Mugaldeko herrian eginikako tobera, Gabriel Aresti AZKENEKO ZATIA Mugalteko plaza, egun bereko ordu bietan. Erdiko etxe zahar eta noblea, girlandaz eta galardoaz dago horniturik, eta haren aurrean, metro eta laurdeneko zuleria bat, teatruaren erdia okupatzen duena, Mugarteko bandera gorri urdinarekin apaindua. Teloia altzatzen denean, hutsik dago teatrua; hurrutik atabal baten soinua entzuten da, geroago eta haundiagoa egiten dena, atabalaria teatruan sartzen den arte. ATABALARIA: (Atabala jotzeari utzirik.) Herri honetako gizon-andre, agure-atso eta neska-mutil guztiek jakin bezate, berehala emanen zaiola hasiera judizioari. (Kapitaina eta Mandataria sartzen dira. Zuleriara iganik, bertan esertzen dira. ) KAPITAINA: Atabalari laguna, soldadoak sar ditezila. ATABALARIA: (Atabala joz.) Soldadoak etor ditezila. (Lau soldado sartzen dira.) KAPITAINA: Soldadoak, apaiza ekar zazue. (Badoa soldado bat; beste bi zuleriaren aldeetan geratzen dira, eta laugarrena Mandatariaren atzean.) MANDATARIA: Egiaren erdia dadukagu. KAPITAINA: Beste erdia ere, zure habileziarekin, laster edukiko dugu. MANDATARIA: Eztago niretzako horren gainean batere dudarin; orain bakarrik, zehaztasun bat geratzen zaigu, zer argi. KAPITAINA: Eta zein da hori? MANDATARIA: Nor izan zen lintxamentua proposatu zuena. KAPITAINA: Zehaztasun horrek alda dezake judizioaren sententzia? MANDATARIA: Bertan datza gauzaren funtsa. Hori izanen litzake herri honen salbazioa. Hura eta harekin egon zirenak urkatzearekin, kitu. Honela, hamabi urkatukin, hemengo gure beharra kunpliturik geratuko litzake. KAPITAINA: Eta bestela? MANDATARIA: Bestela, ezlegoke urkamendirik, ezlegoke hilik. Baina epaia latzagoa izanen litzake. Hor dator apaiza. Txarki probatu zaio gartzelamentua. (Apaiza eta soldadoa sartzen dira. Aurrenekoak kolpe bat daduka begian, moratua.) APAIZA: Eliz Ama Santuaren izenean protestatzen dut, Jainkoaren ministro bat, lapur bat balitz bezala, tratatzen duzuelako, baina nire kontsolamentua da hala tratatu zutela fariseoek Jesukristo gure Jauna bera ere. MANDATARIA: Lege Berriaren aurrean, gizon guztiak dira berdin. Gizon klaserik eztago. Ez eska, bada, merezitzen eztuzun eskubiderik. APAIZA: Jainko bat dago, eta hura da bortitz eta errespetagarri. Hala nola tratatzen nauzuen ni, hala tratatzen duzue hura ere. Nigan egiten duzuen gaitza, harengan ere egiten duzue. MANDATARIA: Hitzak eta hitzak. Ederki egiten dituzue sermoiak, pronuak eta predikuak. Gauza bat da predikatzea, eta beste bat oso diferentea ogia ematea. Gizonak, obrakatik neurtzen ditugu guk. Hala, ez sermoirik guri, kulpituan ezpaitzaude. Gure galderari ihardetsiko diozu egiarekin, eta hala nola den. ihardukiera, hala izanen da zure tratamentua ere. Ez ahatz hori. Konpreni duzu? Legearen aurrean zaude, eta zure apaizgoa alde batera utzirik, zure gizontasuna judikatuko dugu, eta gizon prestu bat zarela erabakitzen baldin badugu, gizon prestuek merezi duten errespetoa eta tratamentua eskeiniko dizugu. Konforme? APAIZA: Bai, zuekin beste erremediorik ezpaitago. MANDATARIA: Orduan, erantzun. Zeinbat urte daramazkitzu Mugalden bikario? APAIZA: Hogei. MANDATARIA: Orduan, ederki ezagutuko duzu hemengo jentea, ezta? APAIZA: Bai, hemengo jenteak, kristau onak dira, eta nirekin konfesatzen dira hilero. MANDATARIA: Elizan kontatu zaizkitzun ipuien gainean, eztizugu ezer galdetuko. Bakarrik eliz kanpoan ikusi dituzun gauzen gainean. Beñat Larresoroko ezagutu zenuen? APAIZA: Bai, mutil ona. MANDATARIA: Badakizu nola hil zen? APAIZA: Bai, Joanetegi soldadoak hil zuen. MANDATARIA: Zer da tobera bat? APAIZA: Herriko norbaitek bizitza ez ona daramanean, eta senar emazte arteko har emanetan gauza itsusi bat dagoenean, mutilek haiengatik burla egiten dute. Bertsolari bat ekarririk, egiak esaten dizkiote. Askotan, bertsolariak bertso papera ateratzen du. Hori egiten dute, andre alargun