...eta gure heriotzeko orduan, Gabriel Aresti
Egan, 1/6-1964

 

AURRENEKO EGINTZA

 

ANGELICUS: Egunaren beroa!

CLEMENS: Bost urte daramazkitzu Afrikan, eta oraindik etzara ohitu?

ANGELICUS: Eta nola ohituko naiz!

SERAPHICUS: Bai, guretzat hemengo beroa oso gauza nekagarria izan da beti. Gure mendietalco epeltasunarekin ohiturik, badirudi infernuetako erraietan gaudela, nekez.

ALBINUS: Zuek, blankoak, gizon aldrebesak zarate. Borondatean etorri zarate honera, gure lurrera, ezen ez derrigorrean, inork ezpaitzaitue eragin. Eta gero, egun guztian kexaka eta intziriaka, hemen ezin ditekeela bizi, hemengo urak pikea dirudiela, ilargiak ere eguzkiaren itxura duela, hain beroa baita gaua, eta horrelako beste mila astakeria. Zuen ezpainetatik hainbeste kirtenkeria entzunik, asperturik eta gogaiturik aurkituko da Jesukristo gure jauna, Bere Aitaren eskumaldean jarririk.

CLEMENS: Nire Atxondoko bazterrean, Anbototik arratseko aizea datorrenean, krabelinek usain gozoagoa dute.

ANGELICUS: Bai, Euskalerria! Zure altzoan gaudenean, etzaitugu maitatzen, eta munduko bazterretatik sakabanaturik, berriz, zureganako amodioak bihotzean ukitzen gaitu.

CLEMENS: Abadioko erromerietan neska dotoreak daude. Gero Urkiolan senargaia eskatzen diote Aita San Antoniori. Kantabriako partean lore apainak daude. Lore apal eta trankil hoietatik gure haritzaren enborra sortzeak gezurra dirudi.

ANGELICUS: Arraza zaharra gara, eta arbola zaharrarekin zer gertatzen den badakigu; loreak kolorgetu egiten dira, eta zainak berriz gogortu.

BENEDICTUS: Bai, zuek, euskaldunak, jente galanta gero! Eskozeseri eta judueri lezioak eta eskolak ematen dizkiezue diru kontuetan. Juduek munduko alderdietan egin zituzten negozioak. Baina zuen lurretara allega orduan, ateetan geratu ziren, Balmazedan, Biturian. Lizarran, Tuteran eta Baionan. Kontuak atera zituzten, eta «Hemen zer eginik eztago. Goazen beste alderdi batera!» esanik, zuen haranetan eta mendietan etziren ausartu.

CLEMENS: Andaluz honi, zer eginen diogu?

ANGELICUS: Belarriak ebakiko dizkiogu?

SERAPHICUS: Edo buruko ile guztiak moztuko dizkiogu?

CLEMENS: Hobe begiak aterarik, barreneko hutsunera tua botatzen badiogu.

SERAPHICUS: Holako espanturik etzazu gure begietara presenta. Edukazu karitatea. Barrenean ez ezer bota.

CLEMENS: Andaluz motza!

SERAPHICUS: Nun dago lotsa?

ANGELICUS: Hau bekorotza!

SERAPHICUS: Gure herriaren etsai hamorratu hau berriz ere bataiatu behar dugu. Kordobika eritziko diogu.

CLEMENS: Luis deitzen delako?

SERAPHICUS: Eta Barakardon edo Gardakanon bizi diren zalameano edo korianoen antzera?

SERAPHICUS: Ez inolare! Kordoban jaio zelako! (Iru euskaldunek barreak egiten dituzte.)

BENEDICTUS: Zuek, bai, arraza bortitza zera! Arraza zaharrak ahulak eta flakoak dira. Mairuaren eta juduaren azterrenik ezta zuen odoletan.

SERAPHICUS: Zuen Andaluzian, berriz, nor ama baten semea da.

BENEDICTUS: Eta zuen artean, berriz, nor zazpi aitaren semea.

SERAPHICUS: Ibero, kelta, fenizio, kartagar, errornano, mandalo, goto, mairu... koktel ederra...

ALBINUS: Harekin ezingo duzue hiruon artean. Zuek baino habilagoa da.

