|
Su-emailleak, Max Frisch LENENGO AGERRALDIA (Antzeztokia illunpe osoan dagoalarik Biedemann jaunak poxpolo bat piztu ta purua erretzen asten da. Bat batean argia egiten da Biedermann'en inguruan. An aurrean su-iltzaille sailla dago beren jantzi berezi ta kaskodunak.) BIEDERMANN: Gaur egunean gauza dagon eran ezin diteke zigarrorik piztu sua sortuko dan beldurrez. Au ezin eramana zait! (Zigarroa itzali ta ezkutatzen du kanpora doalarik. Bonbero-sailla aurreruntz dator. Ageri ez dan erloju balek ordu laurdena jotzen du.) KORU-BURUAK: (Turuta jotzen du gero esanez:) Gauden ernai! KORO-SAILLA: Ikus eta entzun! Gure Iriaren zaindari gaituzute. Errondan gabiltza belarriak erne, begiak zabalik. Erria'ren ona nai bait-degu. BURUAK: Onek ordaintzen digu-ta... KORO-SAILLA: Tresnaz jantzirik, gertu, begi-zorrotz, egoki, bizi-bizi xalo, ta gartsu... BURUAK: Iñoiz esertzen ba'gera loartzen beñere ez! KORO-SAILLA: Errondan gabiltza belarriak erne begiak zabalik estalia dagona agertzeko, erre ditekena itzaltzeko. (Ordu erdia entzuten da.) BURUAK: Danak su ar dezake ez ordea uste gabean. Adur txarra da garra piztutzen duana. (Errelojuan iru laurdenak jotzen dute.) KORO-SAILLA: Alda eziña degun adur txarra errialde ta bizitzak xehatzen dituana. BURUAK: Gizonen Lurra kixkaldu ta aizea indartzen Adur txarra da! KORO-SAILLA: Adur txarra da! BURUAK: Gizakoiegia jainkozkoa izateko. Gauden ernai! (Koro-saillekoak eseri bitez, bitartean errelojuak bederatziak jotzen ditualarik.) Guzia illunpean gelditzen da unetxo batean eta pixkana argia piztutzen da Biedermann'en etxeko egon-lekuan. Biedermann jauna eserita dago egunkaria irakurri ta zigarro purua erreaz. Ana neskamea sartzen da oso apaindurik. Eskuan ardobotilla dakar. ANA: Jauna! (Biedermann'ek ez dio erantzutzen.) Jauna!... (Biedermann'ek egunkaria irakurtzez utziaz.) BIEDERMANN: Zintzilik!, bai, zintzilik jarri bear genituzke guziok! Beti esan izan oi dut! Orain ere beste sua! ta beti Historia berbera. Ez du utsegiten: edozein saltzaille arlote. On itxurazko saltzaille gizajo bat. (Botilla eskuan artuaz kortxua kentzeko.) Zintzillik, bai, hori da egin bear litzaiokena... ANA: Jauna!... BIEDERMANN: Zer gertatzen da? ANA: Or jarraitzen duala... BIEDERMANN: Zeñek ordea? ANA: Saltzaille arlote orrek. Zurekin itzegin nai du. BIEDERMANN: Ez nago iñorentzako. Atera naizela esaiozu. ANA: Esan diot jauna. Ba da ordu bete esan diodala, baiñan zu ezagutzen zaituala-ta... Ezin dut gizon hori etxetik bota. Ezin dut. BIEDERMANN: Nolatan ezin dezula? ANA: Ez, jauna, ez. Oso indartsua bait da. BIEDERMANN: (Botillari kortxua ateriaz.) Bijoala biar dendara. ANA: Esan diot baiñan alperrik. Iru aldiz ere bai. Ez du ezer jakin nai. BIEDERMANN: Ez duala ezer jakin nai? ANA: Oraingoz ez omen du illea aterazteko loziorik bear. BIEDERMANN: Zer bear du orduan? ANA: Gizatasuna, Gizatasun apur bat. BIEDERMANN: (Kortxuari usain egiñez.) Esaiozu, neronek kalera jaurtiko dudala ez ba du emendik alde egiten. (Basoa ardoz beterik.) Gizatasuna! (Ardoa