bat mutil gazte batekin ezkontzen denean, mutxurdin bat donado batekin ezkontzen denean. Andreak bide okerra hartzen duenean, mutilek toberak ateratzen dizkiote gizonari, eta honek erremedioa bilatzen ezpadio egoerari, haren zezen adarrekin kontent geratzen baldin bada, orduan tobera mustra bat muntatzen zaio. MANDATARIA: Eta hemen, Mugalden, sarri egiten al da honetako gauzarik? APAIZA: Toberak bai, sarritan kantatzen dira. Motibo bat edo bestegatikan, urte guztietan lauretan edo bostetan. Tobera mustrak berriz oso guttitan. Aurkientza honetan, haran honetako hamabost herrietan, azken hogei urte honetan, hiru tobera mustra muntatu dira bakarrik. MANDATARIA: Hemen, Mugalden, inoiz muntatu al da tobera mustraren bat? APAIZA: Nik dakidanez, behin bakarrik. MANDATARIA: Bai, badakit, Joanetegi soldadoaren andrearen ihardukieragatik, Beñat Larresoroko batek muntatua. Zer deritzazu zuk toberari? APAIZA: Gehienetan eztiote inori kalterik egiten, eta bai askotan fabore haundia. Tobera bertsoak oso piper haundikoak dira, baina badakizu zer gertatzen den basoko herri hauetan, jenteak ttikitandik daki jaiotzearen eta heriotzearen arrazoia, eta eztira eskandalagarriak. Jente gaztea libertitzen da, ezkonduak hobeki portatzen dira bildur arren. Funtsean toberak eztira onak, baina kalte baino fabore gehiago ekarten diote gizarteari. MANDATARIA: Eta tobera mustrak? APAIZA: Hori beste errusinola baten kantua da. Beti izan naiz ni haien etsaia. Ihaz oso kontrakoa jarri nintzen haien aurrean. Elizan sarrera debekatu nien. MANDATARIA: Kalte haundia dakarte orduan. APAIZA: Bai, fabore baino. Orduan grinak soltatzen dirade, eta beti akabatzen da guztia parte txarrean. Deabruak asmaturikako gauza da, eta deabruak eramaten du guztia azken finean. MANDATARIA: Zer pasatu zen ihaz, bada? APAIZA: Ni eznintzen presente egon. MANDATARIA: Eta zein izan zen toberaren ondorioa? APAIZA: Guztiek dakite. Joanetegi soldadoak, kontrabandoaren aitzakiarekin, portuetan hil zuen Beñat gurea. Mendekantza zikina. MANDATARIA: Eta zer gertatu zitzaion gero Joanetegiri? APAIZA: Gauza itsusia, nik benedika eztezakedana. MANDATARIA: Etzuen atzerrira ihesik egin, orduan? APAIZA: Bai, mugarako bidea hartu zuen, bere andrearen atzean. Gau haretan baserri batetik nentorren ni, kristau bati olioak ematetik, Joanetegirekin topo egin nuenean. Esan zidan andrea maitale batekin eskapatu zitzaiola bestekaldera, eta atzean zoakola ea ebaki ahal zezaiokeen ihesia. Inor ez hiltzeko agindu nion eta erantzun zidan kulpadunak punituak izanen lirakeela. Ezer egin ahal ukan gabe, herrirat bihurtu nintzen, eta eliz aurrean Beñaten andregaia topatu nuen, izuak eta ikarak aurpegitik zerizkiola. Hitz egin ere ezin zuen, bakarrikan deiadar egin, zoro baten antzean, eta herri guztiak irten zuen kalera. Ze iskanbila, ze zarata! Azkenean konprenitu nuen, konprenitu genuen, zer gertatu zen. Amoratu pareak, Beñat eta Belen, oihanean igaran zuten eguna, ziza bila, eta soldadoarekin egin zuten topo, harekin aurkitu ziren, maitale enganagarrien bila zoanean. Soldadoak esan zuen kulpadunak punituko zituela, eta Beñat ikusi zuen eta berehala, fusila jaso zuen aurpegira, eta tiro bat bota zion. Belen mintzatzen bukatu zenean, mendekantza eskatzen zuten deiadarrak entzun ziren jentearen artean. Arteak galdu zituzten, eta adimentua eta zentzu ona bihur arazitzeko egiten nituen eginahal guztiak, alferrikakoak ziren. Mundu guztia abiatu zen mendira, neskak eta mutilak, gizonak eta andreak, hutsik geratu zen herria, bakarrik geratu ginen Belen eta biak. Elizan sartu ginen, ezer gerta etzedin, Jainkoari errezatzera, Ama Birjina Doloretakoari otoitz egitera. Baina goian etzuten gure erregurik entzun nahi ukan. Beharbada entenitu zuten Paradisokoek gure orazioak ahozkoak zirela bakarrik, eta ez bihotzezkoak. Gu urrikari bekatariok! Handik ordu betera, iskanbilak eta