Su-emailleak, Max Frisch
Egan, 1/6-1966

 

BIGARREN GERTA-LEKUA

 

(Jan-gela ta egon lekua dalakoa. Biedermann zutik ginballa ta abrigoa jarriak dituala; galtzarbean kartera dauka ta kafea artzen ari da, barruan dagon norbaitekin izketan ariko bai litz.)

 

BIEDERMANN: Azkeneko aldiz: ez dala su-emallerik!

BABETTE: Eta nolatan dakizu hori?

BIEDERMANN: Berari galdegin diodalako... Zer bada? Ez al diteke gure errialde hontan beste gogoetarik izan? Zoratzeko diñakoa da! Beti zuen su-emailleak dirala-ta!... Su-emailleak emen, suemalleak an! (Babette sartzen da esne-txarrotxo bat dakarkila.) Zoratzeko diñakoa da.

BABETTE: Ez niri oiurik egin!

BIEDERMANN: Ez dizut zuri oiu egiten, Babette. Guziontzat ari nazu. (Babette'k esnea serbitzen dio.) Joan bear dut. (Esnea edanez.) Diranak eta ez diranak su-emalletzat artzen ba ditugu, nora goaz bide hortatik?... Uste ona izan bear dugu, ta ez beti gaizki pentsa.

 

(Esku-muturreko ordulariari begiratuaz.)

 

BABETTE: Zu onegia zaitugu, Plazido, ta ni ez nator bat zurekin. Biotzbera zera, ta ni bitartean lo ezin arturik egon naiz gau guzian. Gosaltzen emango diot, nola nai ere, baiñan gero kalera botako dut.

BIEDERMANN: Egizu nai bezela!

BABETTE: Modu onez bai, aditzen?, asarretu gabe baiñan kalera botako dut.

BIEDERMANN: Ondo dago. (Katillua usturik utziaz.) Abogadua ikustera joan bear dut.

 

(Babette'ri musu zabarki ematen dio eta une ontan Pepe (Joxe) azaltzen da. Ardi larrua bizkar gañean darama ta Biedermann ta Babette ezdira oartzen sartu dala.)

 

BABETTE: Zergatik utzi duzu Kuski lanik gabe?

BIEDERMANN: Aren bearrean ez nagoalako.

BABETTE: Lenago berarekin oso pozik zeunden bada?

BIEDERMANN: Ortaz baliatu nai du orain. Eta bere inbentoak emandako irabazitatik zatia eskatzen du. Illeak aterarazteko lozio-ukendu ori egia da polliki saltzen dala, baiñan zer inbentu ta zer sumaketa berri! Utsaren urrengo! Beren kaska-ezur soillak lozio orrekin igurtzitzen duten gizarajoak... gernuarekin berdin egin dezateke...

BABETTE: Plazido! ordea!

BIEDERMANN: Egia da, Egia utsa! (Kartera barrua arakatuaz.) Onegia naiz, bai, arrazoi duzu eta anarkista orri lepoa biurrituko diot.

 

(Irtetzera doalarik Joxe ikusten du.)

 

JOXE: Egun on, jaun-andreak!

BIEDERMANN: Schmitz jauna!...

 

(Joxe'k bostekoa luzatzen dio baiñan Biedermann'ek ez ikusia egiten du.)

 

JOXE: Deitu nazazu Pepe soil-soilik.

BIEDERMANN: Nere andreak zurekin itzegin nai, Schmitz jauna, nik damurik joan bearra dut. Suerte asko opa dizut. (Eskua luzaturik.) Joxe, suerte ona! (Bijoa.)

JOXE: Suerte asko, zuk ere, Plazido, suerte asko. (Babettek arriturik begiratzen dio.) Zure senarrak Plazido izena du, ez da ala?... (Isilunea.)

BABETTE: Ondo lo egin al duzu?

JOXE: Otz pizka bat izan dut, baiñan, ardi-larru oni eskerrak... ainbestean... Gazte nintzalarik txabolan pasa nituen egunak gogorazi dizkit... Otzari oiturik natzaizu.

BABETTE: Nai duzularik gosaria ar zenezake.

JOXE: Etxekoandre!... (Onek eser-lekua erakusten dio.) Onelako ontarterik ezin sinistu dut.

 

(Katillua kafe-esnez beterik.)

 

BABETTE: Alimentua artzea komeni zaizu, Joxe, oraindik bide luzean joan bearra izango duzu-ta.

JOXE: Nik?... Zertarako?

 

(Babette'k berriz eserlekua erakus bekio.)

 

BABETTE: Arraultz bat urean pasea nai al duzu?

JOXE: Baita bi ere!

BABETTE: (Otsegiñez.) Ana!

JOXE: Ikusten duzu, ene etxekoandre onbera, emen neronen etxean bezelaxe nagola. Zure baimenarekin!...