txastauaz.) Itxoin zala kanpoan. Banoakio...! Ez dakit zer saltzen duan: bizarra kentzeko orritxoak ala belarritakoak. Ni ez nazu egosgor gizatxar basati orietakoa ez. Ondotxo dakizu ezetz Ana. Baiñan gure etxean ez da nola nai iñortxo sartzen. Milla bider esan dizut! Ez dio ajolarik iru oi libre ba'ditugu ere! Au, ez da aitatu ere! Batek ba al daki orrela noraño joan gindezken. (Ana irtetzera doalarik antzematen zaio dalako saltzaille arlotea barrura sartua dala. Presondegitik ateratakoa dirudi, ala zirko bateko mutil: besoa arrastoz betea; esku muturra ubelez lotua. Ana ba doa. Gizonezkoa zai gelditzen da Biedermann'ek baso-ardoa edan ta gero arpegi eman bitartean.) JOXE: Gabon! (Biedermann'ek ikaraturik zigarro-purua erortzen uzten du.) Zigarro purua erori zaizu Biedermann jauna! (Lurretik jaso ta eskeintzen diolarik.) BIEDERMANN: Baiñan... adizu! zer da au? JOXE: Gabon, jauna! BIEDERMANN: Zer esan nai du onek? Mirabeari esan diot zuk or kanpoan itxoiteko. Nolatan ausartzen zera emen sartzen nere baimenik gabe? JOXE: Izena Schmitz dut. BIEDERMANN: Baimenik gabe... JOXE: Schmitz Joxe. (Ixilunea.) Gabon, jauna! BIEDERMANN: Baiñan, zer arraio nai dezu! JOXE: Ez zaitela ikara Biedermann jauna. Ni ez nazu saltzaille arlote orietako bat. BIEDERMANN: Orduan zer zaitugu? JOXE: Boxelaria naiz. Boxelari profesionala gañera. BIEDERMANN: Boxelaria? JOXE: Pixu astunekoa gañera. BIEDERMANN: Ikusten dut bai. JOXE: Obeto esateko boxelaria izana. BIEDERMANN: Ta orain, zer? JOXE: Lanik gabe oporrean nago ta txistu joaz ea euririk egiten duan. (Isilunea.) Ez ikaratu Biedermann jauna. Ez natorkizu lan billa, ez. Baita zera ere! Aitzitik! Burrukarako gogo guzia galdua dizut. Onera sartu naiz euri jasa ari zualako. (Isilunea.) Emen aterpean beroago bait nago. (Isilunea.) Ez zaitut gogait arazi nai. Entzuten? (Isilunea.) BIEDERMANN: Erretzen al duzu? (Zigarro purua eskeñiaz.) JOXE: (Bere bular sendo-zabala eskuaz ikutuaz.) Izugarria da Biedermann jauna onelako bular sendo anpatua izatea. Jende guzia ikaratzen dut. (Biedermann'ek zigarroa piztutzen dio.) Eskerrik asko! (Biok zutik zigarroak erre ta kea boteaz.) BIEDERMANN: Azkenik, ez didazu esan zer nai duzun... JOXE: Nere izena Schmitz da... BIEDERMANN: Hori lenago ere esan didazu. Atsegin aundia dut... JOXE: Bada... Aterperik ez dut nun etzan... (Puruaren kea usainduaz.) Etzateko aterperik gabe nago. BIEDERMANN: Nai al duzu ogi puska bat? JOXE: Beste gauzarik ez ba-duzu... BIEDERMANN: Bestela ardo baso bat... JOXE: (Kontuak ateriaz.) Ogi... ta ardoa... bueno ez ba da zuretzat nekagarri. Biedermann jauna gogaitzen ez ba zaitut. BIEDERMANN: (Ateruntz joanez.) Ana! (Itzuliaz.) JOXE: Mirabeak esan dit nagusiak kalera botako ninduala... baiñan nerekiko pentsatu dut ez ote zan benetan ari... (Ana dator.) BIEDERMANN: Ana! Beste baso bat ekar zazu. ANA: Bai, jauna... BIEDERMANN: Eta ogi pizka bat ere bai. JOXE: Eta andereñoari ajolik ez ba zaio mantekilla ere bai. Eta gazta pusketa edo aragi zerra bat. Baiñan ez nuke