aldarriak entzun ziren plazan. Belenek, zoro batek bezala, elizatik egin zuen alde, baina ni barnean geratu nintzen, zarata guztia isildu zen arte. Orduan kanpora abiatu nintzen ni ere baina eznuen Inor ikusi, bakarrik arbola horretatik zintzilik, Joanetegiren gorputz urkatua. Aize haundia egiten zuen, eta hilotzak, aize arrosaren moduan, iparrera eta hegorat egiten zuen jira eta bira. Zer neindikeen nik haren alde? Arbolaren adarretik jatsi nuen lurrera, eta olioak eman. Etxera joan nintzen, triste eta damuz, baina hurrengo goizaldean, biharamuneko zazpiretan, hilotza etzegoen nik utzi nuen lekuan. Etzuen lur santurik hartu, mendiko ezkutuan ehortzi zuten, eztakit nork, eztakit nun. Nire galdera eta azterketa guztiak alferrik izan dira. Isiltasunezko kapusai bat hedatu da nire ardien artean. Hori da dakidan guztia. Egia esan dizut, egia osoa, eta egia ezten gauzarik eztizut esan. MANDATARIA: Ederki. Herritar prestu bat bezala portatu zara. Zure prestutasunaren premio, libre geratzen zara, eta judizio osoan hemen presente egotea zilegi izanen zaitzu. APAIZA: Asko estimatzen dizut. Unaiak jakin behar du zer gertatzen den bere artaldean. MANDATARIA: Medikua sar dadila. Zu, apaiz laguna, eser zaitez nunbait. Medikua sartzen da. MANDATARIA: Ea zabaldu zaizkan begiak satorrari. MEDIKUA: Hemen nadukazu berriz ere, jauna. MANDATARIA: Bai, ikusten zaitugu. MEDIKUA: Eznaiz kexatzen, eztut protestatzen. MANDATARIA: Badadukazu zergatik kexa, zergatik protesta? MEDIKUA: Zer esanen dut? Baietz esanen banu, orduan kexatuko nintzake, eta ezetz esanen banu, eznintzake kexatuko. MANDATARIA: Bai, konprenitzen dizut, kexatu, baina ez kexatu, zara egiten. MEDIKUA: Eznuen ezer ikusi, eznuen ezer jakin. Heriotze bi zertifikatu nituen, hemen dakarzkit zertifikatu biak. Hauen kopiak Hiri Nagusian daduzkate. (Paper bi ateratzen ditu, eta Mandatariari luzatzen dizkio. Honek irakurten ditu.) MANDATARIA: ...autopsia eginez geroz... berunezko bala bat garako hutsunean... (Bestea irakurririk.) ...aire-falta... seinale more asko gorputzean... (Faltrikaran gordetzen ditu bi paperak.) MANDATARIA: Ederki, txit ongi... Bai, bai, bai, bai... Gorde eginen ditugu... Lekukotasuneko proba gertuak dira... Baina honekin etzoazi aurrera; lehengo lekuan bertan geratzen zara. Gauzaren bat egonen da, zure buru barnean ezkutatua, antsiarik eman eztiozuna, gure hauzian argitasuna emanen duena. Hola pasatzen da askotan. Egun batean ikusten duzu nola... (Kapitainari.) Kapitain jauna: Ekar dezatela berehala eskola maisua eta alkatea. Eta zortzi soldado haien fusilekin. Izan ditezila tiratzale onak. (Kapitaina joan eta sartu egiten da teatrutik.) Bai, mediku jauna. Bai. Bizia garratza da. Eztakigu etorkizunaren berri. Zuk behintzat. Nik bai. Oro dakit. Zer gertatuko den eta zer ezten gertatuko. Nire aginduetara dago dena hemen. Zer diodan, hura betetzen da. Bihar goizeko hamarretan eginen duen beroa ere esan dizazuket, termometroak berak ere niri obeditzen didalako. Eta sinesten ezpadidazu... dudatik etzara aterako. Eztakizu? Tiratzale onak ekarri datugu gurekin. Nun begia, hara tiroa. Pikete buruzagiaren aginduak baino gehiago etzenuke zuk iraunen. Nik nahi nukeen momentuan bertan hilen zineke. Dudarik eztadukazu, ezta? Orduan, zergatik dudatu duzu bihar termometroak nik guratzen dudan beroa markatuko duela? Ederki, ederki, txit ongi, arras ongi... Esaten genuen... Nola batzutan ikusten dugun gauza bat... eta ezkara konturatzen... Beste gauza askorekin baikaude arduraturik... eta arduratzen garen gauzen azpian hamiltzen eta ehorzten da ikusten dugun beste gauza hura... Zure buru barnean aurkitzen da nik behar dudana. MEDIKUA: Eta gogoratzen ezpanaiz? MANDATARIA: Beste bat gogoratuko da. Begira, hor datortza maisua eta alkatea. Gure artean, inter nos, laguna. Aleginak egiten ezpadituzu... (Soldadoak, maisua eta alkatea sartzen dira.) ...beste