Su-emailleak, Max Frisch
Egan, 1/6-1966

 

IRUGARREN GERTA-LEKUA

 

(Argia tellatupeko ganbaran. Pepe boxelari itxuran ta Willi, onoko au makutsik, gasolina-bidoi batzuek biltzen ari dira, alik eta soiñu gutxiena ateriaz. Biok zapatak kendu dituzte.)

 

WILLI: Astiro! despazio!... Isillik, geldi!

JOXE: Eta Poliziari otsegitea bururatzen ba'zaio?...

WILLI: (Bidoiai kasu egiñez.) Atoz orain.. aurrera!

JOXE: Orduan, zer?

WILLI: Kontuz, kontuz! Bego! (Zatar batekin eskuak garbiturik. Bidoiak bazter batera bildu dituzte.) Zergatik Poliziari otsegin bear dio?

JOXE: Eta zergatik ez?

WILLI: Bera ere errudun bait da! (Usoen urruma entzuten da.) Orratx! Egunak argitu du. Goazen etzatera. (Zatarra botatzen du.) Egia esateko burges guziak dira errudun; eta batzuek kartzela joateko zorian daude... errenta batetik berakoak, jakiña! Ez kezkarik izan!

 

(Atean deika ari dira.)

 

BIEDERMANN: Iriki! iriki zazute. (Atea jo ta astinduaz.)

WILLI: Hori ez da gosaltzera joateko deia!

BIEDERMANN: Irikitzeko esan dut! Bereala gañera!

JOXE: Ez dut beñere horrela ikusi.

 

(Gero ta gogorrago deika ari da. Willi'k frack dalakoa jazten du, arin, baiñan larritasunik gabe. Korbata ere bere tokian jartzen du. Autsa astindu ta atea irikitzen du. Biedermann bata gañean duala sartzen da ta ez du ikusten ate atzean gelditua dan Willi etorri berria.)

 

BIEDERMANN: Schmitz jauna!

JOXE: Egun on, Biedermann jauna! Gure zalapartak ez zinduan esnatuko bada...?

BIEDERMANN: Schmitz jauna!

JOXE: Ez da berriz horrelakorik gertatuko. Agintzen dizut.

BIEDERMANN: Aldegizu! (Geldi unea.) Zoaz nere etxetik, Entzun?

JOXE: Noiz?

BIEDERMANN: Oraintxe bertan.

JOXE: Baiñan, zergatik?

BIEDERMANN: Ez ba'zoaz nere andreak poliziari dei egingo dio ta nik ez dut ezetz esango.

JOXE: Hum!

BIEDERMANN: Ba-zoazke! Bereala, ordea! (Geldi unea.) Zeren zai zaude? (Joxe'k itzegiteke zapatak jasotzen ditu.) Ez dut eztabaidan aritu nai!

JOXE: Nik ez dizut ezer esan.

BIEDERMANN: Boxelaria zerala ta besterik gabe zer nai gauza leporatzeko gertu nagola, uste baldin ba'duzu, oker zaude. Gau guziko inpernutar ardaill hori! (Atea erakutsiaz.) Alde! Anka emendik! Kampora esan dut!

JOXE: (Ate atzean dagon Willi'ri itzegiñez.) Ez nuen sekulan onela ikusi... zin egiten dizut.

 

(Biedermann'ek burua itzuli ta arriturik gelditzen da Willi ikusiaz.)

 

WILLI: Utzi zaidazu nere burua aurkezten... Nere deitura Eisenring da!...

BIEDERMANN: Nola? Adierazi nai al didazu?...

WILLI: Gillen Mari Eisenring... adiskidientzako: Willi.

BIEDERMANN: Baiñan... bat batean nola zaudete emen bi? (Willi ta Joxe elkarri begiratuaz.) Iñori baimenik eskatu gabe!

WILLI: Ikusten al duk?

BIEDERMANN: Zer da au guztia?