 

(Eser bedi. Ana sartzen da.)

 

BABETTE: Arraultz bi... urean paseak!...

ANA: Bai, andrea!

JOXE: Iru minutu t'erdi.

ANA: Bai, jauna!

 

(Ateratzera doala.)

 

JOXE: Andereño! (Ana atean gelditzen dalarik.) Egun on!

ANA: Baita zuri ere. (Bijoa.)

JOXE: Mirabeak nola begiratzen naun! Alajañetan! Berarengatik balitz aspaldi kalera bota nindun! baita euri jasa erortzen ari ba'lu ere!

 

(Babette'k kafea serbitzen dio.)

 

BABETTE: Schmitz jauna!...

JOXE: Esaidazu!

BABETTE: Utziko al didazu, argi ta garbi, zeatz itzegiten?

JOXE: Dardaizua sartu zaizula derizkiot, andre, ikara?

BABETTE: Schmitz jauna...

JOXE: Zer gertatzen zaizu, ordea?

BABETTE: Emen duzu gazta...

JOXE: Eskerrik asko.

BABETTE: Ar zazu mermelada ere!

JOXE: Eskerrik asko.

BABETTE: Eta eztia. Ar zazu eztia!

JOXE: Gauza bat bestearen ondoren, etxekoandre; bata bestearen ondotik. (Burua atzekoaldera boteaz eta aoa ogi ta mantekillaz beterik daukala zerbait entzun nai lukean itxura artzen du.) Zer ari ziñan esaten?...

BABETTE: Ba... egiazki... argi ta garbi Schmitz jauna...

JOXE: Deitu zaidazu Joxe soil-soilik...

BABETTE: Ba itz gutxitan...

JOXE: Ni zure aurretik alde egitea nai duzu, ez al da ala?

BABETTE: Ori, ez, Schmitz jauna. Ez nuke orrenbeste esango...

JOXE: Zer esango zenuke bada?... (Gazta puska bat artuaz.) Camenbert! Au dut, ain zuzen, geien maite dudana! (Atzekoaldera burua makurtuaz janez.) Badakit andre su-emailletzat artzen nazula.

BABETTE: Mesedez! Nik olakorik esan al dizut?... Ezta urririk eman ere! Ez zaitut iñondik iraindu nai! Aditu al didazu, adiskide. Nork aitatu du emen su-emaille konturik? Zutaz ez duk nik batere kexarik Schmitz jauna.

JOXE: (Jatez geldituaz.) Aziera on eta edukaziorik ez dudala ondotxo dakit.

BABETTE: Ez da hori, Schmitz jauna, ez da hori!

JOXE: Jatekoan zalaparta aundia ateratzen dut.

BABETTE: Ori txorakeria duzu...

JOXE: Bai, umezurztegian esan oi zidaten... Schmitz ezakela aoan orrenbeste ots atera, jatekoan...

 

(Kafe-ontzia eskuan ar beza.)

 

BABETTE: Jainkoa'gatik ez duzu nik esandakoa batere aditu.

JOXE: (Katillua urrutiratuaz.) Ba-noa emendik!

BABETTE: Schmitz jauna!

JOXE: Ba-noakizula!

BABETTE: Ez al duzu beste katillukara artu nai? (Joxe'k buruarekin ezetz.) Erdia bederik? (Berriz ezezkoan.) Onela ezin joan ziñezke, nik ez zaitut iraindu nai izan. Nork esan dizu jaterakoan soñua ateratzen duzula aoarekin? (Joxe jeikitzen da.) Nik iraindu al zaitut?

JOXE: (Serbilleta tolestuaz.) Zer egin nezakean, edukaziorik ez bait dut! Nire aita kalegarbitzalle izan zan-eta! Nundik izan bear nuen nik edukaziorik... Gose ta otzak ez naute ikaratzen, ajola gutxi! baiñan sinis zaiazu, jakin-eza, edukazio eza ta aziera gabea izatea...

BABETTE: Bai! Jabetzen naiz.

JOXE: Ba-noa beraz.

BABETTE: Nora zoazke gizona!

JOXE: Kalera, euri jasetan blaitzera.

BABETTE: Jainkoagatik!

JOXE: Oso oituta nago.

BABETTE: Schmitz jauna! mesedez! Ez nazazula orrela begira... Zure aita kalegarbitzale izan zenduala... jabetzen naiz. Zure gaztedenbora, gogorra izan zan, noski...

JOXE: Ez nuen batere gaztetasunik izan... (Begiak eta besoak beruntz zuzenduaz lotsaz.) Ez gaztetasunik ezagun... Zazpi urte nituen ama il zitzaidanean.

 

(Muki-zapiaz begiak igurtziaz.)

