Mugaldeko herrian eginikako tobera, Gabriel Aresti AURRENEKO ZATIA Egunaren lehen orduak dira. Orientean eguzki berriaren argi brintzak agertzen dirade. Noizean behin, oilar baten kukurrukua entzunen da. Napoleonen denporako uniforme batekin jantzirik, ATABALARIA sartzen da. ATABALARIA: (Atabalean kolpe batzuk eman ondoren.) Erreboluzioaren izenean, entzun bezate herri honetako andre-gizon, neska-mutil eta atso-agure guztiek, Mugarte benedikatu honetako Buruzagitza Nagusiak, Mandatari Berezi bat bidali duela honera, orain hilabete batzuk hemen gertatu ziren egintza harrigarriak iker eta judikatzera. (Atabalean kolpe batzuk ematen ditu. Haien oihartzunean jente batzuk agertuko dira, elizatik apaiz bikario jauna, beltzez jantzirikako sorore zahar eta misteriotsu batzurekin; karrika kantoi batetik senar emazte batzuk, haur mukitsu bat eskutik harturik dakartela, ardandegitik tabernari jauna eta hordi parea.) Judizioak garantia guztiak eduki detzan, soldado konpainia bat etorri da, eta orain altzatzen dute haien kanpamentua herriaren inguruetan. Konpainia honen manuan, oso kapitain agurgarri eta bizartsu bat etorri da, apaiz jaunaren etxean ostatua hartuko duena. Apaiz jaunaren etxean neskamerik baldin badago, despedi dezala harek, gure kapitainak franko higuintzen baititu andreak. Mandatari Berezi jaunak berriz eskola maisu jaunaren etxean hartuko du ostatua, eta eskola maisuaren etxean neskamerik baldin ezpadago, har dezala berehala neska pare eder bat, gure Mandataria oso andre zalea baita. Eta ni, alkate jaunaren etxean sartuko naiz, eta bertan haurrik baldin badago, igor detzala izeba baten etxera, eztizadaten atabalikan apur. Enteratu dira oro? Iskanbila galanta aterako da herritarren artean. Iskanbila guztia atabalaren kolpeetan isilduko da. ATABALARIA: Herri honetako andre-gizon, neska-mutil eta atso-agure guztiek jakin bezate, herritik eztuela inork alderik eginen, eta baldin inor inora joateko premia haundian badago, gure Mandatariaren eskuak firmaturikako pasaporte berezi bat eduki beharko duela. Inguruko baserrietan nobia dadukaten mutileri, etzaie pasaporterik emanen. Erreboluzioak ezpaitio amorioari amorerik ematen. Lehengoa baino iskanbila haundiagoa egiten da. Atabalariaren kolpeak eta deiadarrak eztira kasik iskanbila horregatik entzuten. Jentea mututzen denean, atabalariak bere hitzaldiari jarraikiko dio. ATABALARIA: Gauza ezaguna da, eta gure Buruzagitza Nagusiak sobera daki bakarrik bortxaz eta indarrarekin bentzutuko duela, nola Mugaldeko herri laborari eta baserritarraren artean, erreboluzioak eztuela oihartzun faboregarririk eduki, progresoaren eta libertatearen etsai direlako. Jakin bezate baserritarrek, borondatez egiten ezpadirade erreboluzioaren adiskide, derrigorrean eginen direla. Kolpe batzuk ematen dizkio atabalari. ATABALARIA: Ejenplozko justizia partitzera etorri gara. Gure soldado bat hil zen herri honetan, orain hilabete batzuk, eta gure Buruzagitza Nagusiak ezin dakuske honelako egintza nardagarri bat neurri gogorrak hartu gabe. Badaki, edo pentsatzen du, lintxamentu bat izan zela hilketa hura, eztadukala horregatik persona bakar batek bidegabe haretako erantzun beharra, honela erakutsi zuela herri honek erreboluzioari dion gorrotoa eta gaitzerizkoa. Jentearen artean protesta batzuk entzuten dira, baina atabalaren kolpe pixkor pare batek itoak dira. ATABALARIA: Ezkara kastigatzera etorri. Erreboluzioak bentzutu zuenetik aurrerantzean, mugartear guztiak gara anai, gara berdin, gara libre, Erregeen denpora zikinetan, premioa ematen zitzaion goikoari, goian zegoelako, eta kastigua behekoari, behean zegoelako. Egun eztago ez goirik ez beherik, guztiok gaude haltura berean, guztiok gara anai, berdin eta libre. Enteratu zarete? Isiltasun sakon bat da galdera honi ematen zaion erantzuna. ATABALARIA: Judikatzera etorri gara, leialari premioa eman eta desleialari kastigua ematera. Buruzagitza Nagusia herritar guztien aita maitakorra da. Mandatari Berezi bat bidali du honera. Harek, entzun eginen zaitue. Harek entzun, eta zuek berriz probatu, probatu behar duzue erreboluzioaren seme leialak zaretela. Leialtasun hori probatzeko lehen biziko urratsa, etorri garen soldado guztion alimentua, ostatua eta libersioa zuen kargura korrituko da, judizioak dirauen bitartean. Honela, traba eta oztopo gutti iminiko diguzue. Atabalaria mintzatzen bukatu baino lehen, hutsik geratuko da plaza. Bakarrik hordi biak geratuko dira. ATABALARIA: Herri honetako andre-gizon, neska-mutil eta atso-agure guztiek jakin bezate, Erreboluzioa eztela egin txantzetan ibiltzeko, baizik pobrearen bizi moldea hobetzeko, esklaboari libertatea emateko, gizon guztiak izan ditezin anai, berdin eta libre. Helburu ezin hobe eta haundi hauetara kontrastatzen diren, eta haien kontra altzatzen diren gizon doilor eta prestu ez guztieri, odolarekin eta urkamendiarekin burrukan eginen zaie, eta eztute barkaziorik merezituko. Inoizkoak baino kolpe pizkorragoekin kastigatzen du atabala. ATABALARIA: Herritarrak, Erreboluzioaren mintzoa entzun. Mugarteko Buruzagitza Nagusiak bidalirikako Mandatari Berezia zuen aurrean dago. Harekin, soldado konpainia bateko kapitaina dator. Herritarrak, nirekin batera deiadar egin: Erreboluzioa eta libertatea, biba, biba! LEHEN HORDIA: Fuera, fuera! ATABALARIA: Gatiberioa eta miseria, fuera, fuera! BESTE HORDIA: Biba, biba! Hiru soldado eta beste gizon bat sartzen dira. Azken hau lebitaz, kopa kapelaz eta txarolezko zapatez jantzirik. Soldadoak Napoleonen denporako uniformeez, ATABALARIAK dadukanaren parekoez, baina zaharrenarena agirian dago gradokoa dela; beste biak grado gabeko SOLDADOAK dira. Soldado aurrena, zaharrena, KAPITAINA da, eta lebitadunarekin dator mintratzen, SOLDADOEK eskolta ematen dieten artean. Sartzen diren momentuan bertan, pelota-tokitik doa ATABALARIA. Baina HORDI biak bertan geratzen dira. MANDATARIA: Osasun, herritarrak! LEHEN HORDIA: Hala dakartsula Jainkoak zuri ere, gizona. KAPITAINA: Egun on dizuela! BIGARREN HORDIA: Hala ekar! MANDATARIA: Gu errezibitzeko komisioa al zarete? BIGARREN HORDIA: Gu... bada... LEHEN HORDIA: ...tabernan geunden... BIGARREN HORDIA: ...eta hainbeste zarata entzunik... LEHEN HORDIA: ...zer gertatzen zen jakitera... BIGARREN HORDIA: ...irten dugu. LEHEN HORDIA: Hori duk eta! MANDATARIA: Eta zer egiten zenuten tabernan, eguneko ordu goiz honetan? LEHEN HORDIA: Bada, guk... BIGARREN HORDIA: ...kontu bat gendukan tabernariarekin... LEHEN HORDIA: Hori duk eta! BIGARREN HORDIA: Baserritik... aa... etorri ginaden bart... aa... LEHEN HORDIA: Kontuak guri artez gustatzen zaizkigu, bai? BIGARREN HORDIA: ...nola tabernariak eztadukan hemengo dirurikan... aa... LEHEN HORDIA: ...bada... BIGARREN HORDIA: ...nola bere diru