WILLI: Esaten nian nik... au ez duk gizalegea, Joxe!; ez duk edukaziorik. Baimenik gabe. A zer nolako itxura! Golpetik bi gañera.

BIEDERMANN: Nere onetik ateria nago! Au ezin eramenezkoa da!

WILLI: Ikusten?... (Biedermann'i itzegiñez.) Nik esan nion. (Joxe'ri itzegiñez.) Ez al nian garaiz esan?

 

(Joxe erabat lotsaturik arkitzen da.)

 

BIEDERMANN: Zer iruditu zaizute?... Etxe onen jabea oraingoz ni nazute. Zer bada! Zer asmotan zabiltzate?...

WILLI: Jaun onen galderai erantzun zaiek!(Geldi unea.)

JOXE: Zera... Willi nere laguna bait dut. Eta...

BIEDERMANN: Eta zer?

JOXE: Mutil koskorrak giñalarik elkarrekin eskolara joanak gaituzu... eta.

BIEDERMANN: Bai! eta zer?

JOXE: Orduan... nik pentsatu nuen.

BIEDERMANN: Zer arraio pentsatu zenduan?

JOXE: Pentsa... Pentsa. (Ixilunea.)

WILLI: Ik ez uan ezer pentsatu, motel! (Biedermann'i.) Zurea ongi konpreni dut, Biedermann jauna. Guziak du bere neurria. Eta gaizki dagona, gaizki dago. Nola nai zu zaitugu emen nagusi ta jabe. (Joxe'ri errita egiñez.) Zer uste uan. Etxeko nagusiak edozein gauza jasan dezakela? (Biedermann'i.) Onek ez zizun ezer esan, ez al da ala?

BIEDERMANN: Ez da itz erdi bat ere!

WILLI: Baiñan Joxe!

BIEDERMANN: Ezta itzerditxo bat ere!

WILLI: Eta gero arritu egingo aiz kalera botatzen ba'aute!

 

(Burua mugituaz Joxe'ren bizkar par egiten.)

 

BIEDERMANN: Gauza ez da parrez artzekoa, jaunak! baizik negargarri ta illuna. Nere andreak biotz-gaitza du: kardiaka da.

WILLI: Ikusten?

BIEDERMANN: Gau guzian ezin lorik egin izan du zuen ardalla dala ta. Baiñan, zer aritu zerate egiten? (Ingurura begiratuaz.) Zertarako bildu dituzute ainbeste bidoi emen?... (Biok bestaldera begiratzen dute.) Emen!, emen! Zer da hau? (Ostikoz joaz.) Hau, onoko au!?

JOXE: Bidoiak...

BIEDERMANN: Nundik sortu dituzute?

JOXE: I Willi, ea nundik sortu ditukan?

WILLI: Importaziokoak dirala jartzen du gañean.

BIEDERMANN: Jaunak!...

WILLI: Etiketa or nunbait dute. (Biok miatuaz.)

BIEDERMANN: Itzik gabe uzten nazute. Zer asmotan zabiltzate? Nere tellatupeko ganbara bidoiez betea, bidoiz gañezka!

WILLI: Bai, jakiña...

BIEDERMANN: Zer esan nai didazu orrekin?

WILLI: Joxe'k kontuak gaizki atera zituala. Amabi luze ta 15 zabalean uste izan zuan ta bitartean ganbara onek ez ditu 50 m. kuadroan besterik. Komprenituko duzu Biedermann jauna nere bidoiak ez nituala kalean utziko.

BIEDERMANN: Nik ez dizut ezer komprenitzen.

JOXE: (Etiketa bat erakutsiaz.) Emen duzu etiketa bat Biedermann emen duzu etiketa.

BIEDERMANN: Erotu araziko nazute, erotu!

JOXE: Emen esaten du nundik datozen...

BIEDERMANN: Erotu araziko nazute. (Etiketari begiratuaz.) Nun dio?