 

BABETTE: Joxe!, baiñan Joxe gizarajoa!

 

(Ana sartzen da arraultz parea ekarriaz.)

 

ANA: Zerbait geiago?...

 

(Iñork ez dio jaramonik egiten eta ba-doa.)

 

BABETTE: Nik ez zaitut kanpora jaurti nai; ez dut orrelakorik esan. Ia ez dakit zer esan dizudanik!... Gaizki aditu duzu Schmitz jauna; izugarria da. Zer egin nezake sinis nazazun? (Duda-mudan eskua beso gaiñean jarririk.) Atoz eta jan zazu: alimentua artu bear duzu. (Joxe berriz esertzen da.) Ez dut nabaitu jatekoan otsa ateratzen dezunik. Eta ala ba'litz ere, guk ez diogu uskeri oriei garrantzirik ematen. Schmitz jauna! Kontuan erori bear zenduen gu onela gaituzula.

 

(Joxe'k arraultz-azala koskatuaz.)

 

JOXE: Jainkoa'k ordain dezaizula!

BABETTE: Emen duzu gatza.

 

(Joxe'k arraultza zurrupatuaz.)

 

JOXE: Egia da etxekoandre. Zuk ez nazu kampora bota, ez. Ez noski! Ez gaitezela ortaz geiago mintza! Eta barka ez banizun ondo aditu.

BABETTE: Arraultzak puntean al daude?

JOXE: Aukeran biguntxoak... arren barka zaidazu! (Arraultza jatez bukaturik.) Etxekoandre, zer esan nai izan zenduen zeatz, argi ta garbi itzaz?...

BABETTE: Ez dakit bada. Ez naiz gogoratzen.

JOXE: (Bigarren arraultza koxkatuaz.) Jainkoa'k ordain dezaizula. (Janez.) Willi jaunak esan oi du etxetako karidadea ta atariko aizea bat dirala. Ia ez dala arkitzen biotzoneko jenderik. Guzia Estadu'koa omen! eta gizona ezer ez. Ark dionez! Gauzak onela dabiltza nere andre ongille ta adiskide ori! Mundua galdurik dago! (Arraultza'ri gatza botiaz.) Onelako gosari txikia emango ba'lioteke arpegi ona jarriko luke, arpegi ona jarriko lukeanez Willi gizarajoak. (Timbrea entzuten da.) Ea bera dan!

 

(Berriz ateko timbre otsa.)

 

BABETTE: Nor duzu Willi ori?

JOXE: Ori bai kulturaz jantzia, etxekoandre! Kusiko duzu, ikusiko! Hotel Metropol'en kamarero izan da, erre aurretik, noski. Metropol erre aurretik esan nai dut...

BABETTE: Erre aurretik?

JOXE: Willi kamarero-nagusi zan; «maitre» dalakoa.

 

(Ana sartzen da.)

 

BABETTE: Nor da?

ANA: Jaun bat.

BABETTE: Zer nai du?

ANA: Suaren kontrako asegurutakoa da. Etxea ikusi bear omen du. (Babette altxatzen da.) Frackez jantzia dator etxekoandre.

 

(Babette eta Ana bijoaz. Joxe'k kafe geiago artzen du.)

 

JOXE: Bera da. Willi!

 

(Bat batean Joxe dagon lekua illunpean gelditzen da. Eta aitzitik argitasuna bonbero-koro-sailla dagon alderdian. Auek erne. Miaketan diardute ta Biedermann'en baezpako gela atarian bizikleta zaar bi daudela oartzen dute. Ordulariaren doñua entzuten da.)

 

BURUZAGIAK: Ordu biak jo dute

                Bi dira, bi, bizikletak!

KORO-SAILLA: Zaarrak, ordoituak

                jabea izango dute

                Baiñan norenak ote?

                Zoritxarraren aundia!

BURUZAGIAK: Beldurti danak

                Ots txikiena

                mamutzat artzen.

KORO-SAILLA: Gaur asarrekoi

                sutsu, burrukalari

                bigar koldar uts:

                Eta egun batez

                au, hura ta bestea

                gañera datorkio,

BURUZAGIAK: (Tellatupeko ganbarara begiraturik.)

                Baiñan zertan ari dira

                Bi birigarro oriek?

                Zer pentsa genezake?

KORO-SAILLA: Zai dagoana da beti

                itsua baño itsugo.

                Gaitza galerazteatik

                besoak tolesten dituala.

                Zoritxarraren aundia!

                Ezerez bat dezu

                Armarik gabe, oporle...

                Geldia, zozotua

                Berandu arte,

                Beranduegi deño...

BURUZAGIAK: Ai ene!

 

(Koro-saillekoak eser bitez. Illunpea.)

 

Su-emailleak, Max Frisch
Egan, 1/6-1966