BENEDICTUS: Zuzen zaude, Albinos bihotzekoa. Hegoaldeko eguzki beroak argitasuna eman dio nire buruari, zorroztasuna nire mihinari.

SERAPHICUS: Hemen dago Seneka,

BENEDICTUS: Nire herrikidea zen.

SERAPHICUS: Baina ez zure gogokidea. Zure gogaidea.

BENEDICTUS: Ez, etzen kristaua izan.

ANGELICUS: Andaluzian mairuak izan zarate beti...

BENEDICTUS: Hori da! Senekak Mekara egin zuen erromeria, eta ez jentil denborako Erromara...

SERAPHICUS: Baina eztidazu ukatuko. Europako herri guztien artean zuek zaratela azkenik kristandu zinatenak.

BENEDICTUS: Barkatuko didazu, nire Seraphicus bihotzekoa, baina mairuak Andaluziatik izan ziren despatxatuak. Gaurko andaluziarrak ezkara orduko mairuen ilobak. Gu gara Gaztelako bekokia, Espainiako abanterria.

CLEMENS: Bai, Europako ipurdia.

BENEDICTUS: Eta zuek? Donajakuera erromesen lekukotasuna ontzat hartzen badugu, zuek, Kantabriako euskaldunak eta Pirinioetako nafarrak eta Akitani aldeko baskoak, zuek, kantabresak, etzarate leku onean geratzen. Jente basatia, lapurra. Zuen probintzia bati hortik datorkio izena, Lapurdi.

CLEMENS: Hemen dago euskal gaietan entenitua!

BENEDICTUS: Bai, eskolatua izan naiz horretan ere, euskaldun askorekin tokatu baitzait luzaro bizi izatea. Zuek ere, latinetik hartu dituzue hitzak, ehundaka eta milaka. Erromako jentiltasunetik harturikakoak, mailegu zaharrak dira, bakea, legea eta abar. Baina kristau hitzak oso berriak dira, eliz latinetik harturikakoak. Argiro ikusten da, beraz, oso berant kristandu zinatela. Nunbait irakurria dut, Aita San Inazio Loiolakoak Manresako haizpean penitentzia egiten zuen bitartean, jentilak zeudela oraindik Oinati aldean. Nire lagun euskaldun batek, erdal literaturan oso sonatua bera, zuek ezagutuko zendukete munduko zer eginetan jakin nahia bazendukate, Gipuzkoan jaiorikako jentil berri harek esaten zidan niri, euskaldunak izan zinatela Europan kristandu zen herririk azkena, eta hain buru gogorrak zaratenez geroztik, deskristanduko den herririk azkena ere izanen zaratela. Gure Elizako azken Aita Santuak jarlekua izanen duela Aita San Inazioren denboran jentil zen herrialde haretan, orain barriz eta zimentu harmatuz altzatu duzuen Vaticano berri horretan, Arantzatzu ezin horretan. Ni kristarra naizen aldetik, eztiot jentil haren esanari amorerik ematen, baina gure Goiko Jaun eternoaren pentsamentu izugarririk Europa deskristantzeko asmo ezin hori pasatuko balitz, arrazoia ematen diot, hain buru gogorrak eta gordezaleak baitzarate...

ALBINUS: Ona izan da hori! Hea nork bilatzen dion arraposturen bat!

BENEDICTUS: Zuk, Albinus nire maiteak, kasta triste hau nolakoa den eztakizu. Proba gertuak ikusi gabe, etzenduen igarriko. Jente tranposoagorik... Mila joko diferente asmatu dituzte, harria jasotzeko, gizonak, idiak edo astoak harria bultzatzeko edo tiratzeko, korrikan egiteko, pilotan, haizkoran, segan, traineretan, bateletan... eta beste mila eta bostehun gehiago, gogoan guztiak batera ezin eduki diraketenak. Bertsotan hari direnean ere, tranpa egiten dute, Bestela esan dezala, hilobitik jaikirik, Joxe Manuel Lujanbiok. Eta joko guzti hoek, apostu egitearren. Ondarrun behin, gerraurrean, etxeak irabazi zizkieten oriotarrek. Elorriotarrek eskuz-eskuko azken finalean, Dohatsuaren erlikiak egin zituzten Azkarateren alde. Zorionez, irabazi egin zuen Azkaratek, eta Bilboko apezpikua etzen enteratu. Zer deritzazu horri, Albinus, gezurra dirudi, ezta?