batek eginen ditu. Eta beste honek bere bizitza salbatuko du. Begira eskola maisua, nola ikaraz eta dardar datorren. Hau, bere haurtzaroan entzun zuen lehenbiziko hitzaz oroituko da. Ez ukan bildurrik. Maisu jauna, hurbil zaitezi. Zeinbat urte dituzu? MAISUA: Hogetamar, jauna. MANDATARIA: Edade ederra, bai, oso ederra, osagarri onarekin bizi izateko, halaegia. Baina soldadoak oso gogorrak dira, astokilo koadrila bat direla esanen nuke. Nik esaten diet: gizon honi konfesa arazi zaiozue, eta nola niri eztidan nola konfesa arazitzen dioten batere axolarik, haiek, beren metoduak enplegatzen dituzte. Esanen dizute, anka biak heda itzatzu, eta gero imini bi eskuak lurraren gainean. Hala paratzen dira mutilak zapoketan egiteko. Baina gerta liteke (hain basatiak baitira soldadoak!), soldado batek ostikada bat emanen dizula atzetik ankartean. Hori egiten, zaleak dira soldadoak. Batez ere, hordirik daudenean. Eta nik soldadoeri, konfesa arazitzea hasten dutenean, arnoa ematen diet. Batzutan, alegre nagoenean, koinaka ematen diet. Badakit nire bekatua dela. Baina zer eginen dut? Atsegin dut. Eta horrelako ostikada bat sufritu ezkero, zertarako ikusiko dugu andreen edertasuna? Beste batek gozatuko du. Guk ezkenuke gozatzeko indarrik edukiko. Baina dena dela, hobe da nolabait bizi izatea, ez inola ere bizi izatea baino. Hobeki egoten da lurraren gainean, lurraren azpian baino. Ezta hala? Erretira zaitezi. Apaizaren aldean eser zaitezi, ezer esan gaberik. Entera? APAIZA: (Bere lekutikan altzatzen da.) Mandatari jauna: Goiko Jaunaren izenean, eta Zuzenbidearen izenean, agintzen dizut, eztezazun gaiztakeriarik egin. Asmoak ikusten dizkitzut. Badakit nora zoazin, eta ikusten dut bertara allegatzeko edozein bide hartzeko zaudela prest. Eztezala, jauna, odol inozentak paga, odol doilorraren bidegabea. MANDATARIA: Kapitain jauna, gizon hori berriz mintzatzen bada, bistatik kenduko didazu. Eztit axola nora eramaten duzun, gartzela edo urkamendira. Berdin dit. KAPITAINA: Nire iritzian hobeki egonen litzake eliz barnean. Eliz gizonak begiratzera bakarrik atera beharko lirake mundura, hala nola mundu gizonak bakarrik begiratzera sartu beharko lirakeen elizan. MANDATARIA: Begira, kapitaina. Hemen ditugu gizon bi. Esan didate hauk direla herriaren alderdi bien arimak. Medikutiarrak eta alkatiarrak. Ezta hemen ezer gertatzen hauen ezagutzarik gabe. Kontrol izugarria daramate hemengo bizitzaren gainean, eta ezta hemen ezer ere mugitzen, ez eta hegaztina baten hegalak, hauen baimentua gabe. Hemen medikuak dio, berak eztakiela deus gure zer eginaren gainean. Ederki jokatzen du satorraren ofizioa. Kargutik dimiti arazi diogulako, gure kontra dago alkatea, gurekin oso hasarraturik dago, baina hasarre horren ostean, zer ezkutatzen da? Martiriaren ofizioa jokatzen du ederki. Eta bere martiritzaren gibelean, bere hasarrearen gibelean, arima oso beltz bat ezkutatzen da, bere aurpegi ilunaren atzean gaiztakeria ilun bat. Zer deritzazu? KAPITAINA: Eztago batere dudarik, niri behintzat etzait apurrena ere kabitzen, aferaren funtsa gizon bi hauetatik batengan dagoela sustraiturik. Bat urkatu behar dugu. Baina zein? MANDATARIA: Biak urkatzen baditugu, erruduna geratuko da kastigaturik. KAPITAINA: Baina bestea inozenta da, eztaduka errurik. Inozent bat kastigatuko duzu. MANDATARIA: Inozentziak eztu premiorik merezi. KAPITAINA: Baina zergatik mereziko du kastigu hori? MANDATARIA: Isiltzen den inozent bat, inozent tonto bat da. Eta tonteriak kastigoa merezitzen du. Biak urkatzen edo afusilatzen baditugu... kriminal bat eta tonto bat afusilatuko ditugu. Munduak eta gobernuak gure egintza estimatuko dute. KAPITAINA: Orduan, haiek erabaki dezatela, demostra dezatela tontoak eztirena. MANDATARIA: Jaunak, hurbil zaitezte! Zuek zer diozue? Nahi duguna, bilatzen duguna esplikatuko duzue? MEDIKUA: Nik eztakit deus. MANDATARIA: Eta