guztia Mugandira ateratzen duen... ee... LEHEN HORDIA: ...bada... BIGARREN HORDIA: ...nola eztadukan sekula pagatzeko dirurik... ii... LEHEN HORDIA: ...bada... BIGARREN HORDIA: ...nola bestela ezkenion gure hartzekorik kitatuko... oo... LEHEN HORDIA: ...bada... BIGARREN HORDIA: ...bada... arnotan diogu kobratu! LEHEN HORDIA: ...u! BIGARREN HORDIA: A, e, i, o, u! LEHEN HORDIA: Kukurruku! MANDATARIA: Lotsa gabeak! LEHEN HORDIA: Zure pareak! MANDATARIA: Alde hortik! BIGARREN HORDIA: Ez hori nik! KAPITAINAK sablea ateratzen du maginatik eta ebakitzen eztuen aldetikako kolpeekin jaurtikitzen ditu lekutik. Bien bitartean SOLDADO biak firmeko posizioan geratuko dirade, eta bepururik ere eztute mugituko. KAPITAINA: Hau da soldadotza bati emanikako ongi etorria! MANDATARIA: Hordikeria gizarteko izurri pozoatsu bat da. KAPITAINA: Izurri eta eritasun hori gizartetik kendu arte ezkara geldituko. MANDATARIA: Gizona ezta libre izanen osasuntsua ezten bitartean. KAPITAINA: Hori da gure filosofiaren oinarriko premisa lehena. Biak paseatzen dira plazatik, urduri. MANDATARIA: Kapitaina! KAPITAINA: Zer? MANDATARIA: Nun daude herri honetako agintariak? KAPITAINA: Eztakit, mandatari jauna. Baina mugaldeko herrixka koxkor hauetan, jentea ezta goiz zalea, pizka bat alferrak eta nagiak dira. Segurutik eztirela ohetik oraindio jaiki. MANDATARIA: Etor ditezila lehen bait lehen. KAPITAINA: Soldadoak! MANDATARIA: Ekar dezatela alkatea! Harekin eskola maisua, medikua eta bikarioa. KAPITAINA: Soldadoa, bost minitu baino lehenago hemen egon behar dute herritar hoiek! SOLDADOA: Zure aginduetara! Badoazi biak. MANDATARIA: Entzun, kapitaina. Badakizu oso arduratzen nauela zer egin honek. Alde batetik, hango jente guztiak bere epaia eman du judizioaren gainean. Herri honek Mugarteko jeografiatik kendua izan behar duela. Baina Buruzagitzak problemaren sustraierano allegatu nahi du, ea hemen Erreboluzioaren kontrako zerbait mamitu den, edo kontrara, harekin lokarririk gabeko gauza bat izan zen hilketa hura. KAPITAINA: Hori, soldadoak Mugandira ihesik egin ezpazuen. MANDATARIA: Kordel guztiak lotu behar dira ongi. Probatu behar dugu lehenbizi soldadoa hil zutela, edo hobeki esanik, hil zela, etzela estranjeriara eskapatu. Gero hil zutela, etzuela berak bere burua hil, edo eritasun batez etzela hil. Gero nork hil zuen. Eztadin okerbiderikan egon, eztadin bidegaberikan egon. Erreboluzioaren justizia eta zuzenbidea bere bizitasun guztian argi dadin. KAPITAINA: Eta nola egin liteke guzti hori? MANDATARIA: Adizu, kapitaina, egidazu mesede bat. Lehen hemen egon diren mozkorti biak ekar zaizkidazu honera lehen bait lehen, haiek esanen baitigute egiaren pizka bat. Mundu honetan bi person klase daude bakarrik egiak esaten dituztenak, haurrak eta hordiak. Zoaz, arinki eta korrikan, hemengo agintariak ekarriak izan ditezin baino lehenago, ea. Badoa KAPITAINA. ATABALARIA sartzen da. ATABALARIA: Osasun dizula, Mandatari Berezi jauna. MANDATARIA: Zer ikusten da herritik? Jentea kontent al dago gure etorrerarekin? ATABALARIA: Eztirudi. MANDATARIA: Nola eztirudiela? ATABALARIA: Leiho eta ate guztiak hertsirik daude. Berria barraiatu bide da, gu heldu garela. Eztira herri honetan gure adiskide. Noizean behin, leiho bateko gortina, pizka bat altzatzen da, eta andre jakin nahi baten aurpegia agertzen da, baina berehala, senarraren eskuak