nai gaizki ar dezatenik. Eta al ba dezu piper-ozpin, tomate, bizigarri zerbaitekin. Eskuan dezutena, andereño... ANA: Bai, jauna. JOXE: Ez ba da geiegi eskatzea, ez aal da ala? (Ana bijoa.) BIEDERMANN: Zuk neskameari esan diozu ezagutzen nazula. JOXE: Jakiña, bada, Biedermann jauna! Ez zaitut ezagutuko bada... BIEDERMANN: Zertatik ordea? JOXE: Ezagutu, zera... zure alderdi onena ezagutzen dut. Onela, atzo kafeterian zeundela... ni ez ninduzun ikusi, noski, txoko batean bait nengon. Mundu guzia zuri begira zegon eta poztu ziran erabat, Biedermann jauna, ukabillakin gogor mai gaiña jotzen zendunean... BIEDERMANN: Zer esaten ari nintzan bada? JOXE: Egiak! egi aundienak zure ukabilla añakoak eta ondo esanak. (Zigarroaren kea irentsiaz.) «Zintzilik jarri bear genituke guziak.» Zenbat eta lenago obeto. Zintzilika!... su-emantzailleok alegia... (Biedermann'ek eser-lekua eskeintzen dio.) BIEDERMANN: Mesedez, arren eta arren!... JOXE: Zu bezelako gizonak dira erriak bear dituanak, Biedermann jauna! Ez baiña ta ez baiñorik! Zu Jainkoa'ri eskerrak antziñako erara sendo egiña zaude. Bizia, zeatz bertatik bertara neurtzen dezu. Ortan dago guzia. BIEDERMANN: Hori ala da, jakiña! JOXE: Ta zuk kemen eta balorea dituzu zere iritziak bulartsu defenditzeko. BIEDERMANN: Bai, bada... guzia. JOXE: Ortan dago guzia, bada... BIEDERMANN: Zertan, zertan? JOXE: Zuk barrunbean kontzientzia dezula... eta ortaz kafeteriako guziak jabetu ziran zure kontzientzia zuzenaz... BIEDERMANN: Hori berezkoa da, gizona. JOXE: Adizu? Berezkoa ez da ezer izaten. Hori iñondiz ez! Biedermann jauna! Nik lan egiten nuen zirkoa, esate baterako, zera, gero erre zan zirkoa!, ura ere zoritxarra izan zan!, bada nagusiak esaten zidan: aizak Pepe!, ni Joxe bait naiz, ez nazakela pipa jo motel, kontzientzia zertarako bear diat nik, emonio! Nik bear dudana piztiak ezitzeko zigor on bat duk. Hori da esan oi zidana. Kontzientzia? Norbaitek kontzientzia duanean geienetan txarra izan oiduk. (Atsegiñez zigarroari kea ateriaz.) Jainkoak Berekin dezala. BIEDERMANN: Il al zan bada? JOXE: Il!?... erre ta kixkalita, gizarajoa bere leoi guziekin. (Errelojuak bederatziak jotzen ditu.) BIEDERMANN: Ez dakit gure neskameak zer egiten duan! JOXE: Neregatik ez da ajolarik, ez bait dut batere presarik. (Alkar begietara begiratuaz.) Bueno! ... Neskameak adierazi dit etxean ez dezutela neretzako oerik. (Par egiñez.) BIEDERMANN: Zergatik par egiten dezu? JOXE: Gauza jakiña bait da: «Sentitzekoa da baña ez degu oerik» au da etxe guzietan esaten dutena eskale bat aterpe billa datorrenean. Baiñan, alperrik da, nik ez dut oerik bear. BIEDERMANN: Ez eh?... JOXE: Ez, bada, lurrean lo egiten oiturik nago. Nere aita kalegarbitzallea bait zan... (Zigarroa gogoz erreaz.) Ez ibilli aitzeki-maitzeki, Biedermann jauna. Zu ez zaitugu oiu egiten dezuten orietakoa, jendearen aurrean beldurra aizatzeagatik. Ez. Zuri sinisten dizut: «Sentitzekoa da baiñan ez degu oerik. Hori esan oi dute guziok, baiñan zuri, Biedermann jauna, sinisten dizut