 

(Aldameneko gelan sar bedi Ana, Poliziako bati lagundurik.)

 

ANA: Deitzera noa.

 

(Polizikoa bertan gelditzen dalarik Ana dijoa.)

 

BIEDERMANN: (Tellatupeko ganbaran.) Gasolina?

 

(Ana berriz gelara sartuaz.)

 

ANA: Zertara etorri zera? Poliziako jauna?

POLIZIA: Ofizioko zeregiñetara.

 

(Ana bijoa Polizikoa gelditurik.)

 

BIEDERMANN: Baiñan, jaunak, au egia ote da, egia?

WILLI: Zer ala?

BIEDERMANN: Etiketan jartzen duana. (Erakutsiaz.) Nor naizela uste duzute? Onelakorik ez zait egundaño gertatu. Baiñan irakurtzen ez dakidala uste al duzute? (Willi ta Joxe'k etiketak begiratuaz.) Ikusi bai, ikusi! (Par egin naiez.) Gasolina! Zer dago bidoi auetan?

WILLI: Gasolina.

BIEDERMANN: Ez txantxetan jardun nerekin! Azkeneko aldiz! Zer dago bidoi auetan? Nik bezain ongi dakizute tellatupeko ganbara ez dala gasolina gordetzeko tokirik egokiena. (Beatza bidoi gañetik igurtziaz.) Egizu usai. (Beatza sudur ondotik pasatuaz.) Gasolina, al da, bai, edo ez! (Willi ta Joxe'k usainduaz. eta elkar begiratuaz.) Erantzun zazute!

WILLI: Gasolina!

JOXE: Gasolina!

BIOK BATERA: Ez dago dudamudarik!

BIEDERMANN: Burutik eginda al zaudete! nere ganbara gasolinategi biurturik!

JOXE: Orregatik ez dugu zigarrorik erretzen, Biedermann jauna.

BIEDERMANN: Eta au, ain zuzen, eskuiko ta ordenaren aldeko egunkari guziak, arriskoa nundik datorren aitatzen ari diran une onetanxe. Zer asmotan zabiltzate ibilli?... Ene Jainkoa! Nere andreak jakin dezanean gaitzak emango dio!

WILLI: Ikusten?

BIEDERMANN: Ez dezazula beti esan: «ikusten...?»

WILLI: Ez diozu onela Joxe, etxekoandre bati kemenik emango. Jainkoa'k agintzen duan bezelako andre bati; ta nik etxekoandreak ezagutzen ditut...

 

(Ana'k eskalleratik oiu egiten du.)

 

ANA: Jauna! Biedermann jauna!

 

(Biedermann'ek atea itxi beza.)

 

BIEDERMANN: Schmitz jauna! Zera!

WILLI: Deitu zaidazu: «Willi».

BIEDERMANN: Bidoi oriek ez ba dituzute bereala nere etxetik eramaten, aguro, ordea! nik aitortzen dizuet...

WILLI: Poliziari dei egingo diozula...

BIEDERMANN: Bai, jauna!

JOXE: Ikusten?...

 

(Ana'k eskalleretatik otsegiñez. Polizikoa gelatik atera ta tellatupeko ganbara igotzen da.)

 

ANA: Biedermann jauna!

BIEDERMANN: (Abots isillean.) Nere azken itza duzu!

WILLI: Zer ala?...

BIEDERMANN: Ez dudala gasolinarik ametitzen ganbara ontan. Ez dut iñondik ere! hori utziko. (Atea joka ari dira.) Bai! Ba-noa!

 

(Atea ideki beza kanpora ateratzeko asmoz baiñan lenago poliziakoa sar bedi.)

 

POLIZIA: Zu al ziñan emen, Biedermann jauna? Ez duzu behera jetxi bearrik. Ixtante batean gogaituko zaitut. Utsa!

BIEDERMANN: Egun on!

