...eta gure heriotzeko orduan, Gabriel Aresti
Egan, 1/6-1964

 

IRUGARREN EGINTZA

 

(Lau fraileak daude, Ordu laurdena pasatu da. Noizean behin, tiroak eta bonba-hotsak entzunen dira, urrun. Fraileak trankil daude, zerk igurikitzen dien ezpalekite bezala. Seraphicus mahaira dago jarririk, paper batean zerbait eskribitzen duelarik. Angelicusek atetik Begiratzen du urduri, Clemensek bere eliz liburuan irakurtzen du. Eta Benedictusek eztu ezer egiten; hemendik hara paseatzen da.)

 

BENEDICTUS: Aste honetan eztugu Madriletik egunkaririk errezibitu. Parisetik etorri dira bakarrik, «France-Observateur» eta «L'Express». Azken hau punta batetik eta besteragino irakurtzen dut nik. Nire irakurreretan zu baino zabalagoa naiz, Seraphicus. Zuk bakarrik «Ecclesia» eta «L'Osservatore Romano» irakurtzen duzu. Seraphicus, noiz irakurri zenduen azkenik «L'Osservatore Romano»?

SERAPHICUS: (Eztio kaso haundirik egiten.) Eztakit. Orain hilabete edo, gutti gora behera.

BENEDICTUS: Bart arradioz entzun nuen, gure Aita Santuak karta biribil berri bat bidaliko diela apezpikueri eta patriarkeri, «Ania eta Maistra» baino mila bider aurreratuagoa. «Bakea Lurrean» izanen du izena, Bazenekien, Seraphicus?

SERAPHICUS: Ez, Benedictus.

BENEDICTUS: Nik Apezpikuen Biltzarretik eztut sobera espero. Badakizue Jesukristoren espiritua ito egiten dela purpurartean gehienetan. Niretzat Elizamaren etorkizun eta esperantza guztiak Joane Aita Santuaren hitzetan daude, haren espiritu zabalean. Apezpikuetan eztut sinesten. Niretzat hamabi apezpikutatik, batek eztu Jainkoagan sinesten. Urrean eta zilarrean daduka fedea.

ANGELICUS: (Atetik hasarraturik.) Nola arraiea diozu hori?

BENEDICTUS: Zergatik?

ANGELICUS: Gure katoliko erlijioa ofenditzen duzu.

BENEDICTUS: Gaurko apezpikuak eztira Jesukristoren hamabi apostoluak baino hobeak eta santuagoak. Eta apostoluen artean, judas bat baldin egon bazen, apezpikuen artean zeinbat judas egonen dira? Kontua atera zazu.

CLEMENS: (Liburua alde batera utzirik.) Zurekin nago, Benedictus, zuzen zaude. Eta apezpikuetan hamabitatik Judasen antzeko bat baldin badago, apaizon artean, apezpikuek baino guttiago balio dugulako, bostetatik bat dago.

ANGELICUS: (Urduri.) Bai? Eta gure artean zein da?

CLEMENS: Ni.

BENEDICTUS: Baina zer diozu, anaia? Ongi ezagutzen zaitugu, zer zaren badakigu. Itxaroera honek nerbioak larritu dizkitzula uste dut nik.

CLEMENS: Nire bizitza kontatuko dizuet. Nolako pistia gaiztoa izan naizen, nolako bidegabea kometitu nuen behin. Gauza haek esatearen beti gara lotsa, baina noizean behin, konfesio moduan, lagun artera atera behar dira. Oraingo trantze honetan, penitentzia egin behar dugu. Nirea han izanen da, nire aitorrera han; gero zuek juzgatuko duzue judas bat naizen ala ez.

SERAPHICUS: Prest gauzkatzu.