eraginik, ezkutatu egiten. da begitartea. Zakurrik eta katurik ere ezta ikusten, jauna. Gure bildur dira. MANDATARIA: Orduan egiazkoa izan zen gure soldadoaren hilketa. Beste probamenturik ezta behar, akusatuaren aitorketa baizik. ATABALARIA: Dena dago isilik. Eulien hegaldaketa bera ere ezta entzuten. Badirudi hilerri batean sartuak garela. Kanpan dorrearen gurutzea, altzispres bat iruditzen zait batzutan. MANDATARIA: Izugarria izanen da gure zihorketa. Eztut hemen harriaren gainean harririk utziko. Eskuaren mamia bezain zelaia geratuko da herria. ATABALARIA: Eta eliza baten santutasunean biro baten antzean, isiltasun sakon eta misteriotsu honetan, gizon mozkorti eta horditu bi dabiltza hortik kalez kale, oihuka eta irrintzika, barrez eta kantuz. MANDATARIA: BI gizon daude behintzat, gure herabe eztirenak. Arnoak ematen duen gizontasunarekin. ATABALARIA: Hor datortza, gure kapitain jaunaren sableak eraginik, bultzaturik. MANDATARIA: Badaki horrek bizioa nola trata. ATABALARIA: Soldadoa hobeki portatzen da haren agindu-pean. Eliz ostetik kapitaina eta bi hordiak agertzen dira. ATABALARIA: Nolako planta ederra dadukan! Lebitaz jantzirik ere, ezagutuko litzaioke kapitantza. Barka bezait, baina hemen ikusten banau, sano hasarratuko da nirekin. Nire obligazioa bete behar dut. Atabala joarekin doa ATABALARIA. KAPITAINA eta HORDI biak MANDATARIARI hurbiltzen zaizkio. MANDATARIA: Aguro ibili zara, kapitaina, zimio pare hau ekarten. KAPITAINA: Haien zantzo eta kantek laster eraman naute haiengana. MANDATARIA: (HORDI bieri.) Herritarrak! Zuek, zer diozue? LEHEN HORDIA: Ezkara gu kulpadunak. MANDATARIA: Nola? LEHEN HORDIA: Eztela gure errua, eztadukagula hemengo gertaerekin zer ikusirik. MANDATARIA: Niri esan didate zuek izan zinetela gehien ikusi zirenak. BIGARREN HORDIA: Ez, gu ezkara hemengoak, LEHEN HORDIA: Gure etxera heltzeko hiru legoa egin behar dira, oinez. MANDATARIA: Baina zure bernak hazkarrak dira. Gainera etzarete etxeroak, etxean egotea etzaizue gehiegi gustatzen. LEHEN HORDIA: Bada... egia da... BIGARREN HORDIA: ...eztagoela ez jairikan ez bestarikan herri honetan... LEHEN HORDIA: ...gure presentzia gaberik zelebra ditezinak... BIGARREN HORDIA: Badakizu? Ihazko Santijagoak... LEHEN HORDIA: Andre Mari egunean zelebratu ziren... BIGARREN HORDIA: ...hau plumoniarekin zegoelako. MANDATARIA: Eta gero Madalenetan zer gertatu zen? BIGARREN HORDIA: Toberak eduki genituen. LEHEN HORDIA: Ederrak gero! BIGARREN HORDIA: Barreak egin genituen Beñat Larresororekin! LEHEN HORDIA: Mutil galanta Beñat Larresoroko! BIGARREN HORDIA: Koplari fina! Hura baino finagorik ezta hemen sekula ikusi! LEHEN HORDIA: Urrikari Beñat! BIGARREN HORDIA: Heriotze dorpea eman zion soldado harek! LEHEN HORDIA: Bai, madarikatua izan bedi! BIGARREN HORDIA: Honelako gizonak moldatu ditu Erreboluzioak! LEHEN HORDIA: Doilorrak, etoiak, prestuezak, barkaziorik gabekoak! BIGARREN HORDIA: Senar bat bere andreak enganatzen baldin badu... LEHEN HORDIA: Lasturko zezenek baino adar luzeagoak baldin badaduzka... BIGARREN HORDIA: ...eta konturatu ere ezta egin nahi... LEHEN HORDIA: Ze eskandalo herrian! BIGARREN HORDIA: Bularreko haurrak berak ere mintzatzen ziren hartaz LEHEN HORDIA: Gizon batek oiloa bezalakoa baldin badaduka andrea... BIGARREN HORDIA: ...eta harek eztu ezagutu nahi izaten... LEHEN HORDIA: ...eta gainera dio Ama Birjina