POLIZIA: Egun on!

WILLI: Jainkoak dizuela!

JOXE: Jainkoak dizuela!

 

(Azken biok burua makurtuaz diosal egiñez.)

 

POLIZIA: Ez bear bat gertatu da.

BIEDERMANN: Jaungoiko santua!

POLIZIA: Agure bat, ba al dakizu? Bere alargunak dionez zurekin lanegiten omen zuan inbentu-asmatzailetzat... Eta bart arratsean gaseko giltza idiki ta... (Liburuxka bat atera ta irakurriaz.) Kuski Joan... Zaldi kalean bizi zana. (Liburuxka sakelean saturik.) Ezagutzen al zenduan?

BIEDERMANN: Nik?...

POLIZIA: Bear bada ortaz bakarka itzegitea naiko duzu. Ez da ala?

BIEDERMANN: Bai noski!

POLIZIA: Gauza auek gure arteko obeak dira; ez zaie besteai ezer ajolarik.

BIEDERMANN: Arrazoi duzu. (Atean.) Norbaitek nitaz galdeiten badu, jaunak, Polizia'kin nagola. Aditzen?... Aguro itzuliko naiz.

 

(Willi ta Joxe'k buruaz baiezkoa adierazten dute.)

 

POLIZIA: Biedermann jauna...

BIEDERMANN: Goazen!

POLIZIA: Zer duzu or, bidoi oietan?...

BIEDERMANN: Nik? ...

POLTZIA: Ez bada... ausarkeria galdetzea.

BIEDERMANN: Zera!... lozioa. Ille-lozioa...

 

(Willi ta Joxe'ri begiraturik.)

 

WILLI: «Kalparlore».

JOXE: Gizonaren zorionarentzat egiña! Illea ugaritzen duana.

WILLI: «Kalparlore».

JOXE: Gaur bertan proba zazu!

WILLI: Ez zaizu damutuko.

BIOK: «Kalparlore, Kalparlore, Kalparlore!»

 

(Poliziakoa parrez asten da.)

 

BIEDERMANN: Il al da? Il al da?

 

(Biedermann ta Poliziakoa bijoaz.)

 

WILLI: Aingeru bat da.

JOXE: Ez al nian bada nik esan?

WILLI: Bai, baiñan gosari konturik aitatu ere ez.

JOXE: Oi ez bezela jardun duk bada. Zin egiten diat.

WILLI: (Sakelean zerbait billaturik.) Txiskerorik ba-alduk?

JOXE: (Galtzetako sakelean arakatuaz.) Oi ez bezelakoa!

 

(Tellatupeko ganbara illunpean gelditzen da ta argitasuna bonbero-sailla dagon lekuan.)

 

KORO-SAILLA: Oh eguzki izpi!

                Begi baten nini

                Jainkozkoa noski.

                Lotan dagon

                Gure iriaren

                Tellatu gañean

                Argia da ageri.

BURUZAGIAK: Egun, atzo lez

                ezer gertatu ez!

 

(Klason, tranbia, turuta soñua entzun bitez.)

 

KORO-SAILLA: Oraindik ezer ez!

BURUZAGIAK: Txo! emen dator

                Txukun txukun

                arixko beldurge

KORO-SAILLA: Agirian dago ba

                Tellatu pean

                Orratx! izugarri

                indartzen doa.

BURUZAGIAK: Ixo! emen dator!

 

(Biedermann sar bedi.)

 

BIEDERMANN: Zer gertatzen da?... Taxi!... Taxi!... Taxi!... (Isilunea.) Zer nai duzute?

KORO-SAILLA: Ezbearraren aundia!

BIEDERMANN: Zer esan nai duzute?

KORO-SAILLA: Ez bearraren aundia!

BIEDERMANN: Hori esan duzute!

BURUZAGIAK: Eta iru bider oraindik!