CLEMENS: Nire izena Martin Lugaresaresti izan zen munduan. Ongi dakizuen bezala, euskalduna naiz, edo gure Benedictusek dioen moduan eta Txirritak kantatu zuen moduan, Kantabriako partekoa, bizkaitarra. Baserritarrak ginen, nekazaleak, laborariak. Baina nik oso guttitan hartu nuen haitzurrik eskuan. Hiru nebarreba ginen, gu, bi bikiak, Juan Mari eta ni, eta neska gazteago bat, Niebes izenekoa. Gure baserria etzen pobrea, baina bai nekosoa. Gure aita gerratik etorri zenetik ongi bizitu ginen. Baina gerratean oso gaizki. Aita preso hartu zuten, eta bost urtean libratu ez. Bien bitartean baserriko kontuak amak eraman zituen, gu oso neska-mutil ttikiak ginelako. Bizkaiko lurra nolakoa den badakizue. Beti izan zen Espainiako lurrik pobreena. Horregatik joan zen hainbeste jente Gaztelara lehengo denboretan, eta horregatik joaten da jente gehiago gaur egunean ere Amerikara eta Kalifurniara. Gure amaren indarrak, aita bihurtu baino lehen ahitu ziren, eta anemia izugarri bat harturik, burtitik egin zitzaion.

ANGELICUS: Zeinbat urte zenituen zuk orduan?

CLEMENS: Zortzi. Handik urte pare batera, nire aitak gartzelan egin zuen promesa bat betetzearren, Epaltzako komentura eraman ninduen, estudiatzera. Gure Seraphicus maiteak handik ezagutzen nau, eta badaki nola, hogetabi urte bete nituenean, apaizaren bizimoduari uko egin nion, eta nola mundura atera nintzen.

SERAPHICUS: Bai, oroitzen naiz, baina handik bi urtera, komentura sartu zinen berriz atzera.

CLEMENS: Baina eztakizu zergatik. Bitartean zer gertatu zen, zer egin nuen, ze bidegabe ikaragarri egin nuen. Judas, nirekin konparaturik, Herodesen haur inuzent bat izan zen.

BENEDICTUS: Hain haundia izan zen bidegabe hura?

CLEMENS: Gizon, bat hil nuen.!

BENEDICTUS: Kontxo!

CLEMENS: Baina hori etzen nire bidegabea. Beste gauza oraindik gaiztoago eta etoiago bat dago. Etxera bihurtu nintzen, eta bertan nire familia aurkitu nuen. Aita beti lanean eta lurraren zikoiztasunaren kontra burrukan; ama zororik, mundu aparte batean. Nire anaiak fabrikan egiten zuen lan. Emaztegaia zuen, eta laster ezkonduko zen. Niebes berriz, baserrian geratuko zen, inor baserrira gure arrebarekin ezkontzen baldin bazen. Gure aitak honen gainean bazedukan asmo bat. Etxean morroi bat gendukan, astokilo bat, Pedrujo izenekoa. Eta harekin ezkontarazi nahi zuen Niebes.

BENEDICTUS: Bizkaian eztadukazue, beraz, demokraziaren eta libertatearen ideia zehatzik.

CLEMENS: Baina gure arrebak etzuen mutil hura maitatzen, eta harekin etzuen ezkondu nahi. Beste mutil batez zegoen enamoraturik, gure Juan Mariren lankide, adiskide eta lagun batez, Rafael Valderrama zeritzan andaluz peoi batez.

BENEDICTUS: Orduan gurekin, kordobikekin, baduzu esperientzia.

CLEMENS: Hau Sibiliakoa zen, hango kortijo batekoa. Fabrikan peoi egon arren, asko atsegin zuen nekazaritza. Eta gure baserria ezkontzen baldin bazen, baserria pobretuko etzela uste nuen nik. Baina aitak, Niebesen amodioez enteratu zenean, andaluzarekin mintzatzea debekatu zion. Eta aitaren bildurrez edo errespetoz, despedida eta konjit eman zion.

SERAPHICUS: Horrelakoak dira gure aberriko alabak, gurasoen obedient.

CLEMENS: Baina Rafael etzen konformatu, eta mendekantza bilatu zuen. Gure aitari joan zitzaion, eta mehatxatu egin zion, amore ematen ezpazuen, Niebes hilen zuela, Aitak etzion kasorik egin, eta egun batean, neskatxa baserritik herriko plazara zoalarik, eskopeta bateko kargazoia sartu zion buruan gure arrebari.

ANGELICUS: Arraio pola!

BENEDICTUS: Itzalak gara Andaluzian, gero!

CLEMENS: Gaztelara bidean eskapatu zen hiltzalea, eta haren atzean abiatu ginen bi anaiak, Orduinean harrapatu genduen.

SERAPHICUS: Bertan hil zenduten?