aoa iriki ala. (Aoa zabaldurik.) Nora ginjoazke sinistuko ez ba genio alkarri...? Au da nik diodana. Nora ote ginjoazke, enetxoak!? Bat norbaiten aurrean agertu orduko su-emalletzat artzen dute. Konfiantza eza dago bazterretan. Arrazoia al dut ala ez?... Mundu guziak daki, naski, Biedermann jauna, zuk gizonen on izatean fedea dezuna; eta zeorren ondasunean... Arrazoi al dut ala ez? Erri ontan zu izan zera su-emantzaille arrunt bat bezela artu ez nazun persona bakarra... BIEDERMANN: Emen dezu auts-ontzia... JOXE: Arrazoi al dut ala ez? (Zigarro-errautsa ontzira jaurtiaz.) Gaur egunean gizonezko geienok ez dute Jainkoagan sinisten, ta bai bonbero ta su-iltzailleetan. Zer esan nai didazu, gizona. BIEDERMANN: Egi-egia... (Ana'k bandeja bat dakar.) ANA: Ez dugu aragi-zerra maniaturik. JOXE: Ekarri dezunakin aski da, andereño. Naikoa dut... Mostaza aztu zaizu, orixe... ANA: Barkatu, ala da. (Bijoa.) BIEDERMANN: Jan zazu, gizona, jan! (Basoak ardoz beterik.) JOXE: Ez didate egunero onelako arrerarik egiten, Biedermann jauna. Ainbeste gauza ikusia naiz! Esango nizuke. Bat ate aurrean, aterpe billa, goseak eta korbatarik gabe agertu orduko. Zapla! botako dizute: «Zaude or!»; eta atzetik poliziari dei egingo diote. Zer derizkiozu? Nik aterpea besterik ez dut eskatzen: etzan leku bat gaua pasatzeko. Bizia burrukan igaro dudan boxelari prestu bat nauzu... eta zer dala-ta beñere burrukarik egin gabeko jaun bat urbilduko zait eta zamarra muturretik eldu ta eramango nau. Zer da au?... Begiratu utsarekin gizon ura kokildurik utziko dut. Emonio! (Basoa artu ta edanez.) Zure osasunera! (Biok traguxka egin bezate ta Joxe'k mokau bat jan ere bai.) BIEDERMANN: Jabetu zaite, ene jauna, gauzak oso oker daudela. Ez dezu eguneroko paperak irakurtzea besterik. Egunero suak eta egunero etxe erretzeak... Eta beti historia berdiña: sailtzaille arlote arrotz bat aterpe billa etorria zala ta biharamonenan etxea sutan, erre ta kixkalia. Garbi itzeginda aitortuko al didazu konfianza-eza izateko zioak ba ditugula. (Egunkaria artuaz.) Ikusi zazu, ikus! (Papera mai gañean ipintzen dio.) JOXE: Eskerrik asko, ikusia dut. BIEDERMANN: Ballara bat oso osorik! (Zutitzen dalarik paperean erakusteko.) Irakurri zazu irakur... JOXE: (Jan... irakurri... ta gero edanez.) Burdeos'ko ardoa al degu?. BIEDERMANN: Bai, jauna. JOXE: Epelxeagoa bear luke... (Platera gañetik egunkariari begiratuaz eta irakurririk:) Perituak uste dute sualdi aundi hori sortu ta bururatua izan dala orain azkena gertatutako era berean. (Biok elkar begiratuaz.) BIEDERMANN: Sinesgaitza zait. JOXE: Orregatik ez dizut nik periodikorik irakurtzen. BIEDERMANN: Ah! ez, eh?... JOXE: Beti albiste bera bait dakarkite. BIEDERMANN: Orrekin ez da ezer erabakitzen. Egunkari paperak ez irakurri ta zer?... Ez al zaigu komeni bada zer gertatzen dan jakitea? JOXE: Zertarako?... BIEDERMANN: Zertarako galdegiten dezu? soil soil ontarako... JOXE: Zera... gertatu bear duana gertatuko da, Biedermann jauna. (Txistorrari usai egiñez.) Jainkoaren