ALBINUS: Bai, gezurra dirudi.

BENEDICTUS: Eta gezurra da. Baina, se non é vero, e bene trovato, egia ezpaldinbada, egiatzat ematen dugu, eta kito. Hala diote italiarrek italianoz.

ALBINUS: Ziri ona sartu diezu.

BENEDICTUS: Eta oraindik hobeagoa sartuko diet.

CLEMENS: Bai?

ANGELICUS: Etzaitez zure zentzutik atera.

SERAPHICUS: Astoek arrantza egiten dute.

BENEDICTUS: Euskaldunek, berriz, irrintzi egiten duzue. Zuek, euskaldunek, Darwini kontra egiteagatik, eztuzue zimioaren jatorria; zamariaren jatorria duzue.

ANGELIUS: Adizu, Clemens, gure Benedictusek dioena broma huts bat besterik eztela jakinen ezpagendu, balegoke hasarratzeko naikoa arrazoi eta sobera kausa.

ALBINUS: -Aizea eskatzen duenari, ekaitza datorkio.

BENEDICTUS: Txantzetan esan dut oro, zuen txantzeri jarraikitzeagatik. Kordobika deitu didazue, eta broma merke hori kario pagatu behar zenduten.

ALBINUS: Behar eztuena esaten duenak, nahi eztuena entzuten du.

CLEMENS: Begira gure negrotxuari, Gaztelako errefrau guztiak nola ematen dituen euskeraz.

BENEDICTUS: Utz zaiozue orain gure Albinusi bakean, eta zuen frakasoa nork paga etzazue bila.

ALBINUS: Gure oporraldietan portuko langileak dirudigu. Orain inork entzunen baligu, ezluke gugandik iritzi onik eramanen, jainkoaren ministrotzako izaera seriosoari eztiogu orain fabore haundirik egiten.

CLEMENS: Gu ere gizonak gara, eta gure artean gizonen moduan portatu behar dugu, alegere eta arrai. Trapakoen eta kamandulakoen portaera, oso tristea, tristeegia iruditzen zait kristau batentzat. «Hil behar dugu, anaia», orduoro esateak, eztirudi egoki. Hori badakigu guk, eta ongi portatzeko horretzaz oroitzeak eztirudi merezimentu haundia. Hain tristerik biziko bagina, ezkenituzke Anaia Kristarrok hainbeste jentil kristanduko.

ALBINUS: Hemen, Afrikan, eztugu oraindik obra haundirik egin.

ANGELICUS: Hainbeste negro dago munduan...

ALBINUS: Ez, uzta haundia dela, eta segalariak gutti garela, etzaidazu orain esan. Jesukristoren hitzak dira, baina hainbeste bider bezala, kristauek atzipatuak.

ANGELICUS: Zer esan nahi duzu horrekin? Misiolariak Afrikara ezkatortzala fede onean?

ALBINUS: Begira, nire anaia, zu etzara negroa, eta etzenduke konprenituko. Luzaro egon zara lurralde bero honetan, baina oraindik gutzaz gutti dakizula apostu eginen nuke.

ANGELICUS: Zergatik?

ALBINUS: Argiro dago. Negroa ezagutu nahi baduzu, haren lekuan paratu behar zara. Jar zaitezi nire lekuan, bada.

ANGELICUS: Bai? Eta nola?

ALBINUS: Zuk hemen denbora luzea daramazu. Zuen Euskalerriko Monasterio Nagusian, gauza asko ikasi zenituen karitatearen gainean, Jainkoaren aurrean eztagoela gizon arteko desberdintasunik, harek eztakusala larruko kolorerik, eta gainerako kristaukeriak, gainerako deboteriak.

ANGELICUS: Ederki, Albinus, interesantea da benetan orain esaten diguzuna.

ALBINUS: Pentsa zazu, momentu batez, arraza triste honetan. Zuentzat, blankoentzat, negroak gara, eta nola oilo guztiak diren berdin, hala negro guztiak ere berdin gara. Senegales batek behar duena, angolar batentzat ere ona da. Eta bide horretatik ezkoazi inora. Jesukristok esan zuen: «Munduko herri guztiak ebanjelia itzazue». Eta herri bat nolakoa den ere jakin gabe, nola duzu ebanjeliatuko?