CLEMENS: Ez. Gu biak oso berdinak ginen. Arropa berdinekin munduan ezluke inork esanen, nor zen nor. Mendia gora utzi genion, eta gu taberna batean sartu ginen. Hiltzalea hilen nork zuen, musean egin genduen. Nik irabazi nuen. Mendian gora egin nuen, eta Gaztelako zelaiaren hasieran bertan harrapatu nuen berriz ere. Hura Birjinaren barrenean sartu zen, eta ni ere, haren atzean. Gure Amaren bihotzen bertan hil nuen, ukabil kolpeka.

ANGELICUS: Eta nola atera zinen libre? Justiziak nola barkatu zinduen?

CLEMENS: Orduinera, joan nintzen. Lehengo tabernan itxadoten zidan anaiak, eta berriz ere egin genduen musean, Galtunak bidegabea pagatuko zuen, baina tranpak egiten genituen. Orduan irabazleak pagatzeko erabaki genduen, eta irabazi egin zidan, juzgatu, kondenatu eta urkatu zuten. Beraz, esaidazue judas baino mila bider etoiagoa naizen ala eznaizen. Anaia nigatik hil zedila permititu nuen. Esaidazue, (Oro geratzen dira isilik.) Epaltzako komentura bihurturik, Aita Nagusiarekin konfesatu nintzen. Gero justiziara entregatu nintzen, baina ezninduten juzgatu nahi ukan. Horregatik nago hemen.

BENEDICTUS: Gaizki egina damu baduzu, eztut nik zuregan judastasunik ikusten.

ANGELICUS: Damurik aurkitu etzuelako hil zuen Judasek bere burua. Zure bigarren bekatua, kristauaren moralean, oso haundia da, baina gizon hutsarenean, eztirudi hainbat. Beraz, konfesatu ondoren...

CLEMENS: Baina konfesioak eztu herlojurik atzera martxan jartzen. Egina barkatua geratzen da, baina ez desegina.

ANGELICUS: Laster hilen gara, eta dirudidan gizon ona naizela eztut nahi pentsa dezazuen.

CLEMENS: Kulparen azterrenik gabe dagoenak bota beza lehen harria.

ANGELICUS: Zure bidagabea haundia izan zen, baina etzen etoia izan. Bilauaren moduan etzinen portatu. Gizon hura, haren gaizkia bilatzearren etzenduen hil, ezpada harek aurrenez zure arreba hil zuelako. Mendekantza egitate gogorra da, itsusia, baina ez etoia. Gaizkia egiteko atseginagatik etzenduen zuk gaizkirik egin. Baina nik bai. Euskal hitz bitan esplikatuko dut nire okerbidea.

SERAPHICUS: Zure begira eta zai gaude.

ANGELICUS: Etxe aberatseko seme galdu bat izan naiz. Gure fabrika oso ezaguna izan da Espainia guztian. Hernani ondoan zegoen, eta bi mila gizoneri ematen genien jornala. Gure aita oso zaharra zen, eta negozioetako zuzendaritza nire anaia nagusiak zeraman. Hau injineroa zen, ni baino hamar urte zaharragoa. Gure artean lau arreba zeuden, munduko banalorietan eta huskerietan arduratzen zirenak. Niri andregai bat bilatu zidaten, oso nire gustukoa. Medikuntza estudiatzen nuen, eta urte bete falta zitzaidan. Nire anaia ezkondurik zegoen, lau haurren aita. Oso kontsideratua zen Donostian, gizon prestu eta ohoragarritzat. Baina egun batean guztia abandonatu zuan. Azterrenik utzi gabe desagertu zen. Gure aitak harengandik gutun llabur bat errezibitu arte, ezkenduen haren gainean ezer ikasi, Parisetik zetorren gutuna. Zirudienez, Gauguinen deia entzun zuen, eta dirua eskatu zion. Pintura ikasteko, dirua behar zuen. baina aitak ukatu egin zion. Orduan ni paratu ninduen fabrikan zuzendari. Eta aitak ezer jakin gabe, Parisera oldartu nintzen, anaiaren bila. Bertan haren notiziak izan arte, hiru aste tardatu nuen. Bertako gorputegian kausitu nuen, itorik. Burua jaurtiki zuen Senara.

CLEMENS: Zergatrik?

ANGELICUS: Pintoreak eztira egiten, jaio egiten dira, esplikatu zidan haren lagun batek. Anaiak dirurik izan balu, aldez edo moldez enganatuko zuen bere ilusioa. Baina pobre eta eguneroko jatearen premiarekin... Etxera bihurtzeko beste erremediorik etzuen. Eta kobardetu baino, hil nahiago ukan zuen.