KORO-SAILLA: Ezbearraren aundia! Ezbearraren aundia! Ezbearraren aundia!

BIEDERMANN: Entzun dut. Zergatik ordea?...

BURUZAGIAK: Bidoi oiek, Biedermann jauna...

KORO-SAILLA: Eta pizti oriek... Biedermann jauna...

BURUZAGIAK: Ez al zaizkitzu sospetxagarri!

 

(Biedermann oiuka asarre.)

 

BIEDERMANN: Zuei zer ajola zaizue?... Utzi zaidazute pasatzen. Nere abogaduarengana joan bear dut. Zertan ari zerate ni ikaratzen? Zoratu egin nai al nazute?... Errudun nazute! Errudun, bai! (Lasatua.) Utzi zaidazute aurrera joaten! Ezta «Bofia»koak ba'ziñate ere!

 

(Bonberoak geldirik bere lekuan ez diote pasatzen uzten.)

 

BURUZAGIAK: Bonbero bat ez da nor

                Gizon prestu bat

                juzgatzeko.

KORO-SAILLA: Baiñan erne dauden

                Zazpi bonberok, bai

                zer arrixkoan dagon

                oar lezaioteke.

BIEDERMANN: Utz zaidazute pasatzen! Presa aundia bait dut!

 

(Eskumuturreko ordulariari begiratuaz.)

 

BURUZAGIAK: Erregai diran bidoiok

                Nolatan daude emen?

BIEDERMANN: Nik adierazi bear al dizuet?...

BURUZAGIAK: Bai, zer pentsatzen duzun

                Mundua nola dagon

                jakiñez geroz eta

                poxpolo bat aski dala...

KORO-SAILLA: Bai, zer pentsatzen duzu?

BIEDERMANN: Zer pentsatzen dudan?... (Bonberoai so egiñez.) Jaunak! Nere buruaren jabe nazute eta nai dudana pentsa dezaket. Zer dala-ta orrenbeste galdera neri? (Berriz so-egiñez.) Ezer ez pentsatzeko eskubidea badut, ala uste nik! Eta nere etxean gerta, ditekenaz, jakin zazute, jakin, emen ni nazutela jaun eta jabe... Ori da! (Aurreruntz abiatu nai du.) Utzi zaidazute pesatzen!

 

(Bonberoak bere ortan eragozten die.)

 

KORO-SAILLA: (Onez onean arrazoiez menderatu nai dutela.)

                Gure iriaren

                zaindari gaituzu

                Erritarren ona

                nai dugu.

BIEDERMANN: Deabrurentzat zuen ontartea!

BURUZAGIAK: Guretzat, Biedermann jauna

                jabetasuna dontsua da.

                Guretzat santua, santu!

                Jabetasuna ta gañerakoa!

KORO-SAILLA: Eskubide oso osoa!

BURUZAGIAK: Defenditzea gero ta gaitzago ba da ere. Laister errauts biurtuko ba da ere!

BIEDERMANN: (Zalantzan.) Arraiepola! (Geldiunea.) Pasatzen utzi zaidazute! (Bonberoak beti geldi.) Baiñan, zergatik ez didazute uzten? Zergatik txarrenean jartzen zerate? Ez zaiteztela egoskogorrak izan! Nora joango giñake orrela?... Nik trankil bizitzea besterik ez dut gura! Ta beste lagun-urko oriek... or konpon! Ba dut orain beste zeregiñik. (Babette sar bedi abrigo ta ginballa gañean dituala.) Zertara zatoz onera?

BABETTE: Galerazten al dizut?

BIEDERMANN: Bonberoekin mintzatzen ari nazu! (Babette'k buruaz agur egiten du, ta Biedermann'i belarrira zerbait esaten dio.) Bai emakumea! Galartzu ta guzi. Kosta ala kosta! Gauza da koroia Jainkoak agindu bezelakoa izan dedilla!