BENEDICTUS: Bere arrazoi pizka ere badaduka gure Albinusek, Hemengo negroen hizkuntza ikasten, ezkara gu tautik ere arduratu.

ALBINUS: Bai, Hemen mundu guztiak frantsesez dakiela entzun dizuet beti. Eta eztakienak ikas dezala, hobe baita, eta errazago, negro guztiek Europako hizkuntza bat ikasi, ezen ez hiruzpalau europeanok Afrikako hizkuntza guztiak.

CLEMENS: Eta argudio horretan arrazoi pizka bat dagoela eztidazu ukatuko.

ALBINUS: Bai, europeanoentzat. Baina guretzat, desarrazoirik haundiena da.

CLEMENS: Eta zergatik?

ALBINUS: Hola eginen baikinake europeatu. Eta eztut uste zerura igotzeko gauza premiazkoa denik hori.

CLEMENS: Baina kalterik eztio egiten.

ANGELICUS: Eta gure kultura, gure teknika, gure gizazaletasuna lortzen baduzue, zerbait irabazi duzue trukean.

ALBINUS: Baina guretzat zer izan da zuen kultura? Goseak hiltzeko bide arinago bat. Zuen teknika? Zuen teknikarekin eta zuen gizazaletasunaren izenean hil gaituzue. Ez, negroearentzat europeano kulturak eztu balio.

ANGELICUS: Europako moduari lasaiagoa da bizimoldea.

ALBINUS: Gu gana Hirugarren Mundua. Mundu diferente bat, Europako pentsaerarekin inork konprenituko eztuena.

SERAPHICUS: Nik eztizut konprenitzen.

ALBINUS: Histori apur bat egin dezagun. Ifarreko Ameriketan, hango estadistikek dioten arauera, berrogei miloi negro daude. Negro hoek orain europeanoak dira, haien lur amarekin edozein lokarri apurturik dadukate. Bihurrerarik eztago. Hango klansman askok Liberia berri bat fundatu nahi lukete Afrikan, baina lehengo saioarekin naikoa da. Ezlirake aklimatatuko. Gainera, zergatik eztoazi Amerikako blanko guztiak Europara, bertan Esklabia bat fundatzera?

SERAPHICUS: Eta horrekin zer esan nahi diguzu?

ALBINUS: Ameriketako negro guztiak esklaboen ilobak direla. Afrikara etorri ziren europeanoak, Ameriketako lur aurkitu berrietan eskuak behar zirela nekazaritzarako. Eta negroz bete ziren itsasontziak. Munduan inoiz izan den tratularitzarik zakarrena izan zen orduan. Kolonbiako kafetegietan negroak behar ziren. Brazileko diamantegietan negroak behar ziren. Luisianako algodoitegietan negroak behar ziren. Esklabo herria. Negro herria. Hori izan da guretzat Europako kultura. Odola, izerdia eta negarra. Zihorra eta heriotza. Zuropak eztio sekula Afrikari zor hori pagatuko.

BENEDICTUS: Berlineko rabino bati galdatu zioten behin, hea judu herriak inoiz barkatuko liokeen Alenianiari Dachauko eta Auschwitzeko bidegabea, eta erantzun zuen hori etzela gauza, gauza zela inoiz Alemaniak bere buruari barkatuko liokeen. Antzeko zerbait esan liteke honen gainean ere.

ALBINUS: Lehen negroak kendu zizkioten Afrikari. Eta gero Afrika kendu zieten negroeri. Europako gorte batean bildu ziren hango gobernariak, eta jeografo on bati deiturik, akort geratu ziren: Zuretzat, Frantzia, hibai honetatik haretaragino: zuretzat, Ingalaterra, gainerakoa. Zuk, Amerika, badadukazu naikoa negro zure altzoan, eta hea nola problema hori konpontzen duzun. Alemaniak eta Austriak gerra galdu dute, eta parterik eztadukate. Errosiak naikoa buru hauste daduka komunixtekin eta tartaroekin, Ene! Sikeran ere, ezkara ahaztu. Hor daude Beljika, Italia, Portugal eta Espainia. Zatitxu bana emanen diegu, eztezan jenteak esan, ongi konpontzen eztakigula. Ederki! Ezta?