BENEDICTUS: Trantze ederra!

ANGELICUS: Etxean ezer esan gabe, beraren ehorzketak pagatu nituen eta orain Pariseko kanposantu batean dago enterraturik. Hari lurra eman ondoren, hilerritik atera nintzenean, nire aitari gaizki egiteko gutizia bortitz batek erretzen zidan barrena: «Izorratu eginen dut agure alu madarikatu hori. Anaiak sufritu duen trantzea berarek ere sufrituko du», esaten nion nire buruari, Hendaiatik Irunera mugako errenteriak pasatzen nituen artean. Zer deritzazu, Clemens nire anaia bihotzekoa?

CLEMENS: Zentzua galdurik zeunden.

ANGELICUS: Zentzua, prestutasuna eta kontzientzia. Nire aitaren ondasunak hondatuko nituen. Eta fabrikara heldu nintzenean, merke saldu nuen, kario erosi nuen. Esku beteka gastatu nuen dirua. Langileeri doblera jaso nizkien jornalak, Gesiotegi, hospitale, emazurztegi, aguretegi eta fraile-apaiz guztieri eman nizkien limosnak, bai, karitate faltso eta zabal batean, Estudienteentzat eta artistentzat bekak eta bidaje-poltsak kreatu nituen. Hain doilorki portatu nintzen.

SERAPHICUS: Eztirudi horrek bilau baten portaera.

ANGELICUS: Bai, eta orduan ere etzirudien. Filantropoa deitu zidaten. Baina nik eznuen karitaterik egiten, ez. Gure fabrikazioetan ere metodo zoroak enplegatu nituen. Lau injinero eta hiru ekonomixta sartu nituen negozioan. Eta proba guztiak egiten utzi nien. Beraz gure gauzak geroago eta garestiago fabrikatzen ziren. Gure lehengo saltzale on guztiak despediturik, berriak hartu nituen. Informerik txarrena zekarrena, hura izaten zen ametitua. Eta gero, malkarrot egin baino hiru egun lehenago, bankoetatik diru eta kredito guztiak atera nituen, eta Montekarlora joan nintzen, bertan emagalduekin eta jokoan gastatzera.

BENEDICTUS: Hemen dago gure Casanova.

ANGELICUS: Etzazu txantzetan har. Eznaiz ordutik aurrerantzean Donostiatik agertu. Dirua gastatu arte, Kostalde Urdinean geratu nintzen, eta gero oinez bihurtu nintzen Espainiara. Bartzelonan jakin nuen nire aitak etzuela nire anaiak bezainbeste kuraje izan. Gure malkarrota izugarria izan zen, eta banketxeek ondasun guztiak berenganatu zituzten. Orduan bihotza erretzen zidan damuak, eta Epaltzako komentuan sartu nintzen fraile.

BENEDICTUS: Zerbait irabazi zenduen.

ANGELICUS: Bai. Eta nire ordu triste eta beltzetan damu izana damu dut. Gaizki egiten nuenean, nobleki iharduki uste bainuen, eta noblezia haren harro nintzen. Eznintzen ezeren bildur. Baina gero, gaizki egina damu ukan nuenean, nire portaera etoiaz damutu nintzenean, lehen esan dizuet nola Judasen anaia nagusia eta kontselaria sentitzen naizen.

BENEDICTUS: Orain niri tokatzen zait.

CLEMENS: Zer tokatzen zaitzu?

BENEDICTUS: Konfesatzea.

CLEMENS: Eztuzu publikoki konfesatu behar.

BENEDICTUS: Baina nahi dut.

ANGELICUS: Jarrai dezaiogun, beraz, lau apaiz hil-urrenen konfesioetako arrodari.

BENEDICTUS: Esaidazue, zeinbat moral dago?

SERAPHICUS: Bat bakarra, gure Erromako Elizama Santuak agintzen duena.

BENEDICTUS: Baina naturaren arauean gauza asko daude, behar eztirenak, eta Elizak agintzen dituenak.

SERAPHICUS: Konparazio baterako?

BENEDICTUS: Monogamia.

SERAPHICUS: Zergatik?

BENEDICTUS: Naturak eztio gizonari andre bakar batekin larrutan egiteko agintzen. Naturaren legeak andreagana bultzatzen du gizona, baina ez bakar bategana. Elizak berretu eta emendatu du naturaren legea.