baino prestuagoa eta santuagoa dela... BIGARREN HORDIA: ...orduan zuzen da... LEHEN HORDIA: ...bere zuzenbidean eta eskubidean dago herria... BIGARREN HORDIA: ...inungo toberak egiten badizkio! LEHEN HORDIA: Kontu egizu! BIGARREN HORDIA: Soldado ezkondu bat! LEHEN HORDIA: Nun zegoen erresumaren ohorea! BIGARREN HORDIA: Oilo baten eskuetan, alegia! LEHEN HORDIA: Ze oilo eta ze zezenko! BIGARREN HORDIA: Eskarmentua hartu zuten, ederra eta pare gabekoa! LEHEN HORDIA: Ez ahaztutzekoa! BIGARREN HORDIA: Bai, sekulakoa! LEHEN HORDIA: Eztakizue zer egin genuen? BIGARREN HORDIA: Zuleria bat muntatu genuen plaza erdi erdian. LEHEN HORDIA: Eta komedia bat asmatu genuen! BIGARREN HORDIA: Tobera mustra. LEHEN HORDIA: Beñat Larresoroko izan zen gauza guztiaren arima. Haren ohorean aitortu behar da. BIGARREN HORDIA: Mutil argia! LEHEN HORDIA: Soldadoaren ofizioa hartu zuen harek komedian. BIGARREN HORDIA: Hemen, lagunak, soldadoaren andrearena. LEHEN HORDIA: Eta honek, zikiriatzalearen ofizioa. BIGARREN HORDIA: Ongi egon zinen zu, mutila! LEHEN HORDIA: Eta zu, haizturrekin? Artaziekin? BIGARREN HORDIA: Ederki egin zenituen zuk haur egitearen minak! LEHEN HORDIA: Eztitu nire andreak alferrik hamabost seme alaba, oro nireak, mundu honetara ekarri. BIGARREN HORDIA: Eta gero, bere frutua sabeletikan bota zuenean? Eztakizue nolako semea eduki zuen? Eztuzue igarriko! Katu beltz bat! Ha, ha, ha! Hirian eztuzue gure toberaren berririk jakin? Zelebrea! LEHEN HORDIA: Honek, egurrezko guraize haundi pare bat ekarri zuen, gizon baten bernak baino luzeagoa! BIGARREN HORDIA: Egur egunekoa, gero! LEHEN HORDIA: Harekin egin zuen zikiriatzalearen ofizioa! Guztien artean, anketatik eta besoetatik harrapatu genuen Beñat Larresoroko, soldadoaren ofizioa egiten zuen mutila, badakizue. Ezertarako balio eztuten idiskoak, kapatu behar dira. Behiak eskapatzen uzten dituzten zezenak, idi bihurtu. BIGARREN HORDIA: Gizon askorekin ere, hori berberori egin behar litzake sarritan, baina ez bakarrik toberan eta gezurrez, baizik egiaz eta benetan ere bai. LEHEN HORDIA: Barreak! Deabrukeria! Ongi asmatzen zituen gure Beñatek komediak! Zikiriatzaleak bere lana akabatu ondoren, bere zer eginaren etekina erakutsi zion jenteari. Zer, eztakizue? Artilezko mataza pare bat, lehengo egunean herriko dendan honek erosi zuena! Barreak! Deabrukeria! Kapitainak eta Mandatariak barre egitea baizik beste erremediorik eztadukate. Baina Mandatariaren aurpegira laster bihurtzen da seriotasunaren jela. MANDATARIA: Eta esaidazue, jente ona, nun dagoen orain zuen lagun hori... Beñat Larresoroko hori. Honelako mutil argi bat ezagutzeko gutizia haundian bainago. LEHEN HORDIA: Hilerrian urrikaria, gurutze baten azpian. BIGARREN HORDIA: Lehen aipatu dizugu, nola hil zuen basoan soldado harek. MANDATARIA: Ez, soldado harek ez. Ordenamentu berezia dadukate gure soldadoek, eztezaten inor hil, eztare bizitza defenditzeko. Personen bizitzen eta heriotzen gainean erabakitzeko, izentatuak gara Buruzagitza Nagusiak bidalirikako Mandatari Bereziak. LEHEN HORDIA: Hala, Mugarteko hiri nagusietan gertatuko da, baina Mugaldeko herrixka koxkor eta ttiki hauetan, bestela konprenitzen da zuzenbidea. MANDATARIA: Nola konprenitu zuen, bada, zuzenbidea, soldado harek? LEHEN HORDIA: Oso mindurik geratu zen toberarekin, eta Beñat mendira egurketan joan zen behin... Lehengo soldado