BENEDICTUS: Baina Albinus nire erraietakoa! Hain ederki mintzatzen, nun ikasi duzu? Marxixta bat dirudizu.

ALBINUS: Har dezagun orain etsenplo bat. Kongo hibaieko harana, Beljikako kolonia bat izanen da. Eta kontuz! hango jenteak ongi konformatuko dira, bestela guztiak afusilatuak izanen dira. Gero bizirik inor geratzen bada, eta frantzesez ikasten baldin badu, harekin kristau on bat eginen dugu.

BENEDICTUS: Ederki esana!

ALBINUS: Baina urteak joan eta urteak etorri, txarki jarri zitzaizkien europeanoeri. Hitleren zorakeria suntsitu zutenean, bortitzki eta gogorrik mintzatu behar ukan zuten demokraziaren eta libertatearen gainean. Gainera, gortinaren ostean, Pepetxu Bibote Haundi zegoen mailuarekin eta igitaiarekin: «Nun dago, bada, demokrazia, Urrezko kostaldean edo gure Uzbekistan superdemokrazituan?» Arrazoia eman zion Kanterburiko dekano gorriak, eta orduan pentsatu zuten beren artean: «Gure arregloa eginen dugu. Trebeak gara horretan. Eta negroren bat gure gustukoa ateratzen ezpaldin bada, bere saltsatan egosiko dugu.» Eta anaiak, esan zaidazue, hibai batekin nola litekeen nazio bat egin. Berdin arbola edo arroka batekin eginen bagendu!

BENEDICTUS: Eztakizu gauza bat, Albinus? Gauza arriskugarriak esaten dituzula? Anai artean gaude, baina...

ALBINUS: Zuek beti zabiltzate txantzetan. Humore haundia dadukazue, Baina hau ezta, txantzetakoa. Afrika gaur egunean dupina haundi bat da, irakin bizian dagoena. Lurrinaren indarra naikoa bortitz denean, lehertu eginen da. Eta orduan, negro basatien kuraje hasarratu guztia, blankoen kontra oldartuko da. Haientzat kristaua eta blankoa bat da.

CLEMENS: Baina zuk eztuzu hori uste.

ALBINUS: Ni kristaua eta negroa naiz. Ni zuen ondoan egonen naiz beti. Zuen artean. Baina nik uste dudanak, eztio hemen inporta. Inporta du zer usteko duen, bihar edo etzi, edo gaur bertan, ate klase horretan agertuko den negroak.

CLEMENS: Eta beste gauza batez mintzatzeagatik, Aita Sanctus gure Nagusi maitaorra, ezta oraindik hiritik bihurtu. Franko berandutu da.

ANGELICUS: Esan zigun. Tardatzen bazuen ere, trankil egoteko. Zer egin asko zedukan hirian.

BENEDICTUS: Baina halaz ere, gure artean ez edukitzeak bildurtu egiten nau. Koloniako soldadoak erretiratu zirenetik gauza argirik eztago Ndongomanguilan.

ALBINUS: Nork diosku, bada, haren gorputza eztutela Ndongomanguilako baratzetan arbola artez batetik zintzilika jarri?

CLEMENS: Anaia kristarrak oso preziatuak izan gara beti Ndongomanguilan. Aita Sanctus aita bat izan da beti negro guztientzat.

ALBINUS: Ongi eginaren pagua, atzekaldean palua.

BENEDICTUS: Euskal ditxo bat esan dizue orain Albinusek.

CLEMENS: Baina Ndongomanguilako Gobernu berriak segurantza guztiak e man dizkigu. Gizarteko ordena gordeko duela. Arriskurik eztagoela guretzat, libertatea deklaratu zuten.

SERAPHICUS: Eta eskolak behar dira, gainera.

ALBINUS: Bai, Baina Gobernuaren kontra errebelatu ziren bart soldadoak.

BENEDICTUS: Anaiak, eta? Zergatik, gure Nagusia etorri arte, eztugu zer egin hau alde batera uzten?

CLEMENS: Nire nerbioak dantzari daude orain, gure Albinus zorionekoari eskerrak.

ALBINUS: Tiroak entzun dira goizean goizik hirian.

CLEMENS: Bai?

BENEDICTUS: Ahaz zaitezte horretzaz. Hola eztugu ezer konponduko. Albinus, isiltzeko mesedea eginen didazu.