zigorra! (Txistorra bi puska eginez.) BIEDERMANN: Zuk ala uste al duzu? (Ana'k mostaza ekarriaz.) JOXE: Eskerrik asko, andereño. ANA: Zerbait geiago?... JOXE: Gaurkoz aski dut. (Ana atean zalantzan gelditurik.) Mostaza onek zoraarazten nau! (Jaki gañera botiaz.) BIEDERMANN: Jainkoaren zigorra, esan al duzu? JOXE: Pschs! Nik al dakit! (Berriz jan eta egunkaria irakurriaz.) Artetsuok diotenez, sua sortu ta garrak indar artu dute azkeneko etxe erretakoan bezelaxe. (Par egiñez basoa ardoz betetzen du.) ANA: Jauna! BIEDERMANN: Zer gertatzen da? ANA: Kuski jaunak ikusi nai duala. BIEDERMANN: Kuski? Orain ere Kuski?... ANA: Bai, jauna! Zera... dio... BIEDERMANN: (Etenaz.) Ez dut ezer jakin nai! ANA: Ezin konpreni omen du, zuk... BIEDERMANN: Zer milla demoñiotako ezer konpreni nai du Kuski orrek. ANA: Andrea gaxo omen dauka ta iru aur... BIEDERMANN: Ez dut ezer jakin nai! (Urduri jekiaz.) Kuski, Kuski jaun orrek egin bear duana, ni pakean uztea da. jaikoaren gatik! Abogadu bat billa dezala! Hori da! Orain jendearekin nago, Kuski jauna! Nik kalera bota dudala ta orregatik orren beste istillu. Gizona! Gizona! Ez al dute orretarako lan ezaren segurua sortu? Abogadu bat billa dezala! Hori da! Eta nik beste bat arkitu dut. Sumaketa berri bat egin duala ta irabazietan partea jaso! Beraz! Zakurraren i... bijoala edo ta gaseko giltza zabalik utzi dezala. Aukera dezake zer nai! Abogadu bati ordain dezaiola auzia irabazi ala galtzeko zorian bere burua jarri nai baldin ba'du. Or konpon! (Joxe'ri begiratu ta paketuaz.) Esaiozu Kuski'ri bixitarekin nagola. (Ana bijoa. Joxe'ri.) Barka zaidazu. JOXE: Baita ondo eman ere! Zere etxean zaude! BIEDERMANN: (Joxe gogoz aparia txastatzan ari dala ikusiaz.) Gustora ari zera ez da ala?... JOXE: Ez nuen askorik uste! Egia da! Nork pentsatu zukean gaur egunean alako gauza onak ba ziranik... BIEDERMANN: Mostaza? JOXE: Ez, gizatasuna! (Mostaza zorra jaki gañera botiaz.) Burutazio au datorkit, alegia, nola ez didazun lepotik eldu ta kalera jaurti. Errekara! Bai, Biedermann jauna. Guk bear duguna gizatasuna da. (Berriz basoa ardoz beterik.) Jainkoak ordain dezaizula! (Traguxka edanez.) BIEDERMANN: Zer uste zenduan bada, mamu izagarriren bat nintzala? JOXE: Biederman jauna, nola pentsa nezakean hori! Iñondik ere! BIEDERMANN: Bada Kuski andreorrek hori ta okerrago pentsatzen du. JOXE: Mamu bat izan baziña ez zenidan gau ontan zure etxean ostaturik emango. Hori garbi dago. BIEDERMANN: Egi egietan!? JOXE: Naiz eta ganbaren tellatupean izan. (Basoa arturik.) Orain ondo nago. (Atean otsegiten dute.) Polizia ote da? BIEDERMANN: Nere andrea... JOXE: Hum! (Berriz deika.) BIEDERMANN: Atoz!... baiñan kondizio batekin... ez zazula soñurik atera! Nere andrea biotzetik gaixo dago-ta... (Kanpoan emakumezko izketa entzuten da. Biedermann'ek Joxe'ri aguro ibiltzeko keñua egiten dio. Bion artean maiean dauden platera, baso, ontzi bolilla ta abar jasotzen dituzte, eta oin puntetan, bonbero-sailla dagon aldetik irtetzen dira.) Barka zaiguzute! JOXE: