritxu, ekar zan nere moltsa, gabardinean, eskuineko sakelan dinat! Maritxu, aditu dun?

 

(Barnetik Maritxu-k)

 

MARITXU: Ez ote haiz hihaur aski haundi? Ekarriko daiat bai!

 

(Maritxu jalitzen da).

 

MARITXU: Horra!

ANTTON: Milesker!

 

(Eta Antton badoa).

 

PETTAN — MARITXU

 

PETTAN: Zer ditun begi gorri horiek, Maritxu?

MARITXU: Eta hi ere deneri ohartzen haiz...

PETTAN: Zer haiz, nigarrez arizan?

MARITXU: Jean-Pierre Pariserat johan zaitak. Bakarrik gelditzen nuk! Bakarrik. Ez nian asmatzen ahal holakorik gerta zitaikela...

PETTAN: Nik duela zonbait aste aipatzen nuelarik barne huntan berean, eskualde hotako lan-gabezia, ba dakin zer erran hautan?

MARITXU: Ez nuk orroitzen...

PETTAN: «Euskal Herrian ez duk nehor gosez hiltzen. Nik Jean Pierre diat maite eta beste guziak bardin zaitak!». Eta orai zer dion?

MARITXU: Iduri likek, leku zaurituan kanitaren igitzeak atsegin egiten daukala...

PETTAN: Ez, Maritxu. Bainan ohartzen nun bakotxak beha, duela bere bizi hartan zinez hunkitua izan, egiaren dei, bezala ikusteko eta sinesteko bertzenaz bakotxa beretako bizi dun eta bertzek egin dezatela, nahi dutena!

MARITXU: Ez duk bertze zerbait hatxemaiten ahal nere kontsolatzeko?

PETTAN: Kontsolatzearen beharra badun? Maritxu, ez dun ni garrekin azkatzen Herri bat.

MARITXU: Ba dakiat. Bainan orai, denetako prest nuk. Arratsalde huntan ikusi eta senditu diat zer heinetan giren: ez gaituk gera! Aintzinean baino hobeki konprenitzen ditiat nire erranak. Egiaz mintzo haiz! Euskal Herria hiltzerat doak! Behar diuk zerbait egin! Galda zaitak nahi dukana. Lagunduko hut... Egun arte nere burua baizik ez nian ikusten eta orai senditzen diat ba direla gazte asko nere kasu berean. Zer nahi duk egin dezatan?

PETTAN: Zer nahi dun egin?

MARITXU: Hik nahi dukana.

PETTAN: Ez dun neri erraitea. Behar dun ikusi, zer nahi duten Herritarrek.

MARITXU: Herritarrek zer nahi duten? Edan, jan, maitasuna egin eta lo. Bainan lo kuluxka hortatik behar ditiaguk iratzar-arazi. Eta hori gure lana duk.

PETTAN: Ederki mintzo haiz. Kontzientzia hartu dun azkenean... Abertzaletasun hori izan dadila iraunkorra eta ez burukolpekeri bat...

 

(Antton sartzen da).

 

PETTAN — MARITXU — ANTTON

 

ANTTON: Nork nahi du erre? Gitane filtre?

PETTAN: Ez.

MARITXU: Ez. Izaitekotz dizka bat aditzen baginu?

PETTAN: Ederki. Hauta zan, Maritxu...

 

(Maritxuk ezartzen du Enaut Etcharnendy-ren «Aitatxi-ri duk galdegin». Hiru gazteak jarririk daude, gogoeta, argiak emeki emeki estaltzen dira. Erdi ilunpean, ama sartzen da, eta geldi geldia, xutik, dizka bururatu arte egoiten).

 

OIALA

 

Bai ala ez, Daniel Landart
Egan, 1/6-1983