biak agertzen dira, eta lehenbizikoak agur egiten dio kapitainari. LEHEN SOLDADOA: Kapitaina, hor hartu ditugu alkatea, apaiza, maisua eta medikua, guztiak preso. MANDATARIA: Iguriki dezatela! (Oso hasarraturik geratu da soldadoen sarreragatik.) Zuk, jarraiki! Beñat mendira joan zen behin... LEHEN HORDIA: Soldadoarekin egin zuen topo... BIGARREN HORDIA: ...eta honek, arrenkurak eraginik... LEHEN HORDIA: ...eskuetan fusila harturik... BIGARREN HORDIA: ...tiro batez zilatu zion burua! LEHEN HORDIA: Mendekantza zikina! BIGARREN HORDIA: Bihotz gogorra! LEHEN HORDIA: Pagu zikoitza! BIGARREN HORDIA: Honelako eraile doilorrek, heriotza merezi dute! LEHEN HORDIA: Gainera... BIGARREN HORDIA: ...hala diote, eta badirudi egia dela... LEHEN HORDIA: ...beste zauri lotsagarriago bat zedukan mutilak sabelaren azpian... BIGARREN HORDIA: ...eta haragizko bolak imini zizkion eraileak esku-artean... LEHEN HORDIA: ...toberan txantzetan eta burla burlaka Beñatek asmatu zuen egintza, besteak egun guztietako bizi modura eraman zuen. MANDATARIA: Eta soldadoa, nola hil zen? Mutu geratzen dira mozkorti biak. MANDATARIA: Bai. Zer gertatu zen harekin? BIAK: Eztakigu, jauna. MANDATARIA: (Oso hasarratzen da; deiadarrez mintzatzen da.) Nork hil zuen? BIAK: Eztakigu, jauna. MANDATARIA: (Lehen hordia lepotik hartuz.) Zu izan zinen? Nola hil zenuen? (Gogorki astintzen dio burua.) Ganibet batekin edo pistola batekin? Aitor! Konfesa! LEHEN HORDIA: Ni eznaiz kulpaduna, jauna. Horren gainean eztakit nik ezertxo ere; zin egiten dizut, jauna. MANDATARIA: Soldadoak: preso eraman astokilo bi hauk! Eztitezila eskapa! Eta arno franko emaiezue, edaten. SOLDADOA: Kapitain jaunaren aginduetara! MANDATARIA: Eta etor ditezila lau gizon hoek! SOLDADOA: Kapitain jaunaren aginduetara! Bakarrik geratzen dira Kapitaina eta Mandataria. MANDATARIA: Zoazte, zoazte, arineketan, aguro, denporarik galdu gabe! KAPITAINA: Zer deritzazu gauzari? MANDATARIA: Zesarrek bezala esan dezaket: veni, vidi, vici. Allega, ikus eta bentzu. Zerbait egin dugu ordu erdi honetan. KAPITAINA: Oso trebea izan zara galderekin. MANDATARIA: Gure Erreplubikako soldado bat! Ezin esan dezakegu gizon prestua izan zela. Baina halare, martiri bat izan balitz bezala judikatu behar dugu hauzia. Bestela, alferrikakoak izanen lirake gure zer egin guztiak. Erreplubika alferrik proklamatu genuen. Gure depurazioak alferrik. Erregearen familia guztiaren afusilamentua alferrik. Guztia alferrik. Hainbeste odol inozent, hainbeste gose, neke eta dolore, alferrik. Badakit, beharbada, judizio honetako azken epaiarekin, ezkarela zuzeneko bidetik ibiliko. Justizian, gehienetan, ezpaita zuzenbiderik kausitzen. KAPITAINA: Bai. Problema gaitz baten aurrean zara aurkitzen. MANDATARIA: Justizi partitzalearen ofizioa ezta erreza, ezta atsegina. Kulpa baten aurrean ikusten garenean, bi sentimentuk egiten du burrukan gure barnean: alde batetik, kastiguaren premia altzatzen da Rodaseko koloso bortitz eta poteretsu baten antzean, eta bestetik, birjina dultze baten moduan, bere balagoak eta lausenguak esaten dizkigu, emaro eta poliki, birtute nardagarri batek urrikalmentuak. Gizon bat da, okerreko bidetik abiatu dena, eta zuzeneko bidera itzul arazi behar dioguna, judikatzaleak, bat edo beste hautatu behar du, bi konponketa hoek etsaiak eta kontrarioak baitira. Orduan bildur izugarri batek asaldatzen