zuk, alkate jauna? ALKATE: Are guttiago. MANDATARIA: Beren buruak kondenatu dituzte. Nik haien epaiaren eta sententziaren azpian firmatu beste, eztut egiten. Afusila detzatela. Soldadoen artean ateratzen dira medikua eta alkatea. Minitu erdi baten buruan tiro batzuek entzuten dirade. MANDATARIA: Akabatu ziren. APAIZA: Jaunak, edo zuen izaera bere izenez aipatzearren: animaliak. Lehen mehatxatu nauzue, berriz edekitzen badut ahoa, aldez edo moldez isilduko nauzuela Ezut niri ez aldeak ez moldeak axolarik, baina nire deskontentamentua, nire protesta esan behar dut. Edozein gauza daidikezue enekin, baina eznaiz isilik geratuko. Zerriak eta hienak baino zikinagoak zarete. Zuek egiten duzuena egiten duenak, eztu gizonaren izenik merezi. MANDATARIA: Kapitain jauna, honela sartzen baldin badira oro gure zer egineon, ezta hau sekulare bukatuko. Leku apartatu batera eramanen duzu aho zahal hau, eztezadan sekula berriz ikus. Gero mintzatuko gara harekin, beharbada. KAPITAINA: Ederki. (Apaizarekin ateratzen da.) MANDATARIA: Eskola maisua, hurbil zaitezi, faborez, elkar hizketa luzea eduki behar baitugu. Esan, esan... Badakizu zuk zer jakin nahi dugun, ezta? MAISUA: Mesede bat eskatuko dizut, jauna. MANDATARIA: Ezta mesederik, esan. MAISUA: Nik hemen deklaratuko dudan guztia egia izanen da. Baina egia dioena ezta beti sinetsia. Horregatikan, nik diodana egiaztatzeko, beste persona bat etor dadila eskatzera ausartuko nintzake. Deklarazioak aparte hartuko zaizkigu, hari eta niri. Deklarazio biak berdinak badira, ze beste proba nahi duzue, egia diogula. MANDATARIA: Arrazoiarekin mintzatzen zara. Nor da, bada, beste persona hori? MAISUA: Haren inguruan gertatu ziren hemengo gertaera guztiak. Inork mundu honetan errurik baldin ezpadaduka, inor mundu honetan elurra baino egiatiagoa baldin bada, nik ekarriko dizut honera. Haren ezpainetatik ezta gezurrik aterako, hala nola hodeietatik ezten ur zikinik eroriko. Eta norbaitek asuntu honekin sufritu badu, bera da hori. MANDATARIA: Eta haren izera, Belen da, ezta? MAISUA: Nola dakizu? MANDATARIA: Gauza gutti dago, nik eztakidanik. MAISUA: Orduan, zertarako judikatzen gaituzu? MANDATARIA: Ederki. Hari ere hartuko diogu deklarazioa, eta erreboluzioaren bandera gorri eta urdinagatik zin egiten dizut, harek esaten badigu zuk eztioskuzun gauza, aurkientza honetan aurki litekeen haritz artezenetik urkatuko zaitudala. Konforme? MAISUA: Bai, akort nator zurekin. MANDATARIA: Kapitain jauna, bila dezatela edonundik Belen hori. Badoa kapitaina. MANDATARIA: Has zaitezi. MAISUA: Nundik? MANDATARIA: Bere hasiera eduki zuen munduak ere. MAISUA: Baina hasiera guztiak bezalaxe gogorra izan zen hasiera hura ere. MANDATARIA: Esaizu nola ezagutu zenuen Belen hori. MAISUA: Ni eznaiz hemengoa, jauna, Mugarteko hegoaldean jaioa naiz, baina herri honetako maisutza eman zidatenetik, hemen bizi izana nago, eta mugaldear bat gehiago konsideratzen naiz. MANDATARIA: Ez ibil errametatik. MAISUA: Esan nahi dut, jauna, herri honek bere espiritua dadukala, nik asko maitatzen dudana. Eta Mugalde maitatzen duenak, Belen maitatu behar du. MANDATARIA: Ongi, ongi, arras ongi. Ederra, maitagarria eta errekaldeko lamiak baino liluragarriagoa izanez gainera, ze deabru eta ze arraio gertatzen da neska horrekin? MAISUA: Udaberriko lorea, sasi arteko pospolina, hamabi ostoko krabelina, ilargi beheran, botillatu den txakolina, gauza gozoa eta biguna, herrian zegoen galairik zelebratuenak hartu zuen andre gai. Hori izan zen bere zoritxarra. Lehen lorea zena, orain orbela da. Tristerik dabil munduetatik orain Jainkoak kreatu zuen izakirik alegrena. MANDATARIA: Eta Maria Joanetegi, nor zen? MAISUA: Pentsa litekeen sorginik itsusiena. Begizkoa egin zion Beleni, eta oso osasun txarrarekin ibili zen hau haur denporan. Egun batean, Beñat Larresorokok, ur benedikatuz busti zuen Mariaren gorputz guztia, eta gero