SERAPHICUS: Eta horrekin zer esan nahi duzu?

BENEDICTUS: Moral asko daudela.

SERAPHICUS: Nola?

BENEDICTUS: Kontranaturako moralak edozein eginkari zilegitzen dio gizonari. Gizonaren naturako legeak andrearekin agintzen dio. Kristauaren moralak andre bakar batekin. Eta apaizaren moralak ez inorekin egiteko.

SERAPHICUS: Botoak egiten ditugu.

BENEDICTUS: Andrearekin ez egiteko eznuen nik botorik egin.

SERAPHICUS: Zer?

BENEDICTUS: Arrai batek nola airean harnasarik ez hartzeko promesa eginen luke?

SERAPHICUS: Esan nahi duzu...?

BENEDICTUS: Gizonen arteko amodioa zer den eztakizue?

SERAPHICUS: Gizon guztiak maitatzeko agindu zigun jesukristok.

BENEDICTUS: Baina itsurik zaude? Begira! Mundu honetara jaiotzen garenean, nor bere estigmarekin izaten da seinalatua. Eta niri Sodomako estigmarekin seinalatu zitzaidan.

ANGELICUS: Zer?

BENEDICTUS: Etzenduten inoiz, igarriko, horregatik mintzatu naiz lehen moralaren gainean, Zuek kristauaren moraletik igaran zarate apaizaren moralera. Ni berriz apaizarenera kontranaturakotik igarau naiz. (Anaieri begiratzen die, baina, hauk isildu egiten dira. Benedictusi zuzenean begiratzera eztira ausartzen.) Nitzaz lotsatzen zarate? Baina nik eztizuet zueri gaizkirik egin, anaia onaren moduan iharduki dut nik beti zuekin. Zer egin dizuet? Gauza likitsen bat proposatu dizuet inoiz? Baina, Jauna, Zeruko Jaun errukiorra, zergatik nire sorbaldak zana astun honekin kargatu dituzu? Zergatik egin ninduzun diferente? (Negar egiten du. Isilaldia. Haren laguneri biurtzen zaie.) Lagunak eznezazue arbuia eznezazue higuin. Clemens, ezta nire errua, hola izateko kulparik eztadukat nik, Jesus Nazarenoaren Ama benedikatuagatik zin egiten dizut. Nire partetik eztut nik ezer imini, izaera hau jaiotzarekin eman zitzaidan. Nire mutil-denboran... kolejiotik ateratzen ginenean... buruko ileak larritzen zitzaizkidan... nire eskolaideak neskatxen gainean hain itsusiro mintzatzen zirenean... Haien deseoak... gutiziak..., gurariak..., niretzat, bai, niretzat nardagarriak ziren.. Eztuzue konprenitzen? Anaiak, arren, etzazue nigandik bururik itzul. Entzun zaidazue otoi! Zuen buruetan barrena orain pentsamentu gogorrak dabiltza, badakit ongi. Komentuan parada onak aurkituko nituela nire nahikunde zikineri libertatea emateko, gizon entelegu meharrek gutzaz beti pentsatzen dutena, karitate falta nagusia. Baina oker zaudete, oso txarki juzgatu nauzue. Nik, Clemens nire anaia bihotzekoa, zuk ezin dezakezun gauza bat ahal dezaket. Haragiaren bekaturik eztut egundo egin, ez andrerekin, ez gizonekin. Nire gorputza zurea baino garbiagoa da.

CLEMENS: Urrikaria zara zu henetan, gure bildots mantsoa.

BENEDICTUS: Kordobako ilargiak arrosaren kolorea du batzutan. Eta gauerdian hari begiratzen nion. Laguna, esaten nion, bide zuzen bat bila zaidazu, arren; esaidazu zer egin behar dudan. Nire gau haietan sukar ez-ezagun batean itzaltzen nintzen. Nire barrenean eznion ezeri arraposturik aurkitzen. Eta orduan ezagutu nuen.

SERAPHICUS: Nor ezagutu zenduen?