Barka zaiguzute! (Bonbero-sailla dagon alki gañetik jausi egiñez bijoaz. Bitartean, ezkerretik antzeztokira Biedermann'en andrea sartzen da Ana lagun dualarik. Onek gañeko jantzia ta ginballa kentzen lagun egiten dio.) BABETTE: Nun dago nere senarra? Badakizu, Ana, gu ez gaituzula elizakoi zeru-zeru oietakoak. Gugatik nai aña maitale izan zenitzake. Baiñan, ez itzazula etxean sartu. ANA: Etxekoandre, nik ez dizut maitale bat bakarrik ere. BABETTE: Orduan, or beian dagon bizikleta ordoitua zeñena duzu? Arras izutu nazu. Ikarez erdi illik nago oraindik. (Bijoa Ana.) (Tellatupeko ganbaran Biedermann'ek argia piztutzen du. Joxe'ri sartzeko keñu egiten dio. Isillean mintzatzen dira. ' BIEDERMANN: Emen duzu argi-emaillea... Otzak baldin ba zaude or nunbait duzu larru aundi bat. Baiñan, kontuz Jainkon'rengatik. Ken itzazu oñetakoak... (Joxe'k eskuan daraman bandeja utziaz zapata bat kentzen du.) Schmitz jauna! JOXE: Biedermann jauna! BIEDERMANN: Zuk esan didazu ez zerala su-emalle bat. Benetan ez al da ala?... (Joxe parrez asten da.) Ixo! (Aopean GABON! esanez ba doa atea itxiaz. Joxe'k beste zapata kentzen dualarik. Alboko gelan Babette erne dago eta zai zerbait inguruan nabaitu ta ikaraturik begiratuaz. Bat batean lasaturik publiko-jenderuntz begitartea zuzenduaz.) BABETTE: Plazido da! Nere senarra! Gauero ganbarara igoko zala agindu bait zidan su-emallerik ez dagoala ikustera. Onela lasai lo-egin nezake. Gabon! (Babette'k argia itzali ta ba dijoa. Bere tokian Joxe, oñetakorik gabe argi-giltzari emanez itzaltzen du. Une berean bonbero-koro sailla bere lekutik jekiaz abestuko dute.) KORO-SAILLA: Ikus eta entzun!! Gure iriaren zaindari gaituzute. Gizarajo utsak Beti ernai eserita ala zutik. BURUZAGIAK: Iñoiz denbora pasa pipa betetzen dugu... KORO-SAILLA: Eta errondian gabiltza belarriok erne begiok zabalik. Suak gure erriko tellatu zarrak kiskali ez ditzan. (Ordulariak iru jotzen ditu.) BURUZAGIAK: Guziok dakite Emen gaudela; Deia entzun ala Arrixkuan gerala Tellatu gañean Begiak erne Geldi ez ditezen auts eta ke. (Biedermann'en gelan argia piztu ta Babette batan agertzen da.) KORO-SAILLA: Zer da argi hori? Gau illunean? Zer da hau ai ene! (Eztul bat entzuten da.) BABETTE: (Bazter guzietara ikaraz begiraturík.) Norbaitek eztul egin du! KORO-SAILLA: Kirioak desegiñak, urduri, artega, Lo ezin egiñik arras eroturik emaztea dago or! (Zurrunka soñua entzun bedi.) BABETTE: Plazido! Plazido!! Ez al dantzuzu!? Ezer ez zuk entzun? (Lauk jotzen dute.) Norbait dagola diotsut Jainkoa! Gizonok! (Unetxo bat itxoinez, ezer entzuten ez dualarik irtetzera doa, itxuraz trankil!) BURUZAGIAK: Lauak jo dituzte Ta iñork egin ez deirik! Joan gaitezen. (Babette'k argia itzali beza.) (Pipa sakelean gordetzen du. Egun sentiko argia nabari da. Eresi doñu isila entzunez.) KORO-SAILLA: Oh eguzki-argi izpi! Jainkozko begi nini Lotan dagon Gure iriko Tellatu gañera Eguna dator Ez da deus gertatu. (Korukoak eser bitez.) BURUZAGIAK: Deus ez oraindik! (Ilunpea.) Su-emailleak, Max Frisch |