ALBINUS: Bai.

BENEDICTUS: Lehen zueri, nire euskaldun bihotzekoeri, apostu bat egin nahi ukan nizuen.

CLEMENS: Zein?

BENEDICTUS: Bazkaria kuzinatzea niri tokatzen zait egun. Albinusek, mahaia apaindu behar du. Clemensi eliza eta kolejioa garbitzea tokatzen zaio. Angelicusek ortukaria eta frutak bildu behar ditu biharko. Seraphicusek, azkenik, katixima eman behar die haurreri. Hori da gure lana, ezta?

BESTEAK: Bai.

BENEDICTUS: Orduan, poltsuan eginen dugu, nik hiru euskaldunen kontra. Bentzutzen nauenaren, lana, nik eginen dut, eta gainera, nirea eta Albinusena. Baina nik hirurak bentzutzen baditut, hiruen artean eginen duzue bosten lana. Ados?

HIRU EUSKALDUNAK: Bai.

ALBINUS: Ni ez. Galdu ala irabazi, libre geratuko bainaiz.

BENEDICTUS: Lehengo harrokeria pagatu behar dute. Zaude isilik.

ALBINUS: Baina behin galtzen baduzu, nire lana eginen duzu.

BENEDICTUS: Beraz, oraingo nire harrokeria pagatuko dut. (Hirueri.) Prest zaudete?

HIRURAK: Bai.

 

(Mahai batera doazi. Eta poltsuan egiten dute burruka. Benedictusek hirurak bentzutuko ditu, bigarrena aurrenekoaren ostean eta hirugarrena bigarrenaren ostean. Burrukan egiten duten artean, deiadar eta garraisia eginen dute, Albinusek beti Benedictusen alde. Honek hiru euskaldunak bromatuko ditu. Besteak, ahal duten moduan difendituko dira. Eta azkenean laurak geratuko dira izerdi patsetan. Bihurtuko dira, eta ate alasean negro bat aurkituko dute, Ndongomanguilako Libertatearen Soldadotzako uniformeaz jantzirik. Sorbaldatik zintzilika, mitraileta ekarriko du.)

 

ALBINUS: Ntxutxuma!

CLEMENS: Gure Ntxutxuma Bakale maitatua berriz ere gurekin dago. Benedikatua izan dadila honera ekarri zaituen izarra.

ANGELICUS: Hona hemen nola azkenean ardi bide galdua artegira bihurtzen den!

NTXUTXUMA: Ongi ikusten dut zuen ikasle zahar hau eztuzuela orandik ahaztu.

SERAPHICUS: Zu, maitea, guk ahaztu? Hori ez inolare. Erdu honera, bihotzekoa, gorputz bortitz eta beltz hori laztandu behar baitut.

BENEDICTUS: Beti beste eder eta flamenko gure kristandurik zintzoena! (Besarka eta laztantzera doazkio bost fraileak, baina negroak uko egiten die. Aulki batean jesartzen da.)

ALBINUS: Egia al da soldadoak errebelatu direla bart Ndongomanguilan?

NTXUTXUMA: (Tristerik irritzen ditu hortz zuri zuriak.) Nekaturik nator. Deskantsatzen utzidazue.

CLEMENS: Zer gertatu da?

NTXUTXUMA: Nekaturik nator egiazki. Bestela ongi probatuko nioke Benedictusi, harek baino poltsu bortitzagoa dadukadala. Baina nekaturik nator, arimaz eta gorputzez. Ikustekoak ikusi ditut.

ANGELICUS: Zer?

SERAPHICUS: Hitz egizu, bada.

NTXUTXUMA: Zuentzat notizia txarra dakart. Soldado errebelatuek Aita Sanctus hil dute,

ALBINUS: Ezta egia izanen!

NTXUTXUMA: Bai, egia da.

 

(Bost fraileak kexaka eta aieneka hasiko dira. Haien hitzak eztira ongi entzuten. Elkarren artean nahastatuko dira haien solasak, eta guztien gainetik Ntxutxumaren boza entzunen da: «Zaudete trankil! Trankil zaudete!» Bien bitartean, behera eroriko da oihala.)

 

...eta gure heriotzeko orduan, Gabriel Aresti
Egan, 1/6-1964