gaitu: komeni den konponketa hautatuko dea? Kulpadunaz urrikaltzen baldin bada, eta gero hau okerreko bidera itzultzen, damuak eta dolamentuak pisatuko du judikatzalearen buruaren gainetik, ezpaitzuen errotik atera, garau pozoatsu eta zornetsu hura. Eta aldrebes gertatzen baldin bada, damua geratuko zaio barnean, urrikalmentu pizka batekin beharbada, kondenatua bere bizitza guztian gizon prestu bat izanen litzakeena. KAPITAINA: Ezlitzaidake zure buru barnean egoterik gustatuko. Bortitz izan behar duzue. Barneko gatazka eta burrukaldi hori ezta deseagarria. MANDATARIA: Gero jenteak, beti pentsatzen du interesak daduzkagula. Pagatzale hoberenari saltzen gatzaizkiola. Eta eztakite gure ofizioa eztela munduko urre eta zilar guztiarekin pagatzen. KAPITAINA: Zugan ongi ikusten da hori; erreboluzioak judikatzaleari ematen dien soldata ezpaita aberatsegia, eta zu soldata horrek eskeintzen duen bizi moldearen arauera bizi zara. MANDATARIA: Batzutan, ofizio hau uzteko gutizia etorten zait burura eta arimara. Ni, pozik izanen nintzake, zu bezalako soldado bat. Ofizio horretan ezta duda haundiegirik presentatzen: obedientziarekin aski eta sobera da. Edo laboraria izanen nintzake, frutua ongi etorten baldin bada, benedikatua izan dadila Jainkoa, eta txarki baldin badator, benedikatua orduan ere. Baina gu gabe, ezlitzake erreboluziorik egonen. Gizartearen giltzarria gara, mundua sustengatzen duen oinarria, aberatsaren segurantza eta pobrearen esperantza. Hau pentsatzen dudanean, ez, eztut nire ofizioa utzi nahi. Bai, nire pentsamentu eta asperkunde gaizto guztiak joaten dira berehala niregandik, (Karrika kantoi batetik soldadoak eta herriko agintariak agertsen dira.) Baina utz dezaiogun filosofia aspergarri horri, hor baitatortza gure gizonak. Herri gobernariaren izenean, agur guztiori. ALKATEA: (Gizon gaztea da, euskaldun baserritar aberats baten moduan jantzirik dago.) Egun on dizuela, zuek biori, Mugaldeko herriaren izenean ongi etorria ematen dizuet. Egoaldi ederra eduki dezazuela gure artean. MANDATARIA: Ni naiz Buruzagitza Nagusiaren Mandatari Berezia. Jakinen duzue oraingotz, gure soldadotzak herri honetako kargua hartu duela. Hemen presentatzen dizuet gure kapitain jauna. ALKATEA: Urte askotarako. Hemen gure apaiz jauna, hemengo bikarioa. MANDATARIA: Nunbait ikusiak gara lehen. APAIZA: Infernuan ez behintzat. Ni eznaiz han sekulare egon. MANDATARIA: Ni bai, zuek eta zuen adiskide eta gogaide aberats eta haundikiek pobrearentzat antolaturikako eta apaindurikako infernuan. Suzkoa ez ezikan, bai gosez eta hotzezko infernu batean. Orain desegintzen dugun infernu haretan. ALKATEA: Hau da medikua. MANDATARIA: Osasun, mediku jauna. MEDIKUA: Ordua zen, inor etor zedin. MANDATARIA: Zertan etor? MEDIKUA: Urak errekara bihurtzera. MANDATARIA: Madretik atera al ziren inoiz? MEDIKUA: Hemengo urek erreka bat zer den ere eztakite. Izingura geldi batean pozoatzen dira. MANDATARIA: Uste dut ederki entenituko garela. MEDIKUA: Nik eztut horrela uste. Asuntu honetan eztadukat ez entradarik ez salidarik. MANDATARIA: Orduan, badakizu zertan etorri garen? MEDIKUA: Eta zeinek eztaki? MANDATARIA: Zure lekukotasuna laguntza haundikoa izanen zaigu. MEDIKUA: Begira, mandatari jauna, nire errespeto guztiak daduzkazu. Baina bizitza honetan haunitz lezio hartu dut, itsu eta sogor izaten irakatsi didana. Nik badakit zer gertatu