BENEDICTUS: Nire Romeo. Edo nire Julieta. Nire Gide. Nire Wilde. Nire gurasoek baile batera eraman ninduten, neska batzuk ezagut nitzan. Ordurako hogei urte nituen, eta oraindik eznintzen neskatxez inoiz arduratu. Gure familian kaso asko izan ziren sodomiakoak, eta gurasoak nitzaz franko kezkaturik zeuden. Bertan neskatxa bat presentatu zidaten..., eta haren neba. Neba honetzaz asko gustatu nintzen, eta gustatu gabe ere, enamoratu. Neskatxari bisitatzera joan nintzaion maiz etxera, eta adiskidantza haundia egin nuen mutilarekin. Nire barrenean burrukaldi haundiak izan nituen, egun batean niri, argi eta klaro, batere aitzakiarik gabe mintzatu zitzaidan arte: «Zu ere gure manerakoa zara. Bide guztiak erakutsiko dizkitzut.»

SERAPHICUS: Baina hamiltegi sakon haretan etzinen erori.

BENEDICTUS: Ez. Bide guzti haek itsusiak ziren. Milatan egin zidan harek bere amodioaren zina. Baina nola nik eznion haragiaren laketik ematen, egunero apurtzen zuen bere zina. Behin batean, «Baina zer deritzazu?», galdetu zidan, «zertarako eman digu, bada, zuen Jainkoak zihor latzegi hau? Garena garela, zergatik gure izaerari uko egin? Hibai zikin eta ustel honetan baldin bagaude, solta ditzagun gure urak. Zergatik bilatzen duzu garbitasuna? Putaxkak gara, besterik ez. Eta izaera honekin konformatzen baldin ezpazara, Ofelia, zoazi komentu batera!»

SERAPHICUS: Zure mundutik egin zenduen ihes.

BENEDICTUS: Bai.Pentsa zazue. Gogoeta egizue. Zuek monja-komentu batean biziko bazinate, zer eginen zendukete? Zuen garbitasuna gordetzea peniteritziarik haundiena izanen litzake. Hori izan da hemengo nire biziera. Eskerrak ematen dizkiot Goiko gure Jaun jainkoari, nire sufrimentu eta penitentzia honi laster bukaera emanen diolako. (Automobil batzuk entzuten dira kanpoan.) Hor daude, gure bila. Minitu batzuren barrenean, nire bekatuak purgatuko ditut. (Atera doa. Kanpora begiratzen du.) Eztartortza oraindik honerantza. (Musika tresna bakan baten soinuak entzuten dira. Dantzan egiten dute.)

SERAPHICUS: Haien jainko faltsoeri eskeintzen diote gure sakrifizioa.

BENEDICTUS: Bai. Hala dirudi. Baina ezta sakrifizio bat, hilketa etoi bat baizik, hoiek eginen dutena. Eztakite. Oraindik inork eztie esplikatu, gaizkiaren eta ongiaren artean ze diferetzia dagoen.

SERAPHICUS: Eztute inoiz ikasiko. Jentil basati batzuk dira.

BENEDICTUS: Bai. Orain ikasiko dulte. Nik irakatsiko diet.

SERAPHICUS: Zer ?

BENEDICTUS: Dantzeri utzi baino lehen, esplikatuko diedala.

SERAPHICUS: Etzaitez hemendik atera. Hil eginen zaitue.

BENEDICTUS: Baina gaizki egiten dutela esanen diet. (Badoa.)

SERAPHICUS: Ez, ez hemendik atera, (Baina Benedictus kanpoan dago. Seraphicus atean geratzen da.) Ezer esaten utzi gabe hil eginen dute, bai. Mundu hau zikina da, gaiztoa. Jesukristo gurutzean hil zenetik, mundu honetan ezta gizon onik egon. Hoberenak zazpi bider egiten du bekatu egunero. Gogoratzen zara, Angelicus, apaiz gin ginen egunaz? Egun haretan elkarrekin hasarratu eta adiskidetu egin ginen. Nire egunik zoriontsuena izan zen hura. Clemensek eztaki. Nire jatorriaz mintzatzea eztut atsegin. Baina negroek Benedictus hil baino lehen, hitz bitan esplikatuko dizut.

CLEMENS: Zer?