asunarekin legortu zion. Gero makila lodi batekin hezur guztiak hautsirik, aurrerantzean inori begizkorik ez egiteko agindu zion sorginari. Orduan, Belenen gorputza kimatzen eta loratzen hasi zen, eta florea allegatu zitzaionean, hemen ikusi den zitroirik doratuena zen. MANDATARIA: Nun dago orain Maria Joanetegi hori? MAISUA: Mugandira, atzerrira ihes egin zuen. MANDATARIA: Eta ezin deklara dezake. Uste dut haren deklarazioa ezlitzakeela zurearen parekoa. MAISUA: Haren ahotik beti ateratzen da pozoia eta zornea; aker kirastun batekin sartuko nintzake ni, harekin baino lehenago. MANDATARIA: Etzaitzu gustatzen? MAISUA: Gusta? Hura niri gusta? Amorante lizuna! Herri aldeko mozkorti eta arlote guztiek gozatu dute haren larrua. Sats eta zimaur gehiago aurki liteke haren gorputzean, munduko zerritegirik zikinenean baino. MANDATARIA: Mozkortu zara zu inoiz? MAISUA: Ni mozkor? Honekin esan nahi duzu ea inoiz izan den hura nire amorantea? MANDATARIA: Bai. MAISUA: Eztizut esan, bada, eztagoela inor herri aldean, harek liluratu eztuena? Sorgina zen. Enkantamentua zedukan. Haien belar eta ungentuekin, gizonen deseoak zoratzen zituen. Baina batekin etzion baliorik ukan haren sorgin izateak. Eznintzen ni hura izan, ez. Beñat Larresoroko izan zen. Bortitza zen mutila, gogorra, indartsua. Aurpegira barre egiten zion, sorgina, atsoa, ahardia eta puta deitzen zion. MANDATARIA: Eta soldadoak, bien bitartean, zer egiten zuen? MAISUA: Etzen ezertaz enteratzen, hura baitzen gizon guztirik atzipetuena, enganatuena, liluratuena, zoratuena eta enkantatuena. Eztuzu sekula ikusi txori errusinola bat, sugearen aurrean? Sugea igaten da errametatik, txoria kantari eta txirriokari dagoen lekura; sugea geldiro doa; erramen artean beste errama bat dirudi. Txoria dagoen lekura heltzen denean, haren aurrean plantatzen da, lepoa altzaturik, txistu egiten hasten da. Txoria ezta mugitzen, ezta atrebitzen. Zer kostatuko litzaioke urrikariari, hegalak airean hedatu eta astindurik, hegaldatzera abiatzea? Ezer ez. Baina ezta mugitzen, ezta atrebitzen. Hipnosia deitzen zaio horri. Eta hala gertatzen zitzaion Joanetegiri. Sugea eta txoria. Izen polita komedia batentzat. MANDATARIA: Ipui ederra, komedia ederra asmatu duzu. Gero sugeak bere burua eta mihin pozoatsua jaurtikitzen du txoriaren kontra. Hala gertatu zen? MAISUA: Ez hola. Egun batean sugea aspertzen da, pentsatzen du txoria eztela mokadu egokia, haren sabel eta tripa haundia ez asetzeko adinekoa, eta beste baten gainean imintzen ditu begiak. Harekin eskapatu zen, herri honetan jadanik inork kasorik egiten etziolako. MANDATARIA: Bai? MAISUA: Begira. Parabolak alde batera utzirik, gauzak gertatu ziren bezalaxe esanen dizkitzut. Begira. Mariaren bizioak eta eskandaloak haundiegiak ziren, baina are haundiagoa zen haren senarraren lotsa falta. Orduan erabaki zen, mundu guztiak jakin zezala nolakoa zen gure andrea, mundu guzti horretatik Joanetegi soldadoa kendu gabe. Eta toberak muntatu ziren. MANDATARIA: Bai, tobera mustra sekulakoak zelebratu zenituzten. MAISUA: Joanetegi komitatu genuen. Han zegoen bera, aurreneko hilaran, eta asko gustatu zitzaion komedia; asko barre egin zuen, eta jenteak gehiago barre egin zion Joanetegiren barreari, toberari baino. Joanetegiren andrea ezomenzen handik agertu, beharbada aldez aurretik zekielako, han zer gertatuko zen. Toberak egin ziren, bai, eta hurrengo egunetan etzen aldakuntza haundirik Joanetegiren bizi moldean egin, baina andrearenean, bai, haundia, toberek gizon guztien begiak argitu zituztelako, eta etzedukan sorginak nor ohera eraman. MANDATARIA: Bai, bai, bai. Segi eta jarrai. MAISUA: Orduan, tristezia eta hasarrea egin zen sorginaren bihotzean. Eta hortaz bai konturatu zen soldadoa. Honen pentsaera geldia zen, baina segurua. Dudak sartu zitzaizkan buruan, eta andrearen joan etorriez arduratu zen. Hau gaizki zebilen, eta nola