zen hemen, baina ez nola. Oihanean tigre eta lehoien artean gudaldia baldin badago, nori eskatuko zaio lekukotasuna? Hegaztinari eta hienari, duda gabe, ez inoiz satorrari; hau lurpean dabil itsurik. Ni naiz satorra, ezertaz enteratu eztena. ALKATEA: Eta azkenean, mandatari jauna, zilegi izan bekit gure eskola maisua presenta dizazudan. MAISUA: Zilegi izan bekit niri ere, mandatari jaun agurgarria, nire kunplimentuak presenta dizazkizudan zuri, nire diosalik egiatiena, nire deseorik hoberena, erreboluzioak herriaren alde eta arrazoiaren fabore egiten hari den lan haundiagatik. Premiazkoa, beharrezkoa, derrigorrezkoa zen erreboluzioa, eta jente xehea haren zai eta haiduru zegoen. Permiti izadazu, mandatari jauna... MANDATARIA: Zuk eztakizu gauza bat, maisu laguna. Erreboluzioaren aldekoak garenok, ezkara mintzatzen, obratu egiten dugu. Gehienetan, hitz ederrak ahoan, korapiloa golkoan, zuk bezala hitz egiten duenak, zerbait ezkutatu nahi du. MAISUA: Mundu guztiak daki herri honetan, jauna, nola ni hasieratik bertatik aitortu nintzen gobernu zaharraren kontrako eta berriaren aldeko. Naikoa tristura kostatu dit nire ihardukierak. MANDATARIA: Guzti hori bere garaiz probatuko duzu. ALKATEA: Anartean, jaunak, esperatzen dugu egoera gogarakoa edukiko duzuela gure artean, eta zuen hemengo egoitzak eztuela gure herriaren bizitza normalari oztoporik iminiko. MANDATARIA: Zuk, alkate jauna, sinets arazi nahi diguzu, ilargitik etorri zarela oraintxe. Ez al dakizu zertan etorri garen? ALKATEA: Maliobrak edo? MANDATARIA: Maliobrak ALKATEA: Edo inbasio baten bildur al da? MANDATARIA: Ez, alkate jauna, ez. Oso aurpegi inozenta imintzen duzu, baina zure bildots larruaren azpitik otso belarria ikusten zaitzu. Ezkaituzu enganatzen, ez. ALKATEA: Eztut nik inoiz gezurrik asmatu. MANDATARIA: Bai, badadukat zure berri. Eztuzula sekulare gezurrik asmatu, baina hala eta guzti ere eztuzula sekulare batere egiarik esan. Bi uren artean iheri dagoen arraia bezalakoxea zara zu. Kandela bat Jainkoari, eta beste bat deabruari. Guztien lagun, eta ez inoren etsai. ALKATEA: Mandatari jauna, ezin onart dezaket horrelako irainik. Herri honetako alkatea naizela... MANDATARIA: Orain eztago herri honetan alkaterik. Zure kargutik dimititzen duzu, eta Buruzagitza Nagusiak onartu egiten dizu dimisioa. Herri hau, soldadotzaren agintaritza pean geratzen da. Gerra legearen azpian. Ezta inor hemendik ez sartuko ez aterako. Zuek laurok, kapitain jaunaren jagotza pean geratuko zarete. ALKATEA: Protestatu egin behar dut, mandatari jauna. MANDATARIA: Etzara zure protestez baliatuko. Nire ordenamentuak kunplimentatuko dituzu, kapitain jauna. Lau gizon hauek eztute inorekin hitz eginen, ez etare elkarren artean. Ezta inor bere etxetik aterako. Karrikatik ezta inor paseatuko. Eliza eta Herri etxea zarratuko dira, hala nola eskola ere. Eztu inork eri edo gesorik egoteko eskubiderik edukiko. Jente guztia prest egonen da nire deiari etorteko. Bost minituko igurikierarik ere, ezta permitituko. Eta judizioa arratsaldeko ordu bietan zelebratuko da, plaza honetan. Egin dezatela soldadoek, etxe zapar horren aurrean zuleria bat, dotorezia eta edertasuna prestatzeko. KAPITAINA: Zure ordenanientuak kunplituak izanen dira. MANDATARIA: Obedi bedi, bada. Teloia jatsirik, aurreneko erdia akabatzen da. Mugaldeko herrian eginikako tobera, Gabriel Aresti |