BABETTE: (Koro-saillekoai burua makurtuaz.) Zuen baimenaz, jaunak! (Bijoa.)

BIEDERMANN: Itz gutxitan: zuekin eta zuen su-emalle oriekin gañezka egiña naukazute. Gaur egunean ez al da beste konturik? Edozein su-emalletzat artzen ba duzute, nola gauzak onera joango dira? Konfiantza izan bear da, Jainko bedeinkatua!, borondate on pizka bat, nik uste. Eta ez beti alderdi txarra ikusi! Gizon guziak ez dituzute su-emalle, nik uste. Konfiantza pixka bat. Zera... (Isilunea.) Ezin egon gindezke beti beldurrak aidean! (Isilunea.) Ni ez nazute ergel bat eta gasolina... gasolina da! Jaunak! Ondotxo dakit hori! Txarrena pentsatu dut, mai gañera igo naiz obeto entzutearren, belarria sapaiera pega-pega egin da. Bai jauna! Eta ba-aldakizute zer egiten zuten?... Zurrunka! Zurrunka! ... Zurrunkan... zoriondun bailiran. Alaz eta guztiaz, sinistu nai ba didazute nengon eran, pijaman, ganbarara igoa nazute asarre bizian. Ea, ea, bi ajolakabeok esnatu ta kalera bialdu nituen beren bidoi ta guzi. Gau-zaiari otsegitera nijoan, ardura gabe.

BURUZAGIA: Hori guzia zeorrek bakarrik.

BIEDERMANN: Bai!

BURUZAGIAK: Ardurik gabe.

BIEDERMANN: Baita!

BURUZAGIAK: Gau-zaiari otsegiñez!?

BIEDERMANN: Asmo hori artua nuen, bai. Eta nere andrea une artan etorri izan ez balitz... pentsatua neukan.

 

(Zigarro-purua ateratzen du bere kezka estali nairik.)

 

BURUZAGIAK: Gau guzia lorik egiteke!

KORO-SAILLA: Hori egitea

                Gizon prestu bati

                ez du itxurarik.

 

(Biedermann'ek zigarroa pizten du era bat ikaratua.)

 

                Gizon txit prestua

                Plazido Biedermann au

                kanpoan otso baiñan

                etxean uso gozo

                beti ongille.

BURUZAGIAK: Bai, ala komeni zaionean.

KORO-SAILLA: Baiñan ona nastuaz

                okerra egiten ba du

                benetan da zorigaitz.

BIEDERMANN: Zer esan nai didazute?

BURUZAGIAK: Utsa! Emen gasolina usaia ote dagon.

KORO-SAILLA: Orixe! Gasolina usaia ote dagon.

BIEDERMANN: Jaunak!, nik ez dut ezeren usairik sumatzen.

KORO-SAILLA: Zorigaitzaren aundia!

BIEDERMANN: Ezeren utsa!

KORO-SAILLA: Galduak gera. Gureak egin du!

BURUZAGIAK: Oiturak bere sudurrean leku artu bait du.

KORO-SAILLA: Zorigaitzaren aundia!

BIEDERMANN: Ez ain ilun eta ezkor izan, jaunak! Aspertu nazute zuen lelo orrekin: «Zorigaitzaren aundia!» (Auto baten turuta entzun bedi.) Taxi! Taxi! (Autoa gelditu dan otsa nabari da.) Utzi zaidazute!

 

(Koro-saillaren artetik bide egiñez igesi doa burua atzekoaldera itzuliaz.)

 

BURUZAGIAK: Zer egiteko asmoa ote du?

KORO-SAILLA: Beldurran mende dago

                zurbil zurbil

                Igesi doa, igesi.

 

(Koro-sailla atzeruntz irtetzen da.)

 

BURUZAGIAK: Zorigaitzari baño

                aldaketa latzari

                beldur geiago zaionean

                zer egin?

 

Su-emailleak, Max Frisch
Egan, 1/6-1966