inork etzion kasorik egiten, herrian zegoen mutilik gizarajoenarengan imini zituen begiak. MANDATARIA: Bai, bai, bai. Segi eta jarrai. MAISUA: Amoranteak egin ziren, eta egun batean, Joanetegi tabernan zegoen orduan, plazatik agertu ziren, gurdi batekin, eta mugara bidea harturik, arinki abiatu ziren ihesi. Zergatik hautatu zuten egunaren argia beren eskapua egiteko? Inork eztaki. Gau iluna hauta zezaketen, eta hola etzen inor, ordu batzu igaran artean, enteratuko. Baina ez, honelako gauza bat egiteko, desordurik desegokiena hautatu zuten. Eta laster allegatu zitzaion berria Joanetegiri. Guztiok pentsatu genuen horregatik hautatu zutela eguerdia ihes egiteko, edonork ikusi zuelako, maleta eta fardel guztien gainetik, fusil bat. Joanetegik bere zamaria hartu zuen. Biraoka zoan, eta norbait hilen zuela zin egin zuen. Nik banenkien norbait hilen zuela, norbait horrek hura hiltzen ezpazuen lehenago. Eta norbait hil zuen baina ez guk pentsatu genuena. MANDATARIA: Bai, guzti hori badakit nik. Nola andreak muga eta portua alkantzatu zuen, eta nola agertu zen herrian Belen zure prenda galant hori, intziriaka eta negarrez, Joanetegik bere senargaia hil zuelarik. Eta nola jentea abiatu zen soldadoaren bila. Baina jakin nahi nuke nor izan zen haren bila lehendabizi abiatu zena. MAISUA: Jenteak deiadar eta aldarri egiten zuen, zer egin jakin gabe. Mediku jaunak bere behorra hartu zuen, eta inori ezer esan gabe, mendira bidean abiatu zen. Ezkenuen ikusi zelatik zintzilik haren tresna maleta, eta pentsatu genuen mendeku bila zoala. MANDATARIA: Orduan? MAISUA: Orduan alkateak jenteari esan zion, medikuarekin joan behar genukeela denek, eta hara joan ginen. Joanetegi harrapatu genuen. Portuan zegoen hau, muga igaratera ausartu gabe, eta bere fusilarekin tiratzen zuen, amoranteak desagertu ziren lekura. Hasarrearren zororik zegoen, aurpegia aldaturik, mutu. MANDATARIA: Herrira ekarri zenuten. MAISUA: Bai, alkateak bere zamariaren zelara lotu zuen soka luze batekin. Eta honerat heldu ginenean, nola jakin gabe, arbola horretatik urkatu genuen. MANDATARIA: Nork imini zion soka lepora? MAISUA: Eztakigu. Denak geunden gorrotoarren itsurik. Nor izan zen? Eztakit. Beharbada ni. Beharbada beste norbait. Herri guztia, oro, bakoitza. Baina krimenaren egiazko erruduna, ezkinen gu izan. Maria Joanetegi izan zen. Desordu desegoki hura hautatu zuelako. Bazekien harek Beñat Larresororekin eginen zuela Joanetegik topo bidean, haren atzetik abiatzen baldin bazen. Gainerako guztia igarririk zedukan. Hura da kulpaduna. MANDATARIA: Orain, Belen zoragarri horri galdetuko diogu. Etor dadila. (Belen agertzen da.) Maisu jauna, zuzen zeunden. Lore ederra da gure Belen, arrosa polita, krabelina zoragarria. Hurbil zaitezi honera, ez ukan bildurrik. Hemen zure amaren magalean baino preziatukoago zara. Belen, Belen. Izen ederra dontzella batentzatekoa. Zeinbat urte dituzu? BELEN: Hogei, jauna. MANDATARIA: Edaderik xarmangarriena. BELEN: Deklarazioa emateko edade guztiak dira onak, jaunak, edadeak ezpadio deklaratzaleari buruko argia kendu. MANDATARIA: Aurpegi ederra eta mihin zorrotza. Honelakoak dira andrerik gaitzenak, andrerik deseatuenak. Baina niri, andre kontuetan, arriskua gustatzen zait. (Kapitainari hitz egiten dio:) Kapitain jauna, neskatxa honen deklarazioa sekretua izanen da. Ikusle eta entzule guztiak, zu aurretik egonik, hemendik joanen dira. MAISUA: Jauna, hori ezta zilegi. MANDATARIA: Zergatik? MAISUA: Badakit zure asmoa. Gure judizioaren gainean etzara harekin mintzatuko. Herrian hedatu da zure berria, nolako agure linburi eta haragi zalea zaren. MANDATARIA: Isil zaitezi! MAISUA: Eragotziko dizut zuri, aker adurti horri. Eztuzu zure adurrarekin lore usain gozoko hori zikinduko. MANDATARIA: Kapitaina, alde egin zazue orok hemendik berehalaxe. Eta honi, mihin luze honi, lotsa gabeko honi, ehun zihor kolpe emaizkiozue