SERAPHICUS: Anaia Kristarren artean jaio ninitzela esan dezaket. Nik umezurtz izan uste nuen. Gure komentuan hamar urtekin sartu ninduten. Nire ama emagaldu bat zen, Bilboko etxe bateko ugazabandrea. Baina nik eznekien. Eta egun batean, Aingeruk bere amaren heriotzaren berria jakin zuen egunean bertan, ama bat nendukala esan zidaten. Eta ofizio likits haretako izanagatik ere, munduko andrerik prestuena zela, gure denboretako Maria Madalena berri bat. Gogoratzen zara, Aingeru? Madalena eta Kleofe, biak Andredona Mariarekin gurutzearen oinetan belauniko. Ja-jai! Ja-jai! Trinka ederra gara gu! Lau martiri egoki! Gartzelarik ederrenean sartzeko koadrila aproposa! Lapurra, hiltzalea, sodomita eta ama nagusiaren semea! Ja-jai! ja-jai! (Haren barrean erantzuteko edo, mitraileta baten zaunka gogorra entzuten da.) Hor dago! Negroek, gaizki ala ongi egin, gure anaiari martiritzaren koroa eman diote! Oraintxe beste hiru moldatuko dituzte. Hori da pagua, Benedictusen esplikaerari pagu liberala! Nire amak ere pagua eman zion nire fede onari. Harekin kontenten negoenean, bere senarragandik separatu zen, izen prestu bat eman zigun gizonagandik, ofizio eta negozio zipriztin haretatik atera zuen gizon onagandik. Ordudanik eztut ezertan ere federik eduki. Kristaua izatea ezta naikoa! Kristarrak izan behar dugu! Kristo defenditu behar dugu! Bai zera! lehen maxelan zaflatzen zaituztenean, bigarrena eskeini. Eta gero?

CLEMENS: Gero beste maxela bat eskeini. Eta beste bat. Eta gero beste bat. Beste maxelarik aurkitu ez arte.

SERAPHICUS: Nire bizitza errakuntza bat izan da.

CLEMENS: Ez, Seraphicus, ez. Ez horrela pentsa. Bai, koadrila ederra gara. Baina gure heriotzeko orduan, orain, gu bekatarion alde otoitz egiten du zeruan gure Ama Birjina santuak.

SERAPHICUS: Baina nire heriotza ezta errakuntza bat izanen. Nire bizitza defenditzeko eskubidea dadukat, eta defenditu eginen naiz. (Ate ostetik Bakalek utzirikako mitraileta hartzen du.) Kobardearen moduan bizi izan banaiz, gizonaren moduar, hilen naiz. Ahalik eta beste negro hilen dut. Agur, mutilak. Infernuan aurkituko nauzue. (Mitrailetaren tiroa ongi muntatu ondoren, atetik kanpora salto batean ateratzen da. Orain artean negro musika entzun da, eta orain isildu egiten da; tiroak entzuten dira. Fraile biak belaunikatzen dira.)

ANGELICUS: Jainkoak barka beza haren itsumentua. Harengatik otoitz dagigun. (Errezoaren oihartzunak entzuten dira Geroxeago atea zabaltzen da, eta negro bat agertzen, eskuan ezpata bat dadukala. Haren ostean beste lau soldado negro. Aurrena atean geratzen da, eta beste laurak barrenera sartzen dira. Bi fraile belaunikatuen aurrean afusilamentuko pikete bat egiten dute. Mitrailetak altzatzen dituzte.)

CLEMENS: (Oso geldiro.) Andredona Maria...

ANGELICUS: (Oso geldiro.) ... Jainkoaren Ama...

CLEMENS: (Oso geldiro.) ...otoitz egizu...

ANGELICUS: (Oso geldiro.) ...gu bekatarion alde...

CLEMENS: ...orain...

ANGELICUS: ...eta ...

CLEMENS: ...gure...

ANGELICUS: ...heriotzeko...

CLEMENS: ...orduan.

BIAK: Amen. (Lurra bekokiarekin ukitu arte makurtzen dira. Atean dagoen negroak garraisi zoro bat egiten du. Eta beste lau negroek beren mitrailetak deskargatzen dituzte auzpez dauden bi fraile makurtuen kontra. Inor hasarra eztadin, ezta oihalik erortzen, baina hala ere akabatu egiten da trajedia hau.)

 

AZKEN OHARRA: J. Etxaide Itarteren hitz pozgarri bati eskerrak, 1963 urteko maiatzaren bi igandetan izan zen «...Eta Gure Heriotzeko Orduan» trajedia han eskribitua.

 

GABRIEL ARESTI

 

...eta gure heriotzeko orduan, Gabriel Aresti
Egan, 1/6-1964