nire partez, erregaloa. (Oro joaten dira.) Zu, Belen, ez, etzaitezi joan, nirekin geratuko zara, mintzatu behar baitugu biok. BELEN: Ez, utz zaidazu niri ere joaten. MANDATARIA: Gera, gera zaitezi. Zuk zure ama edukiko duzu, edo zure aita bat, edo neba ahizpak. Pentsa zazu, haien bizi modua, haien bizitza ere nire eskuetan dagoela. BELEN: Etzaitut konprenitzen. MANDATARIA: Asko gustatu naiz zurekin, neska, nire bihotza prendatu duzu, (Belenek alde guztietara begiratzen du, eta zuleriatik jatsi nahi du arinki, baina Mandataria hura baino arinagoa da, eta eskutik harturik, lurrera botatzen du neskatxa.) Begira, neska, nirekin artez ibil... Eztut nik txantzetan ibili nahi. Horregatik gauzak argiro esanen dizkitzut. Herri honen etorkizuna nire eskuetan dago. Eztuzu ikusi nola afusilatu diren oraintxen gizon bi? Honela afusilatuko ditut hemengo gizon andre guztiak nire gutiziari amore ematen ezpadiozu. Entzun? (Mutil gazte bat sartren da deiadarrez.) MUTILA: Sorgina! Sorgina etorri da! (Badoa.) MANDATARIA: Ze arraio gertatzen da? (Bigarren mutil bat sartzen da.) MUTILA: Sorgina, sorgina, sorgina, sorgina! (Badoa.) MANDATARIA: Kapitaina! Ager zaitezi! (Hordi biak agertzen dira.) LEHEN HORDIA: Mandatari jauna! MANDATARIA: Nola demonio atera zarete presondegitik? LEHEN HORDIA: Bertsolari bi giltzapean edukitzeko, gartzela naikoa haundirik eztago. Badakizu zer gertatu den? Sorgina etorri da! Maria Joanetegi zori gaiztokoa! Orain justizia egin dezakezu! MANDATARIA: Bai? Eta nola? LEHEN HORDIA: Herri osoak deklaratuko du haren kontra. (Kapitaina, soldadoak, herriko jentea, apaiza, maisua, sartzen dira. Eta guztien aurretik, andre eder eta urtetsu bat.) Mandataria, hor duzu erruduna. Zabal ditezila zeruak! Ilun dadila eguzkia, zuk hura kastigatzen ezpaduzu! MARIA: (Mandatariari.) Jauna! Maria Joanetegi naiz. Nire gizona, nire gizon maitea, herri honetan izan zen hila. Eta egiak deklaratzera etorri naiz. MANDATARIA: Zer esan dezakezu zure alde? MARIA: Ihes egin nuen hemendik, jauna, etzezaten nirekin egin nire gizonarekin lehen egin zutena. Gure soldadotza honera etorri zela jakin nuen bezain laster, berehala etorri naiz honera ni ere. MANDATARIA: Maisu jauna! MAISUA: Esan! MANDATARIA: Ezagutzen duzu andre hau? MAISUA: Bai. MANDATARIA: Nor da? MAISUA: Bere gizonaren erailea! MANDATARIA: Maria Joanetegi andrea! Nork hil zuen zure gizona? MARIA: Herri honetako gizon andreek! MANDATARIA: Jainkoaren izen sakratua! Baldintza hauetan nola liteke inor judikatzale justu eta zuzena izan? Zer dakit nik orain? Hauk dira nahastale galantak! Baina nolabait erabaki behar da hau! Zer eginen dut? (Jentearen eta soldadoen artean paseatzen da.) Norbait izanen da kastigatua! Andrea ala herria. Niri berdin dit. Eztut herri honetan egun bat pasatu, eta asperturik nago jadanikan. Mugarteko bidean paratu behar naiz gau honetan nire Belenekin, basoko lore koloretsu hau ikus dezaten hirian. Nik erabaki nahi eztudana, zorteak erabakiko du! MARIA: Ez! Justizia parti! HERRIA: Zorterik ez! Zuk erabaki zazu! MANDATARIA: Aurpegia ematen baldin badu, urkatua izanen da Maria. Gurutzea ematen baldin badu, herriko etxe guztiak, eliza, pilota tokia eta edozer gauza lurrarekin berdindua izanen da. Zortea. Hau izanen da erabakitzalea, juezik artezena. MUNDU GUZTIA: Ez. Ez. Ez. Ez. Ez. Ez. Ez. MANDATARIA: Diru ona da, erregearen diru zaharra, zilarra. (Diru moeta bat jaurtikitzen du airean, jira biraka.) Aurpegia ala gurutzea? Justiziarik ederrena! (Kolpe bortitz batekin, oholaren gainean erorten da dirua. Jentea aldarrika intziriaka abiatzen da. Mandataria kanpora abiatzen da Belenekin, baina desagertu baino lehen, kapitainari diotsa:) Kapitain jauna, nire sententzia kunpli bedi! (Badoazi. Kapitaina lurrera makurtzen da, dirua hartzeko.) Teloia korriturik, komedia hau akabatzen da. Mugaldeko herrian eginikako tobera, Gabriel Aresti |